Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 32. NAOn argitaratua, martxoaren 12an: Aldaketak: 2002ko abenduaren 4ko Foru Agindua).
Preámbulo
Abereen saneamendurako ekitaldi ofizialek behartzen dituzte ekitaldi horien xede diren gaixotasunetan positibo ematen duten abereak hiltzera. Halaber, salbuespenezko saneamendu-inguruabar bereziak direla-eta, edo larrialdi berezietan, gaur egun kasu, entzefalopatia espongiforme kutsagarriaren ondorioz, arautegiak behartzen ahal dituzte abeltegi bateko abere guztiak hiltzera. Ekintza horri "saneamendu-hutsaldi" deritzo. Alegia, aldi batez ezin da abeltzaintzan aritu. Horrek, bistan da, ukituriko abeltegien jabeen errentari galera handiak dakarzkio.
Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak, 39. artikuluan, xedatzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak abeltzainei laguntzak emanen dizkiela saneamendu-hutsaldiaren ondorioz abeltegia geldirik dagoeino.
Horregatik, beharrezkoa da abeltzainei laguntza bat ematea beren abeltegiko abere guztiak hiltzeagatik galduriko errentaren ordain gisa.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta onuradunak.
1. Abeltegien jabeak izaten ahalko dira saneamendu-hutsaldiaren ondoriozko laguntzen onuradunak, beti ere abeltegi horiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat joak badira edo, ustiategi horien betebeharrak betez gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behartzen badituzte espezie bateko edo batzuetako abere guztiak hiltzera, abereen saneamenduagatik, kutsatzen ahal dituzten gaixotasunak kontrolatzeko.
Halaber, laguntza hauen onuradun izan daitezke, Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat joak ez badira ere, abeltegi horietako titularrak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Abeltzaintzako ustiategiak azienda larriko hogei buru baino gutxiago izatea.
b) Abeltzaintzatik behin betikoz gelditzea.
c) Berrogeita hamabost urtetik goiti izatea eta erretiraturik egotea.
2. Saneamendu-hutsaldia abereen saneamenduko ekitaldi ofizialetan gertatuko da edo beste edozein egoeratan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurak behartzen baditu abeltegiko abereak hiltzera.
2. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
Bere abereak hiltzeagatik aplikatzekoa den baremo ofizialaren arabera abeltegiaren jabeari dagokion ordain osoaren %15 eginen duen sari osagarri bat izanen da laguntza. Kalteordaina Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak saneamendu-hutsaldirako agindua ematen duenetik hasita kalkulatuko da.
3. artikulua. Eskabidearen aurkezpena.
1. Ukituriko ekoizleek saneamendu-hutsaldiaren ondoriozko laguntza horretarako prestatuko diren inprimakien bidez eskatzen ahalko dute.
2. Eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da, Departamentuak aginduriko saneamendu-hutsaldia egiten denetik gehienez ere hilabeteko epean. Beste erregistro batzuetan ere aurkezten ahalko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.
4. artikulua. Agiriak.
Onuradunek, eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Pertsona fisikoek NANaren fotokopia eta pertsona juridikoek IFZren fotokopia.
b) Eskatzaileek eskabidean adierazi duten kontu korrontea edo libreta ziurtatzen duen banku-agiria.
c) Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zorrak pagatu dituztela frogatzen duena.
d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezarri dituen toki, hiltegi eta epeetan abere guztiak hil direla frogatzen duten agiriak.
5. artikulua. Ebazpena eta ordainketa.
1. Foru Agindu honetan aipatzen den laguntza Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak eman edo ukatuko du, ebazpen baten bidez, eskabidea aurkezten denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik gabe pasatzen da, ulertzen ahalko da eskabidea ezetsi dela, administrazioaren isiltasunaren bidez.
2. Laguntza osoa batera pagatuko da.
6. artikulua. Onuradunaren eginbeharrak.
Onuradunaren berariazko eginbeharrak:
a) Saneamendu-hutsaldia Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emanen dituen jarraibideen arabera egitea eta beti ere harekin elkar lanean aritzea.
b) Organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen guztiak onartzea, onartu edo emandako laguntzari buruz.
c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste laguntzarik eskatu edo eskuratu duen.
d) Hala bada, kontabilitatean edo liburu-erregistroetan harturiko laguntza erregistratzea, indarra duen arautegiaren arabera horretara beharturik badago.
7. artikulua. Itzulera.
Kasu hauetan laguntza osoa itzuli beharko da: onuraduna Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarekin elkarlanean aritu ez denean, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak saneamendu-jarraibideak edo osasunari buruzko legeetan ezarririk daudenak bete ez dituenean.
Lehen Xedapen Gehigarria
Foru Agindu hau aplikatzean sortzen den gastua 2001erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Epizootiengatik abereak hiltzeko ordaina" izeneko 711000-71320-71320 kontusailaren kontu finantzatuko da.
Bigarren Xedapen Gehigarria
Foru Agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko ekainaren 9ko 7/1997 Foru Legean xedatu bezala eginen da.
Hirugarren Xedapen Gehigarria
Foru Agindu honen eta hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka interesatuak gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko du, argitaratu edo jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2001eko urtarrilaren 1az geroztik aplikatuko da.