Castellano | Euskara | Français | English
(2003ko 90. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 14an)
Atarikoa
Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduak, martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 5. artikuluan laguntzak ezartzen ditu, nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuetan nekazaritzako ustiapen bideragarrien elkarteak sor daitezen sustatzeko. Elkarte horiek kooperatibak, eraldaketarako nekazari elkarteak nahiz bestelako elkarteak izan daitezke, baina betiere, lurrak batera ustiatzea izan behar dute helburu nagusia.
Erregelamendu betearazle horretan xedatutakoa aplikatuko bada, haren arauak foru agindu baten bidez garatu behar dira.
Aipatu foru dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen dio hura garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da dirulaguntza publikoak ematea nekazaritzako ustiapenen elkarketa sustatzeko nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuetan, ustiapen horiek bideragarriak izan daitezen.
2. artikulua. Baldintzak.
Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuko kooperatibek, eraldaketarako nekazari elkarteek eta bestelako elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzeetarako eremuan elkartea eratzeko jartzen diren lurrak batera ustiatzea izan behar dute helburu nagusia. Osagarri gisa, zilegi dute nekazaritzari lotutako industria edo energia jarduerak egitea.
b) Elkarteko kideek jartzen dituzten lurren azalerak, guztira, ustiapenaren oinarrizko azaleraren gutxieneko balioa jo behar du, esku-hartzeetarako eremuko nekazaritza azpiegiturei buruzko foru dekretuan ezarritako gutxieneko balioa hain zuzen ere, eta ez du gainditu behar ustiapenaren oinarrizko azaleraren gehieneko balioa elkarteko kideen kopuruaz biderkatuta ateratzen den zenbatekoa, kontuan izanik, lehorreko lurrak eta ureztatzekoak batera diren eremuetan, foru dekretu horretan aurreikusten den bihurketa faktorea.
c) Elkarteetako kideek, jabe nahiz nekazari izan, elkartera bildu ondoren lurrik beretzat gordetzen badute, lur horien azalerak, gutxienez ere, lehorreko edo, kasua bada, ureztatzeko ustiapenaren oinarrizko azaleraren gutxieneko balioa jo behar du. Elkarteko kide bakoitzak, finka bakarrean, salmentarik gabeko nekazaritzako jarduera bat egiteko adina lur gorde ahal izanen du beretzat, gehienez ere bederatziehun metro karratu.
d) Erabakiak hartzen dituzten organoetako ordezkari gehienek nekazaritza izan behar dute jarduera nagusia.
e) Elkarteko kide batek, gutxienez, zuzenean eta pertsonalki parte hartu behar du ustiapen lanetan.
f) Elkarteek gutxienez hamabost urte iraun beharko dute.
g) Beren eskualdeko nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko foru dekretua atera ondotik eratu behar dira, eta lurzati-berrantolamenduaren oinarriak onetsi baino lehen.
h) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatu behar dira.
i) Helbide soziala Nafarroan izan behar dute.
3. artikulua. Laguntzak.
Foru agindu honetan adierazitako moduan eratzen diren elkarteek, hemen ezarritako baldintza eta konpromisoak betez gero, laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte:
a) Eraketan eta eratu ondoko administrazioan lehenbiziko urtean benetan egiten dituzten gastuen %100eraino, gehienez 24.000 euro. Zehazki honakoak dira lehenbiziko urtean dirulaguntza jaso dezaketen gastuak: aholkularitza gastuak, notarioarenak, erregistrokoak, estatutuak egin eta argitaratzekoak, administrazio eta kontabilitateko kudeaketarenak, eta funtzionamendu gastuak.
b) Elkartearen kontabilitate gastuen eta urteko kontuak ikuskatzeko gastuen %50eraino, elkartea eratu eta ondoko 5 urteetan; gehienez ere, 24.000 euro.
4. artikulua. Eskabideak.
1. Laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduko zaizkio, edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetatik aurkeztu ahalko dira.
2. Eskabideak aurkezteko epea nekazaritzako azpiegituretan esku hartzeko foru dekretua onesten den egunean hasiko da eta lurzati-berrantolamenduaren oinarriak onesten diren egunean amaituko da.
3. Laguntza eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio, gutxienez:
a) Elkartearen IFKren fotokopia
b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzioaren ziurtagiria.
c) Elkartea edo kooperatiba eratzeko eskritura publikoa eta haren estatutuena.
d) Horrela eratutako ustiapena gutxienez hamabost urte iraunarazteko konpromiso idatzia.
e) Elkarteko kide bakoitzak jarritako lurzati eta azaleren zerrenda, eta esku-hartzeetarako eremuan kide bakoitzak elkartetik kanpo beretzat gordeko dituen lurzati eta azaleren zerrenda.
f) Elkarteko kide batek, gutxienez, zuzenean eta pertsonalki ustiapen lanetan parte hartzeko konpromiso idatzia.
5. artikulua. Eskabideen tramitazioa.
1. Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak ikusirik, eskaerei dagokien ebazpena emanen du. Betiere, aurrekontuan nahiko diru egotea izanen da laguntza emateko baldintza.
2. Laguntzari buruzko administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan sartzen den egunetik hasita. Epe hori eskatzaileari ebazpenik eman gabe bukatzen bada, hark ulertzen ahalko du bere eskaerari ezetza eman zaiola.
6. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.
1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena eman dezan, aurretik frogagiriak aurkeztu beharko dira, foru agindu honetan dirulaguntzaren xedetzat aipatu diren gastuak egin direla egiaztatzeko.
2. Frogagiriak aurkezten direnetik hasita hiru hilabeteko epean ordainduko da dirulaguntza.
7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Foru Agindu honetan aurreikusita dagoen dirulaguntza hartzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten duen edozein egiaztapen onartzea, eman edo hartutako dirulaguntzekin zerikusia dutenak.
b) Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
c) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntza kobratu izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.
d) Laguntza jasotzeko ezarri diren baldintza guztiak betetzea hamabost urtean gutxienez.
8. artikulua. Laguntza itzultzea.
Dirulaguntzak emateko eskatzen diren baldintza eta konpromisoak bete ezean, laguntzak oso-osorik itzuli beharko dira, baita bidezko diren berandutza korrituak ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen hark, xedatzen du arau-hauste eta zehapenen araubidea.
2. Abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duen hari, alegia.
10. artikulua. Laguntzei uko egitea.
Onuradunen batek ez badu eman zaion laguntza ekonomikoa nahi, uko egiten diola idatzita beharko dio adierazi Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza ematen dion ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Bestela, laguntza eta hartarako baldintzak onartzen dituela ulertuko da.
Lehen Xedapen Gehigarria
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru agindu hau aplikatzeko gastuak Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 720001-72120-7700-531202 kontusailaren kargura ordainduko dira ("Ustiategien oinarrizko azalerak eratzeko laguntzak").
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.