Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 41. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 3an)
Atarikoa
Abenduaren 27ko 389/1993 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako salmonidoen arrantzaren plangintza egiteko oinarrizko tresnak ezarri ziren, espezie horiek tajuz probetxatu eta aldi berean horien mantenimendua eta ugaltzea ziurtatzeko, bai egun eta bai heldu diren urteetan.
Arrantzaren plangintzarako tresnak dira Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria eta horren garapena diren ibai nagusietako eta horien adarretako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planak. Aipatu Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aurrikusten da, besteak beste, Ega-Urederra ibaietako Arrantza Antolatzeko Plana.
Plan Gidaria, salmonidoen arrantza antolatzeko baliabide behinena dena, uztailaren 3ko 157/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Azaroaren 30eko 295/1995 Foru Aginduaren bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak jendaurrean jarrarazi zuen Ega ibaiaren arroko Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren proiektua. Alegazioak eginik eta Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak jakitera emanik, Planaren Proiektua Arrantzako Batzorde Kudeatzailearen eta Nafarroako Ingurugiro Kontseiluaren esku utzi da, eta horiek edukinaren aldeko txostena eman dute jakitera.
Horrenbestean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko martxoaren hamaikako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra
1. Ega ibaiaren arroan Arrantza Antolatzeko Plana, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak prestatu duena, onestea.
2. Plan horren egitura honako hau da: I. Sarrera. II. Planaren helburuak. III. Planak hartzen duen esparrua. IV. Arrain komunitatearen egitura. V. Arrain populazioen eta amuarrainaren dinamika. VI. Egungo egoerari buruzko diagnosia. VII. Kudeaketa plana. VIII. Baliabide materialak eta inbertsioak. IX. Indarraldia.
3. Orok jakin dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Ega ibaiaren arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren laburpena, Foru Dekretu honen eraskin gisa doana. Nolanahi ere, edozein pertsonak zilegi izanen du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Ega ibaiaren arroan Arrantza Antolatzeko Planaren kopia osoa kontsultatu eta eskuratzea.
Azken Xedapenetako Lehena
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
ERASKINA. Ega Ibaiaren Arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren Laburpena
I.-Helburuak.
Ega ibaiaren arroan Arrantza Antolatzeko Planak helburu orokor hauek ditu:
A) Amuarrain populazioen egoerari buruzko diagnostiko bat egitea.
B) Salmonidoen garapenerako behar den habitataren kalitate-baldintzak eta tarte desberdinetan izan behar diren ahalmenak ezartzea.
C) Ibai nagusiaren arroko erreken zonifikazio bat egitea, arrantzari dagokionean.
D) Eremu bakoitzeko arrantza erabilpena zehaztea.
II.-Planak hartzen duen Esparrua.
Plan honek Ega ibaiaren arroa hartzen du, Foru Komunitateko mugen barrenean. Ardatz nagusiak, Ega ibaiak, Nafarroan 1.032 km²-ko azalera drenatzen du eta 119 kilometroko ibilbidea du mendebaldeko erdialdean eta Lizarraldeko erriberan barna. Erregimen plubio-ozeanikoa du, gorabehera handiekin negutik udarara. Marañonen urteko batezbesteko ur emariaren modulua ez da 1 m³/s-ra iristen, Lizarran, berriz, 14 m³/s baino gehiagokoa da, eta bokaletik gertu, Andosillan, 15'8 m³/s-ra iristen da. Ibaiadar nagusia Urederra da, Urbasako lurrazpiko urak biltzen dituena, eta 4 m³/s inguru daramatza.
III.-Kudeaketa Plana.
Ega ibaiaren arroak gaur egun duen egoera aztertu ondotik, Plan honen azken helburua da arrantzako baliabideak kudeatzeko segitu beharreko jarraibideak zehaztea, bai mantenimenduan bai eta ustiapenean ere. Horretarako, Planak bi alderdi ukitu behar ditu populazioen ekologiarekin hertsiki lotuak: habitata eta baliabideak.
3.1. Habitata.
Habitataren gaineko Planaren lerro nagusiak bi printzipio hauetan oinarritzen dira:
-Ibaibazterreko landaretzaren kalitate eta barietateari dagokienez egoera onean dauden habitatat (ibaibide eta ibaibazterrak), ibaibidearen egoera naturala eta uraren egoera fisiko-kimiko egokiak zaintzea eta mantentzea.
-Uraren, ibaibidearen eta ibaiertzaren kalitate-parametro desberdinetan degradatutako habitatak bere onera itzultzea.
3.1.1. Zainketa eta mantenimendua.
A) Ibaibide eta ibaiertzei buruz:
Urtero iharduketa programa bat ezarriko da ibaiertzen eta, oro har, ibaibideen mantenimendurako. Iharduketa horiek ibaibideak garbitzeko izanen dira bereziki (zaborrak edo sasi multzoak kentzea edo ur gaineko emborrak, ura kurritzeko eragozpen handia jartzen badute), urbazterretan inoiz edo behin isuritako hondakin edo zaborrak erretiratzea, eta higadura aktiboa jasaten duten urbazterretako sendotze puntualak.
B) Uraren kalitatea - Kutsadura:
Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Gidarian ezarritako helburuak jaso dira. Plan hartan salmonidoentzako zein den uraren kalitate maila ezartzen da Lizarratik goiti eta ziprinidoentzako kalitatea herri hartatik aitzina (Kontseiluaren 78/659 zuzentaraua, 1978.eko uztailaren 18koa, ur kontinentala arrainen bizitzarako egokia izateko, haren kalitatea babestu eta hobetzeari buruzkoa).
Alderdi gatazkatsuenei dagozkien proposamen konkretuak honako hauek dira:
C) Artatzako arrain haztegia:
-Instalaziotik goitiko eta beheitiko uraren aldizkako analisien programa bat ezartzea.
-Isurketen erregistro liburu bat jartzea, dekantazio urmahelak kontrolatzeko.
-Arrain haztegitik goiko eta beheko aldeko ibaiaren uraren kontrol sanitariorako programa bat jartzea.
B) Tintes Allín: bigarren mailako eta hirugarren mailako tratamendua paratzea, beharrezkoa balitz araztegian edo bestela eskualdeko araztegira eramatea.
3.1.2. Habitata lehengo egoerara itzularaztea.
Ondoko iharduketak garatu eta burutzeko programa bat prestatzea:
A) Ega ibaia:
-Babesak eraikiko dira, landareez eginak, bai eta soluzio mistoen bidez, higadura etengabeko tokietan eta pendiz handietan: Zuñiga (bi puntu 25 eta luzerakoak) eta Legaria (25 eta luzerakoak).
-Ibaiertzean berriki bota den makaldia zegoen tokian bost metroko zerrenda landareztatuko da, urbazterreko ezpezie autoktonoekin: Galbarra eta Santa Gemako baseliza, Murieta, neurtegiaren ondoan, bi puntutan (150 eta ), Murieta, pinudiko parkearen ondoan (), Antzin, bi puntutan (150 eta ) eta Legaria, puntu batean (). Halaber, antzeko moduan landareztatuko dira etorkizunean ibaibidea babesteko zerrendan kokatzen diren makaldiak botatzen direnean.
-Landareztatuko dira Uxanabillako goiko alderdia eta barraderetako harrien arteko tokia ere (bi puntu), Antzin, Legaria (Okoko putzua), Lizarra (Valdelobos eta kiroldegia). Guztira, lineal.
-Bost metroko zerrenda batean landareztatuko dira landaretzarik ez duten ibaibazterrak: Murietako parkeko eskuineko ibaibazterra.
-Funtzionamenduan dauden eta arrainentzat iraganezinak diren presa guztietan haientzako mailak jarriko dira pasabidea errazteko, batez ere hauetan:
.Antzingo errota
.Abaigarko errota
.Labeagako ureztaketarako presa
.Arintzanoko presa
-Behar diren neurriak hartuko dira faunak ezin gaindi ditzakeen presetan, gaur egun erabiltzen ez diren horietan, mailak jartzeko edo presak kentzeko edo txikiagotzeko, batez ere hauetan:
.Zuñigako zentrala
.Gastiaingo presa
.Acedoko arrain haztegia
.Berruezako zentrala
.Martínez irindegia
.Electra Zufía
.Arbeitzako errota
-Behar diren neurriak hartuko dira, erabiltzen diren deribazioko ubideetan arrainkumeak sar ez daitezen dispositibo batzuk jarriz, horrelakorik ez dutenetan: Labeagako ureztaketa eta Ruiz de Alda irindegia.
-Haltz zerrenda bat eratuko da guztiz hondatuta dauden ibaiertzeko tarteetan. Horien luzera, guztira 2.500 metrotan kalkulatzen da.
B) Urederra ibaia:
-Behar diren neurriak funtzionamenduan dauden zentraletan mailak jartzeko, halakorik ez dagoen tokietan:
.Cementos Portland
.Barindanoko zerrategia
.Punpa etxea
. presa
-Behar diren neurriak hartuko dira gaur egun erabiltzen ez diren eta arrainek ezin gaindi ditzakeen presetan, mailak jartzeko edo presak kentzeko edo txikiagotzeko, batez ere hauetan: Errota Zaharrean eta Artabiako zubiko presan.
-Iharduketa bat burutuko da higatutako tokietan, makalez landatutako diren horietan, batez ere Ameskoan (1.200 m-ko luzera) eta San Faustoko zentraletik goiti (2.000 m-ko luzera). Lehenbiziko kasuan, makaldia hein batean botea izan baita, hartuko den neurria izanen da jabari publikoko zerrendan urbazterreko landaretza autoktonoa sartzea. Bigarrenean, makalen ordez bertako landaretza sartzera joko da, aldian-aldian.
-Landare egiturez babestuko dira Artabian eta Eultzen kokatzen diren higadura guneak (bi puntu). Han dagoen barradera landareztatuko da.
-Behar diren neurriak hartuko dira Artabian (bi puntutan) eta Larrionen pilatutako ekarpenak modu kontrolatuan erretiratzeko.
-Larrionen errekabazterrak bost metroko zabaleran landareztatuko dira (zubi ondoan dragatutako tartea).
-Makalak botatako errekabazterrak bost metrotan landareztatuko dira (Larrionen bi puntutan) bai eta geroan botatzen direnetan ere.
-Enpresa esleipen hartzailearekin hitzarmen bat eginen da San Faustoko presan gutxieneko ur emaria manten dezan.
-Cementos Portland enpresarekin hitzarmen bat eginen da gutxieneko ur emaria berma dezan, hain zuzen ere urteko moduluaren ehuneko hamarraren adinakoa.
3.2. Arrantza baliabideen antolamendua.
3.2.1. Zonifikazioa.
A) Urederra ibaia:
A.1. Ibaibide nagusiaren adarra:
Bakedanoko zubitik goiti doan tartea: arrantzarako ibai-tarte irekia. Inolaz ere ez da birpopulaziorik onartuko tarte horretako amuarrainekin ez bada. Beharrezkoa balitz, Urederra ibaiaren goiko partetik ekarritako arrainkumeekin eginen lirateke birpopulazioak. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 19 cm-koa izanen da.
A.2. Ibaibide nagusia:
Bakedanoko zubitik Intzurako presaraino doan tartea: arrantza barruti bezala segituko du. Tarte horrek Itxakoko errekastoa ere hartzen du. Gutxi gorabehera 7km-ko luzera du. Bertan ez da zilegi izanen arrain haztegitik ekarritako amuarrainekin birpopulaziorik egitea. Beharren arabera, arrainkumeak errekako ibaiburutik ekartzea baimendu ahalko da, eta ez besterik. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Hiltzerik gabeko arrantza-tarte bat ezarri ahalko da barrutiaren barnean, denboraldi bakoitzean amuarrain kopurua eta gizartearen eskaria kontuan hartuta.
Denboraldi bakoitzeko arrantzari kupoa hemeretzi pertsonatan ezartzen da. Kupo hori urtero aldatu ahalko da, amuarrainen populazioari eta arrantzaren presioari buruz urtero eginen diren kontrolen emaitzak ikusita.
Intzurako presa eta Artabia arteko tartea: arrantzarako ibai-tarte irekia. Birpopulazioa beharrezkoa denean eginen da, Urederra ibaiaren ibaiburutik ekarritako basa-amuarrainekin. Urtero eginen diren birpopulazioen kargak amuarrainen populazioaren udako kontrolen emaitzak eta arrantzaldian egiten direnenak ikusita neurtuko dira. Tarte horrek 12.000 bat udaberriko arrainkume izan ditzake. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da.
Artabiatik beheitiko tartea: arrantzarako ibai-tarte irekia, eta aldi berean bere onera ekarri beharrekoa. Tarte horretan harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Birpopulazioak errekaren ibaiburutik ekarritako basa-amuarrainekin eginen dira, karga aldakorren bitartez, baldin eta dentsitatea egokia bada eta arrantzaren kontrolen emaitzak eta urtero eginen diren amuarrain birpopulazioenak ikusi ondoren.
Uste da tarte horrek 25.000 bat udaberriko arrainkume har ditzakeela.
Komeni da arrantza presioa hurrengo urteetan gehiegizkoa ez izatea tarte horretan: horretarako neurri murrizgarriak hartu beharko dira, aldi baterako debeku guneak sortuz, edo arrantza aldameneko eremuetara bideratuz, arrantza eskaria hein batean gutxitzeko.
B) Ega ibaia:
B.1. Ibaibide nagusiaren adarra:
Marañondik Zuñigaraino ibai-tartea: arrantzarako tarte irekia. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 19 cm-koa izanen da. Tarte horretako birpopulazioak hurrengo tartearekin batera eginen dira.
B.2. Ibaibide nagusia:
Zuñiga-Antzin ibai-tartea: arrantzarako tarte irekia. Amuarrainen populazioa ugaldu behar da. Goiko tartearen eta honen artean 150.000 bat udaberriko arrainkume har ditzake. Urtero birpopulazioak eginen dira Ega edo Urederratik ekarritako basa-amuarrainekin, karga aldakorren bidez, populazioari buruz urtero eginen diren kontrolak eta arrantzaldiko emaitzak ikusita. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Tarte horretan behar adina ugaltzen direnean barruti bat ezarri ahalko da egoki juzkatzen baldin bada.
Antzin-Lizarra ibai-tartea: arrantza mistoko tartea, bertan sartzen direlarik arrantza naturaleko barruti bat eta txandakako bost debekuleku. Osotara 16,5 Km-ko luzera du. Amuarrain arruntaren gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Tarte horrek arrantza presio latza jasaten du eta, horren kariaz, barruti bat eta bost sektore ezartzea planteatzen da, horietako bakoitzean, txandaka, bi urtez arrantzan egitea debekatuta egonen delarik. Eremu bakoitzaren deskripzioa honakoa da:
1. sektorea.-Antzingo presa - Legariako zubia.
2. sektorea.-Legariako zubia - Murietako zubia.
Barrutia. Murietako zubia - Labeagako errepideko zubia.
3. sektorea.-Labeagako errepideko zubia - Zubielki eta errepide nagusiaren arteko gurutzagunea.
4. sektorea.-Zubielki eta errepide nagusiaren arteko gurutzagunea - Roberko isurbide nagusia.
5. sektorea.-Roberko isurbide nagusia - San Joango zubia.
Tarte horietan arrantza txandaka debekatuko da, eta aldaketa bi urtetik bi urtera eginen da. Horrek bide emanen du arrain populazioan bost adin mota ezartzeko.
Luzera osoan banaketa uniformea izatearren eta bi debekulekuen arteko distantzia berdina izan dadin, txandakaketa honela eginen da: URTEA DEBEKULEKUA 1995-96 4 1997-98 1 99-2000 3 2001-02 5 2003-04 2
Murietako arrantza barruti naturala. Bost bat kilometroko luzera du. Batezbeste zazpi baimen emanen dira egunean, aldatu ahal izanen delarik urteko kontrolen emaitzak ikusita.
Ibai-tarte osoak 127.000 bat udaberriko arrainkume izan ditzake. Urtero eginen dira behar diren birpopulazioak, amuarrainen populazioari buruzko udako kontrolaren eta arrantzaldiari buruz eginen denaren emaitzak ikusita. Birpopulazioak, jeneralean, Ega eta Urederra ibaietako beste alderdietan sobran dauden arrainkumeekin eginen dira.
San Joango zubitik edo zaharretxetik Saltos del Ega konpainiak Lizarran duen presaraino: ibai-tarte irekia. Ez dago birpopulazioak egiteko asmorik.
B.3. Amuarrain Eremu Mistoa:
Saltos del Ega konpainiak Lizarran duen presatik Arintzanoko zubiraino: ibai-tarte irekia. Ondotik ugaltzeko plana dago Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plana nola garatzen den ikusita. Ez dago birpopulazioak egiteko asmorik harik eta horko uraren kalitatea hobetu arte.
Arintzanoko zubiaren eta Deikazteluko presaren arteko ibai-tartea: arrantza barruti intentsiboa. Gutxi gorabeherako luzera, . Bertan amuarrain arruntaren birpopulazio intentsiboak eginen dira, baino gehiagoko amuarrainak arrain haztegitik ekarrita. Egunean batezbeste 25 arrantzari aritu ahalko dira, zifra hori aldatu ahalko delarik amuarrain kopuruaren eta kudeaketa beharren arabera. Arrantzari bakoitzak egunean gehienez sei arrain harrapa ditzake. Astean eramanen diren amuarrainen kopurua zehazteko aurretik harrapatutakoak hartuko dira kontuan. Zernahi gisaz, inoiz ere ez da 700 amuarrain baino gehiagokoa izanen.
Deikazteluko zentraletik Alloraino: ibai-tarte irekia. inguruko azalera erabilgarria du, amuarraina garatzeko. Asmoa dago mantenimenduko birpopulazioak egiteko, gutxienez urtebete duten amuarrainekin. Tarte horretan harrapatzen diren amuarrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da.
C) Irantzu ibaia:
C.1. Ibaibide nagusiaren adarra:
Ibaiburutik Zabalgo ibaiburuko zubiraino. Arrantzarako ibai-tarte irekia.
C.2. Eremu mistoa:
Zabalgo errepideko zubitik bokaleraino. Arrantzarako ibai-tarte irekia, hobetu beharrekoa. Ibaibide nagusiaren adar gisa sar daiteke, kutsadura-arazo behinenak konpondu ondorenean.
3.2.2. Arrantza presioaren kontrola.
Arrantzaldi osoan zehar urteroko kontrolerako programa bat ezarriko da. Programa hori Ingurugiroko Zaindaritzak burutuko du. Oinarrituko da arrantzariei eginen zaizkien zuzeneko inkestetan, bertan jasoko direlarik arrantzan aritzeko orduak eta tartez tarte harrapatutako arrainen kopurua. Laginak une bakoitzean ari diren arrantzarien proportziozkoak izanen dira, maizago kanpainaren hasieran bukaeran baino eta igande-jaiegunetan astegunetan baino. Jasotako emaitzek bide eman beharko dute kanpaina bakoitzean inkestatutako tarte desberdinetan harrapatutakoa zenbatesteko.
Hautatutako ibai-tarteak hauexek dira:
A) Ega ibaia:
-Marañondik (Nafarroako muga) Uxanabillaraino (Nafarroako muga).
-Arquijastik (Nafarroako muga) Antzineraino (Legariako errepideko zubia).
-Antzindik (Legariako errepideko zubia) Lizarraraino (Saltos del Ega konpainiako presa).
-Lizarratik (Saltos del Ega konpainiako presa) Alloraino (Alloko zentraleko presa). Ibai-tarte horretatik aparte geldituko da arrantza barruti intentsiboa.
B) Urederra ibaia:
-Iturburutik Cementos Portlandeko zentraleraino.
-Cementos Portlandeko zentraletik Intzurako presaraino.
-Intzurako presatik Ega ibaiarekin bat egiten duen tokiraino.
Debekulekuetan kontuan hartuko dira arrantzariek arrantza-baimenarekin batera doan fitxa itzultzean ematen dituzten datuak.
3.2.3. Populazioen kontrola.
Urtero, uda partean populazioen kontrola eginen da arrantza elektrikoa aplikatuz. Kontrol horiek era estandarizatuan eginen dira, denboraldi bakoitzean lagin bilketa bertsua eginez. Datu horiek eskutan, populazioak neurtuko dira, eta arrantzan ateratako batezbesteko etekina baloratuko da neurri desberdinetako arrainei dagokienez. Ateratako emaitzak direla medio tarte bakoitzeko egoera ebaluatu ahalko da, honako hauen gainean: populazio osoaren dentsitatea, kumeak nun bildu, urtebeteko arrainkumeen ugaritasuna, 21 cm-tik goitiko arrain helduen ugaritasuna eta espero den produkzio-ahalmena.
Laginketa horiek ondoko ibai-tarteetan eginen dira (ibai-tarteko laginketa bana):
A) Ega ibaia:
Arquijas eta Antzin arteko tartea.
Antzin eta Lizarra arteko tartea.
B) Urederra ibaia:
Cementos Portlandeko zentralaren eta Intzurako presaren arteko tartea.
Arrain haztegitik beheiti dauden zubien arteko tartea.
Intzurako presaren eta Lizarrako bokalearen arteko tartea.
3.3. Denboraldi bakoitzeko arrantza presioaren erregulazioa.
Populazioen kontroletan eta arrantza presioari buruzkoetan ateratako emaitzak oinarri izanen dira denboraldi bakoitzeko arrantzaren mugak ezartzeko. Muga horiek jasoko dira Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak onetsiko duen Arrantza-debekuei buruzko Foru Aginduan, Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluari eta Arrantzako Aholku Batzordeari entzutea eman ondoren.
IV.-Indarraldia.
Plan honen indarraldiak ez du mugarik izanen. Hala ere, indarrean sartu eta zortzi urtera eta inguruabarrek eskatzen dutenean berrikuspen orokorra eginen da.