(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Egitura organikoa :
    • 141/2010 Foru Agindua, apirilaren 29koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, bulego mailan

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

141/2010 Foru Agindua, apirilaren 29koa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena, bulego mailan

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2010eko 69. NAOn argitaratua, ekainaren 7an; akats zuzenketa, 2010-07-28ko NAO)

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24. artikuluaren arabera, bulegoak zuzendaritza nagusien eta idazkaritza nagusi teknikoen egitura osatzeko unitate organiko batzuk dira. Irailaren 3ko 128/2007 Foru Dekretuaren bitartez, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, baina apirilaren 12ko 20/2010 Foru Dekretuaren bidez aldatu da.

Oraintxe berean, aipatu foru dekretuetan ezarritako egiturara egokitu behar dira bulegoak.

Bestetik, Nafarroako Gobernuaren 2009ko irailaren 21eko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako unitate organikoen kopurua %10 murrizteko xedatu zen, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari zein Nafarroako Enplegu Zerbitzuari egun dituzten unitate organikoetatik hamaika kentzea dagokie. Murrizketa horren ondorioz, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari dagokionez, zazpi bulego kendu behar dira. Gainontzeko unitateak Nafarroako Enplegu Zerbitzutik kenduko dira. Foru agindu honek, beraz, Gobernuaren aipatu erabakian agindutakoa betetzen du.

Ikusirik Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiaren Antolaketa eta Modernizazio Zerbitzuak horren alde emandako txostena, eta bere Departamentuko bulegoak sortu, aldatu edo kentzeko eskumena kontseilari bakoitzaren esku uzten duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, agindu dut:

I. TITULUA. ENPRESA ZUZENDARITZA NAGUSIA

I. KAPITULUA. Enpresa Sustapenaren Zerbitzua

1. artikulua. Espedienteak Kudeatzeko Bulegoa.

Espedienteak Kudeatzeko Bulegoak, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Dokumentazioa hartu, datuak sisteman sartu eta espedienteak tramitatzeko behar diren zeregin administratiboak egitea.

-Espedienteen eta zerbitzuko gainontzeko dokumentazioaren artxibatze administratiboa.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

2. artikulua. Enpresa Txiki eta Ertainetarako Laguntzak Kudeatzeko Bulegoa.

Enpresa Txiki eta Ertainetarako Laguntzak Kudeatzeko Bulegoak, Inbertsioa Sustatzeko Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek bete beharko ditu:

-Finantza entitateekiko lankidetza hitzarmenak prestatu, proposatu eta tramitatzea, ETEen inbertsio proiektuen finantzabidea errazteko.

-ETEei laguntzeko txostenak prestatu eta eskaerak tramitatzea, aipatu hitzarmenen arabera.

-Laguntzetarako espedienteetan ETEei eskatzen zaizkien baldintzak bete daitezen jarraipena egin eta kontrolatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

3. artikulua. Energia Aplikazioen Bulegoa.

Energia Aplikazioen Bulegoak, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Hainbat esparrutan eragimen energetikoa sustatzeko proposamenak prestatu eta neurriak kudeatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

II. KAPITULUA. Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzua

4. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen Zerbitzuari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Dokumentazioa hartu, datuak sisteman sartu eta espedienteak tramitatzeko behar diren zeregin administratiboak egitea.

-Espedienteen eta zerbitzuko gainontzeko dokumentazioaren artxibatze administratiboa.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

5. artikulua. Proiektuak Kudeatzeko Bulegoa.

Proiektuak Kudeatzeko Bulegoak, Berrikuntza Sustatzeko Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-I+G proiektuei laguntzeko espedienteak tramitatzea.

-Laguntzako mota desberdinen bateragarritasunaren kontrola, eta nazioarteko zein Europar Batasuneko beste organismoetako laguntzekin koordinatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

III. KAPITULUA. Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzua

6. artikulua. Azpiegituren Bulegoa.

Azpiegituren Bulegoak, Energiaren, Meatzaritzaren eta Telekomunikazioen Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Baimenak eta erregistroak kudeatu eta kontrolatzea, energiaren azpiegituren, meategien eta telekomunikazioen arloan.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

7. artikulua. Enpresen Bulegoa.

Enpresen Bulegoak, Industria Erregistroaren Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Industria Erregistro Integratua eta komunikazioko araubide edo erantzukizuneko aitorpen baten mende dauden jarduerak kontrolatzea.

-Industria jarduerari buruzko informazioa Industria Erregistro Integratuan sartzea.

-Administrazio, enpresaburu eta herritarren esku uztea Industria Erregistro Integratuan jasotako informazioa.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

8. artikulua. Ikuskapen Bulegoa.

Ikuskapen Bulegoak, Industria Segurtasunaren Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Ikuskatze lana planifikatu eta garatzea eta industria segurtasuneko arloa kontrolatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

II. TITULUA. ARRISKUEN PREBENTZIORAKO ETA LANAREN ZUZENDARITZA NAGUSIA

9. artikulua. Baimen eta Zehapenen Bulegoa.

Baimen eta Zehapenen Bulegoak, Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Ondoko arloei lotutako espedienteen tramitazio administratiboa:

a) Lantokiak irekitzea edo haietan lana berriz hastea.

b) Lan istripuen eta lanbideko gaixotasunen agiriak hartzea.

c) Prebentzioko zerbitzuen entitateak baimentzea, eta auditoretza laneko arriskuen prebentzioan.

d) Amiantoagatiko arriskua duten enpresen erregistroa eta haien laneko planak onestea.

e) Laneko arriskuen prebentziorako diru-laguntzak.

f) Zehapenak, lan arloko arau-hausteengatik.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

10. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Ondoko arloei lotutako espedienteen tramitazio administratiboa:

a) Enpleguaren erregulazioa, ezinbestean arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolaketarenak edo produkzioak direla-eta lanaldiaren murrizketak, etendurak eta lan harremanen amaiera kolektiboak baimentzeko.

b) Banakako adiskidetzeak zein gehiagoren artekoak, baita gatazka kolektiboetakoak ere, lan-prozedurak lan arloko jurisdikzioan tramitatu aurretik.

c) Grebak eta ugazaben itxierak.

d) Lan egutegia.

e) Gaueko lana modu erregularrean egiteari buruzko enpresen komunikazioak hartzea.

f) Espedienteak erregistratu, jarraitu eta artxibatzea.

g) Datu estatistikoak prestatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

11. artikulua. Aldi baterako Laneko Enpresen, Elkarteen, Hauteskundeen eta Hitzarmenen Erregistrorako Bulegoa.

Aldi baterako Laneko Enpresen, Elkarteen, Hauteskundeen eta Hitzarmenen Erregistrorako Bulegoak, Ekonomia Sozialaren, Lan Autonomoaren eta Lan Erregistro Publikoen Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea.

-Enpresako langileak eta administrazio publikoen zerbitzukoak ordezkatzen dituzten organoetarako hauteskundeei buruzko akta, dimisio, ordezkatze eta ezeztatzeak gordetzea.

-Enpresako langileak eta administrazio publikoen zerbitzukoak ordezkatzen dituzten organoetarako hauteskundeei buruzko aktak gordetzea.

-Enpresen elkarteei buruzko datuak ematea, baita sindikatuen ordezkaritza frogatzen duten ziurtagiriak ere.

-Aldi baterako laneko enpresak erregistratu, baimendu eta haiei jarraipena egitea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

12. artikulua. Izapide Administratiboen Bulegoa.

Izapide Administratiboen Bulegoak, Ekonomia Sozialaren, Lan Autonomoaren eta Lan Erregistro Publikoen Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Kooperatiben Erregistroko, Lan Sozietate Anonimoen Erregistro Administratiboko eta langile autonomoen Lanbide Elkargoetako espedienteen gaineko informazioa eta tramitazio administratiboa.

-Aipatu espedienteen artxiboa antolatu, jarraitu eta kontrolatzea.

-Erregistroan inskribatutako egintzen gaineko estatistikak prestatzea eta gizarte ekonomiari eta lan autonomoari buruzko beste ekintza batzuk.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

III. TITULUA. IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIA

13. artikulua. Aurrekontuen Kontrolerako Bulegoa.

Aurrekontuen Kontrolerako Bulegoak, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Aurrekontua gauzatzearen gaineko kontrola eta jarraipena.

-Aurrekontua aldatzen duten espedienteak tramitatzea.

-Zordunak kudeatu eta diru-sarrerak kontrolatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

14. artikulua. Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoa.

Kontabilitatearen Kudeaketarako Bulegoak, Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Kontabilitateko espedienteak tramitatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

15. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.

Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Modernizazioa Bultzatzeko Atalari atxikita baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Onets daitezen, kontseilariak, zuzendari nagusiek eta, zein den kasua, zerbitzuko zuzendariek ebatzi beharreko espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea, baita foru aginduak eta ebazpenak erregistratu, artxibatu eta gordetzea ere.

-Kontseilariak Gobernuari igortzen dizkion espedienteak koordinatu eta gainbegiratzea.

-Departamentuko artxibo administratiboak koordinatu eta antolaketarako irizpideak ezartzea.

-Departamentuko Ezagutza Kudeatzeko Ataria koordinatu eta bultzatzea.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

16. artikulua. Laguntza Teknikorako Bulegoa.

Laguntza Teknikorako Bulegoak, zuzenean Idazkaritza Nagusi Teknikoaren mende baitago, eginkizun hauek beteko ditu:

-Giza baliabideak eta arriskuen prebentzioa kudeatzea.

-Departamentuko instalazioen mantentze-lana.

-Bere jardueraren eremuan bere gain uzten direnak.

Lehen Xedapen Gehigarria. Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

-Kontrolaren Koordinazio Administratiboaren Bulegoko buruarena, Enpresen Bulegoko buru deituko dena.

-Kudeaketaren Koordinazio Administratiboaren Bulegoko buruarena, Azpiegituren Bulegoko buru deituko dena.

-Kreditazio eta Baimen Bulegoko buruarena, Ikuskapen Bulegoko buru deituko dena.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 259/2006 Foru Agindua, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena bulegoen mailan, 15.etik 17.era bitarteko artikuluak izan ezik, horietan Kontsumo Zerbitzuko Bulegoaren egitura ezartzen baita (gaur egun Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari atxikia).

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa