Castellano | Euskara | Français | English
FORU AGINDUA, 2001eko apirilaren 23koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A. delakoari nekazaritzako elikagaien artisautzari buruzko jarduketa batzuk esleitu eta Artisautza Komitearen osaera eta eginkizunak aldatzen dituena
(2001eko 66. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 30ean)
Atarikoa
1997ko irailaren 22ko Foru Aginduaren bidez nekazaritzako elikagaien artisautza sustatu eta kontrolatzeko ekitaldietan elkarlanean aritzeko jarduketak burutzeko Artisautza Komitea sortu zen.
Nafarroako Gobernuak, 2000ko otsailaren 14ko Erabakiaren bidez, Instituto de Calidad Agroalimenataria de Navarra S.A. (ICAN) sozietate publikoa sortu zuen, Nafarroako nekazaritzako elikagaien ekoizpena sustatu eta kontrolatzeko tresna izan zedin. Nekazaritzako Egitura eta Nekazaritzako Elikagaien Industriako zuzendari nagusiak, 2000ko maiatzaren 29ko Ebazpenaren bidez, nekazaritzako elikagaien artisautza arautzeko xedapenak betetzeko kontrolak esleitu zizkion institutu hari, baita merkatuan artisautzako produktuak ezagutarazteko balio duen marka edo logotipoaren erabilera onari buruzkoak ere.
Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A.rekin batera, Artisautza Komitearen funtzionamenduaren esperientzia dela-eta, Departamentu honen ustez, komeni da nekazaritzako elikagaien artisautzari buruz sozietate publikoari garrantzia handiagoa ematea eta Artisautza Komitearen osaera eta eginkizunak aldatzea.
Horrenbestez, Nekazaritzako Elikagaien Industria eta Elikadura Zerbitzuak proposaturik, agindu dut:
1. artikulua
"Artisautzako Elikagaiak" marka edo logotipoaren erabilera kudeatzea eta hura kontrolatu eta sustatzea esleitzen zaio Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A. delakoari.
Esleipen hori hobeki egiteko, Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A.k Artisautza Komitearen esku utziko ditu nekazaritzako elikagaien artisautza garatu, kontrolatu eta sustatzeko behar diren egitekoak.
2. artikulua
1. Artisautza Komiteak aurreko artikuluan aipatzen den esleipenaren ondoriozko eginkizunak eginen ditu. Hamar kide izanen ditu. Haietarik bederatzik hizpidea eta botoa izanen dute, ogibideen ordezkari izanen baitira, eta batek hizpidea izanen du, baina botorik ez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ordezkari.
Ogibideak ordezkatuko dituzten kideak hauexek izanen dira.
Bat, ahatekia ekoizten duten enpresen izenean.
Bat, edariak, hala nola, sagardoa, edari-bizia, pattarra eta ardo apardunak ekoizten dituzten enpresen izenean.
Bi, haragi sektorearen izenean. Haietarik bat ekoizpenaren toki berean merkaturatzen duten enpresen ordezkaria izanen da eta bestea ekoizpenaren tokitik kanpo merkaturatzen duten enpresen ordezkaria.
Bat, fruitu eta barazki, kontserbagile, zuku, marmelada eta aurretik prestaturiko platerren sektorearen izenean.
Bi, pastelgile, gozokigile eta ogi berezien egileen izenean. Haietarik bat ekoizpenaren toki berean merkaturatzen duten enpresen ordezkaria izanen da eta bestea ekoizpenaren tokitik kanpo merkaturatzen duten enpresen ordezkaria.
Bi, esne, gazta, esneki eta izozki sektorearen izenean.
2. Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A.ren ordezkari bat Artisautza Komitearen bileretara joanen da, hizpidearekin baina botorik gabe eta idazkari lanetan arituko da.
3. Kideen ordezko bana izendatuko da, titularra bezalaxe hautatuko dena.
4. Kideen karguak lau urtean behin aldatuko dira, baina berriro hautatzen ahalko dira.
5. Kide batek bere kargua uzten badu, edozein arrazoirengatik, haren ordezkoa izendatuko da, baina kide berriaren agintaldiak Komitearen lehenbiziko aldaketa arte iraunen du bakarrik.
6. Kideek gehienez ere hilabeteko epea izanen dute beren karguaz jabetzeko, izendatu edo hautatzen direnetik hasita.
7. Kide batek, arrazoirik gabe Komiteko elkarren segidako hiru bilkuratara joan ezik, kargua utzi beharko du, baita haren Enpresak Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Enpresen Erregistroa uzten duenean ere.
8. Hautaturiko kideek zuzenean ordezkatzen dituzten sektoreari loturik egon beharko dute, erregistraturiko enpresetako zuzendaritzan aritzeagatik. Kide horiek beren karguak utziko dituzte enpresetako zuzendaritzan jardutetik gelditzen badira, beste enpresa batera pasatzeagatik sektoreari loturik badiraute ere.
9. Artisautza Komiteko lehendakaria kideen artetik hautatuko da.
3. artikulua
Foru Agindu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A.k Artisautza Komitea osatzeko hauteskundeetarako deialdia antolatuko du eta haien emaitzen berri emanen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe gelditzen dira 1997ko irailaren 22ko Foru Aginduan Artisautza Komiteari aurreikusten zitzaizkion osaera eta eginkizunak.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.