Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2015eko 51. NAOn argitaratua, martxoaren 16an. Akats zuzenketa, 2015-05-14koa)
Zioen Azalpena
Foru lege honekin, asmoa da zenbait helburu lortzen laguntzea. Batetik, Nafarroako hirigintza-legedia egokitu nahi da Estatuko oinarrizko lege indardunetara, zehazki 2008ko lurzoruaren arlokora (2/2008 Legegintzako Errege-dekretua, ekainaren 20koa, Lurzoruaren Legearen testu bategina onetsi zuena) eta eraikinen birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta –berrikuntzari buruzko 2013kora (8/2013 Legea, ekainaren 26koa, birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzkoa), baina ez du hori egiten legezko betebehar bat delako, baizik eta hirigintzaren eta lurralde-okupazioaren paradigmaren aldaketa dakarrelako, urtetako lurralde-okupazio hedakor eta espekulatiboaren ondoren; okupazio horrek ekarri zuen, hein batean, pairatu dugun “higiezinen burbuila”.
Horrela, xede dugun hirigintza iraunkorraren eta hiri konpaktuaren eredu berria lortzeko, lurraldearen okupazio arrazionalagoa egin behar da, eta, horretarako, lehentasuna eman behar zaie hiria berritzeko edo berroneratzeko hirigintza-eragiketei, hiri-zabalketako eragiketen gainetik. Horretarako, foru lege honen apustua da jarduketa horiek lurzoru urbanizatuan egitea erraztuko duten tresna eta neurriak ezartzea, lehengo hiri-zabalguneen aukera ia esklusiboa alde batera utzita, zeina oinarritzen baitzen azpiegitura berri eta garestietan eta erabileren segmentazioan, halako moduz non horrek definitzen zuen eredua barreiatze-eredu bat baitzen eta baliabide-kontsumitzailea. Neurri horiek hiri-lurzoruan egitekoak diren hiri-berrikuntzako jarduketen erregulazio berritzaile batean oinarritzen dira, bai eta lurzoru mota horri dagokionez planeamenduan malgutasuna eta udal autonomia nagusitzearen aldeko apustu argian ere. Helburu horren mesedetara jartzen dira lurzoruaren ondare publikoak. Apustu honen bidez, alegia eraikinen birgaitzearen eta hirien berrikuntza eta berroneratzearen alde eginez eta horiek lortzeko neurriak ezartzearen alde eginez, nahi dena da jadanik eraikita dagoen hiri-lurzorua optimizatu, hori baita lurraldea okupatzeko modurik iraunkorrena ikuspuntu ekonomiko, ingurumeneko eta sozialetik, eta, aldi berean, alternatiba bideragarri bat eskaintzen baitu higiezinen sektorea epe laburrean suspertzeko.
Hiri-ekoizpenean egin nahi dugun eredu-aldaketa berri honek bateragarria izan behar du planifikaturik dauden hirigintza-garapen garrantzitsuekin; horietako batzuk, gainera, exekuzio bidean dira. Horiei, izan ere, erantzuna eman beharko zaie, haien kudeaketa eta urbanizazioa erraztuz, ahal den neurrian laguntze aldera egungo krisi ekonomikoa gainditzen, zeren eta jaso ditugun aldaketa guztien ahalegin nagusia bideratuta baitago Nafarroaren berraktibazio ekonomikoari ahal den neurrian laguntzera eta enplegua sortzera eraikuntzaren industria bezalako sektoreetan, zeinek horren premia handia baitute.
Eredu berriaren funtsezko beste alderdi batzuk dira gardentasuna eta parte-hartze soziala. Kolektibitatearentzat eta herritarrentzat hain garrantzitsuak diren erabaki hauetarako parte-hartzeak jendaurreko informazio-aldiez eta alegazioak aurkezteko aldiez haratago joan behar du; erabakiotan, parte-hartze efektiboa eta egiazkoa behar da, prozesu garden, arin eta ezagun baten bidez.
Horrekin batera, prozesu administratiboak sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko neurriak planteatzen dira, hala lurraldearen antolamendurako tresnen izapideei eta onespenari dagokionez, nola hirigintza-planeamenduko tresnen izapideei eta onespenari dagokionez, bai eta eraikuntzako eta lurzoruaren erabilerako egintzei dagokienez ere; horrek ez du esan nahi, halere, aurkeztu beharreko dokumentuak gutxiago izanen direnik, helburua baita planteatzen denaren diseinua eta exekuzioa ahalik eta onena izatea.
Hiri-lurzorua eraldatzeko eta aldatzeko jarduketetan udalek presentzia eta protagonismoa izan dezaten sustatzen da, handituz udalek lurzoru urbanizaezinean esku hartzeko dituzten ahalmenak.
Azkenik, nabarmendu behar da lege erreformaren funtsezko beste elementu bat dela plangintzan garapen iraunkorrari buruzko zehaztapenak sartu izana; hainbat arlori buruzko zehaztapenak: eraginkortasun eta efizientzia energetikoa, hazkunde trinkoa, mugikortasuna, irisgarritasuna eta paisaiaren babesa, besteak beste.
Artikulu Bakarra. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen aldaketak.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean, ondoren aipatzen diren artikulu, idatz-zati eta xedapenak aldatzen edo gehitzen dira:
Bat. 7. artikuluari beste bi idatz-zati, 3.a eta 4.a, gehitzen zaizkio. Hona horien testua:
“3. Foru lege honen 28.1 artikuluan ezarritako lurralde-antolamenduko tresnek, udal plan orokorrek eta plan bereziek, bai eta urbanizatze berriak planteatzen dituzten planeamendu-aldaketek ere, herritarren partaidetza egiazkoa eta eraginkorra izanen dute, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeko IV. tituluan jasotako printzipio eta eskubideen arabera; horretarako, herritarrentzako partaidetza-prozesu bat erabiliko da, kontsulta-izaerakoa, tresnaren hasierako onespena baino lehen.
4. Partaidetza-prozesuak partaidetza-plan bat izanen du tresna, zeinak honakoak izan beharko baititu gutxienez: planeamenduan interesatuta dauden gizarte-eragile eta herritarren identifikazioa; antolamendu-proposamen garrantzitsuenen laburpenak, herritarrek errazago uler ditzaten eta errazago zabal daitezen herritarren artean; bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia; zabalpenerako eta partaidetzarako metodologia eta tresnak, barne direla bai online parte hartzeko sistemak, bai bilerak etorkizuneko antolamendua eta baloratutako alternatibak azaltzeko; eta, azkenik, gauzatutako partaidetza-prozesuaren konklusio baloratuak”.
Bi. 8. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“1. Pertsona guztiek dute administrazio publiko eskudunen esku dagoen lurralde- eta hirigintza-informaziora sartzeko eskubidea, interes jakin bat egiaztatzeko betebeharrik gabe eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 21. artikuluan eta III. tituluan ezarritakoaren arabera”.
Hiru. 25. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“25. artikulua. Kudeaketa-hitzarmenak.
1. Hirigintza-kudeaketako hitzarmentzat joko dira xedetzat lurralde- edo hirigintza-planeamendua exekutatzeko zehaztasunak eta baldintzak besterik ez dutenak, eta haien betetzetik ezin da planeamendu horren aldaketarik eratorri.
2. Hirigintza-aprobetxamenduaren esleipenerako legezko betebeharra, zeina udalerriari baitagokio, ordeztu ahalko da, aparteko kasuetan, eskudirutan eginiko ordainketa batekin, teknikari eskudun batek aurrez izenpetutako balorazio baten bidez. Horretarako, hirigintza-hitzarmen bat eginen da, kasuko kudeaketa-dokumentuan, edo zuzkidurarako legez aurreikusitako ekintzetan.
3. Hitzarmena izenpetzen duten partikularrek, ukituriko jabe guztiak ados daudela, exekuzio unitate bateko urbanizazioaren ardura osoa hartzen dutenean, haren exekuzioa definitu ahalko dute xehetasun guztiekin, are foru lege honetan erregulaturiko jarduketa sistemetatik bereiziz ere.
Hitzarmen hori onurak eta kargak berdinbanatzeko tresnatzat hartuko da, Jabetzaren Erregistrora sartzeko hipoteka legedian aurreikusitako eraginetarako, horretarako baldintzak betetzen baldin baditu.
4. Zamak eta onurak jabeen artean eta jabe horiek administrazio jardulearekin berdinbanatzeko eragiketak, eraikinen birgaitze-jarduketen eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketen esparruetakoak, kudeaketa-hitzarmenen bitartez egin ahalko dira, foru lege honen 158. artikuluan aurreikusitako eraginekin.
Hitzarmen horiek Jabetzaren Erregistroan jasotzeko, Hipoteka Legean agindutakoari begiratuko zaio.
5. Kudeaketa-hitzarmenen behin betiko onespena Administrazio jarduleari dagokio, aurrez jendaurreko aldi bat zabalduta, gutxienez ere hogei egun baliodunekoa, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik kontatuta.
6. Administrazio jarduleak, interesdunek eskatuta eta horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen direnean, kudeaketa-hitzarmenak onetsi ahalko ditu; hitzarmen horien helburua izanen da birzatitze baten ondoriozko lurzatien titulartasunaren jabeen arteko permuta bidezko edo esleipenen ordeztearen bidezko berregokitzea, baldin eta lurzati horiek eraiki gabe badaude. Onetsitako hitzarmenetik heldu diren eragiketa zibil eta erregistrokoei birzatitze-ekintzen tratamendu fiskal eta erregistrokoa emanen zaie”.
Lau. 29. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“3. Lurraldearen antolamenduaren eta lurzoruaren erabileraren gainean eragina duten planen, programen eta proiektuen kasuan, justifikatu beharko da bat datozela beraiei eragiten dieten lurraldearen antolamenduko tresna orokorrekin”.
Bost. 33. artikuluaren 6. eta 7. idatz-zatiak aldatzen dira, eta hiru idatz-zati, 8.a, 9.a eta 10.a, gehitzen dira. Hona:
“6. Nafarroako Lurralde Estrategia onetsi ondoren, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak Nafarroako Lurralde Estrategiaren urteko jarraipena eginen du, Nafarroako Lurralde Behatokiaren adierazleak erabiliz.
7. Lau urtez behin, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak oroitidazki bat igorriko die Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari Nafarroako Lurralde Estrategiaren aplikazioari buruz, haren aurreikuspenen betetze-mailari buruz, haren proposamenen indarrari buruz eta tresna hori berraztertzeko beharrari buruz.
8. Nafarroako Lurralde Estrategiaren gaurkotzetzat jotzen da haren estrategiak egungo egoeraren arabera egokitzea edo/eta hartan eduki batzuk sartzea, hain zuzen ere etorkizuneko lurralde-garapeneko eredua egoki interpretatzen, zehazten eta ezartzen laguntzen duten edukiak.
9. Nafarroako Gobernuari dagokio, Lurralde Politikaren Gizarte Kontseiluak proposatuta, Nafarroako Lurralde Estrategia gaurkotzea.
10. Nafarroako Lurralde Estrategiaren berrikuspenerako jarraitu beharko zaie planak egin eta onesteko emandako xedapen berberei”.
Sei. 37. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“37. artikulua. Indarraldia, berrikuspena, aldaketa eta gaurkotzea.
1. Lurralde antolamenduko planek mugarik gabeko indarraldia izanen dute.
2. Lurralde antolamenduko planaren berrikuspena esaten zaio lurraldearen egitura orokor eta organikoaren gaineko irizpide berriak onartzeari, lehengoarekiko funtsean desberdina den lurralde-eredua aukeratu delako, edo ezusteko inguruabarrek lurraldearen antolamenduan aldaketa erabakigarria eragin dutelako.
3. Lurralde antolamenduko planen gaurkotzetzat jotzen da informazioa eta lurralde-analisia osatzen duten edukiak sartzea, edo haien zehaztapenak egoki interpretatzen, zehazten eta ezartzen laguntzen dutenak.
4. Gainerako kasuetan, lurraldearen antolamenduko planen zehaztapenak aldatzen badira, planaren aldaketatzat joko da.
5. Lurraldearen antolamenduko planen berrikuspenerako jarraitu beharko zaie planak egin eta onesteko emandako xedapen berberei.
6. Lurraldearen antolamenduko planen aldaketa eginen da aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, baina hari buruzko aurrerapen fasea ez da beharrezkoa izanen.
7. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari dagokio lurraldearen antolamenduko planak gaurkotzea.
8. Lurraldearen antolamenduko planen azterketa, aldaketa eta gaurkotzea ofizioz nahiz haien esparruan sartutako tokiko entitateen gutxienez ere heren batek eskatuta onetsi ahalko dira”.
Zazpi. 41. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“41. artikulua. Indarraldia, berrikuspena, aldaketa eta gaurkotzea.
1. Lurralde-ekintzako planek mugarik gabeko indarraldia izanen dute.
2. Lurraldearen antolamendurako planaren azterketak berarekin ekarri ahalko du bere bidez sortutako lurralde-ekintzako plana aldatu behar izatea.
3. Lurralde-ekintzako planen berrikuspen edo aldaketak eginen dira plan haiek egin eta onesteari buruzko xedapen berberen arabera.
4. Lurralde-ekintzako planen gaurkotzetzat jotzen da informazioa eta lurralde-analisia osatzen duten edukiak sartzea, edo haien zehaztapenak egoki interpretatzen, zehazten eta ezartzen laguntzen dutenak.
5. Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari dagokio lurralde-ekintzako planak gaurkotzea”.
Zortzi. 43. artikuluko 3. idatz-zatiko c) letra kentzen da.
Bederatzi. 43. artikuluko 1. idatz-zatiko a) eta c) letrak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“a) Antolamenduaren xedea den esparrua zedarritzea, adierazita zein diren ukitutako udalerriak, eta esparru horrek hartzen duen espazioaren deskribapena, horren barrenean zehazturik jarduketa kokatzen den gune geografikoa eta lehendik daudenetatik jarduketari interesatzen zaizkion azpiegitura orokorrak. Esparru mugatuak jarduketaz kanpoko sistema orokorreko loturako azpiegiturak jaso beharko ditu”.
“c) Plan sektorialaren xede den jarduketa behar besteko zehaztapenarekin deskribatzea”.
Hamar. 43. artikuluko 1. idatz-zatiari i) letra gehitzen zaio. Hona:
“i) Parte-hartze publikoko prozesuaren sintesia eta konklusioak”.
Hamaika. 43. artikuluko 3. idatz-zatiko b) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“b) Jarduketaren ondoriozko beharkizunak betetzeko sustatzaileak dituen konpromisoak, nahitaez bermatu beharko dituenak. Guztizko bermea ezin izanen da izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizatze-obrak egiteko ateratzen den kostuaren %6 baino txikiagoa, plan sektorialaren beraren ebaluazio ekonomikoaren arabera, eta eratu nahiz ezereztu ahalko da aurrez administrazio jarduleak baimena emanda, betebeharrak betetzeko faseen arabera”.
Hamabi. 44. artikuluko 1. idatz-zatia eta 2. idatz-zatiko a) letra aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“1. Udalez gaindiko proiektu sektorialek izan beharko dute beren lurraldearen gaineko ezarpena egoki deskribatzeko eta arautzeko eta haren gaineko beren elkarrekintza eta inpaktuak aztertzeko behar adina eduki, behar bezain zehatza izanen dena. Halaber, obrak exekutatzeko eskatzen ahal diren beren edukiaren gaineko egokitzapenak baimentzeko prozedurak ere aurreikusten ahalko dituzte”.
“a) Proiektuaren xede den azpiegitura edo instalazioa ezartzen deneko espazioaren eta haren eraginaren lurralde-esparruaren deskribapena, horren barne direla jarduketaren kanpoko sistema orokorrekiko lotura-azpiegiturak”.
Hamahiru. 44. artikuluko 2. idatz-zatiari f) eta g) letra berriak gehitzen zaizkio. Hona:
“f) Proiektuaren esparruan lurzoruaren erabilera eta babesa arautzeko araudia eta haren justifikazioa
g) Parte-hartze publikoko prozesuaren sintesia eta konklusioak”.
Hamalau. 44. artikuluko 3. idatz-zatiko b) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“b) Jarduketaren ondoriozko beharkizunak betetzeko sustatzaileak dituen konpromisoak, nahitaez bermatu beharko dituenak. Guztizko bermea ezin izanen da izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizatze-obrak egiteko ateratzen den kostuaren %6 baino txikiagoa, plan sektorialaren beraren ebaluazio ekonomikoaren arabera, eta eratu nahiz ezereztu ahalko da aurrez administrazio jarduleak baimena emanda, betebeharrak betetzeko faseen arabera”.
Hamabost. 44. artikuluko 3. idatz-zatiko c) letra kentzen da.
Hamasei. 46. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“46. artikulua. Indarraldia.
1. Udalez gaindiko plan sektorialek mugarik gabeko indarraldia dute. Dena dela, Nafarroako Gobernuak, bere kabuz edo alde batek eskatuta, haien iraungipena erabaki ahalko du honako kasu hauetan:
a) Behin betiko onespenetik bi urte iragan izatea, bitarte horretan urbanizatze-obren exekuzioari ekin gabe, edo, horiek hasita, indar handiko arrazoi justifikaturik gabe eteten direnean, bi urtetik gorako aldi batez.
b) Sustatzaileak exekuzioari uko egitea.
c) Inguruabarren geroko funtsezko aldaketak batzuek, udalez gaindiko plan sektorialaren arlo antolatuan edo haren xedean eragina dutenek, hari zentzua kentzea. Kasu horretan, plana eragin zuen arrazoia galduta, kasua bada, lurzoruak antolatu beharko dira, haiek udal plan orokorrean sartuz.
d) Behar bezala justifikatutako interes publikoko arrazoiak gertatzea.
e) Haren exekuzioa amaitu izatea eta haren xedea bete izatea. Hala bada, plana udal planeamenduan sartuko da, baina sartze horrek ez du ekarriko plan sektorialaren edukiaren funtsa aldatzea. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
f) Jarduketak kokatzen diren tokiko entitateek eskatzen badute sar dadila udal planeamenduan, eta sartze horrek ez badakar plan sektorialaren edukiaren funtsezko aldaketa bat. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
2. Proiektu sektorialek mugarik gabeko indarraldia dute. Dena dela, Nafarroako Gobernuak, bere kabuz edo alde batek eskatuta, haien iraungipena erabaki ahalko du honako kasu hauetan:
a) Behin betiko onespenetik bi urte iragan direnean, bitarte horretan exekuzioari ekin gabe, edo, exekuzioa hasita, eteten denean, indar handiko arrazoi justifikaturik gabe, bi urtetik gorako aldi batez.
b) Sustatzaileak exekuzioari uko egitea.
c) Haren exekuzioa amaitu izatea eta haren xedea bete izatea. Hala bada, plana udal planeamenduan sartuko da, baina sartze horrek du ekarriko plan sektorialaren edukiaren funtsa aldatzea. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean.
d) Jarduketak kokatzen diren tokiko entitateek eskatzen badute sar dadila udal planeamenduan, eta sartze horrek ez badakar proiektu sektorialaren edukiaren funtsezko aldaketa bat. Sartze hori egiten ahalko da udal plan orokorrean egindako aldaketaren bidez, Nafarroako Gobernuak baimena emanda, edo udal plan orokorraren berrikuspen baten barrenean”.
Hamazazpi. 48. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“b) Udal plan orokorren antolamendua, kasuan kasu, garatzen duten planak: Sektorizazio planak, plan partzialak, plan bereziak, hiri-lurzoruan jarduteko planak eta xehetasun azterlanak. Halaber, plan bereziak formulatu ahalko dira, udal plan orokorra garatzeko beharrik gabe, foru lege honetan ezarritako terminoetan”.
Hemezortzi. 49. artikuluko 2. idatz-zatiko a) eta e) letrak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“a) Lurzoru-motak seinalatzea, eta, lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean, foru lege honetan definitutako kategoriak eta azpi-kategoriak seinalatzea”.
“e) Lurzoru urbanizagarrian, sektore bakoitzaren gehieneko eraikigarritasuna eta erabilera orokorrak, eta babes publikoko motaren bati loturiko etxebizitzen nahitaezko portzentajearen finkapena”.
Hemeretzi. 49. artikuluaren 3. idatz-zatiko a) letra aldatzen da, eta 3. idatz-zati horri beste hiru letra, k), l) eta m), gehitzen zaizkio. Hona:
“a) Hiri-bilbeen definizio zehatza, bereziki eraikinen eta bide-elementuen lerrokadura eta sestra-lerroen bidez”.
“k) Banaketa-eremuen mugaketa eta sistema orokorren haiekiko atxikipena, kasua bada, eta haien eredu-aprobetxamendua eta planeamenduko homogeneizatzeko koefizienteak”.
“l) Urbanizazioen eta eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa lortzeko zehaztapenak, 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauari jarraituz, eta helburu horiek errazteko neurriak”.
“m) Berrikuntza-, berroneratze- eta birgaitze-arloak definitzea, bai eta hiri-lurzoruan jarduketak garatzeko oinarrizko irizpideak ere”.
Hogei. 51. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“51. artikulua. Udal plan orokorra garatzeko irizpideak.
1. Udal plan orokorraren helburua izanen da udalerriko biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta lurraldearen eta hiriaren garapen iraunkorra lortzea Horretarako, bere neurriak proposatuko ditu eta beste politika batzuekin lankidetzan ariko da honako arazoak saihesteko: espazio publikoak gutxiegi edo desegokiak izatea, minusbaliotasunak dauzkaten pertsonen irisgarritasunerako ekipamendu gabezia. Era berean, honakoak lortzen ere saiatuko da: energia kontsumo txikiagoa, eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa. Eta honakoak saihesten ere bai: garraio publikoaren gabeziak, kultur ondarearen eta naturguneen kaltetzea, zarata, airearen, uraren edo paisaiaren hondatzea, zikinkeria, eta jendea deserrotzea, zokoratzea edo baztertzea.
Udal plan orokorrak foru lege honen atariko tituluan aipaturiko helburu eta printzipioei erantzunen die, eta ondoko helburuak izanen ditu: lurralde-antolamendurako estrategia eta eredu bat definitzea, udalerriaren lurralde- eta hiri-garapen iraunkorraren printzipioak betetzea eta bizi kalitatea hobetzea.
2. Udal plan orokorrak bere araudian sartuko dituen zehaztapenek ziurtatu beharko dute lehendik dauden hiri-sareen iraupena eta hobekuntza, hiri-berroneratze eta -berritzea eta kultur ondarearen babesa, bereziki bere hirigune historikoena, bai eta azalera berriekiko lotura egokia ere.
3. Horretaz gain, udal plan orokorraren helburua izanen da konponbidea ematea lurzoru beharrei, etxebizitzetarako, zuzkiduretarako nahiz jarduera ekonomikoetarako, eta proposatzen den hirigintza-garapenaren eredurako justifikazio beharrei. Horretarako, justifikatuko du ezen mugatzen dituen hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarrien ondorioz ateratzen den hazkundearen tamaina egokia dela bere hiri-bilbeak osatzeko eta proposatutako hirigintza-ereduari eta aurreikus daitekeen lurzoru-eskaerari erantzuteko, eta garapen horietarako hautatzen dituen lurzoruak, aukeran daudenen artean, aproposak edo komenigarriak direla.
4. Udal plan orokorrak lurzoru urbanizagarriko sektore edo azpi-sektore bakoitzaren gehieneko eraikigarritasuna eta erabilera orokorrak zehaztuko ditu, bai eta, kasua bada, hiri-lurzoruko jarduketak garatzeko oinarrizko irizpideak ere.
5. Udal plan orokorrak aurreikusiko ditu bere populazioaren zerbitzurako egokiak izanen diren sistema orokorrak eta toki-sistemak, eta bereziki espazio libreak eta berdeguneak, osasun ekipamenduak eta hezkuntza nahiz gizarte ongizatekoak, bai eta gizarte eta kultur alorreko, kirolerako eta ingurumenari lotutako ekipamenduak ere, eta eman behar duten zerbitzuarekin hobekien egokitzen diren lekuetan kokatuko ditu.
6. Halaber, udal plan orokorrak aurreikusi eta justifikatu beharko du egokiak direla bide-sare orokorrarekin ezarritako loturak, eta aski direla lehendik dauden edo gerora proposatu diren hirigintza-azpiegitura eta zerbitzuak.
7. Udal plan orokorrak, bere zehaztapenen artean, kudeaketari eta emaitzari buruzko adierazleen sistema bat jaso beharko du, planaren jarraipena eta ebaluazioa bideratze aldera.
8. Udal plan orokorrak lurzoru urbanizaezinaren lurralde-antolaketa bat planteatuko du, lurralde-kapitalaren aprobetxamendu adimentsua lortzeko. Horretarako, paisaia-irizpideekin mugatuko dira antolamendu-sektoreak, foru lege honen 49.2 artikuluko b) letran aurreikusitakoari jarraituz. Antolamendu-proposamenak sektore bakoitzaren zehaztapenak banakatuko ditu, beren balio partikularren, inguruabarren eta lurralde-helburuen arabera, udalak daukan lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduaren esparruan.
Eragin horietarako, antolamendu-proposamenak aintzat hartuko ditu lurraldearen antolamendurako planen zehaztapen guztiak, bai eta lehendik dauden azpiegiturak, eraikinak, erabilerak eta jarduerak ere, haien aprobetxamendu iraunkorra –eta lurzoru urbanizaezinaren babesarekin eta zainketarekin bateragarria– lortzeko.
Antolamendu-proposamenen horien esparruan, plan orokorrak lehendik dauden legezko eraikin eta instalazioen erabileraren edozein aldaketa aurreikusi ahalko du, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: enplegua sortzeko jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, azpiegitura berrien zuzkidura behar ez izatea eta ingurumenaren, paisaiaren eta ondarearen egoera hobetzea”.
Hogeita bat. 51.bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“51.bis. artikulua. Garapen iraunkorrari buruzko zehaztapenak.
Hirigintza-planeamendu orokorrak honako helburuak izanen ditu:
1. Dauden hiriguneen hazkunde konpaktua sustatzea. Horretarako:
a) Hiri-hazkundea orientatuko da egun dauden hiri-bilbeak osatzera, lehentasuna emanez guneen hedapen ez-jarraituko edo kanpoko hedapeneko prozesuei.
b) Lehentasuna emanen zaio lehendik dauden hiriguneen finkapenari, eraikinen birgaitze-jarduketak eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketak planifikatuz, betiere arreta berezia eskainiz hiri-espazio zaurgarriei, hiri-bilbean txertatutako eremu hutsak berreskuratzeari eta abandonatutako edo azpi-erabilitako higiezinen berrerabilpenari.
2. Efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak diseinatzea. Horretarako, honakoak sustatuko dira:
a) Energia berriztagarri teknikoki eta ekonomikoki bideragarrien erabilpena eta alderdi bioklimatikoen tratamendu zuzena, bai eta eremu publikoak kostu txikiarekin hobetzea ere, lehentasuna emanez tokiko landaredia erabiltzeari eta aurrezpen-estrategiak ezarriz ureztaketaren eta mantentze-lanen arloetan.
b) Energia berriztagarrien instalazioak sartzea, eta, horrela, energia ez-berriztagarrien iturrien inpaktua orekatzea.
c) Eraikin berrietan, ahaleginak eginen dira orientazio egokia lortzeko, eguzki-orduen eragina eta haizeen erregimena bezalako faktore naturalen onurak hartzeko.
d) Eraikinen birgaitze-jarduketetan eta hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketetan, eraikinetako ingurakaria hobetzeko esku-hartzeak sustatuko dira, energiaren eskakizuna gutxitzeko; energia-hobekuntzako obrak egitetik heldu diren bolumenen edo azalera eraikiaren handitzeak ez dira kontuan hartuko parametro horiei aplikatzekoak zaizkien gehieneko mugei dagokienez.
3. Mugikortasun iraunkorrari buruzko zehaztapenak ezartzea. Horretarako:
Hirigintza-planeamendu orokorrak mugikortasun iraunkorreko politikak ezarriko ditu, honakoak integratuz: oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun-irizpideak, bide-segurtasunaren kontzeptua kaleen eta espazio publikoen diseinuan, eta herritarrek garraio publiko eta kolektibora eta inpaktu txikiko gainerako garraio-sistemetara erraz iristeko modua izatea.
4. Irisgarritasuna hobetzea; horretarako:
a) Hirigintza-planeamendu orokorrean ahaleginak eginen dira eraikin eta espazio publikoen irisgarritasuna hobetzeko, arkitektura-oztopoak kenduz eta igogailuak, aparkaleku egokituak eta bestelako zerbitzu komunak jarriz.
b) Jabari publikoko azalerak, espazio libreak edo bestelako zuzkidura publikoak okupatzea ezinbestekoa baldin bada igogailuak, aparkaleku egokituak edo bestelako zerbitzu komunak jartzeko –legez exijitzekoak diren zerbitzu komunak nahiz eraikinen birgaitze-jarduketetan edo hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketetan aurreikusita daudenak–, deklaratzen da okupatu behar hori nahikoa arrazoi dela okupatzen denaren sailkapena eta kalifikazioa aldatzeko, bai eta, behar izanez gero, desatxiki eta jabeen erkidegoari besterentzeko, edo, kasua bada, erkidegoen batasunari, sortzen diren espazio publikoen funtzionaltasuna segurtatzen bada betiere.
c) Eraikigarritasunaren, altueraren edo gutxieneko distantzien mugei dagokienez, ez da kontuan hartuko zenbateko lurzorua, lur azpia eta bueloa hartzen duten igogailuek, aparkaleku egokituek edo irisgarritasunarekin nahiz oztopoak kentzearekin zerikusia duten jarduketek –jarduketa horiek legez exijitzekoak izan nahiz eraikinen birgaitze-jarduketetan edo hirien berroneratze- eta berrikuntza-jarduketetan aurreikusita egon–.
5. Paisaiaren babesa bultzatzea.
Pasaia babesteko helburuz, hirigintza-planeamendu orokorrak honako alderdiak jasoko ditu:
a) Beren garrantziarengatik edo berezitasunarengatik babestu beharrekoak diren guneak identifikatzea.
b) Paisaiaren babes estentsibo eta ez-murriztailea bermatzen duten irizpideak ezartzea.
c) Beren gizatiartze historikoaren ezaugarri diren balio naturalen edo bereizgarrien nahaste larriaren ondorioz, paisaiaren aldetik lehengoratu beharko liratekeen tokiak eta guneak identifikatzea”.
Hogeita bi. 51. ter. artikulu berria gehitzen da. Hona:
“51.ter. artikulua. Mugikortasun iraunkorra.
Hirigintza-planeamenduak mugikortasun eta hirigintza iraunkorra sustatuko ditu, herritarren joan-etorri beharrak gutxitzeko eta garraio publikoaren erabilera eta efizientzia bideratzeko. Horretarako:
a) Garapeneko estrategiak aplikatuko dira, garraioari begira; honakoak, besteak beste:
Lehena. Hiri-azpiegituretako inbertsioetan lehentasuna emanen zaie garraio publikoko sistemak ezartzeari eta hobetzeari.
Bigarrena. Urbanizatzeko eta bide publikoak diseinatzeko irizpideei dagokienez, garraio publikoa eta motorrik gabeko garraio-moduak, bereziki oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak, erraztuko dira.
Hirugarrena. Hiriko periferiako disuasio-aparkalekuak sustatuko dira, garraio publikorako sarbidearekin. Haien gutxienekoak erregelamendu bidez zehaztuko dira udalerri mota bakoitzerako.
b) Udalek hirigintza-planeamenduaren eta garraioaren plangintzaren arteko koordinazioa bermatuko dute.
Bereziki, hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrietan antolamendua ezarriko duten planeamendu-tresnek sortutako mugikortasunari buruzko azterlan bat eduki beharko dute, eta hartan ebaluatuko da bideragarria ote den iraunkortasunaren ikuspuntutik kudeatzea herritarren eta salgaien mugimendua, sektorearen garapenetik heldutakoa, betiere honakoak aztertuz: garraio publikoaren aukerak, bide-sarearen gaitasuna eta funtzionaltasuna eta ordezko garraiobideak.
Lurzoru urbanizagarrietan, gainera, sustatzaileek beren gain hartu beharko dituzte bide publikoen sistema orokorrak eta tokiko sistemak zabaltzetik edo sendotzetik heldutako kargak, aurreko gaitasunari eta funtzionaltasunari eustea bermatzeko beharrezkoak direnak”.
Hogeita hiru. 52. artikuluko 8. idatz-zatia kentzen da, eta 3. idatz-zatia aldatzen da, zeina honela gelditzen baita idatzita:
“3. Lurzoru urbanizagarrien etxebizitzetarako eraikigarritasunaren edozein igoeratan, aurrez indarrean zegoen planeamenduaren aldean, hura aldatzeko edo berraztertzeko prozesuen bitartez, nahitaez aurreikusi beharko da etxebizitza babestuaren gutxieneko estandarraren betetzea”.
Hogeita lau. 53. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“53. artikulua. Ekipamendu eta zerbitzuetarako tokiei buruzko zehaztapenak.
1. Planeamenduko tresna jakin batek zehaztuko du, orokorrean eta gutxienekoak ezarriz, zein espazio erabiliko den komunitate-ekipamenduetarako, parke, lorategi eta espazio publiko berezietarako, hiriko ura arazteko instalazioetarako eta populazioarentzat behar diren zerbitzuak bermatzeko behar diren gainerako azpiegituretarako.
2. Ekipamendu eta azpiegitura kategoria eta mota bakoitzerako, planeamenduak kalkulatuko ditu populazio osoarentzat behar diren erreserbak, antolamenduaren gehieneko ahalmenean oinarrituz, elementu bakoitzaren hierarkia edo zerbitzu-mailaren arabera bereiziz, eta zerbitzu publikoen dagokien sarean artikulaturik daudela joz. Bereizketa hori zehaztuko da bakoitzaren kalifikazioan, sistema orokorrak diren edo zerbitzu-maila tokikoa duten bestelakoak diren.
3. Udal plan orokorrak zehaztu beharko du udalerri bakoitzeko zuzkidura publikoen sarea, parke, lorategi, berdegune, kirol eremu eta josteta guneez osatua, udalerriko hiri-sektoreetan eta urbanizagarrietan behar bezala banaturik, zerbitzuaren eta osagarritasunaren arteko orekarik handiena bermatzeko. Zuzkidura publikoen sare hori osatzen duten lurrek jabari eta erabilera publikokoak izan beharko dute, deusetan ukatu gabe partikularrekin finkatzen diren formula hitzartuak, haien mantentze-lan eta kontserbaziorako. Zuzkidura mota honetarako moduluak honako hauek izanen dira:
a) Sistema orokor gisa, espazio libre publikoetarako erreserbak zehaztu beharko dira, eta azalera bateratu erabilgarria ez da izanen biztanleko bost metro koadrokoa edo etxebizitzetarako eraikitako koadroko hamabost metro koadrokoa baino txikiagoa, hiri-lurzoruen eta lurzoru urbanizagarrien guztirako gehieneko ahalmenaren arabera neurturik. 500 biztanlera iristen ez diren populazio guneek ez dute beharkizun hau bete beharko, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hala erabakita.
b) Etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarria duten sektore guztietan, toki-zuzkidura gisa eta, beraz, bere barrenean sartzen diren sistema orokorreko elementuak edozein direla ere, zehaztu beharko dira zuzkidura publikoetarako lur erreserbak, eta haien azalera ez da izanen koadrokoa baino txikiagoa etxebizitzetarako eraikitako koadroko. Berdeguneetarako eta espazio libreetarako baizik erabiliko ez den erreserba horren azalera ez da inola ere izanen koadrokoa baino txikiagoa eraikitako koadro bakoitzeko, ez eta sektorearen azalera osoaren %10ekoa baino txikiagoa ere, azalera horretan kontuan hartu gabe bertan sartutako sistema orokorrak. Lagapen horiek txikiagoak izan ahalko dira 500 biztanletik beherako populazioguneetan, horretarako arrazoiak ematen badira. Udal plan orokorra onetsi ondoren egin daitezkeen lurzoru-hedapenek erreserben gutxieneko proportzio horri eutsi beharko diote.
c) Industrialdeetan edo zerbitzu-poligonoetan, sektorearen %10 gutxienez berdegune handietarako erabiliko da. Berdegune horiek antolamendu osoarekin bat datozela kokatuko dira, eta ahal dela ez dira jarriko bazter-lurretan edo sobran gelditutako eremuetan.
Antolamendu xehakatua ezartzen duen planeamenduak modu justifikatuan finkatuko du azaleratik zenbat erabiliko den lurzoru urbanizagarriko edo/eta erabilera industrialeko edo zerbitzuetako erabilerako hiri-lurzoru finkatu gabeko ekipamendu anitzerako.
4. Lurzoru urbanizagarrian edo/eta etxebizitzetarako hiri-lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspenean, gutxienez, bi plaza jarriko dira sestra gaineko edozein erabileratarako eraikinaren koadro bakoitzeko, eraikin kolektiboetan, edo etxebizitza bakoitzeko 3 plaza familia bakarreko eraikien sektoreetan, garajeetarako tokia kenduz; erabilera publikoko espazioetan, gutxienez 0,5 plaza jarriko dira etxebizitza bakoitzeko, eta 0,5 plaza, halaber, merkataritzako eta hirugarren sektoreko erabileretako koadro bakoitzeko. Sektore edo unitatearen testuingurua eta hirigintza-tipologia kontuan hartuta, eta batez ere inguruan garraio publikoak duen egoera eta perspektibak, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak erabaki ahalko du espazio publikoan ezarri beharreko toki kopuru zehatza, arestian ezarritakoa baino handiagoa edo txikiagoa. Horretarako, ezinbesteko baldintza izanen da mugikortasunari buruzko azterlan bat egitea, administrazio eskudunak ezarritako irizpideen araberakoa.
Lurzoru urbanizagarri eta/edo industriarako edo zerbitzuetarako hiri-lurzoru finkatu gabean, ibilgailuentzako aparkalekuen aurreikuspena egiteko, kontuan hartuko da zer tipologia duten lurzatiek eta zer jarduera ezartzea aurreikusten den lurzoru horietan. Saltoki handien kasuan, aparkaleku-kopurua zehazteko orduan, kontuan hartu beharko da bertan biltzen diren mota desberdineko jardueren funtzionamendu konbinatua, hain zuzen aldi bereko erabilera bere unerik gorenean dagoenean. Azalerako aparkalekurako erabiltzen diren lursailek edo eraikinen barruan aparkalekurako erabiltzen den azalera eraikigarriak ez dute zuzkidura publikoen erreserbarik sortuko.
Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, aparkalekuetarako modulu orokorrak ezarri ahalko ditu, kontuan harturik industriako edo zerbitzuetako tipologia desberdinak eta hirigintzako antolamenduan jasotzen diren erabilera zehatzek sortzen dituzten beharrak.
5. Hezkuntza edo osasun ekipamendurako azalera kasu bakoitzean zehaztuko da, Foru Komunitateko Administrazioaren hezkuntza edo osasun politikaren beharren arabera, dagokien organoek egindako txostenaren bidez, udal plan orokorraren behin-behineko onespena baino lehen.
6. Lurzoru urbanizagarriko sektoreetan, nagusiki etxebizitzetarako erabiltzen direnetan, planeamenduak lur erreserba bat zehaztu beharko du udalez gaindiko ekipamenduaren izaerarekin; erreserba horrek koadroko azalera izan beharko du, gutxienez, etxebizitzetarako eraikitako koadroko, orube izaerakoa; erreserba hori babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko edo bestelako etxebizitza-erabileretarako kalifikatuko da. Lur horiei esleituko zaien eraikigarritasuna ez da izanen, guztira, sektoreak osotara duen eraikigarritasunaren %7tik beherakoa. Lurzati horietan, eraikinen hirigintza-baldintzak inguruko lurzatietakoek dituztenen antzekoak izan beharko dira. Lurzati horietako eraikigarritasuna ez da kontuan hartuko udalari egin beharreko aprobetxamenduaren esleipena kalkulatzeko, eta ez da gainerakoarekin batuko sektorearen gehieneko aprobetxamendua kalkulatzeko; horrez gain, ez du zuzkidura publikoetarako erreserbarik sortuko.
Idatz-zati honetan aurreikusitako erreserbaren ondorioz eratzen den lurzatiaren azalera koadrokoa edo txikiagoa baldin bada, kokatuta dagoen udalerriaren ondarean sartuko da, eta ekipamendu publikoetarako erabili beharko du udal horrek.
7. Zuzkidura-jarduketak nahiz urbanizazioa berritzeko edo erreformatzeko jarduketak aurreikusten diren hiri-lurzorurako, artikulu honetan aurreikusitako zehaztapenek izaera orokorra dute eta nahitaezko erreferentzia izanen dira, baina horien garapenerako planeamenduko tresnek doitu egin ahalko dituzte zehaztapenok jarduketa-esparruaren arabera, modu arrazoituan eta ponderatuan, detektatzen diren beharrizan kolektiboei erreparatuta eta, betiere, hiri-kalitate funtzionalaren irizpideei erantzunez”.
Hogeita bost. 54. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“54. artikulua. Hirigintza-antolamenduko tresnen ebaluazioa.
Hirigintza-antolamenduko tresnak ingurumen-ebaluazioaren izapideen pean jarriko dira, aplikatzekoa den ingurumen-legediak hori xedatzen duenean”.
Hogeita sei. 55. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“3. Udal plan orokorrak antolamendu xehakatua ezarriko du hiri-lurzoru finkatu guztian, eta hiri-lurzoru finkatu gabearen eta lurzoru urbanizagarriaren antolamendu xehakaturako irizpide orokorrak finkatuko ditu. 500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, planak udalerriko hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri guztiaren antolamendu xehakatua ezarri ahalko du, lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduan hala ezarri baldin bada”.
Hogeita zazpi. 56. artikuluko 4. eta 5. idatz-zatiak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“4. Estrategiaren dokumentazioak honakoak jasoko ditu:
a) Udalerriko lurraldearen azterketa eta diagnosia, zeinak gutxienez ere azterlan bat jasoko baitu ingurune fisikoari, paisaiari, dauden azpiegitura eta zerbitzuei, mugikortasunari eta ondareari buruz. Halaber, azterlan demografiko bat, jarduera ekonomikoaren azterlan bat eta etxebizitza- eta zuzkidura-beharren azterlan bat jasoko ditu.
b) Indarreko planeamenduaren bilakaera eta betetze-maila.
c) Udalerriaren lurralde- eta ingurumen-helburuak.
d) Udalerria garatzeko estrategiak, hazkunde eredua eta antolamendurako aukerak, alde onak eta txarrak adierazita, bai eta ereduaren iraunkortasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren justifikazio bat ere.
e) Lurralde-antolamendurako eredua, zeinak frogatu beharko baitu lurraldea antolatzeko indarreko tresnei egokitzen zaiela.
f) Antolamendu egituratzailearen eskema, eta proposaturiko ereduaren kuantifikazioa.
g) Parte-hartze sozialeko prozesuaren ondorioak.
5. Udaleko hirigintza-planetako zehaztapenak honako dokumentu hauetan garatuko dira:
a) Oroitidazkia. Gutxienez ere, barnean hartuko ditu hirigintza-informazioaren azterketa eta konklusioak, udal plan orokorraren helburu zehatzak, proposaturiko hiri-eredu iraunkorraren eta zehaztapen egituratzaileen azalpena, etxebizitzaren eta zuzkiduren arloko proposamenen justifikazioa, jarduera ekonomikoetarako eremua, egintza eta ekipamenduak, garraioa eta kaleak, minusbaliotasunak dauzkaten pertsonen ibilgarritasunari buruzko proposamenak, eraginkortasun eta efizientzia energetikoa, bai eta planaren inpaktu sozialaren balorazioa.
b) Lurraldearen gaineko eragina, ingurumen-kalteak eta horiek zuzendu edo minimizatzeko bitartekoak; eta, legeak behartzen duenean, ingurumen-inpaktuaren azterketa.
c) Planoak, informaziokoak, lurraldearen antolamendukoak eta hirigunearenak, elementu egituratzaileen definizio espresarekin.
d) Udal plan orokorraren araudia, non zehaztapen egituratzaileei buruzko artikulu bat sartuko baita.
e) Udal plan orokorra garatu eta gauzatzeko programa.
f) Bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia; alegia, planean aurreikusitako hirigintza-eragiketen bideragarritasun ekonomikoaren justifikazioa eta ogasun publikoetan duen inpaktua.
g) Kudeaketari, iraunkortasunari eta emaitzari buruzko adierazleen sistema, ebaluazioa ezagutzeko planaren jarraipen txostena egiteko”.
h) Dokumentuaren laburpen exekutiboa, non adieraziko baita proiektutako antolamenduak zer esparrutan aldatzen duen indarrean dagoena –kokapen-plano bat eta aldaketaren norainokoa jasoko ditu–; eta, kasua bada, proposamen bat zehaztuko duena zer esparrutan izanen den bidezkoa lizentziak etetea plana izapidetzen den bitartean”.
Hogeita zortzi. 57. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“57. artikulua. Hiru mila biztanle edo gutxiago dituzten udalerrientzako udal plan orokorra.
1. Udal plan orokorrak honakoak izanen ditu osagai:
a) Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua.
b) Udalaren hirigintza-plana.
2. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua oroitidazki batek osaturik egonen da, non modu sinplifikatuan bilduko baitira aurreko artikuluko 2. idatz-zatian jasotako gaiak.
3. Udalaren hirigintza-planak honako dokumentazioa jaso beharko du:
a) Aurreko artikuluko 5. idatz-zatian deskribatutako edukiak, modu sinplean azalduta, jasoko duen oroitidazkia.
b) Lurraldearen gaineko eragina, ingurumen-kalteak eta horiek zuzendu edo minimizatzeko bitartekoak; eta, legeak behartzen duenean, ingurumen-inpaktuaren azterketa.
c) Planoak, informaziokoak, lurraldearen antolamendukoak eta hirigunearenak, elementu egituratzaileen definizio espresarekin.
d) Udal plan orokorraren araudia, non zehaztapen egituratzaileei buruzko artikulu bat sartuko baita.
e) Udal plan orokorra garatu eta gauzatzeko programa.
f) Iraunkortasun ekonomikoari buruzko txostena edo oroitidazkia”.
Hogeita bederatzi. 59. artikulua kentzen da.
Hogeita hamar. 60. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“60. artikulua. Plan partzialak.
1. Plan partzialak hirigintza-planeamenduko tresnak dira, eta honako xede hauek dituzte:
a) Hiri-lurzoru finkatu gabeko sektore batean, antolamendu xehakatua ezartzea, edo bestela aldatu edo osatu udal plan orokorrak lehendik ezarri duena, halakorik baldin bada.
b) Lurzoru urbanizagarriko sektore batean, antolamendu xehakatua ezartzea, edo bestela aldatu edo osatu udal plan orokorrak lehendik ezarri duena.
2. Ezin izanen da plan partzialik onetsi, aldez aurretik edo aldi berean behin betiko onetsi edo onesten ez bada udal plan orokorra.
3. Plan partzialek ezin izanen dute inoiz ere aldatu udal plan orokorrean, salbu eta haiek garatzen duten sektorearen mugaketa, haren antolamendua eta exekuzioa hobetzen duten azalera-doikuntzen bidez egindakoa, betiere esparruaren %3tik gorako azalera-diferentzia eragiten ez badute, eta, kasua bada, dagokion lurzoruaren sailkapena aldatuz. Dena dela, plan partzialek aldatu ahalko dituzte udal plan orokorrak sektorerako ezarritako antolamendu xehakatuko zehaztapen guztiak, baldin eta plan partzial horiek justifikatzen badute koherenteak direla udal plan orokorreko antolamendu egituratzailearekin.
4. Plan partzialek antolamendu xehakatuko zehaztapenak ezarriko dituzte, foru lege honen 49. artikuluan xedatutakoaren arabera, aukera emanez exekuzio zuzena gauzatzeko, geroagoko garapen planeamenduen beharrik izan gabe.
5. Honako dokumentazio hau biltzen da plan partzialetan: oroitidazkia, informazio eta antolamendu planoak, katastrokoa barne, antolamendu xehakatuko zehaztapenak, udal plan orokorrean ezarritakoak aldatzen dituztenak bereziki aipatuta, eta bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia, gehi erregelamendu bidez ezartzen ahal diren beste dokumentu batzuk”.
Hogeita hamaika. 61. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“61. artikulua. Plan bereziak.
1. Oro har, plan bereziek xede gisa izaten dute lurzoru-mota edo kategoria guztiak direla-eta, zuzenean garatzen ahalko dituzte udal plan orokorretan biltzen diren antolamendu egituratzaileko zehaztapenak, bai eta haien antolamendu xehakatua ezarri, aldatu edo osatu ere, honako helburu hauek lortzeko asmoz:
a) Udal plan orokorrean definitutako sistema orokorren antolamendua.
b) Beren balio naturalengatik edo paisaia- nahiz kultura-balioengatik, edo jabari publikoarekin daukaten loturarengatik, kontserbatu edo lehengoratu behar diren esparruen antolamendua eta babesa.
c) Lurzoru urbanizaezinean erabilerak eta jarduerak antolatzea, haien dimentsioak edo konplexutasunak hala eskatzen duenean, landa-inguruneak modu egokian txerta daitezen.
d) Erabilera publikoko eremu libreen, kaleen, eraikinen, lokalen eta garraiobideen irisgarritasuna hobetzea, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei jarraikiz.
e) Gisa bertsuko beste edozein helburu.
2. Hiri-jarduketarako plan bereziek helburu dute hiri-lurzoruan garatzea udal plan orokorrak ezarritako zehaztapenak, edo, bestela, modu justifikatuan, haiek zuzenean aldatu edo ezartzea, honako helburuekin:
a) Eraikuntza-jarduketak arautzea.
b) Zuzkidura-jarduketak arautzea.
c) Urbanizazioaren erreforma- edo berrikuntza-jarduketak arautzea.
3. Hiri-jarduketako plan bereziek izaera integratuko berroneratze- nahiz berrikuntza-jarduketak dakartzatenean, urbanizatze berriko jarduketak arautzera ere iritsi ahalko dira, lurzoru urbanizaezinen birsailkapenaren bidez, beharrezkoak direnean hirigintza-zuzkidura publikoak eta azpiegiturak kokatzeko, esparru osoaren azaleraren %10era arte, gehienez, hartuta.
4. Oro har, plan bereziek beren izaerarako eta xederako beharrezkoak eta egokiak diren zehaztapenak jasoko dituzte, horren barne dela haien komenentziaren beraren justifikazioa bera, bai eta haiek lurraldearen antolamendurako tresnen araberakoak eta udalaren lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduaren araberakoak izatearen justifikazioa ere. Halaber, beren berariazko edukiei egokitutako azterlan, arau eta planoen bidez formalizatuko dira.
5. Hiri-jarduketako plan bereziek, gainera, honakoak izanen dituzte:
a) Gauzatzen dituzten jarduketa-moten zehaztapena eta justifikazioa.
b) Foru lege honen ) artikuluan aurreikusitako bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia”.
Hogeita hamabi. 61. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“61.bis. artikulua. Birgaitze-jarduketak eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketak.
1. Foru lege honetan xedatuaren eraginetarako, honako definizioak hartuko dira aintzat:
a) Eraikinen birgaitze-jarduketak: eraikinen birgaitzeak, haien instalazioak eta haiekin lotutako espazio pribatiboak barne, funtzionaltasun, segurtasun, irisgarritasun eta bizigarritasuneko oinarrizko baldintzen eskasiako nahiz narriadurako egoerak daudenean.
b) Hiri-berroneratzeko jarduketak: eraikinak birgaitzea edo ordeztea, zaharberritze-jarduketen termino beretan, eta, horrekin batera, hiri-ingurunearen kalitatea, irisgarritasuna eta iraunkortasuna hobetzea, horren barne direla espazio libreak, hiri-zerbitzuak eta azpiegiturak, hiri-eremuak zaharkituak egotearen edo zaurgarri izatearen egoerak gertatzen direnean, edo pobrezia energetikoko egoera larriak daudenean.
c) Hiri-berrikuntzako jarduketak: eraikinak birgaitzea eta hiri-ingurunea hobetzea, eraikinak birgaitzeko jarduketen eta hiri-berroneratzeko jarduketen termino beretan, eta, horrekin batera, hirigintza-ekipamenduen eta gainerako zuzkiduren hobekuntza, auzoak edo hiri-multzo homogeneoak zaharkiturik daudenean edo zaurgarri direnean, edo narriatze fisiko eta ingurumenekoaren inguruabar bereziak biltzen direnean, eraiste- eta ordezte-ekintzak eta bizilagunei ostatu berria ematekoak beharrezko egiten dutenak.
2. Hirigintza-zehaztapenekin batera izaera sozial, ingurumeneko eta ekonomikoak dituzten neurriak artikulatzen direnean, aurreko idatz-zatiko b) eta c) letretan deskribatutako jarduketak honela deklaratu ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hurrenez hurren: berroneratze arloa edo hiri-berrikuntza integratuko arloa. Adierazpen horren eragina izanen da gaikuntza ematea horretarako prestatutako araudian jasotako finantzaketa publikoa jasotzeko.
3. Eraikinen birgaitze-jarduketak eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketak planeamendu orokorreko tresnaren bidez edo hiri-jarduketarako plan berezi baten bitartez planifikatuko dira.
4. Aurreko idatz-zatietan adierazitako jarduketak antolatu eta exekutatu aurretik, bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazki bat egin beharko da, jarduketa horien bideragarritasuna bermatuko duena errentagarritasunari dagokionez, kontserbaziorako legezko betebeharraren mugei dagokienez eta jarduketatik esparruko jabeentzat eratorritako onuren eta zamen arteko oreka egokiari dagokionez; gutxienez ere honako elementuak jaso beharko ditu oroitidazki horrek:
a) Lehendik dauden hirigintza-parametroen azterlan konparatua eta, kasua bada, proposatutakoena, aldatu beharreko eraikigarritasunari, eraikuntza-erabilera eta tipologiei eta sare publikoei buruzko hirigintza-zehaztapen oinarrizkoak identifikatuz. Oroitidazkiak aztertuko du, zehazki, eraikigarritasunaren edo dentsitatearen igoerari buruzko aldaketak, edo erabilera berriak sartzekoak, bai eta lurzoru, hegal edo lur azpiaren erabilera bereizia, gehiago hurbiltzearren oreka ekonomikora, eragiketaren errentagarritasunera eta kontserbazioaren legezko betebeharraren mugak ez gainditzea.
b) Proposatutako hirigintza-erabilera bakoitzaren balioei buruzko oinarrizko zehaztapen ekonomikoak, inbertsioaren zenbatekoari buruzko kalkulua, horren barne direla bai laguntza publikoak, zuzenekoak eta zeharkakoak, bai kasuko kalte-ordainak, bai eta sare publikoak ordaintzeko betebeharraren ardura duten subjektuaren edo subjektuen identifikazioa ere.
c) Jarduketa horrek erakar dezakeen inbertsioari buruzko azterketa eta haren justifikazioa gauza izanen da proposatutako eraldaketa fisikoaren kostuaren zati handiena finantzatzeko, bermatuz, hartara, ahalik eta inpakturik txikiena izatea partikularren ondare pertsonalean, kontserbazioaren legezko betebeharraren mugen barrenean neurtuta nolanahi ere.
Aurreko lerrokadan aipatzen den azterketak jaso beharko du, kasua bada, birgaitzearen arloko enpresen edo energia-zerbitzuak, ur-hornikuntza edo telekomunikazio-zerbitzuak ematen dituztenen balizko parte-hartzea, kudeaketan integratzeko konpromisoa hartzen dutenean, kudeaketa horren edo dagokien azpiegituren sarearen zati baten finantzaketaren bidez, bai eta eragiketaren denboran zehar amortizatzekoak diren aurrezkien bitartezko finantzaketaren bidez ere.
d) Inbertsioen amortizazioa eta eragiketaren finantzaketa bermatzeko behar den denbora, kasua bada.
e) Administrazioak finantzatu beharreko sare publikoen finantzaketa eta mantentzea bermatzeko behar den gaitasun publikoaren ebaluazioa, bai eta ogasun publikoetan duen inpaktua ere.
5. Hiri-jarduketarako plan bereziek jarduketaren justifikazioa eta haren izaerarako eta xederako behar diren eta egokiak diren zehaztapen guztiak jasoko dituzte. Horien artean bilduko dira baterako jarduketa-esparruaren mugaketa eta antolamendu xehakatua, esleitutako erabilerak eta gehieneko eraikigarritasuna, jarduketarako egokiak diren espazio publikoen eta lagapenaren definizioa, konpromisoen adierazpena, betebehar publiko eta pribatuak, exekuzio-programa eta -epeak, berdinbanaketaren eta behar diren urbanizatze-obren aurrerapena, aldi baterako eta behin betiko ostatu-ematerako plana, irisgarritasun unibertsaleko helburuak edo energia-aurrezpena lortzeko beharrezkoak diren neurriak.
6. Eraikinen birgaitze-jarduketak eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketak burutu ahalko dira bai jarduketa asistematikoen bidez, lurzati bakarrean eragina dutenean, bai jarduketa sistematikoen bidez, lurzati batzuetan eragina dutenean, zama eta onuren berdinbanaketa egiteko eta urbanizatze-obrak egiteko.
7. Hiri-jarduketarako plan berezia onesteak honako eraginak ekar ditzake berarekin:
a) Igogailuak edo bestelako elementuak instalatzeko beharrezkoak diren espazio libreetako edo jabari publikoko azalerak okupatu ahalko dira, bai eta erabilera pribatiboko azalera komunak ere –atondoak, eskailburuak, gaineko azalak, hegalak eta arkuazpiak–, bai lurzoruan kokatuta daudenean, bai lur azpian edo hegalean daudenean ere, teknikoki edo ekonomikoki irisgarritasun unibertsala bermatzeko beste inongo konponbiderik ez dagoenean, betiere espazio libreen, zuzkidura publikoen eta jabari publikoaren gainerako elementuen funtzionaltasuna bermatzen bada. Horretarako, plan bereziak bermatuko du arau horren aplikazioa, dela aukera emanez azalera horiek ez daitezen konta bolumen eraikigarriaren eraginetarako, ez eta mugekiko, beste eraikinetarako edo bide publikorako nahiz lerrokaduretako gutxieneko distantziaren eraginetarako ere, edo xede bera lortzeko beste edozein teknika aplikatuz.
b) Aurreko letran xedatutakoa aplikatuko zaie, halaber, eraikinaren berokuntzarako edo hozkuntzarako urteko eskakizun energetikoaren %30a gutxitzea lortzen duten obrak behar dituzten espazioei; hain zuzen ere honakoan dautzanei:
a’) Isolamendu termikoa edo fatxada haizeztatuak instalatzea eraikinaren kanpoko aldetik, edo sabaia duten terrazak ixtea edo kristalez estaltzea.
b’) Fatxadei edo estalkiei atxikitako gailu bioklimatikoak instalatzea.
c’) Behar diren obrak egitea eta behar diren instalazioak ezartzea instalazio energetiko komunak zentralizatzeko edo ezartzeko, bai eta eguzki-hargailuak eta bestelako energia berriztagarrien iturriak instalatzeko fatxada edo estalkietan, eraikinak erabiltzen duen lehen mailako energia ez-berriztagarriaren urteko kontsumoa gutxienez ere %30 gutxitzea lortzen bada.
d’) Eremu komunetan edo etxebizitzetan obrak egitea, zeinekin gutxienez ere eraikin osoaren ur-kontsumoaren %30 gutxituko den.
c) Aurreko letretan aipatutako jarduketek kultur interesekotzat deklaratutakoak diren edo beste edozein babes-araubidea duten eraikinetan eragiten dutenean, konponbide berritzaileak bilatuko dira, efizientzia energetikoa hobetzeko eta irisgarritasuna bermatzeko behar diren egokitzapenak egiteko; hori, halere, ez da eragozpena izanen babesaren xede diren balioak zaintzeko. Nolanahi ere, aplikatzekoa den babes-araubidearen kudeaketarako organo eskudunak, kasua bada, aldeko txostena eman beharko du edo baimendu beharko ditu, bere araudiari jarraituz.
8. Aparteko kasuetan, eta justifikatzen baldin bada ez dagoela beste konponbiderik teknikoki edo ekonomikoki bideragarria denik, hiri-jarduketarako plan berezia onesteko eskuduna den administrazioak salbuetsi egin ahalko du lurzoru-eskuratze gehiago egitetik, eskuratze horiek egiteko arrazoia izan aprobetxamendu handiagoa eman beharra edo lurzorua zuzkidura publikoetarako eman beharra”.
Hogeita hamahiru. 62. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“62. artikulua. Xehetasun azterlanak.
1. Xehetasun azterlanak dira planeamenduan aurreikusitako hirigintza-antolamendu xehakatuaren hurrengo zehaztapenetako bat ezartzea, aldatzea edo birdoitzea xede duten hirigintza-antolamenduko tresnak.
a) Eraikinen eta bideen lerrokadura eta sestra lerroak seinalatzea, sistema orokorren barrenean sartzen diren bide elementuetakoak izan ezik.
b) Obra mota onargarrien eta eraikinek bete behar dituzten baldintzen erregulazioa, bereziki 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren eta irisgarritasun unibertsalaren arabera eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoari egokitzeko, bai eta eraikinen bolumen zein altueren antolamendua eta osaketa, udal plan orokorrean finkatutako baldintzen arabera, eta etxebizitzen nahiz eraikinen morfologia eta tipologia ere; eta fatxaden antolamendua.
c) Minusbaliotasun organiko edo zirkunstantzial bat jasaten duten pertsonei, oro har, erabilera publikorako eremu libreen, kaleen, eraikinen, lokalen eta garraiobideen irisgarritasuna eta erabilera bermatzen dieten zehaztapenak, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei jarraikiz.
2. Udal plan orokor batek, plan partzial batek, indarrean dagoen plan bereziren batek edo hiri-lurzoruan jarduteko plan batek lehendik antolamendu xehakatua ezarrita daukaten espazioen gainean bakarrik formulatu ahalko dira xehetasun azterlanak. Xehetasun azterlanek ezin izanen dute beren esparruan bildutako lursailei dagokien eredu-aprobetxamendua edo batez besteko aprobetxamendua areagotu. Ez da joko, ordea, areagotze hori gertatu denik eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa hobetzeko edo irisgarritasun unibertsala bermatzeko lanak egitearen ondorioz azalera eraikia handitu den kasuetan; ez eta hogeita hamar urtekoa baino antzinatasun handiagoa duten eraikin finkatuetan ere, sustapen edo babes publikoko araubideren bat dutenetan, itxitura arinen kasuetan; nolanahi ere, ez da gaindituko higiezinaren edo lorategia nahiz patioa duen etxebizitzaren galerien, terrazen eta behe-solairuen azalera eraikiaren %20, eta horrekin etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetu beharko dira. Kasu horietan, jabeek Administrazioari eskuratu beharko diote, sortutako gainbalioen partaidetza moduan, higiezinaren azalera berriaren katastro-balioaren %10. Halaber, inola ere ezin izanen dituzte aldatu mugakide dituzten finketako hirigintza baldintzak.
3. Xehetasun azterlanek beren xede diren zehaztapenak zehatz-mehatz justifikatu eta ezartzeko behar diren dokumentuak izanen dituzte, bereziki eraginkortasun eta efizientzia energetikoa hobetzeko kasuetan”.
Hogeita hamalau. 64. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“1. Udalek hirigintzako ordenantzak onetsi ahalko dituzte, honakoak arautze aldera: eraikinen alderdi morfologiko nahiz apaingarriak eta eraikuntza obren baldintzak, eta 2010eko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauaren arabera urbanizazioen eta eraikinen eraginkortasun eta efizientzia energetikoa lortzeko zehaztapenen garapena eta osaketa; halaber, halako ordenantzak onetsi ahalko dituzte higiezin bakoitzean baimena har dezaketen jardueren baldintzak arautze aldera, betiere udal plan orokorreko zehaztapenen aurka egin gabe”.
Hogeita hamabost. 65. artikuluari beste idatz-zati bat, 5.a, gehitzen zaio. Hona:
“5. Jarraipen Batzordeak, udal plan orokorraren prozesuaren eta izapidetzearen agenda ezarri eta kontrolatzeko bere eginkizunaren barruan, ohartarazi beharko du prozesuan gertatzen diren justifikatu gabeko atzerapen edo geldiarazteei buruz, eta haiei konponbidea emateko neurri egokienak proposatu beharko ditu. Udalaren jarduketa ezaren ondoriozko justifikaziorik gabeko atzerapen eta geldiarazteek beraiekin ekarri ahalko dute lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskuduna subrogatzea udal plan orokorraren prestaketan”.
Hogeita hamasei. 70. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“70. artikulua. Udal plan orokorraren izapidetzea.
1. Izapidetze-aldian zehar, foru lege honen 7. artikuluan ezarritakoaren araberako parte-hartze prozesu bat gauzatuko da udal plan orokorrari buruz. Prozesu horri ekin beharko zaio hala lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua izapidetzean nola udalaren hirigintza-plana izapidetzean, udal plan orokorra idazten hasi aurretik udalak xede horrekin ezarritako partaidetza-planak dioenari jarraituz.
2. Halaber, plan orokorraren izapidetzean zehar, udalak erakunde eta administrazio publikoen derrigorrezko txostenak eskatuko ditu, kasuko arau sektorialek ezartzen dituzten gaietan eta arau sektorial horiek ezartzen dituzten prozedurei jarraituz.
3. Udalek, Jarraipen Batzordearen zuzendaritza teknikoari loturik, lehenik eta behin lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua idatzi beharko dituzte. Horretarako, aurretiazko ingurumen-kontsultak egingo dituzte eta plan orokorra prestatzeko beharrezkoa den informazioa eskatuko diete entitate, erakunde eta administrazio publikoei.
4. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredurako hasierako bertsioa prestatu ondoren, jendaurrean jarriko da hilabetez gutxienez ere, Nafarroako Aldizkari Ofizialean jarritako iragarki baten bidez, zeina Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan ere kaleratuko baita. Aldi berean, lurraldearen antolamendu eta hirigintza kontuetan eskudun den departamentuari igorriko zaio, Foru Administrazioko departamentuei zeinek bere eskumenen arabera eman beharreko txostenak eginaraz diezazkien, bai eta udalerria kide deneko mankomunitateei ere, ukiturik suertatzen diren zerbitzuen araberakoei.
5. Udalak, fase honi buruzkoak diren partaidetza-planeko ondorioztapenak eta egin diren txostenak aintzat hartu ondoren, lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua onetsiko ditu, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskudun den departamentuarekin itun bat egin ondoren, zehazturiko eta udalaren hirigintza-planean garatu beharreko lurralde-eredua osatzen duten elementuei buruzkoa.
6. Departamentuko erregistroan sartu zenetik bi hilabeteko gehieneko epea iraganik, departamentuak lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari igorriko dizkio, bidezkoa bada onets ditzan. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua udalaren hirigintza-plana izapidetzen den bitartean egokituz joan ahal izanen da, jendaurreratze-prozesuaren eta ematen diren txosten sektorialen arabera.
7. Lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua onetsi ondoren, hasiera emanen zaio udalaren hirigintza-plana erredaktatzeari; zeinak Jarraipen Batzordearen zuzendaritzapean segituko baitu.
8. Testua idazten amaituta, udalak hasierako onespena emanen dio, eta ukitutako kontzejuen eta udala sartua dagoen mankomunitateen esku utziko du, txostena egin dezaten, bakoitzak planeamenduaren eragina jasaten duten bere zerbitzuei buruz. Halaber, jendaurrean jarriko du, hilabetean gutxienez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietan iragarki bat argitaratuz. Udalak, gainera, horren ezagutarazpena egin beharko du, bai eta herritarren parte-hartzea ahalbidetu, partaidetza-planak xedatua beterik.
9. Jendaurreko informazioaz batera, hasierako onespena duen plana lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari igorriko zaio, Nafarroako Gobernuko departamentuen eskumeneko gaiei buruzko txostenak egin daitezen.
Aipatutako txostenak izapide-egintza kualifikatutzat hartuko dira, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.1 artikuluan xedatuaren eraginetarako, eta gehienez ere bi hilabeteko epean emanen dira txosten horiek. Epe hori iragaten bada txosten horiek jaso gabe, emantzat joko dira eta izapidetzearekin jarraituko da.
10. Departamentu horrek txosten orokor bat eginen du, Nafarroako Gobernuko departamentuen ikuspegi sektorialak bilduko dituena. Txosten hori egiteko epea eskaera aurkezten denetik bi hilabetekoa izanen da, eta epe hori igarotzen bada txostena udalean jaso gabe, izapidea egintzat joko da.
11. Udalak, informazioa eta, halakorik badago, entzunaldia aintzat harturik, behin-behinekoz onetsiko du, bidezko diren aldaketekin, gehienez ere 6 hilabeteko epean, baina aurretik Ingurumen Adierazpen Estrategikoa eginik. Aldaketa horiek funtsezko aldaketa eragiten badute hasierako onespena duen planeko lurralde-antolamendurako estrategia eta ereduan, plana berriz jarriko da jendaurrean, hilabete batez, behin-behineko onespena eman baino lehen; behin-behineko onespen hori aipatutako jendaurreko informazioko aldia amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan eman beharko da.
12. Plana behin-behinean onesten denean, espediente osoa bidaliko zaio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuari, behin betiko onespena eman diezaion.
13. Artikulu honetan aurreikusitako udal erabaki guztiek txosten bat eduki beharko dute, toki administrazio jardulearen edo foru lege honen 16. eta 18.2 artikuluetan aurreikusitako organoetako bateko teknikari batek emana, lurraldea antolatzeko tresnekin eta gainerako antolamendu juridikoarekin bat datorrela egiaztatuko duena.
14. Planaren espedientea entregatu ondoren, baldin eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak atzematen badu agiriak falta direla, detektatutako hutsak zuzentzeko eskatuko dio udalari.
15. Behin espedientea osatuta, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak plana aztertuko du, eta ikusiko du lege-esparru indardunari, hitzarmenari eta lurraldearen antolamenduko tresnen zehaztapenei egokitzen zaien; eta eskaintzen diren konponbideak koordinatuta ote dauden, udal ikuspegitik, Ingurumen Eraginari buruzko Adierazpenarekin eta Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenekoak diren politika sektorialekin.
16. Aurreko idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko kontseilari eskudunak honako ebazpen hauetako bat emanen du:
a) Behin betiko onespena emanen du, baldin eta plana egokitzen bazaio aurreko hamabosgarren idatz-zatian ezarritakoari.
b) Behin betiko onespena emanen du, baina behar diren zehaztapenak bilduz aurreko hamabosgarren idatz-zatian ezarritakoa betetzeko; udalak zehaztapen horiek testu bategin batean sartu beharko ditu, gehienez ere hiru hilabeteko epean. Baldin eta udalak ez badu plan zuzendua epe horretan aurkezten, kontseilari eskudunak testu bategin hori onetsi eta argitara eman ahalko du.
c) Behin betiko onespena ukatuko du, baldin eta planean sartzen badira aurreko hamabosgarren idatz-zatian ezarritakoaren kontra nabarmen jotzen duten zehaztapenak.
17. Kontseilari eskudunak bere ebazpenak jakinaraziko dizkio ukitutako udalari, espediente osoa Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistroan sartzen denetik hasi eta hiru hilabeteko epean. Epe hori igarotzen bada udalari inolako ebazpenik jakinarazi gabe, udal plan orokorra onetsita dagoela ulertuko da”.
Hogeita hamazazpi. 71. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“71. artikulua Plan berezi independenteen eta aldaketa egituratzaileen izapidetzea.
1. Plan berezi independenteak eta aldaketa egituratzaileak izapidetuko dira 70. artikuluan finkatutako arauei jarraituz, honako salbuespen hauekin:
a) Izapidetzea zuzenean hasiko da udalak udal hirigintza-planaren edo horren aldaketaren hasierako onespena egitean.
b) Ez da beharrezkoa izanen lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua, 70. artikuluan aurreikusitakoa.
c) Jendaurreko epea hilabetekoa izanen da.
d) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ardura duen kontseilariak bi hilabeteko epean emanen du behin betiko onespena.
2. Planeamenduko zehaztapenak Administrazioaren isilbidez behin betiko onesteak ezin izanen du legeetan, lurralde antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza-planetan xedatutakoa urratu.
Ezin izanen dira, ezta ere, Administrazioaren isilbidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak.
Zuzenbidez erabat deusezak izanen dira Administrazioaren isilbidez onesten diren planak eta haien zehaztapenak, baldin eta legeen eta ordenamendu juridiko administratiboa osatzen duten gainerako xedapenen aurkakoak badira, eta eraginkortasunik gabeak izanen dira, halaber, era horretan lortzen diren ahalmen eta eskubideak”.
Hogeita hemezortzi. 74. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“74. artikulua. Plan partzialen eta plan berezien izapidetzea.
1. Oro har, plan partzialen eta plan berezien izapidetzeak honako arauak beteko ditu:
a) Kasuan kasuko plana formulatu duen udal berak emanen dio hasierako onespena, gero jendaurrean jartzeko, gutxienez ere hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialeko iragarkiaren bidez eta Nafarroan editatzen diren egunkarietan, bederen, argitaratuta. Gainera, baldin eta proposamenak nahitaezko zerbitzuak ukitzen baditu, kasuko txostena eskatuko zaie organo eskudunei, eta txosten hori hilabeteko epean egin beharko dute.
Hasierako onespenaren gainean erabakia hartzeko epea, edo ukatzeko, ekinbide partikularreko planen kasuan, bi hilabetekoa izanen da, dokumentazio osoa udal erregistroan aurkezten denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik eman gabe, plan partziala edo berezia hasiera batez onetsita dagoela ulertuko da. Hasierako onespenetik hasi eta hilabeteko epean, udalak igorriko du aurreko paragrafoan aipatzen den iragarkia, baina jarduketa hori, bestela, planeamenduko tresnaren sustatzaileak berak zuzenean egin dezake.
Dena den, antolamendu-proposamena aurkeztu den kasuetan, 66. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatuaren arabera jokatuko da.
b) Jendaurreko epearen emaitza ikusita, udalak behin betikoz onetsiko du, behar diren aldaketekin. Aldaketa horiek hasierako onespena duen planari funtsezko aldaketa eragiten badiote, jendaurreko beste aldi bat hasiko da, behin betiko onetsi baino lehen.
c) Plana behin betikoz onesteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, jendaurreko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori iragaten bada ebazpenik eman gabe, plan partziala edo berezia onetsita dagoela ulertuko da. Hala gertatzen denean, sustatzaileak zuzenean bete ahalko ditu plana argitaratu eta jakinarazteko beharkizunak, foru lege honen 81.1 artikuluak aipatzen dituena.
2. Foru lege honen 61.3 artikuluan xedatuaren arabera urbanizatze berriko jarduketak arautzen edo aurreikusten dituzten hiri-jarduketarako plan bereziek jaso eginen dituzte foru lege honen 70. artikuluko 9 eta 10. idatz-zatietan ezarritako izapideak.
3. Proposatutako plan partzial edo bereziak txosten bat beharko du, toki administrazio jardulearen edo foru lege honen 16. eta 18.2 artikuluetan aurreikusitako organoetako bateko teknikari batek emana, lurraldearen antolamendurako tresnen eta udal planeamenduaren araberakoa dela eta gainerako antolamendu juridikoarekin bat datorrela egiaztatuko duena.
Halakorik ez badago, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak txostena eskatu ahal izanen du behin betiko onespena eman aurretik.
4. Udalak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari igorri beharko dio behin betiko onetsitako plan partziala edo plan berezia, txostenekin batera, onespena ematen denetik hamar eguneko epean gehienez ere, haren gaineko kontrola egiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, departamentu horrek udala premiatu ahalko du ofiziozko berrikuspen-prozedura abia dezan, eta hori kasuko erregistroetan jaso beharko du, ezagutu dadin eta behar diren eraginak izan ditzan.
5. Ezin izanen dira administrazio-isiltasunaren bidez eskuratu lurraldearen antolamenduaren edo hirigintzaren arloko antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak, egintza horien erabateko deuseztasuna ekarriko baitute. Hori dela eta, Udal Administrazioak kasuko berrikuspen-prozedura abiatu beharko du, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera”.
Hogeita hemeretzi. 79. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“79. artikulua. Prozedura.
1. Planen berrikuspena, haien izapidetze eta onespenerako aipatutako xedapen berberen arabera eginen da.
2. Udal plan orokorretako eta sektorizazio planetako antolamendu egituratzaileko zehaztapenen aldaketa foru lege honen 70. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, honako hiru puntu hauetan izan ezik:
a) Ez da beharrezkoa izanen lurralde-antolamendurako estrategia eta eredua.
b) Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak soilik aldaketak ukitutako txosten sektorialak bilduko ditu.
c) Jendaurreko epea hilabetekoa izanen da.
d) Kontseilariak bi hilabeteko epean emanen du behin betiko onespena.
3. Udal plan orokorretako antolamendu xehakatuko zehaztapenen aldaketa 74. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eginen da, ekinbide publiko edo pribatuari jarraikiz, deusetan ukatu gabe plan partzialek, hiri-lurzoruan jarduteko planek eta plan bereziek antolamendu xehakatuan egiten dituzten aldaketak.
4. Sektorizazio planetako, plan partzialetako, hiri-lurzoruan jarduteko planetako eta plan berezietako eta xehetasun azterlanetako zehaztapenen aldaketa beren onespenerako ezarritako prozedura beraren arabera eginen da.
5. Ezin izanen dira administrazio-isiltasunaren bidez eskuratu lurraldearen antolamenduaren edo hirigintzaren arloko antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak, egintza horien erabateko deuseztasuna ekarriko baitute.
6. Hiri-lurzoruari buruzko edonolako hirigintza-xedapenen aldaketa izapidetuko da hiri-jarduketarako plan berezi baten bitartez”.
Berrogei. 80. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“80. artikulua. Udal plan orokorren aldaketak, ekimen partikularrak sustatuak.
1. Partikularrek zilegi izanen dute udal plan orokorretako zehaztapen egituratzaileak eta xehakatuak aldatzeko proposamenak aurkeztea. Aldaketa horien izapidetzea aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera eginen da.
2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren zehaztapen egituratzaileen aldaketak, ekinbide partikularrak sustatuak, onetsi eta izapidetzeko eskaerak ezesten direla ulertuko da, baldin eta, espediente osoa erregistroan sartu eta hiru hilabeteko epea iraganik, ez bada inolako ebazpen espresik izan. Kasu honetan, sustatzaileak eskatu ahalko du lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskuduna subroga dadila, izapidetze eta ebazpen espresak emateko”.
Berrogeita bat. 84. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“3. Planeamenduan berean beste araubiderik xedatzen ez bada edo planeamendua onetsi eta hamar urteko epean finkaren desjabetzea edo eraispena programatuta ez badago, antolamenduz kanpokotzat deklaratutako eraikinetan ez da zilegi izanen finkatzeko, bolumena handitzeko, modernizatzeko edo desjabetze balioa igotzeko obrarik egitea; bai, ordea, eraikinaren segurtasunerako eta higienerako behar direnak eta finkapenerako behar diren obra partzialak, bai eta eraikinaren erabilerarako eskatzen diren arauzko beste zehaztapen batzuk betetzeko behar direnak ere”.
Berrogeita bi. 85. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“85. artikulua. Planeamendurako jarraibide teknikoak.
Planeamendurako jarraibide teknikoen xedea izanen da irizpide orientagarriak finkatzea honakoei buruz: planeamenduaren kalitaterik onena, hirigintza-planen helburu eta lehentasunak, planeamendu arazoetarako eredu-irtenbideak ezartzea, planeamenduan parte-hartze sozialeko prozesuak gauzatzeko eta planeamendua bera modu eraginkorrean ezagutarazteko jarraibideak, planen zehaztapenak lurraldearen antolamenduko planetan sartzeko metodologia eta jarraibideak, hirigintza-obrak egiteko jarraibideak, hirigintza-planen ereduak, gune tradizionalen tratamendua, lurzoru urbanizaezineko erabilera eta jarduerak, lurralde-balioei eustea, planeamenduan jaso beharreko iraunkortasuneko eta eraginkortasun eta efizientzia energetikoko irizpideak, eta planak egiteko arlo teknikoan interes orokorrekoak diren beste edozein gai.
Planeamendurako jarraibide teknikoak lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak landuko ditu, eta arlo horretako kontseilari eskudunaren foru agindu baten bidez onetsiko dira. Horren aurretik, betiere, partaidetza eta informazioko aldi bat egonen da, gutxienez ere hilabeteko epean”.
Berrogeita hiru. 86. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“1. Lurzoruaren hirigintza-araubidea lurzoruari buruzko Estatuko oinarrizko legedian eta foru lege honetan ezarritakoa izanen da, lurzoruak daukan oinarrizko egoeraren arabera; eta jabetza-eskubidearen hirigintza-ahalmenak, hala nola lurzoruaren gaineko erabilera, xedapena eta gozamena eta, bereziki, eraikuntza eta urbanizazioa, beti erabiliko dira legeek ezartzen dituzten mugen barrenean eta finkatzen dituzten betebeharrak betez, edo, lege horien ondorioz, planeamenduan ezarritakoaren arabera, finken sailkapenari eta, kasua bada, hirigintza-kalifikazioari dagokionez”.
Berrogeita lau. 92. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“92. artikulua. Hiri-lurzorua.
1. Hiri-lurzorutzat hartuko da, foru lege honen eraginetarako, legez integratuta dagoena bide, zuzkidura eta lurzatietan sare batek –zeina berezkoa baitu parte deneko herriaren gunearen edo asentamenduak– osatutako hiri-sare batean eta honako baldintza hauetako bat betetzen duena:
a) Urbanizatua izatea kasuko antolamendu-tresna betez.
b) Behar diren azpiegitura eta zerbitzuak instalatuta eta operatibo egotea, aplikatzekoa den legedian ezarritakoaren arabera, haiek sarean konektatuz, hirigintza-antolamendurako lehendik dauden edo aurreikusita dauden erabileren eta eraikinen eskaria asetzeko edo haiek eduki ahal izateko lehendik dauden instalazioetarako hargune- lanez besterik egin behar gabe. Lurzorua saihesbideekin edo hiriarteko komunikazio-bideekin mugakidea izateak ez du, berez, ekarriko hura hiri-lurzorutzat hartzea.
c) Eraikinak okupatuta izatea, gutxienez ere horretarako gai den espazioaren bi herenean, kasuko plangintza-tresnak proposatutako antolamenduaren arabera, baita lursailek behar dituzten zerbitzuetako batzuk falta dituztenean ere.
2. Halaber, hiri-lurzorutzat hartuko dira udal planeamenduak mugatutako esparruak, behar diren azpiegitura eta zerbitzuak legez dauzkatenak.
3. Hirigintza-planeamenduak honako kategoriak bereiziko ditu:
a) Hiri-lurzoru finkatua, hiri-lurzorutzat sailkatzen diren lursailek osatua, haietarako soilik eraikuntza-jarduketak edo zuzkidurakoak aurreikusten direnean.
b) Hiri-lurzoru finkatu gabea, hiri-lurzorutzat sailkatzen diren lursailek osatua, haietarako urbanizazioa berritzeko edo erreformatzeko jarduketak aurreikusten direnean.
4. Urbanizazioa berritzeko edo erreformatzeko jarduketak dira hiri-lurzoruan egiten duten esku-hartzeak, azpiegitura publiko berriak aurreikusten dutenak eta, berdinbanatzeko eragiketen bitartez, eraikuntzarako edo erabilera independenterako gai diren lurzati bat edo gehiago sortzea aurreikusten dutenak, azken horiek funtzionalki konektatuak exijitzen diren zerbitzuen sarearekin.
5. Zuzkidura-jarduketak dira hiri-lurzoruan helburu dutenak eraikigarritasuna edo dentsitatea handitzea edo hirigintza-erabilera aldatzea, baldin eta ez badute eskatzen haren urbanizazioa erreformatu edo berritzea.
6. Artikulu honetako 4. eta 5. idatz-zatietan azaldutako jarduketetarako adierazi diren baldintzak gertatzen ez den bitartean, honakoak hartuko dira eraikuntza-jarduketatzat, baita urbanizatze-obra osagarriak eskatzen dituztenean ere:
a) Eraikuntza berrikoak eta lehendik zeuden eraikinak ordeztekoak.
b) Eraikinen birgaitzekoak; esate baterako, lehendik dauden eraikinetan, haien instalazioetan eta espazio komunetan mantentze-obrak eta -lanak egitea, edo esku-hartzekoak, Eraikuntza Antolatzeari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean xedatutako terminoetan”.
Berrogeita bost. 94. artikuluaren 2. idatz-zatia aldatzen da, eta beste bi idatz-zati, 4.a eta 5.a, gehitzen dira. Hona:
“2. Lurzoru urbanizaezinean bi kategoria bereiziko dira:
a) Babestu beharreko lurzoru urbanizaezina. Kategoria honetan sartuko dira artikulu honetako 1. idatz-zatiko a), b) eta c) letretan aipatzen diren lurzoru urbanizaezineko lurrak.
Udalaren hirigintza-planeamenduak ingurune fisikorako definitutako antolamenduaren kategoriari gainjartzen zaizkion baldintzak dira, ukitzen dituzten lurzoruetan jarduera batzuen garapena zedarritzen edo mugatzen dutenak.
b) Gorde beharreko lurzoru urbanizaezina. Kategoria honetan sartuko dira artikulu honetako 1. idatz-zatiko d) eta e) letretan aipatzen diren lurzoru urbanizaezineko lurrak”.
“4. Udalaren hirigintza-planeamenduak babestutako lurzoruen araupetzea eta zedarritzea jasoko du, informazio-xedetarako, salbu eta legedi sektorialak edo lurraldearen antolamendu-tresnek ahalmena ematen dutenean araupetze edo/eta zedarritze hori ezarri edo zehazteko”.
“5. Udalaren hirigintza-planeamenduak lurzoru urbanizaezineko lursail berean biltzen diren kategoria edo/eta azpi-kategoria guztiak bereizi beharko ditu, haien ezaugarrien eta haietan gerta daitezkeen baldintzen arabera, halako moduz non bermatuko baita uneoro aplikagarri egotea erabilera- eta babes-araubide bat. Nolanahi ere, murriztaileena den erabilera- eta babes-araubidea aplikatuko da”.
Berrogeita sei. 95. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“95. artikulua. Lurzoru urbanizagarria.
Lurzoru urbanizagarritzat hartuko dira hirigintza-antolamenduko tresnek hiri-lurzoruaren egoerara aldatzea edo aldatu ahal izatea aurreikusten duten lursail urbanizatu gabeak, harik eta urbanizazio berriko kasuko jarduketa amaitzen den arte, foru lege honetan eta aplikatzekoa den planeamenduan ezarritako baldintzetan eta terminoetan”.
Berrogeita zazpi. 98. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“98. artikulua. Hiri-lurzoruaren jabeen betebeharrak.
1. Eraikuntza-jarduketak aurreikusten direneko hiri-lurzoru finkatuko jabeek honako betebeharrak izanen dituzte:
a) Lurrek orube izaera lortzeko behar duten urbanizazioa ordaintzea eta, hala behar duenean, osatzea, lehendik ez baldin badute.
Horretarako, ordaindu beharko dituzte hiri-zerbitzuak osatzeko behar diren urbanizazio gastuak, finkak erregularizatu beharko dituzte beren konfigurazioa planeamenduan ezarritakoari egokitzeko, behar diren obrak exekutatu beharko dituzte, hala behar denean, eta udalari laga beharko dizkiote planeamenduan seinalatutako lerrokaduretatik kanpo gelditzen diren lurrak, zeinak ezin izanen baitira izan, inola ere, finkaren guztizko azaleraren %10 baino gehiago.
b) Orubeak eraiki beharko dituzte, planeamenduak eta hirigintza-lizentziak seinalatzen dituzten epean eta gainerako baldintzetan.
c) Eraikina erabili beharko dute planeamenduak eta hirigintza-lizentziak aurreikusitako erabileretarako.
2. Zuzkidura-jarduketak aurreikusten direneko hiri-lurzoru finkatuko lursailen jabeek aurreko idatz-zatian aipatutako betebeharrak izanen dituzte; horiei honakoak gehitu beharko zaizkie:
a) Antolamendu-tresna aldatu eta aldaketa horretatik esparruaren aprobetxamendua handitzen bada, aprobetxamendu-handitze horren %10ari dagokion lurzorua administrazio jarduleari eskuratu beharra, nahitaez eta doan. Betebehar hori bete ahalko da lurzoruaren balioari dagokion eskudirua emanez, jarduketan bertan aurreikusita egon daitekeen finantzaketa publikoaren parte bat ordaindu ahal izateko, edo lurzoruaren ondare publikoan integratzeko; horren xedea izanen dira, nagusiki, eraikinen birgaitze-jarduketak edo hiri-berroneratzeko edo berrikuntzako jarduketak.
Salbuespen gisa, eta aintzat harturik bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoari buruzko oroitidazkia, zilegi izanen da portzentajea %5eko gutxienekoraino jaistea, edo %15eko gehienekoraino proportzioz eta arrazoituz igotzea.
b) Administrazio eskudunari eskuratu behar izatea bere proportzioaren doikuntzarekin lotutako zuzkidura publikoetarako lurzorua; haren ordez, dagokion esparruan gauzatzeko ezintasun fisikorik baldin badago, eraikitako azalera edo irabazi asmorik gabeko eraikigarritasuna eskuratu ahalko zaio, higiezinen multzo batean, haren barrenean, edo planeamenduan ezarritako beste edozein bide erabili ahalko da.
Aurreko lerrokadan ezarritakoa alde batera utzita, salbuespenez eta egoki justifikatzen bada ez dagoela teknikoki nahiz ekonomikoki bideragarria den beste inongo konponbiderik, hirigintza-antolamenduko tresnek lurzoru-eskuratze berriak egin behar izatetik salbuetsi ahalko ditu dentsitatearen edo eraikigarritasunaren igoerak dakartzaten jarduketak; hain zuen ere, bizigarritasun-baldintza gutxienekoak betetzen ez dituzten etxeen ordez legez exijitzekoak diren baldintzak betetzen dituzten etxebizitzak egitekoak, helburu izanen dutenak, kasuko jarduketak exijitzen duen moduan, bizilagunei ostatu berria ematea eta bizilagunen itzulera.
3. Hiri-lurzoru finkatu gabearen jabeek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Administrazioari laga beharko diote, nahitaez eta dohainik, beren lurrak sartzen diren garapen esparruaren zerbitzuan, bideetarako, espazio libreetarako, berdeguneetarako eta herriko ekipamendu publikoetarako behar den lurzoru guztia.
b) Nahitaez eta dohainik laga beharko dute sistema orokorrak exekutatzeko behar den lurzorua, planeamenduak, hala behar duenean, dagokion esparruan sartuko duena, hura kudeatzeko xedearekin.
c) Esku hartzen duen administrazioari laga beharko diote, nahitaez eta dohainik, kasuan kasuko esparruko aprobetxamenduaren %10ari dagokion lurzoru kopurua, salbu lehendik dagoen eraikuntza ordezkatzen denean aprobetxamendua handitu gabe.
d) Planeamenduaren ondoriozko onura eta kargak banatu beharko dituzte, bakoitzari dagokiona, haren exekuzio materialari ekin baino lehen.
e) Dagokion jarduketan aurreikusitako urbanizatze-obra guztiak ordaintzea eta, hala badagokio, egitea, bai eta zerbitzu-sare orokorrekin lotzeko azpiegiturak eta jarduketatik kanpo daudenak zabaltzeko eta sendotzekoak ere, baldin eta jarduketaren neurri eta ezaugarri bereziek hala eskatzen badute; horrek ez du eragotziko zerbitzu-sareak instalatzeko gastuak enpresa zerbitzu-emaileei kobratzeko eskubidea, berariaz sinatutako eta jarduten duen administrazioak onetsi beharreko hitzarmenetan ezarritako baldintzetan. Akordiorik ez badago, administrazio horrek erabakiko du bidezkoa dena.
f) Orubeak eraiki beharko dituzte, planeamenduak eta hirigintza-lizentziak seinalatzen dituzten epean eta gainerako baldintzetan.
g) Eraikina erabili beharko dute planeamenduak eta hirigintza-lizentziak aurreikusitako erabileretarako.
4. Aurreko idatz-zati guztietan ezarritakoa ulertuko da ezertan eragotzi gabe foru lege honetan 61. bis artikuluak eraikinen birgaitze-jarduketetarako eta hiri-berroneratzeko eta -berrikuntzako jarduketetarako xedatzen duena”.
Berrogeita zortzi. 101. artikuluko 6. idatz-zatia kentzen da, eta 2. idatz-zatia aldatzen da, zeina honela gelditzen baita idatzita:
“2. Sektorearen edo sektoreen planeamenduak, udal plan orokorrean ezarritako irizpideen arabera, banaketa-eremu bat edo gehiago zehaztu ahalko ditu lurzoru urbanizagarri guztirako eta haren barrenean sartzen diren sistema orokorretarako lurretarako, zeinen jabetza ez den lortu hirigintza-lagapen edo -atxikipenaren ondorioz udal plan orokorraren aurretik”.
Berrogeita bederatzi. 102. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“102. artikulua. Eredu-aprobetxamenduaren kalkulua.
1. Zehaztutako banaketa-eremu bakoitzeko eredu-aprobetxamendua zatiketa bat eginez aterako da: zatikizuna izanen da garapen-planeamenduak eremu horretarako aurreikusitako hirigintza-antolamenduari dagokion irabazizko guztirako aprobetxamendua, barne harturik zuzkiduretarako pribatua, behar bezala homogeneizaturik, metro koadro eraikigarrietan emana; eta zatitzailea, berriz, azalera osoa, lehendik dauden sistema orokorrei edo toki-sistemei atxikitako lurrak kenduta.
2. Udal plan orokorrak, kasu honetarako, eraikuntzako erabilera eta tipologiak homogeneizatzeko koefizienteen sistema bat ezarriko du, behar bezala justifikaturik, kasuan kasuko merkatu-balioei begira. Homogeneizatzeko koefizienteen sistema hori bera planeamenduko garapeneko tresnei eta haren aldaketei aplikatuko zaie.
3. Halaber, banaketa-eremuan sartutako lurzoruen eremu-kokapen erlatiboa edo haiek urbanizatzeko gaitasuna neurtuko duten koefizienteak ere ezarri ahalko dira, horretarako lehentasuna emanez irisgarritasunari, hiri-sistemetatik hurbil egoteari, zuzkidura eta zerbitzuekiko hurbiltasunari”.
Berrogeita hamar. 103. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“103. artikulua. Batez besteko aprobetxamendua.
1. Udal plan orokorrak ez baditu banaketa eremuak zehazten hiri-lurzoru finkatu gabean, udalerriko exekuzio-unitateen batez besteko aprobetxamendua kalkulatuko da.
2. Exekuzio unitate baten batez besteko aprobetxamendua zatiketa bat eginez aterako da. Zatikizuna izanen da irabazizko aprobetxamendua, barne harturik unitateari dagokion ekipamenduetarako aprobetxamendu pribatua, aldez aurretik homogeneizatua aurreko artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera zehazten diren ponderazio erlatiboko koefizienteen bidez, eta zatitzailea, berriz, azalera osoa, lehendik dauden sistema orokorrei edo toki-sistemei atxikitako lurrak kenduta.
3. Udal plan orokorrak, kasu honetarako, eraikuntzako erabilera eta tipologiak homogeneizatzeko koefizienteen sistema bat ezarriko du, behar bezala justifikaturik, kasuan kasuko merkatu-balioei begira. Homogeneizatzeko koefizienteen sistema hori bera planeamenduko garapeneko tresnei eta haren aldaketei aplikatuko zaie”.
Berrogeita hamaika. 103. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“103.bis. artikulua. Bizitegitarako eraikuntzaren proiektuaren aprobetxamendua.
Etxebizitza-erabilera kolektiborako hiri-lurzoruaren edo lurzoru urbanizagarriaren antolamendu xehakatua ezartzen duen planeamenduak, edo, kasua bada, berdinbanaketarako tresnak, emaitza gisa ateratzen den lurzati bakoitzari dagokion etxebizitzetarako eraikuntzaren nahiz eraikigarritasunaren proiektuaren aprobetxamendua ezarriko du, dagokion hirigintza-aprobetxamendua gauzatuz, betiere metro koadro eraikigarritan adierazita.
Lurzati bati dagokionez, etxebizitzetarako eraikuntza-proiektuaren aprobetxamendutzat edo etxebizitzetarako eraikigarritasuntzat definitzen da azalera erabilgarria bider 1,15 egitearen emaitza; koefiziente hori da azalera erabilgarriak izandako bihurtze-koefizientea erabili ondotik isolamendu termo-akustikoak eta osasungarritasuna hobetzera bideratutako eraikuntza-teknikak, Eraikuntzaren Kode Teknikoan ezarriak betiere.
Inoiz ere ezin izanen da gainditu kasuko planeamenduan ezarritako gehieneko eraikitze-bolumena, ez eta bertan zehaztutako aprobetxamendua aldatu ere.
Baldin eta planeamenduak ez badu finkatzen gehieneko eraikitze-bolumena, ukitutako eremuari dagokion planeamendu-tresna izapidetu beharko da.
Azalera erabilgarritzat ulertuko da fatxada eta mehelin-pareta guztien edo etxebizitza bakoitzaren nahiz elementu komunetako banaketa elementuen itxituraren barne perimetroak mugatutakoa, paretak, trenkadak, egiturazko elementu bertikalak eta kanpoko hoditeriak nahiz itxitura edo trenkadetatik ateratzen direnak, 100 cm²-tik gorako sekzio horizontalarekin, eta baino altuera libre txikiagoa duen azalera”.
Berrogeita hamabi. 105. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“105. artikulua. Lagapena egiteko, berdinbanaketarako eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko epeak.
1. Lurren antolamendu xehakatua ezartzen duen hirigintza-planeamenduko tresnak epeak finkatu ahalko ditu lagapena egiteko, berdinbanaketarako eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko. Epe horiek aldatu ahalko dira zabalpen hori behar adina justifikatzen duten inguruabar ekonomiko, finantzario eta merkatukoen ondorioz.
2. Planak ez baditu epe horiek ezartzen, aipatutako betebeharrak betetzeko gehieneko epea zortzi urtekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita”.
Berrogeita hamahiru. 106. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“106. artikulua. Urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egitea.
Administrazioak baimena eman ahalko du urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egin daitezen, betiere horretarako behar diren berme proportzionatuak eskatuz –ezin izanen baitira izan lurzatiaren edo esparruaren hirigintza-zamaren %30 baino handiagoak–, abal ekonomikoaren bidez edo Zuzenbidean onartzen diren bermeetako edozein erabiliz”.
Berrogeita hamalau. 107. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“107. artikulua. Behin-behineko erabilera eta obrak.
Lurzoru urbanizagarrian, bakar-bakarrik baimendu ahalko dira, salbuespen gisa, ez hirigintzako edo sektoreko legediak ez planeamendu orokorrak espresuki debekatzen ez dituzten behin-behineko erabilera eta obrak. Erabilera eta obra horiek udalak erabakitzen duenean gelditu beharko dira eta, kasua bada, eraitsi beharko dira, inolako kalte-ordainik gabe. Baimena, aipatutako baldintzen pean, jabea ere haiekin ados dela, jabetza-erregistroan sartuko da, hipotekei buruzko legedian ezarritakoarekin bat”.
Berrogeita hamabost. 111. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“111. artikulua. Erabilera onartuak, baimengarriak eta debekatuak.
1. Foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilerak onartuak, baimengarriak eta debekatuak izaten ahalko dira.
2. Lurzoru urbanizaezinean –bai babestutakoan, bai gorde beharrekoan–, jarduera eta erabilera onartuak izanen dira lurzoru urbanizaezina babestu eta zaintzeko helburuekin berez bateragarriak direnak, eta bermatzen dutenak lurzoru hori babestu edo gorde behar izateko balioak edo arrazoiak ez dituztela aldatuko.
Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honakoak jotzen dira baimendutako jarduketatzat:
a) Lehendik dauden eraikin edo instalazioetako esku-hartzeak, jarduera- edo erabilera-aldaketa ez dakartenak edo bolumena handitzea dakartenak, eta zerbitzuen eskakizun berririk ez dutenak.
b) Instalazio edo eraikin txikiak eraiki edo ezartzea, lanabesak gordetzeko edo etxeko abereei aterpea emateko, baldin eta guztira 15 metroko azalera gainditzen ez badute.
c) Lurzatiaren itxitura.
d) Lehendik dauden nekazaritza- edo abeltzaintza-instalazioen zabalpenak, baldin eta, orokorrean, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren baimenaren bidez eraikitako azaleraren %20ren igoera suposatzen ez badute eta zerbitzu berriak eskatzen ez badituzte.
e) Lurrei eustea, lur-mugimenduak, basabideak edo bideak irekitzea, baldin eta ez badaude lotuta jarduketak edo eraikuntza-erabilerak ezartzeari, erauzketa jarduerei edo hondakindegiak ezartzeari.
f) Ureztaketarako instalazioak edo drainatzekoak, nekazaritza-azpiegituren arloko araudiak araututako nekazaritza-ustiategiei laguntzekoak.
Erabilera eta jarduera baimenduek ez dute beharko lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimenik, baina horrek ez du esan nahi beste organo edo administrazioen lizentzia, baimena edo txostena beharko ez dutenik.
3. Beren izaera dela-eta lurzoru urbanizaezinean kokatu beharreko jarduera eta erabilera baimengarriak izanen dira lurzoru urbanizaezina babestu eta zaintzeko helburuekin berez, kasu jakin batzuetan eta aparteko izaeraz, bateragarriak direnak, eta bermatzen dutenak lurzoru hori babestu edo zaindu behar izateko balioak edo arrazoiak ez dituztela aldatuko.
4. Honakoak hartuko dira baimentzeko moduko jarduketatzat:
a) Eraikuntza-jarduketak, salbu eta artikulu honetako 2. idatz-zatian baimendutzat hartzen direnak.
b) Lehendik dauden eraikinetan erabilera edo jarduera aldatzekoak.
c) Legedi sektorialak berariaz araututako beste batzuk.
Jarduera eta erabilera hauek baimena beharko dute, foru lege honen 117. artikuluan xedatutakoaren arabera, baina horrek ez du esan nahi beste organo edo administrazioen lizentzia, baimen edo txostena ere beharko ez dutenik.
5. Artikulu honetan aurreikusitako eragiketarako, lehendik dauden eraikin eta instalazioek legezko egoeran egon behar dute. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskariak lehendik dauden erabilerak eta jarduketa eta eraikinak legeztatzeko eskabidea ere bildu beharko du.
6. Jarduera eta erabilera debekatuak izanen dira, hurrengo artikuluan aipatzen direnez gain, lurzoru urbanizaezineko kategoria bakoitza babestu eta zaintzeko helburuekin berez bateraezinak direnak”.
Berrogeita hamasei. 112. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“2. Beren araudi berariazkoan zortasun gune zehazturik ez duten bide publiko eta Ibilbide Interesgarrientzat, hala nola abelbideentzat, edo Donejakue bidearentzat, hiru metroko zortasun gunea ezartzen da, bide horien kanpoko ertzetik neurtzen hasita.
Eremu horretan, debekatuta daude honakoak:
a) Lurrei eustea eta lur-mugimenduak, lotuta daudenak jarduketak edo eraikuntza-erabilerak ezartzearekin, erauzketa jarduerekin edo hondakindegiak ezartzearekin.
b) Eraikuntza jarduerak, salbu eta baimena behar duten azpiegiturak”.
Berrogeita hamazazpi. 113. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“113. artikulua. Babestu beharreko lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilera baimengarriak.
1. Babestutako lurzoru urbanizaezinean, baimena eman ahalko da babes berezi horren arrazoi diren berariazko balioekin bateragarriak diren eraikin, instalazio edo erabilerak egiteko, bateragarritasun hori behar bezala justifikatuta, halakoak ez badaude berariaz debekatuta legedi sektorialean, plangintza sektorialeko nahiz lurralde plangintzako tresnetan edo/eta udalaren hirigintza-planeamenduan.
2. Lurzoru hauetan ezin izanen dira baimendu, eta bereziki debekatzen dira lurzoruaren xedea edo izaera eraldatu, babestu nahi den balio berariazkoa kaltetu edo lurraldearen antolamenduko tresnek edo sektoreko legediak ezartzen duten araubide mugatzailea hausten duten eraikuntza, jarduera edo erabilerak”.
Berrogeita hemezortzi. 114. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“114. artikulua. Gorde beharreko lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabilera baimengarriak.
1. Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean, baimena eman ahalko da nekazaritza, basozaintza edo abeltzaintza, kirol, turismo aktibo edo aisiako jarduerekin lotutako jarduketak egiteko, horren barnean direla lurzoru urbanizaezinean garatu beharreko aisialdirako baratzezaintza, azpiegitura, zerbitzu, ekipamendu eta zuzkidurak, kasuko lurralde esparruko lurralde antolamenduko planean ezarritakoaren araberakoak badira eta udalaren hirigintza-planeamenduan berariaz aurreikusita badaude.
2. Halaber, baimendu ahalko dira lurzoru urbanizaezinean kokatu edo garatu behar diren industriako edo hirugarren sektoreko jarduerak. Baimen hauek berekin ekarriko dute udalari esleitu beharra ukitutako lurren balio gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua, behin baimena eman ondoren eta edozein jarduketari ekin baino lehen. Eraiki aurretik edo eraikitze lanen aldi berean, sustatzaileek bermatu beharko dute ukitutako lurrak guztiz eta egoki urbanizatuko dituztela, bai eta urbanizazio hori mantetnzeaz arduratuko direla ere.
3. Udal plan orokorrak udalerrian aisiarako baratzezaintzaren araupetzea ezarri ahalko du, lurralde antolamenduko tresna indardunetan ezarritakoarekin bat eta honako helburuekin: batetik, paisaia tradizionalei eustea eta, bestetik, biodibertsitatea gordetzea, lurraldea ingurune natural tradizionalean turismo aktiboko jarduera ekonomikoak egiteko erabiltzearekin bateragarria den moduan”.
Berrogeita hemeretzi. 116. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“116. artikulua. Familia bakarreko etxebizitza gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean.
1. Gorde beharreko lurzoru urbanizaezinean etxebizitzak egiteko baimena eman ahalko da, familia bakarreko etxebizitza bakartuak badira, titularraren ohiko bizileku iraunkorra izateko direnak, betiere erregelamendu bidez edo lurraldearen antolamenduko tresnen bitartez ezartzen diren baldintzetan eta lekuetan.
Lurzoru horiek ezin izanen dira egon foru lege honen 94. artikuluan definitutako babes-kategoriak ukituta.
Erabilera hori baimentzeko, gainera, espresuki aurreikusita egon beharko du udal planeamenduan, zeinek garatu eta zehazten ahalko baititu, berak hartzen duen lurraldean, aurreko lerroaldeak aipatzen dituen baldintzak eta lekuak.
2. Lurzoru urbanizaezinean etxebizitza bakartuak eraiki ahal izateko lurzatiaren gutxieneko azalera koadrokoa izanen da, eta azalera hori erabili beharko da, erregelamenduan edo udal planeamenduan finkatzen den heinean, betiere ez %50etik beheiti, nekazaritza, abeltzaintza edo oihangintzako jarduera edo erabileretarako, eraikuntzaz kanpokoetarako hain zuzen.
Lurzatiaren gutxieneko azalera udal plan eta arauen bitartez handitu ahalko da.
Lurzatian ezin izanen da inongo segregazio- edo zatiketa-ekintzarik egin, eta eraikuntzaren azalera osoa jaso beharko da erregistroko inskripzioan, haren zatigarritasuna eta eraikigarritasuna direla-eta etxebizitzaren baimentzeak ezarritako muga zehatzak adierazita.
3. Ezin izanen da etxebizitza berririk baimendu jada etxebizitza-erabilera duten eraikinak dauden lurzatietan. Hala eta guztiz ere, etxebizitza-erabilera duen eraikin batek bi etxebizitza-unitate bildu ahalko ditu lurzati bakoitzeko, titularren artean ahaidetasun-harremanen bat dagoenean, odolbidezko edo ezkontza bidezko hirugarren gradura artekoa.
4. Jarduketa hauek berekin ekarriko dute ukitutako lurren balio gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua lagatzeko betebeharra, behin baimena emanda eta edozein jarduketa hasi baino lehen.
5. Zerbitzuen ekipamenduak eta etxebizitzetarainoko sarbidea jabeen esku geldituko dira, beraiek egin beharko baitituzte, autonomoki eta bakarka, lehendik dauden azpiegituretako hartuneetatik, batere aldatu gabe lurzoru urbanizaezina babestu edo gorde behar izateko balioak eta arrazoiak, eta lurzoru horren babes arauak errespetatuta.
Zerbitzu-zuzkidurei eta elementu osagarriei dagozkien obrak –lur-erauzketak, lubetak eta hesiak, besteak beste– etxebizitzarako obrekin batera izapidetu beharko dira.
6. Ezin izanen dute etxebizitza bat sustatu aurreko bost urteetan lurzoru urbanizaezinean etxebizitza bat eraikitzeko baimena lortu duten titularrek, ez eta haien familia-unitateko kideek ere”.
Hirurogei. 116.bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“116.bis. artikulua. Landa auzo tradizionaletako etxebizitzak.
1. Landa auzo tradizionaletako lurzoru urbanizaezinean etxebizitzak baimendu ahalko dira –auzo horiek udal hirigintza-planeamenduan halakotzat zedarrituta egonen dira–, erregelamendu bidez edo lurralde-antolamenduko tresnen bitartez ezartzen diren baldintzetan eta arlo geografikoetan.
2. Landa auzo tradizionaletan etxebizitzak eraikitzeko lurzatiaren gutxieneko azalera koadrokoa izanen da. Lurzatiaren gutxieneko azalera udal plan eta arauen bitartez handitu ahalko da.
Lurzatian ezin izanen da inongo segregazio- edo zatiketa-ekintzarik egin, eta Erregistroko inskripzioan jasota gelditu beharko du azalera osoa eraikuntzari atxikia dagoela, adierazita zer muga zehatz ezarri dizkion etxebizitza egiteko baimenak zatigarritasunari eta eraikigarritasunari dagokionez.
3. Ezin izanen da etxebizitza berririk baimendu jada etxebizitza-erabilera duten eraikinak dauden lurzatietan. Hala eta guztiz ere, etxebizitza-erabilera duen eraikin batek bi etxebizitza-unitate bildu ahalko ditu lurzati bakoitzeko, titularren artean ahaidetasun-harremanen bat dagoenean, odolbidezko edo ezkontza bidezko hirugarren gradura artekoa.
4. Jarduketa hauek berekin ekarriko dute ukitutako lurren balio-gehikuntzaren %10ari dagokion aprobetxamendua lagatzeko betebeharra, behin obretarako udal lizentzia emanda eta edozein jarduketa hasi baino lehen.
5. Zerbitzuen ekipamenduak eta etxebizitzetarainoko sarbidea jabeen esku geldituko dira, beraiek egin beharko baitituzte, autonomoki eta bakarka, lehendik dauden azpiegituretako hartuneetatik, batere aldatu gabe lurzoru urbanizaezina babestu edo gorde behar izateko balioak eta arrazoiak, eta lurzoru horren babes arauak errespetatuta.
Zerbitzu-zuzkidurei eta elementu osagarriei dagozkien obrak –lur-erauzketak, lubetak eta hesiak, besteak beste– etxebizitzarako obrekin batera izapidetu beharko dira.
6. Ezin izanen dute etxebizitza bat sustatu aurreko bost urteetan lurzoru urbanizaezinean etxebizitza bat eraikitzeko baimena lortu duten titularrek, ez eta haien familia-unitateko kideek ere”.
Hirurogeita bat. 117. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“117. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarriak baimentzeko prozedura.
1. Lurzoru urbanizaezinean jarduera eta erabilera baimengarrientzako baimenerako honako prozedura honi jarraituko zaio:
a) Sustatzaileak kasuko eskaria aurkeztuko dio jarduera ezarriko edo garatuko den esparruko udal eskudunari; harekin batera, foru lege honen 119. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du. Ingurumen arloko esku-hartzerako tresnaren baten menpe dauden jardueren kasuan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta hura garatzeko arauetan ezarritakoa beteko da.
b) Udalak espedienteari aurkeztutako eskariari buruzko txostena gehituko dio, non adieraziko baitu ea bat datorren udalaren hirigintza-planeamenduarekin, dauden edo/eta aurreikusita dauden hirigintza-zerbitzuak nahikoak diren eta Udal horretan dauden aurrekari administratiboak zein diren. Espedientea lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari igorriko dio eskaria aurkeztu eta bi hilabeteko epean. Epe hori pasatu eta oraindik ez bazaio aipatu departamentuari dokumentazioa bidali, interesatuak zilegi izanen du baimena zuzenean eskatzea aipatutako departamentuan.
c) Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko kontseilari eskudunak ebatziko du eskatutako erabilera edo jarduera baimendu edo debekatzea, eta hala emanen dio jakitera udalari, sustatzaileari eta, hala behar bada, kontzejuari, horren lurrak ukitzen baditu. Baimena emateko ebazpenean jaso beharko da Foru Komunitatearen Administrazioko departamentuen eskumena diren afekzio sektorialen balorazioa, eta behar diren neurri zuzentzaileak ezarri ahalko dira. Bi hilabete igarotzen badira lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak udalari inongo egintzarik jakinarazi gabe, ulertuko da baimena ukatu egin dela.
2. Baimenak dimentsioen eta beharrizanen arteko proportzionaltasunaren irizpidearen arabera emanen dira, eta aztertu beharko da, halaber, proposatutako eraikinaren tipologia egokia den garatu nahi den jarduerarako.
3. Jarduketa exekutatzeko behar diren udal lizentziak edo haien abian jartzea soilik eman ahalko dira baimena eskuratu eta ondoren, eta, bidezkoak diren beste batzuen artean, baimen horretan adierazitako zehaztapenak jasoko dituzte; izan ere, zehaztapen horien betetzea eta betearaztea zaindu beharko ditu.
4. Jardueraren exekuzioa edo abian jartzea baimena ematen denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira haren eraginak, eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko da. Baimendutako jarduera eteteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak hark ukitutako lursailak berrezarri behar izatea, lehengo egoerara bueltatuz, beranduenez bost urteko epean, eraikinak eraitsiz edo/eta erretiratuz.
5. Erabilera edo jarduera bat Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe baldin badaude, udalak, espedientearekin osorik igorriko dio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunari, salbu eta aipatutako arauaren arabera, lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueretarako baimena haren ebazpenean jasota dagoenean; izan ere, azken kasu horretan, ebazpen horretan xedatutako prozedurari jarraituko zaio”.
Hirurogeita bi. 118. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatzen da, eta beste idatz-zati bat, 3.a, gehitzen da. Hona:
“1. Jarduketak eta erabilerak udalez gaindiko plan edo proiektu sektorial baten xede diren kasuetan, ez da beharrezkoa izanen lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren baimena, salbu eta legedi sektorialean edo lurraldea antolatzeko tresnan bertan berariaz exijitzen bada”.
“3. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskuduna eskudunak, toki entitateak eskatuta, ahalmena eman ahalko du aurreko artikuluan aurreikusitako baimenak emateko, betiere finkatzen diren jarraibideei jarraituz. Nolanahi ere, baimen horiek atzera bota ahal izanen dira”.
Hirurogeita hiru. 119. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“119. artikulua. Lurzoru urbanizaezinerako baimenak eskatzeko dokumentazio teknikoa.
Lurzoru urbanizaezinean jarduera eta erabilerak baimentzeko eskaerekin batera, behar bezalako dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko da, garatu beharreko jardueraren eta erabileren araberakoa; dokumentazioak haren ezaugarriak, kokalekua eta egin beharreko obrak ezagutarazteko argibidea emanen ditu. Dokumentazioak honako edukia jaso beharko du:
a) Garatu beharreko jardueraren eta erabileraren deskribapena, bai eta behar diren eraikin eta instalazioena ere, haiei buruzko justifikazioa emanda.
b) Ezarri behar deneko lursailen lurralde- eta hirigintza-deskribapena.
c) Lurzoru urbanizaezinean jarri nahi den jardueraren, eraikinaren edo erabileraren kokalekuaren beharra edo komenentzia justifikatzea, bai eta haren egokitasuna ere.
d) Lurzatiaren edukiera eta mugak:
e) Eraikinaren ezaugarri formalak eta akaberak.
f) Lurzatian lehendik dauden eraikinen edo instalazioen deskribapena, haien ezaugarri bolumetrikoak eta erabilerak adierazita, eta haien legezko egoeraren ziurtagiria.
g) Dauden eta aurreikusten diren hirigintza-zerbitzu guztiak, beharrezkoak direnak jarduketaren garapenerako edo exekuziorako: ibilgailuetarako sarbidea, ur-hornikuntza, saneamendu eta arazketa, hiri-hondakinen trataera eta energia elektrikoa.
h) Lur eremuaren topografia aldatzea dakarten jarduketak: lur-erauzketak, betelanak, lubetak, harri-lubetak.
i) Barreneko aparkalekuak, kanpoko biltegiak, lorategiak eta zuhaiztiak, eta lurzatiaren itxitura.
j) Jarduketaren paisaia-integrazioari buruzko azterketa eta neurri zuzentzaileak.
k) Kasua bada, ingurumen-inpaktuaren azterketa edo ingurumena babestearen arloko araudi indardunean eskatzen den dokumentazioa, jarduerak ingurumenean duen eragina eta proposatutako neurri zuzentzaileak deskribatzen dituena hain zuzen.
l) Lurzatiaren antolamenduari buruzko planoa, deskribatutako jarduketa guztiak biltzen dituena.
m) Sustatzailearen adierazpena, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada”.
Hirurogeita lau. 133. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“133. artikulua. Urbanizatze-obren ordainketa proportzionala.
1. Planeamenduak hala ezartzen duenean, banaketa-eremuko exekuzio unitate guztiek urbanizatze-obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak ordaindu beharko dizkiete sistema orokorra ez diren unitate guztiei –ordainketa modu proportzionalean eginen da, unitate bakoitzak duen aprobetxamenduari begiratuta–, alde batera utzita unitate bakoitzak egin beharreko obra berekiak. Obra, azpiegitura eta zerbitzu komun horietan sartuko dira foru lege honen 100. artikuluko c) letran adierazitakoak.
2. Hori horrela gertatzen denean, administrazio jarduleak kostuen banaketaren proiektua izapidetuko du, zeina unitate horientzat eta obra, azpiegitura eta zerbitzu komun horientzat besterik ez baita izanen. Proiektua jendaurrean jarriko da hamabost egunez, eta ematen zaion hasierako onespena ukitutako jabe bakoitzari jakinaraziko zaio. Kostuak banatzeko proiektua egin ahalko da obra horien kostuak kalkulatu ahal izateko behar beste garatu den oinarrizko eraikuntza-proiektu bat oinarri hartuta. Oinarrizko proiektu hori kostuak banatzeko proiektuaren zati bereiztezina izanen da.
Oinarrizko eraikuntza-proiektu horrek honakoak bilduko ditu: obren ezaugarriei buruzko oroitidazki deskriptibo bat, kokapen planoa, proiektu-planoak, kostuak kalkulatzeko behar adina xehetasunekin, oinarrizko neurketak, prezioen justifikazioa eta kalkulatutako aurrekontua.
3. Kostu horien banaketa exekuzio unitate bakoitzari esleitu zaion aprobetxamenduaren proportzioan eginen da. Baldin eta aurreikusten bada ezarritako exekuzio unitateak beste une batean garatzea, ahal den neurrian bilatuko da esleitutako obra komun horien zatiaren garapena eta barne urbanizazioko obrak aldi berean gertatzea.
Horiek, guztiz edo partzialki, aurreratu behar baldin badira, administrazio jarduleak kostu horiek bere gain hartuko ditu, eta eragin horretarako exekuzio unitateen multzoko obra-saldo eta azpiegitura komun gisa definitzen diren betebeharren kargura ordainduko ditu.
Birzatiketa bakoitzean, ateratzen diren lurzatiei bi saldoren zama jarriko zaie: bata obra eta azpiegitura komunei dagokiena, eta bestea unitatearen urbanizatze-obrei dagokiena. Bi saldo horiek kategoria juridiko bera izanen dute.
Kostuak birbanatzeko proiektuak koefiziente bat jaso ahalko du, aurreikustekoa den une desberdin bakoitza kontuan hartuko duena ezarritako exekuzio unitateen exekuziorako. Eragin horietarako, laurtekoen araberako garapenaren aurreikuspen bat ezarriko da, zeina haietarako oinarria izanen baita. Aurreikuspen horrek kontuan hartuko du garatu gabe dauden unitateetarako aurreratzen joateko betebeharra dagoen urbanizazioko gastu komunek daukaten kostu finantzarioa. Koefiziente horiek berrikusi ahalko dira garapenerako inguruabarrak aldatzen badira, hasiera batean finkatutako aurreikuspenekin alderatuta, baina ez du eraginik izanen aurrez garatutako unitateetan edo garatzen ari direnetan.
4. Kostuen banaketaren proiektua behin betiko onesten denean, administrazio jarduleak ahalmena izanen du zuzenean okupatzeko urbanizazioa eta zerbitzu komunak egiteko beharrezkoak diren lurrak, zeinak nahitaez eta dohainik laga beharrekoak baitira.
5. Administrazio jardulea azpiegitura komunen urbanizatze-obren arduraduna izanen da, eta, horrenbestez, eskubidea izanen du kobratzeko proiektuen zenbatekoa, obren exekuzio materiala, haien zuzendaritza fakultatiboa eta, kasua bada, balizko desjabetzeen ondorioz ordaindutako kalte-ordainak, aurrez aipatutako exekuzio unitate bakoitzerako; aipatutako exekuzio unitateek esleitu zaien kuota ordaindu beharko dute haiei buruzko amaierako ziurtagiria egiten den une berean”.
Hirurogeita bost. 134. artikuluko 1., 3. eta 4. idatz-zatiak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“1. Urbanizazio proiektuak planeamendua praktikara eramateko xedea duten obra proiektuak dira, eta haien jarduketa-esparrua exekuzio unitate bat edo batzuk izanen dira, edo hiri-lurzoruan jarduteko planean sartutako esparruak; haien helburua izanen da urbanizazio, azpiegitura eta zerbitzu komunen obrak definitzea. Ezin izanen dute antolamenduari edo lurzoruaren eta eraikuntzaren araubideari buruzko zehaztapenik izan, eta beren baitan biltzen diren obrak zehaztu eta programatu beharko dituzte, proiektuaren egileaz aparteko beste teknikariren batek gauzatu ahal izateko behar diren xehetasunekin”.
“3. Urbanizazio proiektuetan sartuko dira obren ezaugarriak deskribatzen dituen oroitidazki bat, hiriaren barreneko kokapen planoa eta xehetasun nahiz proiektu planoak, neurketak, prezio taulak, aurrekontua eta obra eta zerbitzuetako baldintzen orria. Urbanizazio proiektuek exekuziorako faseak aurreikusi ahalko dituzte; fase horiek zuzenean erabili ahalko den unitate funtzional bat izanen dira”.
“4. Urbanizazio proiektuek araudi tekniko sektorialak betetzeko behar diren zehaztapenak bilduko dituzte, eta irisgarritasun unibertsalaren nahiz eraginkortasun eta efizientzia energetikoaren arloko preskripzioak eta telekomunikazio-zerbitzuetara sarbidea izateko telekomunikazio-azpiegitura komunak jasoko dituzte”.
Hirurogeita sei. 139. artikuluko 1. idatz-zatiko a) letra eta 2. idatz-zatia aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“a) Bide-kaleak, lur mugimenduak, eraispenak, zorua ematea, ur hornidura eta hustuketa, energia elektrikoaren hornidura, argiteria publikoa, gas hodiak, telekomunikazio-azpiegitura komunak, telefoniako eta komunikazioetarako hodiak, zuhaitzak, lorategiak, hiri-altzariak eta gainerako toki-zuzkidurak jarri edo egiteko obren kostua, betiere plan eta proiektuetan aurreikusita badaude, barne harturik sistema orokorrekin lotzeko obrak eta haiek zabaldu edo indartzekoak, halakorik bada, eta hori guztia ez da eragozpena izanen zerbitzu-sareetako instalazio gastuak zerbitzuak ematen dituzten enpresen eskutik atzera hartzeko eskubiderako, horretarako sinatzen diren itunetan ezarritako terminoetan. Itun horiek, betiere administrazio jarduleak onetsi beharko ditu. Akordiorik ez badago, administrazio horrek erabakiko du bidezkoa dena”.
“2. Urbanizazio gastuak jabeen artean hainbanatuko dira, dagokien aprobetxamenduaren arabera, foru lege honen 104. artikuluan xedatua ukatu gabe. Urbanizazio proiektuan faseak ezartzen badira, urbanizazio gastuak aurreikusitako faseen artean banatuko dira, eta horietako bakoitzean jasoko dira lehenengo fasean exekuziorako ezinbestekoak diren gastu komunen aprobetxamenduaren arabera dagokion zatia eta fase bakoitzeko berezko gastuak”.
Hirurogeita zazpi. 150. artikuluko a) eta e) letrak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:
“a) Jabeen eskubidea bakoitzaren lurzatien azaleraren proportzioan aterako da, bakoitzari dagokion batez besteko edo eredu-aprobetxamenduaren arabera.
Birzatiketa proiektuak eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko erabilitako homogeneizazio-koefizienteen egokitasun edo desegokitasunari buruzko azterlan bat jasoko du, birzatiketa proiektua izapidetzerakoan onuren eta zamen berdinbanaketa efektiboa bermatze aldera.
Azterlan horrekin egiaztatzen bada balioen parekotasunak indarra galdu duela, birzatiketa proiektuan balioak berregokitu ahalko dira, horretarako arrazoiak emanez, betiere birzatiketaren xede den aprobetxamendu osoa handitu edo gutxitu gabe, ez eta betetzen ari den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere.
Halaber, exekuzio unitate bat baino gehiago dituen banaketa-eremuaren kasuan, birzatiketa proiektuak beste koefiziente batzuk eduki ahalko ditu; esate baterako, 133. artikuluan aipatutakoak”.
“e) Ahal dela, esleitzen diren finkak titular berberen lehengo jabetzetatik hurbil egonen dira eta esleitutako finkak batean bilduko dira, eta ahal den guztian gutxituko dira jabekidetasunean eta indibisoan egindako esleipenak”.
Hirurogeita zortzi. 150. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“150.bis. artikulua. Zamen aldizkakotasun irizpideak birzatitze proiektuetan.
1. Tamaina handiko exekuzio-unitateetan, zeinetan ez baitago aprobetxamenduaren %50etik gorako jabeen portzentajea urbanizazioa fase bakarrean egitearen aldekoa denik, birzatitze eta urbanizazio proiektuek ezarri ahalko dute urbanizazioa faseka egitea, fase bakoitzari atxikitako lurzati eraikigarriak adieraziz eta haien exekuzioa aldi baterako programatuz.
2. Kasu horretan, fase guztietan komunak diren elementuen urbanizazio-kostuak eta fase bakoitzeko berariazko kostuak bereiziko ditu; halere, horrek ez du eragotziko behin-behineko likidazioaren kontuak jaso dezala lurzati eraikigarri bakoitzak urbanizazio-gastuen guztizkotik zenbateko afekzioa edukiko duen.
3. Urbanizazioaren fase zehatzaren hasiera erabakitzen ez den bitartean edo 1. idatz-zatian aurreikusitako programazioaren epea iragaten ez den bitartean, planeamenduarekin bateraezinak diren ondasunen eta eskubideen titularrek –baldin eta haien kalte-ordainak ez badira birzatitze-proiektuan aitortu– ezin izanen dute exijitu haiek ordain dakizkiela, ez eta administrazio jarduleak exijitu ere eraispena, hustea edo jarduerari uztea.
4. Fase guztien elementu komunei dagozkien urbanizazio kostuek kasuko urbanizazio-kuotak sortuko dituzte, eta haiek jabe guztiei igorriko zaizkie, haien aprobetxamenduak zein fasetan dauden eta zein proportziotan dauden begiratu gabe. Hala eta guztiz ere, kuota hori konpentsatu beharko da, beren lurzati eraikigarriak hasi gabeko exekuzio fasean egoteagatik edo haien garapena lehenengo jarduketan garatzea aurreikusi gabe egoteagatik, haiek ordain dakizkien eskatzerik ez duten jabeen birzatitze-proiektuan aitortutako kalte-ordainen kargura.
Urbanizazioko elementu komunengatiko kuoten zenbatekoak gastuak onartzeko beharrezkoak diren zenbatekoak integratu beharko ditu, hain zuzen ere aitortzen diren kalte-ordainen indarrez ordaintzen ez direnak.
5. Gainerako urbanizazio-kuotak fase bakoitzeko urbanizazio kostuen araberakoak izanen dira, eta haiek eskatzerakoan exekuzio efektiboaren uneari egokitu beharko zaizkie; bestalde, soilik igorriko zaizkie fase bakoitzari atxikitako lurzatietan jabeei”.
Hirurogeita bederatzi. 152. artikuluko 1. idatz-zatiko c) letra eta 2. idatz-zatia aldatzen dira. Honela gelditzen da idatzita:
“c) Esleitutako lurzatiek, kasuan kasuko jarduketa sistema dela-eta, zer zama betetzera eta zer gastu ordaintzera geldituko diren behartuta; bereizi egin beharko dira, batetik, obra eta azpiegitura komunen ondoriozko urbanizazio zama, halakorik badago, eta, bestetik, unitate barruko urbanizatze-zamak, eta kasuz kasu zehaztuko da lurzati bakoitzak zenbateko erantzukizuna duen kontzeptu bi horietako bakoitzarengatik “.
“2. Birzatiketaren behin betiko likidazioa etorriko da unitate edo esparru birzatigarriaren urbanizazioa amaitzen denean, eta, betiere, birzatitze-proiektuan ezarritako epeak iragan baino lehen. Behin betiko likidazioa, jarduketa sistema pribatuetan, lankidetzan diharduen hirigintza entitateak idatziko du, edo, jarduketa sistema publikoetan, esku hartzen duen administrazioak, eta jakinarazi, argitaratu, izapidetu eta onetsiko da birzatiketa proiektuaren kasuan egiten den modu berean”.
Hirurogeita hamar. 159. artikuluari beste idatz-zati bat, 4.a, gehitzen zaio. Hona:
“4. Urbanizatze-obren lagapenak eta jasotzeak, aurreko idatz-zatian aipatzen denak, faseei erreferentzia egin ahalko die urbanizazio proiektuan hala aurreikusita dagoenean eta funtzionalki independentea den unitate bat denean”.
Hirurogeita hamaika. 162. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“162. artikulua. Sistematik at gelditzea.
Beren lurrak libreki eskualdatzea galarazi gabe, batzordean sarturik dauden eta sisteman parte hartu nahi ez duten jabeek udalari eskatzen ahalko diote, birzatiketa proiektuaren hasierako onespenaren aurretik, desjabetu dakizkiela beren ondasun eta eskubide ukituak batzorde horren alde, horrela beraiek batzordetik kanpora geldi daitezen, ondorio guztietarako, eskaera egiten duten egunetik; horrek ez du sistema geldiaraziko, eta premiazko desjabetzapenaren sistema aplikatuko da. Desjabetutako finkei dagozkien eskubideak eta betebeharrak Konpentsazio Batzarrari esleituko zaizkio. Azken horrek, prozedura hasi baino lehen, administrazio jarduleari bermatu beharko dio balio justua ordaintzeko behar beste funts badauzkala. Kasu horietan, udalak desjabetze prozedurari hasiera eman beharko dio gehienez ere hiru hilabeteko epean”.
Hirurogeita hamabi. 164. artikuluari beste idatz-zati bat, 6.a, gehitzen zaio. Hona:
“6. Konpentsazio eta birzatiketa batzarrak, Administrazio Publikoaren entitate laguntzaileak diren aldetik, botere esleipen-egile gisa hartzen dira, kontratazio publikoari buruzko araudiaren eraginetarako, urbanizazioko obra publikoa egiten duten neurrian”.
Hirurogeita hamahiru. 177. artikuluko 5. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“5. Nahitaezko exekuzioaren sistemaren ordez, foru lege honetan aurreikusitakoetatik beste edozein erabili ahalko da, planeamenduan edo exekuzio unitatearen mugaketan berdinbanaketaren eta urbanizazioaren betebeharrak betetze aldera aurreikusitako epeetan garatzen ari ez denean”.
Hirurogeita hamalau. 189. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“Lizentzia behar duten egintzak.
1. Hirigintza-lizentzia da aurretiko kontrolerako egintza administratiboa, izaera arautua eta deklaratiboa duena, zeinaren bidez kasuko toki entitateak baimena ematen baitu proiektatuta dauden lurzoruaren, lur-azpiaren eta hegalaren erabilera, aprobetxamendu, eraldaketa, banantze eta eraikuntzako hirigintza-jarduketak egiteko, aurretik konprobatuta hirigintza-antolamendu indardunaren araberakoak direla.
2. Foru lege honen arabera bidezkoak diren gainerako hirigintza-baimenak eta kasuan-kasuan aplikatzekoak diren lege berariazkoek finkatzen dituztenak gorabehera, egintza hauek dira aurretik lizentzia behar dutenak:
a) Mota guztietako eraikin eta instalazioak eraikitzeko obrak, eraikuntza berrikoak badira.
b) Lehendik eginda dauden mota guztietako eraikin eta instalazioak handitzeko obrak.
c) Beste mota batzuetako eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzeko obrak.
d) Eraikinen barreneko banaketa aldatzen duten obrak, edozein erabilera emanda ere.
e) Behin-behineko obra eta erabilerak.
f) Hirigintza-lurzatiketak eta landa finken bereizketa eta banaketak.
g) Lur-mugimenduak, hala nola lur-erauzketak, zelaitze-lanak, indusketa-lanak eta betelanak, salbu eta lan horiek jadanik onetsita dagoen urbanizazio edo eraikuntza-proiektu baten barrenean zehaztuta eta programatuta badaude”.
h) Eraikin eta instalazioen lehen erabilera edo okupazioa, oro har, eta haien erabileraren aldaketa.
i) Eraikinen eraispena, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.
j) Lur-azpia ukitzen duten instalazioak.
k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, zuhaitz-masa, baso gune, arboladi edo parke badira, planeamendu onetsia izan ala ez, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak badira.
l) Presa, baltsa eta defentsa-obrak egin eta ibilgu publikoak zuzentzea, interes orokorreko obra publikoak ez badira.
m) Agregakinen erauzketa eta harrobien ustiapena, jabari publikoko lurretan egin eta administrazio baimena behar izanda ere.
n) Eta oro har, erregelamendu bidez adieraziko diren egintzak, obra gisa hartzen direlako, edo lurzoruaren edo lur-azpiaren erabilera handitzen delako, haien erabilera pribatiboa dakartelako edo erabilera anormala edo lurren nekazaritza edo basogintzako erabileraz bestelakoa dakartelako.
3. Ekintza administratibo bakarrean aldi berean baimendu ahalko dira hirigintza-lizentziari lotuta dauden kasu batzuk, bai eta beste tokiko baimen batzuk ere.
4. Honakoak jotzen dira hirigintza-lizentziarik behar ez duten egintza gisa:
a) Lurzoruko erabilerako, eraikuntzako eta etxegintzako egintzak, udalek beren udalerrian sustatzen dituztenak, eta udal obra publikoak, horien barne direla partikularrek araudia eta hirigintza-planeamendua betetzeko egindako urbanizatze-obrak, zeinak ulertzen baita proiektua onesteko erabakiaren bitartez baimendu direla, espedientean egiaztatuta planeamendu indarduna eta lurralde antolamenduko eta hirigintzako araudia betetzen direla.
b) Birzatiketa proiektu batean bildutako finken zatiketak edo dibisioak.
c) Lurzorua, eraikina eta lur-azpia erabiltzeko egintzak, aplikatzekoa den legedi sektorialaren arabera hirigintza-lizentzia edukitzetik berariaz salbuetsita daudenak.
d) Exekuzio-agindu bat betetze aldera aurrera eramaten diren obrak, Administrazio eskudunak aginduak, ezertan kendu gabe haien exekuziorako zehaztapen berariazkoen ezarpena, betiere proiektu tekniko bat behar ez dutenean edo haien exekuzio subsidiarioa manatzen duen aginduak edo ekintzak eskatutako proiektua biltzen duenean.
e) Lurzorua erabiltzeko eta eraikuntzako ekintzak, erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubideari atxikiak.
5. Eraikuntzako eta lurzoruaren erabilerako egintzak partikularrek jabari publikoko lurretan egiten dituztenean ere, lizentzia eskatu beharko da, jabari publiko horren entitate titularrak eman beharreko baimen edo kontzesioak deusetan galarazi gabe”.
Hirurogeita hamabost. 189. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“189.bis. artikulua. Udal Administrazioak sustatutako obra arruntak.
Udal administrazioek eta erakunde autonomoek, sozietateek eta haien menpeko beste ente batzuek sustatzen dituzten tokiko obra arrunten proiektuak izapidetu eta onetsiko dira toki araubideari buruzko legediari jarraituz. Proiektu horiek onetsita, organo eskudunak kontrolatzen du proiektatutako obrak hirigintza-antolamendu juridikoaren zehaztapenen araberakoak direla eta ez dutela exekuzio materialerako aurrez hirigintza-baimenik behar”.
Hirurogeita hamasei. 189. ter artikulu berria gehitzen da. Hona:
“189.ter. artikulua. Erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak.
1. Honako jarduketak geldituko dira erantzukizunpeko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen pean, haiek jasota geratzearen, gauzatzearen eta geroko kontrolaren eraginetarako:
a) Merkataritza-jarduketa garatze aldera lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.
b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.
c) Itxiturak eta hesiak.
d) Bide publikotik ikusgarriak diren publizitate afixak.
e) Obra txikiak.
f) Eraikuntzari ekin aurretiko lanak, nola baitira zundaketak, prospekzioak, laginak eta entseguak.
2. Erantzukizunpeko aitorpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki entitateak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko aitorpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak”.
Hirurogeita hamazazpi. 190. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“190. artikulua. Lizentzia eskatzeko epeak.
Planeamenduan espresuki kontrakoa esaten ez bada, jarduketa sistematikoetarako eraikuntza lizentzia eskatzeko epea urtebetekoa izanen da bost mila biztanletik gorako toki entitateen kasuan, eta bi urtekoa biztanle gutxiagoko toki entitateetan, foru lege honen 105. artikuluan ezarritakoaren arabera urbanizazioa egiten denetik hasita. Sistematikoak ez diren jarduketetarako eraikuntza lizentzien kasuan, aipatu epeak bikoiztuko dira. Epe hauek aldatu ahalko dira luzapen hori behar adina justifikatzen duten inguruabar ekonomiko, finantzario eta merkatukoei erreparatuta”.
Hirurogeita hemezortzi. 191. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“191. artikulua. Lizentzia emateko eskumena eta prozedura.
1. Hirigintza-lizentziak emateko prozedura alde batek eskatuta hasiko da; horretarako, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Eskabidea, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan adierazitako datuak dituena.
b) Eraikuntzaren Kode Teknikoan definitutako oinarrizko proiektua, fakultatibo eskudunak sinatua. Kode horrek, legez ezarritako eraginetarako, erantzunen du bertan ezarritako izaera teknikoko datuen zehaztasunari eta egiazkotasunari buruz.
c) Proiektua idatzi duen teknikariak izenpetutako deklarazioa, hirigintza-araudi indarduna eta eraikinaren kalitatearen eta segurtasunaren oinarrizko betekizunak betetzeari buruzkoa.
d) Obrak hasi aurretik, lizentzia eman duen toki entitateari Eraikuntzaren Kode Teknikoan definitutako eraikuntza-proiektua aurkeztuko zaio.
2. Lehen erabilera edo okupaziorako lizentziaren kasuan, b) eta c) letren ordez obrako zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria aurkeztuko da, non honakoak egiaztatuko baitira: obrak zein egunetan amaitu diren eta obra horiek onetsitako proiektuaren arabera egin direla eta, kasua bada, obrarako lizentzian ezarritako baldintzen arabera; lurzatia urbanizatuta dagoela; eta, azkenik, eraikina erabiltzeko baldintzetan dagoela.
3. Eraikuntzako eta lurzoru-erabilerako egintzetarako lizentzia ematea kontzejuari badagokio, eskaera kontzejuari zuzendu beharko zaio. Horrelakoak izapidetu eta ebaztearen ondorioetarako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ezarritakoari jarraituko zaio.
4. Obretarako hirigintza-lizentziak emateko prozeduraren instrukzioan, honako izapideak egin beharko dira:
a) Ukitutako administrazioei komunikazioa igortzea, araudian ezarritako epean beren eskumeneko alderdiei buruzko txostenak eman ditzaten. Zehazki, oin berriko etxebizitza-eraikinak egiteko lizentziak eman aurretik, toki entitateek etxebizitzaren arloko departamentu eskudunari bizigarritasunari buruzko txostena eskatuko diote. Txosten horretan adieraziko da soilik ea etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak eta eraikuntzaren oinarrizko araudia betetzen dituzten. Gehienez ere bi hilabeteko epean emanen da txosten hori, baina epe hori iragaten bada hura eman gabe, emantzat joko da.
b) Langile tituludun eskudunek egindako txosten teknikoa edo txosten teknikoak gehitzea, non baloratuko baita proiektua bat ote datorren hirigintza-planeamendu indardunarekin.
5. Lizentzia emateari edo ukatzeari buruzko ebazpenean arrazoiak eman beharko dira, eta hura justifikatzen duten arauak ere adierazi beharko dira, legediko eta hirigintza-planeamenduko aurreikuspenen arabera. Halaber, exekuziorako behar diren zehaztapen edo baldintzak gehitu ahalko dira. Hirigintza-lizentziak arauek diotenari jarraituz ematen diren arren, toki entitateek ukatuko dituzte ondasun publikoak legez kontra okupatzea ahalbidetzen duten lizentziak, ondasun publikoak babestu eta errekuperatzeko dagokien ahalmena erabiliz.
6. Hirigintza-lizentziak emateari buruzko erabakiak baldintza gisa ezarriko du, lizentzia hori eraginkorra izateko, Eraikuntzarako Kode Teknikoan definitutako eraikuntza-proiektua aurkeztu beharra. Lizentzia eman zuen toki entitateak 15 eguneko gehieneko epea izanen du, eraikuntza-proiektua aurkezten zaionetik kontatzen hasita, ebazteko ea proiektu hori bat datorren emandako lizentziarekin, eta hala jakinaraziko dio eskatzaileari.
7. Lizentziak gehienez ere bi hilabeteko epean erabakiko dira, dokumentazio osoa erregistro orokorrean aurkezten den unetik aurrera kontatua. Epe horretan egintzarik jakinarazten ez bada, lizentzia Administrazioaren isilbidez eman egin dela ulertuko da, salbu eta Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean.
Administrazioaren isilbidez behin betiko onesteak ezin izanen du legeetan, lurralde antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza-planetan xedatutakoa urratu. Ezin izanen dira, ezta ere, Administrazioaren isilbidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak. Erabat deusezak izanen dira onesten diren lizentziak, eta eraginkorrik gabeak haietatik lortzen diren ahalmen eta eskubideak, Administrazioaren isilbidez gauzatuak, baldin eta legeen eta hirigintzaren arloko antolamendu juridikoa osatzen duten gainerako xedapenen aurkakoak badira.
8. Lizentziak emanen dira toki araubideko edo araubide sektorialeko legediaren arabera aginduzkoak diren gainerako baimenak ezertan ere kendu gabe”.
Hirurogeita hemeretzi. 191. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:
“191.bis. artikulua. Erantzukizunpeko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzetarako prozedura orokorra.
1. Erantzukizunpeko aitorpenak ahalmena emanen dio jardueraren titularrari nahi duen eta eskabidean aitortuta ageri den hirigintza-jarduketa hori egiteko, horretarako beharrezkoa eta ezinbestekoa den dokumentazioa gehituta badauka, dagozkion egiaztapen, kontrol eta ikuskatze ahalmenak kendu gabe.
2. Prozedura hasteko, toki entitateari zuzendu beharko zaio eskaera. Eskaera hori sustatzaileak sinatuta egonen da, eta honako gutxieneko edukia izanen du, zeina udal araudiak osatu ahalko baitu:
a) Eskabidea, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan adierazitako datuak dituena.
b) Araudi indardunak exijitzen dituen betekizunak betetzen direla eta horren frogagarri den dokumentazioa eskura baduela dioen berariazko adierazpena.
c) Berariazko araudiak exijitzen duen dokumentazioa, eta, gutxienez ere, honakoa:
a’) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xede den higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.
b’) Jarduketaren aurrekontua eta dagozkion tasak eta zergak ordaintzeari buruzko ziurtagiria.
c’) Egintza, eragiketa edo jarduerak behar dituen baimenak, kasuan kasu aplikatzekoa den araudiak eskatzen dituenak.
3. Udal Administrazioak detektatzen baldin badu aurrez egindako komunikazioak aurreko arauetan ezarritako baldintzaren baten ez-betetzetik edo zehaztapen ezetik heldu diren akatsak dituela, edo emandako informazioa ez dela behar bezain zehatza komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari hura zuzentzeko errekerimendua eginen zaio.
4. Erantzukizunpeko aitorpen batekin batera edo haren barnean dagoen edozein datu, adierazpen edo agiritan zehaztasun falta, faltsutasun edo ez-egiteren bat baldin badago edo aitorpena aurkezten ez bada, eta, halaber, aplikatzekoa den araudiak ezarritako betekizunak betetzen ez badira, ezinezkoa izanen da eskatutako hirigintza-jarduketa egitea, egitate horiek jasota dauden une beretik; hori, halere, ez da eragozpena izanen sor litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboetarako.
5. Jardueraren titularrak, egokitzat jotzen baldin du, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu aurretik konprobatu ahalko du jarduketa hirigintzaren ikuspuntutik bideragarria dela, horretarako hirigintza-kontsulta bat eginez.
6. Inolaz ere ez dira adierazpen arduratsuaren bidez lortutakotzat joko hirigintzako legediaren edo planeamenduaren araberakoak diren ahalmenak.
7. Erabat deusezak izanen dira hirigintzako legediaren edo planeamenduen aurkakoak diren adierazpen arduratsuak, eraginkorrak izateko funtsezko baldintzak falta dituztenean.
8. Adierazpen arduratsuari lotuta egon eta hura aurkeztu gabe eginiko jarduketak –aginduzkoa denean ere–, lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira, eragin guztietarako, eta lizentziarik gabeko obra eta erabilerei aplikatzen zaien legedia babesteko eta zehapenetarako araubide bera aplikatuko zaie”.
Laurogei. 193. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“193. artikulua. Lizentzien eraginkortasuna.
1. Lizentziaren bidez, eskatzaileak lurzoruan eskatu diren erabilera egintzak egiteko baimena lortuko du, legeetan, planeamenduan eta lizentzian berean finkatutako baldintzetan.
2. Hirigintza-lizentziak baimentzen dituen lurzoruaren erabilera egintzak hirigintza-planeamenduan edo lizentzian bertan finkatzen diren datetan hasi eta bukatu beharko dira.
3. Elektrizitatea, ura, gasa, telefonia eta beste hiri-zerbitzu batzuk banatzen dituzten enpresa edo entitateek, kasuan kasuko zerbitzuen kontratazioa egin aurretik, lizentzia behar duten eraikin eta instalazio orokorren hirigintza-lizentziaren kopia eskatu eta gordeko dute. Obra exekutatzen den bitartean, kontratazioa behin-behinekoa izanen da lizentzian obrak edo, kasua bada, haien luzapenak amaitzeko ezarritako gehieneko epe batez.
4. Planeamendu baten aldaketa edo berrikuspenak indarra hartzen duenerako, aurretik emandako hirigintza-lizentzia batean baimendutako egintzak hasi gabe badaude, eraginik gabe utziko da lizentzia, zehaztapen berriekin bateraezina den heinean. Hala ere, aurretik, aprobetxamendua murriztu edo desagerrarazteagatik eta, kasua bada, eragindako kalteengatik dagokion kalte-ordaina finkatuko da.
Lizentziak baimendutako egintzak hasi badira, udalak ahalmena izanen du hura aldatu edo ezeztatzeko, aurretik bidezko kalte-ordaina finkatuta betiere.
5. Aurreko artikuluan adierazitakoari jarraikiz, lizentzia guztietan lanak noiz hasi eta noiz bukatuko diren adieraziko da. Lizentzia epe horiek amaitzearekin iraungiko dela adieraziko da.
6. Iraungitzeko epea adierazten ez duten lizentzien kasuan, eraikuntzarako eta lurzoruaren erabilerarako egintzetan aplikatuko diren gutxieneko epeak, planeamenduan kontrakoa ezarri ezean, hauek izanen dira:
a) Obrak hasteko, urtebete.
b) Obrak burutzeko, hiru urte.
7. Aurreko atalean finkatutako epeak betetzen ez badira, lizentzia iraungitzeko espedientea hasiko da. Kasu horretan, interesdunari entzunaldia emanen zaio, hamabost egun baliodunekoa gutxienez.
Lizentzia iraungitzea hura emateko eskumena duen administrazio berberari dagokio.
8. Toki entitateek lizentziako epeak luzatzea baimendu ahalko dute, obrak hasteko eta bukatzeko finkatutako epea hasi baino bi hilabete lehenago titularrak propio eskatzen baldin badu. Kasu horietan, lizentzia eman zenean indarra zuen araudia aplikatuko da. Ezinezkoa izanen da lizentziaren luzapena eskatzea epearen erdia bederen igaro ez bada.
Obrak hasteko epea luzatzeko baimena ematen bada, bukatzeko epea ere luzatuko da berez, baina amaitzeko data hori espresuki adierazi beharko da. Obrak amaitzeko epea luzatzeko eskaera egiteko nahitaezkoa izanen da eraikinaren ur-estaldura egina izatea, proiektu teknikoaren arabera.
9. Lizentziaren iraungipena deklaratu eta interesdunari jakinarazi ondoren obrak hasi edo bukatu nahi baldin badira, lizentzia berri bat eskatu eta lortu beharko da, indarreko antolamenduaren araberakoa, salbu eta lizentzia gehiago ez ematea erabaki den kasuetan.
10. Aurreko lizentzia iraungita dagoela jakinarazi edo, kasua bada, lizentzia gehiago ez emateko erabakia indargabetu eta hurrengo sei hilabeteetan berria eskatzen ez bada, eta, halaber, berria eskatu baina ukatu behar bada, udalak ahalmena izanen du lurrak eta egindako obrak desjabetzeko, jabetzaren gizarte-eginkizuna ez betetzeagatik”.
Laurogeita bat. 194. artikulua kentzen da.
Laurogeita bi. 198. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“198. artikulua. Hirigintza-ikuskapenerako gaitasuna eta ahalmena.
1. Hirigintza-legedia babesteko ahalmenaz baliatzeko administrazio eskudunei dagokie hirigintza-legedia urra dezaketen ekintzak edo omisioak ikuskatzea. Ikuskatze-eginkizun horiek garatzeko, administrazio publikoek hirigintza-ikuskapenerako planak egin ahalko dituzte, dagozkien eskumenen esparruan, non jarduketarako lehentasunak finkatuko diren.
2. Agintaritzaren agentearen izaera izanen dute aipatutako administrazioen zerbitzuko langileek, modu iraunkorrean edo zirkunstantzialean hirigintza-ikuskapenerako funtzioa esleituta daukatenek.
3. Hirigintza-ikuskapenaren arloko funtzioa daukaten langileek ahalmena izanen dute honako hauetarako:
a) Ikuskatzearen xede diren finka eta obretan sartzea aurrez abisatu gabe eta beren eginkizuna betetzeko behar duten denboran geratzea. Hala eta guztiz ere, ikuskatzearen xedea pertsona baten bizitokia denean, haren baimen espresa beharko da sartzeko edo, bestela, kasuko baimen judiziala.
b) Beharrezkotzat jotzen duen ikerketako, azterketako edo frogako edozein diligentzia egitea; bereziki:
Lehena. Erreklamatzea ikuskatutako tokian presente dauden pertsonek beren burua identifika dezatela edo justifika dezatela zein arrazoi dituzten bertan egoteko eta informa dezatela hirigintza-legediaren betetzearekin zerikusia duen inguruabar orori buruz.
Bigarrena. Jabearen eta ustez erantzuleak diren gainerako pertsonen agerraldia eskatzea ikuskatutako tokian edo ikuskatzaileak adierazitako bulego publikoan.
Hirugarrena. Ikuskatutako jarduketaren sustatzaile denak dauzkan administrazio-titulu gaikuntza-emaileak aztertzea, edo haiek eman dituen Administrazioko artxiboetan ageri direnak.
Laugarrena. Neurketak egitea eta argazki-irudiak lortzea, edo mugimendu-irudiak, ikuskatutako jarduketari buruz.
3. Hirigintza-ikuskapen lanean egiten diren akta eta eginbideak agiri publikoen izaera izanen dute eta ustezko egiazkotasuna izanen dute haietan jasotako egitateei dagokienez.
4. Administrazio publikoek eta beren menpeko enteek behar den laguntza eman beharko diete hirigintza-ikuskapeneko funtzioak dauzkaten langileei. Lankidetzaren esparru horrek bidea eman beharko du ikuskatzaileei artxiboetara sartzeko eta behar den informazioa emateko, hirigintzaren arloko legezkotasuna urratzen duten egitateak egiaztatu ahal izateko eta erantzuleak izan daitezken pertsonak zehazteko.
5. Polizia-kidegoek beren sorospena eta laguntza eman beharko dizkiote hirigintza-ikuskapenaren eginkizunak dauzkanari. Lankidetza hori berariazko legedian ezarritakoaren araberakoa izanen da eta aurrez erreklamatu ahalko da ikuskapen-lana eragotziko dela aurreikusten denean”.
Laurogeita hiru. 201. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“201. artikulua. Lurzoru urbanizaezinean legez kontrakoak diren jarduerak.
Lurzoru urbanizaezinean egiten diren obra edo erabileren kasuan, burutuak izan nahiz exekuzio bidean egon, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak baimenik gabe edo baimenean ezarritako baldintzen kontra egin edo egiten ari baldin badira, aipatu departamentuak toki entitatea premiatuko du aurreko bi artikuluetan ezarritako neurriak har ditzan. Hirigintza-legedia babesteko udal eskumen betetzea errazte aldera, kontatutako egitateak haiei buruzko dokumentuen kopia batekin jakinarazteaz gainera, txosten tekniko bat aurkeztuko da, non aztertuko baita obrak eta erabilerak bateragarriak ote diren lurralde antolamenduko tresnekin eta legedi sektorialarekin. Baldin eta Toki Administrazioak ez badu jarduten hiru hilabeteko epean, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunak egin ahalko du, subsidiarioki”.
Laurogeita lau. 204. artikuluari beste bost idatz-zati, 5.a, 6.a, 7.a, 8.a eta 9.a, gehitzen zaizkio. Hona:
“5. Hartutako berrezarpeneko neurri baten nahitaezko exekuzioaren aurreko unean, behartutako pertsonak eskatu ahalko du haren exekuziorako emandako epea luza dadin, gehienez ere sei hilabetez, luzapen hori behar izateko arrazoiak espresuki adieraziz.
Epe hori berriz luzatu ahalko da eta ahalmena emanen dio Administrazioari berrezarpen-neurriaren nahitaezko exekuzioa agintzeko.
6. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa gorabehera, hirigintza-planak eta planeamenduko gainerako tresnak taxutzeko, aldatzeko edo berrikusteko prozedura hasita, interes publikoari edo aurrez legez kanpokotzat deklaratu diren eraikinen edo jarduketen jabeei kalte konponezinak eragin dakizkien saihesteko –baldin eta haiek direla-eta eraispenerako agindu administratibo eta judizialak eman badira, izapidetzen ari den antolamendu berriaren araberakoak izan ahal daitezen–, tresna hasiera batez onesteko eskuduna den organoak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, behin-behineko baimenak eman ahalko ditu, lehendik dauden eraikin edo jarduketa horietan eraginen dutenak; horretarako, aurrez egiaztatuko da haiek izapidetzen ari den antolamendu berriaren araberakoak direla. Baldin eta prozedura interesdunak eskatuta hasten bada, hiru hilabete iragaten badira inongo ebazpenik eman gabe, eskaria ezetsitzat joko da.
7. Behin-behineko baimenek beraiekin ekarriko dute ezen, eraginak dauzkaten garaian, eraikin edo jarduketa horiek dauden egoeran mantenduko direla eta antolamenduz kanpokoak diren eraikinetarako aurreikusita dagoen araubidea aplikatuko zaiela.
8. Baimen-ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta banaka jakinaraziko zaie ukituta gerta daitezkeen pertsona eta administrazioei.
9. Behin-behineko baimenen eraginak honako kasuetan emanen dira amaitutzat:
a) Lehendik dauden eraikinek obrarako lizentzia berria edo departamentu eskudunaren baimena lortzen dutenean, baldin eta halakoa behar duten lurzoru urbanizaezineko jarduketak badira.
b) Behin-behineko baimenak planeamendu-tresnan behin-betikotzat onetsitakoaren aurkakoak direnean.
c) Eman zirenetik urtebete iragan denean, hirigintza-planen aldaketen kasuan; epe hori hiru urte gehiagoz luzatu ahalko da hirigintza-tresnen berrikuspenen kasuan”.
Laurogeita bost. 212. artikuluari beste idatz-zati bat, 23.a, gehitzen zaio. Hona:
“23. Foru lege honen 117.4. artikuluan aurreikusitako berrezarpeneko betebeharra behin eta berriz ez betetzea”.
Laurogeita sei. 215. artikuluari beste idatz-zati bat, 3.a, gehitzen zaio. Hona:
“3. Hirigintzako zehapenak eta isun hertsatzaileak ezartzearen ondorioz lortutako diru-sarrerak, borondatezko aldian nahiz bide exekutiboan kobratutakoak, erabiliko dira lurzoruaren ondare publikoak zaindu, kudeatu eta mantentzeko, bai eta hondatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko aginduen nahitaezko exekuziorako ere”.
Laurogeita zazpi. 220. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“2. Halaber, aitortzen da lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren zehapen-ahalmena, lurzoru urbanizaezinen sailean dauden lurretan, foru lege honetan aipatutako baimenak izan gabe egindako arau-hausteen kasuan. Nolanahi ere, ezin izanen du esku hartu udalak dagokion zehapen-espedientea izapidetu duenean”.
Laurogeita zortzi. 222. artikuluko 1. idatz-zatia aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“1. Hirigintza arloko arau-hauste oso larriak arau-haustea egiten denetik hamar urtera preskribituko dira, larriak zortzi urtera, eta arinak lau urtera. Arau-haustea noiz egin zen jakiterik ez badago, arau-haustea ekarri duen jokaera errekonozitzeko kanpoko zantzu fisikoak agertzeagatik zehapen prozedura has zitekeen egunetik aurrera kontatuko da”.
Laurogeita bederatzi. 227. artikuluko 2. idatz-zatiko d) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“d) Ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere”.
Laurogeita hamar. 229. artikuluari beste idatz-zati bat, 3.a, gehitzen zaio. Hona:
“3. Lurzoruaren Udal Ondarearen administrazio titularrak, bai eta haren kudeaketa esleituta duten entitateek ere, kontabilitate ikuspegitik dokumentatu behar dute, berariaz eta modu bereizian, hura osatzen duten ondasunak, bai eta haien ondare-mugimendua, besterentzeak eta amaierako destinoa ere; horretarako, kontabilitate eta aurrekontu publikoetako teknikak erabiliko dituzte”.
Laurogeita hamaika. 231. artikuluari beste lerrokada bat gehitzen zaio. Hona:
“Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren parte izanen dira ondare hori osatzen duten ondasunen kudeaketaren eta besterentzearen bidez lortutakoak”.
Laurogeita hamabi. 233. artikuluaren 3. idatz-zatia aldatzen da, eta beste bi idatz-zati, 4.a eta 5.a, gehitzen dira. Hona:
“3. Lurzoruaren Foru Bankuko gainerako lursailen eta gainerako higiezinen besterentzeen, lagapenen edo kudeaketaren bidez lortutako diru-sarrerak nagusiki erabiliko dira haren kontserbaziorako, kudeaketarako eta zabalpenerako, eta ulertuko da honako kontzeptuak sartzen direla, kapitaleko gastutzat sailkatzen baldin badira:
a) Kontserbaziorako behar diren gastuak.
b) Lursailek orubearen izaera hartzeko behar diren gastuak.
c) Planeamenduko eta hirigintza-kudeaketako tresnak lantzeko gastuak, bai eta foru lege honen 139. artikuluan aipatutako gastuak ere.
4. Aurreko idatz-zatian adierazitako diru-sarrerak erabili ahalko dira, modu justifikatuan, honako xede hauetarako:
a) Eraikinak erosi edo/eta birgaitzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko.
b) Ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere.
5. Bereziki, udalez gaindiko zuzkiduratik heldu diren ondasunak besterendu ahalko dira, honako baldintza hauek betetzen baldin badira:
a) Besterentzea lehia publikoan gertatzea.
b) Jomuga izaten jarraitzea nolabaiteko babes publikoko edo gizarteratzeko araubidea duen etxebizitza bat eraikitzea.
c) Besterentzearen bidezko diru-sarrera erabiltzea Lurzoruaren Foru Bankua zabaltzeko edo eraikitzeko, edo hiri-berroneratzerako edo berrikuntzarako eragiketak sustatzeko diru-laguntzetarako”.
Laurogeita hamahiru. 235. artikuluari beste idatz-zati bat, 2.a, gehitzen zaio. Hona:
“2. Lurzoruaren Foru Bankuaren administrazio titularrak, bai eta haren kudeaketa esleituta duten entitateek ere, kontabilitate ikuspegitik dokumentatu behar dute, berariaz eta modu bereizian, hura osatzen duten ondasunak, bai eta haien ondare-mugimendua, besterentzeak eta amaierako destinoa ere; horretarako, kontabilitate eta aurrekontu publikoetako teknikak erabiliko dituzte”.
Laurogeita hamalau. Hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
“Hirugarren xedapen gehigarria.–Toki entitateei laguntza teknikoa emateko bulego-sarea.
Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez onetsiko du ingurumenaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan toki entitateei laguntza teknikoa emateko bulego-sarearen egitura, eginkizunak eta aurrekontuak.
Aipatutako foru dekretua onesten ez den bitartean, zuzenean eman ahalko zaizkie etxebizitzak birgaitzeko udal eta eskualdeetako bulegoei, Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Zentsua arautzen duen 25/2011 Foru Dekretuko hamaikagarren xedapen gehigarrian aipatzen direnei, Nafarroako Gobernuak egiten dizkien ekarpen ekonomikoak, Etxebizitzak birgaitzeko udal eta eskualdeetako bulegoen eginkizunak arautu eta haien finantzaketarako laguntzak nola eman xedatzen duen abenduaren 9ko 363/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera”.
Laurogeita hamabost. Xedapen gehigarri bat, hamabigarrena, eransten da. Hona:
“Hamabigarren xedapen gehigarria.–Epai bidez deuseztatutako tresnak.
Epai judizial baten bidez, deuseztatu den lurraldearen antolamenduko tresna bat edo udal planeamenduko tresna bat prozedura indardunaren arabera izapidetu ahalko da, hura behin betiko onesten den une berean.
Aurreko lerrokadan aurreikusitakoa aplikatzekoa izanen da soilik deuseztapen-deklarazioa formazko akatsengatik egin denean.
Deuseztatu den proiektua izapidetu zenean emandako txosten sektorial guztiak, aldekoak izan badira, automatikoki gehituko zaizkio izapidetze berriari, haiek berriz ere eskatu edo egin behar izan gabe, aplikatzekoa den araudia aldatu ez bada”.
Laurogeita hamasei. Xedapen gehigarri bat, hamahirugarrena, eransten da. Hona:
“Hamahirugarren xedapen gehigarria.–Erantzukizunpeko aitorpenei edo aurretiazko komunikazioei aplikatzekoa zaien zehapen araubidea:
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko V. tituluko II. eta III. kapituluetan hirigintza-lizentziei buruz egindako aipamen oro, erantzukizunpeko aitorpenen eta aurretiazko komunikazioen araubidera ere hedatu beharra dago”.
Laurogeita hamazazpi. Xedapen gehigarri bat, hamalaugarrena, eransten da. Hona:
“Hamalaugarren xedapen gehigarria.–Lurzoru urbanizaezineko legezko eraikinak eta lehendik daudenak:
Legezko izaera duten aldez aurretiko eraikin eta jarduera isolatuak birgaitu edo/eta handitu ahalko dira lurralde antolamenduko tresnek kasuko babesa duen lurzorurako aurreikusi duten babes-araubidea edozein dela ere, baldin eta udal planeamenduak edo legedi sektorialak hori berariaz debekatzen ez badute eta jardueraren edo erabileraren aldaketarik ez badakar”.
Laurogeita hemezortzi. Xedapen gehigarri bat, hamabosgarrena, eransten da. Hona:
“Hamabosgarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Paisaiarako Estrategia:
Lurralde- eta hirigintza-antolamendurako tresnek paisaia aintzat hartuko dute aldagai gisa, Europako Paisaiari buruzko Hitzarmeneko zehaztapenak beterik. Horretarako, Nafarroako Gobernuak Nafarroako paisaiarako estrategia bat landu beharko du”.
Laurogeita hemeretzi. Lehen xedapen iragankorra kentzen da:
Ehun. Bosgarren xedapen iragankorreko 3. idatz-zatia kentzen da, eta 2. idatz-zatia aldatzen da, zeina honela gelditzen baita idatzita:
“2. Udal plan orokorrik ez duten toki entitateetan, eraikinak eraikitzeak edo birgaitzeak berekin badakar erabileren, bolumenen edo/eta lerrokatzeen aldaketa, beharrezkoa izanen da betiere, lizentzia eman aurretik, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren administrazio-baimena, eta baimen hori foru lege honen 117. artikuluan araututako prozeduraren arabera izapidetuko da”.
Lehen Xedapen Iragankorra. Lurzoru urbanizagarri sektorizatu gabea.
Lurzoru urbanizagarri sektorizatu gabeak, foru lege honek indarra hartzen duenean planeamendu indardunean jasotakoak, planeamendu orokorraren aldaketa puntual baten bitartez garatuko dira.
Bigarren Xedapen Iragankorra. Epea agortu duten lurzoru urbanizaezinerako baimenak.
Lurzoru urbanizaezineko baimenek, xedapen honek indarra hartzearekin eman zirenetik gehienezko bi urteko epea exekutatu gabe agortu dutenek, berariaz luzatu beharko dira, bi hilabeteko gehieneko epean kasuko eskaera aurkeztuz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz, kontuan hartuta foru lege honek aldatu egin duela artikulu hori. Hala egiten ez bada, automatikoki agortuko dituzte beren eraginak eta eraginkortasunik gabekotzat jo beharko dira.
Hirugarren Xedapen Iragankorra. Planeamendurako jarraibide teknikoak onesteko epea.
Planeamendurako jarraibide teknikoek xedapen iragankor honek indarra hartu eta urtebeteko epean onetsi beharko dira”.
Laugarren Xedapen Iragankorra. Hasierako onespena duten tresnen izapidetzea.
Foru lege honek indarra hartzen duenean hasierako onespena duten tresnek beren izapidetzearekin jarraitu ahalko dute aurreko legediaren arabera.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Lehena. Testu bategina.
Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari legegintzako foru dekretu bat onets dezan, testu batean bildu ditzan, sei hilabeteko epean, foru lege hau eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2000 Foru Legean indarrean gelditzen diren arauak, bai eta Hirigintza eta Etxebizitzaren arloko Urgentziazko Neurriei buruzko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legean indarrean gelditzen direnak ere. Terminologia eta xedapen-edukia argitu, erregularizatu eta harmonizatu beharko dira, arau horietan jasotako printzipioen esparruan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hartuko du indarra.