Castellano | Euskara | Français | English
(2005eko 62. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 25ean)
Atarikoa
Nekazaritzako laboreek organismo kaltegarrien erasoa izaten dute eta, horren ondorioz, murriztu ere egin daitezke produkzioak. Organismoek sor ditzaketen kalte zuzenez gainera, horietako batzuek gaitzak transmititzen ahal dituzte.
Ohikoak diren neurri kimikoek zenbaitetan zailtasunak izaten dituzte organismo batzuk kontrolatzeko, labore zehatz batean erabiltzeko baimena duten materia aktiboek ez baitituzte izurriak maila onargarrietan murrizten.
Beharrezkoa da prebentzio neurri zuzenak ezartzea, batez ere organismo kaltegarri batzuen kasuan, esate baterako birusak agertzen direnean, borroka metodoak gehienetan agente sortzailetik apartekoak baitira.
Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 50. artikuluak ezartzen du Nafarroari dagokiola nekazaritza eta abeltzaintzako eskumen osoa, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera. Era berean, legegintza, erregelamendu eta administrazio ahalmenak ditu, bai eta berrikuspenekoa ere administrazio bidean, Landareen Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legean aurreikusita dagoen estatuko oinarrizko legeriari jarraikiz.
Landareen Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legeak ezartzen du, beste arlo batzuen artean, nekazarien ardura dela izurrien, laboreen eta jarduera horretako materialen zaintza eta kontrol lana egitea eta laboreak egoera fitosanitario onean edukitzea.
Horiek horrela, gutxieneko kontrol neurri orokor batzuk zehaztu behar dira, nekazaritzako ustiategietako titularrek nahitaez bete beharrekoak, organismo kaltegarririk ez agertzeko eta/edo ahal dela beste ustiategi batzuetara ez zabaltzeko prebentzioa egin dadin. Nahitaez bete beharreko neurriez gainera, kontuan hartu behar diren gomendio batzuk ere eman dira.
Nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloko zerbitzuak Estatuko administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuaren eranskineko D) atalean ezarri diren eginkizunak bere lurraldean beteko ditu Nafarroako Foru Komunitateak.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, agindu dut:
1. artikulua. Xedea.
Laboreen izurri eta gaitzen kontra borrokatzeko nahitaezkoak eta gomendatuak diren neurri fitosanitarioak ezartzea da foru agindu honen helburua.
2. artikulua. Aplikazio esparrua.
Foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetan ageri diren neurri fitosanitario orokorrak, bai eta horien ondoriozkoak ere, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan kanpoan nahiz estalpean lantzen diren labore guztiei aplikatuko zaizkie, baina horrek ez du alde batera uzten eremu zehatz batzuetan neurri fitosanitario bereziak hartu behar izatea, sortzen diren arazoei erantzuteko edo horien aurreko prebentzioa egiteko.
3. artikulua. Partikularren betebeharrak.
Foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetan ageri diren neurri fitosanitario orokorrei dagokienez, "nekazaritzako ustiategien titularrek" 1. eranskineko neurriak nahitaez bete behar dituzte, eta 2. eranskinean azaltzen diren gomendioak kontuan hartu.
Gainera, Landareen Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen II. tituluko 5. eta 13. artikuluetan ezartzen den moduan, izurrien kontrako prebentzioaren eta borrokaren inguruan honako hauek dira partikularren betebehar orokorrak:
-Beren laboreak, landaketak, uztak, landareak eta landare produktuak zaintzea, bai eta arboladiak eta natur ingurunea ere; horrekin batera, egoera fitosanitario onean edukitzea.
-Izurri bat agertzen denean ezartzen diren nahitaezko neurri fitosanitarioak aplikatzea.
-Landaketen, landareen edo landare produktuen inguruko edozein informazio mota ematea organo eskudunek eskatzen dutenean.
-Landareentzat edo landare produktuentzat kaltegarria den organismoren bat ohiz kanpo agertzen bada edo gaitzen baten sintomak sumatzen badira, horren berri eman beharko zaio autonomia erkidegoko organo eskudunari edo, inportatzaileen kasuan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari.
4. artikulua. Zuzendaritza eta ikuskapena.
Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko teknikariek egiaztatuko dute nekazariek foru agindu honetan ezarri diren nahitaezko neurri fitosanitarioak eta zenbait kasutan ezartzen diren neurri bereziak betetzen dituzten. Atal horretako langileek Instituto Técnico y de Gestión Agrícola, S.A.ren aholkularitza teknikoa eska dezakete.
5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Foru agindu honen 1. eranskinean ezarritako nahitaezko neurri fitosanitarioetakoren bat edo haien ondoriozkoren bat ez betetzearen edo ikuskapen lana zaildu edo eragoztearen ondoriozko arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioari dagokionez, Landareen Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legeko ikuskapen, arau-hauste eta zehapenei buruzko IV. tituluko II. eta III. kapituluetan ezarritakoa aplikatu beharko da.
6. artikulua. Jarduketen koordinazioa eta ebaluazioa.
Jarduketak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak koordinatuko ditu, horretarako sortuko den Jarraipen Batzordearen bitartez.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, Jarraipen Batzordeak proposaturik, sektoreko eta administrazioko ordezkariek osatuko dituzten lantaldeen eraketa sustatzen ahalko du, eta horien zeregina izanen da aplikatutako neurrien emaitzak ebaluatzea eta, beharrezkoa bada, aurrekoen osagarriak edo alternatiboak diren beste neurri batzuk proposatzea.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
1. ERANSKINA. Nahitaez bete beharreko kontrol neurriak
Nahitaezkoak izanen dira, ondoren garatuko diren neurriez gainera, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak egoera zehatzetan onesten dituenak.
1.-Neurri fitosanitarioak.
-Laboreen egoera fitosanitarioaren jarraipena eta kontrola, ohikoak diren prebentzio eta borroka neurriak eta unean uneko neurri bereziak aplikatuz.
-Intsektu bektoreen jarraipena egin eta haiek harrapatzeko tranpa kromatikoak erabiltzea berotegietan.
-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko zerbitzu teknikoek eskatzen dutenean, nahitaezkoa izanen da laginak ematea edo ustiategietan laginak hartzeko sartzen uztea.
-Laginak aztertutakoan ikusten bada ustiategi horretan edo gehiagotan ondorio larriak izan ditzaketen organismo kaltegarriak daudela, horrelakoetan beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
2.-Neurri higienikoak.
-Oro har, uzta hondarren kudeaketa egokia egin beharko da, organismo kaltegarririk zabal ez dadin.
-Hondar horiek ustiategitik atera behar direnean, titularrak egiaztatu beharko du organismo kaltegarririk ez dutela eta, beraz, ez dela halakorik iritsiko beste ustiategi batera. Organismo kaltegarriren bat izanez gero, honela jokatuko da: uzta hondarrak edo bildu ez diren laboreak desegin eta lurperatu eginen dira. Gainera, organismo kaltegarria intsektu bektoreek zabaltzen ahal badute eta laborean halakoak baldin badabiltza, intsektu horien kontrako tratamenduak egin beharko dira laboreak atera, desegin eta lurperatu aurretik.
3.-Neurri agronomikoak.
-Landare materiala mintegi baimenduetan erostea.
-Pasaporte fitosanitarioa duen landare materiala erabiltzea.
2. ERANSKINA. Gomendatutako kontrol neurriak
-Organismo kaltegarrien kontrako kontrol eta borroka neurriei buruz egiten diren jardunaldi teknikoetan, hitzaldietan eta beste edozein zabalkunde jardunalditan parte hartzea.
-Instituto Técnico y de Gestión Agrícola, S.A.ren aholkularitza teknikoaren egituran inskribatuta egotea.
-Gaitzak izateko arriskua dagoenean, laneko tresnak trisodio fosfatoaren 100eko 10eko soluzio batekin desinfektatzea. Gainera, instalazioetara nolanahiko bisitak egitea saihestu beharko da.
-Borroka biologikoa egitea, bertako intsektu laguntzaileak bultzatuz eta intsektu laguntzaileak sartuz.
-Tratamenduetan, ahal dela, intsektu laguntzaileekin bateragarriak diren materia aktiboak dituzten intsektizidak erabiliko dira.
-Ekoizpen integratuko araudi teknikoa duten laboreen kasuan, ekoizpen sistema horri jarraituko zaio.
-Ohiko tratamendu kimikoez aparteko beste edozein neurri hartzea, izurri horien garapenari aurrea hartzeko, berotegien azpiegituretako oztopo fisikoak barne.
-Barazki eta fruta laboreak direnean, bilketa bukatutakoan, uzta hondarrak eta utzitako laboreak gehienez ere 7 eguneko epean desegin eta lurperatzea.
-Berotegiak denbora baterako ixtea eta bertan solarizazioa egitea.
-Labore lanak berotegietako pasabide eta ilara berberetan egitea beti, eta ilara bakoitzaren ondoren eskuzorroak eta eskuak desinfektatzea birusaren inhibitzaile diren gaiak erabiliz (esne gaingabetua, lixiba soluzioa).
-Barietate jasanberak edo erresistenteak erabiltzea, halakorik dagoenean.
-Berotegietan substratuak deuseztatzea, bertako laboreek ukipenez transmititutako birusak dituztenean.
-Kalitate kontrolak egitea mintegizainek ematen duten landare materialaren gainean, hala nola pasaporte fitosanitarioa, materialaren egoera fitosanitarioa, hornitzailearekin egindako kontratuak, etab.