Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 95. NAOn argitaratua, uztailaren 30ean. Aldaketak: 25/2002 Foru Dekretua, urtarrilaren 28koa)
Atarikoa
Indarra duen arautegiaren arabera, nekazaritzako elikagaien ekoizleek eta industriek ezinbestekoa dute ekoizten dituzten produktuen eta horretarako erabiltzen dituzten baliabideen kalitate kontrola egitea, zuzenean edo analisi laborategien bidez.
Kontseiluaren 1989 ekainaren 24ko 89/397/EEE Zuzentarauak elikagaien kontrol ofizialari buruz ezarritakori jarraikiz eta, halaber, urriaren 29ko 93/99/EEE Zuzentarauak elikagaien kontrol ofizialerako neurri gehigarriei buruz ezarritakoari jarraikiz, kontuan harturik horiek Espainiako Zuzenbidean honakoen bidez gauzatu direla: urtarrilaren 15eko 50/1993 Errege Dekretua, elikagaien kontrol ofiziala arautzen duena, eta abuztuaren 4ko 1397/1995 Errege Dekretua, elikagaien kontrol ofizialerako neurri gehigarriak onesten dituena.
Europako Batasunean sartzeak berarekin ekarri du analisi laborategiei buruzko arautegia egokitu behar izatea, laborategi horiei EN-45.000 serieko arau europarrak aplikatzea aurreikusita baitago.
Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak eta Osasunekoak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren hogeita bateko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako elikagaien laborategiak, publikoak zein pribatuak, arautzea. Laborategi horiek nekazaritzako elikagaien analisi eta kontrolak egiten dituzte, bai gizakientzat bai animalientzat diren elikagaienak, bai eta nekazaritzako ekoizpeneko baliabideetan erabiltzen direnenak ere. Laborategiek Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte, nekazaritzako elikagaien kontrol esparruan legezko funtzionamendua eta analisi ofizialak egiteko ahalmena onartuko dituen baimen administratiboa eskuratu ahal izateko.
2. artikulua. Erregistroa.
Foru Dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoa garatzeko, Nafarroako nekazaritzako elikagaien laborategien Erregistroa sortu da, eta eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:
a) Foru Dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren laborategiak inskribatzea.
b) Indarra duen arautegiak eskatzen dituen baldintzak betetzen ote diren ikusteko beharrezkoak diren ikuskapen eta egiaztapenak egitea.
c) Interkonparazio ekitaldietan parte har dezaten eskatzea.
d) Kalitatearen berme sistemaren ezarpena sustatzea.
e) Gai monografikoen jardunaldi tekniko teorikoetan eta saiakuntza praktikoko tailerretan parte har dezaten sustatua. Horiek nekazaritzako elikagaien sektoreko laborategiei zuzendurik egonen dira.
f) Nafarroan nekazaritzako elikagaien sektorean arauzko analisiak egiten dituzten laborategietan EN-45.001 araua nola ezartzen den begiratzea.
g) Nekazaritzako elikagaien laborategiekin zerikusia duten txosten eta ziurtagiriak luzatzea.
h) Administrazio Publikoei eta, oro har, herritarrei analisi baliabideen ezagutza ematea.
3. artikulua. Inskripzioa.
1. Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroan inskribatu beharko dira Foru Dekretu honen 1. artikuluan aipatu lanak egiten dituzten zentro publiko eta pribatu guztiak.
2. Inskribatzeak berarekin dakar:
a) Laborategi kreditatuentzat, nekazaritzako elikagaien kontrol ofiziala egiteko legezko ahalmena, urtarrilaren 15eko 50/1993 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
b) Laborategi onartuentzat, nekazaritzako produktuen eta elikagaien analisia egitea, Zuzenbidez onartutako frogabideak izanen baitira, urtarrilaren 7ko Prozedura Zibileko 1/2000 Legean ezarri moduan.
Onartutako laborategi publikoak direnean edo nekazaritzako produktuak eta elikagaiak kontrolatzeko agintari eskudunak emandako arau baten bitartez izendatuta ari diren enpresa publikoak, analisiak, esparru administratiboan, dokumentu publikoak izanen dira eta, gutxienez, egintzak egiazkotzat jotzeko adina frogabide, gaur egungo Prozedura Zibileko Legearen 319.2 artikuluan ezarri bezala.
4. artikulua. Atalak.
1. Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroa bi atal hauetan banatuta dago:
a) Laborategi Onartuen Atala, 1. artikuluak aipaturiko laborategiak bilduko dituena, indarra duen arautegiak produktuen eta ekoizte prozesuan erabilitako lehengaien kalitatea kontrolatzeko aurreikusten dituen enpresa laborategiak barne.
b) Laborategi Kreditatuen Atala, 1. artikuluak aipaturiko laborategien artean EN-45.001 arauaren ezarpena onartua dutenak agintaritza eskudunaren aldetik, abuztuaren 4ko 1397/1995 Errege Dekretuan aurreikusi bezala.
2. Laborategi Kreditatuen Atalean inskribatzeak baimena emanen die laborategi publiko eta pribatuei balio ofizialeko analisiak egiteko indarra duen arautegiaren araberako esparru eta baldintzetan.
5. artikulua. Laborategi onartuak. Dokumentazioa.
1. Laborategi bat Erregistroko Laborategi Onartuen Atalean inskribatzeko, interesatuek eskabidea aurkeztu beharko dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiari zuzendurik.
2. Inskripzioarekin batera aurkeztuko dira EN-45.002 arau europarraren (UNE-66-502 arauaren) 6.2 idatz-zatian aipatzen diren agiriok:
A) Udalaren jarduera lizentziaren fotokopia konpultsatua.
B) Lizentzia fiskaleko aktaren fotokopia konpultsatua.
C) Laborategiaren helbidea, telefonoa eta faxa.
D) Memoria, honakoak bilduko dituena:
a) Laborategiaren deskribapena, jabeari, antolaketari eta jarduerari dagokienez.
b) Instalazioen krokisa eta deskribapena eta analisirako tresneriaren zerrenda. Bertan dauden segurtasungailuei eta ziurtapenei buruzko informazioa ere aurkeztuko da.
c) Laborategiko zuzendari teknikoaren eta langileen izena eta ikasketa titulazioaren fotokopia konpultsatua, baita lanbide kategoria eta organigrama ere.
d) Inskripzioa ondoren aipatzen direnetatik zein jarduera multzotarako eskatzen den:
.Elikagaien osagaien oinarrizko analisia, zerrenda barne.
.Elikagaien etiketen analisia.
.Aztarnen mailako metalen analisia.
.Plagiziden hondakinen analisia.
.Uren analisia.
.Elikagaien mikrobiologia.
.Nekazaritzako ekoizpenaren baliabideen analisia, zerrenda barne.
.Elikagaiekin ukipen zuzena duten materialak.
.Elikagaien gehigarriak.
.Animalien elikagaiak.
.Nahasketa aurrekoak.
.Kutsatzaile organikoak.
.Albaitaritzarako produktuak.
.Animalien eritasunen diagnostikoa.
.Elikagai, animalia eta pentsuetan dauden hondakinak.
.Beste multzo batzuk.
3. Laborategiaren ebaluaziorako beharrezkoa den informazioa osatu egin beharko da, EN-45.002 arauaren 6.2 b, c, d, e eta f idatz-zatiek adierazi bezala.
6. artikulua. Laborategi kreditatuak. Dokumentazioa.
Laborategi bat Laborategi Kreditatuen Atalean inskribatzeko beharrezkoa izanen da, Foru Dekretu honen 5. artikuluan aipaturiko agiriez gain beste hauek ere aurkeztea:
a) Entitate Ofizial onartuak EN-45001 araua betetzen den ebaluatzeko emandako kreditazioa.
b) Laborategi pribatuen kasuan, analisiak eskatzen dituzten entitate edo enpresekin inolako loturarik ez dutelako zinpeko aitorpena egin beharko du legezko ordezkariak.
7. artikulua. Dokumentazio osagarria.
Dokumentazioa aurkeztu ondoren, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroak hogeita hamar eguneko epea izanen du beharrezkotzat jotzen dituen argibideak edo dokumentazio osagarria eskatzeko. Foru Dekretu honen 12. artikuluak aipaturiko Batzorde Teknikoak, horretarako hautaturiko teknikariak aldez aurretik ebaluaturik, txosten bat eginen du, eskatzaileak Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen zehaztuko duena, Laborategi Onartuen Atalean edo Kreditatuenean inskribatu ahal izateko.
8. artikulua. Kreditazio esparrua zehaztea.
Laborategiak laborategi kreditatu gisa inskribatuta dagoela erakusten duenean inprimakietan, analisi orrietan, e.a., zein esparrutan dagoen inskribatuta azaldu beharko da beti, kreditazioa emateak ez baitu esan nahi orokorra denik.
9. artikulua. Laborategi kreditatuen betebeharrak.
1. Laborategi kreditatuek, elikagaien kontrol ofiziala egiten dutenean, indarra duen arautegiaren arabera ezarritako analisi metodoak erabili beharko dituzte, eta erabilitako metodoa analisi orrietan agertu.
2. Laborategi kreditatuek ez dezakete enpresen laginen balio ofizialeko analisirik egin, baldin eta enpresa horiekin kontratuak sinatu badituzte kontrol iraunkorreko lanetarako, edo enpresaren batekin interes kontrajarriak badituzte.
10. artikulua. Ebazpena.
1. Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroko inskripzioa eman edo ukatuko da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak emandako Ebazpenaren bitartez.
2. Ebazpenaren aurretik, nahitaezkoa eta loteslea izanen da hiru teknikarik egindako txostena. Teknikari horiek behar besteko titulazioa izan beharko dute eta Batzorde Teknikoak hautatuko ditu. Txosten horrek zehaztuko du eskatzaileak Foru Dekretu honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituen.
3. Inskripzio Ebazpenean zehaztuko da laborategia zein Ataletan inskribatu den eta zein analisi multzotarako baimena lortu duen.
4. Inskripzioa egin ondoren, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroak ziurtagiri bat luzatuko du eta honakoak azalduko dira bertan:
.Erregistro zenbakia.
.Zein Ataletan inskribatu den.
.Laborategiaren izena.
.Laborategiaren helbidea.
.Laborategiko titularra.
.Zein jarduera multzotarako dagoen onartuta edo kreditatuta.
.Erregistroaren iraungipen data.
5. Erregistroan inskribatzeak ez du alde batera uzten indarra duen arautegiko beste edozein betebehar.
6. Dokumentazio osoa aurkezten den egunetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, onartuta dagoela esan nahiko du.
11. artikulua. Inskripzioaren indarraldia.
Erregistroko inskripzioak hiru urteko indarraldia izanen du. Epe hori iragan ondotik, titularrek inskripzioa berritzea eskatu beharko dute. Iraungipen dataren ondoko hiru hilabeteetan eskatzen ez bada, zuzenean baja emanen zaio Erregistroan.
12. artikulua. Batzorde Teknikoa.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak eta Osasunekoak hiru ordezkari izendatuko dituzte, zuzendari nagusi kategoriarekin, Batzorde Teknikoa osatzeko. Batzorde horren eginkizunen artean dago teknikari adituak hautatzea laborategiak ikuskatu eta ebaluatu ditzaten eta inskripzio eskaera onartu edo ezetsiko duen Ebazpenaren aurreko aginduzko txostena egitea.
13. artikulua. Erregistroko datuak aldatzea.
1. Erregistroan inskribatuta agertzen diren datuetan aldaketaren bat egin nahi izanez gero, Erregistroaren ardura duen organoari jakinarazi beharko zaio, aldaketa gertatzen denetik hasita hilabeteko epean gehienez, erregistroko aldaketa egin dadin bakoitzari dagokion Atalean.
2. Aipatu epean jakinarazten ez bada, baja eman dakioke Erregistroan.
14. artikulua. Erregistroan baja ematea.
Inskripzioen deuseztatze idazpenak legezko ordezkariaren eskariz edo ofizioz eginen dira, ondoko kasu hauetan:
a) Balio gabe uzten denean funtzionamendurako baimen administratiboa edo kreditazioa, hori lortzeko Foru Dekretu honek ezartzen dituen betebeharretakoren bat ez betetzeagatik.
b) Laborategiak edozein arlotan akatsak dituela edo iruzur egiten duela ikusten denean.
c) Laborategiko titularrak porrot edo ordainketen etendura deklarazioa egiten duenean.
d) Laborategiko titularrak laborategia ixten duenean.
e) Berritze eskaera Foru Dekretu honen 11. artikuluan ezarritako epean aurkezten ez denean.
f) Laborategi arteko saiakuntzen emaitzetan behin eta berriz akatsak agertzen direnean.
g) Erregistroko edozein aldaketa ezarrita dagoen epean ez jakinaraztea.
h) Organo eskudunak, arrazoiturik, egokitzat jotzen duen beste edozein kasutan.
15. artikulua. Zehapenak.
Foru Dekretu honek aipatzen dituen betebeharrak ez betetzea arau-haustea izanen da eta zehapena ezarri ahalko da, honakoen arabera: ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua, kontsumitzaileen eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren babes arloko arau-hauste eta zehapenak arautzen dituena, abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretua, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenen administrazio prozedura onesten duena, eta irailaren 19ko 172/1994 Foru Dekretua, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babes arloko arau-hausteen zehapen prozedura ezartzen duena.
Xedapen Iragankor Bakarra
Foru Dekretu honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Kreditaziorako Entitate Nazionalari kreditazioa eskatu dioten laborategiek elikagaien kontrol ofiziala egin ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean. Epe hori amaitzen denean, elikagaien kontrol ofiziala egin nahi duten laborategi guztiek Nekazaritzako Elikagaien Laborategien Erregistroko laborategi kreditatuen Atalean inskribaturik egon beharko dute.
Lehen Xedapen Indargabetzailea
Indarrik gabe gelditu dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Bigarren Xedapen Indargabetzailea
Indarrik gabe gelditu da maiatzaren 22ko 114/1995 Foru Dekretua, kontsumorako produktuei analisiak egiteko laborategien kreditazioa arautzen zuena.
Azken Xedapenetako Lehena
Ahalmena eman zaie Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari eta Osasunekoari, Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten beren eskumenen esparruan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteren buruan hartuko du indarra.