Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 130. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 4an)
Atarikoa
Ekainaren 22ko 11/2012 Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kasuko kontseilari titularraren menpe. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.
Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola, departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak proposaturik.
Horrenbestez, Sustapeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 27ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra. Sustapen Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Sustapen Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:
a) Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.
b) Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusia.
c) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
d) Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzua.
2. Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartzen ditu lehengo Garraio Zuzendaritza Nagusiak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak zituzten eskumenak, eta zuzendaritza berri horri atxikirik egonen dira bi zuzendaritza nagusi horien menpeko unitate organiko guztiak.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Idazkari tekniko nagusia.
Lehengo Sustapen eta Etxebizitza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularra oraingo Sustapen Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusikoa izanen da.
Xedapen Iragankor Bakarra. Arauek indarrean segitzea.
Departamentuaren egitura organikoa zerbitzuen eta atalen mailan garatzen ez den bitartean, Sustapen Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, Sustapen eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 143/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez dion bitartean. Sustapen eta Etxebizitza Departamentuari buruzko aipamenak egiten direnean Sustapen Departamentua aipatzen dela ulertu behar da.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetako Lehena. Organoak kentzea.
Ondoko zuzendaritza nagusi hauek kendu dira:
-Garraio Zuzendaritza Nagusia.
-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.
Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarraldia.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.