(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

30. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 15a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.1. XEDAPEN OROKORRAK
      • 1.1.3. Foru Aginduak

75E/2016 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Osasun Departamentuko kontseilariak emana, haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala aldatzen duena.

Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 25ean emandako 9/1996 Foru Aginduak Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoa eratu zuen, besteak beste, txertaketa programak diseinatu, ezarri eta ebaluatzen laguntzeko, immunizazioaren bidez galaraz daitezkeen eritasunen egoera epidemiologikoa aztertuz, gaixotasun kutsagarriak kontrolatzeko osasun erakunde nazionalen eta nazioartekoen gomendioak kontuan hartuz, eta Foru Komunitateko txertaketen egutegia irizpide horietara egokituz.

Osasuneko kontseilariaren apirilaren 11ko 34/2011 Foru Aginduaren bidez eguneratu zen azken aldiz txertaketen egutegia, horrexek Nafarroako txertaketan egutegi ofiziala aldatu baitzuen.

Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoak proposamena egin dio Osasun Departamentuari 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren haur guztiak immunizatzeko pneumokokoaren aurkako txerto konjokatu 13-valentearekin, 2., 4. eta 11. hilabeteetan.

Bestetik, haurrak txertatzeko egutegi arruntean gomendaturiko jarraibideari egokitzearren, hala onetsi baitzuen Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren txertaketen programari eta erregistroari buruzko txostenak, Nafarroako Txertaketen Aholku Batzorde Teknikoak honako hau proposatu dio Osasun Departamentuari:

a) 11 hilabete arte atzeratzea txertoaren hirugarren dosia B hepatitisaren, difteria-tetanos-pertusis azelularraren, b motako haemophillus influenzaearen eta polioaren birusaren aurkakoa, eta ez ematea 6 hilabeterekin 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren haur guztiei.

b) Difteria-tetanos-pertusis azelularraren, b motako haemophillus influenzaearen eta polioaren birusaren aurka 18 hilabeterekin ematen zen txertoaren laugarren dosia kentzea 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren haur guztiei.

c) 6 urterekin ematea laugarren dosia difteria-tetanos-pertusis azelularraren eta polioaren birusaren aurka.

d) Lehen Hezkuntzako azken ikasmailan ematea pneumokokoaren aurkako txerto konjokatuaren oroitzapen dosia eta orduan ere txertoa ematea neskei giza papilomaren birurasen aurka, eta ez orain arte bezala, DBHko 1. ikasmailan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 33.1 artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Osasun Departamentuari dagozkio, besteak beste, Osasun Publikoaren arloa planifikatu eta antolatzeko eginkizunak. Esparru horretan sartzen dira osasuna babesteko jarduerak, hala nola txertaketen egutegi ofizialean ezarri diren txertaketa sistematikoak.

Horrenbestez, Osasuneko zuzendari nagusiak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala aldatzea.

Haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala aldatu da, foru agindu honen eranskinean jaso diren aldaketa hauek egin baitira:

a) Nafarroako txertaketen egutegi ofizialean sartzea pneumokokoaren aurkako txerto konjokatu 13-valentea, 2, 4 eta 11 hilaberekin emateko 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren haur guztiei.

b) 11 hilabete egin arte atzeratzea B hepatitisaren, difteria-tetanos-pertusis azelularraren, b motako haemophillus influenzaearen eta polioaren birusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia, eta ez ematea 6 hilabeterekin, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren haur guztiei.

c) Difteria-tetanos-pertusis azelularraren, b motako haemophillus influenzaearen eta polioaren birusaren aurka 18 hilabeterekin ematen zen txertoaren laugarren dosia kentzea 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera jaio eta Nafarroan bizi diren haur guztiei.

d) 6 urterekin ematea laugarren dosia difteria-tetanos-pertusis azelularraren eta polioaren birusaren aurka.

e) 11-12 urteko adinera aurreratzea C pneumokokoaren aurkako txerto konjokatuaren oroitzapen dosia eta, neskentzat, giza papilomaren birusaren aurkako txertoa.

Xedapen iragankor bakarra.–Txertaketak.

1. 2004an eta 2005ean jaiotako guztiek C pneumokokoaren aurkako txerto konjokatuaren dosi bat hartuko dute 2016-2017 ikasturtean eta, gainera, 2004an eta 2005ean jaiotako neskek txertoaren bi dosi hartuko dituzte giza papilomaren birusaren aurka ikasturte berean.

2. 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako guztiek, beren egutegia osatzeko, 18 hilabeterekin hartuko dute txertoaren laugarren dosia difteria-tetanos-pertusis azelularraren, b motako haemophillus influenzaearen eta polioaren birusaren aurka, eta 6 urterekin bosgarren dosia, murritza, difteria-tetanos-pertusis azelularraren aurka.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe utzi da Osasuneko kontseilariak apirilaren 11n emandako 34/2011 Foru Agindua, bai eta foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak ere.

Azken xedapenetan lehena.–Txertaketen egutegi ofiziala ezartzeko gaikuntza.

Gaitu egiten da Osasuneko zuzendari nagusia irizpide teknikoak ezartzeko eta beharrezko neurriak hartzeko, behar bezala gara eta ezar dadin haurrak txertatzeko Nafarroako egutegi ofiziala.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 26an.–Osasun Departamentuko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1601225

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa