(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Landa garapena :
    • Nekazaritza :
      • Landare ekoizpena :
        • 240/2006 Foru Agindua, ekainaren 26koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritza lanetako nitratoek ura kutsatzen ahal duten eremuetarako jarduketa programa onesten duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

240/2006 Foru Agindua, ekainaren 26koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritza lanetako nitratoek ura kutsatzen ahal duten eremuetarako jarduketa programa onesten duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2006ko 90. NAOn argitaratua, uztailaren 28an.Aldaketak: otsailaren 12ko 34/2007 Foru Agindua)

Atarikoa

Nekazaritzaren ondoriozko nitratoek eragindako kutsadura gutxitzeko eta mota horretako kutsadurei aurrea hartzeko asmoz, Kontseiluak abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentaraua onetsi zuen.

Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez iragan da zuzentarau hori Espainiako ordenamendu juridikora.

Errege dekretu horretako 4. artikuluko 1. idatz-zatiak ezartzen du autonomia erkidegoetako organo eskudunek kutsatzen ahal diren eremuak izendatu behar dituztela, nork bere lurraldearen barrenekoak. Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzako nitratoek ura kutsatzen ahal duten eremuak izendatu ziren eta horietarako jarduketa programa onetsi zen.

Artikulu horretako 2. idatz-zatian adierazten da autonomia erkidegoetako organo eskudunek neurrizko aldizkotasun batekin aztertu eta, kasua bada, aldatu edo handitu egin behar dituztela kutsagarri deklaratzen diren eremuak, gutxienez lau urtean behin. Ildo horretan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren ekainaren 5eko 188/2006 Foru Aginduaren bidez, nekazaritza lanetako nitratoek ura kutsatzeko arriskua duten eremuak, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren bidez finkatuak, bere horretan uztea erabaki du, izan ere, finkatutako 4 urteko epea 2006. urtean bukatu baita.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ezartzen du autonomia erkidegoetako organo eskudunek halako jarduketa programak ezarriko dituztela kutsaerrazak deklaratzen diren eremuetan, nekazaritza lanetako nitratoek eragindako kutsadurari aurrea hartzeko eta haren ondorioak gutxitzeko. Harrezkero, nekazaritzako lanetako nitratoek kutsatzen ahal dituzten eremuetan jarduteko programa gauzatu du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak.

Dena dela, kontrol plan batzuk zehaztu behar dira jarduketa programetan ezarritakoa kontrolatzeko eta ez-betetzeak harrapatzeko, halakorik bada. Plan horiek nekazaritzako lanetako nitratoen ondorioz gertatzen den lurpeko uren kutsaduraren gainean aholku emateko Batzordeak onetsi behar ditu. Era berean, egokia litzateke kutsaerrazak deklaratzen diren eremuetan lurzatiak dituzten ustiategietako titularrek egiten dituzten ongarritze lanak erregistratzeko liburuaren eredua finkatzea.

Jarduketa programan finkatutakoa betetzen ez den kasuetarako, gogoan eduki behar da Kontseiluaren 2003ko irailaren 29ko 1782/2003 Erregelamenduak, zuzeneko laguntzen egungo esparru arau-emailea finkatzen duenak, eta 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduak, landa garapenerako laguntzak ezarri zituenak, adierazten dutela ura nekazaritzan erabiltzen diren nitratoetatik babesteko abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentaraua bete beharra dagoela.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Jarduketa programa.

1. Nekazaritzako lanetako nitratoek uretan eragindako kutsadura gutxitu eta aurrea hartzeko 2006-2009 urteetarako jarduketa programa onesten da. Foru agindu honen I. eranskinean azaltzen da.

2. Jarduketa programa Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ekainaren 5eko 188/2006 Foru Aginduaren bidez kutsaerrazak deklaratu ziren bi eremuetan aplikatuko da. Izan ere, agindu horretan nekazaritza lanetako nitratoek ura kutsatzen ahal zuten eremuak, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren bidez finkatuak, bere horretan uztea erabaki zen.

2. artikulua. Ustiategiko liburua.

Deklaratu diren eremu kutsaerrazetan kokaturiko nekazaritzako ustitategiek ustiategiko liburua izanen dute, ongarritze plan eta praktikak erregistratzeko, labore motaren arabera. Liburu hori Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian lor daiteke (catálogo de servicios / todos los servicios / ámbito rural) baita nekazaritzako bulegoetan ere.

3. artikulua. Kontrol planak. Ez-betetzeak.

Jarduketa programetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko, urtero kontrol plana prestatuko da, nekazaritzako lanetako nitratoen ondorioz gertatzen den lurpeko uren kutsaduraren gainean aholku emateko Batzordeak onetsi beharko duena. Pertsona fisikoek edo juridikoek bidezko ikuskapen eta kontrolak onartuko dituzte, zereginetan lagunduko dute eta eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztuko.

Kontrol horietan jarduketa programan ezarritakoa betetzen ez dela atzemanez gero, Kontseiluaren 2003ko irailaren 29ko 178272003 Erregelamenduaren arabera baldintzak kontrolatzeko lanen koordinazioaz arduratzen den agintaritzari jakinaraziko zaio, bai eta landa garapenerako programa indardunaren laguntzak kudeatzeko unitateei ere, behar izanez gero laguntzetan bidezko murrizketak egin ditzaten.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen orotan otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak xedatutakoa aplikatuko da, ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteari buruzkoa, alegia.

Azken Xedapen Bakarra. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. Nekazaritzaren ondoriozko kutsadura nitrikoa izan dezaketen eremuetan, Nafarroako Foru Komunitatean izendatuetan, jarduteko programa

Ura nekazaritzan erabilitako nitratoen kutsaduratik babesteko Kontseiluaren abenduaren 12ko 91/676 Zuzentarauari eta ura nekazaritzako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuari jarraituz, zuzentarau hori Espainiako ordenamendu juridikora aldatzen baitu, programa hau prestatu da bi eremuetarako:

1.-Oinarrizko printzipioak.

1.1. Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea.

Nahitaez bete beharko dira Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean Nafarroarako aurreikusitako neurriak, otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren 7. artikuluari eta 1999ko azaroaren 22ko Foru Aginduari jarraituz, zeinaren bidez Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodearen onespena argitara eman baitzen.

1.2. Nitrogenodun ongarriak, 261/1996 Errege Dekretuaren arabera definituak, laboreen beharren arabera zabalduko dira, haien zikloan zehar.

1.3. Ahal dela, laboreek nitrogeno gehien xurgatzen duten garaietan zabalduko dira nitrogenodun ongarriak.

2.-Neurri orokorrak.

2.1. Lurrean zabal daitekeen simaurraren edo beste ongarri organiko batzuen kantitatea.

Lau urterako bigarren programa denez, lurrean zabal daitekeen simaurraren edo beste ongarri organiko (minda, lohiak, etab.) batzuen gehieneko kantitatea hauxe izanen da: nitrogeno/ha urtean.

2.2. Noiz ezin den nitrogenodun ongarririk zabaldu.

Ebro ibarreko ureztaketa lurretan alorrak bata bestearen atzetik kokatzen dira. Horregatik, horrelako ezaugarriak dituen eremu kutsaerraz batean ez da bidezko nitrogenodun ongarriak emateko debekualdiak ezartzea lurralde osorako. Hala ere, Nafarroako Nekazaritza Praktika Egokien Kodearen arabera, honako murriztapen hauek ezarri dira, produktu nagusiaren eta ongarri motaren arabera:

2.2.1. Landu gabeko nekazaritzako lurretan debekatua dago ongarri minerala eta organikoa nahiz nitrogenoduna zabaltzea.

2.2.2. Ereinda edo landatuta dauden lurzatietan edo hazkuntza aldia hasia dutenetan, debekatua dago ongarri minerala edo organikoa zabaltzea, taula honetan jasotako sasoietan:

-Produktu nagusia: Udazkeneko eta neguko zerealak. Ongarri organikoak (simaurra, mindak, etab.): abenduaren 1etik urtarrilaren 15era arte. Nitrogenodun ongarri mineralak: ekainaren 1etik abuztuaren 31ra arte.

-Produktu nagusia: Udako zerealak. Ongarri organikoak (simaurra, mindak, etab.): irailaren 1etik abenduaren 31ra arte. Nitrogenodun ongarri mineralak: abuztuaren 15etik laborantza bukatu arte.

-Produktu nagusia: Barazkiak. Ongarri organikoak (simaurra, mindak, etab.): ez da bidezkoa. Nitrogenodun ongarri mineralak: Ez dago debekualdirik.

-Produktu nagusia: Frutarbolak. Ongarri organikoak (simaurra, mindak, etab.): azaroaren 1etik otsailaren 15era arte. Nitrogenodun ongarri mineralak: urriaren 1etik abuztuaren 31ra arte.

2.2.3. Elkarren segidako bi laborealdien artean debekatua dago ongarria zabaltzea, non ez den behar bezala justifikatzen Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusian, kasu hauetan:

-Ongarria eta minda, erein edo landatu aurreko bi hilabete baino lehenago.

-Nitrogenodun ongarri kimikoa, erein edo landatu aurreko hilabete bat baino lehenago.

2.3. Simaurra eta minda pilatzeko ahalmena.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuak dioenez, kutsa daitezkeen eremuetan kokatzen diren abeltegien titularrek simaurra pilatzeko dituzten instalazioen edukiera lurrean zabaltzea debekatua dagoen denboraldi luzeenean pila dezaketena baino gehiago gordetzeko adinakoa izan behar da.

Alde horretatik, kutsa daitezkeen eremuak ureztaketako lurrak direnez, teknikoki lur azalera osorako debekualdi orokorrik ezarri behar ez bada ere, gutxienez lau hilabetez pilatzeko adinako instalazioa beharko da.

Dena dela, edukiera hori ez da abere hondakinen kudeaketa arautuko duen foru araudian ezartzen dena baino handiagoa izan beharko, pilatzeko edukiera errealetik kanpora gelditzen den simaurrari ingurumenean kalterik ez egiteko tratamendua egiten zaiola frogatuz gero, edo, lagapen kontratu baten bidez, simaurra eremu kutsaberatik kanpora eramaten bada ongarri organiko gisa erabiltzeko, edo tratatzeko nahiz aberasteko, betiere ingurumenean ondoriorik sortu gabe.

2.4. Lurrean zabal daitekeen nitrogenodun ongarriaren kantitatea.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan eta Nafarroako Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean ezarritakoaren arabera, kutsatzen ahal diren eremuetan ongarri nitrogenodunak zabaltzeko muga batzuk ezarri dira, nitrato soberakinak eta haien lixibizazioa gutxitzeko. Horregatik, taulan agertzen diren zifrak honako estimazio hauetatik abiatuz kalkulatu dira:

a) Lurrean dagoen nitrogenoa, laboreak dezenteko kopurua behar izaten hasten direnean.

b) Lurreko erreserba organikoek mineralizatzean sortutako nitrogenoa.

c) Ongarri kimiko eta organikoetatik datorren nitrogenoa.

d) Ureztatzeko urak dakarren nitrogenoa.

*************************tabla**************

3.-Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea aplikatzearen ondoriozko neurriak.

Ondotik Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean azaltzen diren neurri batzuk jakinarazten dira, hain zuzen, aurreko puntuetan ez adieraziagatik jarduketa programa honetan hartu behar direnak. Hori guztia kontuan harturik kutsatzen ahal diren eremu horiek ezinbestean ureztaketa lurrak direla.

3.1. Ongarria zabaltzea urak, izotzak edo elurrak estalitako lurretan.

Debekaturik dago:

-Simaurra, minda, lohia eta antzekoak zabaltzea urak edo elurrak estalitako lurretan.

-Minda zabaltzea %15etik gorako batez besteko malda duten lurzatietan, lurra erabat izoztuta dagoenean.

-Oro har, nitrogenodun ongarria zabaltzea, urak hartutako lurretan (arroza izan ezik), ura desagertu arte.

3.2. Ongarria ur ibilgu naturalen eta uraren hornidura egiteko tokien inguruan zabaltzea.

Ziurtatu beharko da ez dela nitrogenodun ongarririk zabalduko ur ibilgu natural baten bazterretik bitarteko zerrendan.

Ez da nitrogenodun ongarri mineralik zabalduko baino hurbilago putzu, iturri edo zulo bat dagoenean, gizakiaren kontsumorako ura ematen badu edo, beste zerbaitetan erabiltzekoa izanik, edateko moduan egon behar badu.

Ongarri organikorik ez da zabalduko ur-korronte naturaletatik eta edateko uraren sare edo biltontzietatik 50 metrotik beheragoko eremuan. Edateko uraren hornidurarako putzu eta iturbegien kasuan, 200 metroko tartea utzi beharko da. Nolanahi ere, utzi beharreko tarte horiek ez dira abeltzaintzako hondakinak kudeatzeko foru araudian ezarritakoetatik beherakoak izanen.

3.3. Ur-isurketen eta lixibazioaren ondoriozko kutsadurari aurrea hartzeko neurriak ureztatze sistemetan.

3.3.1. Sestra berean dauden lurzatiak.

Ohiko ureztaketan ez da nitrogenodun ongarririk erabiliko urarekin (fertirrigazioa).

3.3.2. Maldan dauden lurzatiak.

Urari nitrogenodun ongarria eransten zaionean, debekaturik dago hustubideetara edo drainatze bideetara jotzen duten lur gaineko ur isurketarik eragitea, baita lurzatien beheko aldean putzu edo uholdeak sor ditzaketenik ere.

3.4. Uzta hondakinak kudeatzea.

Neguko zerealen, ekilorearen, artoaren, aletarako lekadunen eta bazka eta koltzaren laborantzaren ondoriozko uzta hondakinak abeltzaintzako aprobetxamendu zuzenerako bideratzen ahalko dira edo paketatu eta eraman, baina ez da inolaz ere beharrezkoa izanen hondakin horiek lurrari ematea. Landare hondakinen erreketari dagokionez, erreketak arautzen dituen foru araudiak xedatutakoari jarraikiko zaio.

3.5. Abeltzaintzako instalazioak.

Aurreko puntuetan adierazitakoaz gain, simaurra eta minda pilatu eta zabaltzeari baitagokio, eremu kutsaerrazetan kokatutako abeltzaintzako instalazioek baldintza hauek beharko dituzte bete, araudi berariazkoan ezarritakoa ukatu gabe:

-Abereak egoteko eta ibiltzeko kanpoko eremuek iragaztezin egon beharko dute, eta behar adinako malda izanen dute ur zikinak kasuan kasuko biltegietara edo, bestela, simaurra edo minda biltzen duten tokietara bideratzeko.

-Garbiketako urak ubide estankoetatik eraman beharko dira, eta gainerako ur zikinak biltzen diren tokietan jasoko dira.

-Gorozki solidoak siloratu eta biltzeko instalazioek gainazal estankoa izan beharko dute azpitik. Beheko aldea jarioetako likidoak bildu eta ur zikinen biltegietara eramateko modukoa izanen da.

-Teilatuetako euri ura kanpora aterako da zuzenean, ur zikinekin nahasi gabe.

-Ur zikinen biltegiak estankoak izanen dira eta uraren ibilgu eta hodietatik 35 metrora kokatuko dira gutxienez.

3.6. Minda zabaltzea.

Debekatua dago minda zuzenean lurrera botatzea garraiorako upelaren ahotik, banatzeko gailurik gabe, hau da, abaniko edo mahukarik gabe.

4.-Neurri osagarriak.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzearren, batez ere 4.2, 6.3 eta 6.4 artikuluetakoa, neurri osagarri hauek hartuko dira:

4.1. Ikerketa proiektuak.

Nitrogenoaren, lurzoruaren eta uraren arteko erlazioen ezagutza zientifiko-teknikoa hobetzeko ikerketa proiektuak landuko dira, baita nitrogenodun ongarriak lurzatietan behar bezala erabiltzeko aukera ematen dutenak ere, etekin ekonomikoa eta ingurumenaren babesa bateragarriak eginez.

4.2. Zabalkunderako jarduerak.

Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean eta jarduketa programan agertzen diren neurriei buruzko prestakuntza, informazio eta zabalkunderako jarduerak eginen dira eremu kutsaerrazetako nekazari eta abeltzainentzat propio. Horretarako ohiko bideak erabiliko dira: ikastaroak, mintegiak, sentsibilizaziorako jardunaldiak, argitalpen teknikoak, Interneten bidezko informazio-ematea, etab.

Orobat, astero, laboreak ureztatzeko beharrei buruzko informazioa emanen da, ureztaketak hobeki programatu ahal izateko.

Ahalegin berezia eginen da nekazariak prestatzen ureztaketa kudeatzeko eta instalazioak eta ekipoak hobetzeko, bai ureztaketa lur berrietan, bai ohiko ureztaketa eraldatu eta hobetzeko eremuetan.

4.3. Nekazaritzako makineria erosteko sustapen lana, banaketa hobea izan dadin.

Eremu kutsaerrazetan, ongarria banatu eta zabaltzeko nekazaritzako makineria eros dadin bultzatuko da. Erraz erregulatzen dena beharko du izan, produktua lurzati osoan behar bezala banatzeko modukoa eta inguruneari kalte egiteko arriskua gutxitzen duena.

4.4. Ureztaketa lurretan egin beharreko ekintzak.

Ureztaketako lur kutsaerrazetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak presioko ureztatze sistemak baizik ez du bultzatuko.

4.5. Ingurumenaren kontserbazioarekin bateragarriagoak diren produkzio sistemen sustapena: produkzio ekologikoa eta produkzio integratua.

Eremu kutsaerrazetan ingurumena errespetu handiagoz tratatzen duten produkzio sistemak abian jartzea eta garatzea bultzatuko da, zehazki, produkzio ekologikoa eta produkzio integratua. Era berean, nekazariek horrelako sistemetan parte hartzea bultzatuko da, ingurumena eta nekazaritza bateratzeko programen bidez.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa