Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 116. NAOn argitaratutako testua, irailaren 23an)
Atarikoa
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 34. artikuluko 2. zenbakiak xedatzen du, Foru Lege horretan aipatzen diren arau-hausteengatik zehapena eratu edo ezartzeko, erregelamenduz finkatzen den zehapen prozedura administratiboari eginen zaiola kasu.
Legezko aurreikuspen hori bete ahal izateko, bidezkoa da behar den zehapen prozedura administratiboa ezartzea, horretarako nahikoa delarik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren, hots, apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuak onetsitakoaren 73. artikulutik 77.era bitartekoetan ezarri zenera jotzea.
Hartara jotzea nahikoa da bi arrazoirengatik: alde batetik, hirigintzako arau-hausteak eta naturguneen babesari buruzkoak berdintsuak dira, beraz, horrek justifikatu egiten du zehapen prozedura administratibo bakarra erabiltzea, zeinek Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen oinarrizko aginduei jarraitzen baitie; eta bestalde, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak berak, zortzigarren xedapen gehigarrian, ordezkotzat jotzen du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea, Foru Lege honetan aurreikusten ez den eta haren kontrakoa ez den guztirako.
Hori horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren bederatzian egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen kontrako arau-hauste administratiboen zehapen prozedura izanen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren, hots, apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuak onetsitakoaren 73, 74, 75, 76 eta 77. artikuluetan ezarritakoa.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Ahalmena eman zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari, Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.