(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Euskara :
    • 133/2011 Foru Dekretua, abuztuaren 24koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

133/2011 Foru Dekretua, abuztuaren 24koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena

 

(2011ko 172. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 31n)

Hitzaurrea

Espainiako Konstituzioak Atariko Tituluaren 3. artikuluan xedatzen du, Espainia aberatsa izanik mintzaira-moldez, bereziki errespetatu eta zainduko dela kultura-ondare hori. Era berean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 22. artikuluan aitortzen du Batasunak aniztasun kulturala, erlijiosoa eta linguistikoa errespetatzen dituela.

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ezartzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak babesteak Europako kulturaren aberastasuna eta tradizioak mantentzen eta garatzen laguntzen duela.

Gutun hori Espainiak Estrasburgon sinatu zuen 1992ko azaroaren 5ean, eta 2001eko otsailaren 2an berretsi, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat zer ulertzen den aitortuz. Hala, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak autonomia erkidegoen autonomia estatutuetan ofizialtzat aitortutakoak dira, eta hizkuntza horiei ezarriko zaizkie Gutunaren III. zatiko xedapenak, hain zuzen ere Espainiak Berresteko Tresnan ezartzeko konpromisoa hartutakoak.

Era berean, Espainiak aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla autonomia estatutuek tradizioz mintzatzen diren lurraldeetan babestutakoak.

Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 9. artikuluan ezartzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere hizkuntza ofizialaren izaera izanen duela Nafarroako eremu euskaldunetan. Era berean, ezartzen du foru lege batek zehaztuko dituela eremu horiek, euskararen erabilera ofiziala arautuko duela eta, Estatuaren legeria orokorraren esparruan, euskara irakas dadin aginduko duela.

Helburu horiek bete ahal izateko, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea onetsi zen. Foru lege horren xedea da euskararen erabilera arrunta eta ofiziala arautzea bizikidetza sozialaren eta irakaskuntzaren esparruetan. Era berean, foru lege horrek hitzaurrean azpimarratzen du Nafarroaren gisako erkidegoak, ondaretzat hizkuntza bat baino gehiago dutenak, behartuak daudela altxor hori gordetzera eta altxor horren hondamena edo galera eragoztera. Horretaz gainera, foru lege horrek 2. artikuluan esaten du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla, eta ondorioz, herritar orok duela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuak xedatu zuen Euskarabidea/Instituto Navarro del Vascuence izeneko erakunde autonomo berri bat sortzea, modu positibo eta integratzaile batez giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bideratzeko euskara berreskuratzera, sustatzera eta garatzera.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren uztailaren 1eko 10/2011 Foru Dekretuaren bitartez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura. Foru dekretu horrek 5. artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuari dagozkiola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako arlo hauetan bereganatuak dituen eskumenak gauzatzea: unibertsitateko eta unibertsitatez kanpoko irakaskuntza, eta hizkuntza politika. Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen uztailaren 18ko 81/2011 Foru Dekretuan xedatzen da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa Hezkuntza Departamentuari atxikita dagoela.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua sortu zenetik iraganiko denborak agerian utzi du estatutu berriak onetsi behar direla haren kudeaketa erraztu eta hobetzeko, eta Nafarroako Gobernuak egitura sinplifikatzeko hartu duen konpromisoari egokitu ahal izateko.

Horrenbestez, foru dekretu honen xedea da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eskudantziak eta egitura organiko berria finkatu eta garatzea.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abuztuaren 24ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Estatutuak onestea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira; estatutuen testua foru dekretu honen eranskina izanen da.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Langileria arloko eskumenak.

Langileria arloko eskumenak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari dagozkio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak ezartzen dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoa galarazi gabe.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Genero berdintasuna.

Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honen gaztelaniazko bertsioak genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Izendapena berrestea.

Euskararen gaineko Aholkularitza eta Prestakuntzarako Zerbitzuko zuzendariaren alde egindako izendapena berresten da hura egin zen baldintza beretan. Zerbitzuari izena aldatu zaio eta hemendik aurrera Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzua da izen berria.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzeak.

Indargabetzen dira foru dekretu honetan ezartzen denari kontra egiten dioten xedapen maila bereko edo apalagoko guztiak, eta bereziki 183/2007 Foru Dekretua, irailaren 10ekoa, Euskarabidea/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoa sortzen duena.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauen garapena.

Hezkuntzako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

ERANSKINA. EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA, ATXIKIPENA ETA ESKUMENAK

1. artikulua. Izaera.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakundea autonomoa da, berezko izaera juridikoa du eta jarduteko ahalmen osoa du Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean onarturiko eskubideak eraginkorrak egite aldera esleitzen zaizkion tresnak kudeatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak ezartzeko.

Bere xedeak betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua zeharkakotasunez arituko da Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetan, indarra duen araudiari jarraikiz.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikita dago eta, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Departamentuaren plangintza eta politika orokorrerako arauen mende egonen da. Estatutuek, foru legeek eta administrazioko antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten kontrolerako eta zaintzarako ahalmenak erabiliko ditu Gobernuak Euskarabidean.

3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkio euskararen erabilera ofizialaren arautegia garatzeko ikerketa- eta aholkularitza-eskumenak, eta euskararen baliabideak planifikatzea, sustatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Eskumen hauek garatzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak jarduera-esparru material hauetan esku hartuko du:

1. Europar Batasuneko eremu urriko hizkuntzen edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jardueren gaineko txostenak aztertzea eta prestatzea.

2. Foru Komunitateko administrazio publikoetan hizkuntza politika aztertzea eta ebaluatzea.

3. Euskararekin zerikusia duten hizkuntza alderdiak ukitzen edo bere baitan hartzen dituzten foru legeen eta gainerako xedapen orokorren eta jarduera planen aurreproiektuen gaineko txostenak prestatzea, baita esparru horretan erregelamenduen proposamenak prestatzea ere.

4. Nafarroako Gobernuko departamentuei aholkua ematea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esku hartzen duen esparruetan.

5. Toki administrazioei aholkua ematea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esku hartzen duen esparruetan, haiek hala eskatzen dutenean.

6. Estatuak Nafarroan duen Administrazioari aholkua ematea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esku hartzen duen esparruetan, hark hala eskatzen duenean.

7. Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatzea, koordinatzea eta egitea.

8. Nafar komunitate zientifikoak euskararen gaineko ikerketa programetan (naziokoetan zein nazioartekoetan) parte har dezan bultzatzea.

9. Euskararen gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak sustatzea eta argitaratzea.

10. Bizitza sozialeko esparru guztietan euskarak duen erabileraren gainean ikertzea, koordinatzea eta aholkua ematea.

11. Nafarroako euskalkien kontserbazioari eta garapenari dagozkion jarduera planak proposatzea.

12. Agerpen kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena eta ikus-entzunezkoak ekoiztea eta euskaraz egin daitezkeen bestelako jarduerak bultzatzea.

13. Euskara garatzeko programak eta jarduerak sustatzea, laguntzea eta antolatzea, entitate eta administrazio publikoekin lankidetzan.

14. Agerpen artistiko eta kulturalak euskaraz egiteko, herritarren elkarteekin lankidetzan aritzea.

15. Nafarroako komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa izanen dela bultzatzea.

16. Nafarroako komunikabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdiak eta hitzarmenak proposatzea, kudeatzea eta kontrolatzea.

17. Nafarroako euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologietan ager dadin bultzatzea.

18. Foru Komunitateko toki-izenen gainean jardutea, indarra duten legeen arabera.

19. Euskaltzaindiarekin akordioak proposatzea eta sinatzea, baita akordio horien ondoriozko jarduerak ere.

20. Nafarroako euskararen terminologia arloan jardutea.

21. Euskaratik edo euskarara egiteko agintzen zaizkion itzulpenak egitea.

22. Euskarazko funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak eskuratzea, bildu eta jendaurrean jar daitezen.

23. Nafarroako Euskararen Mediateka sortzea eta kudeatzea.

24. Euskara irakasteko, helduei bereziki, behar diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak kudeatzea.

25. Euskara helduei irakasteko curriculumeko edukiak prestatzea, gaurkotzea eta aztertzea, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta.

26. Euskara helduei irakasteko behar diren material didaktikoak prestatzea eta hedatzea.

27. Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

28. Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko entitateekin lankidetzan aritzea, Nafarroako euskararen presentzia, erabilera eta irakaskuntza sustatzeko.

29. Harremanak sustatzea Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskal hiztunen beste talde batzuekin.

30. Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaritza organoak dira:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendari kudeatzailea.

II. KAPITULUA. Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Osaera.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren Gobernu Kontseiluko kideak honako hauek dira:

a) Kontseiluburua: Hezkuntza Departamentuko kontseilaria.

b) Kontseiluko buruordea: Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea

c) Kontseilukideak: Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzeko ordezkari bat, kontseilariek euren zuzendari nagusien edo departamentu horiei atxikiriko erakunde autonomoetako gobernu organoen buruen artean aukeratuak.

d) Idazkaria: Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

2. Aipatutako kideen postuak betetzen dituzten pertsonen ordez euren zuzendaritza nagusiari edo erakunde autonomoari atxikiriko langileak joan daitezke kontseiluko bileretara, haien eskuordetzan.

6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena urtero onestea, Hezkuntza Departamentuari aurkezteko.

b) Urteko kudeaketa plana eta prestatzen diren urteko txostenak onestea.

c) Plan Estrategikoak onestea, Kontseiluak ezarritako aldizkakotasunarekin.

d) Erakunde autonomoaren zuzendaritza funtzioak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

7. artikulua. Kontseiluburuaren ahalmenak.

Kontseiluburuaren ahalmenak honako hauek dira:

a) Gobernu Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluaren bileretarako deia egitea eta haien gai-zerrenda finkatzea.

c) Kontseiluko bileren buru izatea eta haiek zuzentzea.

d) Kontseiluko erabakiak betetzen direla zaintzea.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Idazkariak Kontseiluko bileretan parte hartuko du, hizpidearekin eta botoarekin, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuaren aginduz, Kontseiluko bileretara joateko deia egitea.

b) Kontseiluko lanak prestatzea, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera.

c) Kontseiluko bileren akta egitea, hartutako erabakien fede ematea eta eskatzen zaizkion ziurtagiriak egitea.

2. Kontseiluko bileretan, idazkariari Hezkuntza Departamentuko edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Kontseilua urtean behin bilduko da, gutxienez, eta ohiz kanpoko izaeraz, kontseiluburuak hartarako deia egiten duenean.

2. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotan, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA. Zuzendari kudeatzailea

10. artikulua. Izendapena, kargutik kentzea eta ordezkatzea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du zuzendari kudeatzailea, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik.

2. Zuzendari kudeatzailea ez dagoenean Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak ordezkatuko du.

11. artikulua. Eginkizunak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak zuzendari nagusi baten maila izanen du eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskarabidearen ohiko ordezkaria izatea.

b) Euskarabidearen eta bere organoen jarduna zuzentzea.

c) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko kudeaketa esparruan urteko jarduera lerroak proposatzea eta urteko kudeaketa plana prestatu eta Kontseiluari aurkeztea, onets dezan.

d) Bere eskumenen esparruan urteko txostenak igortzea eta, hala eskatzen zaionean, plan estrategikoa prestatu eta aurkeztea.

e) Kudeaketarako helburu orokorrak prestatzea.

f) Giza baliabideak kudeatzea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko eskumenak gorabehera, baita baliabide material eta finantzarioak ere.

g) Gobernu Kontseiluko erabakiak bete eta betearaztea.

h) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena prestatzea eta Kontseilura eramatea, onets dezan.

i) Euskarabidearen jardunaren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

j) Kontratazio publikoaren gainean indarra duen arautegiak erakunde autonomoetako ordezkariei kontratuak egiteko esleitzen dizkieten ahalmenak erabiltzea.

k) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko ahalmenak, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zuzendari nagusiei ahalmen horiek ematen zaizkien heinean.

l) Euskarabideko jarduera programak prestatzea, bai eta aurrekontuaren aurreproiektu proposamena eta urteko txostena ere, eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.

m) Euskarabidearen funtzionamendurako beharrezkoak diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarreko arautegiaren arabera.

n) Euskarabidean lan egiteko metodoak hobetzeaz arduratzea.

o) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkion ondarearen gaineko erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibilera eta lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileei dagozkien erreklamazioak izan ezik.

p) Hezkuntza Departamentuko kontseilariari proposatzea atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren gaian eskumena duen departamentuak aldeko txostena aldez aurretik eman ondoren.

q) Erakunde autonomoko zerbitzuko zuzendaria eta atalburuak aldi baterako ordezkatuko dituztenak ebazpen bidez izendatzea, haien postuak hutsik geratzen direnean, lanean ez daudenean, gaixo daudenean edo aldi baterako ezintasuna dutenean.

r) Bere karguari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariak agintzen dizkion eginkizun guztiak betetzea.

12. artikulua. Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantziak Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA. Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzua

13. artikulua. Atxikipena, izendapena eta kargu uztea.

1. Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzua zuzenean Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen mendekoa izanen da.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren izendapena eta kargu kentzea Nafarroako Gobernuak eginen du, Hezkuntza Departamentuko kontseilariak proposatuta. Izendapena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo hari atxikitako funtzionarioen artean eginen da, izendapen librez. Haren araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean zerbitzuko zuzendariei ezarritako berbera izanen da.

14. artikulua. Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuaren eginkizunak.

Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak eta estatistikak proposatzea, egitea eta hedatzea.

b) Euskarak Nafarroan duen errealitate linguistikoaren gaineko azterlanak proposatzea, egitea eta hedatzea.

c) Euskara bizitza sozialeko esparru guztietan erabiltzeko eta agertzeko programak hedatzea eta helburu hori bera duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

d) Nafarroako euskararen terminologiaren eremuan jardutea eta Hezkuntza Departamenturako itzulpenak egitea, euskarara edo euskaratik, eta agintzen zaizkion gainerakoak.

e) Euskara bultzatzea komunikabide sozialetan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan.

f) Foru Komunitateko toponimia kudeatzea indarra duen legeriaren arabera.

g) Nafarroako euskalkiak kontserbatzeko eta garatzeko jarduera planak onestea.

h) Euskara helduei irakasteko behar diren baliabide pertsonalak, teknikoak, materialak eta ekonomikoak kudeatzea.

i) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

V. KAPITULUA. Atalak

15. artikulua. Euskarabideko atalak.

1. Aholkularitza eta Komunikaziorako Atala zuzenean Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen mende izanen da.

2. Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Euskararen Sustapenerako Atala.

b) Euskararen Didaktikarako Atala.

16. artikulua. Aholkularitza eta Komunikaziorako Atala.

Aholkularitza eta Komunikaziorako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeak eta jarduerak aztertzea eta horiei dagozkien txostenak egitea, hala eskatzen zaionean.

b) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduerak aztertzea eta jarduera horien gaineko txostenak egitea, hala eskatzen zaionean.

c) Araudi proiektuei dagokienez, Euskarari buruzko Foru Legearen ezarpenaren eta hura garatzen duten arauen gaineko alderdiei buruzko txostenak prestatzea, hala eskatzen zaionean.

d) Hizkuntza aniztasuna zaintzen duten foro, sare eta erakunde jakinetako parte-hartzea kudeatzea.

e) Harremanak sustatzea Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskal hiztunen beste talde batzuekin.

f) Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

g) Erakunde autonomoaren erakunde mailako presentzia sustatzea, komunikazio tresnak garatuz eta sare sozialetan parte hartuz.

h) Euskaratik edo euskarara itzulpenak egitea Hezkuntza Departamenturako, eta agintzen zaizkion gainerakoak.

i) Euskaltzaindiarekin akordioak proposatzea eta akordio horien ondoriozko jarduerak kudeatzea.

j) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

17. artikulua. Euskararen Sustapenerako Atala

Euskararen Sustapenerako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bizitza sozialeko esparru guztietan euskarak duen erabileraren gainean ikertzea, koordinatzea eta aholkua ematea.

b) Euskarazko agerpen kultural eta artistikoak antolatzea eta helburu hori duten herritar elkarteekin lankidetzan aritzea.

c) Euskarazko eta euskarari buruzko liburuak hedatzea.

d) Nafarroako entitate publikoekin lankidetzan aritzeko akordioak kudeatzea, udaletan euskara erabiltzeko eta agertzeko programak garatzeko.

e) Euskararen Nafar Kontseiluko Terminologia Batzordearen bitartez, euskararekin zerikusia duten jarduera terminologikoak bultzatzea eta koordinatzea, eta haiek hedatzen eta ezartzen direla begiratzea.

f) Euskara Nafarroako komunikabide publiko eta pribatuetan sustatzeko egiten diren deialdiak eta hitzarmenak proposatu eta kudeatzea.

g) Euskarazko ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia sustatzea.

h) Nafarroako Foru Komunitateko toponimiaren esparruan jardutea, indarra duen legeriari jarraikiz, eta hura eguneratu eta mantentzeko beharrezkoak diren jarduerak egitea.

i) Nafarroako euskalkiak biltzeko, kontserbatzeko eta garatzeko jarduerak egitea.

j) Nafarroako Euskararen Mediateka kudeatzea, eta Nafarroako euskalkietako materialak bildu, kontserbatu eta hedatuko direla bermatzea.

k) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

18. artikulua. Euskararen Didaktikarako Atala

Euskararen Didaktikarako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Euskara helduei irakastea.

b) Euskara helduei irakasteko laguntzak kudeatzea.

c) Euskara helduei irakasteko curriculumeko edukiak prestatzea eta gaurkotzea.

d) Euskara helduei irakasteko behar diren material didaktikoak prestatzea eta hedatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko entitateekin lankidetzan aritzea, euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko.

f) Euskararen Liburutegi Espezializatua kudeatzea eta euskarazko funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak eskuratzea, biltzea eta jendaurrean jartzea.

g) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

19. artikulua. Bulegoak edo antzeko unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea, Hezkuntzako kontseilariaren Foru Aginduaren bidez eginen da, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

III. TITULUA. EUSKARAREN NAFAR KONTSEILUA

20. artikulua. Euskararen Nafar Kontseilua.

Euskararen Nafar Kontseilua Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartze organoa da eta, euskararen plangintzan eta sustapenean, Nafarroako Gobernuari aholkuak eman eta proposamenak egiten dizkio.

21. artikulua. Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera.

1. Euskararen Nafar Kontseiluko kideak honako hauek dira:

a) Hezkuntzako kontseilaria, kontseiluburu izanen dena.

b) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, kontseiluko buruorde izanen dena.

c) Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

d) Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

e) Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia.

f) Euskaltzainburua.

g) Erakunde eta entitate hauetako bakoitzak proposatutako kide bana:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

-Nafarroako Unibertsitatea.

-Euskaltzaindia.

-Eusko Ikaskuntza.

-Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa.

-Nafarroako Ikastolen Elkartea.

-Nafarroako Prentsaren Elkartea.

h) Euren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako bi kide.

i) Euskararen eta euskal kulturaren arloan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako zazpi kide.

2. Kontseiluko idazkaria Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

Kontseiluko bileretan, idazkariari Hezkuntza Departamentuko edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

22. artikulua. Kontseilukideen izendapena.

1. Kideak lau urterako izendatuko dira. Hori hala izanik ere, epe hori agortu baino lehenago kargutik kendu daitezke eta beste batzuez ordezkatu, izendatzeko erabilitako prozedura berarekin.

2. Aurreko zenbakiko g) eta i) letretan adierazitako kideak Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu eta, ondorio horretarako, g) letran adierazitako entitateek proposamenak bidali beharko dituzte, horretarako ezarriko den epean.

3. Nafarroako Gobernuak kultura elkarteen edo gizarte ekimeneko entitateen ordezkari arituko diren kontseilukideak izendatuko ditu, eurek aurkezturiko hautagaien artetik eta behar den zozketan ateratako hurrenkeraren arabera. Zozketa jendaurrean eginen da eta hura noiz eginen den posta ziurtatuaren bidez jakinaraziko zaie eskatzaileei, zozketa egin aurretik gutxienez bi egun balioduneko epean.

Izendapena bi urterako izanen da, gehienez. Gainerako bi urteetarako, zozketaren ondoriozko zerrendan hurrengo tokian dauden entitateetako ordezkariak izendatuko dira. Lau urteko epea bukaturik, berriro emanen zaio hasiera parte hartzeko prozedurari.

23. artikulua. Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak.

Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Hizkuntza normalizazioari dagozkion plan orokorren eta normalizazio proiektuen gaineko txostena ematea, onetsi aurretik.

b) Hizkuntza plangintzaren eta normalizazioaren arloan Gobernuak egindako galderen gaineko iritzia ematea.

c) Euskararen erabileraren eta sustapenaren gainean Gobernuari proposamenak egitea.

d) Indarreko xedapenek berariaz esleitutako beste edozein eginkizun.

24. artikulua. Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Euskararen Nafar Kontseiluaren organoak honako hauek dira:

-Osoko Bilkura.

-Berariazko batzordeak.

2. Kontseiluko kideez gainera, kontseiluburuak egokitzat jotako beste pertsona batzuek ere har dezakete parte bileretan, hizpidearekin baina botorik gabe, landu behar diren gaietan gaitasuna dutelako.

3. Osoko Bilkurak erabaki dezake berariazko batzordeak eratzea, Osoko Bilkurak hari agindutako gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

Batzorde horiek sortzeko erabakian zehaztuko da kontseiluko zein kide izanen den batzordekide, baita zein izanen diren haien eginkizunak eta funtzionamendua ere.

4. Kontseiluko idazkariak berariazko batzordeak koordinatuko ditu.

5. Kontseiluburuaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluko bileretarako deia egitea.

c) Kontseiluko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Kontseiluburua den aldetik dagozkionak.

6. Kontseiluko idazkariaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Osoko Bilkurako bileren akta egitea.

b) Kontseiluko administrazio jarduerak zuzentzea.

c) Berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

d) Kontseiluko erabakiak betetzea.

e) Kontseiluko idazkari den aldetik dagozkionak.

7. Kontseilua seihilean behin bilduko da, gutxienez, eta, ohiz kanpoko izaeraz, kontseiluburuak, bere kabuz edo kontseiluko kideen gehiengoak hala eskaturik, bilerarako deia egiten duenean.

Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik badago, kontseiluburuak kalitateko botoa izanen du.

8. Aurreko ataletan aurrez ikusi ez den orotan, Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua arautuko da funtzionamendurako berariaz duen araudiaren arabera (2008ko maiatzaren 14ko Erabakiaren bidez onetsitakoa) eta Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Urteko memoria.

Euskararen Nafar Kontseiluak Urteko memoria prestatuko du eta memoria horretan garatutako jardueren berri emanen da. Idazkariak idatziko du eta, Osoko Bilkuran onetsirik, Nafarroako Gobernura igorriko da.

IV. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA

26. artikulua. Ondarea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ondare araubidea Nafarroako Ondareari buruzko arautegian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.

27. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua ondoko baliabideez finantzatuko da:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideez.

b) Ondasun eta eskubide horien etekin eta errentez.

c) Jasotzeko baimena duen sarrera arrunt eta apartekoez, haiek arautzen dituzten xedapenen arabera.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleiturik dituen transferentzia arruntez edo kapitalekoez.

e) Administrazioek edo erakunde publikoek ematen dizkioten diru-laguntza arruntez edo kapitalekoez.

f) Erakunde pribatuen eta norbanakoen dohaintza, legatu eta bestelako ekarpenez.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabide guztiez.

28. artikulua. Aurrekontu araubidea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen mendean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

29. artikulua. Esku-hartze araubidea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren kudeaketa ekonomikoa -kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sartzen dira-, Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetzaren arloan, dela kontabilitatearen arloan.

30. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua kontabilitate publikorako araubidearen mendean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrez ikusitakoaren arabera formalizatuko, tramitatuko eta ebatziko da.

V. TITULUA. LANGILEAK

31. artikulua. Langileen araubidea

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko langileak honako hauek izanen dira:

a) Nafarroako Gobernuko zuzendaritza karguetan edo izendapen libreko karguetan aritzen direnak.

b) Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari atxikita dauden edo atxikiko zaizkion Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo lan-kontratudunak.

c) Erakunde autonomoari atxikitako aldi baterako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zerbitzuko langileak funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak izanen dira, Nafarroako Foru Administraziorako ezarritako termino beretan.

VI. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

32. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluko I. kapituluan erakunde autonomoetarako ezarritakoa da.

2. Langileriari, kontratazioei eta aurrekontuei dagozkien administrazio egintzak Foru Komunitateko Administrazioaren berariazko arautegiaren mende egonen dira.

33. artikulua. Errekurtsoak.

1. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak. Egintza horiek, bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurreko erreklamazioek eta ondare-erantzukizunari buruzkoek izan ezik, ez dute bide administratiboa amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaie Hezkuntzako kontseilariari zuzenduta.

2. Bide administratiboari bukaera ematen dioten Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko organoek emandako egintzen eta ebazpenen kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen ahal da egintza edo ebazpena eman duen organoaren aurrean.

3. Bide judizial zibilaren edo lanekoaren aurreko erreklamazioak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra, demanda jartzen ahal da jurisdikzio eskudunari zuzendua.

4. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako egintzei dagokienez, egintza deusezen ofiziozko berrikuspena, egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea, eta kargak ezartzen dituzten edo kalterako direnen ezeztapena Hezkuntzako kontseilariaren foru agindu bidez eginen dira.

34. artikulua. Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatzeko eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak lege arloko aholkua ematen ahalko dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa