Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 203. NAOn argitaratutako testua, urriaren 16an)
Atarikoa
Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak arlo horretan lurralde nazional osoan aplikatzeko moduko oinarrizko legeria ezarri zuen. Hura garatuz, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onetsi zen; horrexek, irailaren 20ko TIN/2504/2010 Aginduarekin batera, besteren prebentzio zerbitzuen jarduera garatu gogo duten entitate espezializatuak egiaztatzeko baldintzak arautzen ditu.
Aipatu errege dekretuaren 28. artikuluak ezartzen duenez, autonomia erkidegoen organo eskudunetan erregistro bat sortuko da, non prebentzio zerbitzu gisa baimenduta dauden entitate espezializatuak inskribatuko baitira. Erregistro horri esker, prebentzio zerbitzuek datuak lan arloko agintari eskudunei emateko dituzten obligazioak betetzen ahalko dituzte.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, 2012ko otsailaren 10ean, lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuen Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin, besteren prebentzio zerbitzu egiaztatuen (SERPA aurrerantzean) informazioa kudeatzeko aplikazio informatikoak funtziona dezan.
Horren ondorioz, foru agindu honen bidez sortzen da entitate espezializatuen erregistroa, Nafarroan besteren prebentzio zerbitzu gisa jarduteko, eta Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako zenbait obligazio nola bete behar dituzten ezartzen da.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Hau da foru agindu honen xedea:
1. Nafarroan besteren prebentzio zerbitzu gisa jarduteko entitate espezializatuen erregistroa sortzea. Erregistroak izaera administratiboa eta publikoa du. Bere datuak SERPA aplikazioan txertatuko dira. Erregistroa bakarra izanen da Nafarroako Foru Komunitate osorako, eta lan arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari atxikiko zaio.
2. Nafarroan lan arloko agintaritzak egiaztatuta dituen besteren prebentzio zerbitzuek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduan eta irailaren 20ko TIN/2504/2010 Aginduan xedatua nola beteko duten ezartzea, funtzionamendurako baldintzak mantentzeari eta prebentzio jardueren memoria eskura jartzeari dagokienez.
2. artikulua. Informazioa lan arloko agintaritzari adierazteko eta haren esku mantentzeko modua.
Entitate espezializatuek lan arloko agintaritzaren esku utzi beharreko datu, komunikazio eta dokumentu guztiak entitateek beraiek zuzenean txertatu beharko dituzte SERPA aplikazio informatikoan, irailaren 20ko TIN/2504/2010 Aginduan aurreikusitako moduan baimendu, ezagutu edo kontrola daitezen.
Hori galarazi gabe, irailaren 20ko TIN/2504/2010 Aginduaren 3.2 artikuluko b), c) eta d) ataletan eragina duten aldaketak zuzenean adierazi beharko zaizkio egiaztagiria eman zuen lan arloko agintaritzari, egiaztatu ahal izateko dokumentazioa aurkeztuta, lan arloko agintaritza izan dadin aldaketak SERPA aplikazioan sartuko dituena, halakorik egin behar izanez gero.
3. artikulua. Obligazioak bete daitezen zaintzea.
Nafarroako lan arloko agintaritzak zainduko du berak egiaztatutako besteren prebentzio zerbitzuek datuak, komunikazioak eta dokumentuak eman eta txertatzen dituztela, horretara behartuta baitaude, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduan eta irailaren 20ko TIN/2504/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Datuak eguneratzea.
SERPA aplikazioan erregistratuta egon daitezkeen datuak osatze aldera, ukitutako entitateek nahitaez eguneratu beharko dituzte datu horiek, foru agindu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.