Castellano | Euskara | Français | English
Udalak, 2000ko urtarrilaren 28an egin osoko bilkuran, Kirol Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamendua hasiera batez onestea erabaki zuen.
Erregelamendu hori 2000ko martxoaren 15eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egunez jarri zen jendaurrean. Epe horretan ez da ez erreklamaziorik ez iradokizunik aurkeztu; hortaz, epea amaiturik, behin betikoz onetsitzat jo da Kirol Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendurako Erregelamendua.
Tuteran, bi milako apirilaren hogeita zortzian. Herritarren Sustapenerako zinegotzi eskuordea, Carmen Ferrer Cajal.
KIROL KONTSEILUAREN ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDURAKO ERREGELAMENDUA
Sarrera
1. art. Tuteran kirol arloaren garapena bultzatzeko asmoz sortu da Udalaren Kirol Kontseilua, Kirol Kontseilua, izena laburturik, eta Erregelamendu honetan ezartzen diren ezaugarriak, osaketa, eskumenak eta funtzionamendua dituena.
2. art. Udalaren Kirol Kontseiluak aholku eta laguntza emanen dizkio Tuterako Udaleko Herritarren Sustapen alorreko Batzordeari, eta organikoki horri atxikia geldituko da.
3. art. 1.-Udalaren Kirol Kontseilua osatuko dutenak honako hauek dira:
a) Udaleko alkate udalburua, kontseiluburu izanen dena.
b) Kirol alorreko zinegotzi eskuordea, kontseiluburuordea izanen dena.
c) Herritarren Sustapen alorreko kirol koordinatzailea, idazkari izanen dena.
d) Alkateak izendatzen dituenak, gehienez ere 8 pertsona, Herritarren Sustapen Batzordeak proposaturik. Izendatutakoak aukeratuko dira haien ospeagatik, arlo horietan duten ezagutzagatik edo kirol jardueretan duten presentziagatik, Udaleko alor honen ardurei lotuak baldin badira.
2.-Kontseiluak berarekin zerikusirik ez duten aholkulariak deitzen ahal ditu, beti ere aztergaien ezaugarriak ikusita, osoko bilkuretan haien aholkuak aditzeko.
3.-Kontseilua toki hauteskundeak egiten direnean berrituko da erabat, Udalbatza ere berrituko baita; eta berritze hori burutuko da gehienez ere Udalbatza berriak jabetza hartu eta hurrengo sei hilabeteko epean.
4. art. Herritarren Sustapen Batzordearendako aholku eta laguntza lanetan, Kontseiluak ondoko eginkizun zehatzak beteko ditu:
a) Batzordeari laguntzea, Tuteran kirola garatzearekin ikusteko duten gaietan, hala nola: kirol egintza puntualak, Udal Kirol Eskola, helduendako kirol jardueren programa, kirol jarduerak eta gazteendako jarduerak.
b) Azterlanak eta txostenak egitea eta bere arduren esparruan eskatzen zaion edozein kontsulta ebaluatzea.
c) Batzordeari proposatzea egoki juzkatzen dituen ekimenak, kirolaren arlokoak, beti ere Tuterako hiriarentzat intesgarriak baldin badira.
d) Beste edozein, Tuterako Udaleko Herritarren Sustapen Batzordeak eskatzen dizkionak, kirol arlokoak badira.
5. art. 1.-Udalaren Kirol Kontseiluak osoko bilkuren bidez jardungo du.
2.-Osoko bilkurak kontseiluburuak deituko ditu eta bera izanen da buru; hura ez dagoenean kontseiluburuordeak ordezkatuko du.
3.-Osoko bilkura gutxienez sei hilabetean behin egin beharko da, kontseiluburak deituta edo Kontseiluko kideen erdiak gehi batek hala eskatuta.
4.-Erabakiak bertan agertutakoen botoen gehiengoarekin hartuko dira.
I. KAPITULUA
Osoko bilkura
6. art. 1.-Udalaren Kirol Kontseiluaren bilkuretarako deiak kontseiluburuak eginen ditu, sei hilabetean behin gutxienez eta egoki juzkatzen duenean edo, hala balitz, Kontseiluko kideen erdiak gehi batek horrelaxe eskatzen badu, beti ere kontseiluburuari igorritako idazki baten bidez, bertan aztertu nahi den gai-zerrenda zehazki adierazi beharko baitzaio.
2.-Deiak idatzizko zitazioaren bidez eginen dira; bertan bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, baita eguneko gai-zerrenda ere.
3.-Deia Kontseiluko kideei jakinaraziko zaie bilkura egiteko eguna baino aste bat lehenago. Salbuespen gisa, epe hori gutxienez 24 ordukoa izan daiteke, kontseiluburuak libreki juzkatzen badu presakoa dela; orduan, jakinarazpena egiteko telefonoa edo telegrafoa erabiliko du.
4.-Eguneko gai-zerrenda kontseiluburuak finkatuko du, 1. idatz-zatian xedatutakoa ezertan ukatu gabe.
5.-Informazio ondorioetarako, Herritarren Sustapen Batzordeko kide diren zinegotziei igorriko zaie Kirol Kontseilurako deien kopia bana, baita haietan aztertutakoaren aktena ere.
7. art. 1-Kontseiluaren osoko bilkurei ez zaie hasiera emanen kontseiluburua edo kontseiluburuordea bertan ez badago edota kideen erdia gehi bat biltzen ez bada.
2.-Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, bilkurak aurreko deirik egin gabe egin daitezke, Kontseiluko kide guztiak bilduta daudenean aho batez erabakitzen badute ekintza hari bilkura izaera ematea.
8. art. Erregelamendu honen 3.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, salbuespen gisa joaten ahal dira bileretara unean-unean behar diren aholkulari adituak, kontseiluburuak edo kideen heren batek horrela eskatuta, beti ere kontseiluburuak deitu ondoren.
Aipatu adituak, iritzia zertarako eskatu zaien, horrexen gaineko azalpenak eman bitartean besterik ez dira izanen bileran.
9. art. Kontseiluko eztabaiden garapena kontseiluburuak antolatuko du, idazkariak lagunduta.
10. art. 1.-Udalaren Kirol Kontseiluaren osoko bilkuretatik sortzen diren erabakiak bertan diren kideen gehiengo soilarekin hartuko dira.
Aurreko idatz-zatian xedatutakoari dagokionez, gehiengo soila dagoela ulertuko da baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Berdinketak kontseiluburuak hautsiko ditu bigarren bozketan bere kalitatezko botoaren bidez.
Bozketak isilpekoak izanen dira kideren batek horrela eskatzen badu.
2.-Eguneko gai-zerrendatik at ez da gairik aztertuko, presakoa ez bada behintzat eta presako izate hori bertako kideen erabateko gehiengoak ikusten ez badu.
3.-Hartutako erabakiaz beren botoa aurkakoa izan bada, kontseilukideek honela jaso dadin eska dezakete, horretarako arrazoiak eta guzti.
11. art. 1.-Bilera bakoitzaren akta jasoko da eta bertan adieraziko kideen izenak, noiz eta zein tokitan egin den, eztabaidaren puntu nagusiak, bozketa egiteko modua eta emaitza eta hartutako erabakien edukia.
Aktak kontseiluburuak eta idazkariak sinatuko dituzte eta hurrengo bileran onetsiko dira.
2.-Aktekin Akta Liburua osatuko da eta hori Tuterako Udaleko Herritarren Sustapen alorrean gordeko da. Aipatu liburua Udalaren Kirol Kontseiluko kideen eskura egonen da.
II. KAPITULUA
Udalaren Kirol Kontseiluko kideen eginkizun eta eskumenak
12. art. 1.-Udalaren Kirol Kontseiluko buruak, ondoko eginkizun eta eskumenak izanen ditu:
a) Bileren deiak egin eta haien gai-zerrenda prestatzea.
b) Bileren buru izan eta haiek eramatea, idazkariaren laguntzarekin, eztabaidak egokiro joan daitezen.
c) Kontseiluko arauak aplikatzea.
d) Hartutako erabakiak Administrazioaren organoei jakinarazten ote zaizkien arduratzea.
e) Kideei beharrezkotzat jotzen dituen txostenak eskatzea.
f) Kontseiluko gainerako kideei dagozkien eginkizunak bere gain hartzea.
g) Kontseiluko kideek eginiko proposamenei erantzutea.
2.-Aurreko idatz-zatian aipaturiko eginkizunez gain, Udalaren Kirol Kontseiluko buruak Kontseiluaren ordezkaria izanen da jendaurrean, beti ere espreski eskuordezten ez bada.
13. art. Buruordeari dagozkio, kideek berezkoak dituztenez gain, kontseiluburua ordezkatzea, hura ez dagoenean, eri dagoenean edo arrazoitutako edozer gertatzen bada.
14. art. Kontseiluaren osoko bilkurako idazkariak, hizpidea izanik baina botorik gabe, kideek berezkoak dituzten eginkizunez gain, ondoko hauek izanen ditu:
a) Eguneko gai-zerrendako gaiekin bat beharrezkoak diren agiriak prestatu eta kideei igortzea.
b) Bileretan kontseiluburuari laguntzea.
c) Bilkuretako aktak idaztea eta Akta Liburua prestatu eta zaintzea.
d) Hartutako erabakien fede ematea eta horiek jakinarazteko zein betearazteko behar diren administrazio ekintzak egitea.
15.art. Udalaren Kirol Kontseiluko kideek ondoko eginkizun eta eskumenak izanen dituzte:
a) Osoko bilkuretara agertzea, eztabaidetan parte hartzea eta erabakietan beren botoen bidez parte hartzea.
b) Tuterako Udaleko Herritarren Sustapen Batzordeari kirola bultzatzeko egoki juzkatzen dituen ekimenak proposatzea, beti ere Tuterako hiriarentzat intesgarriak baldin badira.
c) Egoki juzkatzen dituen gaiak eguneko gai-zerrendan sar daitezela eskatzea, beti ere kontseiluburuari edo dagokion batzordeburuari eskabidea idatziz.
d) Kontseiluko osoko bilkuran, Kirol alorreko zinegotziari beren eskubideak eta betekizunak betetzeko beharrezko informazioa eskatzea.
e) Bozketak isilpekoak izan daitezela eskatzea.
f) Kontseiluburuari espezialisten laguntza eskatzea.
g) Tuterako Udaleko Herritarren Sustapen Batzordeak eskatzen dizkion azterlan eta txostenak egin eta kontsultak ebaluatzea, beren eginkizunen esparruan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Udalaren Kirol Kontseilua eratuko da zinez Udalaren osoko bilkurak erregelamendu hau behin betikoz onetsi eta hurrengo bi hilabeteko epean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen dira Udalaren Kirol, Prestakuntza eta Gazteri Kontseiluaren Antolakuntza eta Funtzionamendurako Erregelamenduan kirolari buruz dauden artikuluak. Erregelamendu hori Udalak behin betiko onetsi zuen 1996ko martxoaren 29an egin osoko bilkuran (96-5-24ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean).
Iragarkiaren kodea: a0004320