Castellano | Euskara | Français | English
BERRIOZAR
Berriozarko Udalak, 2004ko azaroaren 29an egin osoko bilkuran eta espedientean dagoen dokumentazioa ikusirik, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriozarko Udalaren Erregelamendu Organikoa.
2005eko martxoaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan denez, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Testu osoa ondotik ematen da argitara, ondorio juridikoak izan ditzan.
Berriozarren, 2005eko maiatzaren 2an._Alkatea, Benito Ríos Ochoa.
BERRIOZARKO UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA
ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Berriozarko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du, erregelamendu honen bidez, bere antolaketa eta bertan ezartzen diren organo oinarrizko nahiz osagarrien funtzionamendu araubidea arautzea, behin-behinekoz arautu ere haren aldaketa komenigarri juzgatzen ez den bitartean, aipatu legearen garapenaren funtsezko lerroak behar bezain ongi argitu ondoan.
2. artikulua. Udal antolaketa honako organo hauen arabera egituratuko da:
a) Gobernu eta administraziorako organo oinarrizkoak dira:
Udalaren osoko bilkura, Tokiko Gobernu Batzarra, alkatea, alkateordeak eta Eledunen Batzarra, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeak xedatzen duenarekin bat.
Kontuen Batzorde Berezia eta Erosketen Batzarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak xedatzen duenarekin bat.
b) Gobernu eta administraziorako organo osagarriak dira zinegotzi eskuordeak, halakorik bada, informazio batzordeak, udal taldeak eta kontseilu sektorialak.
c) Udalaren tutoretzarepan daude udal zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketa moduen titularrak, baita udal zerbitzu publikoetako patronatuak eta kudeaketa organoak ere.
3. artikulua. Udalaren osoko bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.
4. artikulua. Berriozarko Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:
_Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren ariora.
_Erregelamendu organikoa.
_Ordenantzak.
LEHEN TITULUA
Osoko bilkura
I. KAPITULUA
Osaketa eta eraketa
5. artikulua. Udalaren osoko bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak egiten du buru.
6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legeriaren aurreikuspenen ariora hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta halaberean eginen Udalbatzaren osoko bilkuraren eraketa.
II. KAPITULUA
Bilkuren araubidea
7. artikulua. Osoko bilkurak izan daitezke:
_Arruntak.
_Bereziak.
_Berezi eta presakoak.
8. artikulua. Osoko bilkura arrunta hileko azken asteazkenean eginen da, 18:30an
Bilkura bereziak udalburuak erabakitzen duenean eginen dira edo gutienez ere,Udalbatzako legezko kideen laurdenek eskatzen dutenean.
Hala izanez gero, gehienez ere 15 baliodunean berandutuko da bilkura. Udalburuak ez badu epe horretan deialdia egiten, epea bukatu ondoko hamargarren egun baliodunerako eginen da deialdia, bertzerik gabe, eguerdiko hamabietarako; Udalbatzako idazkariak hala jakinaraziko du.
9. artikulua. Osoko bilkura arrunten deialdia gutienez ere 2 egun baliodun lehenago egin behar da; erabili behar diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez.
Lehenbizikoa noiz ezarri, berrogeita zortzi ordu geroago eginen dira bilkurak bigarren deialdian.
10. artikulua. Bilkura presakoen deialdia osoko bilkurak berretsi beharko du, gehiengo soilez, eta bilkura egiteko osoko bilkurako kide guztiek izan behar dute deialdiaren berri.
11. artikulua. Bilkura berezien deialdia arrazoitu beharko da, eta eztabaidak eta erabakiak zer gaitara mugatuko diren adieraziko da, baita bertzelako kontuez ari daitekeen ere.
III. KAPITULUA
Bilkura arrunten gai-zerrenda
12. artikulua. Bilkura arrunten gai-zerrenda alkateak finkatuko du, idazkariak lagunduta eta, hala behar badu, alkateordeak entzunik.
13. artikulua. Zerrendan sartutako gaien dokumentazio guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarria izan behar duenez, zinegotzien eskura egonen da, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan. Egoitza horretatik ez dira ez espedienteak ez jatorrizko agiriak ateratzen ahalko, baina bai haien kopiak.
Aitzineko aktaren onespenaren ondoan, gai-zerrendan beti bigarren puntu bat egonen da, berariaz Udaleko gobernu organoen kontrolari eskainiko zaiona, haien funtzionamendua Erregelamendu honetan arautzen baita; puntu hartan egun horretaraino Alkatetzak eman dituen ebazpenak erantsiko dira.
Halaber, azken puntua galde-eskeak eta mozioak aurkeztekoa izanen da.
IV. KAPITULUA
Bilkura egiteko baldintzak
14. artikulua. Udalak Herriko Etxean eginen ditu bere bilkurak; ezinbertzeetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan ere egin ditzake, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela. Bertze toki batean eginez gero, bilkurak baliorik gabeak izanen dira.
15. artikulua. Bilkuretan erraten dena behar bezala aditzeko, megafonia sistemak paratzen ahalko dira, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztien grabaketa magnetofonikoak egiteko baimena emanen da.
16. artikulua. Osoko bilkurak publikoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea ukitzen ahal duten gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18-1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.
17. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnek ezin izanen dute parte hartu, eta alkateak, muturreko kasuetan, bilkura behar bezala egitea nola edo hala eragozten duen herritarra kanporatzen ahalko du aretotik. Hori hala izanik ere, bilkura bukatutakoan, Udalbatzak bertaratutakoei kontsultak egiteko aukera eman diezaieke, Udalaren interesekoak diren gai zehatzei buruzkoak.
18. artikulua. Bilkura oro, arrunta nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.
19. artikulua. Osoko bilkura baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren 1/3 bertaratu beharko da (eta gutienez ere 3 kide).
Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi den ere, beharrezkoa izanen da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.
20. artikulua. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratzen ahal die ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.
V. KAPITULUA
Bilkuren nondik norakoa
21. artikulua. Ezin izanen da erabakirik hartu gai-zerrendan agertzen ez diren aferei buruz, ez bada presakotzat jotzen Udalbatza osatzen duten kideen gehiengo osoak aldeko botoa emanda.
Idazkariaren edo kontu hartzailearen aginduzko txostena behar duten aferen kasuetan, aferaren zernolakoak direla bide, edo beharrezkoak diren argitasunak direla-eta, bidezko ebazpenaren legezkotasunari buruzko zalantzak badaude, gibelatzeko eskatu beharko da eta hurrengo bilkuran eztabaidatzeko utziko.
Eskaera aintzat hartzen ez bada edo erabakia hartzen bada, legez kontrakoa dela berariaz ohartarazi arren, idazkariak aktan jasoko du alderdi hori, legez bidezkoak diren ondorioak izan ditzan.
22. artikulua. Bilkura oro hasitakoan, aitzineko bilkurako akta onetsiko da. Akta hori igorri ez bazaie Udalbatzako kide guztiei, behar den denborarekin irakur eta azter zezaten, hurrengo osoko bilkura arte gibelatuko da gai hau.
Erabakietan parte hartu zuen kideren bati iruditzen baldin bazaio halako puntu baten idazkera zalantzazkoa izan daitekeela, jorratu edo ebatzitakoarekin alderatuz gero, zehatz-mehatz argitzeko eskatzen ahalko dio udalburuari eta Udalbatzak bidezko dela juzkatzen badu, bertze akta bat idatziko da eta minuta edo zirriborroaren orri-bazterrean aldaketa jasoko.
Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin dira zuzendu.
Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aitzin egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz.
23. artikulua. Ondotik, Alkatetzak azken bilkuraz geroztik emandako ebazpenak, tramitekoak ez direnak, jakinaraziko ditu idazkariak, eta jakinaraziko, orobat, kide bakarreko nahiz anitzeko organoek, hura edo osoko bilkura ordeztuz, emandakoak.
Horren ondoan, idazkariak, gai-zerrendari jarraikiz, alkatearen dekretuak edo batzordeen erabakien proposamenak dakartzaten txostenak irakurriko ditu eta eztabaidari ekinen zaio. Inork ez badu hitz egiteko eskatzen, aferak aho batez onetsirik geldituko dira.
24. artikulua. Zinegotziek proposamenei buruzko zuzenketak eta gehikuntzak aurkez ditzakete, bai idatziz eta bilkura hasi aitzin bai proposamenak eztabaidatu bitartean.
Informazio Batzordearen proposamenari boto partikularrak aurkezten bazaizkio, eztabaidatu eta haiei buruzko bozketa eginen da, proposamenari buruzkoa egin aitzin.
25. artikulua. Aferak mahai gainean geldituko dira edozein zinegotzik hala eskatuta, betiere osoko bilkuraren gehiengo soilak onetsita.
26. artikulua. Aldaketarik proposatuz gero, gaiak lehenbizi eztabaidatuko dira eta ondotik eginen da bozketa.
Udalbatzako talde politikoen zinegotzi edo bozeramaileek udalburuaren baimena beharko dute hitz egiteko; txandaka mintzatuko dira, alde eta kontra, eskatu ordenaren arabera; dagokien txanda elkarri uzten ahal diote, eta Udalbatzari zuzenduko zaizkio eta ez kide bakar bati edo Udalbatzako zati bati.
27. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat joko du Udalean ordezkariak dituzten talde politiko guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.
28. artikulua. Zinegotziek udal idazkaritzan utziko dituzte defendatu gogo dituzten proposamenak, garaiz utzi ere, gai-zerrendan sartzeko behar adina denbora izateko.
29. artikulua. Galde-eskeak alkateari nahiz Udalbatzako edozein kideri eginen zaizkio, eta Udalaren jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira. Galdera hartzen duenak istanteko erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan egiteko.
30. artikulua. Gai-zerrendan agertzen ez den moziorik Udalbatzari zuzenean jakinarazi nahi bazaio, egileak udal idazkaritzan aurkeztu beharko du, gutienez bilkura hasi baino ordubete lehenago.
Udalbatzari horren berri eman ondotik, egileak auziaren presa alegatu eta justifikatu beharko du, eta orduan, Udalbatzak, gehiengo soilaren quorumarekin, presakoa den ala ez erabakiko du.
Presakoa dela onartuz gero, auziaren funtsa ebatziko da, eta alderantziz bada, Udalbatzak bertze bilkura baterako gibelatzea erabakiko du.
Izaera politikoko mozioak direnean, haien gaineko testu alternatiboak aurkezten badira, alkateak izanen du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatuko behar den eta, beraz, artikulu honetan xedatutakoari jarraikiz, edo zuzenketa bat bezala tramitatu behar den eta, beraz, 24. artikuluan adierazten denari jarraikiz.
31. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legeriaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta Kontratuei buruzko 10/98 Legean eta arau osagarrietan ezarritako arrazoiak tartean badira.
Halakoetan, interesatua aretotik aterako da gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, zentsura mozioak direnean izan ezik, gelditu eta bere burua defendatzeko eskubidea baitu halakoetan.
31. bis artikulua. Bilkuretan normaltasuna bermatzeko, ez zinegotziek ez bilkurara etortzen diren ikusleek eramaten ahalko dute pegatinarik, pankartarik, kamisetarik edo bertzelakorik, haien anagramak edo leloak izaera politiko edo erreibindikatiboa badu, edo Udalbatzako bertze kideen adierazpen askatasuna hertsatzen ahal badu.
Alkateak, osoko bilkuran buru egiten baitu, gehienez ere hiru aldiz eskatuko du mota honetako anagramak edo leloak dituzten gauzak kentzeko, eta eskariari men egiten ez badiote kanpora bidaliko ditu eramaleak.
VI. KAPITULUA
Erabakiak nola hartu
32. artikulua. Bozteketan erabakiak gehiengoz hartuko dira, bilkura 1. nahiz 2. deialdian egin, eta legeak boto gehiago eskatzen dituenetan izan ezik.
Bozketa hasitakoan ezin izanen da eten, arrazoia edozein delarik ere.
Erabakiak, oro har, bertaratutako kideen gehiengo soilaz hartuko dira.
Udalbatza osatzen duten zinegotzien legezko kopuruaren erdia gehi bat da gehiengo osoa. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 60/90 Foru Legean xedatutako kasuetan eskatzen ahalko da gehiengo osoa.
33. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko eztabaida hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.
Bozketaren emaitza berdinketa bada, bertze bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu
34. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:
a) Arruntak: ezetz eta baietz adierazteko betiko moduen bidez eginen dira, konparaziorako, eskua altxatuz.
b) Izendunak: idazkariak zinegotzien zerrenda irakurriko du, nork bere izena entzundakoan "bai" ala "ez" erran dezan, bozketaren zer-nolakoei jarraikiz.
c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean izan ezik.
35. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, osoko bilkurak, halako kasu jakin baterako, bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean izan ezik.
Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatzen ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten.
Nolanahi den ere, zinegotzi guztiek bermaturik dute beren botoaren funtsa aktan azaltzeko eskubidea.
36. artikulua. Osoko bilkurak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituzten erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan aurreikusi bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.
37. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.
38. artikulua. Udalbatzaren erabaki jakin batzuei buruzko akta onetsi aitzin ere luzatzen ahalko dira haien gaineko egiaztagiriak, betiere inguruabar edo salbuespen horietaz ohartaraziz eta behar den aktan onetsiko dena ukatu gabe.
BIGARREN TITULUA
Tokiko Gobernu Batzarra
I. KAPITULUA
39. artikulua. Alkateak eta zinegotzien legezko kopuruaren herenak, gehienez ere, osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra. Alkateak askatasun osoz izendatu eta kenduko ditu zinegotzi horiek eta horren berri emanen osoko bilkurari.
40. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak hilean behin eginen dira, hil bakoitzeko azken astelehenean, 18:00etan. Eledun Batzarra, berriz, osoko bilkuraren aitzineko astelehenean izanen da, orain arte bezala.
41. artikulua. Alkateak eginen du bilkuretarako deia, gutienez 48 ordu lehenagotik, baina, salbuespen gisa eta presako arrazoiak daudenean, epe hori laburtzen ahalko da.
Alkateak bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko ditu deialdian, baita gai-zerrenda ere.
42. artikulua. Gai-zerrendan sartutako aferei buruzko jatorrizko espedienteak Udalbatzako idazkariaren aitzinean utzi beharko dira deia egiten den unetik beretik, Batzordeko kideen eskura egon daitezen.
43. artikulua. Alkateak badu ahalmena gai-zerrenda noiznahi aldatzeko.
44. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak ez dira jendaurrean eginen. Dena den, Udalbatzaren iragarki-oholean ikusgai jarriko da hartzen diren erabakien laburpena, eta bilkuraren ondoko hilabeteko epean laburpen horren kopia igorriko zaie zinegotzi guztiei.
45. artikulua. Batzordeko legezko kideen 1/3 bertan egon gabe ezin izanen dira bilkurak hasi ezta egin ere.
Udalbatzako alkatea eta idazkaria egon beharko dira nahitaez, edo haien legezko ordezkoak.
46. artikulua. Alkateak erabakita, eta kide guztiak bertan egonik, aitzinetik deirik egin gabe biltzen ahalko da Tokiko Gobernu Batzarra, betiere berandu gabe ebatzi beharreko aferak eztabaidatzeko. Halakoetan, behar bezala arrazoitu beharko da presa hori.
47. artikulua. Zerrendako halako gai zehatz batzuk aztertzeko, alkateak Udalbatzako teknikariak edo arlo horretako adituak agertzeko baimena eman dezake.
48. artikulua. Alkateak edo osoko bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku eskuordetzan uzten dituen eskumenak ezin izanen dira eskuordetzan utzi ez alkateordeen esku ez bertzelako administrazio organoen esku.
49. artikulua. Alkateak edo osoko bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku eskuordetzan utzitako eskumena berriz beren gain hartzen ahalko dute noiznahi. Hala ere, horiek berriz hartzeko ebazpena idatziz egin beharko da eta Udalbatzako kide guztiei jakinarazi.
Era berean, 10 eguneko epea egon beharko da eskumena berreskuratzeko ebazpena ematen denetik benetan eskumena hartu arte, eskumenak berreskuratzearen xede bakarra izan ez dadin ebazpen zehatz bat galaraztea, eskumena jatorriz aitortua duen organoarendako komenigarria ez delako.
50. artikulua. Eskuordetzan emandako eskumenak berreskuratzen direnean, jatorriz eskumen hori berea duen organoak organo eskuordeak emandako ebazpenak berraztertu ditzake, betiere erabaki edo egintza administratiboak berraztertzeko ezarriak diren kasuetan eta baldintzetan.
51. artikulua. Jatorriz eskumena berea duen organoak hura eskuordetzan ematen duenean, badu aukera zehazteko eskuordetze hori erabiliz ematen diren ebazpen guztiak hari jakinarazi behar zaizkiola. Eta zehazten ahal du, orobat, garrantzia duten halako erabaki batzuk bere menpe daudela edo aitzinetik jakinarazi behar zaizkiola.
52. artikulua. Eskumena denbora mugarik gabe eskuordetzan uzten dela ulertuko da, esku ematen duen organoak bertzerik erran ezean edo denbora muga eskumenaren nolakotasunatik beretik datorrenean izan ezik.
53. artikulua. Kapitulu honetan aurreikusten ez den orotan, aitzineko kapituluan osoko bilkuretarako dakartzan arau orokorrak aplikatuko dira, baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27.era aurreikusitako organo kolegiatuen funtzionamendu arauak ere.
54. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarrak, bere eskumenen esparruan, hartzen dituen erabakiak Udalaren osoko bilkurak hartutakoak bezain eragingarriak izanen dira.
Udalak ez du zertan erabaki horiek berretsi, Batzorde horrek, osoko bilkuraren eskuordetzeari jarraikiz eta presako arrazoiak direla bide, osoko bilkuraren eskurantzak hartzen dituenean izan ezik.
HIRUGARREN TITULUA
Informazio batzordeak
I. KAPITULUA
55. artikulua. 11/1999 Legearen bigarren aldaketan eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 20.d artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak, organo osagarritako, honako informazio batzorde hauek sortu ditu, zehazten diren izen eta osaketa hauek izanen dituztela:
_Ogasuna.
_Hirigintza eta Obrak.
_Kultura, Euskara eta Ingurumena.
_Kirola eta Gazteria.
_Emakumea, Hezkuntza eta Enplegua.
_Osasuna eta Gizarte Ongizatea.
Dena den, osoko bilkurak, gehiengo soilaz, bertze batzorde batzuk osatzea erabaki dezake, bai gai zehatzetarako bai modu iraunkor eta orokorrean.
56. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko duen osaketa erabiliko da informazio batzordeak eratzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi agertzen ahal da edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baino boto eskubiderik ez.
Udal taldeeek bizilagun bat gonbida dezakete batzordeetara etor dadin; ez du boto eskubiderik izanen. Zinegotziak erabiltzen badu batzordean egoteko bere eskubidea, ez da egoten ahalko udal taldeak proposatutako bizilaguna. Informazio batzordearen deialdia zinegotziaren izenean eginen da, salbu eta honek espresuki adierazi nahi duela jakinarazpenak gonbidatuari egitea.
Ogasuneko Informazio Batzordeak bere gain hartuko ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 305. artikuluak Kontuen Batzorde Bereziaren eta Erosketa Batzordearen esku uzten dituen eskumenak, eta, ondorio hauetarako, haien egitekoak bete behar direnean haien gisa eratuko da.
Batzorde hauek, Kontuen Batzorde Berezia eta Erosketa Batzordea kenduta, hilero eginen dituzte beren bilkura arruntak, bakoitzak bere eraketa bilkuran bere berezitasunen ariora ezartzen dituen aurreikuspenei jarraikiz. Bilkura bereziak, berriz, batzordeburu bakoitzak erabakitzen duenean eginen dituzte edo, bertzenaz, gutienez legezko kideen laurdenek eskatzen dutenean. Betiere, osoko bilkura arruntaren deialdia egin aitzineko astean eginen dira informazio batzordeen bilkura arruntak.
57. artikulua. Informazio batzordeen eginkizunak dira osoko bilkurak erabaki beharreko gaiak aztertu, prestatu eta haien gaineko txostena ematea eta haiei buruz nahitaez egin beharko zaie kontsulta. Osoko bilkurak presakotzat jotzen dituen gaiak bertze salbuespenik ez dago horretarako. Las mismas funciones podrán ejercer cuando sean requeridas para ello por el Alcalde o la Junta de Gobierno Local.
Osoko bilkurari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta Alkatetzari erabakitzeko ematen zaizkien gaien azterketa eta irizpena da informazio batzorde iraunkor hauen egitekoa. Azken bi kasu horietan, bi organo hauek haren eskuordetzaz aritzen direnean, eta Udalbatzaren osoko bilkuraren esku ez dauden bertze gaiei dagokienez ere jardun dezakete, organo eskudunak irizpena eskatzen dienean.
58. artikulua. Ezein batzordek ezin du eztabaidatu bertze baten eskumenekoak diren gaiei buruz, arazo komunak ez badira behintzat. Hala ere, informazio batzorde bi edo gehiago biltzeko deia egin daiteke, gai komunei buruz eztabaidatzeko.
59. artikulua. Alkateak edo hark gai horretarako eskuordetzen duen zinegotziak eginen ditu informazio batzordeetarako deiak, gutienez ere 48 ordu lehenagotik, presako arrazoiak tartean direnean izan ezik. Deia idatziz bidaliko zaie batzordekide guztiei, jorratu beharreko gai guztiak adierazita. Presako deialdietan, ohiko komunikazio bideez gain, bertze batzuk erabiliko dira hala nola telefonoa, faxa edo gisakoak. Batzordekideen laurdenek eskatzen dutenean ere egiten ahalko da deia, deialdiaren arrazoiak azalduz
60. artikulua. Bilkura bakoitzeko, akta bat idatziko da, bertaratutako kideen izenak, aztertutako gaiak eta emandako irizpenak jasoko dituena. Aktei hurrenkeraren araberako zenbakia jarriko zaie artxibatzeko, eta irizpenen sorburu izan diren espedienteei, bakoitzari bere irizpena erantsiko zaio.
61. artikulua. Alkatea batzorde guztien berezko burua da, eta batzordeetan benetako buru izanen da alkateordea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.
62. artikulua. Batzordeek aukera izanen duten edozein funtzionario edo arloko erantzule den Udalbatzako edozein kide beren bilkuretara ager dadin eskatzeko, gai zehatz bati buruzko argibideak eman ditzan.
II. KAPITULUA
Kontuen Batzorde Berezia
63. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia udal talde guztien ordezkariek osatze dute. Horiek boto haztatua erabiliko dute erabakiak hartzean. Hartan alkateak eginen du buru edo berak ardura horretarako eskuordetzen duenak.
64. artikulua. Batzordearen eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea. Horretarako, alkatetzak hiruhilabetero eta, gutienez ere urtero, ekainaren 30a baino lehen, eginkizun hori betetzeko behar diren agiriak eman beharko ditu.
65. artikulua. Batzordeak, kontuak aztertutakoan, haien gaineko txostena eginen du, eta Udalbatzako osoko bilkurara igorriko da, horren berri izan dezan.
66. artikulua. Batzordeak, edozein bilkuratarako, Ogasun alorreko zinegotzi arduraduna edo, hala behar bada, alkatea agertzeko eska dezake, baita alor horretan arduradun diren udal teknikariak ere, bilkuran erabili beharreko agirietako informazioa osatzeko.
67. artikulua. Kontuen Batzorde Bereziak aurrekontuaren kudeaketa eta udal ondarea kontrolatu eta fiskalizatuko ditu. Aldizka, urte osoan ariko da lanean, eta batzordeak berak, eraketa bilkuran, erabakiko du zenbatean behin bilduko den. Dena den, gutienez ere hiru hilabetetik behin bilduko da, eta Udalaren bertze edozein informazio batzorderen gisara funtzionatuko du.
68. artikulua. Nolanahi den ere, osoko bilkurak urteko kontuak onetsitakoan, Kontuen Batzorde Bereziak horren gaineko nahitaezko irizpena emanen du, eta horrekin batera, bukatutzat emanen da urte horretako bilkuren aldia.
IV. TITULUA
Alkatea
I. KAPITULUA
69. artikulua. Alkatea da Udalbatzako burua, eta honako eskurantzak ditu beti:
Udal gobernua eta administrazioa zuzentzea.
Udala ordezkatzea.
Osoko bilkuretan, Tokiko Gobernu Batzarretan, eta bertze edozein udal organotan, deiak egin eta haietan buru izatea, 11/99 Legean eta hauteskundeei buruzko legeria orokorrean aurreikusitako kasuetan izan ezik; eta haietan guztietan berdinketak erabakitzea, kalitatezko botoaren bidez.
Udal zerbitzu eta obrak zuzendu, ikuskatu eta sustatzea.
Bandoak ematea.
Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera, gastuak xedatzea bere eskumenen mugen barnean, kreditu-eragiketak hitzartzea, lege sektorialetan aipatutakoak izan ezik eta betiere aurrekontuan aurreikusitakoak badira eta ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten duten zenbateko metatua ez bada baliabide arrunten ehuneko 10 baino handiagoa. Diruzaintzako kreditu eragiketak, ordea, bere eskumenekoak izanen dira, baldin eta eragiketa bizien zenbateko metatua ez bada aurreko ekitaldian likidaturiko dirusarreren ehuneko 15 baino handiagoa; ordainketak agintzea eta kontuak azaltzea; hori guztia Toki Ogasunei buruzko Legean xedatutakoari jarraikiz.
Lan eskaintza publikoa onestea, osoko bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.
Langile guztientzat buru nagusia izatea, eta haien izendapena eta zehapenak erabakitzea, baita Udalbatzako langileak zerbitzutik bereiztea eta lan-kontratudunak iraiztea ere, eta horren berri osoko bilkuran ematea, azken bi kasu horietan, egiten den hurrengo lehenbiziko bilkuran.
Udaltzaintzan buru egitea.
Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, betiere osoko bilkurak berariaz esleituak ez baditu, baita hirigintzaren kudeaketarako eta urbanizazio proiektuetako tresnen onespena ere.
Ekintza judizial eta administratiboak erabiltzea eta Udala defenditzea bere eskumeneko gaietan; eta presakoa denean, osoko bilkuraren eskumenekoak diren gaietan; azken kasu horretan osoko bilkurari berari eman beharko dio egindakoaren berri, haiek berresteko egiten den lehenbiziko bilkuran.
Osoko bilkurari kaltegarritasunaren deklarazioa proposatzeko ekimena, Alkatetzaren eskumeneko alorretan.
Hondamendiak edo ezbehar publikoak edo horrelakoak gertatzeko arrisku larria dagoenean, berak hartzea behar diren neurri egokiak, eta osoko bilkurari horren berri ematea.
Agintariei eginiko desobeditzeak edo udal ordenantzei eginiko arau-hausteak zehatzea, bertze organo batzuen eskurantza denean salbu.
Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko 10 baino gehiago ez badira, ezta, betiere, 6.010.121,04 euro baino gehiago ere; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.
Obren proiektuak eta zerbitzuak onestea, kontratatazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.
Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko 10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, 3.005.060,52 euro baino gehiago ere, baita ondasunaren besterentzea ere, ez aipatu portzentajea ez zenbatekoa gainditzen ez badute, kasu hauetan:
_Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan aurreikusia badago.
_Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan aurreikusi ez bada.
Lizentziak ematea, alor horretako legeek osoko bilkurari edo Tokiko Gobernu Batzarrari berari ematen ez badiote eskumen hori.
Udalaren erabakien argitalpena eta betetzeko agintzea eta betearaztea.
Legeek espreski hari esleitzen dizkiotenak eta Estatuko edo autonomi erkidegoetako legeriek udalerriaren esku uzten dituztenak, betiere bertze udal organoei esleitzen ez badizkiete.
70. artikulua. Alkateak izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.
Orobat, alkateari dagokio Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu eta kentzea.
71. artikulua. Alkateak Tokiko Gobernu Batzarreko kideen edo alkateordeen esku utz ditzake eskuordetzen ahal diren eskurantzak, eta aurrekoa gorabehera, halako zeregin jakin batzuetarako edozein zinegotzi, Batzordekoa izan ala ez, eskuordetzen ahalko du.
72. artikulua. Alkateak, osoko bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Nazioko Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, betiere Toki Ogasunari buruzkoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legerian xedatuari jarraikiz.
II. KAPITULUA
Alkateordeak
73. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artean.
74. artikulua. Alkateordeek, izendapenaren hurrenkeraren arabera, alkatea ordezten dute hura ez dagoenean, kanpoan edo eri delako.
75. artikulua. Alkateak askatasunez erabakiko du alkateordeen kopurua, betiere zinegotzien legezko kopuruaren herenaren mugaren barnean.
76. artikulua. Alkateak alkateordeak izendatzen dituen ekitaldi berean zehaztuko du zer eskumenetarako eskuordetzen dituen.
Osoko bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.
Alkateak alkateordeen esku utzitako eginkizunak kentzen ahalko dizkie noiznahi eta berriz bere gain hartu.
77. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, alkateordeak edo eskumen hori duenak ordeztuko du, eta Udalbatzari eman beharko dio horren berri.
78. artikulua. Nolanahi den ere, alkateordeek beren kudeaketaren azalpenak eman beharko dizkiote Tokiko Gobernu Batzarrari edo eskumenak beren gain utzi dituen organoari.
III. KAPITULUA
Alkatearen kontrako zentsura mozioa
79. artikulua. 8/99 Legearen lehenbiziko aldaketak, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko 5/85 Lege Organikoaren 197. artikuluari dagokionez, zentsura mozioa honela eginen dela dio:
1._Udalbatzako legezko kideen gehiengo osoak, gutienez ere, proposatu beharko du zentsura mozioa, eta bertan adieraziko da nor den alkategaia, edozein zinegotzi izan daitekeelarik. Mozioa proposatzeko idazkian berariaz adieraziko da alkategaiaren onarpena.
2._Zentsura mozioa proposatzeko idazkian sinadurak agertuko dira, notario batek edo Udalbatzako idazkari nagusiak behar bezala kautotuak. Sinatzaileetako batek aurkeztuko dio idazkari nagusiari eta horrek artikulu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu, eta, egintza berean, eginbidea egiaztatzeko behar den agiria emanen du.
3._Horrela eginbideturiko agiria Udalbatzako Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du mozioaren sinatzaileetako edozeinek, eta ondoko hamargarren egun baliodunean, goizeko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako dei berariazkorik egin gabe. Udalbatzako idazkariak, agiria erregistroan aurkeztu eta beranduenez ere egun bateko epean, Udalbatzako kide guztiei jakinaraziko die inguruabar hori, bilkuraren eguna eta ordua zehaztuz, ager daitezen.
4._Osoko bilkuran adin-mahai bat izanen da buru, alkateaz eta alkategaiaz bertze, bertaratutako zinegotzietan zaharrenak eta gazteenak osatua. Udalbatzako idazkariak eginen ditu idazkari lanak, horretarako bere postua kreditatu beharko duelarik.
5._Mahaiak zentsura mozia irakurri bertzerik ez du eginen, eta alkategaiari, alkateari eta udal taldeko bozeramaileei hitza emanen die, labur aritu daitezen. Ondotik, zentsura-mozioari buruzko bozketa eginen da..
6._Zentsura-mozioko alkategaia alkate bilakatuko da, baldin eta mozioak Udalbatza legez osatzen duten zinegotzien gehiengo osoaren aldeko botoa jasotzen badu.
7._Ningún Concejal puede firmar durante su mandato, más de una moción de censura. Ezein zinegotzik ezin du agintaldi berean zentsura-mozio bat baino gehiago sinatu. Horretarako, ez dira kontuan hartuko aurreko artikuluetako baldintzak ez betetzeagatik tramitatzen ez diren mozioak.
8._Alkateak ustekabean kargua uzten badu ere, horrek ez du zentsura-moziaren tramitazioa eta bozketa geldiaraziko.
IV. KAPITULUA
Konfiantza-galdea
80. artikulua. Alkateak konfiantza-galdea aurkezten ahal dio osoko bilkurari, honako afera hauetako edozein onetsi edo aldatzeko:
_Urteko aurrekontuak.
_Erregelamendu organikoa.
_Ordenantza fiskalak.
_Udal esparruko planeamendu orokorrerako bitartekoen tramitazioari akabaila emateko onespena.
81. artikulua. 1. Aurreko zenbakian aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-galdea aurkezten bada, osoko bilkuraren gai-zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar horri. Erabaki horietako edozein hartzeko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketa, dena den, jendaurreko deiaren sistema izendunaren bidez eginen da.
2. Konfiantza-galdea aurkezteko ezinbertzekoa izanen da erabakia aitzinetik osoko bilkuran eztabaidatu izana eta onesteko beharrezkoa den gehiengoa lortu ez izana.
3. Konfiantza-galdeak ez baditu lortzen erabakia onesteko behar adina aldeko boto, alkateak, bertzerik gabe, kargua utziko du, eta jardunean ariko da, bere ordezkoak karguaren jabetza hartu arte. Konfiantza-galdearekin lotutako erabakiaren inguruko bozketa egin ondoko hamargarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, osoko bilkura eginen da, horretarako berariazko deirik egin gabe, eta bertan hautatuko da alkate berria, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Legearen 196. artikuluko arauekin bat.
4. Aurreko zenbakian aurreikusitako hori ez da aplikatuko konfiantza-galdea urteko aurrekontuen onespenarekin edo aldaketarekin lotuta dagoenean. Halako kasuetan, konfiantza-galdearen kontrako bozketa egin eta hilabeteko epean ez bada zentsura-moziorik aurkezten, alkategaia ere proposatuz, edo zentsura-mozioak ez badu aurrera egiten, ulertuko da konfiantza eskaini dela eta proiektua onetsi.
5. Alkateak konfiantza-galde bakarra egiten ahal du urtean, agintaldiaren hasieratik hasita, eta gehienez ere bi agintaldi osoan. Udalbatzaren agintaldiaren azken urtean ez da konfiantza-galderik proposatzen ahal.
6. Konfiantza-galde bati lotutako aferaren bat onestearen aldeko botoa ematen duten zinegotziek, bozketa egin eta gutienez ere sei hilabeteko epean, ezin izanen dute zentsura-moziorik aurkeztu afera hori proposatu zuen alkatearen kontra.
Era berean, aipatu epean, zinegotzi horiek ezin izanen dute konfiantza-galde horri loturiko aferaren kontrako botorik eman, betiere bozketa baldintza beretan egiten bada. Kontrako botorik emanez gero, baliogabetzat hartuko da.
V. TITULUA
Eledunen Batzarra
82. artikulua. AFLaren 104. artikuluan eta 11/99 Legean xedatutakoaren babespean, Udalaren gobernu organoak kontrolatu eta fiskalizatzeko bitarteko berri bat sortu da, hau da, "Eledunen Batzarra" izeneko organo iraunkorra. Haren osaketa, eginkizunak eta funtzionamendu araubidea ondoko artikuluetan adieraziko dira.
83. artikulua. Eledunen Batzarreko kideak izanen dira alkatea, buru dela, eta Udalbatzako talde politikoetako ordezkari bana, taldeek berek aukeratu eta ondotik alkateak izendatuko dituenak. Ordezkariek nork bere taldeari dagokion boto haztatua izanen dute, Udalean dagoen proportzionaltasunaren ariora.
84. artikulua. Eledunen Batzarrak osoko bilkura egin aitzineko astelehenean eginen du bilkura arrunta, eta berezia, berriz, batzordeburuak erabakitzen duenean edo kideen laurdenek eskatzen dutenean. Deialdi bakoitzean gai-zerrenda jasoko da.
85. artikulua. Organo honen funtzionamendua AFLak organo osagarrietarako eta subsidiarioki, ezinbertzekoetarako ezartzen dituen zehaztapenei lotuko zaie (134 artikulutik 138ra bitartekoak).
86. artikulua. Eledunen Batzarrari eginkizun hauek esleitzen zaizkio:
Alorrek, udal informazio batzordeek edo kontseilu sektorialek igorritako afera guztien berri izan eta haien gaineko nahitaezko txostena eginen du, baldin eta Alkatetzak, haren ordezkariek edo Tokiko Gobernu Batzarrak afera horien gaineko erabakia edo ebazpena eman behar badute.
Alkateari eta Tokiko Gobernu Batzarrari proposamenak eta iradokizunak eginen dizkie haien eskumeneko gaiei buruz eta, bereziki, udal antolaketaren funtzioanamenduaz, aurrekontuen araubideaz eta plantilla organikoaz, baita udal organoen arteko harremanez eta haien eskumenez ere.
Legeek esleitzen dioten bertze edozein.
87. artikulua. Eledunen Batzarrak hartzen dituen erabakiek irizpenen forma hartuko dute. Udal organo betearazleei igorriko zaizkie, Udal Idazkaritzak horretarako eginen dituen aktetan jasoak
VI. TITULUA
Udal taldeak
88. artikulua. Zinegotziek, Udalbatzan jarduteko, taldeak osatuko dituzte, Udalbatzan postuak lortu dituzten alderdi politiko, federazio, koalizio edo batasunekin bat etorriko direnak.
Hautagaien zerrenda beretik hautatuak izan diren zinegotziek ez dute dute inolaz ere talde bereizirik osatzen ahalko, ez badute hauteskundeetako zerrendako alderdia, koalizioa edo hausteskunde-taldea utzi. Hala bada, Talde Mistoan sartuko dira.
Zinegotzi bakarra lortzen duen zerrendak badu eskubidea zinegotzi hori, Udalbatzako jardueretan, taldetzat hartua izateko.
Zinegotziak ez dira aldi berean talde bat baino gehiagotan egoten ahal.
89. artikulua. Beren hauteskundeetako zerrendari dagokion taldean sartzen ez diren zinegotziek eta agintaldian zehar hasierako taldea uzten dutenek Talde Mistoa osatuko dute.
Udalbatzaren agintaldian zinegotziak ez dira sartzen ahalko hasierako taldean ez bertze inon, Talde Mistoan ez bada.
90. artikulua. A) Udal taldeek, eratu ahal izateko, taldekide guztiek sinaturiko idazkia igorriko diote alkateari, Udala osatu ondoko bortz egun balioduneko epean Udalbatzaren Idazkaritza Orokorrean aurkeztuko dena.
B) Eraketa idazki horretan berean taldearen bozeramailea nor den adieraziko da, eta ordezkoak ere izenda daitezke.
C) 90. artikuluko A) atalean finkaturiko epea bete ondoko 1. bilkuran, alkateak osoko bilkurari jakinaraziko dio zer udal talde osatu diren, zer taldekidek osatuak eta nor diren bozeramaileak.
Udalbatza eratzeko bilkura egin ondoan zinegotzi bilakatzen direnak, zer zerrendatan hautatu ziren, haretxeri dagokion taldean sartuko dira edo, bertzenaz, Talde Mistoan. Lehenbiziko kasuan 5 egun balioduneko epea izanen dute, karguaz jabetxen direnetik, dagokien taldean sartu direla egiaztatzeko, alkateari zuzendu eta dagokion boizeramaileak ere sinatuko duen idazkiaren bidez.
Aitzineko lerroaldean aurreikusten den taldean sartzen ez badira, bertzerik gabe Talde Mistoan sartuko dira.
91. artikulua. Udal taldeek, bozeramaileak alkateari zuzenduko dion idazkiaren bidez eta Erregelamendu honek kasuan-kasuan ezartzen dituen moduetan, nork bere ordezkariak izendatuko ditu, udal taldeetako zinegotziek osatu beharreko kide anitzeko organo guztietarako.
VII. TITULUA
Toki entitateen korporazioetako kideen estatutua
I. KAPITULUA
Zinegotzien eskubide eta betebeharrak
92. artikulua. Udal zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak, eta bereziki, honako hauek:
1._Udalaren osoko bilkuretan parte hartzea eta, Udalaren Erregelamendu Oorganiko honek zehazten duenaren arabera, informazio batzordeetan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren bertze ordezkaritza organoetan.
2._Erregelamendu honetan ezarritako irizpide orokorrei jarraikiz eta norberaren dedikazioaren arabera, dagozkien ordainsari eta kalteordainak jasotzea, Udal aurrekontuaren kontura.
3._Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, alkatearen, Tokiko Gobernu Batzarraren eta Udalaren bertzelako gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.
4._Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legeria orokorrean ezarritako baldintzetan.
5._Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.
6._Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.
93. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek berariaz aipatuak, eta bereziki, honako hauek:
1._Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bertzelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.
2._Interesen erregistroan beren ondareen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta Erregelamendu honetan aurreikusitako baldintzetan.
3._Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, Erregelamendu honek aurreikusten duen gisara.
4._Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea.
5._Udalerritik kanpoko ateraldiak, astebetetik goitikoak, alkatetzari jakinaraztea.
Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legeriak baimendutako baldintzetan.
II. KAPITULUA
Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak
94. artikulua. Udalbatzaren osoko bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izanen duten dedikazio erabatekoa edo partziala, zehaztu ere xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalteordainak.
95. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio erabateko nahiz partzailerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta osoko bilkurari jakinaraziko zaio. Dedikazio erabatekoaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaio eta eskubidea izanen du osoko bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.
Dedikazio erabatekoak erran nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emanen dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi asmoko bertzelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egitez dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak bertze salbuespenik ez da onartuko.
96. artikulua. Osoko bilkurak kalteordainak, dietak etab. zehaztuko ditu aurrekontuan, honako irizpide hauei jarraikiz:
1._Udalbatzako kide guztiek, aurrekontuan ezarri baldintzetan, badute eskubidea kudeaketa arloko erantzukizunak izanik dedikazio erabatekoa aitortua ez duten Udalbatzako kideek jaso beharreko dietak eta kalteordainak hartzeko.
Era berean, udal gobernuko organoetan parte hartzeagatik oro har hartu beharreko ordainaren eskubideak finkatzen ahalko dira aurrekontuan.
97. artikulua. Aipatu zenbatekoak, guztira, ez dira izanen arloko legeria orokorrean horretarako zehazten diren gehienekoak baino handiagoak.
III. KAPITULUA
Gobernuko aferei buruz informazioa izateko eskubidea
98. artikulua. Zinegotziek badute eskubidea beren karguan aritzeko beharrezkoa duten informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira osoko bilkuraren aitzinean, bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak deusetan ukatu gabe.
99. artikulua. Aitzineko zenbakian xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jotzen ahalko du funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera hori errazteko obligazioa du, zuhurtziagatik edo bertzelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean izan ezik. Halakoetan, alkateak behar den udal departamentuari informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.
100. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi eskuordeak ondoko kasuetan baizik ezin du eskaera ukatu:
_Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.
_Gaiak herritar segurtasunari edo babes zibilari dagozkienean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritzen ahal dela aurreikusten delako.
_Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak.
Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark, idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.
101. artikulua. Agiriak edo informazioa eskatzen bada, eskaera aintzat hartu beharko da. Informazioa ukatzen bada, arrazoiak azaldu beharko dira beti.
102. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo udal egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere udal egoitzetatik atera, zainketaren ardura duen funtzionarioa izanik erantzulea.
IV. KAPITULUA
Interesen Erregistroa
103. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 75.5 artikuluaren esparruaren barnean, Erregelamendu hau onetsi eta hilabeteko epean eratuko da erregistro hori. Erregistro hori Udalaren Idazkaritza Orokorrean eratuko da eta oinarri hauek izanen ditu arau:
a) Interes Pribatuen Erregistroa Udalbatzako idazkariaren erantzukizuna da. Liburu foliodun eta koadernatuan erabiliko da, aldez aurretik mekanizatu ahal izatea deusetan ukatu gabe.
Interesen Erregistroko liburuaren hasieran idazkariaren probidentzia eta alkatearen oniritzia jasoko dira. Aitorpen guztiek interesatuaren sinadura eduki beharko dute, baita idazkariaren egiaztapena ere, Udalaren fede-emaile publikoa baita.
b) Kide orok interesen zinpeko aitorpena eginen du kargua hartu aitzin, Udalean dituen erantzukizunak aldatzen diren aldiro, ondasunetan edo aitorturiko jardueretan funtsezko aldaketak gertatzen direnean eta kargua utzi edo agintaldia bukatu baino lehen. Horretara beharturik daudenen interesen aitorpena aldez aurreko baldintza izanen da osoko bilkuran edo bertze edozein udal organotan karguaren jabetza hartzeko, erantzukizunen aldaketa onartzeko edo kargua uzteko.
c) Erregistroko datuak aldatu direlako interesen aitorpena egin behar denean, gehienez ere hilabeteko epea egonen da horretarako, aldaketak gertatzen diren egunetik hasita.
d) Interesen aitorpena zinpeko aitorpena izanen da, eta betiere honako kontzeptu hauek jasoko ditu:
_Ondare higiezina.
_Ondare higigarria.
_Ibilgailuak.
_Merkataritzako edo industriako jarduera eta ogibideak.
_Bertzerendako lanak.
_Lanbide liberaletan aritzea.
_Bertzelako diru iturriak.
Kasu bakoitzean, jabea nor den edo, behar izanez gero, diru iturriak zein diren adieraziko da. Haien balio ekonomikoa zenbatekoa den ere zehaztu beharko da. Orobat, berariaz aipatu beharko dira interesatuaren udal jarduerarekin ikusteko zuzena izan dezaketen jabetza edo jarduerak.
e) Udalerrian erroldaturiko edozein herritarrek ikusten ahalko du erregistro hori.
VIII. TITULUA
Herritarren informazioa eta partehartzea
I. KAPITULUA
Herritarren eskubideak: informazioa eta partehartzea
104. artikulua. Herritar, egoiliar eta pasadizoko guztiek, ondoko eskubide hauek dituzte, hala legeria orokorrean nola Erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan:
_Udal aferei buruz informazio zabala, unean unekoa, eta objektiboa jasotzea, eta horretarako udal informazioa emateko egoki iruditzen zaizkion bideak sortu eta egokituko ditu Udalak, Kontrol eta Segimendurako Batzorderaren proposamenak aintzat hartuta.
_Udaleko informazio eta dokumentazio politikoa, edo beraiekin ikusteko zuzena duena eskuratzea, eta haien kopiak eta egiaztagiriak lortzea, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz eta, informazioa xede komertzialetarako eskatzen denean, Udalak ezartzen dituen mugak begiratuz.
_Udal agintariei edo Udalaren bidez Estatuko agintariei eskaerak egiteko eskubidea erabiltzea.
_Udalaren osoko bilkuretara eta bertze gobernu organoen bileretara agertzea, betiere hala zehazten denean. Parte hartzeko eskubidea ere badute, Erregelamendu honek zehazten den gisara.
105. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzaketelarik.
II. KAPITULUA
Informazioa kontsultatu eta eskuratzea
106. artikulua. Herritar guztiek publikotzat jotzen diren udal agiriak eta zuzenean interesatzen zaizkienak eskuratzeko eskubidea dute, baita haien kopia eta egiaztagiriak lortzeko ere.
107. artikulua. Ez dira inolaz ere publikotzat joko jendearen intimitatea ukitzen ahal duten agiriak edo tituluan, eskubidearen mugez edo zinegotzien informazioaz ezarri diren bertze kasuetan daudenak.
108. artikulua. Agiri historikoak edo udal artxiboan nahiz erregistroetan bildutakoak eskuratzeko muga bakarra Konstituzioaren 105. artikulua garatzen duen legerian oro har ezarritakoa da.
109. artikulua. Herritar orok badu eskubidea zuzenean eta pertsonalki ukitzen duten agiriak eskuratzeko, publikotzat joak ez izan arren, betiere hirugarrenen eskubideak zainduz.
110. artikulua. Gobernu organoen erabakiak eta ebazpenak eskuratzeko, Udalbatzako idazkariari aurkeztutako eskabidearen bitartez tramitatuko da eskaera. Gainerako kasuetan, alkateari, alkateordeei edo dagokion arloko eskuordeei eskatuko zaie informazioa.
111. artikulua. Kontsultatzeko eskaera egindakoan, berehala eta beranduenez ere hamar egun balioduneko epean emanen da baimena. Epe hori iraganik ez bada berariazko erantzunik, baimena eman dela ulertuko da.
112. artikulua. Nolanahi ere, baimena ukatzeko, aplikagarria den legerian edo Erregelamendu honetan zehaztu kasuetan oinarrituriko arrazoiak beharko dira.
III. KAPITULUA
Herritarren parte hartzea
113. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legeria orokorrean aurreikusitako baldintzetan emanen zaio erantzuna.
114. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkezten ahal dizkio bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erankunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmo duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai-zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egiten ahal dio bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion bilkuraren akta igorriko dio haren egileari.
114. bis artikulua. 1. Udalaren Erregistroan inskribatutako herritarren elkarteetako batek Udaleko osoko bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesatu gisa parte hartu badu, Alkateari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.
2. Alkateak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia agertzen ahalko du, gai-zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketaren, eztabaidaren eta bozketaren aitzin zehaztuko zaion denboran.
3. Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak, edo bertzenaz horren Zuzendaritza batzordeko bertze kide batek, horretarako espresuki izendatuta.
IV. KAPITULUA
Kontseilu sektorialak
115. artikulua. Udalbatzako osoko bilkurak kontseilu sektorialak eratzea erabaki dezake, udal kudeaketan partaidetza, informazioa, kontrola eta proposamenak ahalbidetzeko, Udalaren eskumeneko jarduketa sektoreei dagokienez.
116. artikulua. Kontseilu sektorialek eginkizun hauek izanen dituzte:
_Sektorearen berariazko arazoen berri ematea Udalari.
_Sektorearen arazoetarako irtenbideak proposatzea.
_Beren jarduketa esparruan Udalak dituen jarduketa programei buruzko informazioa jasotzea eta haien gainean eztabaidatzea.
117. artikulua. Honako hauek osatuko dituzte kontseilu sektorialak:
_Kontseiluburua, alkateak askatasunez izendatu eta kenduko duen udalbatzako kide bat izanen baita. Udalbatzaren eta kontseiluaren arteko bitartekaria izanen da.
_Udal talde bakoitzaren ordezkari bat.
_Udal teknikariak, hiru gehienez ere.
_Herritarren, auzoen eta sektoreetako elkarteen ordezkariak, udal taldeetako kideak bezainbat.
_Era berean, sektorea ukitzen duten gaietan interesa duten bizilagun guztiak agertzen ahalko dira, hizpidea izanik, baina botorik ez. Horretarako, Udalari idatziz zuzendu beharko diote eskaera.
118. artikulua. Funtzionamenduaren araubidea.
1. Kontseiluburuak eginen du kontseilua biltzeko deia, gutienez ere hilean behin, eta horren berri emanen die gainerako kideei.
2. Bilkura baliozkoa izateko, kideen herenek egon beharko dute bertan, eta gutienez ere hiru kide.
3. Erabakiak gehiengoz hartuko dira.
4. Bilkuretan edozein udal teknikarik eta edozein lagunek parte hartzen ahalko du, botorik gabe, kontseiluburuak hura deitzea egoki juzkatzen badu, edozein kidek hala eskatu duelako edo berak hala erabakita.
5. Bilkuretako aktak kontseiluak izendatuko duen idazkariak eginen ditu. Kontseiluko zinegotziren batek hartu beharko du kargu hori.
6. Kontseiluek lantaldeak eratzea erabaki dezakete, lurralde esparru edo jarduketa eremu zehatz bati dagozkion auziak jorratzeko, eta haietan Kontseilutik kanpoko teknikariak, adituak eta ukitutako sektoreetako ordezkariak aritzen ahalko dira. Lantaldeen ondorio eta proposamenak Kontseiluari igorriko zaizkio, behar diren erabakiak har daitezen.
7. Udalak herritarrek kontseilu sektorialetan parte hartzeko bideak erraztu eta bultzatuko ditu. Horretarako, jendeari haien berri emanen zaio eta herritarren, bizilagunen eta sektoreetako elkarteei deiak luzatuko zaizkie, bai talde horietako koordinatzaileen bitartez bai Berriozarko gizarte-sareekin harreman zuzena duten teknikari guztien bitartez.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek behin betikoz onesten denean hartuko du indarra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe.
Iragarkiaren kodea: L0511596