(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

101. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 26a

  • 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.7. BESTELAKOAK

191/2014 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED) sartzeko deialdia arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzat.

ESenRED (Sareko jasangarritasun eskolak) Espainiako Estatuko jasangarritasun ikastetxeen sarea da, administrazio publikoek (autonomia erkidegokoak, udalak eta abar...) sustatua. 2012-2013 ikasturtean sortutako sareak erkidegoko hainbat departamenturen perspektiben bat egitea eskaintzen du, hala nola Hezkuntza eta Ingurumen departamentuen artekoa, ikastetxeen eguneroko dinamikan integratzeko asmoz. ESenREDek Nazio Batuen UNESCOren eta PNUMAren laguntza du eta, nazio barrenean, CNIEErena (Hezkuntzako Berrikuntza eta Ikerketako Zentro Nazionala), horrexekin lankidetza hitzarmen bat sinatu baitu. Sarea esparru bat da hezkuntza politiken eraginkortasuna eta efizientzia handitzeko berrikuntzari, ebaluazioari, kalitateari eta jasagarritasunari begira. Gainera, esparru ezin hobea da ikasleen gaitasun maila, balio sozial eta etikoetako prestakuntza eta banakako zein taldeko erantzukizun eta konpromisoak indartzeko.

Hamabi autonomia erkidego dira jada proiektu honetan parte hartzen dutenak; horregatik, eta gure ikastetxeek jasangarritasun arloan duten ibilbide luzea kontuan hartuta, Nafarroan sare bat sortzea planteatu da, erkidego barrenean elkarrekin lan egin eta esperientziak trukatzeko. ESenREDden bidez -sareen sarea- jarduketa esparruak partekatu gogo dira, baita Espainiako beste ikastetxe batzuen metodologia eta proiektuak ere (CONFINT, kalitate adierazleen sistemak, eta abar...).

Guretzat, ikaskuntzaren bidez eta hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzearen bidez jasangarritasunerako hezkuntza bultzatzen duena da jasangarritasun ikastetxea. Ikastetxe horiek beren ingurumen politika dute beren baliabideak kudeatzeko, eta beren kideen parte-hartze demokratikotik sortzen diren proposamenak dituzte. Ikastetxe horietan, hezkuntza komunitateak, ikasleek gidatuta, ingurumen ekintzak garatzen ditu eskolan edo institutuan, hura ingurumen arloko jardunbide egokien laborategia izanik. Eskolak hezkuntza proposamen berriak esperimentatzeko tokia izan behar du, eta ekintza horietako asko, onuragarriak ingurumenarentzat, familiaren, auzoen eta herriaren esparrura eramateko modukoak izanen dira. Konpromiso hartutako herritarrak lortzea da kontua, etorkizuna jasangarriagoa izan dadin ekologia eta gizarte aldetik.

Komeni da Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarea (ESenRED) bultzatzea Nafarroako Foru Komunitatean. Horrek deialdi publiko bat egitera behartzen du Hezkuntza Departamentua, sare horretan sartzeko interesa duten ikastetxeek erabaki hori gauzatzeko modua izan dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED) sartzeko deialdia onestea.

2. Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzura, Prestakuntzaren eta Kalitatearen Atalera eta Argibide Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 12an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED)
sartzeko 2014-2015eko deialdia

Lehendabizikoa.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dei egiten zaie ingurumen hezkuntzako proiektuak aurkez ditzaten, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean (ESenRED) sar daitezen, 2014. urtean.

Bigarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Ikastetxe bat Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartzeko proposa dadin, ingurumen hezkuntzako proiektu bat aurkeztu beharko du, baldintza hauek betetzen dituela:

a) ESenRED sareak gomendatzen dituen printzipio orokor hauek kontuan hartzea:

–Gaitasunen ikuspegi batetik, ingurumen hezkuntzaren edukiak (ikastetxeko edo/eta inguruko hondakinen, energiaren eta ur baliabideen kudeaketa, mugikortasuna bultzatzea, eskola-baratzeak, eta abar...) zeharka integratzea ikastetxearen urteko programazio orokorrean eta programazio didaktikoetan.

–Bizimodu jasangarria bultzatzen duten ohitura, jarrera eta balioak sortzea hezkuntza komunitatean.

–Ikasleen gaitasuna handitzea, ingurumen arloko ahalik eta erabaki egokienak har ditzaten eta ingurumena hobetzeko prozesuak abiaraz ditzaten, bai eskolan, bai herrian eta, geroago, lagungarriak izan daitezen problematika orokorrari erantzuteko.

–Ikastetxearen ingurune fisikoa hobetzea, ingurumenari lotutako neurriak eta osasun eta segurtasun arloetako neurriak hartuz, neurri horiek betetzen diren begiratuz eta kudeatze egitura egokiak ezarriz, behar baldin badira.

–Lankidetza harremanak ezartzea familiekin eta komunitatearekin (udalak, mankomunitateak edo inguruko beste elkarte batzuk), herri mailan jasangarritasunarekin bat heldu diren programak prestatzeko.

–Irakasleei erreferentziako papera ematea ingurumen-osasunari buruzko kontuetan, baita prestakuntza egokia ematea ere. Ikastetxea esperimentazio eta prestakuntza toki bihurtzen da berrikuntzan eta kalitatean.

–Egin beharreko ekintzen artean kontuan izatea ingurumen-osasunari eta ikastetxean arriskuei aurrea hartzeari lotutako alderdiak.

Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuan ingurumenari buruz jasotako berariazko beharren edo lehentasunen gaineko beste irizpideren bat sartzen ahalko dute.

b) Lan plan bat jasotzea, III. eranskinaren araberakoa, hiru urtean garatzeko.

c) Eskola Kontseiluak eta ikastetxeko irakasleen Klaustroak onetsia izatea, eta irakasleen eta ikasleen gutxienez %25ekoen inplikazioa proposatzea proiektuaren jarduketetan (II. eranskina).

d) Hezkuntza komunitateko estamentuek, ikasleek batez ere, zer ekintzatan parte hartuko duten zehaztea.

Hirugarrena.–Sarea osatzen duten ikastetxeen konpromisoak.

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartzea proposatzen diren ikastetxeek konpromiso hauek hartuko dituzte:

a) Jasangarritasunaren irizpideak kontuan hartzen dituen ingurumen proiektu bat garatzea, hiru urtekoa gutxienez ere.

b) Ikastetxeko ingurumen batzordea, irakasleek eta ikasleek osatua, eratzea. Ongi ikusiko da familien eta ikastetxeko irakaslez bestelako langileen parte-hartzea eta, ahal dela, herriko erakundeen ordezkariena.

Batzorde horren ardura izanen da ingurumen proiektua hezkuntza komunitatean aurkeztu eta zabaltzea; baita proiektua dinamizatzea eta hezkuntza komunitatearen ahalik eta parte-hartze handiena lortzea, emaitzak ebaluatzea eta hobekuntzak proposatzea.

Zuzendaritza taldeak pertsona bat izendatuko du proiektua eta batzordea koordinatzeko; pertsona hori ikastetxeko irakasle bat izanen da eta eskolako ingurumen arloko biltzarrak koordinatzeaz arduratuko da.

Ikastetxeak ordu erabilgarririk izanez gero, ikastetxean proiektua koordinatzen duen arduradunari bi ordu osagarri bitarte kontatzen ahalko zaizkio bere zereginetarako.

c) Azaroaren 1a baino lehen hurrengo ikasturterako lan proiektua aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartuko duten irakasleen zerrendarekin batera (ikus IV. eranskina).

Era berean, ikasturte bakoitzaren ekainaren 31 baino lehen, urteko txostena aurkeztea Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuan. Txosten horri esker, amaitzen den ikasturtean egindakoaren memoria jakinaraziko da. (ikus V. eranskina).

Baldintza horiek bete ezean, saretik baztertuko da.

d) Hiru urteak bukatutakoan, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuan bukaerako memoria aurkeztu beharko da (ikus V. eranskinean gehitu den 9. puntua), aplikazioaren epe osoan lortu diren helburuak ebaluatzeko.

e) Sarearen barrenean berariaz garatzen diren plataforma birtualetan eta irakasleak prestatzeko jardueretan zein jarraipenekoetan parte hartzea.

f) CONFINT metodologia baliatuz eskoletan egindako ingurumen arloko biltzarrek balorazio ona izanen dute, ESenREDekoak diren Espainiako ikastetxeek aplikatzen duten metodologia baita. Eskolako biltzarrak garapenaren lehen maila dira; gero, erkidegoko biltzarrak, Estatuko biltzarra, Europako biltzarra eta nazioarteko biltzarra etorriko dira. Ikasleak dira programen hartzaileak eta ikasleak ere protagonistak. CONFINTek fase hauek ditu:

–Ikastea - Ikastetxeak ingurumen arloko diagnostikoa egiten du eta ikasleek ikastetxeko berariazko ingurumen problemak ikertzen dituzte. Erantzukizunen nazioarteko gutuna aztertzea eta gogoeta egitea, zein ari diren lantzen eta zein landu gogo dituzten.

–Eztabaidatzea - Zergatikoen eta ondorioen eta dauden aukerei buruz eztabaidatzen da.

–Erantzukizuna hartzea - Gazte bakoitza ohartu egiten da zer balore dauden jokoan eta ikastetxean egin daitezkeen proposamenen erantzukizuna hartzen du bere gain. Gazteek beren ordezkariak hautatzen dituzte.

–Ekintza-Komunikazioaren hezkuntza - Erantzukizuna gizartea aldatzen duten ekintza jakin batzuetan gauzatzen da, bere epeekin, arduradunekin eta ebaluazioarekin.

–Ekintza horien berri ematen dute ikasleek, eskolan eta herrian.

Laugarrena.–Sareari laguntza eman eta jarraipena egitea.

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako sareak berariazko prestakuntza jarduerak izanen ditu jasangarritasunari lotutako gaietan ikastetxeko irakasleentzat, baita baliabide eta material didaktikoak ere ingurumen arloko gaietan, lankidetza eta aholkuak eskolako biltzarrak egiteko eta erkidegoko biltzarra antolatzeko. Bestetik, ikastetxeak jasangarritasun eskola gisa egiaztatuko du proiektuaren hirugarren urtea bukatzean, batzorde teknikoak aldeko txostena eman ondoren.

Jasangarritasun eskola gisa egiaztaturik, ikastetxeek ESenREDekoak izaten jarraitzen ahalko dute, baldin eta deialdian urtero eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Bosgarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Eskaera orria, I. eranskinaren araberakoa, eta, horrekin batera, Klaustroak eta Eskola Kontseiluak parte-hartzea onetsi dutela eta ikastetxeko osasun batzordea eratu dela (II. eranskina) azaltzen duten aktak.

–Ingurumen hezkuntzaren proiektua, hiru urterako, aurreko oinarrietan aipatutako baldintzak biltzen dituena (III. eranskina).

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarean sartu nahi duten ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eskaerak.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Zazpigarrena.–Ikastetxeak hautatzea.

Proiektu hau garatuko duten ikastetxeak aukeratzeko, hautapen batzordeak irizpide hauek baloratuko ditu ingurumen proiektuan:

Honako hauek balorazio ona izanen dute:

a) Ikastetxeak azken ikasturteetan jarraibide baten arabera, eta ez tarteka-marteka, ingurumen jarduerak garatzen egindako ibilbidea.

b) CRANAk (Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroa) edo Mankomunitateak eskainitako kurtsoetan parte hartu edo haien aholkuei jarraitu izatea, edo Tokiko Agenda 21eko programetan parte hartu izatea.

c) Ekoauditoriak eginak izatea, edo Europako ingurumen proiektuetan parte hartu izatea.

d) Eskolako ingurumen biltzarretan parte hartu izatea 2014ko bigarren seihilekoan.

Ingurumen Departamentuko edo/eta Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Kalitatearen Ataleko teknikariek osatutako batzorde tekniko batek eginen du proiektuen balorazioa.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzuko zuzendariak aurkeztutako proposamena ikusita, ebazpen bat emanen du, Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarekoak izateko hautatzen diren ikastetxeen zerrenda onetsiko duena.

Zortzigarrena.–Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Batzorde Teknikoak proposaturik, eta urteko txostena ontzat jotzen bada (txosten horretan proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda agertuko da), ikastetxe bakoitzeko Jasangarritasun Eskolaren lan taldean parte hartu duten irakasleei 2014-2015 ikasturtean hezkuntza berritzeko proiektuan gehienez ere 35 orduz esku-hartu izatearen ziurtagiria emanen zaie, egindako lana aintzat har dadin. Proiektua koordinatzeko ardura duen pertsonaren lana aintzat hartuko da, berrikuntza proiektuko 50 orduko partaidetza, gehienez ere.

Bederatzigarrena.–Argitalpena eta zabalkundea.

Aukeratutako lanak argitaratzen ahalko ditu Hezkuntza Departamentuak. Argitalpenean memoria osoa edo zati bat ager daiteke. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berarekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

I. ERANSKINA

Parte hartzeko eskaera

Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarea (ESenRED):

............................................... jaunak/andreak, Nafarroako Foru Komunitateko ...................... herriko ........................................ ikastetxeko zuzendaria den aldetik,

Eskatzen du, .........(e)an egindako Eskola Kontseiluak eta ...........(e)an egindako Irakasleen Klaustroak onetsi ondoren, “Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sarea (ESenRED)” izeneko hezkuntza berrikuntzako proiektuan parte hartzeko.

Horretarako, ikastetxe honek agiri hauek aurkezten ditu:

Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren aktak.

Horrekin batera, ..............................................., jauna/andrea, Klaustro honetako irakaslea, proiektuko koordinatzaile arduradun izendatu da.

..............(e)n, 2014...ko .............aren ....(e)an

Stua.: ...........................

Ikastetxeko zuzendaria (sinadura eta ikastetxeko zigilua)

II. ERANSKINA

Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren onespena

....................................... jaunak/andreak, ........................... herriko .......................... ikastetxeko idazkariak,

Ziurtatzen du Klaustroak ..................... (e)an, eta Eskola Kontseiluak ........................ (e)an, onetsi dutela Jasangarritasun Eskolen Nafarroako Sareko deialdian parte hartzeko eskaera.

..............(e)n, 2014...ko .............aren ....(e)an

Stua. Ikastetxeko zuzendaria (sinadura eta ikastetxeko zigilua)

III. ERANSKINA

Hiru urteko proiektuaren lan plana prestatzeko gidoia

1.–Aukeratu den proiektuaren justifikazioa. Ikastetxearen motibazioa, deialdian parte hartzeko.

2.–Ikastetxearen ingurumen hezkuntzako testuinguruaren eta aurrekarien analisia (ikastetxean ingurumenarekin zerikusia duten jardueren zerrenda, irakasleen parte-hartzea tailerretan, eta abar, deialdiaren zazpigarren oinarriaren arabera).

3.–Helburuak.

4.–Aurreikusitako jarduerak eta denboran nola bana daitezkeen.

5.–Hezkuntza komunitatearen parte-hartzea: ikasleak, irakasleak eta irakasle ez direnak. Lankidetza, tokiko eragileekin eta elkarteekin.

7.–Metodologia.

8.–Aurreikusitako antolamendu mota eta funtzionamendua.

9.–Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

IV. ERANSKINA

Ikasturteko lan plana prestatzeko gidoia

1.–Proiektuaren titulua.

2.–Ikasturtean garatu beharreko helburuak.

3.–Edukiak, jarduera eta haiek denboran nola banatu.

4.–Hezkuntza komunitatearen, hau da, ikasleen (haien parte-hartzea bideratzeko mekanismoak), irakasleen, familien eta beste entitate batzuen parte-hartzea.

5.–Lan taldearen kideak.

6.–Ebaluatzeko irizpide eta prozedurak.

V. ERANSKINA

Ikasturte bakoitzean egindako lanaren memoria prestatzeko gidoia

1.–Proiektuaren datu orokorrak.

2.–Aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren.

3.–Egindako sentsibilizazio jarduera guztien deskripzioa eta denboran nola banatu diren.

4.–Ikasleek, irakasleek eta hezkuntza komunitateko gainerakoek zenbateraino hartu duten parte. Proiektuak ikastetxean izan duen eragina.

5.–Ikastetxearen antolamendua, Jasangarritasun Eskolaren proiektua garatzeko.

6.–Proiektuan esku hartu duten irakasleen behin betiko zerrenda.

7.–Proiektuaren ebaluazioa eta bertan egindako doiketak.

8.–Eranskina, argazkiekin eta proiektuan garatutako jarduerak erakusteko aurkeztu nahi den gainerako materialarekin.

Proiektuaren bukaerako memoria prestatzeko gidoia

Gehitu aurreko puntuei:

9.–Ondorioak:

–Proiektuaren lorpenak eta balorazio orokorra.

–Ondorioak eta jarraitu eta hedatzeko perspektibak.

–Ikasleen eta irakasleen balorazioa biltzarrei buruz.

Iragarkiaren kodea: F1407104

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa