Castellano | Euskara | Français | English
(2002ko 155. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 25ean)
Atarikoa
Nekazaritzako produktuen produkzio integratua eta haien bereizketa maiatzaren 26ko 143/1977 Foru Dekretuan eta hura aldatzen duten apirilaren 26ko 131/1999 eta abuztuaren 21eko 285/2000 Foru Dekretuetan arautzen dira.
Foru Dekretu hori garatzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak Produkzio Integraturako Batzorde Koordinatzailea eratu, produkzio mota hori erregistratu eta kontrolatzeko sistema ezarri eta sortutako produktuak bereizteko etiketetan erabili beharreko logotipoa finkatu du foru agindu batzuen bitartez.
Halaber, ondoren aipatzen diren produktuen produkzio integraturako erregelamendu teknikoak onetsi dira Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenen bidez: zainzuria, azalorea, brokolia, uraza, kukulua, osterzuria, arroza, orburua, fruitu hezurdunak (mertxika eta brinoia), fruitu hazidunak (udarea eta sagarra), industriako tomatea eta industriako tomate eraldatua. Gainera, Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenen bitartez, ondoko hauek onetsi dira: a) produkzio integratuko arauen arabera egindako produktuak begiratu, kontrolatu eta ziurtatzeko prezio tarifa; b) produkzio integratua bereizteko logotipoaren erabilerak; c) produkzio integratuko laborantzarako lurren gutxieneko eremuak; eta d) nekazaritzako produktu eraldatuei lotutako produkzio integratuaren logotipoa erabiltzeko beste arau bat.
1997ko maiatzaz geroztik Nafarroako Gobernuak hemezortzi xedapen arau-emaile onetsi ditu Nafarroako produkzio integratuari buruz, eta hamabost produktutarako berariazko zortzi erregelamendu tekniko onetsi ditu. Arau horiei eta ondoko kudeaketa administratiboari esker, gaur egun nekazaritzako produktuen produkzio integratuak 6.700 hektarea hartzen ditu eta 2.000 operadore baino gehiago daude inskribaturik, 158 operadore elkartetan bilduta.
Europako Batzordeak babes berariazkoa eman dio Nafarroako nekazaritzako produktoreen produkzio integratuari, parte-hartze zuzena baitu haren finantzaketan, Batzordeak 2000ko irailaren 14an hartu C(2000) 2660 Erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programaren bitartez. Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateak eta Europako Batasunak 666.000 euro ematen dute bien artean Nafarroako produkzio integratua bultzatzeko, Nekazaritza Garatzeko Programa horretan ageri den nekazaritzako ingurumena zaintzeko neurriei buruzko kapituluaren barruan.
Horrela, Nafarroako nekazaritzako produktuen produkzio integratua Nafarroako Foru Komunitatean emandako berariazko arauei jarraikiz erregulatzen da (maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretua, haren aldaketak eta hura garatzeko eman diren arauak), Haren finantzaketa Foru komunitateko eta Europako Batasuneko botere publikoetatik heldu da, Estatuko Administrazioak parte hartu gabe, Europako Batasunak onetsitako Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programaren bitartez. Hortaz, nekazaritza gaietan Nafarroak duen eskumen esklusiboaren adibide bat da hori, haren titularra baita bere foru araubide historikoari esker, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren ) artikuluan berariaz ezartzen den bezala, horretan osagarritzat hartzen baita Estatuan arlo horretan dagoen Zuzenbidea. Foru Komunitateak bere aurrekontu orokorren kargura finantzatzen du berea eta ez beste inorena den eskumen hori, Nafarroako finantza jarduerak arautzen dituen hitzarmen ekonomikoaren sistema tradizionalaren arabera.
Gauzak horrela, Estatuko Gobernuak 1201/2002 Errege Dekretua eman zuen azaroaren 20an, nekazaritzako produktuen produkzio integratua arautzeko, Foru Komunitateak arlo horretan dituen arauen helburu berekin. Errege Dekretu horretako azken xedapenetan lehenaren arabera, "oinarrizko arauak" dira bere I., II. eta V. kapituluetan eta eranskinetan ezarritakoak, izan ere, Konstituzioaren 149.1.13. artikuluari jarraikiz, jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrerako oinarriak eta koordinazioa finkatzeko eskumena Estatuarena baita. Errege Dekretu horren xedapenetan ez da Nafarroako foru araubidea aipatzen, Konstituzioak bere lehenbiziko xedapen gehigarrian errespetatzen eta babesten badu ere. Gainera, ez dira Foru Komunitatearen eskumen bereziak kontuan hartzen.
Nafarroako nekazaritzako jarduerak erregulatzen dituzten arauak bi iturritatik heldu dira (Estatua eta Foru Komunitatea), eta horrek arauen nahasketari eta segurtasun juridikoari buruzko arazo larriak sor litzake, bai arauak aplikatu behar dituzten administrazio organoentzat, bai arauak bete behar dituzten partikularrentzat, alegia, operadoreentzat (nekazari eta produktuen eraldatzaileentzat) eta ziurtapen entitateentzat. Gerta litezkeen kontraesan eta nahasmendu juridiko horiek desagerrarazteko, beharrezkoa da Nafarroan hemendik aurrera eginen den produkzio integratuari aplikatu behar zaizkion arauak zein diren argitzea, orok jakin dezan, bai eta hura finantzatzeko arauak ezartzea ere, horrela desagertuko baitira Nafarroan indarrik ez duten edo aplikatzen ez diren arau estatalak egoteak sor litzakeen itxaropenak.
Horrenbestez, kontuan harturik Nafarroak bere foru araubideari esker nekazaritza arloan duen eskumen esklusiboa, Nafarroako finantza jarduerak arautzen dituen hitzarmen ekonomiko tradizionala, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Plana, Europako Batzordeak onetsia, eta Konstituzio Auzitegiaren doktrina (besteak beste irailaren 20ko 140/1990, uztailaren 6ko 112/1995 eta uztailaren 1eko 128/1999 epaiak), eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Adieraztea, interesatu guztiek jakin dezaten, Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako produktuen produkzio integratua maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuan, haren xedapen osagarrietan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz arautzen dela, hala agintzen baitu bertako foru araubideak.
Bigarrena
Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzako produktuen produkzio integratuaren finantzaketa eta kofinantzaketa Nafarroako Foru Komunitateak bakarrik egiten dituela, bere foru araubideari jarraikiz, Europako batzordeak 2000ko irailaren 14an onetsitako Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programaren bitartez, produkzio integratua sustatzeko plan horretan aurreikusitako eta maiatzaren 26ko 143/1997 Foru Dekretuan berretsitako nekazaritza-ingurumeneko neurrietan ezarri bezala.
Hirugarrena
Adieraztea aurreko 1. eta 2. puntuetan ezarritakoak ez duela ezertan ukitzen produkzio integratua egiten duten operadoreek produkzio integratuaren berme nazionalaren identifikazioa eskatzeko duten eskubidea, azaroaren 20ko 1201/2002 Errege Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz. Nafarroan egiten diren kontrolak Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuak egin ahalko ditu.
Laugarrena
Foru Agindu hau jakinaraztea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuari (ICAN), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan