(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Lana :
    • 233/1990 Foru Dekretua, abuztuaren 31koa, Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletarako Batzordea sortzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

233/1990 Foru Dekretua, abuztuaren 31koa, Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletarako Batzordea sortzen duena

 

(1990eko 107. NAOn argitaratutako testua, irailaren 5ean)

Atarikoa

Epaitegi Konstituzionalak emandako urtarrilaren 18ko 7/1990 eta otsailaren 26ko 32/1990 epaiek gaitzetsi egin zuten, ekainaren 13ko 1.256/86 Foru Dekretuak arautzen dituen Hauteskunde Sindikaletarako Batzorde Probintzial eta Nazionaleko sindikatuen ordezkaritza osatzeko errepresentagarritasun handiena erizpidetzat erabiltzea, izan ere, Epaitegi Konstituzionalaren ustez batzorde horiek osatzen dituzten Sindikatuen eginkizuna ez bait da partehartze instituzional normala, Sindikatuen eginkizunak zuzenean eragiten bait du beraien arteko konpetentzian eta langileen aukera librea den aniztasun sindikalaren errespetuan; beraz, ez da zentzuzkoa, ez objetiboa, ezta organo horien helburu eta eginkizunetarako egokia, batzordeetan Sindikatu errepresentagarrienek bakarrik parte hartzea, horrek gainontzeko Sindikatuekiko abantailak ematen bait dizkie eta egoera hori, konstituzionalki arrazoitua ez egoteaz gain, Espainiako Konstituzioaren 14 eta 28.1 artikuluen aurka dagoelako.

Epaitegi Konstituzionalak errepresentagarritasun handiena erizpidetzat erabiltzea gaitzetsi egin badu ere, horrek ez du esanahi, halabeharrez, Erakunde Sindikal guztiek Hauteskunde Sindikaletarako Batzordeetan parte hartzeko eskubidea dutenik, Nafarroako Batzordea eraginkorra izango bada, ezinezkoa bait da; hortaz, beharrezkoa da errepresentagarritasun handiena ez baino beste erizpide irekiago bat hautatzea eta horretarako Lan eta Gizarte Segurantzako Kontseilariak 1986ko irailaren 8an emandako Foru Agindua, Hauteskunde Sindikaletarako Batzordea eratu eta egituratzen duena, aldatzea.

Hauteskunde Sindikaletarako Batzorde Nazionala sortu zuen ekainaren 13ko 1.256/1986 Errege Dekretuak, uztailaren 20ko 953/1990 Errege Dekretuak aldatutakoak, bere 15. artikuluan ezartzen duenez, Lan arloko Legeriaren exekuzio mailan eskumenak dituzten Komunitate Autonomoetan, hauteskunde mailako iharduketak, egitura eta antolaketari dagokienez, Komunitate Autonomo horiek horretarako dituzten zerbitzuen antolamendurako barne arautegietan aurrikusitako eran egingo dira.

Nafarroako Foru Komunitateak apirilaren 11ko 937 eta 938/1986 Errege Dekretuak medio eskumen horiek bere gain hartuak dituenez, ekainaren 13ko 1.256/1986 Errege Dekretuaren 15. artikulua garatuz eta Epaitegi Konstituzionalaren aipatu epaiak bete nahian, Lan eta Gizarte Ongizate Kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 1990.eko abuztuaren 31n izandako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako Foru Komunitatean Hauteskunde Sindikaletarako Batzordea sortzea.

2. artikulua. Osaketa.

Hauteskunde Sindikaletarako Batzordea honakook osatuko dute:

a) Erakunde Sindikaletako hiru ordezkari, Nafarroako Foru Komunitateko enpresetako langileen ordezkari izateko eta Administrazio Publikoetan dagozkien organoetarako azkeneko hauteskundeetan lortutako ordezkariekiko proportzioan. Ordezkari horiek kasuan kasuko Erakunde Sindikaletako organo eskudunek izendatuko dituzte.

b) Nafarroako Gobernuko Lan eta Gizarte Ongizate Departamentuko bi ordezkari, hain zuzen ere, Lan Zerbitzuko Zuzendariak eta Hauteskunde Sindikaletako Akten Gordaiku eta Erregistro Bulego-burua. Bi hauek hizpidea bai, baina ez dute boturik izango.

Batzorde-buru gisa Lan Zerbitzuko Zuzendariak ihardungo du edo hark izendaturiko beste norbaitek eta, Idazkari gisa, Hauteskunde Sindikaletako Akten Gordailu eta Erregistro Bulego-buruak edo hura ez dagoenean haren eginkizunak betetzen dituenak.

3. artikulua. Batzordearen eginkizunak.

Hauteskunde Sindikaletarako Batzordeari dagokio:

a) Batzorde Nazionalak eta Batzorde Iraunkorrak hartutako akordioen berri izatea.

b) Akordio horiek Foru Komunitatean betetzen direla zaindu eta egiaztatzea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko hauteskunde prozesuaren garapena hobetzeko behar diren neurri, plan eta programei buruzko akordioak lortzea.

d) Arestiko atalean aurrikusitako plan eta programak betetzen direla zaintzea.

e) Foru Komunitateko hauteskunde aktak eta gainontzeko agiriak aztertu eta balioestea eta, era berean, akta horiek homologatzea emaitzen zenbaketa orokorra eta sektoriala egin ahal izateko.

f) Hauteskunde Sindikalen jarraipen eta kontrola, hala nola, emaitzak argitara emateko erizpideak finkatzea eta haiei buruz beharrezko erizten diren akordioak lortzea.

g) Hauteskunde berriak egindakoan emaitzak behar bezala eguneratzeko behar den beste edozein eginkizun.

4. artikulua. Batzordearen Bilkurei buruz.

1. Hauteskunde Sindikaletarako Batzordea hilabetero batzartuko da ohizko bilkuran, eta Lehendakariak beharrezko erizten dionean edo Batzordea osatzen duten Sindikatuetako edozeinek hala eskatzen duenean ez-ohizko bilkurak egingo ditu.

2. Akordioak gehiengoz onartuko dira, Batzordeak aho batez onartu behar direla erabakitzen ez badu, behintzat. Nolanahi ere, erabaki hori aho batez hartu beharko da.

Batzordeak, aho batez, artekari bat izendatu ahal izango du, aurreko lerroaldeko gehiengoa ez izateagatik, akordiorik erdietsi ezin duten gai eztabaidagarriei buruz ebatzi dezan.

5. artikulua

Hauteskundeetako emaitzen homologazioan erabateko fidagarritasuna ziurtatzearren, Lan eta Gizarte Ongizate Departamentuak bi ikuskari izendatuko ditu.

Horretarako, Departamentuak Batzordea osatzen duten Erakunde Sindikalekin hitzegin ondoren, izendatu asmo duen ikuskarien zerrenda jakin eraziko du. Erakunde Sindikalen batek haietako bat onartzen ez badu, Departamentuak beste bat izendatuko du haren ordez, baina inola ere ezin izango dute izendapen horri ezetzik esan.

6. artikulua.

Lan eta Gizarte Ongizate Departamentuak hauteskunde prozesua izapidatzeko behar duten dokumentazioa emango die doakienei.

Xedapen Derogatzaile Bakarra

Derogaturik geratzen da Lan eta Gizarte Segurantzako Kontseilariak 1986.eko irailaren 8an emandako Foru Agindua, Hauteskude Sindikaletarako Batzordea eratu eta egituratzen zuena.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa