(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

127/1996 Foru Dekretua, Martxoaren 4koa, Nafarroako Emakume Elkarteen Erroldaren Arau Erregulatzaileak Ezartzen Dituena

 

(1996ko 30. NAOn argitaratua, martxoaren 8an)

Atarikoa

Irailaren 25eko 398/1995 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Emakumearen Institutuaren Estatutuak onetsi ziren. Kontuan hartuta, Erakunde horren esku utzitako eginkizunak, eta batez ere gizartearen, politikaren eta kulturaren arloan emakumeen parte‑hartzea sustatzeari buruzkoak, eta orobat, emakumeen partaidetzaren eta ordezkaritzaren artikulazioa ere, beharrezkoa egiten da emakumeen elkarteen errolda bereki bat egituratzea arlo horretan ekintza koordinatuak eta eraginkorragoak izan daitezen.

Horrenbestez, Lehendakaritza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko martxoaren lauko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako Emakumeen Elkarteen Errolda sortzea, Nafarroako Emakumearen Institutuari atxikia.

2. artikulua

Foru Dekretu honen ondorioetarako Emakumeen Elkartetzat hartuko dira bazkideen %80 gutxienez emakumezkoak dituzten Sozietate, Elkarte eta/edo Entitateak.

3. artikulua

1. Nafarroako Emakumeen Elkarteen Erroldan inskribatu ahalko dira emakumeen sozietate, elkarte eta entitateak, indarra duen legeriaren arabera eratu eta nortasun juridikoa dutenak, beti ere ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Beren helburuetan emakumeen eskubide‑ eta aukera‑ berdintasunaren aldeko iharduerak sartzea, mintzaira ez‑sexista erabiliz.

b) Irabazteko asmorik gabeak izatea.

c) Barne egitura bat izatea eta funtzionamendu demokratikoko araubide bat.

d) Bere iharduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzea.

2. Erroldan izena eman ahalko dute, halaber, aurreko zenbakian manatzen dena betetzen duten sozietate, elkarte eta entitateetako emakumeen atalak, beti ere:

a) Atal horiek funtzionamenduaren aldetik autonomia baldin badute emakumeen programazioari eta iharduerei dagokienean.

b) Atal horien ordezkaritza beren organoen esku egotea, beren eskumeneko gaietan harremanak izateko eta erabakiak hartzeko ahalmenarekin.

4. artikulua

Nafarroako Emakumeen Elkarteen Erroldan izena emateko interesatuta dauden elkarteek eta elkarteen atalek beren eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Emakumearen Institutuan, ondoko agiri hauekin batera:

a) Lehendakaritza Departamentuaren Elkarteen Erregistro Orokorrean inskripzioaren Ebazpenaren fotokopia.

b) Memoria bat honakoak jasotzen dituena: elkarteak dituen baliabideak, azkeneko urtean burututako iharduerak eta eskabidea zein urtetarako eskatzen den, urte horretako programazioa, gastuen eta dirusarreren zenbatespen ekonomikoa ere barne dela.

Nafarroako Emakumearen Institutuaren erroldan inskribatzea eskatzen duten Elkarteei buruz Lehendakaritza Departamentuak duen dokumentazio guztia eska dezake aipatu Institutuak.

5. artikulua

1. Nafarroako Emakumearen Institutuak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du eta adierazitako baldintza guztiak betetzen baditu elkartearen edo atalaren inskripzioa eginen du, eta hala jakinaraziko die.

2. Inskripzio eskabideak ez baditu seinalatu baldintzak betetzen, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsegitea zuzendu edo manuzko dokumentazioa ekar dezan.

3. Inskripzioaren Ebazpena Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du.

Eskabideari ukoa ematen dioten Ebazpenen kontra helegite arrunta para daiteke hilabeteko epean, jakinarazpeneko egunetik aitzina.

6. artikulua

1. Erroldan inskribatutako elkarteek eta elkarteen atalek urte bakoitzeko urtarrilean ekarri beharko dute aurreko urteko ihardueren memoria eta urteko programazioa, gastuen eta dirusarreren zenbatespenarekin batera.

2. Era berean, elkarte eta elkarteen atal horiek behartuak daude Erroldari jakinaraztera beren estatutuetan eta Gobernu organoetan gertatzen diren aldaketa eta gorabehera guztiak, erabaki horiek hartu eta hilabeteko epean.

3. Nafarroako Emakumearen Institutuak Foru Dekretu honetako 3. artikuluak aipatzen dituen alderdiei buruzko informazio osagarria eskatu ahalko die une oro Erroldan inskribatutako elkarte eta atalei.

7. artikulua

Nafarroako Emakumeen Elkarteen erroldatik ateratzea gerta daiteke honako arrazoi bategatik:

a) Inskribatutako elkartea edo atala desegin delako.

b) Inskribatutako elkarteak edo atalak hala nahi duelako, beren organo eskudunek idatziz adierazirik.

c) Foru Dekretu honetako 3. artikuluan seinalatutako baldintzak bete ez direla frogatu delako.

d) Foru Dekretu honetako 6.1 eta 2 artikuluan adierazitako aginduak ez betetzeagatik, horiek betetzeko ohartarazpena egin ondoren.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Nafarroako Emakumeen Elkarteen Erroldaren kudeaketa Nafarroako Emakumearen Institutuko Informazio eta Lankidetza Atalaren esku utzi da.

Azken Xedapenetan Lehena

Nafarroako Emakumeen Elkarteen Errolda funtzionatzen jartzeko eratuko diren fitxategi automatizatuen berri emanen zaio Datuak Babesteko Agentziari, izaera pertsonaleko datu automatizatuen tratamendua erregulatzeari buruzko urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoak ezarritakoari jarraikiz.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Lehendakaritza kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa