(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

105. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 1a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.7. BESTELAKOAK

168/2016 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, ingeleseko eta frantseseko atal elebidunen programen deialdia egiten duena, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, eta programa horiek 2016-2017 ikasturtean emateko oinarriak ezartzen dituena.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumari buruzko indarreko arauek (abenduaren 26ko 1105/2014 Errege Dekretua eta martxoaren 19ko 25/2007 Foru Dekretua) ezartzen dute curriculumeko hizkuntza guztien ikaskuntzari modu integratu eta koordinatuan ekin behar zaiola, ikaskuntza prozesua optimizatzeko. Halaber, adierazten du baimena eman daitekeela curriculumeko arlo batzuk atzerriko hizkuntzetan irakasteko, baina curriculumeko oinarrizko alderdietan aldaketarik sartu gabe.

Europan eleaniztasuna eta mugikortasuna sustatzeko politikaren esparruan, Hezkuntza Departamentuak atal elebidunen programen deialdia egin ohi du, programa ezartzea eskatzen duten sare itunduko ikastetxeetan atzerriko hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko eta hobetzeko xedearekin, betiere ikastetxe horiek ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Hezkuntza Departamentuak atzerriko hizkuntzetan ikasteko dituen programek indarra duen curriculuma garatzen dute, bi hizkuntzaren edo gehiagoren irakaskuntza koordinatuz. Horrek eskatzen du hezkuntza programak metodologia berrietara egokitzea eta horretan ari diren irakasle guztiak koordinatzea.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, non proposatzen baitu ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programetarako deialdia egitea, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, eta oinarriak ezartzea 2016-2017 ikasturtean programa horiek emateko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 136/2015 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Atal elebidunen programetarako deialdia egitea, sare itunduko ikastetxe gehiago sar daitezen, ebazpen honen 1. eranskinean ezarritako prozedurarekin bat.

2. Atal elebidunen programak sare itunduko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan emateko oinarriak onestea, ebazpen honen 2. eranskinean datozenak.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

1. ERANSKINA

Deialdia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren sare itunduko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa ematea baimentzeko

Lehenbiziko oinarria.–Xedeko ikastetxeak eta baldintzak.

1. Bigarren Hezkuntza ematen duten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren sare itunduko ikastetxe guztiek eskatzen ahalko dute atal elebidunen programa emateko baimena, deialdian parte hartuz gero eta haren baldintzak betetzen badituzte.

2. Atal elebidunen programa eman nahi duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Bere irakasgaia dagokion atzerriko hizkuntzan emateko behar den hizkuntza ziurtagiria –eranskin honetako bigarren oinarrian ezartzen dena– duen hizkuntzaz bestelako arlo bateko irakasle bat, gutxienez ere, izatea plantillan.

2.2. Atal elebidunerako proiektu bat egitea (4. eranskina), atal hori irakasteko aurreikusita duen programazioa jasoko duena. Arlo hauek garatuko dira, ebazpen honen 2. eranskinean jasotzen diren oinarrietan ezarritakoa kontuan hartuta:

2.2.1. Atal elebiduna ezartzeko lehenbiziko ikasturtea (2016-2017):

–Zer irakasgai emanen den/diren dagokion atzerriko hizkuntzan, eta zer neurritan, lehenbiziko ikasturtean.

–Atzerriko hizkuntzako berariazko edukien proposamena, hizkuntza horretan emanen diren irakasgaiekin loturik.

–Atal elebidunean irakatsiko duten irakasleen zerrenda, eta atzerriko hizkuntza ez beste irakasgaietako irakasleen hizkuntza-ziurtagiriak.

–Atalaren antolaketaren datuak: aurreikusten den ikasle kopurua, ikasleak taldekatzeko modua, ordutegia eta irakasleen koordinazio bileretarako aurreikusitako egutegia.

–Programa emanen duten irakasleentzako prestakuntza beharrak, hizkuntzaren eta metodologiaren aldetik.

–Ikasturteko koordinatzailearen izena eta posta elektronikoaren helbidea.

2.2.2. Atal elebiduna etapako geroko ikasturteetan ezartzeko aurreikuspena (2017-2018 ikasturtetik aurrera):

–Zer irakasgai aurreikusten d(ir)en atzerriko hizkuntzan ematea.

–Zer plantilla aurreikusi den atalean irakasteko.

–Ziurtagiririk izan gabe etorkizunean atzerriko hizkuntzan irakatsiko duten ikastetxeko irakasleen egiaztapenerako proposamena, behar denean.

Bigarren oinarria.–Irakasleak.

Atalaren xedeko hizkuntzan gutxienez C1 maila badutela frogatu beharko dute atzerriko hizkuntzan ematen diren hizkuntzaz bestelako irakasgaien irakasleek, otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan, irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduan eta martxoaren 11ko 32/2013 Foru Aginduan azaltzen diren ziurtagirietako baten bitartez.

Baldin eta proposatu diren irakasleak dagokien ziurtagiria lortzeko bidean badaude, horren berri eman beharko da eskaera egiten denean. Nolanahi ere, ziurtagiri hori ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.

Hirugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1. Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztu beharko dira baimena lortzeko eskabidea (3. eranskina), ikastetxeko zuzendaritzak egina, eta hurrengo atalean aipatzen diren frogagiri guztiak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epean.

2. Eskabideari dokumentazio hau erantsi beharko zaio:

a) Atal elebidunaren proiektua, 2.2 puntuan aipatzen dena. (4. eranskina).

b) Parte hartuko duten irakasleen datuak eta konpromisoa (5. eranskina).

c) Hizkuntza mailaren egiaztatzeko agiriak.

Laugarren oinarria.–Hautapen batzordea eta deialdiaren ebazpena.

1. Baimena lortzeko, Hezkuntza Departamentuak kide hauek izanen dituen Hautapen Batzordea eratuko du:

–Epaimahaiburua: Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo berak emandako eskuordetza duena.

–Epaimahaiko kideak: Ingelesaren eta Atzerriko Beste Hizkuntza Batzuen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko bi hizkuntza teknikari.

2. Atala baimentzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren koherentzia eta justifikazioa.

b) Programak duen bideragarritasuna, irakasleen aldetik eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzearen aldetik.

3. Ikastetxeko irakasleekin programari etapa osoan eustea bermatu dezaketen ikastetxeei soilik emanen zaie atal elebiduna emateko baimena.

4. Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, eta dagokion ebazpena emanen du.

Bosgarren oinarria.–Laguntza neurriak.

Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazio eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu atal elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

Seigarren oinarria.–Programan gehiago ez parte hartzea.

1. Baimena izanda ere, atal elebidunean parte hartzen segitu nahi ez duten ikastetxeek idatziz adierazi beharko diote Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, programan parte hartzeari uzten dioten urteko apirilaren 30a baino lehen.

Edozein kasutan ere, ikastetxeak bermatuko du programan hasitako ikasleek bertan irautea etapa bukatu arte.

2. Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bertan behera utz dezake ikastetxe batek atal elebidunen programan duen parte-hartzea, haien funtzionamendua ikusita, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostena baloratu ondoren.

Orobat, ikastetxeko zuzendariak ikasleei baja emateko eskatzen ahalko dio Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, gurasoek edo legezko tutoreek hala eskatuta, baldin eta gerora sortutako arrazoi objektiborik bada.

2. ERANSKINA

2015-2016 ikasturtean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren sare itunduko ikastetxeetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko atal elebidunen programa emateko oinarriak

Lehenbiziko oinarria.–Atal elebidunen ezaugarriak.

1. Definizioa.

Atal elebidunen programan, curriculumeko eduki batzuk atzerriko hizkuntza batean ikasten dira. Hizkuntzen integrazioa eta edukien eta hizkuntzaren arteko integrazioa (AICLE/CLIL) dira ikasketaren oinarri metodologikoak.

Bigarren Hezkuntzako atal elebidunek jarraipena ematen diete Haur eta Lehen Hezkuntzan atzerriko hizkuntzan ikasteko programei, baina, horretaz gain, aukera ematen dute ikasleak DBHko lehen kurtsoan sar daitezen lehen aldiz.

Atal elebidunek, beren xedeko atzerriko hizkuntzaz gain, linguistikoa ez den irakasgai bat, gutxienez ere, hizkuntza horretan ematea bermatzen dute. Atal elebiduneko taldeek gutxienez ere 15 ikasle izanen dituzte. Salbuespenez, talde txikiagoak ere baimendu daitezke, inguruabarrengatik komeni bada.

2. Ikaslea atalean sartzea eta ikasketa espedientea.

2.1. Atal elebidun batean sartzeko, ikasleek DBHko lehenengo mailan matrikulaturik egon beharko dute, atalaren xedeko atzerriko hizkuntza ikasten, eta gurasoen edo legezko tutoreen idatzizko baimena eduki beharko dute.

2.2. Ikastetxeek hasierako proba bat egin dezakete hizkuntzaren ezagutza maila neurtzeko, ikasleei orientazio akademiko egokia emateko.

2.3. Atal elebiduneko ikasleek etapa osoan gelditu beharko dute programan. Nolanahi ere, ikastetxeko zuzendaritzak, irakasle taldearen txostena ikusita eta Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzia izanik, ikasleari programan baja ematea proposatzen ahalko die gurasoei edo legezko tutoreei.

2.4. Atal elebidunean parte hartu izana ikasle bakoitzaren espedientean eta ikasketen historian jasoko da. Horretarako, ezinbestekoa da dagokion ereduan eta programan egitea EDUCAren bidezko matrikula.

3. Egitura.

3.1. Atal elebidunaren programa DBHko lehenbiziko mailan hasi eta etapa osoan emanen da.

3.2. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak etapan zehar aldatzen ahalko dira.

3.3. Ikastetxearen antolaketa aukeren menpe egonen da Batxilergoan programari jarraipena ematea. Batxilergoan aukerako irakasgaien ordutegia erabiltzen ahalko da atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaien eskaintza zabaltzeko.

Bigarren oinarria.–Atal elebidunaren xede den irakaskuntza.

1. Irakasgaiak.

1.1. Irakasgaiak emateko orduan, indarreko araudiak Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duen curriculuma erabiliko da. Ikasleak, beraz, horren arabera ebaluatuko dira. Ikasleek atal elebidun batean parte hartzeak ez du eraginik izanen, inola ere, ohiko curriculumaren arabera eman beharreko kalifikazioetan.

Osoki atzerriko hizkuntzan irakasten ez diren irakasgaien kasuan, irakasgaiaren alderdirik praktikoena izanen da egokiena atzerriko hizkuntzan lantzeko. Horretarako, Atzerriko Hizkuntzaren irakasgaian sartutako berariazko hizkera praktikatzeko bidea emanen duten eginkizunak edo kasu hipotetikoak proposatuko dira.

1.2. Atzerriko Hizkuntza.

Atzerriko hizkuntzako irakasle espezialistak emanen du irakasgai hori.

Atzerriko Hizkuntza irakasgaia nahitaezkoa izanen da atal elebiduneko ikasle guztientzat, eta atalari dagokion hizkuntzan ematen diren gainerako irakasgaiak indartzeko edukiak ere jaso beharko ditu. Hala, ikuspegi holistizkoz landuko da hizkuntza, ez deskriptiboki eta formalki bakarrik. Hizkuntza eta edukia integratuko dituen metodologia erabiltzera joko da.

Erabili beharreko metodologiari, materialak aukeratzeari eta prestatzeari eta ikasgelan jorratu beharreko gaiei buruzko erabakiak ekintzara bideratutako ikuspegitik hartuko dira, ikasleen beharrei kasu eginez. Horrela, komunikazio egoera adierazgarriak bultzatuko dira, hizkuntz gaitasuna ezin hobeki garatzeko esparruak sortuz, non, gramatika edukiez gainera, semantika nozioek eta eginkizun sozialek ere tokia izanen duten.

1.3. Atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaiak.

Curriculumeko edozein irakasgai ematen ahalko da atzerriko hizkuntzan, Gaztelania eta Literatura edo Euskal Hizkuntza Literatura izan ezik.

Kontuan harturik atal elebidunean ikasten ari diren ikasleen ezaugarriak, eta ikastetxeko ezarpen mailarenak, irakasgaiak osoki edo neurri batean ematen ahal dira atalaren xedeko atzerriko hizkuntzan, baina, betiere, bermatuko da ordutegiaren %50 gutxienez atzerriko hizkuntzan izatea. Alde horretatik, atal elebiduneko irakasle taldeak erabakiko du atzerriko hizkuntzako programak zer eduki eta portzentaje izanen dituen.

Osoki atzerriko hizkuntzan irakasten ez diren irakasgaien kasuan, irakasgaiaren alderdirik praktikoena izanen da egokiena atzerriko hizkuntzan lantzeko. Horretarako, Atzerriko Hizkuntzaren irakasgaian sartutako berariazko hizkera praktikatzeko bidea emanen duten eginkizunak edo kasu hipotetikoak proposatuko dira.

2. Irakasleak.

Atzerriko hizkuntzan gutxienez C1 mailako ziurtagiria frogatzen duten irakasle espezialistek eman ditzakete berez hizkuntzaren esparrukoak ez diren irakasgaiak. Frogagiri gisa, honako hauetan jasotzen diren ziurtagirietako bat aurkeztu beharko da: Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 26ko 32/2013 Foru Agindua, irakasleek egiazta ditzaketen hizkuntza profilak zehazten dituena; otsailaren 28ko 30/2011 Foru Agindua, Hezkuntza Departamentuaren esparruan hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezartzen dituena; eta irailaren 28ko 184/2011 Foru Agindua, 30/2011 Foru Agindua aldatu zuena.

3. Ebaluazioa.

Atzerriko hizkuntzaren irakasgaian, batez ere, eraginkortasun eta gaitasun linguistikoari lotutako alderdiak ebaluatuko dira; beste arloetan, berriz, lortzen diren edukiei eta gaitasunari erreparatuko zaie, baita kasuan kasuko arloko helburuak zein neurritan lortzen diren ere.

Hirugarren oinarria.–Koordinazioa.

1. Ikastetxeek irakasle bat izendatuko dute atal elebiduna koordinatzeko; ahal dela, atal elebidunean Atzerriko Hizkuntza irakasten duen irakasle bat.

2. Koordinazioko irakaslearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Atal elebidunarentzako ikasturteko lan programa proposatzea: bileren egutegia, landuko diren gai nagusiak (edukiak, ebaluazioa, materialen egokitzapena, laguntzarako edukiak), etab.

–Asteko bileren edukia eta eguneko gai zerrenda ezartzea. Bilerak ataleko irakasle guztientzat interesgarriak diren gaien arabera antolatuko dira, edo mailaren arabera, edo irakasgaien arabera.

–Bilera bakoitzeko gaien arabera behar diren ataleko irakasleei dei egitea, bilerak gidatzea eta akta egitea.

–Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzea, ataleko berariazko prestakuntza edo lan taldeak proposatzeko.

–Zuzendaritza taldearekin egin beharreko bilerak finkatzea eta txostena egitea Urteko Plangintza Orokorrean, Bizikidetza Planean eta Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuan sartu beharreko programaren alderdiei buruz.

3. Bestalde, atal elebidunean inplikatutako irakasleek betebehar hauek izanen dituzte:

–Ataleko programazioaren eta bukaerako memoriaren prestaketan laguntzea.

–Bere arloari dagozkion curriculum material berariazkoak prestatu edo egokitzea.

–Koordinatzaileari laguntzea programa garatzen, eta deitzen zaion bilera guztietara joatea.

–Programatzen diren ikastetxeen arteko koordinazio eta prestakuntza saioetan parte hartzea.

4. Koordinazio bilerak honelakoak izanen dira:

–Irakasle talde osoak, gutxienez, hasierako bilera bat eginen du irailean, eta bukaerako beste bat ekainean.

–Eraginkorragoak izateko, departamentuen edo intereseko arloen arabera egiten diren bilerak. Edukiaren arabera zehaztuko da nork parte hartuko duen bileretan eta zenbatean behin eginen diren.

Nolanahi ere, koordinazioaren bidez honako gai hauek landuko dira:

–Atzerriko hizkuntzan eman beharreko programari eta edukiei buruz erabakiak hartzea; material lagungarriak proposatzea, bai atzerriko hizkuntzan ematen diren irakasgaietarako, bai Atzerriko Hizkuntza irakasgaian beste irakasgaien errefortzu gisa lantzeko.

–Ebaluazioaren edukiari eta formari buruzko erabakiak, eta irakasgai bakoitzetik aplikatuko diren irizpide osagarriei buruzkoak.

–Berariazko prestakuntza. Elkarri azaltzea. Lan taldeak.

Zuzendaritzak erraztasunak emanen ditu, ikastetxeko ordutegian, atal elebiduneko lan taldearen bilerak bermatzeko behar den denbora eta lekua izan dadin.

Laugarren oinarria.–Irakasleen prestakuntza eta ziurtapena.

1. Hezkuntza Departamentuak aholku emanen du proiektua ezarri eta garatzeko, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu. Halaber, berariazko jarduerak sustatuko ditu atal elebidunen programa batean parte hartzen duten irakasleek prestakuntza linguistiko eta didaktikoa izan dezaten.

2. Behar denean antolatzen den berariazko prestakuntzaren barnean, Hezkuntza Departamentuak beretzat gordetzen du atal elebiduneko programak garatzen dituzten ikastetxeek egindako lan eta esperientziarik bikainenak erabiltzeko eta zabaltzeko eskubidea.

3. Ikasturte bukaeran, atal elebidunean irakasten duten irakasleek, ikastetxeko zuzendaritzak proposaturik, ziurtagiri bat jasoko dute, hezkuntza berrikuntzako 50 orduren baliokidea, Hezkuntza Departamentuko Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak emana.

3. ERANSKINA

Ingeleseko, frantseseko edo alemaneko atal elebiduna baimentzeko eskaera.

4. ERANSKINA

Eskaeraren xedeko proiektua.

5. ERANSKINA

Irakasleen datuen eta konpromisoaren fitxa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1606049

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa