(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Nire NAOrako sarrera

32. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 14a

  • I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
    • Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

25/1997 FORU DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onesten duena.

Urriaren 10eko 186/1994 Foru Dekretuaren bitartez, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zen, Hezkuntza Sistema Orokorraren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legeak finkatutako hezkuntza sistemaren antolamendu berria aplikatzeko asmoz.

Horren ondotik, Irakaskuntza Zentroetako Partehartze, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak, kalitateko irakaskuntza bermatu nahirik, hezkuntzako komunitatean dauden sektore guztiek ikastetxeetako antolakuntzan eta gobernuan parte hartzeko beste bide batzuk ireki zituen, eta horretarako aldaketa handiak ekarri zituen, batez ere eskola kontseiluak berritzeari, zuzendaritza postuak eskuratzeari, zuzendaritza taldearen koordinazio lanari, ikastetxeen kudeaketaren autonomiari eta hezkuntza sistema osoaren ebaluazioari dagokienez.

Horrenbestez, beharrezkoa da orain beste Errregelamendu organiko bat onestea, aurrekoaren oinarrizko alderdiak mantendurik, Irakaskuntza Zentroetako Partehartze, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoan ezarritako irizpideak ere kontuan hartuko dituena.

Horiek horrela, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1995 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz, baita Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoari, Irakaskuntza Zentroetako Partehartze, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoari, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluari eta Irakaskuntza ez-unibertsitarioetako eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuari jarraikiz ere; Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamarrean eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onestea, ondotik zehazten den moduan.

BIGARREN HEZKUNTZAKO INSTITUTUEN ERREGELAMENDU ORGANIKOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Bigarren Hezkuntzako Institutuen definizioa.

Bigarren Hezkuntzako Institutuak ikastetxe publikoak dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpekoak, eta ahalmena dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Berme Sozialeko programa bereziak emateko.

2. artikulua. Bigarren Hezkuntzako Institutuak sortu eta kentzea.

1. Bigarren Hezkuntzako Institutuak sortu edo kentzea Nafarroako Gobernuari dagokio, Foru Dekretuaren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hala proposaturik. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimena eman dezake Foru Dekretu honetan aipatzen diren ikastetxeetan unitateak sortu edo kentzeko.

2. Nafarroako Gobernuak Bigarren Hezkuntzako Institutuak sortu, kendu, integratu edo zatibitzeko erabakiak hartu ahal izateko, beharrezkoa izanen da Hezkuntza Batzorde Nagusiak edo Nafarroako Eskola Kontseiluak aginduzko txostena aurkeztea eta horren berri irakasleen ordezkari sindikalei ematea.

3. Toki entitateek ere zilegi izanen dute Bigarren Hezkuntzako Institutuak sor daitezen proposatzea, honako arau hauen arabera:

a) Sortu baino lehen, toki entitateak eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hitzarmen bat sinatuko dute, ikastetxearen araubide ekonomikoa eta funtzionamendua finkatuko dituena.

b) Ikastetxe horiek ikastetxe guztiek bete beharreko gutxieneko baldintzei buruzko uztailaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuak (1991-06-26ko "E.A.O.") xedatzen duenari egokituko zaizkio, baita ikastetxeen baldintza gutxienekoei buruzko gainerako arau aplikagarriei ere.

c) Nafarroako Gobernuak sortuko eta kenduko ditu ikastetxeak foru dekretuz.

4. Aurreko idazatian xedatzen denaren arabera sortzen diren ikastetxeak, ondorio guztietarako, ikastetxe publikoak izanen dira, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoko bigarren Xedapen Gehigarrian adierazten denari jarraikiz (1985-07-4ko "E.A.O.").

3. artikulua. Institutuen berariazko izena.

1. Bigarren Hezkuntzako Institutuek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuek berariazko izena izanen dute, hain zuzen ere Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onesten duena, Institutuko Eskola Kontseiluak proposaturik.

2. Izen bereko Bigarren Hezkuntzako instituturik ezin egonen da udalerri berean.

3. Institutuaren izena eraikinaren fatxadan egonen da, ongi agerian, eta indarrean den araudiak agindu bezala errotulatua.

II. TITULUA

Bigarren Hezkuntzako Institutuen gobernu organoak

I. KAPITULUA

Gobernu organoak

4. artikulua. Institutuen gobernu egitura.

Bigarren Hezkuntzako Institutuek gobernu organo hauexek izanen dituzte:

a) Kide anitzekoak: Institutuko Eskola Kontseilua eta Irakasleen klaustroa.

b) Kide bakarrekoak: zuzendaria, ikasketaburua, idazkaria edo administratzailea eta, hala badagokio, zuzendariordea.

Antolamendu korapilatsuagatik egoki ikusten den institutuetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezar ditzake kide bakarreko gobernu organo albokoak, elkarlanean arituko direnak nor bere antzeko organoekin.

5. artikulua. Hezkuntza komunitatearen partehartzea.

Ikasleek, gurasoek, irakasleek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta udalek ikastetxea kudeatzen parte hartzeko, Eskola Kontseilua izanen da bidea.

6. artikulua. Jarduketa printzipioak.

1. Gobernu organoek arreta paratuko dute institutuen jarduna Konstituzioko printzipioen araberakoa izan dadin, hezkuntzaren helburuak zinetan gauzatu eta irakaskuntzaren kalitatea hobetu dadin.

2. Ikastetxeetako gobernu organoek begiratuko dute, haien eskumenen esparruaren barrenean, ikasleei, irakasleei eta gurasoei aitortzen zaizkien eskubideak bete daitezen, baita administrazioko eta zerbitzuetako langileei aitortzen zaizkienak ere, eta arduratuko dira nork bere betebeharrak bete ditzan. Halaber, hezkuntza komunitateko kide guztiek ikastetxearen jardunean, haren kudeaketan eta ebaluazioan zuzeneko partehartzea izan dezaten lagunduko dute.

II. KAPITULUA

Kide anitzeko gobernu organoak

A.-Institutuko eskola kontseilua

7. artikulua. Eskola Kontseiluaren definizioa eta eskumenak.

1. Institutuko Eskola Kontseilua da hezkuntza komunitateko sektore guztiek Institutuaren funtzionamenduan parte hartzeko organoa.

2. Institutuko Eskola Kontseiluak honako eskumenak izanen ditu:

a) Institutuko hezkuntza proiektua egiteko jarraibide eta irizpideak finkatzea, hura onetsi eta ebaluatzea, beti ere irakasleen klaustroak ikastetxeko plangintza eta antolamenduari buruz dituen eskumenak ezertan ukatu gabe, eta hezkuntza proiektua berrikusteko behar diren prozedurak finkatzea.

b) Barne-araudia onestea.

c) Institutuko urteko Programazio Orokorra egiteko irizpideak hartzea eta hura onetsi eta ebaluatzea, beti ere errespetatuz klaustroari dagozkion irakaste eginkizunak.

d) Jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak eta, horrelakorik bada, eskola-jantokiak eta garraioa programatu eta burutzeko jarraibideak ematea.

e) Institutuko aurrekontuaren proiektua eta hura gauzatzeko jarraibideak onestea.

f) Eskola egutegia prestatzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onetsitako arauak oinarritzat harturik.

g) Institutuko zuzendaria hautatzea.

h) Zuzendariaren izendapena atzera botatzeko proposamena egitea, Erregelamendu honen 31. artikuluan aurreikusten den bezala.

i) Ikasleak onartzeko gaiei buruz erabakiak hartzea, indarra duten arauei jarraikiz.

j) Gatazkei irtenbidea bilatzea eta behar diren zuzenketa-neurriak hartzea, helburu pedagogikoarekin, zentroko elkarbizitza larriki kaltetzen duten ikasleen portaeren aurrean, beti ere ikasleen eskubide eta betebeharren gaineko arauen arabera.

k) Institutuak kultura, kirol eta josteta jardueretan parte hartzeko irizpideak finkatzea, hala nola ikastetxearen lankidetza behar den laguntzako jarduera guztietan.

l) Beste ikastetxe, entitate eta erakunde batzuekin lankidetza harremanak sortzea, helburu kultural nahiz hezkuntzazkoekin.

m) Institutuak bere inguruko erakundeekin eta lantokiekin dituen harremanetarako irizpideak finkatu eta horien jarduketa ildoak ezartzea.

n) Eskolako instalazioak eta ekipamenduak berri daitezen bultzatzea eta ongi zaintzen direla begiratzea.

ñ) Baliabideak egoki kudeatzen ote diren aztertu eta baloratzea, baita elkarbizitzako arauak aplikatzen ote diren begiratzea ere.

o) Institutuko urteko jardunari eta egoerari buruzko memoriarako txostena prestatzea.

p) Institutuko eskola emaitzek orokorrean zer bilakaera izan duten aztertu eta baloratzea.

q) Ikastetxearen funtzionamendu orokorra eta hezkuntza administrazioak Institutuari buruz egiten duen ebaluazioaren edo bestelako edozein txostenen emaitzak aztertu eta baloratzea.

8.artikulua. Eskola Kontseiluko kideak.

Erregelamendu honek aipatzen dituen institutuetako eskola kontseiluak honako kideak izanen ditu:

1. 300 ikasle bitarte:

a) Institutuko zuzendaria, buru arituko baita.

b) Ikasketaburua.

c) Klaustroak hautatutako bost irakasle.

d) Ikasleen gurasoen hiru ordezkari. Horietako bat, halakorik badago, ikastetxean legez eraturik izan eta kide gehien duen guraso elkarteak hautatuko du, bazkideen artean.

e) Ikasleen bi ordezkari.

f) Administrazioko eta zerbitzuetako ordezkari bat.

g) Institutua dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

h) Idazkaria, Kontseiluaren idazkari arituko baita, hizpidea bai baina botorik ez duela.

2.-300 ikasle baino gehiagoko institutuetan.

a) Institutuko zuzendaria, buru arituko baita.

b) Ikasketaburua.

c) Klaustroak hautatutako sei irakasle.

d) Ikasleen gurasoen hiru ordezkari. Horietako bat, halakorik badago, ikastetxean legez eraturik izan eta kide gehien duen guraso elkarteak hautatuko du, bazkideen artean.

e) Ikasleen hiru ordezkari.

f) Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

g) Institutua dagoen herriko udaleko zinegotzi edo ordezkari bat.

h) Gutxienez bi lanbide-arlo lantzen dituzten institutuetan edota gutxienez ikaslegoaren % 25 berariazko lanbide heziketan ari baldin bada, ordezkari bat izanen da institutuaren jardunaren esparruko enpresari elkarte garrantzitsuenak proposatua, hizpidea bai baina botorik izanen ez duena.

i) Idazkaria edo, hala badagokio, administratzailea, Kontseiluaren idazkari arituko baita, hizpidea bai baina botorik ez duela.

3. Gurasoen Elkartearen ordezkari izateko proposamenik ez bada edota ikastetxeak horrelako elkarterik ez badu, hutsune hori hautatua suertatu ez eta ordezkapenak egiteko ordezkoen zerrendako lehenak beteko du.

4. Erregelamendu honetako 4.b) eta 37. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, kide bakarreko gobernu organo albokoak dituzten institutuetan, alboko zuzendariak ikastetxeko eskola kontseilura joatea izanen du, hizpidea bai baina botorik izan gabe. Alboko zuzendari barik, alboko ikasketaburua badago, horixe izanen da eskola kontseiluaren kide, hizpidea bai baina botorik gabe.

9. artikulua. Eskola Kontseiluko kideen hautapena eta berritzea.

1. Eskola Kontseiluko kideak hautatzeko prozedura ikasturtearen lehenbiziko hiruhilean eginen da.

2. Eskola Kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, txandaka. Alde batera utzirik ikastetxean kiderik gehien duen guraso-elkartearen ordezkaria edo haren ordezkoa, hura ez baita bi erdi horietako bakar batean ere sartzen eta haren tokia bi urtetik behin berrituko baita, Eskola Kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza, berritze partzialetarako, honela osatuko da:

a) Lehenbiziko erdia:

1. 300 ikasle arteko zentroetan: bi irakasle, aita/ama bat eta ikasle bat.

2. 300 ikasletik gorako zentroetan: hiru irakasle, aita/ama bat eta ikasle bat.

b) Bigarren erdia:

1. 300 ikasle arteko zentroetan: hiru irakasle, aita/ama bat, ikasle bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2. 300 ikasletik gorako zentroetan: hiru irakasle, aita/ama bat, bi ikasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Erregelamendu honetako hirugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren lehenbiziko bi berritze partzialak egin ondoren (lehenbizikoaren erdiari dagokiona eta bigarrenarena, hurrenez hurren), hortik aurrera, bi urtetik behin, lehenbiziko eta bigarren erdiak berrituko dira txandaka, idazati honetan ezarri den osaketa kontuan hartuz.

3. Zentroan kide gehien duen guraso elkarteak izendatutako ordezkaria, udaleko zinegotzi edo ordezkaria, administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria eta, horrelakorik bada, Erregelamendu honen 8.2.h) artikuluan ezarritakoari jarraikiz enpresari elkarteak proposatzen duen ordezkaria, bi urtetik behin berrituko dira, edo haiek izendatu zituen organoak erabakitzen duenean.

4. Zentro sortu berriak izan eta Eskola Kontseilua lehenbiziko aldiz eratzen bada, sektore bakoitzeko kide guztiak batera izendatuko dira. Lehenbiziko aldiz hautatu eta gero, Eskola Kontseiluaren erdi bat berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera.

5. Hautesle bakoitzak bere boto-paperean gehienez ere lau izen adieraziko ditu bete beharreko postuak sei direnean, hiru izen lau edo bost postu direnean, bi izen hiru postu direnean eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

6. Eskola komunitateko sektore bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu. Inor bi sektoretako kide bada, bietan izanen du zilegi ordezkari izateko hautagaia izatea, baina ez, ordea, bietan ordezkari izatea, bi sektoreek hautatzen baldin badute.

7. Eskola Kontseiluko idazkariak ez du zilegi izanen inongo sektoreren ordezkari izatea, eta beraz hizpidea bai baina botorik ez du izanen.

10. artikulua. Eskola Kontseiluko postu hutsak betetzeko prozedura.

1. Kontseilua berritzeko eguna baino lehenago ordezkariren batek organo horretako kide izateko baldintzak galtzen baditu, Kontseiluko postu hori utzi beharko du. Hutsunea beteko du lortutako botoen zerrendan hurrengo dagoenak. Horretarako, azkeneko berritze partzialeko aktak erabiliko dira, kontuan hartu gabe bete beharreko hutsunea lehenagoko berritze partzial batekoa den ala ez. Hutsunea betetzeko hautagai gehiago ez badago, hori bete gabe geldituko da Eskola Kontseilua berritu arte.

2. Aldian aldiko berritzean betetzen ez diren hutsuneak hurrengo berritze partzialean beteko dira.

3. Aurreko berritze partzialean ezin bete gelditu diren hutsuneak beteko dira berritze partzial horretako postuak lortzen dituztenen atzetik, boto gehien ateratzen dutenekin. Horrela aukeratu diren kontseilukideak geldi daitezke hurrengo berritze partziala egiten den arte.

4. Eskola Kontseiluko postu huts bat, hautapenaren (ordezkoen zerrenda) nahiz izendapen askearen bitartez, betetzen duen kidearen agintaldia amaituko da ordezkatzen duen kide haren agintaldia bukatzen den une berean.

11. artikulua. Hauteskunde Batzordearen osaketa eta eskumenak.

1. Hautatzeko prozedura antolatzeko, ikastetxe bakoitzean batzorde bat eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, honako kideek osatua: institutuko zuzendaria, burua izanen baita; irakasle bat, aita edo ama bat, ikasle bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

Batzordeko kide guztiak, institutuko zuzendaria izan ezik, zein bere hauteskunde erroldan inskribitutakoen artetik hautatuko dira, zozketa bidez.

2. Batzorde horren eskumenak honakoak dira:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hauteskunde erroldak onetsi eta argitaratzea. Hautesleen izen-deiturak eta nortasun agiri nazionala izanen dituzte, alfabetoz ordenaturik.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea, Erregelamendu honetako 9. artikuluak finkatzen duenaren arabera eta kasurako Hezkuntza eta Kultura Departamentuak xedatzen duenaren arabera.

c) Hauteskunde prozedura antolatzea.

d) Hautagai zerrendak onartu eta aldarrikatzea.

e) Hauteskunde mahaiak eratzera bultzatzea.

f) Hauteskunde mahaien erabakien kontra aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

g) Hautatutako hautagaiak aldarrikatu eta behar diren aktak bidaltzea Hezkuntza eta Kultura Departamentuari.

12. artikulua. Eskola Kontseiluko kideak hautatzea.

1. Hauteskunde Batzordeak institutuak kokaleku duen herriko udalari eskatuko dio izenda dezan zinegotzi edo ordezkari bat Eskola Kontseiluko kide izateko.

2. Bategiteen ondorioz, kokaleku bat baino gehiago duten ikastetxeen kasuan, eta ukitutako udalen artean akordiorik ez bada, horiek izendatuko dute zinegotzia edo udalaren ordezkaria urte bakoitzerako, txandaka, biztanle gehien duen herritik hasita, eta gainerako udalen ordezkariak ere ager daitezke Eskola Kontseilura, hizpidea bai baina botorik eman gabe.

3. Halaber, ikastetxean kide gehien duen guraso elkarteari eta institutuaren jarduketa esparruan garrantzitsuena den enpresarien elkarteari eskatuko zaie, 8.2 artikuluko h) hizkian aurreikusitakoari jarraikiz, Eskola Kontseiluko kide izateko ordezkariak izenda ditzaten.

13. artikulua. Eskola Kontseiluko irakasleen ordezkariak.

1. Irakasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkariak klaustroak hautatuko ditu bere baitatik. Botoa zuzena, sekretua eta delegaezina izanen da.

2. Hautesleak izanen dira klaustroko kide guztiak. Artikulu honek agindu bezala hautagai aurkezten diren klaustrokide guztiak hautatu ahal izanen dira.

3. Hautatzekoa ez den kide bakarreko gobernu kargu bat izateagatik Eskola Kontseiluan egon beharra bateraezina da zentroko Eskola Kontseiluan irakasleen ordezkaria izatearekin. Bi izendapen horiek suertatuz gero, irakasleak bi postuotatik bat aukeratu beharko du, eta bete gabe gelditzen dena Erregelamendu honetan aurreikusitako baliabideen bidez bete beharko da.

4. Ordutegia osatzeko ikastetxe batean baino gehiagotan aritzen diren irakasleek eskolak ematen dituzten institutuetan hautesle izateko eskubidea izanen dute, eta destinoko ikastetxean bakarrik izan ahalko dira hautagai. Destinorik ez badute, aurrez beraiek adierazten duten ikastetxean, artikulu honetako 2. puntuan ezarritakoari jarraikiz.

5. Lekuz aldarazitako irakasleak hautesle eta hautagai izanen dira zerbitzu ematen ari diren ikastetxeetan.

6. Ikasturtea baino gutxiagoko ordezkapena delarik kasua, ordezko irakasleak ezin izanen dira ez hautesle ez hautagai izan. Irakasle ordezkatuak, berriz, hautesle zein hautagai izan ahalko dira horretarako baldintzak betetzen badituzte. Ikasturte osoko edo gehiagoko ordezkapenetan, ordezkoak zilegi izanen du hautesle izatea; ordezkatuak, berriz, ez hautesle ez hautagai.

14. artikulua. Klaustro berezia eta hauteskunde prozedura.

1. Zuzendariak klaustro berezirako deia eginen du. Bilkura horretako gai zerrendan gai bakarra izanen da: irakasleen hautaketa eta hautatzen diren irakasleen aldarrikapena.

2. Aurreko artikuluak aipatzen duen klaustro bereziaren bilkuran hauteskunde mahai bat eratuko da, honakoek osatua: institutuko zuzendaria, buru arituko baita, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun gutxienekoa, mahaiko idazkari arituko baita. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago direlarik, antzinatasun handienekoen arteko zaharrena eta antzinatasun gutxienekoen artean gazteena izanen dira mahaikide.

3. Quoruma izanen da klaustrokideen erdiak gehi bat. Quorumik ez badago, beste deialdi bat eginen da aurrenekoa iragartzen denetik hogeita lau ordura. Kasu horretan ez da beharrezkoa izanen esan den quoruma.

4. Irakasle bakoitzak hautagai zerrendatik hartuta gehienez lau izen paratuko ditu bere boto paperean bete beharreko postuak sei direnean, hiru izen lau-bost postu bete behar direnean, bi izen hiru bete behar direnean eta izen bakarra, bat edo bi direnean. Boto gehien lortzen duten irakasleak aukeratuko dira. Aurreneko bozketan behar adina irakasle hautatzen ez badira, ekitaldi berean bigarren bozketa eginen da kopuru hori betetzeko, Erregelamendu honen 19. artikuluko 2. zenbakiak xedatutakoa galarazi gabe.

15. artikulua. Eskola Kontseiluko gurasoen ordezkariak.

1. Gurasoek Eskola Kontseiluan duten ordezkaritza gurasoei beraiei dagokie edo ikasleen legezko ordezkariei, zenbanahi izan institutuan matrikulatutako seme-alabak. Hautesle edo hautagai izateko eskubidea aitari eta amari dagokie, edo, hala bada, legezko ordezkariei.

2. Hautesle eta hautagai izanen dira institutuan matrikulaturik dauden eta, beraz, erroldan dauden ikasle guztien guraso nahiz legezko ordezkari guztiak. Hauteskunde Batzordeak onartzen dituen hautagaien artean eginen da hautapena. Guraso elkarteek zilegi izanen dute hautagai zerrenda desberdinak aurkeztea.

3. Gurasoen ordezkariak hautatzeko, aurrena mahai bat eratuko da, bozketa zuzendu, ordena mantendu, bozketaren garbitasuna bermatu eta boto kontaketa egiteko.

4. Hauteskunde mahaiak honako kideak izanen ditu: institutuko zuzendaria, buru arituko baita, eta lau guraso nahiz legezko ordezkari zozketaz izendatuak, horietan gazteena idazkari arituko baita. Hauteskunde Batzordeak ordezkoak izendatu beharra aurreikusi beharko du, horiek ere zozketaz.

5. Institutuan matrikulatutako ikasleen guraso nahiz legezko ordezkariek zilegi izanen dute bozketaren gainbegirale aritzea. Hartarako, institutuko guraso elkarte batek proposatuak behar dute, edo hamar hautesleren sinadurak abalatuak.

6. Gurasoen ordezkariak hautatzeko bozketa zuzena, sekretua eta delegaezina izanen da. Hautesle bakoitzak gehienez ere bi izen idatziko ditu bere boto paperean, hautatu beharrak hiru direnean eta izen bakarra, bat edo bi hautatu behar direnean; hautesleak botoa ematerakoan Nortasun Agiri Nazionalaren bidez edo antzeko agiriaren bidez egiaztatu beharko du bere nortasuna.

7. Ikasleen gurasoek posta bidezko botoa erabil dezakete. Horretarako, botoa duten gutunak eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo nortasuna frogatzeko agiria, institutuko Hauteskunde Batzordera igorri beharko dira boto kontaketa egin baino lehen.

Hautesleek Hauteskunde Batzordeari eskatuko diote eskubide hori erabili ahal izateko behar den dokumentazioa.

8. Hauteskunde Batzordeak berekin gordeko ditu posta bidez jasotako botoak, bozketaldia amaitzeko ordua baino lehen iritsi direnak, eta Hauteskunde Mahaiari emanen dizkio, mahaia itxi baino lehenxeago. Bozketaldia amaitu ondotik iristen diren botoak ez dira kontatuko.

16. artikulua. Eskola Kontseiluko ikasleen ordezkariak.

1. Ikasleek Eskola Kontseiluan dituzten ordezkariak institutuan matrikulatutako ikasleek hautatuko dituzte.

2. Hauteskunde Mahaiak honako kideak izanen ditu: institutuko zuzendaria, mahaiburu arituko baita, eta zozketaz ateratako bi ikasle. Ikaslerik zaharrenak eginen ditu idazkariaren lanak.

3. Bozketa zuzena, sekretua eta delegaezina izanen da. Ikasle bakoitzak gehienez bi izen paratuko ditu bere boto paperean, hautatu beharrak hiru direnean, eta izen bakarra ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean. Bozketa egiteko Hauteskunde Batzordearen jarraibideak begiratuko dira.

4. Zilegi izanen da institutuko ikasleen elkarte legez eraturiko batek proposatutako edo hamar hautesleren sinadurak abalatutako ikasleak bozketaren gainbegirale aritzea.

17. artikulua. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.

1. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria, sail horretako hautesle bat baino gehiago dagoenean, institutuan mota horretako lanetan aritzen diren langileek hautatuko dute, baldin eta institutuarekin harreman juridiko-administratiboa edo laborala badute. Institutuko administrazioko eta zerbitzuetako langile guztiak dira hautesle eta hautagai, baldin esandako baldintzak betetzen badituzte.

2. Administrazioko eta zerbitzuetako langileek eskola kontseiluan duten ordezkaria hautatzeko, mahai bat eratuko da, honako kideekin: zuzendaria, mahaiburu arituko baita, idazkaria edo, hala balitz, administratzailea, eta aipatu langile horietatik institutuan antzinatasunik handiena duena. Hautesleak bost baino gutxiago badira, bozketa irakasleen hauteskunde mahaiaren aurrean eginen da, aparteko boto kutxa batean.

3. Bozketa boto zuzena, sekretua eta delegaezina erabiliz eginen da. Boto emaile bakoitzak boto paper bat utziko du Hauteskunde Mahaian, ordezkaritza ematen dion pertsonaren izen-deiturak adieraziz. Hautesle bakarra baldin badago, horixe izanen da administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria ikastetxeko Eskola Kontseiluan, hautagai aurkeztu bada, beti ere.

18. artikulua. Aktak egitea eta hautagaiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde egintza bakoitzean, bozketa bukatu eta gero, Mahaiak botoen kontaketa eginen du, jendaurrean. Horren ondoren akta bat eginen da, Mahaiko kide guztiek sinatu beharko dutena, eta honakoak idatziko dira: aurkeztu diren hautagaien zerrenda eta bakoitzak atera dituen botoen kopurua; Eskola Kontseiluko kide izateko hautatu diren ordezkarien zerrenda eta etorkizunean horien ordezko izanen direnen zerrenda, lortu dituzten boto kopurua adieraziz, gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera ordenatuta. Aktak institutuko Hauteskunde Batzordeari igorriko zaizkio, hautetsien aldarrikapena egin dezan, eta horren kopia bat bidaliko da Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira.

2. Boto berdinketa gertatzen denean, hautapena zozketa bidez eginen da.

3. Aukeratutako hautagaien aldarrikapen egintza institutuko Hauteskunde Batzordeak eginen du, Mahaiak kontaketa egin eta aktak jaso ondoren. Batzorde horrek hartzen dituen erabakien kontra zilegi izanen da hilabeteko epean helegite arrunta paratzea Nafarroako Gobernuan, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

19. artikulua. Eskola Kontseilua eratzea.

1. Aukeratutako hautagaien aldarrikapena egin eta hamar eguneko epean, zuzendariak Eskola Kontseilua eratzeko deia eginen du.

2. Eskola Kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da, zentroko eskola komunitateko sektoreren batek kide anitzeko organo horretan izan behar dituen ordezkariak hautatu ez baditu ere. Horrelakoetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu organo hori era dadin.

20. artikulua. Eskola Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Institutuko Eskola Kontseilua gutxienez hiruhilean behin bilduko da eta, beti ere, kontseiluburuak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da bilkura bat egitea ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.

2. Institutuko Eskola Kontseiluaren bilkurak kide guztiak agertu ahal izateko moduko egun eta orduetan eginen dira. Zuzendariak Eskola Kontseiluko kideei deia egitean eguneko gai zerrenda eta eztabaidatu eta onetsi beharreko gaiaren gaineko dokumentazioa igorriko dizkie, hori guztia gutxienez bilkura baino bost egun natural lehenago. Gainera, dei bereziak ere egin ditzake, gutxienez bilera ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago abisatuta, beti ere eztabaidatu behar diren gaiak ikusita, beharrezkotzat hartzen denean.

3. Eskola Kontseiluak gehiengo soilaren bidez hartuko ditu bere erabakiak, ondoko kasu hauetan izan ezik:

a) Zuzendaria hautatzeko eta aurrekontua eta hori gauzatzeko jarraibideak onesteko, horretarako kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa beharko baita.

b) Hezkuntza Proiektua eta barne-araudia onesteko, baita horien aldaketak onesteko ere, horretarako kideen bi herenen aldeko botoa behar baita.

c) Zuzendariaren izendapena atzera botatzeko erabakia, horretarako kideen bi herenen aldeko botoa behar baita.

21. artikulua. Eskola Kontseiluko batzordeak.

1. Eskola Kontseiluan Elkarbizitza Batzordea eratuko da, barne-araudiak zehazten duen eran. Aipatu batzordean honako hauek hartuko dute parte: zuzendaria, ikasketaburua, irakasle bat, aita edo ama bat, eta ikasle bat, nor bere sektorean izendatua. Eskumenak barne-araudian zehaztuko dira.

2. Elkarbizitza Batzordeak elkarbizitzako arauak aplikatzeari buruzko informazioa emanen dio Eskola Kontseiluari. Halaber, Eskola Kontseiluari emanen dio hark eskatutako guztiaren berri, beti ere ber arloaren barrenean.

3. Eskola Kontseilua eratu edo berritzen den bakoitzean, Ekonomi Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena: zuzendaria, idazkaria edo administratzailea, udalaren zinegotzia edo ordezkaria (horrelakorik bada), irakasle bat eta ikasleen aita/ama bat, Eskola Kontseiluan sektore horiek dituzten kideek hautatuak azken bi kasuotan.

4. Ekonomi Batzordeak Eskola Kontseiluarentzat jorratuko ditu ekonomiaren arloan hark eskatzen dizkion gai guztiak.

5. Horiez gain, Eskola Kontseiluak beste batzorde batzuk ere sor ditzake gai berezietarako, barne-araudiak esaten duen bezala eta zehazten dituen eskumenekin.

B.-Irakasleen klaustroa

22. artikulua. Irakasleen klaustroaren izaera eta osaketa.

1. Klaustroa irakasleek institutuan parte hartzeko duten organoa da eta horren eginkizuna da ikastetxeko irakaskuntza arloko alderdi guztiei buruz plangintza egin, koordinatu, erabakiak hartzea eta, hala behar denean, txostena egitea.

2. Klaustroaren buru institutuko zuzendaria izanen da eta bertan ari diren irakasle guztiek osatuko dute, eta bai administratzaileak ere, horrelakorik badago, idazkari arituko baita, hizpidea bai baina botorik ez duela.

23. artikulua. Klaustroaren eskumenak.

Klaustroaren eskumenak hauek dira:

a) Zuzendaritza taldeari proposamenak igortzea institutuko Hezkuntza Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzeko.

b) Etapako curriculum proiektuak prestatzeko irizpideak finkatzea, horiek onestea, ebaluatzea eta etorkizunean zer aldaketa egin daitezkeen erabakitzea.

c) Hezkuntza Proiektuarekin bat etorriz, Zentroko Urteko Programazio Orokorraren irakaskuntza arloak onetsi eta ebaluatzea. Programazio Orokorrari eta urte amaierako Memoriari buruzko txostena egitea Eskola Kontseiluan aurkeztu baino lehen.

d) Ikasleen ordutegia prestatzeko irizpide pedagogikoak onestea.

e) Ebaluazio eta kalifikazio saioen plangintza orokorra eta azterketa eta proba berezien egutegia onestea.

f) Ikasleen orientazio, tutoretza, ebaluazio eta errekuperazioari buruzko eginkizunak koordinatzea.

g) Irakasleen ordutegia prestatzeko irizpideak onestea.

h) Pedagogi saiakuntza eta ikerketaren arloko ekimenak bultzatzea.

i)Zentroko irakasleen prestakuntzarako plana egitea, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eginiko proposamenean oinarrituta eta ikastetxearen beharren arabera.

j) Eskola Kontseilurako ordezkariak hautatzea.

k) Zuzendaritzarako hautagai-zerrenden eta hautagaiek aurkeztutako programen berri izatea.

l) Hiru hilabetetik, institutuaren jardun orokorra eta egoera ekonomikoa aztertu eta baloratzea.

m) Institutuak bere inguruneko erakundeekin eta lantokiekin dituen harremanak ezagutzea.

n) Institutuko eskola errendimendua aztertu eta baloratzea ebaluazioetan izandako emaitzen bitartez edo egoki juzkatzen diren bestelako bitartekoen bidez.

ñ) Hezkuntzako Administrazioak institutuaz egin dezakeen ebaluazioa edo horren jardunari buruzko beste edozein txosten aztertu eta baloratzea.

24. artikulua. Klaustroaren funtzionamendua.

1. Klaustroa hiruhilean behin bederen bilduko da eta, beti ere, zuzendariak deitu edo gutxienez kideen herenak eskatzen duenean. Dena dela ere, klaustroak bilkura bat egin beharko du ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran.

2. Klaustroko kide guztiek nahitaez joan beharko dute bilkuretara.

III. KAPITULUA

Kide bakarreko gobernu organoak

25. artikulua. Zuzendaritza taldea.

1. Kide bakarreko gobernu organoek osatzen dute institutuko zuzendaritza taldea eta era koordinatuan arituko dira haien eginkizunetan.

2. Zuzendaritza taldeak, zentroko zuzendariak zuzendu eta koordinatzen duela, honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zentroaren funtzionamendua ona izan dadin begiratzea.

b) Proposamenak prestatzea, hezkuntza komunitate osoak zentroaren bizitzan era koordinatuan parte har dezan eta proposamen horiek klaustroari eta Eskola Kontseiluari aurkeztea.

c) Zentroko jarduera eta proiektuak ebaluatzeko prozedurak proposatzea eta haren funtzionamenduari buruz kanpotik egiten diren ebaluazioetan laguntzea.

d) Eskola komunitateari aurreneurriak hartzeko proposamenak egitea, talde guztien arteko harremanak arindu eta zentroko elkarbizitza hobetzeko.

e) Behar diren neurriak hartzea Eskola Kontseiluaren eta klaustroaren erabakiak era koordinatuan gauzatu daitezen, beti ere haien eskumenen barrenean.

f) Aurrekontu proiektua prestatzeko irizpideak finkatzea.

g) Zentroko Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra eta ikasturteko azken Memoria egiteko proposamenak prestatzea.

h) Eskola Kontseiluak eskatzen dizkion gainerako eginkizunak, beti ere bere eskumenen barrenean.

26. artikulua. Zuzendaria hautatu eta izendatzeko bidea.

1. Zuzendaria Eskola Kontseiluak hautatu eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatuko du, ikasturteko azken hiruhilekoan, lau urterako. Hauteskunde prozesua hori arautzen duen Foru Aginduan agertzen diren epeetan eginen da.

2. Zuzendaria hautatzeko bozketa zuzena eta sekretua izanen da eta horretarako propio deituko den bilera berezian egin beharko da.

3. Zuzendaria hautatzeko Eskola Kontseiluko kideen gehiengo absolutua beharko da. Lehenbiziko bozketan izangai bakar batek ez badu gehiengo absolutua lortzen, handik berrogeita zortzi ordura beste bat eginen da. Izangai bat baino gehiago bada, lehenbiziko bozketan boto gehien lortu duena izanen da bigarrenean agertuko den izangai bakarra. Kasu guztietan ere, hautatu ahal izateko Kontseiluko kideen gehiengo absolutuaren aldeko botoa beharko da.

4. Eskola Kontseiluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko ikasleak baldin badaude, horiek ezin izanen dute parte hartu zuzendaria hautatzeko bozketan.

5. Gehiengo absolutua eskuratzen duen izangaiaren izena Hezkuntza eta Kultura Departamentuari jakinaraziko zaio, izendapena egin dezan. Izendapenak eta kargua hartzeak hauteskundeak egin eta hurrengo uztailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak. Izendapenaren aurka helegite arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuan, hilabeteko epearen barruan.

27. artikulua. Zuzendari izateko hautagaien baldintzak.

1. Zuzendari izateko hautagaiek, irakasleak, karrerako funtzionario edo mugagabeko lan kontratudunak izan beharko dute, jardunekoak, eta ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Gutxienez 5 urteko zerbitzualdia aitortua izatea.

b) Maila eta araubide bereko irakaskuntza motaren bat ematen duen zentro bateko irakasle izana gutxienez bost urtez.

c) Zentroan behin betiko destinoa izatea, gutxienez ikasturte bat lehenagotik.

d) Zuzendaritza postuetan aritzeko hezkuntza administrazio eskudunak emandako kreditazioa izatea.

2. Aurreko hiru kargualdi jarraietan ikastetxe horretan berean zuzendari karguan aritu direnak ezin izanen dira hautagai izan, beti ere Irakaskuntza Zentroetako Partehartze, Ebaluazio eta Gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak indarra hartu zuenetik kontatuta.

3. Edozergatik dela, zuzendari hautatu eta hurrengo ikasturtean, hautagairen batek ez baldin badu institutu horretan lan egin behar, ez du zilegi izanen zuzendarigai izatea.

4. Zortzi unitate baino gutxiago dituzten Bigarren Hezkuntzako edo/eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, salbu eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko batekin batera gobernu organo komunak dituztenak, eta beti ere artikulu honetako 1. idazatian adierazi baldintzak betetzen ez dituzten irakasleak ez dauden kasuetan, artikulu honetako 1. idazatiko a), b) eta c) baldintzak betetzen dituzten irakasleak aurkeztu ahalko dira. Hiru baldintza horiek betetzen ez dituen irakaslerik ez bada, artikulu honetako 1. idazatiko b) eta c) baldintzak betetzen dituztenak aurkeztu ahalko dira. Era berean, aipatu b) eta c) baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez badago, artikulu honetako 1. idazatiko c) baldintza betetzen duten irakasleak aurkeztu ahalko dira. Institutuan baldintza horiek betetzen dituen irakaslerik ez badago, ikastetxe horretan behin betiko destinoa duten guztiek izanen dute aurkeztea.

28. artikulua. Kandidaturen eta zuzendaritza programen aurkezpena.

1. Hautagaiek beren zuzendaritza programak eta lanbideko merezimenduak aurkeztu beharko dizkiote idatziz Eskola Kontseiluari, hautatze eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez.

2. Zuzendaritza programak ondoko hau bildu beharko du:

a) Kide bakarreko gobernu organoak betetzeko pertsonen proposamena.

b) Zuzendaritza eginkizunetarako kreditatua dagoela frogatzeko agiria, kreditazioa emateko baldintzak aipatuz.

c) Institutuko funtzionamenduaren eta haren arazo nagusien eta beharren azterketa.

d) Agintaldian lortu nahi diren helburuak.

3. Eskola Kontseiluak baloratuko ditu aurkezten diren zuzendaritza programak eta izangaien lanbide arloko merezimenduak.

4. Aurkezten diren kandidaturen eta horien programen berri eman beharko zaio irakasleen klaustroari.

29. artikulua. Administrazioak zuzendaria hautatzea.

1. Hautagarik ezean, edo daudenek ez badute gehiengo absolutua lortzen, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zuzendari bat izendatuko du, Erregelamendu honen 27.1. artikuluko a), b) eta d) idazatietako baldintzak bildu beharko dituena. Izendapena izan daiteke Institutuko irakasle baten alde edota beste zentro bateko irakasle baten alde, beti ere zuzendaritza kargua zerbitzu eginkizunetan betetzeko baldintzak biltzen baldin baditu. Zuzendariak izendatuko ditu zuzendaritza taldeko kide bakarreko karguak. Zuzendariaren agintaldia, kasu horietan, lau urterako izanen da.

2. Sortu berriak diren zentroetan eta 27.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen irakaslerik ez dutenetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak irakasle bat zuzendari izenda dezake, hiru urterako, Erregelamendu honen 27.1. artikuluko a), b) eta d) idazatietan bildutako baldintzak betetzen baldin baditu.

3. Erregelamendu honetako 27.4. artikuluan adierazi diren institutuetan, 29. artikuluko 1. idazatian aipatu inguruabarrak suertatzen badira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak berak zuzendari bat izendatuko du, lau urterako. Izendatua institutu horretako irakaslea izan daiteke edo beste batekoa, zerbitzu eginkizunetan zuzendaritza lana egin dezan hautatua.

30. artikulua. Zuzendariaren eskumenak.

Honakoak dira zuzendariaren eskumenak:

a) Institutuko jardun guztia zuzentzea eta koordinatzea, indarrean diren xedapenekin bat, nahiz horrek ez dituen galarazten institutuko Eskola Kontseiluaren eta Irakasleen klaustroaren eskumenak.

b) Institutuaren ordezkaritza izan eta institutuan Hezkuntza Administrazioaren ordezkari ofiziala izatea, nahiz horrek ez dituen galarazten beste hezkuntza agintarien eskumenak.

c) Legeak eta indarrean diren beste xedapenak bete eta betearaztea.

d) Institutuko langile guztien buru izatea, lanera joaten ote diren kontrolatzea eta begiratzea institutuari atxikitako irakasleekin eta gainerako langileekin zerikusirik duten barne arauak bete daitezen.

e) Institutuko ekitaldi akademikoetarako eta kide anitzeko organoen bilera guztietarako deia egin eta haietan buru izatea eta kide anitzeko organoen erabakiak betearaztea bere eskumeneko eremuan, berdinketa denean kalitateko botoak hautsiko duelarik.

f) Institutuko baliabideak kudeatzea.

g) Dirusarrerak administratu, gastuetarako baimena eman institutuko aurrekontuaren arabera eta pagamenduak agintzea, eta bai altzari nahiz ekipamendua erostea ere, indarrean diren arauek zentroei esleitzen dizkieten eskumenen barruan, dagokien agintariei horien berri emanez, eta institutuko ziurtagiri eta agiri ofizialak ikus- onestea.

h) Ikasketaburua eta idazkaria hautatzea, baita zuzendaritza taldeko bestelako kide bakarreko gobernu organoak ere, administratzailea izan ezik, eta horiek izendatu eta kargutik kentzeko proposamenak egitea Hezkuntza eta Kultura Departamentuari.

i) Departamentuburuak eta tutoreak izendatzea, baita kide bakarreko gainerako gobernu organoak ere, baldin eta horien izendatzea beste organoen esku ez badago, hori guztia Erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

j) Eskola komunitateko sektore desberdinen partehartzea bultzatu eta koordinatzea eta bakoitzak bere eskumenak egoki erabiltzeko behar dituen baliabideak eskaintzea.

k) Zuzendaritza taldearekin batera, institutuko Hezkuntza Proiektuaren proposamena egitea, eta Urteko Programazio Orokorrarena, Eskola Kontseiluak finkatutako jarraibide eta irizpideen arabera eta klaustroak eta ikasleen guraso elkarteek proposatzen dutenarekin bat, eta bai, halaber, behar bezala bete daitezen begiratzea.

l) Bere barrutiko beste hezkuntza zerbitzuekin behar den koordinazioa bideratzea.

m) Hezkuntza arloko agintari eskudunek eskatzen dioten informazioa ematea.

n) Institutuaren eta inguruko erakundeen arteko harremanak bultzatzea.

ñ) Eskola komunitateko sektore guztiei informazioa ematea institutuaren bizitzaz, eta ikasleak prestatzen edo lan-munduratzen lagun dezaketen enpresa edo entitateekin harremanak sustatzea. Entitate horiekin lankidetza hitzarmenak sinatzea, Eskola Kontseiluak aurrez txostena eginik.

o) Ikastetxeko jantokiaren kudeaketa gainbegiratzea, uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuak eta hura garatzeko jarraibideek agintzen duten moduan. Zerbitzu horrek gaizki funtzionatzen badu, zuzendariak eskua izanen du hori zuzentzeko jarraibideak emateko; eskola garraioko aferak gainbegiratu eta zentroko instalazioak erabiltzeko erabakiak hartzea.

p) Zentroko elkarbizitza bideratzea eta behar diren zuzenketa-neurriak ezartzeko prozedura bermatzea, hori guztia barne-araudian eta indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eta Eskola Kontseiluak finkatutako irizpideak betez.

q) Irakasleen ordutegia behin-behinekoz esleitzea, aurrez Ikasketaburutzak prestatua, harik eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak behin betikoz onetsi arte.

r) Zentroko langileei baimen eta lizentziak ematea hartarako Hezkuntza eta Kultura Departamentuak finkatzen duen moduan.

s) Obra, zerbitzu eta erosketen kontratazioak egitea, beti ere indarrean dauden xedapenekin bat.

t) Zentroko proiektu eta jardunen ebaluazioa egiteko bidea ematea eta kanpotik aldizka egiten diren ebaluazioetan hezkuntza administrazioari laguntzea.

u) Hezkuntza eta Kultura Departamentuari igortzea institutuko jardun eta egoera orokorrari buruzko urteko Memoria.

v) Irakasle, ikasle, ikasleen guraso eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek bilerak egiteko duten eskubidea bermatzea.

w) Eskola Kontseiluak proposaturik, ikasleei zehapen espedienteak ireki behar ote zaizkien erabakitzea, ikasleen eskubide eta betebeharrak arautzen dituzten lege-arauetan horri buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz.

31. artikulua. Zuzendariaren kargu-uztea.

1. Institutuko zuzendariak utzi eginen die bere eginkizunei bere agintaldia bukatzean edo kargugabetzeko honako arrazoietako bat delarik:

a) Eskola Kontseiluaren iritzia entzun ondoren, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak onartutako uko arrazoitua.

b) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak erabakitako kargugabetzea edo izendapena atzera botatzea artikulu honen 2 eta 3. idazatietan aurreikusita dagoen bezala.

c) Institutuan zerbitzuak emateari uzteagatik, dela lekualdaketa borondatezko nahiz derrigorrezkoa, dela zerbitzu berezietara pasatzea, eszedentzia borondatezkoa nahiz derrigorrezkoa hartzeagatik edo bestelako edozein arrazoirengatik.

2. Zuzendariak agintaldia bukatu baino lehen Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere kargutik kendu edo aldi baterako kargugabetu ahalko du administrazio espedientearen bidez, bere eginkizunetan ez-betetze larria egiten badu, beti ere Eskola Kontseiluak aurretik arrazoien txostena eginda eta interesatuari entzutea emanda.

3. Halaber, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zuzendariaren izendapena atzera botako du Eskola Kontseiluko kideen bi herenek horren aldeko botoa emanez gero. Erabaki hori hartu ahal izateko, Eskola Kontseiluaren bilera berezirako presako deia eginen da, gutxienez kideen heren batek idatziz eskatuta.

4. Artikulu honetako aurreko idazatietako inguruabarren bat gertatu eta zuzendariak agintaldia amaitu baino lehen kargua uzten badu, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, Eskola Kontseiluari aditu ondoren, jarduneko zuzendari bat izendatuko du, hurrengo deialdi arruntean beste zuzendari bat izendatu arte arituko dena.

5. Zuzendaria beste institutu batera lekualdatzen bada, behin-behineko nahiz behin betiko, edo jubilatzeko adinerako urtebete baino gutxiago gelditzen bazaio, berriz eginen dira hauteskundeak lehenbiziko deialdi arruntean. Zuzendariaren kargu-uztea eta hurrengoaren jabetza hartzea indarrean sartuko dira hurrengo uztailaren 1ean.

32. artikulua. Ikasketaburua, idazkaria, zuzendariordea eta kide bakarreko gobernu organo albokoak hautatu eta izendatzea.

1. Ikasketaburua, idazkaria eta halakorik badago zuzendariordea, irakasleak izanen dira, karrerako funtzionarioak edo mugagabeko lan kontratudunak, jardunean direnak eta institutu horretan behin betiko destinoa dutenak. Zuzendariak proposatuko ditu, Eskola Kontseiluari horren berri emanda, eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak izendatuko.

2. Erregelamendu honetako 27.3. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean diren irakasleak ezin izanen dira ikasketaburu, idazkari nahiz zuzendariorde izendatu.

3. Eratu berriak direlako edo beste edozein arrazoirengatik, artikulu honen 1. idazatian ezarritako baldintzak betetzen dituzten irakasleak ez dituzten institutuetan, Institutuko zuzendariak bertako beste irakasle batzuk proposa ditzake, nahiz eta behin betiko destinoa hantxe ez izan. Horien izendapena Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eginen du, Eskola Kontseiluaren iritzia entzun ondoren, halakorik bada.

Bestelako egoera berezietan ere, eta beti ere Hezkuntza zuzendari nagusiaren baimenarekin, eta Eskola Kontseiluari entzutea emanda, institutuko zuzendariak ahalmena izanen du bertako beste irakasle batzuk proposatzeko, behin betiko destinoa hantxe ez badute ere.

4. Ikasketaburu, idazkari eta zuzendariordearen agintaldia izendapena egin duen zuzendariari dagokiona izanen da, salbu eta Erregelamendu honen 36. artikuluan adierazten den edozein arrazoi dela kausa, agintaldia amaitu baino lehen kargutik kentzen dituztenean.

5. Institutuko zuzendariak Hezkuntza eta Kultura Departamentuari bidaliko dio ikasketaburu eta idazkari eta, halakorik bada, zuzendariorde karguak hartzeko hautatu dituen irakasleak izendatzeko proposamena. Izendapenaren eta kargua hartzearen ondorioak hauteskundeak egin eta hurrengo uztailaren 1ean hasiko dira.

6. Prozedura berbera erabiliko da kide bakarreko organo albokoak izendatzeko, beti ere Hezkuntza eta Kultura Departamentuak baimena emanda.

33. artikulua. Ikasketaburuaren eskumenak.

Honakoak dira ikasketaburuaren eskumenak:

a) Zuzendariak delegaturik eta haren agintepean, irakasleen buru izatea araubide ekonomikoari dagokion guztian.

b) Zuzendaria gaiso egon edo falta denean, haren ordez aritzea zuzendariorderik ez duten ikastetxeetan.

c) Zentroko Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra egiteko eta hobetzeko lanean parte hartzea eta haiek bete daitezen begiratzea.

d) Hezkuntza Proiektuari, etapako curriculum proiektuei eta Urteko Programazio Orokorrari dagozkien ekitaldi akademikoak eta orientaziokoak koordinatzea eta burutu daitezen begiratzea.

e) Kide bakarreko gainerako gobernu organoekin batera, ikasle eta irakasleen eskola ordutegia prestatzea, klaustroak onetsitako printzipioen arabera, eta Urteko Programazio Orokorrean den ordutegi orokorrarekin bat, zuzendariari aurkeztea behin-behinekoz onetsi dezan eta zuzen bete dadin begiratzea.

f) Tutoreen eta institutuko orientatzailearen lana koordinatu eta zuzentzea, Tutoretza Planaren arabera.

g) Institutuko jarduketak antolatzea, zentroko irakasleak prestatzeko Plana burutu ahal izateko moduan.

h) Ekitaldi akademikoak antolatzea.

i) Ikasleak antola daitezen bideak eman eta institutuan parte har dezaten bultzatzea.

j) Zuzendariak bere eskumeneko eremuan esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

34 artikulua. Idazkariaren eskumenak.

Honakoak dira idazkariaren eskumenak:

a) Institutaren araubide administratiboa antolatzea, zuzendariaren jarraibideen arabera.

b) Institutuan dauden kide anitzeko gobernu organoen idazkari aritzea, bilkuren aktak egin eta erabakien fede emaile aritzea, zuzendariak oniritzia emanda.

c) Institutuko liburu eta artxiboak zaintzea.

d) Agintariek eta interesatuek eskatzen dituzten ziurtagiriak luzatzea.

e) Institutuko inbentarioa egin eta egunera edukitzea.

f) Baliabide ikusentzunezko eta informatikoak eta material didaktikoa zaintzea eta nola erabili antolatzea.

g) Zuzendariak delegaturik eta haren agintepean, Institutuari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen buru izatea.

h) Institutuko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea.

i) Ikastetxearen araubide ekonomikoa antolatzea zuzendariaren jarraibideen arabera eta kontabilitatea eramatea.

j) Institutuko zainketa materialaren arduradun izatea alderdi guztietan, zuzendariaren jarraibideen arabera.

k) Hezkuntza Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzen eta zuzentzen laguntzea, zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera.

l) Zuzendariak bere eskumeneko eremuan esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

35. artikulua. Zuzendariordearen eskumenak.

1. Hauek dira zuzendariordearen eskumenak:

a) Zuzendariaren gaiso egon edo falta denean haren ordez aritzea.

b) Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Curriculum Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzen eta hobetzen parte hartzea, kasu horretan koordinatzaile lana eginaz zuzendaritza taldearen izenean, beti ere institutuko zuzendariaren aginte zuzenaren azpian.

c) Eskola Kontseiluaren jarraibideei kasu eginez, jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa prestatzea, departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak oinarri harturik, eta jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko horiek sustatu eta koordinatzea klaustroarekin, departamentuekin, ikasleen ordezkarien batzordearekin, guraso elkarteekin, ikasle elkarteekin eta, halakorik badago, beste erakundeekin.

d) Jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak koordinatzea eta egin daitezen begiratzea.

e) Eskola Kontseiluak jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoetarako esleitu dituen diru baliabideak nola banatu proposatzea, eta ikasturte bukaerako memoria bat prestatzea egindako jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoak ebaluatzeko. Memoria hori Zuzendaritza Taldeak Urteko Programazio Orokorra zenbateraino bete den adierazteko egin behar duen azken memorian sartuko da.

f) Departamentuburuen lanak koordinatzea.

g) Urteko Programazio Orokorrean biltzea zentroko Irakasleak Prestatzeko Plana, Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen proposamena oinarri harturik klaustroak egin beharrekoa.

h) Zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak, beti ere bere eskumenen barrenean.

2. Zuzendariorderik ez duten institutuetan, haren eginkizunak ikasketaburuak hartuko ditu bere gain.

36. artikulua. Ikasketaburu, idazkari eta zuzendariordearen kargu-uzteak.

1. Ikasketaburuak, idazkariak eta, halakorik badago, zuzendariordeak haiek hautatu zituen zuzendariaren agintaldia bukatzean utzi egingo dute kargua, eta bai honako inguruabarretako bat tarte delarik:

a) Arrazoizko ukoa, zuzendariak onartua, Eskola Kontseiluari entzun ondoren.

b) Zuzendaritza kargua duenak zentroan lan egiteari uzten badio, dela borondatezko edo derrigorrezko lekualdaketa egokitu, dela zerbitzu berezietara joan, borondatezko nahiz derrigorrezko eszedentzia hartzeagatik edo bestelako edozein kausarengatik.

c) Zuzendariaren erabakiaz, txosten arrazoituaren bidez, Eskola Kontseiluari jakinarazi ondoren.

d) Kide bakarreko gobernu organo horiek izateko, zentroak ikasle kopuru nahikoa ez badu.

e) Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ahalmena du ikasketaburua, idazkaria zein zuzendariordea administrazio espedientearen bidez kargutik kendu edo aldi baterako kargugabetzeko, beren eginkizunetan ez-betetze larriak egiten badituzte, hori guztia zuzendariak aurretik arrazoien txostena eginda, interesatuari entzutea emanda eta Eskola Kontseiluaren iritzia entzunda.

2. Ikasketaburu, idazkari edo zuzendariordearen kargu- uztea gertatzen bada, zuzendariak irakasle bat izendatuko du haren hutsa betetzeko, Erregelamendu honetako 32. artikuluan ezarritako bideari segituz. Agintaldia bukatuko zaio zuzendariari bukatzen zaion momentuan.

Proposamena Hezkuntza eta Kultura Departamentuari igorriko zaio, izendapena egin dezan.

3. Ikasketaburua, idazkaria edo zuzendariordea beste institutu batera lekualdatuz gero, behin-behineko nahiz behin betiko, kargua utzi beharko du. Kargu-uzteak bere ondorioak izanen ditu hurrengo uztailaren 1ean.

37. artikulua. Kide bakarreko gobernu organo albokoak.

Kide bakarreko gobernu organo albokoak, hau da, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Erregelamendu honen 32. artikuluko 4.b) artikuluan agindutakoari jarraikiz ezartzen dituenak, ondotik heldu bezala arautuko dira:

1. Alboko karguak hautatu, izendatu eta kargutik kentzeko prozedura Erregelamendu honetako 32. eta 36. artikuluetan ikasketaburu eta idazkarientzat eta zuzendariordearentzat, hurrenez hurren, ezarri den berbera izanen da.

2. Albokoen eskumenak izanen dira esleitzen dizkieten haiexek. Kargu homologoak dituen eginkizun guztiak esleitu ahalko zaizkie albokoei, ematen zaien arlo edo eraikinean erabil ditzaten.

3. Izendatu ondoren, albokoak zuzendaritza taldeko kide izanen dira. Alboko zuzendaria edo, bestela, alboko ikasketaburua ikastetxeko Eskola Kontseiluaren bileretara joanen da, hizpidea bai baina botorik gabe.

38. artikulua. Zuzendaritza taldeko ordezkapenak.

1. Zuzendaria gaisorik edo kanpoan baldin badago, zuzendariordeak hartuko ditu bere gain haren eginkizunak, eta horrelakorik ez badago, ikasketaburuak.

2. Ikasketaburua, idazkaria edo zuzendariordea gaisorik edo kanpoan denean, zuzendariak izendatzen duen zuzendaritza taldeko kideak edo irakasleak hartuko ditu bere eginkizunak, aurrez hala aditzera emanik institutuko Eskola Kontseiluari.

39. artikulua. Administratzailea.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zehazten dituen Bigarren Hezkuntzako institutuek administratzaile bat izanen dute, zeinek, zentroko zuzendariaren agintepean, idazkariaren zereginak hartuko baititu bere gain ondorio guztietarako.

2. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak eskua badu arautegi bat onesteko, Bigarren Hezkuntzako institutuko administratzaile lanpostuak nola bete eta haien eginkizunak zehaztuko dituena.

III. TITULUA

Irakaskuntzako koordinazio organoak

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

40. artikulua. Koordinazio organoak.

Bigarren Hezkuntzako institutuek irakaskuntza koordinatzeko organo hauek izanen dituzte:

a) Departamentu didaktikoak.

b) Orientabide Departamentua.

c) Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentua.

d) Tutoreak.

e) Taldeko irakasleen lantaldea.

f) Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

g) Prestakuntza Zikloaren Koordinatzailea.

II. KAPITULUA

Departamentu didaktikoak

41. artikulua. Departamentu didaktikoen definizioa eta osaketa.

1. Departamentu didaktikoak irakasleak institutuko bizitzan integratzeko aukera ematen duten lantaldeak dira, eta beren eskumenen barruan esleitzen zaizkien arlo, materia edo moduluei dagozkien irakaspenak eta jarduerak antolatu eta garatzeko ardura izanen dute. Irakasleek irakaskuntzaren antolaketan parte hartzeko duten bide arrunta dira, baita haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako bide iraunkorra ere, kideen arteko aldian aldiko bileren bidez.

2. Bigarren Hezkuntzako institutuetan departamentu didaktiko hauek eratu ahalko dira: Arte Plastikoak, Natur Zientziak, Gorputz eta Kirol Hezkuntza, Filosofia, Fisika eta Kimika, Frantsesa, Geografia eta Historia, Grekera, Ingelesa, Latina, Gaztelania eta Gaztelaniazko Literatura, Euskara eta Euskal Literatura, Matematika, Musika, Erlijioa eta Teknologia. Halaber, atzerriko beste hizkuntzen departamentuak eta erregelamendu bidez ezartzen diren guztiak ere eratu ahalko dira. Berariazko Lanbide Heziketa ematen den institutuetan lanbide-arloko departamentuak eratuko dira. Horietan bilduko dira lanbide-arlo bereko prestakuntza zikloetan eta berme sozialeko programetan Berariazko Lanbide Heziketa ematen duten irakasleak, baldin eta beste departamentu batekoak ez badira. Dena den, institutuetan lanbide-arlo batzuetarako departamentu bat baino gehiago eratu ahalko dira, lanbide-arlo bakoitzaren koordinazio didaktikorako beharren arabera.

3. Departamentu bakoitzari dagozkion arlo, materia edo moduluen irakaspenak ematen dituzten irakasle guztiek osatuko dituzte departamentu didaktikoak. Irakasleek departamentuburuak deitutako bileretara joan beharra izanen dute.

Departamentu bati atxikita dauden irakasleak beste bati ere atxiki ahalko zaizkio, horko arlo edo materiaren bat ematen baldin badute. Espezialitate bat baino gehiago duten irakasleak edo espezialitate bati baino gehiagori loturiko plaza dutenak lekualdatze lehiaketaren bidez edo beste edozein prozeduraren bidez lortu duten plazari dagokion departamentukoak izanen dira, nahiz eta arestian adierazitakoaren indarrez, beste departamentu batzuei ere atxiki ahal zaizkien.

Departamentu didaktiko batekoak izanik, arestian adierazitakoaren ondorioz, beste departamentu bati atxikita dauden irakasleek dagokien departamentu didaktikoaren bileretara joan beharko dute eta atxikirik dauden departamentuen jarraibideei men egin, ematen dituzten departamentu horietako arlo edo materien irakaskuntza jardunaren funtzionamendu egokia bermatzearren.

4. Departamentu batean integratzen badira espezialitate bateko baino gehiagoko irakasleak, espezialitate bakoitzeko arlo, irakasgai edo moduluen programazioa egitea eta eskola ematea espezialitate bakoitzeko irakasleei dagokie.

5. Zentroan ematen den materia edota moduluren bat departamentu bati atxikia ez bada edota departamentu bateko baino gehiagoko irakasleek emateko ahalmena baldin badute eta, gainera, indarrean dagoen arautegian horiek emateko lehentasuna zehaztua ez badago, zuzendariak atxikiko dizkio aipatu irakaspenak horrelako departamentuetako bati, beti ere Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak proposaturik. Departamentu horrek materia eta modulu horien inguruko eginkizunen ardura hartuko du, Erregelamendu honetako hurrengo artikuluan esaten denari jarraikiz.

42. artikulua. Departamentu didaktikoen eginkizunak.

Departamentu didaktikoen eginkizunak hauexek dira:

a) Institutuaren Hezkuntza Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzen eta, behar bada, zuzentzen parte hartzea eta behar diren proposamenak igortzea zuzendaritza taldeari eta klaustroari.

b) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari etapako Curriculum Proiektuaren prestaketari eta, behar bada, aldaketari buruzko proposamenak egitea.

c) Departamentuburuaren koordinazio eta zuzendaritzapean, eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako oinarrizko ildoak kontuan hartuz, departamentu bakoitzeko arlo, materia eta moduluei dagozkien irakaskuntzen programazio didaktikoa egitea, Curriculum Proiektuan sartzeko. Halaber, behar diren curriculumaren egokitzapenak prestatu beharko ditu.

d) Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa sustatzea. Horretarako, prestatu eta hobetzeko jarduerak proposatuko dira haien irakasteko gaitasuna egunera dadin.

e) Baliabideak eta bitarteko egokiak hautatzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak sustatu eta errazten dituztenak.

f) Orientabide Departamentuarekin elkarlanean aritzea, ikaskuntza arazoak garaiz antzeman eta aurreneurriak ipintzeko, bai eta premia duten ikasleentzat curriculum egokitzapenak programatu, prestatu eta aplikatzeko ere. Halaber, curriculum desberdinak eratzeko programetako arlo berariazkoen programazioa prestatzen ere elkarlanean jardunen dute.

g) Jarduera osagarriak programatu eta aurrera eramatea.

h) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei gainditu ez dituzten arlo edo irakasgaietan laguntzea eta, batxilergoko prestakuntza zikloetan gainditu gabeko materiak edo moduluak dituzten ikasleentzat eta, hala behar denean, ikasle libreentzat beharrezko diren probak antolatu eta egitea.

i) Ikasleek ebaluazio prozesuan eginiko erreklamazioei buruzko ebazpenak ematea, indarra duen arautegiari lotuz.

j) Departamentuaren menpean dauden aukerazko materiak proposatzea, bertako irakasleek emanen dituztenak.

k) Kurtsoaren Amaierako Memoria prestatzea, honako hauek barne: programazio didaktikoa nola bete den baloratzea, Curriculum Proiektuan sartzeko egin daitezkeen aldaketak zehaztea, jarduera osagarriak, lortutako emaitzak eta Departamentuaren beraren funtzionamendua.

43. artikulua. Departamentuko bilerak.

1. Departamentu didaktikoek ikasturtean zehar behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Bilera horietara kide guztiek joan beharko dute.

2. Irailean departamentuek bilerak eginen dituzte Batxilergo eta Heziketa Zikloetan izandako ebaluazioen emaitzak aztertzeko eta hurrengo urteko arlo, materia eta moduluen programazioa prestatzeko. Azken programazio hori Urteko Programazio Orokorrari atxikiko zaio Curriculum Proiektuaren zati bat bezala.

Ikasturtean zehar, departamentu didaktikoetako kideek gutxienez astero bilera bat eginen dute.

Ekainean, ikastaldia amaitzean, departamentu didaktikoek behar adina bilkura eginen dituzte ikasturtean burututako lana, lorpenak eta hurrengo ikasturteari begira behar diren zuzenketak aztertzeko, eta amaierako Memoria idatziko dute. Amaierako Memoria hori institutuko Zuzendaritzari emanen zaio, institutuak Urteko Programazio Orokorrari buruz Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari igorri behar dion Memorian sartzeko.

3. Bilkura bakoitzari dagokion akta departamentuaren akta liburuan idatzi beharko da. Akta horiek departamentuburuak idatzi eta sinatu beharko ditu.

4. Departamentu guztiek lehen aipatutako akta liburuaz gainera inbentario liburu bat edukiko dute, eta horretan adieraziko departamentuak erabiltzen duen material inbentariagarri guztiaren zerrenda.

Halaber, departamentuak ikasleak ebaluatzeko balio izan duten proba eta dokumentu guztiak gordeko ditu, harik eta ikasleen erreklamazioetarako epeak burutu arte.

44. artikulua. Departamentuburua izendatzea eta karguaren iraupena.

1. Departamentu didaktiko bakoitzaren ardura buru batek izanen du, institutuko zuzendariak izendatua, eta karguan ikasturte batez arituko da.

2. Departamentuko buru izanen da Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko irakasle bat, espezialitate horretakoa, hain zuzen ere, katedratiko gisa antzinatasun handiena duena, beti ere ikastetxean behin betiko destinoa baldin badu.

Bi irakasle edo gehiago antzinatasun berekoak baldin badira katedratiko mailan, izendapena egiterakoan kontuan hartuko da katedratiko izaera eskuratzeko oposizio lehiaketan edo lehiaketan erdietsitako ordena.

3. Katedratikoa izan eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Bigarren Hezkuntzako irakasle bakarrik ere ez badago, zuzendariak departamentuko kideen artean izendatuko du departamentuburua, haiei entzutea eman ondoren. Lehentasuna izanen dute, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak izanik, ikastetxe horretan behin betiko destinoa duten espezialitate horretako irakasleek.

Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegokoak izan eta ikastetxe horretan behin betiko destinoa duen espezialitate horretako irakaslerik ez badago, espezialitate horretako lizentziatura titulua edo horren baliokidea izanik, ikastetxean behin betiko destinoa duen beste irakasle bat hautatuko du, nahiz eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegokoa ez, baizik eta beste irakaskuntzako kidego batekoa izan. Horrelakorik ez badago, zuzendariak Departamentuko beste irakasle bat izendatuko du, departamentuko kideei entzunaldia eman ondoren.

45. artikulua. Departamentu didaktikoetako buruen eginkizunak.

Departamentuburuaren eginkizunak hauek dira:

a) Erregelamendu honek departamentu horri esleitutako eginkizunei dagozkien jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

b) Departamentuak egiten dituen bilerak antolatu, horietarako deia egin eta haien buru izatea. Halaber, bilkura bakoitzean egin beharreko akta idatzi eta sinatzea, nahitaez Akta Liburuan bildu beharko dena.

c) Honako eginkizun hauetan parte hartu eta horien ardura izatea: curriculum proiektuak egiteak dakartzan lanetan, departamentuak Hezkuntza Proiektua eta Urteko Programazio Orokorra prestatzeko izan behar duen ekarpenean, departamentuak bere baitan hartzen dituen arlo, materia edo moduluen programazio didaktikoa eta ikasturte amaierako Memoria idazten eta, kasuan-kasuan, zehazten diren curriculum egokitzapenak prestatzen.

d) Departamentuaren programazioa bete dadin eta ebaluazio irizpideak behar bezala aplika daitezen begiratzea eta lan horren koordinazioa egitea.

e) Ikasleei jakinaraztea departamentuko arlo, materia eta moduluen programazio didaktikoa, bereziki helburuak, gutxieneko jakite-maila eta ebaluazio irizpideak.

f) Gainditu gabeko materiak edo moduluak dituzten Batxilergo edo hezkuntza zikloetako ikasleentzako eta ikasle libreentzako probak eta bestelako proba bereziak antolatu, prestatu eta gainbegiratzea, Ikasketaburutzarekin koordinatuta. Egin beharreko ariketen arduradun izanen da eta ebaluatuko ditu departamentuko beste kideekin batera.

g) Departamentuari dagozkion arlo eta materiak gainditu gabe dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei eman beharreko laguntza koordinatzea.

h) Ikasleen ebaluazio prozesuan erreklamazio prozedura erabiltzeko bidea ziurtatzea, indarrean dagoen arautegiari jarraikiz.

i) Ikasleak baloratzeko balio izan duten probak eta dokumentuak gordetzea.

j) Zuzendariari, ikasketaburuari edo kasua bada zuzendariordeari departamentuan sor daitekeen edozein arazoren berri ematea.

k) Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, aldian aldiko bilerak departamentuko kideen auto-prestakuntzarako lagungarri izan daitezen. Halaber, barne nahiz kanpo prestakuntzarako jarduerak sustatzea, irakasleak didaktikoki eta zientifikoki eguneratzeko.

l) Espazio eta instalazioen antolaketa koordinatu, departamentuari dagokion material eta ekipamendu berezia erostea proposatu eta horien mantenimendua zaintzea.

m) Inbentario liburua eguneratzen dela bermatzea.

n) Departamentuaren irakaskuntza lanen eta horren proiektu eta jardunen ebaluazioa sustatzea.

ñ) Institutuko gobernu organoek edo hezkuntzako administrazioak, ikastetxearen funtzionamendua eta jarduerak ebaluatzeko sustatzen dituzten ebaluazioetan laguntzea.

2. Lanbide-arloetako departamentuetako buruek aurreko idazatian departamentuburu guztientzat ezarri eginkizunak izanen dituzte eta, horiez gain, hauexek:

a) Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko buruari laguntzea Eskola-Enpresa harremanak garatzen.

b) Zikloko koordinatzailearekin batera, lantokietan egin beharreko prestakuntza moduluak antolatzea eta zehaztea.

3.a) Ikastetxean ematen den prestakuntza ziklo bakoitzeko koordinatzaile bat izendatuko da, urte baterako. Koordinatzaile hori zuzendariak hautatuko du, kasuan kasuko departamentuburuaren iritzia entzun ondoren.

b) Prestakuntza zikloaren koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

-Lanbide-arlo horretako departamentuburuaren gainbegiradapean, zikloko irakasle taldearen koordinazio bileren buru izatea.

-Zikloan sartzeko probak prestatzen eta ebaluatzen laguntzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak horretarako ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

-Prestakuntza Zikloa ezarri eta garatzeko behar diren prestakuntza beharrak diagnostikatzea.

-Zikloan behar diren baliabide materialak adierazi eta horiek erosteko behar diren kudeaketak egitea.

-Modulu, materia edo ziklo batean baino gehiagotan erabiltzen diren gune eta baliabide didaktikoak arrazionalizatzea eta koordinatzea.

c) Eginkizun horiek kasuan kasuko lanbide-arloko departamentuburuarekin batera gauzatuko ditu, prestakuntza ziklo horretarako egin diren curriculum proiektuen esparruan.

III. KAPITULUA

Orientabide departamentua

46. artikulua. Orientabide Departamentuaren osaketa.

Bigarren Hezkuntzako institutu guztietan Orientabide Departamentua eratuko da, honela osatuko dena:

a) Ikasketaburua, departamentuburua izanen baita, eta, halakorik bada, alboko ikasketaburua.

b) Institutuko orientatzailea, ikasketaburua ez dagoenean horren ordez arituko dena.

c) Hizkuntza eta gizarte arloetako irakasleak.

d) Zientzia eta teknologiaren arloetako irakasleak.

e) Praktika arloko irakasle teknikoak.

f) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ziklo bakoitzetik tutore-koordinatzaile bat, Batxilergoko tutore- koordinatzaile bat eta beste bat Prestakuntza Zikloetakoa, horrelakoak ematen dituzten institutuetan.

g) Hezkuntza Bereziko irakasle espezialista bat; zentro bateko behar bereziak direla medio, Hezkuntza Bereziko beste espezialista batzuk ere izan daitezke.

h) Berariazko Lanbide Heziketa ematen duten institutuetan Kanpoko Lanbide Jardueren departamentuburua ere Orientabide Departamentuan sartu ahalko da.

47. artikulua. Orientabide Departamentuaren eginkizunak.

Orientabide Departamentuak eginkizun hauek hartuko ditu bere gain:

a) Koordinazio Pedagokikorako Batzordeak ezarritako jarraibideekin bat, Hezkuntza, Lanbide eta Psikopedagogi Orientabiderako Planaren eta Tutoretza Planaren proposamenak egitea eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari igortzea, eztabaidatu eta, ondoren, etapako Curriculum Proiektuan sartzeko.

b) Tutoretza Plana eta Hezkuntza, Lanbide eta Psikopedagogi Orientabiderako Plana zuzendu eta koordinatzea, bereziki ikasleak ziklo edo etapaz aldatu behar direnean eta ikasketa, prestakuntza eta lanbide aukeren artean hautatu behar dutenean, eta orobat Plana garatu eta betetzeko laguntza ematea, etapako curriculum proiektuetan ezarritakoarekin bat.

c) Premia bereziak dituzten ikasleei dagozkien curriculum egokitzapenak jartzeko aurreikusi diren irizpide eta prozeduren proposamenak egitea eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari igortzea, eztabaidatu eta, ondoren, etapako curriculum proiektuetan sartzeko.

d) Institutuko irakasleekin elkarlanean aritzea ikaskuntza arazoak aurreikusi eta hautemateko, eta arazo horiek dituzten ikasleei zuzendutako curriculum egokitzapenak programatu eta planifikatzeko.

e) Aldez aurretik ebaluazio psikologikoa eta pedagogikoa egitea, ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusitakoa, zeinaren bidez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion irakaskuntza minimoak ezartzen baitira.

f) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean, ekainaren 14ko 1007/1991 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ikasketen eta lanbidearen etorkizunaren gainean ikasleari eman beharreko aholkularitza orientatzailean parte hartzea.

g) Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari aholku ematea Curriculum Proiektuaren alderdi psikopedagogikoetan.

h) Berariazko Lanbide Heziketa ematen den institutuetan, lan eta lanbide orientabidea koordinatzea arlo horretan eskumena duten beste administrazio edo erakundeekin.

i) Curriculum ezberdinak eratzeko programetako arlo berariazkoen programazioa egitea, ukituta dauden departamentu didaktikoekin batera.

j) Ikasturtean zehar egindako lanari buruzko balorazioa egitea eta Eskola Kontseiluari Urteko Memoria aurkeztea, horrek onets dezan.

48. artikulua. Orientabide Departamentuko buruaren eskumenak.

1. Orientabide departamentuburuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Departamentuaren jardueren plana eta kurtsoaren amaierako Memoria erredaktatzea.

b) Departamentuaren jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

c) Etapako curriculum proiektuak egiten laguntzea.

d) Departamentuaren mantenimenduaz arduratzea, ekipamendu eta materialari dagokienez.

e) Ikasleei departamentuko jardueren berri ematea.

f) Departamentuko bileretarako deia egin eta horietan buru izatea, hala bilkura arruntetan nola berezietan, eta horietako aktak egitea.

g) Departamentuetako proiektu eta jardueren ebaluazioa sustatzea.

h) Institutuko gobernu organoek edo hezkuntza administrazioak, ikastetxearen funtzionamendua eta jarduna baloratzeko, sustatzen dituzten ebaluazioetan laguntzea.

i) Departamentuaren Jarduera Plana bete dadin begiratzea.

2. Aurreko zenbakian aipatu eskumenak erabiltzeko ikasketaburuak departamentuko kideen lankidetza izanen du, batez ere orientatzailearena, eta horietako edozeini delegatu ahalko dizkio egoki juzkatzen dituen eskumen guztiak.

3. Bigarren Hezkuntzako institutuetako Orientabide Departamentuan batzordeak eratu ahalko dira arreta bereziaren beharra duten sektoreei laguntzeko.

IV. KAPITULUA

Kanpoko lanbide jardueren departamentua

49. artikulua. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuaren definizioa, osaketa eta eginkizunak.

1. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentua eratu ahalko da Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuetan. Departamentu hori izanen da, zuzendariarekin batera, ingurune produktiboari zuzendurik institutuak egiten dituen jarduerak sustatu, kudeatu eta koordinatzeko arduraduna, eta espreski, ikasleei lantokietan prestakuntza ematea eta graduatuondoko eta langileendako prestakuntza jarduerak koordinatzea helburua dutenak.

2. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentua honako hauek osatuko dute:

a) Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko burua.

b) Lanbide-arloetako departamentuetako buruak.

c) Lantokietako Prestakuntzaren moduluetako irakasle arduradunak.

3. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxearen eragin esparruko ingurune produktibo eta sozialarekin lankidetza harremanak sustatzea, lanbide prestakuntzarako jarduerak sustatu eta kudeatzeko asmoz.

b) Ikastetxean ematen diren Prestakuntza Zikloei dagokienez, Lantokietako Prestakuntzaren Moduluaren plangintza egin eta kudeatzea, lanbide-arloetako departamentuetako buruekin batera.

c) Lantokietan egin beharreko Prestakuntzaldiaren Programa planifikatu eta kudeatzea.

d) Lantokietako Prestakuntzaren emaitzak ebaluatzea, lanbide-arloetako departamentuekin batera.

e) Eskola-enpresa harremanen eta Lantokietako Prestakuntzaren jarraipena egitea.

f) Lantokietako Prestakuntzaren modulua egiteko enpresak bilatu eta hautatzea, lanbide-arloetako departamentuekin batera.

g) Institutuko ikasle eta ikasle ohiendako lan boltsa kudeatzea.

h) Europako Batasunak edo beste erakunde edo instituzio batzuek antolatzen dituzten Hezkuntza eta Lanbide Programetako parte hartzea kudeatzea.

i) Prestakuntza modulu jakin batzuk emateko behar diren irakasle espezialistak kontratatzeko kudeaketan laguntzea.

50. artikulua. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko buruaren hautapena eta eskumenak.

1. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko burua, Institutu horretan behin betiko destinoa izanik, jardunean dagoen irakasle bat izanen da, karrerako funtzionario edo mugagabeko lan-kontratua duena. Institutuko zuzendariak hautatuko du, urte baterako, Lanbide Heziketako departamentuetako buruen iritzia jaso ondoren.

2. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko buruak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Departamentuaren Jarduera Plana eta urte amaierako Memoria prestatzea.

b) Departamentuaren jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

c) Hezkuntza Proiektua prestatzen laguntzea, Institutuan egin beharreko kanpoko lanbide jarduerei dagokienez.

d) Eskola-enpresaren harremanen arloan, curriculum proiektuak egiten laguntzea.

e) Enpresa eta erakundeekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko behar diren kudeaketak egitea.

f) Ingurune sozial eta produktiboari begira antolatzen diren prestakuntza jarduerak kudeatzea, zuzendaritza taldearekin batera.

g) Lantokietako Prestakuntzaren modulua egiteko jarraibideak zehaztea eta irakasleei jakinaraztea.

h) Lantokietako Prestakuntza edo ikastetxetik landa egiten diren bestelako prestakuntza jarduerak egiteko behar den dokumentazioa behar bezala prestatu eta tramitatzen dela gainbegiratzea.

V. KAPITULUA

Tutoreak

51. artikulua. Tutoretza eta irakasle-tutoreen hautapena.

1. Ikasleen tutoretza eta orientazio lana irakasle funtzioen atal bat da.

2. Bigarren Hezkuntzako institutuetan, ikasle taldeek irakasle-tutore bana izanen dute, bederen. Tutorea institutuko zuzendariak izendatuko du ikasketaburuak proposaturik, taldean irakasten duten irakasleen artean. Ikasketaburua arduratuko da tutoreen arteko koordinazioaz eta haiekin behar adina bilera eginen ditu.

3. Ikasleen beharrek hala eskatzen duten kasuetan, ikasle talde berezietako tutoreak izendatu ahalko dira gainerako irakasleen artetik, ikasketaburuak esleituko dizkien tutoretza lanak betetzeko, kasuan kasuko taldearen tutorearekin batera. Talde berezietako tutoreak ez dira zuzendaritza taldeko kideak izanen ez eta departamentuko buruak, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

52. artikulua. Irakasle-tutoreen eginkizunak.

1. Irakasle-tutoreek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Tutoretza planaren eta hezkuntza orientabiderako planaren garapenean parte hartzea, Orientabide Departamentuaren jarraibideei jarraikiz.

b) Ikasleek hezkuntza eta lanbide mailan dituzten ahalbideei buruz orientabideak eta aholkua ematea. Horren barnean dago aukerako materiak hautatzen laguntzea.

c) Ikasleen interesak ezagutu eta taldean zein eskola bizimoduan integratzen laguntzea eta parte hartzeko jarrerak bultzatzea haiengan.

d) Bere taldeko ikasleen ebaluazio prozesua koordinatu eta ebaluazio saioak antolatu eta bertan buru izatea.

e) Taldeko irakasle taldearen hezkuntza lana koordinatzea. Horretarako, programazioa eta irakasteko praktika curriculum proiektuan eta ikastetxeko urteko Programazio Orokorrean adierazitakoaren araberakoa ote diren begiratuko du, lantaldearekin egin beharreko bileren bidez.

f) Orientabide Departamentuak deitutako bileretan parte hartu eta, Ikasketaburutzak ezarritako moduan, hari laguntzea.

g) Ikasleekin aldizkako bilerak egitea, multzoka edo bakarka.

h) Haren ardurapeko ikasleen dokumentazio akademikoa betetzea.

i) Ikasleen arazo eta beharrak bideratzea eta sortzen diren arazoetan bitarteko lanak egitea, bai gainerako irakasleekin bai Zuzendaritza Taldearekin.

j) Taldeko guraso, irakasle eta ikasleei informazioa ematea irakaskuntzako jarduera eta ikasketen errendimenduari buruz, eta familiei asistentzia hutsegiteen berri ematea, bai eta haiekin behar diren bilerak egitea ere.

k) Irakasleen eta ikasleen gurasoen artean hezkuntza arloko lankidetza bultzatzea.

2. Lanbide Heziketako prestakuntza zikloen kasuan, talde bakoitzeko tutorea, zikloko beste modulu batean eskolak emateaz gain, Lantegietako Prestakuntzaren moduluaren irakasle arduraduna izanen da. Irakasle-tutore hori Ikastetxeko zuzendariak hautatuko du, ikasle talde horri eskolak eman eta ikastetxean behin betiko destinoa duten irakasleen artean. Aurreko idazatian adierazitako ohizko tutoretza lanez gain, honako hauek ere izanen ditu:

a) Enpresekin harremanak izatea, Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuak ezarritako protokoloen arabera, ikasleek lantokietan egin beharreko egonaldien egun eta orduak finkatzeko.

b) Lantokietako Prestakuntzaren Moduluaren programazioa garatzea, kasuan kasuko lanbide-arloko Departamentu Didaktikoak erabakitakoari jarraikiz. Horretarako, lantokietan egin beharreko prestakuntza programaren arduraduna izateko enpresak hautatzen duen ordezkariarekin behar diren harremanak izanen ditu.

c) Lantokietako Prestakuntzaldiaren garapenari buruzko informazioa biltzea, ikaslearen ikasketa prozesua eta programaren beraren garapena baloratzeko.

d) Lantokietako Prestakuntzaren modulua garatzean, sortzen diren arazo arruntak bideratu eta, ahal bada, konpontzea.

e) Lantokietako Prestakuntzaren modulua egiten den bitartean, ikasleak aldiro atenditzea ikastetxean bertan.

f) Zikloko gainerako irakasleekin batera, Lantokietako Prestakuntzaren modulua egin duten ikasleak ebaluatzea, kontuan hartuz, besteak beste, enpresaren tutoreak horri buruz ematen duen txostena.

VI. KAPITULUA

Taldeko irakasleen lantaldea

53. artikulua. Irakasleen lantaldearen osaketa eta funtzionamendua.

1. Ikastaldeko irakasleen lantaldea ikasle horiei eskolak ematen dizkieten irakasle guztiek osatuko dute, tutore baten koordinaziopean.

2. Irakasle taldeak bilerak eginen ditu ebaluazioari buruzko arauetan xedatutakoaren arabera, baita ere, ikasketaburuak deitzen dituenean, taldeko tutoreak proposaturik.

54. artikulua. Irakasleen lantaldearen eginkizunak.

Irakasleen lantaldeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Taldeko ikasleen ebaluazioa eta segimendu orokorra egitea eta haien ikasketa prozesua hobetzeko behar diren neurriak hartzea.

b) Taldeko giroa hobetzeko behar diren jarduerak aurreikustea.

c) Taldean sortzen diren arazoei era koordinatu batean aurre egitea eta horiek konpontzeko egoki diren neurriak hartzea.

d) Taldeko ikasleei proposatzen zaizkien irakaskuntza eta ikasketa jarduerak koordinatzea.

e) Taldeko ikasleen guraso edo tutoreei ematen zaien informazioa ezagutzea eta hori prestatzen laguntzea.

f) Ikastetxeko barne-araudiak ezartzen dituen gainerakoak.

VII. KAPITULUA

Koordinazio pedagogikorako batzordea

55. artikulua. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen osaketa.

Bigarren Hezkuntzako institutuetan Koordinazio Pedagogikorako Batzordea izanen dute, hauek osatuko dutena: zuzendaria, batzordeburu lanetan, ikasketaburua eta zuzendariordea, horrelakorik bada, departamentuburuak eta zentroko orientatzailea. Zuzendariak idazkari bat izendatuko du Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko kideen artean.

Kide bakarreko gobernu organo albokoak dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuetan, alboko zuzendaria edo horrek izendatzen duena eta, horrelakorik egon ezean, alboko ikasketaburua ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko partaide izanen dira.

56. artikulua. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eginkizunak.

Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Etapako curriculum proiektuen prestaketa zuzendu eta koordinatzea, baita horien aldaketena ere, eta idazketa horren arduraduna izatea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, etapako curriculum proiektuak egiteko artezpide nagusiak ezartzea. Proiektu hori departamentu didaktikoek garatuko dute programazio didaktikoak egitean eta Orientabide Departamentuak hezkuntza orientabiderako planak eta tutoretzako planak egitean, horrela ziurtatzen baita curriculum proiektuen koordinazioa eta barne koherentzia.

c) Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren, etapako curriculum proiektuen eta urteko Programazio Orokorraren arteko koherentzia bermatzea.

d) Curriculum proiektuak eta horien aldaketak klaustroari proposatzea, horrek ebaluatu eta onetsi ditzan.

e) Ikastetxeko irakaskuntza jardueran etapako curriculum proiektuak betetzen direla eta horien ebaluazioa egiten dela begiratzea.

f) Klaustroari proposatzea ebaluazio eta kalifikazio bileren plangintza orokorra eta azterketak edo deialdi berezietako probak egiteko egutegia, ikasketaburuarekin ados.

g) Ikastetxeko irakasleen Prestakuntza Plana egiteko proposamena klaustroari igortzea.

h) Irakasleen klaustroari proposatzea etapa bakoitzeko curriculum proiektua, Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra, Institutuaren eskola errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua ebaluatzeko Plana.

i) Institutuaren jarduera eta proiektu guztien ebaluazioa sustatzea, gobernu organoen edo hezkuntza administrazioaren ekinbidez egiten diren ebaluazioetan laguntzea eta, ebaluazio horien ondorioz, beharrezkotzat jotzen diren hobekuntza planak sustatzea.

j) Ikasturte amaieran, Eskola Kontseiluari Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen funtzionamenduari buruzko txosten bat igortzea, ikasturte amaierako Memorian sartuko dena.

IV. TITULUA

Institutuen autonomia

I. KAPITULUA

Autonomia pedagogikoa

57. artikulua. Institutuen autonomia pedagogikoa.

Institutuek autonomia izanen dute antolaketa eta pedagogia arloetan nahi duten kudeaketa eredua aukeratzeko. Hori guztia hezkuntza eta curriculum proiektuetan eta barne-araudian azaldu eta bildu beharko da.

58. artikulua. Hezkuntza Proiektua.

1. Hezkuntza Proiektua ikastetxearen plangintza instituzionalaren lanabesa da, hezkuntza komunitateak adostutako hezkuntza asmoak gauzatzeko eta ikastetxearen jarduera multzoari bere zentzua eman eta jarduera horiek bideratzeko balio duena. Hezkuntza Proiektu hori egitea zuzendaritza taldeari dagokio.

2. Institutuek Hezkuntza Proiektua prestatzean honako alderdiok hartu beharko dituzte kontuan: ikastetxeko egoera sozio-ekonomiko eta kulturala, ikasleen hezkuntza behar berariazkoak, Eskola Kontseiluak emandako jarraibideak, klaustroak egindako proposamenak eta ikasleen ordezkarien Batzordeak eta ikasleen guraso elkarteek egindako ekarpenak. Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du eta honako alderdi hauek bildu beharko ditu:

a) Ikastetxearen ezaugarriak.

b) Eskola komunitateak ezarritako hezkuntza helburuak eta ikastetxeak bultzatu nahi dituen hezkuntza baloreak.

c) Hezkuntza arloko esku-hartze, orientazio eta ebaluzioari begira, Ikastetxeak dituen oinarrizko printzipio eta irizpideak.

d) Ikastetxearen antolaketaren egitura, eskola komunitatearen sektore guztien arteko lankidetza eta parte hartzean oinarritu beharko dena eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 1 eta 2. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako helburuak lortu eta printzipioak betetzeko asmoz bideratu beharko dena.

e) Barne-araudia.

f) Udalerriko gizarte eta hezkuntza zerbitzuekin izan behar duen koordinazioari eta erakunde publiko eta pribatuekin aurreikusitako harremanei buruzko erabakiak, ezarritako helburuak errazago lortzearren hartu beharrekoak.

3. Ikastetxeen hezkuntza proiektua jendaurrean jarriko da, hala nola ikastetxeari buruzko informazioa eta ikasle eta gurasoentzako orientazioa biltzen duten gainerako agiriak, horrela hezkuntza komunitatea osatzen dutenen inplikazioa ahalik eta handiena izan dadin.

59. artikulua. Etapako Curriculum Proiektua.

1. Etapako Curriculum Proiektua curriculuma osatzen duten elementu guztien inguruan harturiko erabaki multzo bat da. Horren helburua da ikaslearen prestakuntza osoari erantzuna ematea, beti ere ikastetxearen errealitatea kontuan harturik, eta etapako irakasleen jarduketa guztien arteko lotura ziurtatzea.

2. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak institutuan ematen diren hezkuntza etapa guztietako curriculum proiektuen prestaketa koordinatuko du, curriculum ofizialaren, Hezkuntza Proiektuaren, klaustroak ezarritako irizpideen eta departamentuek egindako proposamenen arabera, eta haien erredakzioaren arduraduna izanen da. Gainera, lanketa prozesuan etapako irakasleek ere parte har dezaten sustatuko du Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak.

3. Etapako curriculum proiektuak eta horien urteko aldaketak irakasleen klaustroak ebaluatu eta onetsi beharko ditu.

4. Etapako curriculum proiektuek, ikasketa planean eragina duten Hezkuntza Proiektuaren jarraibideak kontuan harturik, honako alderdi hauek jasoko dituzte:

1.a. Curriculumak koordinatzeko honako neurri hauek:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Berariazko Lanbide Heziketako helburu orokorrak ikasleen ezaugarrietara eta ikastetxearen inguru sozioekonomiko eta kulturaletara egokitzeko neurriak eta helburu horiek behar bezala lortzeko hartu behar direnak.

b) Metodologia didaktikoari buruzko erabaki orokorrak.

c) Ikasleak ebaluatu eta mailaz igotzeko prozesuaren irizpide nagusiak.

d) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumean, kasuan kasuko arlo eta jarduera didaktikoen bidez, zeharkako edukinak sartzeko behar diren orientabideak.

e) Erabili behar diren curriculum materialak eta baliabide didaktikoak.

f) Ebaluatzeko irizpideak eta, hala behar balitz, ikasketa prozesuak, irakasleen irakasbidea eta curriculum proiektua bera aldatzekoak.

g) Batxilergoko curriculum proiektuen kasuan, institutuan ematen diren batxilergo mota bakoitzerako proposaturiko bideen antolamendua.

2.a. Aniztasunari kasu berezia egiteko Plana, honako alderdi hauek bildu beharko dituena:

-Aniztasunari kasu berezia egiteko, behar diren giza baliabide eta materialen antolamendua.

-Curriculum arloko neurriak: arloren batean, sendotu eta zabaltzeko jardueren programazioa.

-Aukerazko materiak.

-Curriculum ezberdinak eratzeko programak.

-Curriculumetan egin beharreko egokitzapenak egiteko irizpideak, horrelakorik behar duen ikaslerik baldin badago.

3.a. Hezkuntza Orientabiderako Plana eta Tutoretza Plana.

4.a. Departamentuetako programazio didaktikoak, Erregelamendu honen 60. artikuluan arautu direnak.

60. artikulua. Programazio didaktikoak.

1. Departamentu didaktiko bakoitzak atxikirik edo integraturik dituen arlo, materia eta moduluei dagozkien irakaskuntzetako programazio didaktikoak prestatu beharko ditu, Erregelamendu honetako 41. artikuluko 3, 4 eta 5. idazatietan ezarritakoari jarraikiz, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eman eta Curriculum Proiektuan bilduriko irizpide orokorrak garatuz.

2. Departamentuetako programazio didaktikoetan honako alderdi hauek zehaztu beharko dira, arlo, materia eta modulu bakoitzean:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan, curriculumaren antolamendua, hau da, xedeak, oinarrizko edukinak eta garatu beharrekoak eta lehen zikloan nahiz bigarren zikloaren kurtso bakoitzean erabiliko diren ebaluazio irizpideak.

b) Batxilergoan eta heziketa zikloetan, ikasturte bakoitzeko helburuak, edukinak eta ebaluazio irizpideak.

c) Oinarrizko edukinak eta garatu beharrekoak kasuan kasuko ziklo edo ikasturtean nola banatuko diren zehaztea.

d) Lortu nahi diren helburuak eta horretarako aukeraturiko edukinak kontuan harturik, erabaki metodologiko egokiak.

e) Ikasleen ikaskuntza prozesuak ebaluatzeko prozedura eta sistemak.

f) Kalifikatzeko eta mailaz igotzeko irizpideak, batez ere a) eta b) idazatietan adierazitako oinarrizko edukinei dagozkienak.

g) Gainditzeko irakasgaiak dituzten Batxilergoko ikasleek gai horiek errekuperatzeko egin beharreko jarduerak eta errekuperatu ahal izateko behar diren laguntza jarduerak.

h) Arlo bakoitzeko irakaskuntzan zeharkako gaiak sartzeko orientabideak zehaztea.

i) Aniztasunari kasu berezia egiteko Plana gauzatzeko behar diren neurriak, arlo edo materia bakoitzean.

j) Erabili behar diren material eta baliabide didaktikoak, eta halakorik balitz, ikasleen liburuak.

k) Departamentuak egin asmo dituen jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak.

3. Curriculum ezberdinak eratzeko programetako arlo berariazkoen programak Orientabide Departamentuak eginen ditu, ukituriko departamentu didaktikoen laguntzarekin.

61. artikulua. Ikasgelaren programazioa.

1. Programazio didaktikoak ikasgelaren programazio bilakatuko dira. Bertan bilduko dira edukinak, helburu didaktikoak eta ikasketa jarduerak, denbora unitateetan adierazita.

2. Departamentu didaktikoetako irakasleei dagokie ikasgelaren programazioa egitea, beti ere departamentuko buruaren koordinaziopean.

3. Irakasleren batek, departamentuak batera prestaturiko programazioa ikusita, bere irakaskuntza arloko programazioan aldaketaren bat egin nahi baldin badu, aldaketa hori eta horren justifikazioa departamentuaren programazio didaktikoan adierazi beharko da. Nolanahi ere, aldaketa horrek etapa horretako curriculum proiektuan bilduriko irizpide orokorrekin bat etorri beharko du.

62. artikulua. Urteko Programazio Orokorra.

1. Urteko Programazio Orokorra ikastetxearen plangintza eta antolamendurako oinarrizko lanabesa da. Urtero ikastetxeak Hezkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua gauzatzeko prestatzen duen antolamendu eta curriculumaren proposamena jaso behar du honakoak bermatzeko: hezkuntza jarduera guztien garapen koordinatua, gobernu organoek dituzten eskumenen erabilpen egokia eta eskola komunitateko sektore guztien partehartzea.

2. Urteko Programazio Orokorrak alderdi hauek bilduko ditu:

a) Ikastetxeko ordutegi orokorra eta hori prestatzeko ezarri diren irizpide pedagogikoak. Horretarako kontuan hartuko dira ikastetxeko espazioen eta baliabide materialen optimizazioa eta probetxamendua.

b) Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua edo lehendik zegoenean eginiko aldaketak.

c) Etapako curriculum proiektuak edo lehendik zeudenetan eginiko aldaketak.

d) Ikastetxeko irakasleen Prestakuntza Plana.

e) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa eta zerbitzu osagarriena, horrelakorik bada.

f) Memoria administratiboa, besteak beste, Ikastetxearen Antolamenduko Agiria bildu beharko duena.

3. Institutuko zuzendaritza taldeari dagokio Urteko Programazio Orokorra prestatzea, eta kontuan hartuko ditu klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren deliberoak eta erabakiak.

4. Irakasleen klaustroak Urteko Programazio Orokorrari buruzko txostena eginen du bere eskumenaren eremuan eta ikastetxeko Eskola Kontseiluari igorriko dio onets dezan. Honek, dena dela ere, klaustroari dagozkion irakaskuntza alderdiak errespetatuko ditu.

5. Behin onetsi ondoren, programazioaren ale bat Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorriko da, eta horrek egiaztatuko du ea Urteko Programazio Orokorra indarra duen araudiari egokitzen zaion eta, hala behar izanez gero, egin beharko diren aldaketak adierazi beharko ditu. Beste ale bat institutuko Idazkaritzan geldituko da, irakasleen, Eskola Kontseiluaren eta legez eraturiko ikasleen guraso elkarteen eskura. Urteko Programazio Orokorra nahitaez bete beharko dute institutuko kide guztiek. Ikastaroa amaitzean, Eskola Kontseiluak eta Zuzendaritza Taldeak Urteko Programazio Orokorra nola bete den ebaluatuko dute. Ondorio adierazgarrienak ikasturtearen amaierako Memorian bilduko dira, eta gero Memoria hori Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura igorriko da.

II. KAPITULUA

Kudeaketa autonomia

63. artikulua. Kudeaketa ekonomikoa.

1. Institutu publikoetan egiten diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Berme Sozialaren Programako ikasketak doakoak izanen dira. Hortaz, ez da tasa akademikorik ordaindu behar. Dena den, ikastetxeek beste batzuen borondatezko ekarpenak hartu ahalko dituzte, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

2. Bigarren Hezkuntzako institutuek, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen 58.2 artikuluak aurreikusi bezala, kudeaketa ekonomiko autonomoa izanen dute, administrazio publikoak ezarriko dituen aurrekontuen mugen barruan.

3. Institutuen kudeaketa ekonomikoa ondokoetan xedatutakoaren araberakoa izanen da: uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioen funtzionamendurako dirusarrera eta gastuen araubidea arautzen duena, urriaren 15eko 449/1992 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioen funtzionamendurako dirusarrera eta gastuen araubidea garatzen duena eta horiekin bat datozen xedapenak.

4. Ikastetxe publikoetako gobernu organoek ondasunak erosi eta obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatu ahalko dituzte, kontratazio txikietarako eta iragarri gabeko kontratazio negoziatuetarako dauden prozeduren bidez, beti ere kontratazio mota horietarako indarra duten legeetan ezarrita dauden baldintza eta mugak errespetatuz.

Obra kontratazioak egiteko eta altzariak eta ekipoak erosteko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko da, uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuan eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Ikastetxeek egin gogo duten kontratuaren proposamena eta egindako kontsultei buruzko dokumentazioa Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistrora igorri beharko dituzte. Dokumentazio hori Erregistroan sartu eta hamar eguneko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, kontratazioa egiteko baimena dagoela ulertuko da.

Ikastetxearen fondoak hirugarrenek erabil ditzaten ahalmena emateko, kontratu bidez egiten ez bada behinik behin, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena beharko da.

V. TITULUA

Institutuen kalitatea eta ebaluazioa

64. artikulua. Ikastetxeen ebaluazioaren zertarakoa.

1. Ikastetxeen ebaluazioa ikastetxeko irakaskuntzaren eta, orohar, hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzeko baliabide egokia da.

2. Ebaluazio hori prestakuntzaren ikuspegitik eginen da, ikastetxearen barrutik nola kanpotik abiatuta.

3. Ikastetxeen ebaluazioa egitean, kontuan hartuko dira inguru sozioekonomiko eta kulturala eta dituen baliabideak.

65. artikulua. Ikastetxeen barruko ebaluazioa.

1. Ikastetxeek curriculum eta hezkuntza proiektuak ebaluatu beharko dituzte, baita nola gauzatzen diren ere, etengabeko ebaluazioa izanen duten alderdiak adieraziz eta, ebaluazioaren emaitzak oinarri izanik, ebaluatzen diren alderdiak hobetzeko prozedurak aurreikusiz.

2. Barneko ebaluazioaren plangintzan agertu beharreko erantzukizun eta eginkizunak honako irizpide hauen arabera ezarriko dira:

a) Eskola Kontseiluak Hezkuntza Proiektua, urteko Programazio Orokorra, eskolaz kanpoko jarduera osagarriak eta, orohar, ikastetxearen funtzionamendua eta baliabideen kudeaketa baloratuko ditu, ezartzen den denboralizazioaren arabera eta beti ere ikasturtearen amaieran derrigorrez. Dena den, irakasleen klaustroari dagozkion irakaskuntza alderdiak errespetatuko ditu.

Horretarako, gobernu organoen edo irakaskuntza koordinatzeko organoen txostenak eskatu ahalko ditu.

b) Irakasleen klaustroak eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ikasturte amaieran baloratuko dituzte ikastetxean ematen diren etapa guztietako curriculum proiektuak eta Hezkuntza Proiektuan eta ikastetxeko urteko Programazio Orokorrean biltzen diren irakaskuntzako alderdiak.

c) Departamentu didaktikoek arreta berezia jarriko dute kasuan kasuko programazio didaktikoekin zerikusia duten curriculum proiektuaren arloak ebaluatzeko eta, orohar, beren eskumeneko arlo eta materien irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak.

d) Ikastetxeek batzorde bereziak sortu ahalko dituzte organo horien barruan, haien jardueraren alderdi zehatzak ebaluatzeko.

3. Eginkizun horiek aurrera eramateko, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zuzendaritza taldeen eta irakasleen prestakuntza sustatuko du eta ikastetxearen barruko ebaluazioa egiten laguntzeko eta ikastetxeen kalitatea hobetzeko eredu, adierazle eta baliabideak prestatuko ditu.

66. artikulua. Ikastetxeen kanpoko ebaluazioa.

1. Ikastetxeek eskaintzen duten hezkuntza mota hobetu eta horien baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko asmoz, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak barneko ebaluazioa osatzeko beste ebaluazio plan batzuk ezarriko ditu.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikastetxeen kanpoko ebaluazioa eginen du, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ezarriko dituen plan eta irizpideen arabera.

3. Ikastetxeen ebaluazioa egitean kontuan hartu beharko dira aurreko ebaluazioak, barneko ebaluazioaren emaitzak eta, halaber, ikastetxearen ingurune sozioekonomikoa eta baliabideak. Ebaluazio horretan hezkuntza prozesuak neurtuko dira, eta, horiez gainera, antolamendu, kudeaketa eta funtzionamendu arloetan zein irakaskuntza eta ikaskuntza jardueretan lorturiko emaitzak.

4. Kanpoko ebaluazioaren emaitza ikastetxeko Eskola Kontseiluari eta irakasleen klaustroari jakinaraziko zaie. Ikastetxeen ebaluazioaren emaitzetatik ateratzen diren helburu orokorrak aditzera emanen dira.

5. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak irakasleen egoera ebaluatzeko planak eginen ditu.

Ebaluazio hori egiteko, ikastetxeko gobernu organo kide bakarrekoek Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari lagundu beharko diote, zehaztuko diren arloetan. Halaber, eskola komunitateko beste kide batzuek ere lagundu ahalko dute. Edozein modutan ere, ebaluazio saio horietan irakasleek nahitaez parte hartu beharko dute.

VI. TITULUA

Ikasleen ordezkarien batzarra

67. artikulua. Ordezkarien batzarraren osaketa, funtzionamendua eta bilerak.

1. Bigarren Hezkuntzako institutuek Ikasleen Ordezkarien Batzar bat izanen dute, honela osatua: talde bakoitzeko ikasleek libreki hautatutako ordezkariak eta ikasleek Institutuko Eskola Kontseiluan dituzten ordezkariak.

2. Ikasturteko lehenbiziko hilabetean ikasle talde bakoitzak taldeko ordezkaria aukeratuko du bozketa zuzen eta sekretuaren bidez. Ordezkariak ikasturte osoan jardunen du kargu horretan eta ikasleen ordezkarien batzarrean esku hartuko du. Era berean, ordezkariorde bat hautatuko da, ordezkaria falta edo gaiso denean ordezka dezan eta bestelakoetan ere haren eginkizunetan lagun diezaion.

3. Ikasketaburuak antolatu eta deituko ditu ordezkari eta ordezkariordeen hautaketak. Horretarako, taldeko tutoreen eta Eskola Kontseiluko ikasleen ordezkarien laguntza izango du.

4. Ordezkariak eta ordezkariordeak hautatu zituen taldeko ikasleen gehiengo osoak bere esku izango du hautaketa hori baliogabetzea. Horretarako beharrezko izango da aldez aurretik tutoreari igortzea erabaki hori arrazoitzen duen txostena. Egoera hori suertatuz gero, hamabost eguneko epean egin beharko da beste bozketa bat, aurreko puntuan xedatutako guztia bete behar duena. Ordezkariak edo ordezkariordeak euren kargua uzten badute, prozedura berdinari jarraituko zaio.

5. Ikasleen ordezkarien Batzarrak ikasleen eskubide eta betebeharren araudiak eta kasuan kasuko ikastetxearen barne-araudiak aitortzen dizkioten eginbeharrak izanen dituzte.

6. Ordezkarien batzarra osoko bilkuran edo batzorde txikiagoetan elkartuko da. Azkeneko bide hau hartuko da arazoen izaera berezia dela eta, institutuko ikasmaila edo hezkuntza etapa bateko ordezkariak biltzeko.

7. Osoko bilkuran elkartutako ordezkarien batzarrari edo horren zeinahi batzorderi entzutea eman beharko diote institutuko kide bakarreko gobernu organoek, batzarrak hala eskatzen badu eta arazoek ikasleak zuzenean ukitzen badituzte.

8. Ordezkarien batzarreko kideak ezin zigortuko dira Foru Dekretu honek eta euren ikastetxeen barne-araudiek ematen dizkieten eginkizunak, araututako eran, betetzeagatik.

9. Ikasketaburuak toki egoki bat eskainiko dio ordezkarien batzarrari bilkurak egiteko, baita ongi aritzeko baliabide materialak ere.

68. artikulua. Taldeko ordezkarien eginkizunak.

Taldeen ordezkarien lana da:

a) Ordezkarien batzarraren bilkuretara joan eta deliberoetan esku hartzea.

b) Ordezkatzen duten taldearen iradokizun eta erreklamazioak agintari akademikoei azaltzea.

c) Bere taldeko ikasleen arteko harreman onak bultzatzea eta taldearen funtzionamenduaren inguruko gaietan tutoreari eta irakasle taldeari laguntzea.

d) Institutuko irakasle eta buruekin lankidetzan aritzea, zentroaren funtzionamendua egokia izan dadin.

e) Ardura hartzea, institutuko materialak eta instalazioak egoki erabil daitezen.

f) Barne-araudiak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak.

VII. TITULUA

Ikasle elkarteak

69. artikulua. Ikasle elkarteen eraketa eta eginkizunak.

1. Ikasleen betebehar eta eskubideei buruz egun indarra duen araudian xedatutakoari jarraikiz, ikasleek elkartzeko eta elkarte, federazio eta konfederazioak eratzeko eskubidea izango dute. Batasun horiek laguntzak jaso ahalko dituzte indarra duen legerian aurreikusitakoaren arabera.

2. Institutuetako Ikasleen elkarteei honako eskumenak aitortzen zaizkie:

a) Eskola Kontseiluari Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra eta Barne-araudia egin eta aldatzeko proposamenak aurkeztea, beti ere klaustroari dagozkion irakaskuntza eta pedagogia arloetako alderdiak errespetatuz.

b) Jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoetarako proposamenak egitea. Onartzen badira Urteko Programazio Orokorrean jasoko dira.

c) Ikastetxearen jardunaren gainean egoki iruditzen zaizkien xehetasunak Eskola Kontseiluari jakinaraztea.

d) Eskola Kontseiluaren informazioa jasotzea, Kontseiluan jorratutako gaiei buruz, eta gai zerrenda ere bai, bilkura egin baino lehen, proposamenak prestatzeko aukera izan dezaten.

e) Institutuko instalazioak erabiltzea, indarra duen araudiak ezarritako baldintzetan.

f) Ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko araudian ezarrita dauden eskumen eta eginkizunak.

VIII. TITULUA

Ikasleen gurasoen elkarteak

70. artikulua. Ikasleen guraso elkarteen eraketa eta eginkizunak.

1. Bigarren Hezkuntzako institutuetan uztailaren 11ko 1533/1986 Errege Dekretuan araututa dauden ikasleen guraso elkarteak eratu ahalko dira.

2. Ikasleen guraso elkarteei honako ahalmen eta eginkizunak aitortzen zaizkie:

a) Eskola Kontseiluari Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra eta Barne-araudia egin eta aldatzeko proposamenak aurkeztea, beti ere klaustroari dagozkion irakaskuntza eta pedagogia arloetako alderdiak errespetatuz.

b) Jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoetarako proposamenak egitea. Onartzen badira Urteko Programazio Orokorrean sartu beharko dira.

c) Ikastetxearen jardunaren gainean egoki iruditzen zaizkien xehetasunak Eskola Kontseiluari jakinaraztea.

d) Txostenak prestatzea Eskola Kontseiluarentzat, bere ekimenez edo Kontseiluaren eskariz.

e) Kide gehien duten ikasleen guraso elkarteek Eskola Kontseiluko ordezkariak izendatu beharko dituzte, Erregelamendu honetan aurreikusita dagoen moduan.

f) Ikastetxeko instalazioak erabiltzea, indarra duen araudiak ezarritako baldintzetan.

g) Hezkuntza Proiektuaren ale bat eskuratzea eta izan daitezkeen aldaketena.

h) Eskola Kontseiluaren informazioa jasotzea, Kontseiluan jorratutako gaiei buruzkoa, eta gai zerrenda ere bai, bilkura egin baino lehen, proposamenak prestatzeko aukera izan dezaten.

i) Ikastetxeak hautaturiko testuliburu eta material didaktikoei buruzko informazioa jasotzea.

j) Ikasketen emaitzak eta horiei buruz Eskola Kontseiluak egiten duen balorazioa ezagutzea.

k) Hezkuntza komunitateko kide guztiei beren jardunaren berri ematea.

l) Ikasleen gurasoen eta institutuko irakasleen arteko elkarlana sustatu beharko dute, institutuak ongi funtziona dezan.

IX. TITULUA

Irakaskuntzen erregimen berezia

71. artikulua. Irakaskuntzen erregimena.

1. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera, adieraziko diren Bigarren Hezkuntzako institutuetan erregimen orokorreko irakaskuntzak batera daitezke erregimen bereziko irakaskuntza batzuekin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere garaian ezarriko dituen baldintzetan.

2. Adieraziko diren Bigarren Hezkuntzako institutuetan zilegi izanen da curriculumaren zati bat aurrez hautatu den atzerriko hizkuntzan ematea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bere garaian ezarriko dituen baldintzetan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak arautuko du ikasleen egoitzen antolaketa, funtzionamendua eta kudeaketa.

Bigarrena.-Erregelamendu honetan curriculum proiektuei buruz egiten diren aipamen guztiak etapa hauetako curriculum proiektuarenak direla ulertu behar da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Goi eta Erdi Mailako Lanbide Heziketaren Prestakuntza Zikloak.

Hirugarrena.-1. Hezkuntza plangintzaren ondorioz, beharra duten herrietan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak sortu eta kentzeko baimenak ematea Nafarroako Gobernuari dagokio. Zentro horiek Bigarren Hezkuntzako institutu bati atxikiko zaizkio, irakasleen arteko koordinazioa bermatzearren.

Martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuan ezarritakoaren babesean (1995-04-7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) sorturiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak Erregelamendu honetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira. Gobernu organo eta irakaskuntza koordinatzeko organo berekiak izanen dituzte, baina departamentu didaktikorik ez. Horrek ez du galaraziko Haur Hezkuntzako Eskola Publikoen, Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamenduko Hirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoa aplikatzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gainerako institutuei bezala.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako Koordinazio Pedagogikorako Batzordea zuzendaritza taldeak, orientatzaileak eta arlo bakoitzeko irakasle batek bederen osatuko dute.

3. Institutu horietako irakasleak institutu hori Bigarren Hezkuntzako zein instituturi atxikita dagoen, hango departamentu didaktikoei atxikiko zaizkie. Irakasle horiek departamentuetako bileretara joan beharko dute eta programazio didaktikoa prestatzen lagundu. Programazio horietan aipatu institutuetako berezitasunak sartu ahalko dira. Halaber, irakasle horiek programazio hori ebaluatzen parte hartuko dute, ikasturte amaierako Memoria egiten denean.

4. Xedapen honetan adierazitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek beren curriculum proiektuak egin beharko dituzte, nork berea, Erregelamendu honen 59. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ikastetxe horien ezaugarriak kontuan hartuz.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapako curriculum proiektuetan, ikastetxe horiek Bigarren Hezkuntzako zein instituturi atxiki zaizkion, hango departamentuek egindako programazio didaktikoak sartu beharko dira. Programazio horiek, halaber, ikastetxeko ezaugarrien arabera egokitu ahalko dira, arestiko puntuan adierazi bezala.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako irakasleek programazio didaktikoak garatu beharko dituzte eta ikasgelaren programazioak egin, Erregelamendu honetako 61. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako zuzendaritza taldeak eta haiei atxikiriko Bigarren Hezkuntzako institutuetakoak ados jarri beharko dira ikastetxe horien ordutegi orokorra finkatu eta ikastetxeetako irakasleen artean derrigorrezkoa den koordinazio didaktikoa lortzeko ezinbestekoak diren antolamendu arauak ezartzeko.

6. Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publiko bat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutu bat eskolagune berean baldin badaude, bi ikastetxeen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezko diren antolamendu arauak hartu beharko dituzte.

Laugarrena.-Martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren babesean (1996-04-8ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) sorturiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen jarduna Haur Hezkuntzako Eskola Publikoen, Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamendu Organikoaren bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

Bosgarrena.-1. Bat egin ondoren, eskolagune ezberdinetan dauden bi eraikin edo gehiago erabiltzen dituzten institutuetan Parte Hartzeko Kontseiluak eratu ahalko dira, Bigarren Hezkuntzako Institutuko Eskola Kontseilua eratu ondoren, eskola komunitatearen kide eta sektore guztiek benetan parte har dezaten zentroaren kudeaketan.

2. Parte Hartzeko Kontseiluen osaketa eta funtzionamendua abenduaren 5eko 651/1995 Foru Aginduan aurreikusitakoak izanen dira (1996-01-19ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Parte Hartzeko kontseiluek eskola kontseiluei emandako zenbait eskumen erabili ahalko dituzte, Foru Dekretu honetako 7. artikuluko d), j), k), l), m), n), ñ), o), p) eta q) idazatietakoak hain zuzen, abenduaren 5eko 651/1995 Foru Dekretuan ezarritako baldintzetan.

3. Bat egin ondoren, eskolagune ezberdinetan dauden bi eraikin edo gehiago erabiltzen dituzten institutuetan, Erregelamenduan adierazten diren karguez gain, institutuko egoitza nagusitik aparte dauden eraikinetarako alboko organoak sortu ahalko dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zehazten dituenak, aurreikusita dauden beharren arabera Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen duen denboran aritzeko.

Horrelako karguak hartzen dituztenek zuzendaritza kargu horiek edo homologaturik dauden beste batzuk izateagatik aurreikusita dauden ordain ekonomikoak hartuko dituzte, esleitzen zaien arloan duten ikasle kopuruaren arabera.

4. Nafarroako Foru Komunitatearen barruan irakasleak lekualdatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak egiten dituen deialdietan, alboko karguetan ematen den zerbitzualdia zuzendari, ikasketaburu eta idazkari karguetan aritzeagatik ematen den puntuazio berdinarekin baloratuko da, kasuan- kasuan.

5. Baterako kudeaketa ekonomikoa egutegi honen arabera eginen da:

Bategitea gauzatzen den urtean, batzen diren zentroen aurrekontua elkartzen diren zentroen aurrekontuen baturaren adinakoa izanen da. Kontuak ematea bategitearen ondoriozko zentroko organoei dagokie eta ekainaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera egin beharko da.

Bategitea gauzatu eta ondorengo urtean, bategitearen ondorioz sortu den zentroan eskumena duten organoek egin eta onetsi beharko dute aurrekontua, baina kapitulu ezberdinetan bildu beharko dituzte lehengo zentro bakoitzetik etorri diren langileei, ikasleei eta materialari dagozkien gastuak.

Uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuaren 10. artikuluak aipatzen dituen finantza entitateetako kontuen titulartasuna bategitearen ondorioz sortzen den zentroari dagokio. Bategitea egin eta hurrengo ikasturtean, sortzen den zentroak kudeaketarako kontu berezi bakarra izanen du eta bertan sartuko dira elkartu diren zentroetako kontuetan dauden saldoak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-1. Erregelamendu honetako 1. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, Batxilergo Bateratu Balioanitza, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea, Lanbide Heziketa eta Irakaskuntza Ertainetako Irakaskuntza Esperimentalak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuetan irakaskuntza horiek ematen segituko dute, harik eta desagertu arte, dagokion arautegian zehazten denaren arabera.

2. Lanbide Heziketari dagozkion irakaskuntzak ematen dituzten institutuetan, espezialitate bakoitzeko Departamentu Teknologiko bat izanen da, lanbide-arlo bakoitzeko izan beharrean, harik eta zentroan matrikulaturik dauden ikasle gehienak Heziketa Zikloak egiten hasi arte.

Bigarrena.-1. Urriaren 10eko 186/1994 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean eratutako eskola kontseiluek beren eginkizunak betetzen segituko dute, hautatuak izan zireneko epea amaitu arte.

2. Foru Dekretu haren babesean hautaturiko kide bakarreko gobernu organoek beren eginkizunetan segituko dute agintaldia amaitu arte, non ez den gertatzen Erregelamendu honetan kargua uzteko aurreikusitako kasuren bat.

Hirugarrena.-1. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi aurretik abian zeuden institutuetan, Eskola Kontseilua hautatzeko Lege horretako arauei jarraikiz egiten diren lehenbiziko hauteskundeetan, sektore guztietako kideak batera aukeratuko dira.

2. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi ondoren egiten den Eskola Kontseiluaren lehenbiziko berritze partzialean, lehenbiziko erdia osatzen duten hezkuntza komunitateko sektoreen ordezkariak aldatuko dira, Erregelamendu honen 9. artikuluko 2. idazatian adierazita dagoen bezala, xedapen honetako lehenbiziko idazatian aipatu hauteskundean boto gutxien lortu zuten kideak hain zuzen.

3. Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi ondoren egiten den Eskola Kontseiluaren bigarren berritze partzialean, bigarren erdia osatzen duten hezkuntza komunitateko sektoreen ordezkariak aldatuko dira, Erregelamendu honen 9. artikuluko 2. idazatian adierazita dagoen bezala.

Laugarrena.-Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoren bat atxikirik izanik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Haur Hezkuntzako Eskola Publikoen, Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Erregelamenduaren lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa bete beharko da.

Bosgarrena.-Erregelamendu Organiko hau, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Foru Legean ezarritako irakaskuntzetatik edozein ematen duten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztietara hedatuko da, harik eta haientzat izaera bereko arautegi berariazkoa garatu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako arau hauek indarrik gabe utzi dira:

a) Urriaren 10eko 186/1994 Foru Dekretua, Bigarren Hezkuntzako institutuen erregelamendu organikoa onetsi zuena.

b) Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren maiatzaren 22ko 259/1995 Foru Agindua, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen urriaren 10eko 186/1994 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa garatzen duena, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kokatzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuei dagokienez (1995-06-16ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

c) Uztailaren 2ko 250/1992 Foru Dekretuaren 17. artikuluko 2. idazatia.

d) Foru Dekretu honen aurka jotzen duten maila bereko edo baxuagoko arauak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Hezkuntza eta Kultura kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu honetan xedatutakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A9701338

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa