(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

215. ALDIZKARIA - 2014ko azaroaren 3a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.7. BESTELAKOAK

508/2014 EBAZPENA, urriaren 17koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko eta zuzendaria izendatzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du, ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluetako kideak eta zuzendaria berritzeko jarraibideak ematen dituen ebazpen hau onets dadin.

Alderdi horiek Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikulutik 59.era bitartekoetan araututa daude.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak ikastetxeko Eskola Kontseilua eratu beharko duela, eta zuzendaria izendatu. Era berean, foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du Eskola Kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna eta eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko arauak onestea, bai eta agintaldia orain bukatzen duten ikastetxe horietako zuzendariak berritzeko prozedurarako arauak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko eta, hala behar izanez gero, zuzendaria izendatzeko jarraibideak onestea. Hona hemen:

I.–Aplikazio eremua.

1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola Kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola Kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan hautatutako kideak egoteko denbora bukatu delako.

–Zuzendaria berritu behar badute, haren agintaldia bukatzeagatik.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak ebazpen hau aplikatzen ahalko du, Eskola Kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hautapen prozesua prestatzea.

1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hauteskunde errolda eginen dute. Hauek dira errolda horretan jaso beharreko datuak: boto eskubidea dutenen izena, deiturak eta NANa edo dokumentu baliokidea. Hori dela eta, kontuan izan behar da gurasoen ordezkaria hautatzeko eta hautatua izateko eskubidea ikastetxeko ikasleen aitak eta amak daukatela edo, halakorik izanez gero, legezko ordezkariak.

Halaber, Hauteskunde Batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Orobat, behar diren prestaketa lan guztiak eginen dituzte hauteskunde prozesuaren jarduketak errazteko.

III.–Hauteskunde Batzordea.

1. Hauteskunde Batzordea, hauteskunde prozedurari ekiteko, ekitaldi publikoan eratuko da azaroaren 5etik aurrera. Hauteskunde Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Irakasle bat.

–Ikasle baten aita, ama edo legezko ordezkari bat.

–Ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrera.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

–Ikastetxeko titularra edo bere ordezkaria.

Batzordeko kide guztiak, ikastetxeko zuzendaria eta titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hauteskunde errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira.

2. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

3. Hauteskunde Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hauteskunde erroldak onetsi eta argitara ematea; zuzendariak aurretik prestatu beharko ditu.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua antolatzea.

d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea. Hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar da gutxienez.

f) Boto paperen ereduak onestea, egokia izanez gero.

g) Hauteskunde mahaien eraketa sustatzea, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatzea ere.

h) Hautesle taldeek boto eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta aktak Hezkuntza Departamentura igortzea.

4. Aurreko puntuan xedatutakoaz gain, Hauteskunde Batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde mahaiak.

1. Bozketa egunean irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde mahaiak eratuko dira.

Hauteskunde mahaiak bozketa arautu, bozkatzearen zuzentasuna begiratu eta botoak kontatuko ditu.

2. Irakasleen hauteskunde mahaiko kideak izanen dira ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, ikastetxean urte gehien egin dituen irakaslea eta urte gutxien egin dituena. Azken horrek mahaiko idazkari lana eginen du. Antzinatasun bereko irakasle batzuk baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena.

3. Gurasoen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak, izanen dira. Haietatik gazteenak idazkari lana eginen du.

4. Ikasleen hauteskunde mahaiko kideak ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta zozketaz aukeratutako bi ikasle (DBHko 1. mailatik aurrera) izanen dira. Ikasle zaharrenak idazkari lana eginen du.

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaiko kideak zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta, langile horien artetik, ikastetxean antzinatasun handiena daukana eta antzinatasun txikiena daukana izanen dira. Azken horrek idazkari lana eginen du. Hautesleak bost baino gutxiago baldin badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bateko kide guztiek hautesle eta hautagai izateko eskubidea dute. Hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte. Bi sektoretakoa den kideren bat izanez gero, bietarako hautagai izaten ahalko da, baina bietarako hautatzen badute bakar baten ordezkaritza hartu beharko du.

2. Ikastetxe itunduetako Eskola Kontseiluak honako kide hauek osatuko dituzte:

–Zuzendaria.

–Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

–Irakasleen lau ordezkari.

–Ikasleen gurasoen hiru ordezkari, bai eta legez eratuta dagoen eta ordezkaritza zabalena duen guraso elkarteko ordezkari bat ere.

–Ikasleen bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailatik hasita.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Ikastetxeko Eskola Kontseilua eratuta, horrek pertsona bat izendatuko du hezkuntza arloko neurriak susta ditzan, gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun benetakoa eta eraginkorra bultzatzeko.

3. 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetan edo ikasleen %25 gutxienez Lanbide Heziketako ikasketetan ari diren ikastetxeetan, ikastetxearen jarduketa eremuan ordezkaritza zabalena duen enpresaburuen erakundeak proposaturiko ordezkari bat sartzen ahalko da Eskola Kontseiluan, hitza duela baina botorik ez.

4. Hezkuntza bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dauzkatenetan hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat ere izanen da Eskola Kontseiluko kide.

5. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta Eskola Kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, Eskola Kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ebazpen honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.

6. Eskola Kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza (horietan ez dira sartzen ikastetxean kide gehien dituen guraso elkartearen ordezkaria edo horren ordezkoa eta ikastetxearen jardun eremuan kide gehien dituen enpresaburuen erakundeko ordezkaria), zati bat berritzeari begira, ebazpen honen eranskinean azaltzen den moduan, honela eratuko da:

a) Lehenbiziko erdia:

–Ikastetxeko titularraren bi ordezkari.

–Irakasleen bi ordezkari.

–Gurasoen ordezkari bat.

–Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada.

–Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat, halakorik bada.

b) Bigarren erdia:

–Ikastetxeko titularraren ordezkari bat.

–Irakasleen bi ordezkari.

–Gurasoen bi ordezkari.

–Ikasleen ordezkari bat, halakorik baldin bada.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

7. Lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, ebazpen honen aurreko atalean erdi horietako bakoitzarentzat finkatutako osaketaren arabera.

8. Aurkezteko, hautagaiak idazki bat igorri behar dio Hauteskunde Batzordeari, hautagaiaren sinadura jarrita eta NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia atxikirik.

9. Hauteskunde Batzordeak hautagaien zerrendak onartzeko epea paratuko du eta kontuan hartuko du, betiere, hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratzeko egunaren eta hauteskundeen egunaren artean zazpi egun naturaleko tartea utzi behar dela gutxienez.

Onartu eta baztertzen diren hautagaien behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioa egiten ahalko da, argitara eman eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde Batzordeak ondoko bi egun baliodunean hartuko du erreklamazioaren gaineko erabakia, eta hartzen dituen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etengo.

10. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, Hauteskunde Batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Hauteskunde prozesua.

1. Eskola Kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak 2014ko azaroaren 24tik abenduaren 15era bitarte, biak barne, eginen dira.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira.

2. Hauteskunde Batzordeak berariazko boto paper ereduak onartzen ahal ditu. Haietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagaien zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian kide diren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Bozketak boto zuzen, sekretu eta delegaezinaren bidez eginen dira. Hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde mahaiari dagokion frogagiria aurkeztu gabe.

4. Gurasoek eta irakasleek hiru izen jarriko dituzte gehienez beren boto paperean bete beharreko postuak lau badira, bi izen hiru badira eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

Ikasleek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta hezkuntza-arreta osagarriko langileek izen bakarra jarriko dute beren boto paperean.

5. Ikasleen gurasoek botoa posta bidez eman dezakete. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, Hauteskunde Batzordera igorriko baita, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia eta bigarren gutun-azala sartuko dira. Bigarrenaren barnean boto papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal frankeatu bat igortzen ahalko dute, edo gutun-azal bikoitza Hauteskunde Batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartu. Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote Hauteskunde Batzordeari eskubide hori erabili ahal izateko. Hauteskunde Batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta ordu hori iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.

6. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria hautatzeko bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste hautestontzi batean. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria Eskola Kontseiluko lehen erdiko parte izanen da, eta bere kargua utziko du hautatutako erdi horri dagokion epea bukatutakoan.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako dei egiten ahalko du sektoreetan diren toki hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, betiere toki hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez denean.

Postu hutsak esleitzerakoan, agintaldi luzeena duen kide ordeztuaren postu hutsa esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari.

Hautatzen diren ordezkarien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoaren agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko hutsuneak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen dituzten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko toki hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko hutsuneen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdiko bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, mahaiak botoen kontaketa eginen du.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (fondokoak eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahai bakoitzak ikastetxeko Hauteskunde Batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde mahaiak eginen duen zozketaren bidez eginen da hautaketa. Hauteskunde Batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde Batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Hauteskunde Batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera, sektore guztietako bozketak amaitu eta lau egun balioduneko epean.

IX.–Kide izendatuak.

1. Hauteskunde Batzordeak Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezatela eskatuko die, ikastetxean kide gehien dituen guraso elkarteari eta, hala denean, ikastetxearen jardun eremuan kide gehien dituen enpresaburuen erakundeari.

2. Gurasoen elkarteak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen hauteskunde erroldan agertu beharko du. Horren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasu berberetan utzi beharko du berak ere kargua eta, horretaz gainera, baita izendatzen duen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

3. Ordezkaritza zabalena duen guraso elkartea izanen da hauteskunde erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztutako ziurtagirian adierazita. Hauteskunde batzordeak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

4. Ikasleen gurasoen elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du toki hori, Eskola Kontseiluaren zati baten berritzea egin arte.

5. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza zabalena duen enpresaburuen erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, Eskola Kontseiluko erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari horrek kargua utzi beharko du izendatzen duen enpresaburuen erakundeak edo ikastetxeko titularrak horixe erabakitzen badu.

X.–Eskola Kontseilua eratzea.

1. Hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko zazpi egun naturaleko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola Kontseilua eraturik geldituko da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek –sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik– ordezkariak hautatu gabe izan.

XI.–Zuzendariaren izendapena.

1. Eskola Kontseilua eratu ondoren eta, betiere, 2015eko otsailaren 6a baino lehen, zuzendaria izendatuko da, kargualdia bukaturik, berritu beharra duten ikastetxeetan.

2. Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluan ezarritako arauei jarraikiz izendatuko da zuzendaria, eta hiru urteko kargualdia izanen du.

3. Zuzendaria izendatzeko erabakia Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, izendapena egin eta 10 eguneko epean. Erabaki horretan zuzendari berriaren izen-deiturak agertuko dira.

XII.–Prozesua bateratzea.

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan Eskola Kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

XIII.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta Hauteskunde Batzordeak hautapen prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanez.

2. Ikastetxeetako Eskola Kontseiluak behar bezala eratu daitezen, behar diren neurriak hartuko dituzte Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta Hauteskunde Batzordeek; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

3. Ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak eratu eta zuzendariak izendatu ondoren, gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta bere eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta eranskina Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2014ko urriaren 17an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

ERANSKINA

Eskola Kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea, ikastetxe itunduetan (2014-2015).

1.–IKASTETXEAREN IDENTIFIKAZIO DATUAK

Izena: ...........................................................................................................................................................

Herria: ..........................................................................................................................................................

Helbide elektronikoa: ....................................................................................................................................

Telefonoa: ...............................................................................

Faxa: ......................................................................................

Eskaintzen dituen irakaskuntzak:

Haur Hezkuntza

Lehen Hezkuntza

Bigarren Hezkuntza

Lanbide Heziketa

Batxilergoa

Hezkuntza Berezia

2.–ESKOLA KONTSEILUA HAUTATZEKO MODUA

* Kontseiluaren lehenbiziko hautaketa

* Kontseiluaren zati bat berritzea:

1. erdia (2 irakasle, aita/ama 1 eta ikasle 11 , HAOL 1)

2. erdia (2 irakasle, 2 aita/ama, ikasle 11 eta AZL 1)

* Sektoreak osatzea (berritu behar ez den erdiko toki hutsak bete behar direnean edo, hala egokituz gero, bietakoak direnean soilik bete).

Irakasleen sektorea

Gurasoen sektorea

Ikasleen sektorea

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

(1) DBHko 1. mailatik hasita.

3.–AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA LORTUTAKO BOTOEN KOPURUA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

Irakasleak

Gurasoak

MOTA2

IZENA

BOTOAK

MOTA2

IZENA

BOTOAK

Ikasleak

AZL/HAOL

MOTA2

IZENA

BOTOAK

MOTA2 – AZL/HAOL

IZENA

BOTOAK

(2) RE: berritu behar den erdirako hautatutako ordezkaria.

 CV: sektoreak osatzeko toki hutsa betetzen duen hautagaia.

 CS: ordezkoen zerrendarako hautagaia.

4.–HAUTESKUNDEETAKO PARTE HARTZEA ETA ORDEZKARI HAUTATUAK

Irakasleak

Gurasoak

Ikasleak

AZL

HAOL

Errolda osoa

Boto emaileak (kopurua eta %)

Erdi bakoitzerako aurten hautatutako izangaien kopurua

1. erdia

2. erdia

1. erdia

2. erdia

1. erdia

2. erdia

2. erdia

1. erdia

5.–ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA BERRIA

5. a) Eskola Kontseiluko kide ez-hautetsiak

Kontseiluko burua: ...........................................................................................................................................................................................................................................

Ikastetxeko titularraren ordezkariak3:

1.– ....................................................................................................................................................................................................................................................................

2.– ....................................................................................................................................................................................................................................................................

3.– ....................................................................................................................................................................................................................................................................

Ordezkaritza zabalena duen guraso elkartearen ordezkaria4-5: .......................................................................................................................................................................

Enpresaburuen erakundearen ordezkaria5-6: ...................................................................................................................................................................................................

5. b) Eskola Kontseiluko kide hautetsiak

1. erdiko kideak

Irakasleak

Gurasoak edo tutoreak

Ikasleak

HAOL

2. erdiko kideak

Irakasleak

Gurasoak edo tutoreak

Ikasleak

AZL

(3) Lehenbiziko bi ordezkariak 1. erdikoak izanen dira, eta hirugarrena 2. erdikoa.

(4) Izendapenik izan ezean, gurasoen ordezkoen zerrendako lehenbiziko hautagaiak beteko du toki hutsa.

(5) Bi urtetik behin berritzen da.

(6) 300 ikasle baino gehiago dituzten eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen dituzten ikastetxeetarako, edo ikasleen %25 gutxienez lanbide heziketako ikasketetan ari diren ikastetxeetarako.

6.–ORDEZKOEN ZERRENDA (boto kopuruaren arabera ordenatua)

Irakasleak

Gurasoak

Ikasleak

AZL

HAOL

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

Hautagaiak

Botoak

7.–HAUTESKUNDE MAHAIAK

Irakasleak

Gurasoak edo tutoreak

Ikasleak

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

Kideen sinadura

Eguna:

.................(e)n, 20...(e)ko .............aren ..............(e)an
Ikastetxeko zuzendaria

F1414484

Iragarkiaren kodea: F1414484

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa