Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1990eko 131. NAOn argitaratua, urriaren 29an. Aldaketak: 492/1995 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa)
Atarikoa
Konstituzioak Estatuan ezarritako lurralde antolamendua entitate ezberdinen autonomian oinarrituta dago: Udalak, Probintziak eta Komunitate Autonomoak alegia, Konstituzioaren 137. artikuluak xedatzen duen bezala.
Lurralde antolamendu honek beharrezkoa du, iharduketa administratiboan ahalik eta eraginkortasun haundiena lortzearren, Administrazio Publikoek beraien harremanak Eraentza Lokaleko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 10. artikuluan adierazitako printzipioei lotzea: elkarrekiko informazioa, lankidetza, koordinazioa eta bakoitzaren eskumenekiko errespetoa.
Lege bereko 58.1. artikuluak xedatzen du, Estatuko edo Komunitate Autonomoetako legeek, koordinazio administratiboa gerta dadin, kasuan kasuko Administrazioen eta Entitate Lokalen arteko lankidetzarako organoak sortu ahal izanen dituztela, horiek deliberatzaileak eta aholku emaleak izanen direlarik.
Lehenagoko garaietan Nafarroan organo aitzindari bat egon zen Foru Diputazioaren eta Entitate Lokalen arteko koordinazio harremanak bideratzeko, hain zuzen ere, Foru Kontseilu Administratiboa, 1925.eko Errege Dekretu Itunduak sortua eta Nafarroan 1979.ean hasitako erakundeen berrantolamendu prozesuaren barnean desagertua.
Kontutan harturik Nafarroako Udalek Nazioko gainerakoen autonomia bera gutxienez izan behar dutela, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak xedatutakoari jarraikiz, legeztatu egin da Eraentza Lokalerako Foru Batzordea sortzea.
Batzorde hori azaroaren 5eko 213/1987 Foru Dekretuaren bidez hasi zen lanean, koordinazio administratiboaren eginkizunak betetzen dituen organo bezala, Eraentza Lokaleko Oinarriak arautzen dituen Legean aipatutakoari jarraikiz. Batzorde horren antolamendu eta funtzionamendua Foru Lege horretan agertzen diren aurrikuspenei egokitu beharrak dakar horren Arautegia onesten duen xedapen hau ematea.
Horrenbestez, Administrazio Lokaleko Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamarreko urriaren hemezortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
Artikulu bakarra
Eraentza Lokalerako Foru Batzordearen Antolamendu eta Funtzionamendurako Arautegia onestea, jarraian ematen delarik:
ERAENTZA LOKALERAKO FORU BATZORDEAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUTEGIA
1. artikulua
Eraentza Lokalerako Foru Batzordea da Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Administrazio Lokalaren arteko lankidetzarako organo iraunkorra.
2. artikulua
Batzorde hau deliberatzailea eta aholku emalea izanen da.
3. artikulua
Batzordea Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako Administrazio Lokalaren ordezkariek osatuko dute
1. Foru Komunitatearen ordezkariak honako hauek izanen dira:
-Toki Administrazioko kontseilaria, batzordeburua.
-Toki Administrazioko zuzendari nagusia.
-Ekonomi zuzendaria nagusia.
-Ogasun zuzendari nagusia.
-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia.
-Toki Administrazioko Departamentuko Toki Entitateentzako Aholkularitza eta Lankidetza Zerbitzuko zuzendaria.
-Departamentu bereko Koordinazio Ekonomikoaren Zerbitzuko zuzendaria.
2. Nafarroako Administrazio Lokalaren ordezkariak zazpi izanen dira eta Elkarte edo Federazioek entitate lokaletako kideen artetik hautatuko dituzte, Foru Komunitatean duten ezarreraren heinean. Horietako ordezkari bat Batzordeburuorde izateko izendatuko dute.
3. Eraentza Lokalerako Foru Batzordeak, halaber, Idazkari bat izanen du, Batzordeburuak Batzordekideen artetik izendatua. Idazkariak aktak egin behar dituenean Administrazio Lokaleko Departamentuko funtzionarien laguntza izan ahalko du.
4. Batzordeak egiten dituen bilkuretara bi aldetako ordezkariek izendatutako teknikariak joan ahalko dira, eguneko zerrendako gaiei buruz aholku emateko.
4. artikulua
Batzordea hilean behin gutxienez bilduko da eta, nolanahi ere, Batzordeburuak, bere ekimenez edo entitate lokaletako ordezkarien gehiengoak eskaturik, deitzen duenean.
5. artikulua
Erabakiak bi aldetako ordezkariak ados jarri ondoren hartuko dira.
6. artikulua
Idazkariak eginen ditu bilkuren aktak, zeinetan jasoko baitira gai zerrendako gaiei buruz hartutako erabakiak, bai eta izaten diren desadostasunak ere.
7. artikulua
Batzordeak ondoko eginkizunak izanen ditu bere esku:
1. Foru Legearen aurreproiektuen eta Administrazio Lokala ukitzen duten gaiei buruzko beste xedapenen berri ematea.
2. Bi Administrazioetako edozein ordezkarik proposatuta Batzordeburuak jartzen dizkion arazoen berri ematea.
3. Nafarroako Gobernuari Administrazio Lokalari buruzko proposamenak eta iradokizunak egitea, bereziki hauei buruzkoak:
a) Nafarroako Zergetan Hazienda Lokaletako partaidetzaren banatze bideak eta dotazioa.
b) Administrazio Lokalari Foru Komunitateko Administrazioak eman beharreko subentzioen, kreditoen eta transferentzien banaketa.
c) Entitate lokalak ukitzen dituzten Nafarroako Aurrekontuen aurrikuspenak.
d) Entitate lokalen aldeko eskumenen esleipena eta eskurantza.
e) Nafarroako Gobernuaren eta entitate lokalen arteko koordinazio eta lankidetzarako erizpideak.
4. Legeek esleitutako beste edozein eginkizun.
8. artikulua.
Eraentza Lokalerako Foru Batzordeko kideek bilkuretara joateagatik dietak jaso ahal izanen dituzte.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Administrazio Lokaleko Departamentuak Foru Batzordeari beharrezko baliabideak emanen dizkio eginkizunak garatu ahal izateko.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe uzten dira azaroaren 5eko 213/1987 eta abenduaren 22ko 279/1987 Foru Dekretuak.
Azken Xedapen Bakarra
Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.