(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Egitura organikoa :
    • 29/2012 Foru Dekretua, ekainaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

29/2012 Foru Dekretua, ekainaren 27koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena

 

(2012ko 130. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 4an)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak ekainaren 22an emandako 11/2012 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla kasuko kontseilari titularraren menpe. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola, departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak proposaturik.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko ekainaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak gauzatzea: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura eta landa garapena; ingurumenaren babesa eta zainketa; baliabide hidrikoak; Nafarroako Toki Administrazioa; baita antolaketa juridikoak ematen dizkion gainerako eskudantziak ere.

2. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, Departamentuko titularra baita, eta foru dekretu honen 1. artikuluan definitutako eskumen esparruari loturik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskudantziak erabiliko ditu.

2. Era berean, Departamentuko kontseilaria kide anitzeko organo hauetako buru izanen da:

-Nafarroako Nekazaritza Kontseilua.

-Toki Araubideko Foru Batzordea.

-Lurralde Mugaketako Batzordekoa.

3. Departamentuan Kontseilariaren Kabinetea dago, hari laguntza politikoa eta teknikoa emateko; Kabinetea Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari lotu behar zaio eta kontseilariaren menpean dago zuzenean.

3. artikulua. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu:

a) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

b) Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia.

c) Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia.

d) Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia.

f) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskudantziak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goi-zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eskudantziak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dieten edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak agintzen duen beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskudantziak.

Landa Garapeneko Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan zehaztu den eskumenen esparruan eta Landa Garapeneko Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren goi zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritako eskudantziak izanen ditu, baita indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Landa Garapeneko Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak agintzen dion beste edozein ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskudantziak izanen ditu, arlo hauetan:

-Nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpena.

-Landareen eta abereen osasuna.

-Mintegiko haziak eta landareak.

-Nekazaritzako aseguruak.

-Nekazaritzako eta abeltzaintzako ikerketa eta garapena koordinatzea.

-Nekazarien eta abeltzainen errentetarako laguntzak.

-Merkatuak erregulatzea eta haietan esku hartzea.

-Siloen Oinarrizko Sarea mantentzea eta zaintzea.

-Fruta eta barazki ekoizleen erakundeak eta nekazaritzako ekoizleen elkarteak.

-Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak nekazari eta abeltzainentzat.

-Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritza.

-Erakunde Ordaintzailearen baliabide informatikoak kudeatzea.

-Nekazaritzaren arloko prestakuntza.

-Abeltzaintza-nekazaritzako laborategiak.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari esleitzen dizkiotenak Zuzendaritza Nagusiaren beraren esparruan eta, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsari (NBEUF) Erakunde Ordaintzailearen eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari (LGENF) loturik, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkionak.

7. artikulua. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, honako arlo hauetan:

-Nekazaritzako azpiegituren erreforma eta garapena.

-Ureztalur berriak sortzea eta jadanik daudenak gaurkotzea eta sendotzea.

-Nekazaritzako azpiegituretarako laguntzak.

-Herri ondasunak zaindu eta berreskuratzea.

-Landa inguruneko jardueren aniztasuna bultzatzea, baita landa garapena ere nazioko zein Europako programen barrenean.

-Landa garapeneko Leader ikuspegiko parte-hartzaile diren Tokiko Ekintza Taldeak koordinatu eta kontrolatzea.

-Nekazaritza ustiategien eraginkortasuna hobetzea.

-Kalitate deiturak.

-Prozesuen eta produktuen kalitatea sustatu, babestu eta kontrolatzea.

-Nekazaritzako produktuen eta nekazaritzako elikagaien merkaturatzea sustatzea.

-Nekazaritzan eta nekazaritzako elikagaien arloan kooperatibak eta elkarteak sortzen laguntzea.

-Landa garapenaren arloko neurriak bultzatu eta koordinatzea.

-Landa Garapeneko Programen Kudeaketaren Agintaritzaren eginkizunak betetzea, programa horien prestaketa eta aldaketa zuzenduz, baita haien jarraipena eta ebaluazioa ere.

-Ardogintzako esperimentazioa eta ikerketa eta mahastizaintza eta ardogintzako laborategiak.

-Indarra duten xedapenek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.

8. artikulua. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak izanen ditu, ingurumena eta ur baliabideak zaindu eta babesteari dagokionez. Berariaz, hauxe dagokio:

-Gai hauen gaineko plangintza: hondakinen kudeaketa, ur baliabideak, naturgune babestuak, kutsaduraren kontrako borroka eta oihan ondarea.

-Gai hauen gaineko koordinazioa: ingurumen hezkuntza, ingurumen osasuna, biosegurtasuna eta Foru Komunitateak ingurumenaren arloko politikan parte hartzeak dakartzan beste guztiak.

-Nafarroako Foru Komunitateko naturgune babestuak, oihan ondareko finkak eta abelbideen sarea kudeatzea.

-Hondakin kudeaketa eta urarekin lotutako natur baliabideen kudeaketa ingurumenaren aldetik kontrolatzea.

-Ingurumenaren arloko ebaluazioa eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak.

-Ikerketa eta prestakuntza eta heziketa jarduerak sustatzea ingurumenarekin eta mendien ustiapen eta erabilera antolatuarekin zerikusia duten gaietan.

-Beste administrazio batzuekin lankidetzan aritzea ingurumenaren arloko gaietan.

9. artikulua. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.

Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak beteko ditu arlo hauetan:

a) Tramiteko ebazpenak, Nafarroako udalerriak mugatzeari buruzko espedienteetan.

b) Tramiteko ebazpenak, Nafarroako udalerrien mugapeak aldatzeko espedienteetan.

c) Tramiteko ebazpenak, Kontzejuak eta Barruti Administratiboak sortu, aldatu eta iraungitzeko espedienteetan.

d) Toki entitateei baimena ematea Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 138.1 artikuluak aipatzen dituen ondasun eta eskubideak besterendu, laga, trukatu eta zergapetzeko.

e) Toki entitateei baimena ematea Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 130. artikuluak aipatzen dituen kasuetan kredituko eragiketak hitzartzeko.

f) Nafarroako toki entitateei konpentsazio ekonomikoa ematea toki-tributuetan hobari fiskalak onesteagatik.

g) Udal zerbitzuak monopolio araubidean emateko onespena.

h) Saneamendu kanonarengatik eta batera emandako zerbitzuengatik toki entitateek ordaindu gabe dituzten diru-kopuruen ordezko ordainketa, eta toki entitateen batasun bateko partaide diren udalek bidegabeki ordaindu gabe utzi dituzten diru-ekarpenen ordezko ordainketa.

i) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenen betearazte subsidiarioari buruzko espedienteetan Nafarroako Gobernuak haren esku uzten dituen jarduketak.

j) Toki azpiegituren planak erregulatzen dituzten arauek Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dizkioten eskumenak, Nafarroako Gobernuak edo Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak hartzen dituztenak izan ezik.

k) Ordainketak agintzea.

l) Nahitaez desjabetzeko, Zuzendaritza Nagusi honen eskumenekoak izanik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkion jarduketak.

m) Haren esku uzten diren gainerakoak.

Xedapen Iragankor Bakarra. Arauak indarrean.

Departamentuaren antolaketaren egitura zerbitzu eta atal mailan garatzen ez den bitartean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 141/2011 Foru Dekretuan eta Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 128/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, foru dekretu honen edukiari kontra egiten ez dioten orotan.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa