Castellano | Euskara | Français | English
419/2013 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 24KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, SALTOKI HANDIETARAKO ZERGAREN ERROLDA PRESTATZEKO ARAUAK ETA ZERGA KUDEATZEKO SISTEMARENAK EMATEN DITUENA 2013. URTERAKO, SALTOKI HANDIETARAKO ZERGA BAT SORTZEKO AZAROAREN 27KO 23/2001 FORU LEGEA GARATZEKO ASMOZ, ETA ORDAINKETA GUTUNAREN 795 EREDUA ONESTEN DUENA
(2014ko 6. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 10ean )
Atarikoa
Saltoki handietarako zerga bat sortzeko azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legeak saltoki handietarako zerga ezarri zuen. Zerga horren xedea da merkataritza-guneen eta saltoki handien ahalmen ekonomikoa kargatzea, kanpo-efektu negatiboak sortzen baitituzte, bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak beren gain ez hartzeagatik, bereziki hiriguneetako bilbe eta jarduerei, lurraldearen antolamenduari, ingurumenari eta azpiegiturei dagokienez.
Konstituzio Auzitegiak 2012ko azaroaren 14an emandako epaian ezetsi egin zuen aipatu foru legearen aurka Gobernuko lehendakariak aurkeztutako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa. Epai hori betetzeko, behin zerga hori abian jartzearen inguruko zalantzak argituta, eta foru lege hori garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emateko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari gisa duen ahalmena erabiliz (aipatu 23/2001 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenean xedatzen dena), foru agindu honetan 2012. urteko zerga ordainarazteko ezinbesteko alderdiak arautzen dira.
Zergaren kudeaketa eta bilketa gauzatzeko, 23/2001 Foru Legearen 12. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari agintzen dio urtero subjektu pasiboen errolda prestatzeko, zerga kudeatzeko eta aplikatzeko behar diren datuak bilduko dituena. Errolda hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta lege beraren 15. artikuluan eta saltokien titularrek hasierako aitorpenean emandako datuak oinarri hartuta prestatuko da, xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz. Gainera, merkataritzaren eta turismoaren arloetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko departamentuek emandako datuak izanen ditu, baita saltokien kokalekuetako udalek emandakoak ere.
2013. urteko zerga ordainarazteko ere, beharrezkoa da 2013. urteko zergadunen errolda nola egin arautuko duen foru agindu bat prestatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea; establezimenduen titularren hasierako aitorpenetik eta bidezko egiaztapenetatik abiatuko da, zerga kudeatzeko eta aplikatzeko behar diren datuekin. Orobat, likidazioen banakako jakinarazpena, erroldako aitorpenen aurkezpena eta zerga zorraren ordainketa arautu behar dira. Halaber, zergaren ordainketa gutunaren 795 eredu berria onetsi da.
Horrenbestez, lege agindu hori betetzeko eta emandako gaikuntzak erabiliz, agindu dut:
I. KAPITULUA. Zergadunen errolda
1. artikulua. 2013. urteko zergadunen errolda prestatzea.
1. Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoko Zuzeneko Tributu, Zehapen eta Errekerimenduen Zerbitzuko Zehapen eta Errekerimendu Atalak prestatu eta onetsiko du zergadunen errolda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, 2014ko martxoan.
2. Erroldak subjektu pasibo bakoitzaren datu hauek izanen ditu:
a) Ordainarazpenaren xedeko saltokia eta bere helbidea.
b) Saltokiaren titularraren izen-abizenak edo sozietatearen izena.
c) Saltokiaren titularrari dagokion kapital sozialaren osaera eta titulartasuna.
d) Saltokiaren titularrak merkataritzako banaketaren sektorean duen partaidetza-kuota, bai Foru Komunitatean bai Foru Komunitatetik kanpo.
3. Aipatu atalak kudeatuko du saltoki handietarako zerga, berak prestatutako errolda oinarri hartuta.
2. artikulua. Likidazioen banakako jakinarazpena eta errekurtsoak.
1. Subjektu pasibo bakoitzari jakinaraziko zaizkio saltoki handien gaineko zergari buruz dagozkion likidazioak, erroldako datuen arabera.
2. Likidazio horietan datu hauek sartu behar dira:
a) Kobratzeko epea.
b) Likidazioen aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.
c) Errekurtso horiek ebazteko eskumena duten organoak.
d) Errekurtsoak jartzeko epeak.
3. Zergaren likidazioak aurkaratzen eta berrikusten ahal dira, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ezarritako printzipioei eta araubideari jarraikiz.
3. artikulua. Aitorpenen eredua eta haiek non eta noiz aurkeztu.
Saltokia ireki edo itxi izana edo 2013. urteko zergaren elementuetan eragina duten aldaketak egin izana Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari komunikatzeko, modu telematikoan aurkeztuko da, bidez, 2014ko otsailaren 1a baino lehen “Saltoki handietarako zerga. Errolda aitorpena” izeneko 910 eredua baliatuta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 24ko 1061/2012 Foru Aginduaren 9. eta 10. artikuluetan ezarritako prozedurari eta baldintza orokorrei jarraituz. Foru agindu horretan, saltoki handietarako zergaren errolda prestatzeko arauak eta zerga kudeatzeko sistemarenak eman ziren 2012. urterako, Saltoki handietarako zerga bat sortzeko azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legea garatzeko asmoz, eta 910 eredua onetsi zen.
4. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.
Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Zehapen eta Errekerimendu Atalak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa aurkezteko eskatzen ahal dio subjektu pasiboari, datuak egiaztatzeko edo aitorpenean hautemandako akatsak zuzentzeko, baita jarduerari zein egunetan hasiera edo bukaera eman zitzaion eta hori egia den frogatzeko ere.
5. artikulua. Ofizioz erroldan alta ematea, zerbait aldatzea edo baja ematea.
Erroldan alta edo baja ematea edo zerbait aldatzea administrazioaren egiaztapen baten ondorioa izaten ahal da, Nafarroako Foru Komunitatearen zerga administrazioak dituen datuak oinarri izanik, edo Nafarroako tributuen ikuskapenaren ikerketa-jarduketa baten ondorioa.
II. KAPITULUA. Ordainketaren araubidea
6. artikulua. Zergaren ordainketa.
1. Banan-banan jakinaraziko den 2013. urteko zerga honen zorra ordaintzeko borondatezko epea 2014ko ekainaren 1etik ekainaren 30a artekoa da, edo hurrengo egun balioduna artekoa.
2. Subjektu pasiboak, aurreko atalean aipatu epearen barrenean, behartuta egonen dira likidaziotik ateratako zerga-zorra Nafarroako Ogasun Publikoaren laguntzaile den edozein finantza-erakundetan ordaintzera. Diru-sarrera egiteko, “795 ordainketa gutuna” erabiliko dute. Gainera, ordaintzeko onartuta dagoen beste edozein bide erabiliz ere egin dezakete diru-sarrera.
7. artikulua. Ordainketa gutuna.
“Saltoki handietarako zerga” izeneko ordainketa gutunaren 795 eredua onetsi da, eta foru agindu honen eranskinean jaso.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA