Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2007ko 27. NAOn argitaratua, martxoaren 2an. Aldaketak: Orden Foral 125/2008, de 2 de abril; 46/2008 Foru Agindua, otsailaren 5ekoa)
Atarikoa
Europar Kontseiluak, Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (FEADER) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko 1698/2005 Erregelamenduaren bidez, nekazaritzako ingurumenerako funts horrekin batera finantzatzen diren Europar Batasuneko laguntzen araubidea ezarri zuen.
Nafarroako Landa Garapenerako Programaren 2007-2013 proposamenean, nekazaritzako ingurumenaren arloko neurrien artean, nekazaritza ekologikoa aipatzen da.
Bestalde, neurri horrek Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoaren jarraibideak biltzen ditu, bereziki ondoko helburu estrategikoei dagokienez: 1-1 "Ustiategien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea" eta 3-1 "Sektorearen ingurumenaren iraunkortasuna hobetzea".
Laguntza hori Nafarroako Foru Komunitatean modu antolatuan aplikatu ahal izateko, hura eman, kudeatu eta kontrolatzeko arauak eman behar dira.
Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsa-FEAGA eta Landa Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsa-FEADERek finantzaturiko gastuak pagatzen dituen erakundea baimendu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Haren azken xedapenetako bigarrenak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari esku ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan, bereziki nekazaritzarako Europar Batasuneko funtsen bidez osorik edo hein batean finantzaturiko dirulaguntzei buruzko arauak eman ditzan.
Nekazaritza Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, otsailaren 8an emandako 30/2007 Foru Aginduaren bidez, FEADERek kofinantzatzen dituen landa garapenerako laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zuen.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea nekazaritza ekologikoa sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea da, Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programaren arabera.
2. Foru agindu honen bidez ezarririko laguntza araubidea Nafarroako Foru Komunitateko ustiategiei aplikatuko zaie, haien lurzatiak nekazaritza ekologikorako erabiltzen badira, laborantza talde hauetan:
a) Larreak.
b) Lehorreko belarkiak.
c) Ureztalurretako belarkiak, barazkiak izan ezik.
d) Arroza.
e) Ardotarako mahatsa.
f) Fruitu oskoldunak.
g) Olibondoa.
h) Frutarbolak.
i) Landare usaintsuak, sendabelarrak eta tindatzekoak.
j) Aire ageriko barazkiak.
k) Berotegiko laborantza.
2. artikulua. Laguntzak jasotzeko baldintzak.
1. Nekazaritza ekologikorako laguntzak bakarrik betebehar hauek betetzen dituztenei emanen zaizkie:
a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturiko nekazaritza ustiategi baten titularra izatea, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.
b) Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Nafarroako Kontseiluan inskribaturik egotea eta haren lizentzia edukitzea.
c) Ustiategia Nafarroan egotea eta nekazaritza ekologikorako gutxienez ere eremu hau erabiltzea: larreetarako 2 hektarea edo lehorreko alorretarako hektarea bat edo 0,2 hektarea ureztalur, olibadi, frutarbol eta fruitu oskoldunetarako edo 0,05 hektarea berotegirako.
d) Nekazaritzako ingurumenaren arloko laguntzen araubidetik baztertua ez izatea.
2. Betebehar hauek araubideari atxikitzeko eskabidea aurkezteko epea bukatzean bete behar dira eta konpromisoaldian eutsi behar zaie.
Araubidea atxikitzen zaion urtean bakarrik eskatzen ahalko da c) letran aipatzen den gutxieneko eremua.
3. artikulua. Onuradunen konpromiso eta eginbeharrak.
Araubidearen onuradunen konpromiso eta eginbeharrak hauexek dira:
a) Konpromisoaldi osoan nekazaritza ekologikoan gutxienez ere lehen urtean ezarririko eremua edo hitzemandako eremua mantentzea, urte horretan nekazaritza ekologikokotzat jo ziren lurzatietan. Atxikipenaren ondoko urteetan, laguntzak jasotzen segitu nahi izanez gero, hitzemandako lurzati berberak jarriko dira. Produkzio ekologikoko beste batzuekin ordezka litezke, bakar-bakarrik, eskaera egiten den urteko urtarrilaren 1ean moldaketaldia gainditua baldin badute. Ulertuko da konpromisoa bete dela nekazaritza ekologikokotzat jotzen den eremua gutxienez ere hitzemandako eremuaren %80 baldin bada. Labore-txandaketan sartzen den edozein erabilera edo laborantza onartuko da, betiere lurzati horien laborantza- edo mantentze-lanak produkzio ekologikoaren metodoei eta Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak ezarritako kontrol-programari lotuak baldin badaude.
b) Eman eta hartutako dirulaguntzak eta konpromisoak direla eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen egiaztapenak oro onartzea. Horretarako, baimena eman beharko zaie ikuskatzaileei eta ziurtatu eta kontrolatzeko agintariei lurzatietan eta ustiategiei loturiko instalazioetan askatasun osoz sartzeko.
c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak agintzen dizkion prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Horri dagokionez, ulertuko da konpromisoa bete dela onuradunaren ordez haren ordezkoa joanen balitz. Hala ere, horrek konpromisoaren xede diren lurzatietan laborantza ekintzak egin eta kontrolatzeko erantzukizuna eduki beharko du.
d) Ustiategiko koadernoa eguneraturik edukitzea, non lurzati bakoitzean egindako laborantza-lan guztiak adieraziko baitira.
e) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
f) Urtero ustiategiko lurzatiak adieraztea, nekazaritza ekologikorako erabiltzen direnak eta laguntzaren urteroko kobrantzaren xede direnak azalduz.
g) Ustiategi osoan 1782/2003 EE Erregelamenduan, 2352/2004 Errege Dekretuan eta kanpaina bakoitzerako baldintzei buruzko foru aginduetan ezarririko baldintzak betetzea. Gainera, Batzordeak abenduaren 8an eman 1975/2006 Erregelamenduko 19. artikuluan xedaturikoarekin bat, baldintzatzat joko dira ongarriak eta nekazaritza ekologikorako ezarririko produktu fitosanitarioak erabiltzeko murrizketak Espainiako eta Nafarroako legeetan ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko ezarririko gutxieneko betebeharrak.
h) Ekoizpen ekologikoaren metodoak aplikatzea; hortaz, bete beharko du ekoizpen mota horretarako Kontseiluaren ekainaren 24ko (EE) 2092/91 Erregelamenduan eta nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 20ko 617/1999 Foru Dekretuan ezarritakoa
4. artikulua. Laguntzen eta lehen urteko kobrantzen eskabideen aurkezpena.
1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen araubideari lotzeko, ustiategiaren titularrak eskabide bat aurkeztuko du laguntza araubidea datxekion lehen urtean.
2. Araubideari lotzeko eskabidea eskabide bakarraren zati bat bailitzan aurkeztuko da, Batzordearen 796/2004 EE Erregelamenduan ezarririko moduan. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindu bat emanen du kanpaina bakoitzeko eskabidea aurkezteko modua, epea eta bestelako zehaztapenak ezartzeko.
3. Laguntza araubideari datxekion lehen urtean aurkezturiko eskabidean, eskabideak adieraziko du zer lurzati edo NELIGStan beteko dituen gutxienez bost urtez 3. artikuluan aipatzen diren konpromiso eta betebeharrak.
5. artikulua. Laguntzen zenbatekoa hasiera batez zehaztea.
1. 2. eta 3. artikuluetan ezartzen diren betebehar eta konpromisoak betetzen dituzten eskatzaileei laguntza bat emanen zaie, eskaeraren lehendabiziko urterako. Laguntza hori zehaztutako azalera zenbateko hauekin biderkatuz zehaztuko da:
LABORANTZA TALDEA |
ZENBATEKO UNITARIOAK (EUROAK/HA) |
Larreak |
85 |
Lehorreko belarkiak |
145 |
Landare usaintsuak, sendabelarrak eta tindatzekoak |
225 |
Ureztaketa lurretako belarkiak |
235 |
Arroza |
600 |
Kanpo-barazkiak |
385 |
Barazkiak berotegian |
600 |
Fruitu oskoldunak |
225 |
Mahatsondoa |
265 |
Olibondoa |
315 |
Fruta-arbolak |
525 |
2. Hitzarturiko eremua eta onuradun bakoitzari emaniko laguntzaren zenbateko osoa gehieneko mugak izanen dira, konpromisoaldiaren hurrengo urteetan kobratzeko eskaerari aplikatuko zaizkienak.
3. Bazka-laboreak, urte batekoak edo urte askotakoak, NELIGSen arabera goldatzen ahal diren lurzatietan erein badira eta sega bidez edo artzaintza bidez aprobetxatzen badira, belarkien laborantza taldeetako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira.
4. Larre iraunkorretarako erabiltzen diren lurzatiak, artzaintza edo segaren bidez bazka-laboreetarako aprobetxatzen badira, non lurzati horiek zaindu, mantendu edo hobetzeko lanik egiten bada, larreen laborantza taldeko laguntzen onuradun izaten ahalko dira. Ez da laguntzarik emanen zuhaitzez edo zuhaixkaz hornitutako larreentzat, ezta lurzorua eta bere joritasuna zaindu, hobetu edo mantentzeko lanik egiten ez bada ere.
5. Labore bat baino gehiago dituzten lurzatietan, eremurik handiena hartzen duen labore-mota zein den, huraxe hartuko da oinarri lurzati osorako.
6. NELIGS esparru batean edo haien zati batean, eremu bererako laguntzak hartzen ahal dituzten laborantzak errepikatzen badira, laguntza zehazteko zenbateko unitario handiena daukan laborantza hartuko da kontuan. Betiere, eremu bererako nekazaritza urte batean bakarrik laguntza bat kobratzen ahalko da araubide horregatik.
7. Lurgorri ekologikorako erabiltzen diren lurzatiak, eskatzen diren lehen urtean, titularrak eskatzen ahalko du eremu horiek aintzakotzat har daitezela, hitzarturiko eremua eta urteko gehieneko zenbatekoa zehazteko. Kasu horietan, laguntzen xede den eremu osoa ez da nekazaritza ekologikoan dagoen arloaren eremuaren %50 baino handiagoa, lehorreko lurrak eta ureztalurrak bereiziz. Aintzakotzat hartzen diren lurgorriei, kontzesiorako, lehorreko lurretako edo ureztalurretako belarkien zenbateko unitarioa aplikatuko zaie, kasuan-kasuan.
8. Neurriaren xede den ustiategiaren eremu osoa aintzakotzat hartuz, honelaxe mailakatuko da laguntzaren zenbatekoa:
NEURRIAREN XEDE DEN EREMUA (Ha) |
PRIMAREN ZENBATEKOA |
Lehenengo 40 hektareak |
Primaren %100 |
40 ha-tik 80 ha-ra bitartean |
Primaren %60 |
80 ha-tik gora |
Primaren %30 |
9. Titularra pertsona juridikoa denean, primaren zenbatekoa kalkulatzeko, eremu guztia bazkide guztien artean banatuko da, sozietatean duten parte-hartzearen proportzioaren arabera, eta guztirako prima izanen da bazkide guztien primen batuketa, 8. puntuan adierazitako tarteen araberako murrizketak kalkulatu ondoren.
6. artikulua. Araubideari lotu eta hurrengo urteetako kobrantzen eskabidea.
1. ustiategiaren titularrak urtero eskatu beharko du laguntza pagatu diezaiotela, eskabide bakarrean, Batzordearen 796/2004 Erregelamenduan ezarririko moduan.
2. Urtero kobratzeko eskabideari dagokionez, bai lehen urtean, bai hurrengoetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, foru agindu baten bidez, foru agindu honetan xedaturikoa osatuko duten kontuak zehaztuko ditu.
3. Ustiategia osorik edo hein batean eskualdatuz gero, transmititzeko agiriaren kopia aurkeztuko da, non gutxienez datu hauek agertuko baitira: lagatzailearen eta lagapen-hartzailearen izen-deiturak eta NANa edo IFZ, transmititzen diren lurzatien zerrenda eta konpromisoaldiak diraueino lagapen-hartzaileak hitzartzen dituen eremuak.
4. Urte bateko laboreen kasuan, urteko ordainketaren eskaera laborearen ziklo begetatiboaren erdia baino gehiago gertatzen den urtean aurkeztu behar da. Laborea landatu edo ereiten denetik bilketa egin bitartekoa hartzen da ziklo begetatibotzat.
5. Kruzifero eta urazen laborantzan azaroaren 1etik abenduaren 31 bitartean eginiko laborantzetarako laguntzak hurrengo urtean eskatu beharko dira.
7. Orburuetan eta urte askotako landaketetan, kobratzeko eskabidea uzta gertatzen den urtean aurkeztuko da.
7. artikulua. Araubideari atxiki eta hurrengo urteetako laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntza eman ondorengo urteetan, haren zenbatekoak jarduera burutzeko kanpainan adierazten diren hektareen arabera, hitzarturiko eremua eta 5. artikuluan ematen den laguntzaren zenbatekoa izanen direlarik muga.
2. Eskatutako azalera hitzartutakoa baina handiagoa bada, 5.1. artikuluarekin bat, laguntzaren zenbatekoak kalkulatuko dira, zenbateko unitario handiena duten laborantza taldeen hektareatatik ordaintzen hasita.
3. Ez da laguntzarik pagatuko dagokion zenbatekoa 50 eurotik beherakoa denean.
7. bis artikulua. Moldaketa epeari ezartzen zaizkion zenbateko unitarioak.
1. Moldaketan dauden ustiategitzat joko dira kontzesioaren urtean gutxienez azaleraren %50ean ohiko ekoizpen metodoak erabiltzetik ekoizpen ekologiko metodoak erabiltzera igaro direnak.
2. 1.idatz-zatian aipatutako azalera kalkulatzeko lehendabiziko bi urteetan Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko ekoizpen ekologiko erregistroan inskribatuta dauden urte bateko laboreak dituzten lurzatiak hartuko dira kontuan eta labore iraunkor edo bizikorren kasuan lehendabiziko hiru urteetan inskribatutakoak.
3. Ustiategiak moldaketan eman dituen urteak eskaeraren lehendabiziko urtean zehaztuko dira, laguntza eskatzen den laboreen arabera eta 2. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz, ustiategiak bere azaleraren %50 baino gehiago konbertsioan eman dituen urteekin bat etorriko dira.
4. Moldaketan jotzen diren ustiategietarako hurrengo zenbateko unitarioak ezarriko zaizkie hektarea bakoitzeko:
LABORANTZA TALDEA |
MOLDAKETA PREZIORAKO ZENBATEKO UNITARIOAK |
Larreak |
98,60 |
Lehorreko belarkiak |
168,20 |
Landare usaintsuak, sendabelarrak eta tindatzekoak |
261,00 |
Ureztaketa lurretako belarkiak |
272,60 |
Arroza |
600,00 |
Kanpo-barazkiak |
446,60 |
Barazkiak berotegian |
600,00 |
Fruitu oskoldunak |
261,00 |
Mahatsondoa |
307,40 |
Olibondoa |
365,40 |
Fruta-arbolak |
609,00 |
8. artikulua. Laguntza emateko lehentasun irizpideak.
Eskaturiko laguntzen zenbatekoak aurrekontuetako mugak gainditzen baditu, onuradunak hautatzeko, lehentasun irizpideei jarraituko zaie. Hauxe izanen da lehentasun hurrenkera:
a) Laborantza taldearen arabera:
a.1) Aire ageriko barazkiak eta berotegietakoak.
a.2) Frutarbolak.
a.3) Ardotarako mahatsa, olibondoa eta fruitu oskoldunak.
a.4) Arroza.
a.5) Ureztalurretako belarkiak.
a.6) Lehorreko belarkiak.
a.7) Larreak.
a.8) Landare usaintsuak, sendabelarrak eta tindatzekoak.
b) Eskatzaileen ezaugarrien arabera, laborantza talde bakoitzean lehentasun hurrenkera honi jarraituz lehenetsiko dira eskabideak:
b.1) Bere gain hasi eta ogibide nagusia nekazaritza duten gazteak.
b.2) Lehentasunezko ustiategien titularrak edo ogibide nagusia nekazaritza dutenak, nekazaritzako ustiategien erregistroaren arabera.
c) Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Nafarroako Kontseiluko inskripzioaren antzinatasunaren arabera. Eskatzaileen ezaugarri beren arabera, eskabideak lehenetsi behar baldin badira, antzinatasunik handiena duten eskatzaileak lehenetsiko dira.
9. artikulua. Konpromisoak zabaltzea.
1. Onuradun batek bere konpromisoaren eremua zabaldu nahi badu hori burutzen den bitartean, baimena ematen ahalko zaio jatorrizko konpromisoaren ordez beste bat hartzeko, bost urtekoa, hitzarturiko eremua gutxienez ere hasiera batean hitzarturikoaren %10 zabaltzen bada eta baldintzak eta konpromisoak kontrolatzea eragozten ez badu.
2. Hitzarturiko eremua zabaltzeko eskabidea ustiategiaren eremua zabaltzearen ondoriozkoa baldin bada, baimena ematen ahalko zaio onuradunari dirulaguntzen xede diren eremua zabaltzeko, hasierako konpromisoaldiko gainerako denboran. Hitzarturiko eremua gutxienez ere hasiera batez hitzarturikoaren %10 zabalduko da.
3. 2007-2013 urteetan, onuradunak hitzarturiko eremua bakarrik behin zabaltzen ahalko du eta bakarrik eskabide bakarrari buruzko foru aginduak baimentzen dituen urteetan.
10. artikulua. Konpromisoak eskualdatzea.
1. Konpromisoak iraun bitartean, onuradun batek konpromiso horren eskualdaketa, osoa edo hein batekoa, egiten ahalko du, baldin eta hitzarturiko lurzatiak eskualdatzen baditu eta haiek jasotzen dituenak ezarri den epea bukatu arte konpromisoari eusten bazaio. Titular berriak foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu konpromisoa eskualdatzen deneko kanpainako eskabide bakarra aurkezteko epea bukatzean.
2. Konpromisoa bere gain hartu ezik, onuradunak kobraturiko dirua itzuli beharko du.
11. artikulua. Salbuespenezko gorabeherak eta ezinbesteko arrazoiak, konpromisoa betetzearen inguruan.
1. Ezinbesteko arrazoiengatik edo ondoko gorabehera hauetariko bat gertatzeagatik ez-betetze bat gertatuta ere, ez da konpromisoa bete den denborako diruaren itzulketarik eskatuko:
a) Erretiroa hartzeagatik nekazaritza uztea konpromisoak hartu eta hiru urte baino gehiago iragan badira.
b) Baldintzak aldatzea eta aldaketa horiek murrizketa zorrotzagoak ezartzea. Kasu horretan, laguntzak egoera berrira egokituko dira. Laguntzen onuradunak egokitzapen hori onartu ezik, konpromisoaldia bukatutzat emanen da eta konpromisoaldi bukatu horregatik ez da dirurik eskatuko.
c) Onuradunaren heriotza.
d) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea, organo eskudunak deklaratua.
e) Ustiategiaren zati garrantzitsu bat desjabetzea edo ustiategia lurzati berrantolamenduetan edo lurraldea antolatzeko edozein esku-hartze publikotan sartzea, baldin eta gorabeherak ezin aurreikusi baziren konpromisoak hartu zirenean eta konpromisoak egoera berrira ezin egokitu badira.
f) Berrogeialdia eskatzen duten eritasun edo izurriteak hartzea, horiek desagertarazi edo menean hartzeko nahitaezko neurriak hartu beharra dakartenak (betiere Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak gainbegiraturik).
2. Onuradunak gorabehera berezi edo ezinbesteko horien berri eman beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, idatziz.
12. artikulua. Gorabeherak jakinaraztea.
Eskatzaileak beharturik daude idatziz jakinaraztera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari beren ustiategian gertatzen diren gorabeherak, hauen berri izan bezain laster, gorabehera horiek laguntzak eskuratzeko baldintzak ez betetzea badakarte.
13. artikulua. Bateraezintasunak.
1. Laguntza honen bateraezintasunak, oro har, Landa Garapenari FEADERen eta hura garatzen duen araubidearen bidez laguntzeari buruzko Batzordearen 1698/2005 (EB) Erregelamendutik sortzen direnak dira.
2. Betiere, nekazaritza ekologikorako laguntza bateraezina da ekintza planetan, programa operatiboetan eta berariazko neurrietan, Kontseiluaren 2200/1996 EE Erregelamenduan eta 2201/1996 EE Erregelamenduan aipatzen diren horietan, konpromiso berak edo antzekoak biltzen dituzten laguntzekin. Dekretu horiek fruta eta barazki fresko eta eraldatuen arloko merkatuko erakunde bateratuei dagozkie.
3. Abeltzaintza ekologikorako laguntzaren onuradunak ezin izanen dira hautatu eta larre, belardi eta larreetako nekazaritza ekologikorako ematen diren laguntzetarako.
14. artikulua. Murrizketak, bazterketak eta baldintzak bete beharra.
1. 2. artikuluan aipatzen den edozein baldintza bete ezik, laguntzak ukatuko dira.
2. Eremuari buruzko neurriak bete ezean, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, landa garapenari laguntzeko neurriei kontrolaren eta baldintzen prozedurak aplikatzeari buruz Batzordeak abenduaren 7an emandako 1975/2006 Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3. 3. artikuluko a) eta b) letretako edozein konpromiso bete ezik, araubidetik baztertu eta kobraturiko dirua itzuli beharko da.
4. 3. artikuluko c), d), e) eta f) letretako konpromisoetako edozein bete ezik, kasuan kasuko kanpainaren urtean ez da deus kobratuko. Konpromisoaldian bi urtez, elkarren segidan edo ez, bete ezik, titularra laguntza araubide honetatik baztertu eta harturiko dirua itzuli beharko du.
5. Baldintzak bete ezik, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, Batzordearen 1975/2006 Erregelamenduko 22. eta hurrengo artikuluetan xedaturikoarekin bat.
Lehendabiziko Xedapen Gehigarria. Arau osagarriak.
Foru agindu honetan ezarririk ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatu bezala eginen da.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Aplikatzeko baldintza.
Foru agindu honetan xedaturikoa aplikatu ahal izateko, Europar Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programako nekazaritzako ingurumenaren arloko neurriak onetsi beharko ditu. Europar Batzordearen eskakizunak aintzakotzat hartzeko neurri horietan egin beharreko edozein aldaketak, foru agindu honetako laguntzei buruzko arauen egokitzapena ekarriko du.
Lehen Xedapen Iragankorra. Landa Garapenerako 2000-2006 urteetarako Planaren arabera, nekazaritza ekologikoa eta ekoizpen integratua sustatzeko laguntzen onuradunak.
Nafarroako Landa Garapenerako 2000-2006 urteetarako Planaren arabera, nekazaritza ekologikoa eta ekoizpen integratua sustatzeko laguntzen onuradunak direnek, konpromisoaldiko urtebete bat burutu gabe badaukate, foru agindu honetan aipatzen diren laguntzak hartzen ahalko dituzte, eskabidea aurkezturik, bertan ezarririko betebeharrak betetzen badituzte eta bertako konpromisoak beren gain hartzen badituzte, gutxienez ere beste bost urtez. Kasu horretan ez da bidezko harturiko dirua itzultzea. Horrek esan nahi du urte horri dagozkion laguntzei uko egin behar zaiela.
Horrela egin ezik, ezin hartuko dituzte 2007an nekazaritza ekologikorako laguntzak, foru agindu honen ondoriozkoak.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.