Castellano | Euskara | Français | English
130/2004 FORU AGINDUA, abuztuaren 23koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduko "Elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak" izeneko 17. artikulua aplikatu eta garatzekoa. Erregelamendu hori abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen
(2004ko 112. NAOn argitaratutako testua, irailaren 17an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduaren 17. artikuluak makinak eta tresnak erosteko laguntzak ezartzen ditu. 2.b) artikuluan ageri da laguntzen onuradunak Nafarroako lehen mailako nekazari kooperatibak izan daitezkeela, Nafarroako kooperatibak arautzen dituen uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta, gainera, beren helburuen artean, estatutuetan hala jasorik, bazkideendako makinen atal bat baldin badago.
Aipatu 280/2002 Foru Dekretuak esku ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari foru dekretu hura garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan, bere eskumenen barruan.
Gaikuntza horri loturik, aipatu artikuluaren irizpide aplikagarriak garatu behar dira, Nafarroako Foru Komunitateko Kooperatibak arautzen dituen uztailaren 2ko 12/1996 Foru Legearen 75.6 artikuluan ezarritakoarekin bateraturik aplikatu ahal izateko. Artikulu horrek ezartzen du lehen mailako kooperatibek beste batzuekin kooperatibarteko akordioak sinatu ditzaketela, sozietatearen helburua betetzearren.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 361.b) artikuluak ematen dizkidan eskumenekin bat, agindu dut:
Artikulu Bakarra. Kooperatiben arteko akordioak.
Kooperatiben arteko akordio baten ondorioz nekazari kooperatiba baten makineria atalean lehen mailako beste kooperatiba bateko bazkideak sartzen direnean, orokorrean ezarritako agiriez gainera beste hauek aurkeztu beharko ditu kooperatiba onuradunak:
a) Kooperatiben arteko akordioaren edo akordioen kopia. Akordioek Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatuta egon behar dute.
b) Eransten den nekazari kooperatibako bazkideen zerrenda.
c) Plan bat, kooperatiba onuradunaren ekonomia babesteko beharrezkoak diren neurriak jasoko dituena, baita makineriaren eta ekipoen errentagarritasuna ere, hori guztia kooperatiba erantsiak kooperatiben arteko akordioa amaiarazten badu eta, beraz, makineria atalean parte hartzeko hartutako konpromisoak betetzen ez baditu erabiltzeko.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Eskaera aurten egin duten kooperatibak, foru agindu honetan aipatu agiriak aurkeztu ez badituzte, aginduak indarra hartu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.