Castellano | Euskara | Français | English
(2003ko 45. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 11n)
Atarikoa
Nafarroan merkataritza arautzeko uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeak ezarri zuen, 63. artikuluan, Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailea eratuko zela, Nafarroako Foru Komunitatean gai honen gaineko aholkuak emateko organo eskuduna. Gisa berean, osaketa, eraketari eta funtzionamenduari dagokionez, erregelamenduzko garapena ere ezarri zuen. Aipatu artikuluko 3. idatz-zatiak aurreikusi zuenez, Kontseilu Aholku-emailean behar bezala ordezkatuta egonen dira sektoreko ordezkaritza duten eragile ekonomiko eta sozialak, alegia, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Merkatari Elkarteen Federazioa, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak, eta sektorean presentzia duten erakunde sindikalak.
Nafarroako Gobernuaren 2002ko apirilaren 15eko akordioaren bidez, aintzat hartu zen Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa, eraketa eta funtzionamendua arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua, Nafarroako Kontseiluak nahitaezko txostena eman zezan. Txosten hori 2002ko ekainaren 10ean eman zen, aldeko iritziarekin.
Uztailaren 22ko 174/2002 Foru Dekretuak Txikizkako Merkataritzako Nafarroako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa, eraketa eta funtzionamendua arautzen du eta, gure ustez, zehazten duen osaketa ez da proportzionala eta ez ditu ordezkatzen Nafarroako merkataritza sektoreko eragile ekonomiko eta sozialak.
Artikulu bakarra. Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emailearen osaketa.
Nafarroako Txikizkako Merkataritzako Kontseilu Aholku-emaileak honako osaketa izanen du:
-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko kontseilari titularra, lehendakari izanen dena.
-Ekonomia eta Ogasun Departamentuko, Toki Administrazio Departamentuko eta Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuko ordezkari bana, dagokien kontseilariak izendatuak.
-Merkataritza eta Turismoko zuzendari nagusia.
-Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendari nagusia.
-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko hiru ordezkari.
-Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialak hautaturiko bi ordezkari.
-Merkatari Elkarteen Federazioak hautaturiko hiru ordezkari.
-Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak hautaturiko bi ordezkari.
-Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek proposatuen artean, bi ordezkari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatuak.
-Sektorean presentzia duten erakunde sindikalek proposatuen artean, hiru ordezkari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatuak.
-Administrazio publikoko teknikaria (lege alorrekoa), Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatua. Kontseiluko idazkaria izanen da, hitzarekin baina botorik gabe.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Foru lege honen aurka doazen xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa. Aplikatzea
Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau aplikatzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak emateko.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea
Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.