(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

103/1994 Foru Dekretua, maiatzaren 23koa, Nafarroan nekazaritzako elikagaien artisautza arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1994ko 70. NAOn argitaratua, ekainaren 13an. Aldaketak: 298/1996 Foru Dekretua, uztailaren 29koa; 318/2001 Foru Dekretua, azaroaren 5ekoa; 280/2002 Foru Dekretua, abenduaren 30ekoa; Foru Agindua, 1995eko maiatzaren 2koa; Foru Agindua, 1994ko azaroaren 14koa, Foru Agindua, 1998ko abenduaren 21ekoa; Foru Agindua, 1999ko irailaren 20koa; Foru Agindua, 2002ko irailaren 9koa)

Atarikoa

Nafarroako Artisautza Sektorea antolatu eta garatzeari buruzko ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuan ez zen nekazaritzako elikagaien artisautza agertzen, eta arlo horrek, nekazaritzarekin duen loturagatik eta higienean nahiz osasunean duen eraginagatik tratamendu berezia behar du.

Nekazaritzako elikagaien artisautza ongi errotua egon da betidanik Nafarroan eta gaur egun goruntz doan iharduera bat da, nekazari familiek beren errentak osatzeko moduak ugaldu beharra dutelako, bereziki eremu zabaleko nekazari eta abeltzainek, eta oroz gain mendikoek.

Ekoizleen nahiz kontsumitzaileen onerako behar-beharrezkoa da "artisau" eta "artisautzazko" hitzak arautzea, nekazaritzako elikagaien produkzioa aipatzen dutenean, kalifikazio hori erabil dezaketen enpresak finkatzea eta nekazaritzako elikagaien artisau izaeraz baliatu ahal izateko behar diren baldintzak ezartzea.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamalauko maiatzaren hogeita hiruko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

Foru Dekretu honek Nafarroan nekazaritzako elikagaien artisautza arautu, zehaztu eta suspertzea du helburu.

2. artikulua

Nekazaritzako elikagaien artisautza deitzen zaio nekazaritzako elikagaiak eskuz landu, ekoiztu eta eraldatzeko iharduerari, beti ere, indarra duen arautegiak ezarritako baldintzak betez, ekoizpen prozesu osoan zehar kontsumitzaileari produktu bukatu indibidualizatua, kalitatezkoa, eta ezaugarri bereziak dituena segurtatzen bazaio, eta hori guztia artisauak berberak kontrolatutako produkzio txikien bidez.

3. artikulua

Nekazaritzako elikagaien artisaua da Foru Dekretu honen eraskinean biltzen den Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Zerrendan agertzen diren ihardueretako batean aritzen dena, baldin eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak emandako Diplomaren jabe bada.

4. artikulua

1. Nekazaritzako elikagaien artisautza enpresak dira Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Lanbideen Zerrendan agertzen direnetako eskuz lantze, ekoizpen eta eraldatze iharduera batean aritzen direnak, beti ere ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Artisautzako instalazio eta establezimenduek, bai eta ekoizten diren produktuen kalitateak eta baldintza higieniko-sanitarioek indarra duten xedapenak betetzea. Enpresak lizentzia fiskala behar du izan.

b) Ekoizpen prozesuak eskuz eginak izatea; hala ere, mekanizazio gradu bat ere onartuko da eragiketa partzialetan, beti ere lehengaien hautaketa salbuetsiz.

c) Ekoizpen prozesuaren erantzukizuna eta zuzendaritza nekazaritzako elikagaien artisauaren eskutan izatea. Horrek lan horretan zuzenean parte hartu behar du.

d) Enpresaren egitura famili motakoa izatea. Bidezkoa baldin bada familiaz besteko langileak ere hartzen ahal dira, ez hamar baino gehiago, eta izaera finkoan. Hala ere, eta salbuespen gisa, nekazaritzako elikagaien artisautzako enpresa kalifikazioa izan dezakete langile kopuru hori gainditzen dutenek, baldin eta exijitutako baldintza guztiak betetzen badituzte eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren berariazko baimena badute.

2. Halaber, nekazaritzako elikagaien artisautza enpresaren kalifikazioa izan dezake edozein elkarte motak, baldin eta bere nekazaritzako elikagaien produkziora edo merkaturatzera soilik dedikatzen bada.

5. artikulua

Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Enpresen Erregistroa eratu da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari atxikia. Bertan, erregistratu ahalko dira Foru Dekretu honetako 4. artikuluan ezarri diren baldintzak betetzen dituzten unitate ekonomiko eta elkarteak, mota guztietakoak.

6. artikulua

1. Nekazaritzako elikagaien artisautza enpresa kalifikazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak emanen du.

Kalifikazio hori emateko enpresa nahitaez Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Enpresen Erregistroan eta Osasun Departamentuko Erregistro Sanitarioan inskribatu beharko da.

2. Kalifikazioa edo aitorpena borondatezkoa izanen da eta bi urtetik bi urtera berritu beharko da.

3. Nekazaritzako elikagaien artisautza enpresaren izaera galtzeko arrazoiak:

a) Enpresako arduradun den artisaua hiltzean edo iharduera uztean.

b) Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak eta berau garatzen duten xedapenak ez betetzean.

c) Entitatea desegitean edo baja hartzean.

4. Borondatezko izaera duen arren, nekazaritzako elikagaien artisautza enpresaren kalifikazioak honako onurak dakartza:

a) "Nekazaritzako Artisautza" esamoldea berak eta ez beste inork erabili ahal izatea, bai eta merkatuan bere produktuak, establezimendua edo saltokia identifikatzeko ezaugarria ere.

Esaera hori, edo enpresa artisautzat joa dela adierazten duen beste edozein, eta bereizgarri hori enpresak berak bere instalazioetan modu artisau batean eginiko produktuen zabalkunde, publizitate, agiri edo etiketetan bakarrik erabiltzen ahalko dira.

b) Nafarroako Gobernuak artisautza suspertu eta bultzatzeko ezar dezakeen edozein laguntza jasotzeko aukera izatea.

5. 

7. artikulua

Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordea sortzen da honela osatua: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Zuzendari Nagusia edo horren ordezko bat, Batzordeburu; Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko ordezkari bat; Osasun Departamentuko ordezkari bat; Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbara Ofizialeko ordezkari bat; nekazaritzako elikagaietan adituak, gehienez bi, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariak izendatuak; legez eratutako nekazaritzako elikagaien artisautza elkarteetako ordezkari bana; Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuko teknikari bat, Idazkari izanen dena.

8. artikulua

Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nekazaritzako Elikagaien Artisau Diploma emateko behar diren baldintzak arautzen dituzten xedapenak aztertu eta proposatzea.

b) Nekazaritzako elikadura arloko produktu eta iharduerei dagokienean artisau, artisautza eta artisautzazko hitzak etiketetan eta propagandan erabiltzea arautzeko baldintzak aztertu eta proposatzea.

c) Nekazaritzako elikagaien artisautza suspertu eta babesteko neurriak proposatzea.

d) Nekazaritzako elikagaien artisau enpresaren kalifikazioa eskuratzeko eskabideak aztertu eta proposatzea, aldeko erizpenaren bidez, bereziki 4. artikuluaren 2. atalean aurrikusitako kasuetan.

e) Nekazaritzako elikagaien Artisautza Lanbideen Zerrendan egin beharreko aldaketak aztertu eta proposatzea.

f) Agindu dakiokeen beste edozein eginkizun, nekazaritzako elikagaien artisautza sektorearen garapenean eraginik izanen duena.

Azken Xedapenetako Lehena

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko, eta orobat Nekazaritzako elikagaien Artisautza Lanbideen Zerrenda aldatzeko behar diren xedapen guztiak eman ahal ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

ERASKINA. Nekazaritzako elikagaien Artisautza Lanbideen Zerrenda

1. Zukuak, marmeladak eta fruta eta barazki kontserbak egitea.

2. Hartzidura naturaleko sagardoa, likoreak, pattarrak eta ardo aparduna egitea.

3. Ontzutuak, ozpinetakoak eta gazituak egitea.

4. Gaztak, zenderenak eta gaztanberak egitea.

5. Eztigintza eta eztitik ateratako produktuak, basalandareen urrinak eta horietatik ateratakoak.

6. Elikaduran infusioetarako eta aromatizatzaile gisa erabiltzen diren landare-espeziak manipulatzea.

7. Haragi kontserbak, pateak, hestebeteak eta urdaia egitea.

8. Pastelgintza, gozokigintza eta ogi bereziak egitea.

9. Mistela, muztio egosia eta ardo mindua egitea.

10. Izozkiak egitea.

11. Jaki prestatuak.

12. Oliba olio birjina estra egitea.

13. Arrain kontserbak egitea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa