Castellano | Euskara | Français | English
(1998ko 10. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 23an)
Atarikoa
Ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Sarearen eraketa, egitura eta antolaketa arautu da. Horren ondoren, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak ekainaren 25ean emandako 247/1997 Foru Aginduak Irakasleentzako Laguntza Zentroak sortu ditu eta beren eraginpeko eskualdeak ezarri.
Foru Dekretu hori garatuz eta Nafarroako ikastetxeei zerbitzu hobea ematearren, bidezkoa da Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta horien Hedapenen funtzionamendurako arautegia ezartzea, horrela irakasleen etengabeko prestakuntzako jarduerak era egokian egin daitezen.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.c) eta d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta horien Hedapenen funtzionamendurako arautegia onestea. Arautegi hori ondoko eraskinean dago.
Bigarrena
Indarrik gabe uztea Hezkuntza, Kultura eta Kirol kontseilariak abenduaren 19an emandako 902/1990 Foru Agindua. Horren bidez Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta horien Hedapenen funtzionamendurako arautegia onetsi zen.
Hirugarrena
Foru Agindu hau eta bere Eraskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena
Foru Agindu eta bere Eraskina igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Irakasleen Hobekuntzako Atalera, Hezkuntza Berriztapenaren Atalera, Hezkuntza Sustapen eta Hedapenaren Atalera, Irakasleentzako Laguntza Zentroetara eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera, behar diren ondorioak izan ditzan.
ERASKINA. Irakasleentzako laguntza zentroen eta horien hedapenen funtzionamendurako arautegia
I. KAPITULUA. Egutegia eta ordutegia
1. Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Sarearen eraketa, egitura eta antolaketa arautzen duen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Irakasleentzako Laguntza Zentroek (I.L.Z.) irakasleen arteko elkarguneak bultzatuko dituzte eta denen parte hartzea eta lankidetza. Dagozkien prestakuntza jarduerak eginen dituzte, ikastetxea izanen delarik sustatzen diren prestakuntza jardueren antolaketarako ardatz. Beraz, I.L.Z.ak eta horien Hedapenak zerbitzu bat dira, Hezkuntza Administrazioak Foru Komunitateko ikastetxe guztiei eskaintzen diena. I.L.Z. bakoitzean eta horien Hedapenetan ezarritako egutegiak eta ordutegiak zerbitzu hori eman ahal izatea bermatu behar dute.
2. Irakasleentzako Laguntza Zentroak eta horien Hedapenak astelehenetik ostiralera egonen dira irekita, urte osoan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta horien erakunde autonomoen zerbitzuko langileendako lan egutegian jaiegun direnetan izan ezik.
3. Uztaila eta abuztuan Irakasleentzako Laguntza Zentroak hilabete batez itxi ahalko dira.
4. Irakasleentzako Laguntza Zentroak eta horien Hedapenak goiz eta arratsaldez irekiko dira jendearentzat, prestakuntza jarduerak egin ahal daitezen eta baliabideen zentroan dauden material didaktikoen mailegu zerbitzua eskaini ahal dadin. Jendearentzat irekita egoteko ordutegia honako hau izanen da gutxienez ere: 9:00etatik 13:30etara, eta 15:30etatik 19:00etara.
5. Eskolako Egutegiaren arabera ikasleentzako eskola egunak ez direnetan, etenik gabeko lanaldia egin ahalko da, 8:00etatik 15:00etara, Irakasleentzako Laguntza Zentroetan eta horien Hedapenetan, beti ere egun horietan egin beharreko prestakuntza jarduerak behar bezala moldatuta baldin badaude.
6. Irakasleentzako Laguntza Zentroa jendearentzat irekita dagoen denboran, I.L.Z.ko Pedagogi Taldeko langileek (zuzendariak eta/edo aholkulariek) bertan egon beharko dute, eta horretarako goardia-txandak eginen dira. Txanda horietan pertsona bat edo gehiago egonen da, I.L.Z.ko plantilaren arabera.
7. Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari eta aholkulariak irailaren 1ean hasiko dira lanean beren lanpostuetan eta argibide hauetan ezarritako lanaldia beteko dute ikasturteko ekainaren 30a arte.
8. Ikasturte bakoitzerako eskola egutegiak ezarritakoari jarraikiz, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari eta aholkularientzat jaiegun izanen da beraien kidegoari dagokion mailako Zaindariaren eguna.
9. Ikasturtean eskola egun ez diren lanegunetako orduak, bost egunean, ikasturtean zehar konpentsatuko dira, Irakasleentzako Laguntza Zentroek ohiko dituzten lanak eginez.
10. Irakasleentzako Laguntza Zentroek, kontuan harturik beren eraginpeko eskualdearen ezaugarriak eta daukaten plantila, jendearentzat irekitzeko ordutegia ezarriko dute. Ordutegi hori I.L.Z.ko zuzendariak Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura igorriko du, iraileko lehenengo hamabostaldian onetsia izan dadin. Ordutegiarekin batera agiri bat igorriko da, ordutegi hori ezartzeko irizpideak azaldu eta hartutako erabakiak justifikatuko dituena. Jendearentzat irekitzeko ordutegia onetsi eta gero, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak horren berri emanen dio I.L.Z.ri, horrek ordutegia zein den idatziz jakinaraz diezaien bere eskualdeko ikastetxe guztiei.
II. KAPITULUA. Lanaldia: zuzendaria eta aholkulariak
1. Irakasleentzako Laguntza Zentroetako eta horien Hedapenetako zuzendari eta aholkulariek Nafarroako Gobernuaren zerbitzuko langileentzat ezarrita dagoen lanaldia izanen dute, alegia, astean 35 ordu lanpostuan bertan eta dedikazio zuzenean. Gainerako orduak, asteko hogeita hamazazpi eta erdi osatu arte, urteko kopuruan kontabilizatuko dira eta beren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren beste lan batzuetarako erabiliko dira.
2. Zuzendari eta aholkularien dedikazio zuzeneko orduak astelehenetik ostiralera eta goiz eta arratsaldez banatuko dira; beti ere, arautegi honen I. Kapituluko 6. puntuan aipatzen diren goardia-txandak behar bezala beteta egonen dira eta I.L.Z.n egin beharreko jarduerak behar bezala moldatuta.
3. Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariak, Pedagogi Taldearekin batera, Talde osoaren laneko ordutegia ezarriko du iraileko lehenengo hamabostaldian, eta Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura igorriko, onespena eman dezan. Ordutegiaren barnean honako hauek sartuko dira gutxienez ere: I.L.Z.ren goardiako zerbitzua, taldeen bilerak egiteko denbora tarteak eta ikastetxeetara ikustaldiak egiteko egunak. Ordutegiarekin batera agiri bat igorriko da, hartutako erabakiak justifikatu eta ordutegi hori ezartzeko irizpideak azalduko dituena.
4. Irakasleentzako Laguntza Zentroak ordutegiaren onespenari buruzko jakinarazpena jasotakoan bere eskualdeko ikastetxeetara igorriko du.
III. KAPITULUA. Jarduketa plana eta urteko memoria
1. Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Sarearen eraketa, egitura eta antolaketa arautzen duen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Irakasleentzako Laguntza Zentroko Pedagogi Taldeak jarduketa plan bat eginen du ikasturte bakoitzerako. Hori egiteko kontuan izanen dira, gutxienez, Ikastetxeko Pedagogi Proiektuan harturiko erabakiak, Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Plana eta Prestakuntza Kontseiluak egin ditzakeen ekarpenak.
2. Irakasleentzako Laguntza Zentroaren jarduketa planak atal hauek izanen ditu gutxienez ere:
a) Jarduketaren ildo nagusiak: I.L.Z.ren eskualdean Prestakuntza Plana garatu eta osatzeko eta dinamizazio pedagogikorako diren funtsezko erabakiak.
b) Giza taldearen antolaketa eta lanak zehaztea: erabakiak hartzea ikastetxe edo eskualdeak aholkulariei esleitzeari buruz; Pedagogi Taldearen antolaketari eta Lanerako Planari buruz; I.L.Z.ko Baliabideen Zentroaz arduratzeari buruz.
c) Helburuak: I.L.Z.k planteaturiko konpromezu edo helburu zehatzak. Hiru hilabetetan behin ezarri daitezke, eta erraz kontrolatzeko moduan azaldu.
d) Prestakuntza jarduerak: hiru ataletan banatuta. Probintzi mailako Prestakuntza Planeko jarduerak; I.L.Z.k zuzenean sustaturiko jarduerak; beste I.L.Z. edo erakunde batzuekin elkarlanean arituz eginen diren jarduerak.
e) I.L.Z. Baliabideen Zentro gisa: zer den Baliabideen Zentro bat eta nola gauzatuko den halako zerbait. I.L.Z.n eskuragai dauden baliabideak ezagutarazi, erabili eta gehitzeko jarduketa plana. Materialen maileguak egiterakoan bete beharreko arautegia.
f) Aurreikuspenak I.L.Z.ren Jarduketa Planaren ebaluaketari begira, kontuan harturik Irakasleen Prestakuntzarako Probintzi mailako Urteko Planean ebaluaketarako agertzen den diseinu orokorra.
3. Jarduketa plana irailean eginen da eta Zentroko Prestakuntza Kontseiluari aurkeztuko zaio hilabete horrexetan, onespena eman diezaion. Onespena jaso ondoren Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura igorriko da.
4. Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Sarearen eraketa, egitura eta antolaketa arautzen duen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, ikasturte amaieran Irakasleentzako Laguntza Zentroek memoria bat eginen dute, ikasturtean burututako jarduerak azaldu eta baloratuko dituena.
5. Memoriak honako atal hauek izanen ditu gutxienez ere:
a) Sarrera.
b) Amaitu den ikasturtean I.L.Z.k izan duen barne antolaketa.
b1) Organigrama: Pedagogi Taldeak eta irakasleak ez diren langileek betetako eginkizun eta lanik garrantzitsuenak.
b2) Pedagogi Taldea: taldearen barne antolaketa; egindako lanak; proposatu diren eta egin ez diren lanak.
b3) Gertakariak: I.L.Z.rentzat eta Hobekuntza Atalarentzat interesgarriak diren guztiak. I.L.Z.ren funtzionamenduan eragin handiena izan dutenak adierazi eta aztertu beharko dira.
b4) Balorazioak: Pedagogi Taldeak egiten duen balorazioa bere barneko antolaketari buruz eta zerbitzuko Irakasleen Prestakuntzarako Teknikarien talde gisa egindako jarduerari buruz.
c) Jarduketa planean proposaturiko helburuak zein mailatan betetzen diren.
d) Egindako prestakuntza jarduera: egindako jardueren laburpena eta horien balorazioa. Jarduerak bi ataletan banaturik antolatuko dira: Prestakuntzarako Urteko Plana eta I.L.Z.tik zuzenean sustaturiko jarduerak.
e) Batzorde Teknikoak Prestakuntzaren Jarraipen eta Ebaluaziorako.
e1) Ikasturtean egindako lanak.
e2) Balorazioak.
f) I.L.Z.ko Baliabideen Zentroa.
g) Hurrengo ikasturterako proposamenak.
h) Eraskinak:
h1) I.L.Z.n egindako prestakuntza jardueren zerrenda.
h2) Aholkularien memoria pertsonalak.
h3) Prestakuntzaren Jarraipen eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoek egiten dituzten bileretako akten kopia.
h4) Uztaila-abendua eta urtarrila-ekaina denboraldiei dagozkien Kudeaketa Kontuen kopia.
6. Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzutik memoria egiteko eredua igorriko da Irakasleentzako Laguntza Zentroetara, eta horrekin batera hori betetzeko beharrezkoak diren argibideak.
7. Memoria egin eta gero I.L.Z.ko Prestakuntza Kontseiluari aurkeztuko zaio, ekainean onespena eman dezan. Onetsitakoan horren kopia igorriko da Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura.
IV. KAPITULUA. Gobernu eta partaidetza organoak
1. Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Sarearen eraketa, egitura eta antolaketa arautzen duen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Irakasleentzako Laguntza Zentro bakoitzean, Gobernu eta Partaidetza Organo gisa, Zentroko Pedagogi Taldea eta Prestakuntza Kontseilua arituko dira.
2. Pedagogi Taldearen osaketa eta eginkizunak 245/1996 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoak izanen dira.
3. I.L.Z.ren Pedagogi Taldeak ohiko bilerak hamabostean behin eginen ditu, bere gain dituen eginkizunak garatzeko. Bilera hori ostiral goizetan eginen da, Zentroko zuzendariak deituta.
4. Pedagogi Taldeak ohiz kanpoko bilerak egin ahalko ditu, Zentroko zuzendariari beharrezkoa iruditzen zaionean edo kideen herenak eskatzen duenean.
5. Pedagogi Taldeko kide guztientzat ezinbestekoa izanen da taldeko bileretara joatea.
6. Pedagogi Taldearen bileren akta eginen da, eta gero akta hori jasoko da I.L.Z.ren Akta Liburuan edo horren kontserbazioa eta fidagarritasuna bermatzen duen beste moduren bat erabiliz. Eginkizun hori ikasturte osoan betetzeko, I.L.Z.ko zuzendariak, Pedagogi Taldeak dioena entzun ondoren, kideetako bat idazkari izendatuko du.
7. Zentroko Prestakuntza Kontseiluaren osaketa 245/1996 Foru Dekretuaren 5. artikuluko 3. puntuan ezarritakoa izanen da, eta bere eginkizunak aipatu Foru Dekretuaren 8. artikuluan azaltzen direnak.
8. Irailaren lehenengo hamabostaldian, zazpi kidetik gorako Pedagogi Taldeek Zentroko Prestakuntza Kontseilurako beren ordezkariak hautatuko dituzte, 245/1996 Foru Dekretuaren 5. artikuluko 3.b) puntuan ezarritakoari jarraikiz. Hautaketa hori Pedagogi Taldearen ohiko bileran eginen da.
9. Zentroko Prestakuntza Kontseilua hiru hilabetetan behin bilduko da gutxienez, bai eta Zentroko zuzendariak deia egiten duenean edo kideen herenak, gutxienez, eskatzen duenean ere.
10. Kontseiluko kideentzat ezinbestekoa izanen da bileretara joatea.
11. Kontseiluaren bileren akta eginen da, eta gero akta hori jasoko da Akta Liburuan edo horren kontserbazioa eta fidagarritasuna bermatzen duen beste moduren bat erabiliz. Eginkizun hori ikasturte osoan betetzeko, I.L.Z.ko zuzendariak, Prestakuntza Kontseiluak dioena entzun ondoren, I.L.Z.ko Pedagogi Taldeak Kontseiluan dituen ordezkarietako bat idazkari izendatuko du.
12. Behin-behinekoz, eta harik eta I.L.Z.ren eraginpeko eskualdean dauden ikastetxeetako Pedagogi Koordinaziorako Batzordeek Prestakuntza Kontseiluetan dituzten ordezkariak hautatzen diren arte, Pedagogi Taldeak beteko ditu Kontseilu horren eginkizunak.
V. KAPITULUA. Kudeaketa eta antolaketa agiriak
1. Irakasleentzako Laguntza Zentroetan kudeaketa eta antolaketako agiri hauek izanen dira:
a) Zentroko Pedagogi Taldearen eta Prestakuntza Kontseiluaren Akta Liburua.
b) Inbentarioko Erregistro Liburua: I.L.Z. guztiek Inbentarioko Erregistro Liburuak edukiko dituzte, eta horietan azalduko obrakoak ez diren material suntsiezin guztiak.
b1) Liburutegiko Erregistro Liburua.
b2) Ikusentzunezko baliabideen katalogoa.
c) Uztailaren 6ko 250/1992 Foru Dekretuan ezarritakoari egokituriko Kontabilitate Liburua. Foru Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioen funtzionamenduaren ondoriozko dirusarrera eta gastuen araubidea ezarri zen.
d) Prestakuntza Jardueren Erregistroa: Irakasleentzako Laguntza Zentroek beren gain izanen dutenez egiten dituzten prestakuntza jardueren kontrola, erregistro bat edukiko dute zeregin horretarako. Jarduera bakoitzarentzat karpeta bat irekiko da eta datu hauek azaldu beharko dira nahitaez:
d1) Jardueraren identifikazioa:
-Jardueraren fitxa, gutxienez ere datu hauek izanen dituena: titulu osoa, jardueraren kodea, zein maila eta/edo arlotarako den, jarduera zein egunetan hasi eta bukatu den, ordu kopurua, non egin den eta aritutako txostengileak.
-Txostengilearen fitxa.
-Ikastetxeetara igorritako deialdiaren kopia.
d2) Inskripzio eta ziurtagiriei buruzko datuak:
-Inskripzio fitxak.
-Jardueretara agertzeari buruzko kontrolerako sinadura orriak.
-Parte hartzen duten irakasleen agertzeari buruzko kontrolerako laburpen-orria.
-Txostengileen eta parte-hartzaileen gainean egindako ziurtagirien laburpena.
d3) Jardueraren ebaluazioa:
-Parte-hartzaileen eta txostengileen ebaluaziorako galdera sorta.
-Ebaluazioan ateratzen diren datuen laburpena.
d4) Egindako gastuaren laburpen ekonomikoa, honakoak banan-banan azalduko dituena:
-Irakaslana ordaintzea.
-Txostengileen joan-etorriak eta dietak, halakorik bada.
-Parte-hartzaileen joan-etorriak.
-Materialak.
2. Pedagogi Berrikuntzaren Zerbitzutik Irakasleentzako Laguntza Zentroetara igorriko dira aurreko d) atalean aipaturiko jardueren karpeta osatzen duten agirien ereduak, bai eta horiek betetzeko argibideak ere.
VI. KAPITULUA. Prestakuntza jardueren antolaketa eta jarraipena
1. Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Prestakuntzarako Urteko Plana osatzen duten prestakuntza jardueren edo zuzenean Nafarroako Irakasleentzako Laguntza Zentroek sustatzen dituztenen garapena erraztu eta hobetzearren, komenigarria da Irakasleentzako Laguntza Zentroetako Pedagogi Taldeek egin beharreko zenbait lan zehaztea.
2. Prestakuntza jarduera orok arduradun bat izan behar du, eta hori I.L.Z.ko aholkulari edo zuzendari bat izanen da. I.L.Z. guztietako zuzendariek, Pedagogi Taldearekin ados jarrita, beren eskualdean egiten diren jardueren arduradunak izendatuko dituzte.
3. Jardueraren arduradunak jarduera horren garapenarekin loturiko prozesu guztiaren ardura hartuko du. Delako prozesuak alderdi hauek izanen ditu gutxienez ere:
a) Deialdia prestatzea.
b) Parte-hartzaileak hautatzea.
c) Txostengileaz arduratzea.
d) Jarduera abian jartzeko beharrezkoak diren materialak eta gela prestatzea.
e) Jardueretara agertzeari buruzko kontrolaren orria pasatzea.
f) Parte-hartzaile eta txostengileen ebaluaziorako galdera sortak pasatzea.
g) Jardueraren ebaluaziorako txostena prestatzea.
h) Prestakuntza jardueraren fitxa betetzea.
i) Jarduerak praktika aldia baldin badu, horren jarraipena egitea eta egindako lanak biltzea.
j) Jardueran erabilitako materiala bildu eta agiritegian gordetzea, egokia izanez gero horren hedapena egiteko.
k) I.L.Z.ko idazkaritzako langileekin elkarlanean aritzea prestakuntza jardueraren ondoriozko izapide administratibo eta ekonomikoak egiterakoan.
4. Jarduera baten arduraduna horren gaineko lan bileretara joanen da, salbuespen izanik frogaturiko arrazoiren bat eta I.L.Z.ko zuzendariaren baimena, honako helburu hauek betetzearren: txostengileari behar duen laguntza ematea, beharrezkoa denean lan saioak berregokitzen laguntzea txostengileari, irakasleen prestakuntza beharrei buruzko informazio garrantzitsua lortzea eta aholkulariaren beraren prestakuntza hobetzea.