(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Toki Administrazioa :
    • 132/1995 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, kontzejuetako administrazio eta gobernu organoak eratzeko arauak ematen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

132/1995 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, kontzejuetako administrazio eta gobernu organoak eratzeko arauak ematen dituena

 

(1995eko 74. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 12an)

Atarikoa

Nafarroako Kontzejuetako hauteskunde prozesua arautzen duen martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legearen 17 artikuluak dioenez, Kontzejuetako Batzarreak eratuko dira Udalak eratzeko finkatuak dauden arauei jarraikiz.

Toki entitate hauen berezitasunak ikusita, xehekiago garatu beharra dago kontzejuetako hauteskundeetatik sortu diren Batzarreak eratzeko prozedura.

Horrenbestez, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamabosteko ekainaren bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:

1. artikulua

1. Nafarroako Kontzejuetako administrazio eta gobernu organoak, 1995.eko maiatzaren 28an egindako kontzejuetako hauteskundeen ondorioz sortu zirenak, 1995.eko ekainaren 17an eratuko dira, non eta hautetsien aldarrikapenaren aurka hauteskundeetako helegite kontentziosoa aurkezten ez den, horrela gertatuko balitz 1995.eko uztailaren 7an eratuko bailirateke.

2. Arestiko zenbakian xedatutakoa ulertu behar da 2. b) artikuluan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

2. artikulua

Kontzejuetako Batzarreak eratzerakoan, ondoko arau hauek hartu beharko dira kontutan:

a) Eratze-bilkurarako deialdia iharduneko Kontzejuburuak egin beharko du edo, bestela, haren ordezkoa denak. Deialdia beranduenez ere 1995.eko ekainaren 14an egin beharko da eta eratze-bilkura zein toki, egun eta ordutan eginen den zehaztuko da.

b) Bilkura Kontzejuko Etxean eta jendaurrean eginen da, baldin eta kontzejukide hautetsien gehiengo absolutua biltzen baldin bada. Bestela bada, handik bi egunetara bilkura egin eta Batzarrea eratuko da, kontzejukide hautetsien kopurua edozein delarik ere.

c) Batzarrea eratzerakoan, lehenbizi Adin-Mahaia osatu beharko da, egintza horretan bertan dauden hautetsietako zaharrenarekin eta gazteenarekin, azken horrek eratze-bilkurako idazkari gisa ihardungo duelarik.

d) Mahaiak egiaztatu beharko ditu hautetsien nortasuna frogatzen duten agiri eta kreditazioak, Eskualdeko Hauteskunde Juntak Kontzejura igorritako ziurtagirietan oinarriturik, eta ondotik Batzarrea eratutzat emanen du.

e) Kontzejukideen artean kontzejuburu hautatua izan denak Batzarrearen aitzinean hartuko du karguaren jabetza, kargu publikoen jabetza hartzeko ezarrita dagoen ohiko erari jarraituz, eta bilkurako Buru bihurtuko da. Eratze-bilkuran bertan ez badago, berrogeita zortzi orduko epea emanen zaio, lehenago bezala Batzarrearen aurrean jabetza hartzeko, ohartaraziz, behar bezala justifikatutako arrazoirik gabe horrela egiten ez badu, martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legearen 15.3. e) artikuluan kontzejuburu kargua hutsik gelditzen den kasuetarako xedatutakoak aginduko duela.

f) Kontzejukide hautetsiek beren karguen jabetza hartuko dute kontzejuburuaren aitzinean, kargu publikoen jabetza hartzeko ohiko erari jarraituz.

3. artikulua

Kontzeju irekien araubidekoak diren kontzejuetako administrazio eta gobernu organoak eratzerakoan, 2. artikuluko a)tik e)ra bitarteko idazatietan agindutakoari jarraituko zaio, ondoko berezitasun hauek kontutan hartuz:

a) Aipatu 2. artikulu horretako b) eta c) ataletan kontzejukide hautetsiei eta hautetsi zaharrenari eta gazteenari buruz esaten direnak, hurrenez hurren, ulertu behar dira bizilagunen asanbladan parte hartzeko eskubidea duten pertsonei dagokienez.

b) Mahaiak egiaztatu beharko du hautatutako kontzejuburuak aurkezten duen agiria, Eskualdeko Hauteskunde Juntak Kontzejuari igorritako ziurtagirietan oinarriturik, baita bizilagunen asanbladan parte hartzeko eskubidea duten pertsonen nortasuna ere, Kontzejuko hautesleen zerrendan oinarriturik.

Eratze-bilkuran kontzejuburua agertzen ez bada, berrogeita zortzi orduko epea emanen zaio karguaz jabetzeko, ohartaraziz, behar bezala justifikatutako arrazoirik gabe horrela egiten ez badu, martxoaren 16ko 12/1991 Foru Legearen 15.4 artikuluan xedatutakoak aginduko duela.

4. artikulua

1. Kontzejuetako administrazio eta gobernu organoak eratzeko finkatuta dagoen eguna baino hiru egun lehenago, organoak utzi beharrean dauden kideak bilduko dira, egindako azken bilkuraren akta onesteko bakarrik deituko den bilkura batean.

2. Kontzejuetako kontuhartzaile-idazkariek behar diren neurriak hartuko dituzte, gobernu organo berriak eratzen diren egunerako, kontzejuek aurrezki kutxetan edo banketxeetan dituzten balio edo diru-izakinen kontaketa egin eta haien frogagiriak prest eta eguneratuak izan daitezen, baita kontzejuaren ondarearen inbentarioari buruzko agiriak ere, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduko 88.1 artikuluak aipatzen duen egiaztapenaren ondorioetarako.

3. Kontzejuetako administrazio eta gobernu organoetako hautetsiek legeak ezarrita dituen eginbeharrak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, bateraezintasun arrazoiei, diru-irabaziak sortzen dituzten edo sor ditzaketen iharduerei, eta ondare ondasunen aitorpenari buruzkoak.

4. Kontzejuetako administrazio eta gobernu organoek kontzejukide bati gaitasuna emanen diote idazkaritza lanak egin ditzan eta beste bati diruzaintzakoak betetzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 90 eta 235.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Batzarreen eta Kontzeju irekien eratze-bilkurarako dei egiten duten organoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte bilkura horiek egiteko ordua izan ez dadin bertako Udalak eratzeko finkatzen den berbera, horrela kontzejuko eta bertako udaleko gobernu organoetan hautetsiak gertatzen direnek bietara joateko aukera izan dezaten.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta egun berean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa