(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 2003ko martxoaren 24koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariarena, laguntza publikoak ematen dituena entzefalopatia espongiforme kutsagarrien detekzio probak egiteko

 

(2003ko 56. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 5ean)

Atarikoa

Europako Batzordeak, 2002ko abenduaren 24ko Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean, irizpideak argitaratu zituen estatuek laguntzak eman ditzaten, abere hiletan eta hiltegietako hondakinetan entzefalopatia espongiforme kutsagarrien detekziorako probak egiteko.

Horrela, bada, komenigarritzat jotzen da laguntza publikoak ematea EEKak detektatzeko proben kostuak ordaintzeko, 2003ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Nafarroako Foru Komunitatean "Navarra de Servicios, S.A." sozietate publikoaren laborategiak egiten ditu proba horiek, berariaz izendaturik. Behi, ardi eta ahuntzei egiten zaizkie, bai abeltzaintzako ustiategietan hiltzen diren abereei eta bai giza kontsumorako hiltzen direnei ere. Laguntza publikoaren zenbatekoa EEKak detektatzeko proben kostuaren %100erainokoa izan daiteke; beti ere, proba bakoitzeko 40 euro emanen dira gehienez.

Laborategiari ordainduko zaio laguntza. Laborategiak operadore guztiei transferitu behar dizkie bere etekinak, eta beraiek ez dituzte prezioak gehituko detekzio probak egiteagatik.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 23ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirua emanen dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko Nasersa sozietate publikoaren laborategiari, entzefalopatia espongiforme kutsagarriak (EEKak) detektatzeko bertan egiten diren nahitaezko proben kostua osorik ordaintzeko, baina abere bati egindako proba bakoitzeko 40 euroko muga gainditu gabe. Proba horiek behi, ardi eta ahuntzei egin behar zaizkie, bai giza kontsumorako hiltzen diren abereei eta bai ustiategian hiltzen direnei ere.

Kostuek barne hartuko dituzte probak egiteko kiten kostuak eta nahitaezko probak egiteko behar diren laginak bildu, garraiatu, aztertu, biltegiratu eta suntsitzekoak.

2. Abere bati egindako proba bakoitzeko 40 euroko mugatik gorako diru-kopuru guztiak operadoreak ordaindu beharko dizkio Nasersa sozietate publikoaren laborategiari.

2. artikulua

Foru Agindu honetan ezarritako laguntzez onuratu nahi duten operadoreek detekzio proben kostua haragiaren prezioei ez egozteko konpromisoa aurkeztu beharko dute Nasersa sozietate publikoan, eta frogatu ere egin beharko dute egozketa hori ez dutela egiten, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hala egiteko eskatzen badie.

3. artikulua

Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman daitezen, Nasersa sozietate publikoak bi hilean behin agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Egindako proben kopurua egiaztatzeko agiriak.

b) Proba horien guztizko kostua egiaztatzeko agiriak.

c) Probak egin zaizkien operadoreen konpromisoa, Foru Agindu honen 2. artikuluan zehazten den hori.

4. artikulua

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nasersa sozietate publikoari ordainduko dizkio laguntzak, EEKak detektatzeko probak egiteko estatuek laguntza emateari buruz Europako Batzordeak 2002ko abenduaren 24an ezarritako zuzentarauei jarraituz, bi hilabeteko epean, probak egin izana egiaztatzen denetik hasita.

5. artikulua

1. Laguntza hauek ematerakoan ezartzen diren baldintzak gerora betetzen ez badira, jasotako kopuruak itzultzeko eskatuko zaio baldintzak betetzen ez dituenari, edo, bidezkoa bada, zehapen espedientea eginen zaio, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21, 27 eta 28. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2. Abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duen hari, alegia.

Lehen Xedapen Gehigarria

Foru Agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoa hartuko da aintzat.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru Agindu hau aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru Agindu hau aplikatzearen ondoriozko gastuak 2003ko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 711000 71320 4700 713200 kontusailaren kargura ordainduko dira ("Entzefalopatia espongiforme kutsagarriei buruzko jarduketetarako transferentzia arruntak").

Laugarren Xedapen Gehigarria

Foru Agindu honetan arautzen diren laguntzen ordainketa, betiere, Europako Batzordeak laguntzen araubidea onartzearen menpe egonen da.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, 2003ko urtarrilaren 1etik hasita izanen ditu ondorioak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa