(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

49. ALDIZKARIA - 2008ko apirilaren 18a

  • I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • 1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
      • 1.3.6. Beste batzuk

133/2008 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Foruzaingoko Zerbitzuen Gutun berria onesten duena.

Zerbitzuen Gutunak Administrazio Publikoak hobetu eta modernizatzeko tresna izateko sortu dira.

Gaur egun, Zerbitzuen Gutunen sorrera, edukiak eta eginkizunak Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legeko 18. artikulutik 21. artikulura bitarte arautzen dira. Foru lege horretako 20. artikuluak hauxe xedatzen du: "Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren kasuan, departamentu bakoitzak eta erakunde autonomo bakoitzak bere Zerbitzuen Gutuna prestatuko du, foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere hiru urteko epean."

Maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautu zituen. Gero, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urriaren 11ko 119/2005 Foru Aginduaren bidez, Zerbitzuen Gutunen diseinua eta egitura ezarri zen.

Nafarroako Foruzaingoak zerbitzuen lehen gutun bat sustatua zuen, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren otsailaren 23ko 38/2006 Foru Aginduaren bidez. Zerbitzuen lehen gutun hori abian jarriz geroztik izan diren inguruabar batzuek erakutsi dute komenigarria dela gutuna eguneratu eta hobetzea, hori guztia Foruzaingoaren antolamendu geroz eta handiagoaren ondorioz.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Zerbitzuen Gutunak arautzen dituen maiatzaren 9ko 72/2005 Foru Dekretuaren 5.1 artikuluaren bidez esleituak ditudan eskurantzez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foruzaingoaren Zerbitzuen Gutun berria onestea. Foru agindu honen eranskinean dago.

2. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2008ko martxoaren 25ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO FORUZAINGOAREN ZERBITZUEN GUTUNA

1.-Identifikazioa.

Nafarroako Foruzaingoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren mende dago eta hango Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikirik.

Foruzaingoaren eginkizunek arau hauetan dute oinarri juridikoa: Espainiako 1978ko Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa, Segurtasun Indar eta Kidegoak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzko ekainaren 20ko 8/2006 Foru Legea eta Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea. Foruzaingoaren eginkizun nagusia da legeriaren arabera pertsonek dituzten askatasun eta eskubideak babestu eta zaintzea, segurtasun eta lasaitasun publikoa bermatzea, delinkuentziari aurrea hartzea eta herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko segurtasunaren administrazioa taxutu du forma aldetik, herritarren babes eta segurtasunaren arloko agintari gorenen eginkizunak zehaztu ditu eta Foruzaingorako antolaketa eredua ezarri, Foru Komunitatean herritarren premiei modu integralean erantzuteko aukera emateko moduan, Nafarroako erreferentziazko polizia izan dadin.

2.-Helburua, eginkizunak eta balioak.

2.1. Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 3. artikuluan ageri den moduan, Nafarroako Polizia Kidegoek eta, beraz, Nafarroako Foruzaingoak, helburu hau dute:

a) Legeriaren arabera pertsonek dituzten askatasun eta eskubideak babestu eta zaintzea.

b) Segurtasun eta lasaitasun publikoa zaintzea, legeak errespetatzen direla bermatzea eta gizartearen ordena gordetzea.

c) Delinkuentziari aurrea hartzea eta haren kontra borrokatzea.

d) Herritarrei laguntza eta zerbitzuak ematea.

2.2. Nafarroako Foruzaingoaren eginkizunak Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitakoak dira, hauexek alegia:

a) Herritarren segurtasuna, eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua eta pertsonen eta ondasunen babesa bermatzea.

b) Legeak eta Foru Komunitatearen eskumeneko arloei aplikatu beharreko gainerako xedapen orokorrak, eta, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko organoen egintzak betetzen diren begiratzea, ikuskapenak eginez, salatuz eta nahitaez betearaziz.

c) Foru Komunitateko agintariak zaindu eta babestea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen eta bere entitate instrumentalen mende dauden pertsona, eraikin eta instalazioak zaindu eta babestea.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzea.

f) Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean zirkulazioa antolatzea, eskumenak banatzeko Estatuarekin izenpetzen diren eta unean-unean indarra duten hitzarmenekin bat, salbu eta eskumena legez udaltzaingoari badagokio.

g) Garraioen arloan jardun eta ikuskapenak egitea, indarra duten legeetan xedatutakoarekin bat.

h) Herritarren segurtasunari eta ordenari eustea eta, bidezkoa denean, ordena bere onera ekartzea, behar diren esku-hartzeen bitartez, eta bereziki, espazio publikoak zaintzea, manifestazioak babestu eta antolatzea eta jendearen elkarretaratze handietan ordenari eustea.

i) Ondasunak eta pertsonak babestea eta haiei laguntzea, batez ere istripua dagoenean eta larrialdietan, xedapenen eta, bidezkoa denean, babes zibileko planen arabera.

j) Trafiko istripuetan atestatuak instruitzea, f) letran ezarritako eginkizunen esparruan.

k) Delituei aurrea hartzea eta delituak eragozteko behar diren eginbideak egitea.

l) Polizia judizialaren lana, legeek adierazten dituzten kasu eta moduetan.

m) Nafarroako toki entitateetako agintariekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, baldin eta haiek eskatzen badute, aplikatzekoak diren xedapenetan ezartzen den moduan.

n) Segurtasun Indar eta Kidegoekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea, legeek ezarritako kasuetan.

ñ) Segurtasun Indar eta Kidego guztiekin lankidetzan aritzea polizientzat interesa duen informazioa biltzen, tratatzen eta elkarri ematen.

o) Nafarroako Foru Komunitatean aritzen diren segurtasun pribatuko enpresak ikuskatzea eta haien zerbitzu, jarduketa, baliabide eta langileak kontrolatzea, indarreko legeetan ezarrita dagoenari jarraikiz.

p) Gatazka pribatuak adiskidetasunez konpontzen laguntzea, horretarako laguntza eskatzen zaionean.

q) Legeek esleitzen dizkion gainerako eginkizunak eta, zehazki, legeek autonomia erkidegoetako segurtasun kidegoei esleitzen dizkietenak.

2.3. Nafarroako Foruzaingoak bere eginkizunak betetzean oinarri dituen balioei dagokienez, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 4. artikuluan azaltzen diren oinarrizko printzipioak aipatu behar dira:

a) Konstituzioak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta indarra duen gainerako legeriak agintzen dutena bete eta betearaziko dute.

b) Erabateko neutraltasun politikoz eta inpartzialtasunez jokatuko dute eta, horrenbestez, arraza, erlijioa, iritzia, sexua, hizkuntza, jaioterria, bizitokia edo beste edozein gizarte egoera edo inguruabar pertsonal dela kausa inolako bazterketarik egin gabe.

c) Osotasunez eta duintasunez jokatuko dute eta ustelkeriazko egintza orori aurre eginen diote irmoki.

d) Hierarkia eta mendekotasun printzipioei men eginen diete. Dena dela, beharrezko obedientzia hori ezin izanen da baliatu delitua dakarren edo nabarmen legeen kontra doan zerbait egiteko aginduren bat babesteko.

e) Zerbitzua dela eta egiten dituzten jarduketen berri emanen diete kidegoko buruei, hala nola lan horien kausa eta zergatikoen berri ere.

f) Justizia Administrazioari laguntzea indarreko arauetan ezarrita dagoen moduan.

g) Abusuan, arbitrariotasunean edo bazterkerian oinarritzen diren jokabideak galaraziko dituzte, horrek indarkeria fisiko edo morala ekartzen badu.

h) Herritarrekiko tratuan egoki eta adeitasunez jokatuko dute beti eta beharrezkoa denean edo herritarrek eskatzen dutenetan haiek laguntzen eta babesten ahaleginduko dira, eta egiten dituzten esku-hartzeen kausa eta helburuei buruz behar den informazioa emanen diete.

i) Kementsu eta azkar jokatuko dute, jokabide hori kalte larri, berehalako edo konponezin bat saihesteko beharrezkoa denean. Horrelakoetan, koherentzia, egokitasun eta proportzionaltasun printzipioen arabera erabiliko dituzte eskura dituzten baliabideak.

j) Erregelamenduzko armak beren edo beste pertsona batzuen bizia edo osotasun fisikoa benetan arrisku larrian dagoenean baino ez dituzte erabiliko, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoen egoeretan.

k) Atxiloketa bat egiten dutenean, beren burua kasuan kasuko polizia kidegoko kide gisa identifikatuko dute, bai, halaber, beren jokabideak herritarrek legez dituzten eskubide eta askatasun publikoak mugatzen dituen egoera guztietan.

l) Atxiloturik dauden edo zaintzapean dituen pertsonen bizia eta osotasun fisikoa begiratuko dute eta haien ohorea eta duintasuna errespetatuko.

m) Pertsona bat atxilotzen den kasuetarako, legeriak ezartzen dituen izapide, epe eta betebeharrak behar bezala bete eta begiratuko dituzte, epaileen aurrera lehenbailehen eramateko.

n) Lan dedikazioari dagokionez, erabateko dedikazioarekin arituko dira, eta, hortaz, pertsonen bizia eta osotasuna, legea eta herritarren segurtasuna defendatu behar diren guztietan esku hartuko dute, nonahi egonda, lanean izan ala ez izan, baita edozein delitu saihesteko ere.

ñ) Lanbideko sekretuari dagokionez, laneko jarduna dela bide eskuratzen duten informazioa isilpean gordeko dute zorrozki, informazio iturrien berri eman gabe, salbu eta dagozkien eginkizunengatik edo lege-xedapenak aginduta beharrezkoa denean.

o) Lanbide jardueran legezko arauak, beren lanbidea arautzen duten eregelamenduzko arauak edo artikulu honetako printzipioak urratuz egiten dituzten egintzen erantzule zuzenak izanen dira, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoei egokitzen ahal zaien ondare-erantzukizuna.

3.-Zerbitzua, konpromisoak eta betetzearen adierazleak.

1. Herritarrentzako arreta eta laguntza berehalakoa eta etengabea, eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan.

-Baliabideak abian jartzeko batez besteko denbora, Aginte eta Koordinazio Zentroan larrialdiko dei bat jasotzen den unetik, 90 segundutik beherakoa.

-Behar den aplikazio informatikoan erregistratzea.

2. Foruzaingoari egindako eskaeretan herritarrei arreta integrala eta pertsonala ematea.

-Herritarrei eta, bereziki, delituen biktimei arreta integrala eta pertsonala ematea, eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan, herritarrentzako arreta bulego guztietan.

-Herritarrek Herritarrendako Laguntza Bulegoan aurkeztutako erreklamazio kopurua eta egiten diren asebetetzearen gaineko inkestak.

3. Herritarrek aurkeztutako salaketa administratiboak jaso eta tramitatzea.

-Salaketa aurkezten denetik gehienez ere 72 orduko epean harremanetan jartzea salaketa egin duen herritarrarekin, eta horren gaineko tramitazioaren berri ematea.

-Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko nahiz informatikoetan.

4. Interesdunari esparru administratiboko eginbide polizialak ematea, honek araudi indardunari jarraikiz eskatuz gero.

-Administrazio esparruko eginbide polizialak ematea, eskabidea jaso eta hamabost eguneko epean.

-Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko edo informatikoetan.

5. Erreklamazio, iradokizun eta eskertze zerbitzua.

-Afera jaso eta 72 orduko epean herritarrarekin harremanetan jartzea.

-Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko edo informatikoetan.

6. Erreklamazio, iradokizun eta eskertze zerbitzua.

-Erreklamazio, iradokizun eta eskertze guztiei idatziz erantzutea, hilabeteko epean.

-Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko edo informatikoetan.

7. Bide Hezkuntza eta Segurtasuna.

-Bide hezkuntzaren eta segurtasunaren gainean Foruzaingoari eskatzen zaizkion zabalkunde ekintzen %100az arduratzea.

-Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko edo informatikoetan.

8. "Ate irekien" programa ikastetxeentzat.

-Ikastetxeek egiten dituzten eskaeren %100az arduratzea.

-Unitate instrukzio egileak erregistro poliziala egitea artxibo fisiko edo informatikoetan.

Herritarren segurtasuna

9. Herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua bermatzea.

-Hurbileko patruila lanetan 10.000 ordu egitea urtean.

-Hurbileko patruila lanetan urtean egindako orduak, artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratuak.

10. Herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua bermatzea.

-Ikastetxeetan prebentziozko 9.000 patruila zerbitzu egitea urtean.

-Zerbitzuen kopurua, artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratua.

11. Herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua bermatzea.

-Industrialdeetan prebentziozko 16.800 patruila zerbitzu egitea urtean.

-Zerbitzuen kopurua, artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratua.

12. Herritarren segurtasuna eta eskubide eta askatasun publikoen erabilera baketsua bermatzea.

-Bizileku eremuetako etxebizitzen inguruan prebentziozko 3.600 patruila zerbitzu egitea urtean.

-Zerbitzuen kopurua, artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratua.

13. Desagertutako pertsonak bilatzeko zerbitzua.

-Pertsona baten desagertzearen berri Foruzaingoan jaso eta 30 minutuko epean, gehienez ere, bilatzeko dispositiboa abian jaratzea, kasuen %100ean.

-Arlo horretako ardura duten unitateek erregistro poliziala egitea artxibo fisiko edo informatikoetan.

Polizia Administratiboa

14. Prebentziozko kontrolak trafikoan eta garraioetan.

-Prebentziozko 600.000 kontrol egitea urtean.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

15. Bide segurtasuneko berariazko programak.

-Bide segurtasunaren arloan berariazko 8 kanpaina gutxienez egitea urtean.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

16. Bide segurtasuneko berariazko programak.

-Bide segurtasunaren arloan berariako 6 kanpaina gutxienez egitea urtean Nafarroako toki entitateetako beste polizia kidego batzuekin batera.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

17. Zirkulazio istripuak izaten dituztenei laguntza pertsonalizatua emateko zerbitzua.

-Zirkulazio istripu larrien %100ean bertan parte izan direnekin harremanetan jartzea, istripuan kalteren bat izan dutenen eboluzioaren berri izateko, eta Foruzaingoan emandako zerbitzua hobetzeko aukerak biltzea, hilabeteko epean gehienez, istripuko instrukzio unitateak.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

18. Alkoholemia kontrolak zirkulazio istripuetan.

-Alkoholemia probak egitea zirkulazio istripuen %100ean, proba egitea galarazten duen arrazoi justifikaturen bat dagoenean izan ezik.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

19. Ingurumena babesteko berariazko programak.

-Ingurumenaren babesaren arloan berariazko 4 kanpaina gutxienez egitea urtean.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

20. Prebentziozko kontrolak egitea ingurumenaren babesaren arloan.

-Prebentziozko 7.000 kontrol egitea urtean.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

21. Jokoaren arloko prebentzio planak.

-Joko aretoen, josteta aretoen eta bingoen %100 ikuskatzea urtero.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

22. Zezen ikuskizunetako prebentzio planak.

-Zezena hiltzen duten ikuskizunen %100 eta zezena hil gabeko ikuskizunen %90 ikuskatzea, urtero.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

23. Ikuskizun publikoetako prebentzio planak.

-2.000 pertsona baino gehiago hartzen dituzten ikuskizun finko eta behin-behineko guztietan segurtasun neurriak ikuskatzea.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

24. Kirol ikuskizunetako prebentzio planak.

-Futboleko eta eskubaloiko kategoria nazional gorenetan aritzen diren nafar taldeek Nafarroako Foru Komunitatean egiten dituzten kirol ikuskizun guztietan segurtasun neurriak ikuskatzea.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

25. Tabakoa eta alkohola adingabeei saltzearen inguruko prebentzio planak.

-Tabakoa eta/edo alkohola 18 urtetik beherakoei saltzen dieten saltoki guztiak ikuskatzea, edozein herritarrek edo erakunde publikok eskaturik.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

26. Zarata kontrolatzearen arloko prebentzio planak.

-Zarata mailen kontrolak (sonometriak) %100eko kasuetan egitea, edozein herritarrek edo erakunde publikok eskaturik.

-Artxibo fisiko edo informatikoetan erregistratzea.

4.-Zerbitzuen gutunaren kudeaketa.

Zerbitzu Gutun honen kudeaketa Foruzaingoak eginen du, eta Foruzaingoaren burua izanen da horren erantzulea.

Arloburuek izanen dute 3. artikuluan hartutako konpromisoak gauzatzeko behar diren neurriak hartzeko ardura, bakoitzak bere jardun esparruan, bai eta kasuan kasuko adierazleen bilakaerararen jarraipena eta aldizkako kontrola egitekoa ere.

Barne Araubideko Dibisioak urtero eginen du auditoria bat, konpromisoak eta adierazleen jarraipena noraino bete diren osotara edo hein batean egiaztatzeko; unitate hori izanen da, Zerbitzuen Gutunari dagokionez, erreferentziazko eta koordinaziorako unitatea.

Auditorietan Arloko burutzetarako gomendioak jasotzen ahal dira, eta burutzek behar den guztia beteko dute hobekuntzak sustatzeko eta, ahal dela, hurrengo aldian horiek gauzatzeko.

Auditoriaren txostena Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari eta Barne zuzendari nagusiari igorriko zaie.

5.-Arauen zerrenda.

Nafarroako Foruzaingoak ematen dituen zerbitzuak babesten dituzten xedapen orokorrak, espezialitateetarako dauden arau xedapenak alde batera utzi gabe, hauexek dira:

-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa.

-8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

-8/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

-57/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duena.

-718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Foruzaingoko Langileen Erregelamendua onesten duena.

-265/2004 Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Nafarroako Foruzaingoaren antolamendu eta funtzionamenduaren Erregelamendua onesten duena, eta hura garatzen duten foru aginduak.

-1/2005 Foru Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duena.

6.-Zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak.

Herritarrek, Nafarroako Foruzaingoarekin dituzten harremanetan, honakoetarako eskubidea dute:

-Foruzaingoaren jarduera orok aintzat har ditzan, oinarri eta muga gisa, eskubide eta askatasunen erabilera librearen babesa, pertsonen eta haien ondasunen defentsa eta segurtasun juridikoa.

-Laguntza iraunkorra, premia izanez gero, 112 larrialdietako telefonoaren bitartez edo zuzenean Nafarroako Foru Komunitatean Foruzaingoak duen edozein polizia etxetara joz.

-Uneoro legeria indardunari lotzen zaion polizia zerbitzua.

-Zerbitzu publikoan ari diren profesionalak direla eta haien bokazioa kide diren erkidegoari zerbitzua ematea dela uneoro gogoan izanen duen jardun poliziala.

-Foruzainengandik tratu zuzena, banan-banakoa, egokia, zaindua, eraginkorra eta konprometitua jasotzea.

-Foruzaingoaren inpartzialtasuna jarduketa guztietan, intimitate pertsonala errespetatzea eta Foruzaingoak bere zerbitzuaren ondorioz jakiten dituen aferen konfidetzialtasuna.

-Bereziki, herritarrei kaltea eragiten ahal dien edozein ekintza arbitrario saihestuko dute foruzainek, bai eta lehentasunezko edo pribilejiozko tratua edozein arrazoi dela eta.

-Eskatutako aferak arretaz tramita daitezen, eta interesdun izaera duen prozedurak zer tramitazio egoeratan dauden jakiteko.

-Iradokizunak egin eta erreklamazioak eta/edo eskertzeak aurkeztea Nafarroako Foruzaingoarekin dituen harremanen inguruan.

7.-Foruzaingoaren zerbitzuak hobetzen laguntzea eta parte hartzea

Nafarroako Foruzaingoaren iritziz garrantzi handikoa da jakitea herritarrek Foruzaingoaren zerbitzuaz duten iritzia eta balorazioa. Horretarako, komunikazio sistema bat ezartzen da, segurtasun politikak eta polizia zerbitzuak hobetu, perfekzionatu edo herritarren premietara egokitzeko aukera eman dezaketen inguruabarren berri izateko.

Era berean, eta barne funtzionamenduari begira, foruzainek, polizia zerbitzuen hobekuntzan lagundu nahi izanez gero euren proposamenekin, nagusiei jakinaraziko dizkiete arauzko bideak erabiliz, egokitzat hartzen diren ondorioak izan ditzaten.

Halaber, urtero eginen dira iritzia ezagutzeko inkestak Foruzaingoaren zerbitzuaren erabiltzaileen artean, zerbitzuak ematean hobetu beharreko arloak zein diren jakiteko.

8.-Erreklamazioak, iradokizunak eta eskertzeak egiteko sistema.

Nafarroako Foruzaingoak barne prozedurak ditu erreklamazioak, iradokizunak eta eskertzeak aztertu, baloratu, ezarri eta horiei erantzuteko, herritarrek zerbitzu ematearen inguruan izandako ekimenak hobekuntzarako aukerak direlakoan, beti aztertu beharrekoak.

Horretarako, interesdunek Foruzaingoak dituen Herritarrendako Laguntza Bulegoetako edozeinetara jo dezakete edo Interneteko euskarri informatikoan eskuratuko duten inprimakia bete, helbide telematiko horretan ageri diren jarraibideei segituz.

Polizia etxeetan, kasu horietarako dagoen inprimakia bete beharko da, eta hura jasotzen duen funtzionarioak emanen dio herritarrari eskatutako guztiaren berri, bai eta une horretatik aurrera informazioak izanen duen tramitazioaren berri ere.

Bide telematikoko tramitazioek polizia bulegoetako tramitazioen antzeko prozedura izanen dute.

Bi kasuetan, herritarrak ongi identifikatu beharko dira, inprimakiak eskatzen dituen datuen artean ahalik eta gehien emanez eta, horietaz gainera, erreklamazio, iradokizun eta/edo eskertzearen deskribapena. Inprimaki hori Foruzaingoaren buruari, kasuan kasuko Arloko buruari eta Barne Araubideko Dibisioko buruari igorriko zaie; azken honek gertaerak argitzeko arakatzeak sustatuko ditu, bai eta hobekuntzaren balizko ezarpena ere.

Erantzuna eskaera aurkeztu eta gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko zaio interesdunari.

9.-Jendea hartzeko helbideak eta ordutegiak.

9.1. Polizia etxeak.

IRUÑEKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Gazteluko plaza, zk.g. P.K.: 31001

Tel.: 848 42 68 53

Faxa: 848 42 51 77

Helbide elektronikoa: policiaforal@navarra.es

TUTERAKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Tarazonako errepidea, 3. P.K.: 31500

Tel.: 848 43 45 00

Faxa: 848 43 45 27

Helbide elektronikoa: pftudela@navarra.es

ZANGOZAKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Padre Raimundo Lumbier kalea, 15. P.K.: 31400

Tel.: 948 87 16 14

Faxa: 948 87 16 12

Helbide elektronikoa: pfsanguesa@navarra.es

LIZARRAKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Gartzia Berrezarlea, 4. P.K.: 31200

Tel.: 948 555576

Faxa: 948 555598

Helbide elektronikoa: pfestella@navarra.es

TAFALLAKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Sansomain, zk.g. P.K.: 31300

Tel.: 948 704265

Faxa: 948 704264

Helbide elektronikoa: pftafalla@navarra.es

ELIZONDOKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Santiago kalea, 57. P.K.: 31700

Tel.: 948 581864

Faxa: 948 452016

Helbide elektronikoa: oacelizondo@navarra.es

ALTSASUKO POLIZIA ETXEA

Helbidea: Iruñeko etorbidea, 16. P.K.: 31800

Tel.: 948 564614

Faxa: 948 564620

Helbide elektronikoa: oacalsasua@navarra.es

9.2 Informazioa.

1. Larrialdiak: 112 (S.O.S. Nafarroa).

2. Aginte eta koordinazio zentroa: 948-221802.

3. Herritarrendako Laguntza Bulegoa: 848-426853.

4. Jendearendako orduak: 24 ordu.

5. Helbide elektronikoa: policiaforal@cfnavarra.es.

10.-Zerbitzuen gutunaren ardura duen unitatea.

Barne Araubideko Dibisioa da Foruzaingoan zerbitzuen gutun honen inguruan beharrezkotzat jotzen diren ekintzak sustatu eta koordinatzeko ardura duen unitatea, eta gutunaren erreferentea izanen da.

Barne Araubideko Dibisioa.

Nafarroako Foruzaingoa

Helbidea: Fuente la Teja, zk.g. P.K.: 31006

Herria: Iruña (Nafarroa)

Tel.: 848-425152 948-221802

Faxa: 848-426862

Helbide elektronikoa: pfreginterno@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F0804583

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa