(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

126/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 20koa, amatasun dirulaguntzak arautzen dituena

 

(2003ko 64. NAOn argitaratua, maiatzaren 21ean)

Atarikoa

Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeak, lehenengo xedapen gehigarrian, ezartzen du, familiari laguntzeko Planaren barrenean eta langileen laneko eta familiako eginbeharrak batera eraman ahal izateko ezarritako neurriekin batera, jaiotza-tasa handitzeko asmoz, laguntzak emanen zaizkiela, batetik, beren kontura zein beste baten kontura lan egin eta hiru urtetik beheitiko seme-alabak dituzten emakumeei eta, bestetik, lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei, baldin eta erregelamenduz ezarriko den mugatik beheitiko errenta baldin badute.

Xedapen gehigarri horretan, orobat, laguntza horiek emateko prozedura erregelamendu bidez arautuko dela ezartzen da.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hogeian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek hauxe du xedea: zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako laguntzak eman eta kudeatzeko prozedura arautzea.

II. KAPITULUA. Lanean ari diren amentzako laguntzak, 3 urtetik beheitiko seme-alabengatik

2. artikulua. Kontzeptua eta onuradunak.

Hiru urtetik beheitiko seme-alabak dituzten emakumeei, beren kontura edo besteren kontura lan egiten badute eta Gizarte Segurantzako edo Mutualitate bateko araubidean alta emanda badaude, urtean 1.200 euro emanen zaizkie seme-alaba bakoitzeko, kapitulu honetako hurrengo artikuluetan adierazten denari jarraikiz.

3. artikulua. Betebeharrak.

1.-Hiru urtetik beheitiko seme-alaba bakoitzeko urtean ematen den 1.200 euroko laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan erroldatua egotea eta helbide fiskala ere Nafarroan izatea.

b) Hiru urtetik beheitiko seme-alabaren bat duela frogatzea.

c) Emakumea lanean ari dela frogatzea, bere kontura nahiz beste baten kontura.

d) Emakumea Gizarte Segurantzan edo mutualitate batean alta emanda dagoela frogatzea. Hilabetero, lanaldi osoko bost laneguni dagokien denbora eman beharko du gutxienez.

Laguntza jaso ahal izateko hilabetero eskatzen den denbora hori, hots, 5 laneguni dagokiena, kontatzeko, Langileen Estatutuei buruzko Legearen Testu Bategineko 12. artikuluan lanaldi osoko lanegunen balioberekotzat hartzen denari buruz adierazita dagoena aintzat hartuko da.

4. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa.

Laguntza jasotzeko eskaerak Nafarroako Gizarte Ongizate Institutura bidaliko dira. Eskabideak toki hauetako batean aurkeztu behar dira: Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, Foru Komunitateko Udaletxeetan, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietatik edozeinetan.

Dokumentu hauek erantsi beharko dira:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Erroldatze agiria.

c) Famili liburuaren fotokopia, zehazki, laguntzaren xede den seme-alaba Erregistro Zibilean inskribatua dagoela adierazten duen orriarena.

d) Laguntza eskatzen duen emakumearen lan-bizitzari buruzko ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak edo kasuko mutualitateak emana. Nolanahi ere, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak behar den informazioa eskatuko dio Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrari, eskatzaileen lan egoerari buruz eta laguntzen onuradunei buruz.

e) Ordainketak transferentzia bidez egiteko eskaria.

5. artikulua. Laguntza jasotzeko epea.

Laguntza hiru urtez emanen da, haurra jaiotzen denetik hasita. Adopzioen eta babespeko familia-harreren kasuetan, adopzioaren ebazpen judiziala edo behin betiko harreraren edo adopzio aurreko egoeraren ebazpen administratibo edo judiziala ematen denetik aurrera ordainduko da laguntza, harik eta haurrak hiru urte bete arte.

6. artikulua. Zenbatekoa.

Laguntza 100 eurokoa izanen da hilabetean, 3 urtetik beheitiko seme-alaba bakoitzeko edo babespean hartzen den haur bakoitzeko.

7. artikulua. Betebeharrak.

Laguntza hauek jasotzen dituzten pertsonek laguntza jasotzeko baldintzetan gertatutako edozein aldaketaren berri eman beharko diote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean beranduenez. Hauek dira salbuespenak:

-Gizarte Segurantzaren afiliazioetan gertatzen diren aldaketak.

-Haurraren adina.

-Harrera egoeretan gertatzen diren aldaketak.

III. KAPITULUA. Lau seme-alaba edo gehiagoko familientzako laguntzak

8. artikulua. Kontzeptua eta onuradunak.

1. Lau seme-alaba edo gehiago dituzten familiei, urtean, 360 euroko dirulaguntza emanen zaie 8 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko, laugarrenetik aurrera eta hori barne. Familiaren errentak, betiere, 9. artikuluan ezarritako mugatik beheitikoa izan beharko du.

2. Laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileek, aplikatzekoak diren legeen arabera, familia larria eduki beharko dute, zehazki, horrelakotzat hartzeko eskubidea ematen duten lau seme-alaba edo gehiago eduki.

9. artikulua. Betebeharrak.

Kapitulu honetan adierazten diren laguntzak jaso ahal izateko honako betebehar hauek bete beharko dira:

a) Familia larriaren karneta izatea.

b) Familiako kide guztiak Nafarroan erroldatuak egotea eta helbide fiskala ere Nafarroan izatea.

c) Laguntza hau jasotzeko eskubidea ematen duten seme-alaba guztien adina ematea eta elkarrekin bizi direla frogatzea.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren likidazio oinarriaren muga hauek ez gainditzea:

-Seme-alaba bat edo birentzako laguntza jasotzen duten familietan, lanbidearteko gutxieneko soldata bider bost.

-Hiru seme-alabarentzako laguntza jasotzen duten familietan, lanbidearteko gutxieneko soldata bider sei.

-Lau seme-alabarentzako laguntza jasotzen duten familietan, lanbidearteko gutxieneko soldata bider zazpi.

-Bost seme-alabarentzako laguntza jasotzen duten familietan, lanbidearteko gutxieneko soldata bider zortzi.

-Sei seme-alabarentzako laguntza jasotzen duten familietan, lanbidearteko gutxieneko soldata bider bederatzi.

-Hamar seme-alaba edo gehiagorentzako laguntza jasotzen duten familietan, lanbidearteko gutxieneko soldata bider hamar.

Horren ondorioetarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren likidazio oinarria hartuko da, zehazki, laguntza zein urtetan eskatzen den, aurreko ekitaldian aurkeztutako aitorpenarena.

10. artikulua. Eskabidea eta dokumentazioa.

Laguntza jasotzeko eskaerak Nafarroako Gizarte Ongizate Institutura bidaliko dira. Eskabideak toki hauetako batean aurkeztu behar dira: Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuan, Udaletxeetan, Foru Komunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako tokietatik edozeinetan. Dokumentu hauek erantsi beharko dira:

a) Familiakoen nortasun agiri nazionalen fotokopia (NANa izatera behartuak daudenena).

b) Familia Larriaren karnetaren fotokopia.

c) Erroldatze agiria.

d) Famili Liburuaren fotokopia.

e) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena (laguntza eskatzen den urtearen aurreko ekitaldikoa).

f) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaria.

11. artikulua. Zenbatekoa.

Urtean 360 urteko laguntza emanen da 18 urtetik beheitiko seme-alaba bakoitzeko, betiere laugarrenetik aurrera (hori barne).

12. artikulua. Laguntza jasotzeko epea.

Laguntza baldintzak betetzen diren artean emanen da.

IV. KAPITULUA. Kudeaketa eta kontrola

13. artikulua. Ebazpena

Eskaerak ebaztea Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari atxikitako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoari dagokio.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak arrazoibidez ebatziko ditu eskaerak eta dagokion ebazpena bidaliko dio eskatzaileari, eskaera aurkezten denetik bi hilabeteko epean.

3. Epe horretan berariazko ebazpenik eta jakinarazpenik ez badago, eskaera ezetsi dela ulertuko da, Nafarroako Administrazio Publikoen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

14. artikulua. Ordainketa.

Laguntza honela ordainduko da:

a) Hiru urtetik beheitiko haurrentzako laguntzen kasuan, aldez aurretik ordainduko dira hilabeteak, eta laguntza hartzeko eskubidea haurra jaio zen hilabetean hasiko da, edo adopzioaren ebazpen judiziala edo behin betiko harreraren edo adopzio aurreko egoeraren ebazpen administratibo edo judiziala eman zen hilabetean.

b) Lau seme-alaba edo gehiagoko familientzako laguntzen kasuan, pagamendu bakarra eginen da urtean, aurreratua, eskaera egiten den datatik familiak laguntza izateko baldintzetako bat betetzeari uzten dion data arte.

15. artikulua. Laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1. Foru dekretu honen III. Kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzen dituzten pertsonek horiek jasotzeko baldintzetan gertatutako edozein aldaketaren berri eman beharko diote Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, aldaketa gertatu eta 15 eguneko epean beranduenez.

2. Bestetik, onuradunek Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak egiten dituen kontrolak onartu beharko dituzte. Horretarako, organo kudeatzaileak edo eskumena duten horiek araudi indardunari segituz eskatzen dieten dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

16. artikulua. Laguntzaren iraungitzea eta itzuli beharra.

Foru dekretu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak eta horiek bete gabe hura lortu eta jasotzeak laguntzaren iraungitzea ekarriko du, baita zuzengabean jasotako diru kopurua itzuli beharra ere. Bestetik, bidezko bada, berandutzako korrituak eskatuko zaizkio, laguntza desegoki kobratu zenetik kontatuta, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak ezarritako kopuruan.

17. artikulua. Aurrekontuko dirua.

Foru dekretu honek arautzen dituen dirulaguntzak Foru Komunitatearen aurrekontuetan ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren kontusailen kargura ordainduko dira.

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra

2003ko urtarrilaren lehenean hiru urtetik beheitiko umeren bat izan eta II. Kapituluan aurreikusitako gainerako baldintzak betetzen dituzten emakume langileek hiru hilabeteko epea izanen dute, foru dekretu honek indarra hartzen duenetik, laguntza eskatzeko.

Horrela bada, laguntza 2003ko urtarrilaren lehenetik haurrak hiru urte bete bitarteko denbora emanen zaio dirulaguntza.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta ondorioak 2003ko urtarrilaren lehenaz geroztik izanen ditu.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa