Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 154. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 22an 2000)
Atarikoa
Ekainaren 27ko 1041/1997 Errege Dekretuak barne antolamendu juridikoan sartu ditu animaliak garraioan babesteari buruzko 91/625/EEE eta 95/29/EE Zuzentarauetan ageri diren arauak, eta ezartzen du garraiolari guztiek dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dutela, indarra duen legeria betetzen ez dutenean identifikatu ahal izateko.
Halaber, urriaren 13ko 1716/2000 Errege Dekretuak barne antolamenduan sartu du 97/12/EE Zuzentaraua, zeinek ezartzen baitu nahitaezkoa dela garraiolari guztiak dagokien erregistroan inskribatuta egotea, legeria hautsiz gero identifikatu ahal izateko.
Estatuko Administrazioak nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloan zituen eginkizun eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzi zituen abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak ezartzen duenez, animalien osasunaren arloko eginkizunetako bat da nahitaezko neurri zoosanitarioak hartzea animalien eta haietatik ateratzen diren produktuak mugitu eta garraiatzeari dagokionez.
Epizootien Legeak eta hori garatzen duen Erregelamenduko 52. artikuluak xedaturikoari jarraikiz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak dauzkaten enpresa eta partikularrek erregistratu egin beharko dituzte ibilgailuak, animalien osasunaren arloan dagokien Administrazioan.
Hori horrela, beharrezkoa da Europako Batasunean animalia biziak garraiatzen dituzten garraiolarien erregistroa sortzea. Erregistroa Abeltzaintza Zerbitzuaren menpeko Abere Osasuneko Atalean egonen da.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua
Europako Batasunean animalia biziak garraiatzen dituzten garraiolarien erregistroa sortu da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan. Erregistroaren ardura Abeltzaintza Zerbitzuaren menpeko Abere Osasuneko Atalak izanen du.
2. artikulua
1. Erregistroan inskribatzeko eskaera orria Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduko zaio. Eskaeran adierazi beharrekoak: garraiolariaren izena edo sozietatearen izena, nortasun agiria, helbide sozial osoa, Batasunean garraiorako erabiliko dituen ibilgailuen erregistroa eta matrikulak, bai eta animaliak babesteari buruzko legeria betetzeko konpromisoa ere.
2. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren bidez, erregistroan inskribatzeko agindu eta baimena emanen da. Eskaera egunetik hiru hilabete igaro eta onarpen ebazpenik izan ez bada, eskaera onartutzat joko da.
3. artikulua
Garraiolariek erregistro bat izan eta bete beharko dute hiru urtez gutxienez, eta Administrazio Publikoaren eskura eduki. Erregistroan informazio hau behintzat izanen da: jatorria eta jasotze data, destinoa eta emate data, garraiaturiko animalien espeziea eta kopurua, desinfekzio data eta tokia eta esportaziorako osasun agiriaren zenbakia.
4. artikulua
Foru Agindu honetan aurreikusitakoa betetzen ez bada eta, berdin, ekainaren 27ko 1041/1997 Errege Dekretuak animaliak garraioan babesteari buruz ezarritakoa ere betetzen ez bada, bai eta osasun arrazoiengatik ere, baliorik gabe utziko da baimena. Berriz balioa izateko, baliogabetzea eragin zuten akatsak zuzendu egin beharko dira.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.