(ir al contenido)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

¡Utilice el buscador!

 Imagen decorativa
Tximinietarako gomendioak

Herramientas para el contenido

Compártelo

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook


Suhiltzaile bat etxebizitza bateko tximinia batean piztutako sua itzaltzen.

Hamar aholku tximiniak behar bezala erabiltzeko

Negua iristean, tximiniak etengabe erabiltzen hasten gara. Hortaz, segurtasuna handitzeko eta suteak ekiditeko zenbait aholku gogora ekartzea komeni da. Tximiniek, beroa ekoizten duten sistema guztiek bezala, suteak eragiteko arriskua dute behar bezala mantendu, erabili eta isolatu ezean.

Tximiniak gaizki erabili, mantendu edo egiteak sute ugari eragiten ditu urtero Nafarroan. Aholku hauei jarraituz guztiok segurtasuna areagotuko dugu, gure etxean tximiniek eskaintzen diguten erosotasunari uko egin gabe.

Eraikitzeko edo berritzeko, profesionalak kontratatu

Tximinia behar bezala eraiki eta konpondu behar da, izan ere, tiroak edo keak hustutzeko hodiak –norabide bertikalean eta kanporantz– forjatuak eta estalkiak zeharkatzen ditu, eta horiek berotik primeran isolatuta egon behar dute. Tximinia ez bada forjatutik isolatzen edo gaizki isolatzen bada, etxebizitzak suteak jasateko arrisku handia du.

1. Isolamendua egiaztatu

Etxebizitza bat erosten baduzu edo zure etxean konponketak egiten badituzu, profesional batekin egiaztatu tximinia isolatuta dagoela eta kalitate-estandarrak betetzen dituela. Zure etxean konponketak egiten badituzu, bide batez, isolamendua hobe ezazu.

2. Profesionalak kontratatu

Konponketak egiteko, profesionalak kontratatu instalazioak araudia betetzen duela ziurtatzeko.

Aldizka mantentze-lanak egin

Zurak su hartzen duenean, aerosolak isurtzen ditu eta tximiniaren hodiaren paretetan edo tiroan geratzen dira. Pilatzen direnean, kreosota deritzon zarakar mundruntsua sortzen dute. Zarakarra lodiera jakin batera iristen bada, goritu daiteke eta su har dezake. Kreosota maila altua duen tximiniak oso arriskutsuak dira eta litekeena da etxebizitzaren egituran sute-sorgune bat eragitea.

3. Aldian behin kedarrak garbitu

Neguan tximinia egunero erabiltzen baduzu, kedarrak urtero garbitu behar dituzu; ez baduzu hain maiz erabiltzen –bigarren etxebizitza batean kasu– bi edo hiru urtetik behin egin behar duzu gehienez.

4. Hobe profesional batekin

Tximiniaren tiroaren ikuskatze errazak egin, baina garbiketa beti profesional baten esku utzi. Altueran egiten diren lanak dira eta beharrezko segurtasun-baliabideekin egin behar dira.

Behar bezala erabili

5. Egur-gainkarga ekidin

Egur kantitate egokia erabili. Bero gehiegi isurtzeak tiroaren guneren batean sutesorgune bat sortzeko arriskua areagotzen du.

6. Egur lehor eta gogorra; bero handiagoa, arrisku txikiagoa

Erabili egur lehor eta gogorra (haritza, artea edo pagoa); kreosota gutxiago sortzen du eta hezeak –berdeak– edo biguinak (pinua, makala) baino berotze-ahalmen handiagoa du.

7. Tximiniaren ondoan segurtasun-eremu bat sortu

Ez jarri material erregairik (altzariak, alfonbrak, arropa hezea…) tximiniako sutik bi metro baino gutxiagora. Gogoratu atedun tximiniak hobeak direla, gelan su har dezaketen ilaunek jauzi egitea ekiditen baitute.

8. Gela behin eta berriro aireztatu

Gela etengabe aireztatu. Konbustioak oxigenoa kontsumitzen du eta, gainera, airea ez bada tiroan barrena ongi igarotzen, karbono monoxido maila era arriskutsuan handitu daiteke.

9. Sua guztiz itzalita dagoela ziurtatu

Begien bistakoa dirudien arren, sua guztiz itzaltzea funtsezkoa da. Ez utzi tximinia piztuta lotara joaten zarenean. Bigarren etxebizitzetan, ziurtatu sua itzalita dagoela handik joan aurretik.

10. Su-detektagailu bat ezarri

Ongi kokatuta dagoen su-detektagailu bat ezarri. Prebentzio-neurri bikaina da sute baten hasiera garaiz detektatzeko. Horrek bizitza salba liezazuke.

GOGOAN IZAN: Neurri guztiak hartu arren, kea edo sua ikusten baduzu, deitu berehala 112 telefonora. Deitu ondoren, itzali tximinia eta, zure burua gai ikusten baduzu, saiatu sua itzaltzen suhiltzaileak iristen diren bitartean, baina ez jarri inoiz zure burua arriskuan.

Deskargatu liburuxka aholku hauekin

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web