Castellano | Euskara | Français | English
(1994ko 145. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 2an)
Atarikoa
Animaliak babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen du, Foru Lege horretan aurrikusitako arau-hausteengatiko zehapenak paratzeko, beharrezkoa izanen dela Erregelamenduz arautuko den zehapen prozedurari lotzea.
Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Denondako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak IX. Tituluan finkatzen ditu Administrazio Publikoak zehatzeko duen ahalmena erabiltzen denean jarraitu beharreko oinarrizko irizpideak. Tokian tokiko zehapen prozedurak arautzea, aldiz, Administrazio Publikoei dagokiela gaineratzen du, nork bere eskumenen esparruan, eta hortaz, zehapen prozedura guztien oinarrizko jarraibideak baino ez ditu zehazten.
Horregatik guztiagatik, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Lege horren Lehen Xedapen Gehigarrian adierazitako gaitasuna erabiliz, Foru Dekretu honen helburua denondako legeriaren jarraipideetan oinarrituriko zehapen prozedura bat artikulatzea da, zehapen espedienteak lehenago eta eraginkortasun handiagoaz izapida daitezen, beti ere segurtasun juridikoaren eta kontra izateko ezinbesteko printzipioak deusetan kaltetu gabe.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko azaroaren hamalauan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua
Foru Dekretu honen helburua da, Nafarroako Administrazio Publikoek zehatzeko duten ahalmena erabiltzen dutenean, aplikatu beharreko administrazio prozedura arautzea, animaliak babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 26. artikuluko 1. zenbakian xedatutakoa garatzeko asmoz.
2. artikulua
1. Zehapen prozedurari hasiera emanen zaio eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez, ofizioz egindako iharduketen indarrez edo salaketaren ondorioz, animaliak babesteko aipatu Foru Legearen 26. artikuluko 2 eta 3. zenbakietan adierazitakoaren arabera.
2. Espedientea ireki aurretik, organo eskudunak egitateak argitzeko eginbideei ekitea agin dezake. Aurrekariak biltzeko aldi hori isilpekoa deklara daiteke eta horren iraupena hamabost egunetik beherakoa izanen da.
3. Prozedurari hasiera emateko ebazpenean adieraziko da iharduketa instruktorearen izena. Ebazpen hori ustezko erantzuleari bidaliko zaio.
3. artikulua
1. Instruktoreak karguen plegua prestatuko du eta ustezko erantzuleari bidaliko, hamabost eguneko epearen barruan bere eskubideak babesteko egoki juzkatzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
2. Aurreko zenbakian aipaturiko karguen pleguan honakoa adieraziko da:
a) Iharduten duen Administrazioak frogaturiko egitateak, arau-hauste mota eta zehapenaren graduazioa finkatzeko garrantzizkoen direnak zehaztuta.
b) Ustez egin den arau-haustea, hautsitako agindua edo aginduak zehaztuta.
c) Bidezko litekeen zehapena, horren graduazioa eta zenbatekoa.
d) Prozedura ebazteko eskumena izan lezakeen organoaren izena eta eskumen hori esleitzeko arauaren aipamena.
4. artikulua
Egitateak eta ustezko erantzukizuna zehazteko egoki litezkeen frogak ofizioz eginen dira eta, bidezko den kasuetan, ustezko erantzuleak proposaturikoak ere onartu ahalko dira. Espedientearen xede diren egitateekin zerikusirik ez duten frogak soilik hartuko dira ez-bidezkotzat.
5. artikulua
1. Alegazioak aurkeztu eta, halakorik balitz, frogak egiteko epea amaiturik, eta egoki juzkatzen diren eginbideen ondoren, Instruktoreak idatzitako karguen pleguak bere horretan mantentzen badu, organo eskudunari igorriko dio espedientea. Organo horrek dagokion ebazpena emanen du edo, bestela, Instruktoreari aginduko dio behar litezkeen eginbide osagarriak egin ditzan.
2. Alegazioen edo egindako frogen ondorioz, beste egitate batzuk azaldu edo arau-haustea karguen pleguan aurrikusitakoa baino larriagoa izan dela ikusiko balitz, Instruktoreak beste karguen plegu bat jakinaraziko lioke interesatuari, legokiokeen zehapena zehaztuta, hamabost eguneko epearen barruan egoki juzkatutako alegazioak aurkez litzan.
6. artikulua
1. Zehapen prozedurari amaiera emanen dion ebazpenean azalpenak eman beharko dira eta espedientean agertu ziren gorabehera guztiak argitu.
2. Administrazio ebazpenean ez dira onartuko prozedura bidean azaldu ez diren egitateak, balorazio juridiko ezberdinekoak izanda ere.
3. Ebazpenean ezarriko dira erabakiaren eraginkortasuna bermatzeko behar diren badaezpadako xedapenak, exekuzio bidean indarra hartu bitartean.
4. Ebazpena exekutiboa izanen da administrazio bideari amaiera ematen zaionean.
5. Zehapena jartzeak ez du zertan ekarriko zehatuari letorkiokeen erantzukizun zibiletik eta kalteordainak ordaindu beharretik salbuestea.
7. artikulua
Zehapen prozedura ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedienteari hasiera emateko ebazpena eman zen egunetik hasita. Arrazoituriko erabakiaren bidez, epe hori, gehienez ere, beste sei hilabete luzatu ahalko da.
8. artikulua
Administrazioko kideek luzaturiko ikuskapen aktetan adierazitakoa ziurtzat hartuko da ustez eta bertan azaltzen diren egintzen frogagarri gisa erabili ahalko da, kontrakoa frogatu bitartean.
9. artikulua
Ezarritako isunaren zenbatekoa ehuneko hogeita hamar murriztuko da, honako baldintzak betetzen badira:
a) Isuna hilabeteko epearen barruan ordaintzea, zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Arau-hausleak, aurreko atalean aipatu epean, Administrazioari legozkiokeen kalteordainak oso-osorik ordaintzea.
c) Arau-hausleak, ezarritako zehapena eta eskaturiko kalteordainarekin ados dagoela idatziz azaltzea eta arauzko epean inolako inpugnazio ekintzarik ez duela sartuko adieraztea.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.