Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 219. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 8an)
Atarikoa
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 28ko 36/2005 Foru Aginduak lekualdatze agiria arautu zuen, eta honela definitu: Nafarroako Foru Komunitatean abereak hiltegira, gizendegira, kontzentrazio zentroetara, larreetara eta zezen ikuskizunetara (aberea hiltzen ez bada) eramatea eta zaldi-azienda aisiarako lekualdatzeko babesten duen agiria.
Dena den, zaldi-aziendari dagokionez, Zaldi-azienda identifikatu eta erregistratzeko sistema ezartzen duen urriaren 2ko 1515/2009 Errege Dekretua argitaratu zen. Bertan zaldi-aziendarako identifikazio agiria edo pasaportea arautu zen, eta honela definitu: aberea betirako identifikatzen duen agiri bakarra, erregistratutako zaldiekin eta Espainian identifikatutako hazkuntza eta errentako zaldiekin une oro eraman behar dena.
Zaldi-aziendarako identifikazio agiriaren eredua Batzordeak ekainaren 6an emandako 504/2008 (EE) Erregelamenduan ezarri zen. Horren bidez, 90/426/EEE eta 90/427/EEE Zuzentarauak aplikatu ziren, zaldiak identifikatzeko metodoei dagokienez. Eredu horretan aberea identifikatu eta erregistratzeko datuak daude, bai eta indarrean dagoen legezko araudiak ezartzen duen osasun informazioa ere.
Zaldi-aziendari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitatean hainbat lekualdatzek turismo, kirol, josteta edo kulturaren arloko xedeak dituzte, produkziorako lekualdatzeen dinamikatik argi eta garbi bereiziak. Lekualdatze horien berariazko inguruabarrei esker, Nafarroako Foru Komunitatean posible da zaldi-aziendarako identifikazio agiria garraiorako osasun agiri gisa erabiltzea, betiere baldintza batzuk betez gero.
Modu horretan, osasun bermeak kaltetu gabe, horrelako lekualdatzeak egiten dituzten zaldien jabeei errazten zaie tramite administratiboak hobeki eta azkarrago egitea.
Horiek horrela, arrazoizkoa da xedapen bat argitaratzea, Nafarroako Foru Komunitatean abereen lekualdatzea babesten duen lekualdatze agiria arautu zuen otsailaren 28ko 36/2005 Foru Agindua osatze aldera, zaldi-aziendarako identifikazio agiria Nafarroako Foru Komunitatean turismo, kirol, josteta edo kulturaren arloko xedeekin egiten diren zaldi-aziendaren lekualdatzeetan eraman behar den osasun agiri gisa ezartzeko.
Zaldi-azienda identifikatu eta erregistratzeko sistema ezartzen duen urriaren 2ko 1515/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen du basati edo sasibasati bizi diren hainbat zaldi salbuetsita daudela identifikatzeko betebeharretik. Batzordeak ekainaren 6an emandako 504/2008 (EE) Erregelamenduaren 7.1 artikuluari jarraikiz, agintaritza eskudunak zaldiak identifikatzeko sistematik salbuesten ahal ditu naturguneetan sasibasati (hazkuntza estentsiboan) bizi diren abereak, betiere gune horietatik ateratzen ez badira.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honen xedea da zaldi-aziendarako identifikazio agiria ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean turismo, kirol, josteta edo kulturaren arloko xedeekin egiten diren zaldi-aziendaren lekualdatzeak babesten dituen agiri gisa.
2. Agiri horrek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 28ko 36/2005 Foru Aginduan ezarritako garraiorako osasun agiria ordezten ahalko du, betiere lekualdatzean aberearen titulartasunean aldaketarik ez badago eta aberea jatorrizko ustiategira itzultzen bada, eta foru agindu honetan ezartzen diren mugekin.
2. artikulua. Agiriaren eredua eta agiria luzatzeko baldintzak.
Arau honetan agertzen den zaldi-aziendarako identifikazio agiria urriaren 2ko 1515/2009 Errege Dekretuak ezarritakoari lotuko zaio, alderdi guztietan. Horren bidez, zaldi-azienda identifikatu eta erregistratzeko sistema ezarri zen.
3. artikulua. Zaldi-aziendarako identifikazio agiriak babesten dituen lekualdatzeetarako baldintzak.
1. Zaldi-aziendarako identifikazio agiriak zaldi bakoitzak Nafarroa osoan egiten dituen lekualdatzeak babestuko ditu, oinez nahiz garraiobide baimenduaz, betiere lekualdatzea jatorrizko ustiategitik egiten bada, turismo, kirol, josteta edo kulturaren arloko jarduera batean parte hartzera joateko, eta jarduera bukatu ondoren ustiategi berera itzultzen bada.
2. Zaldi-aziendarako identifikazio agiriak indarrean dagoen legezko araudiak une bakoitzean zaldi-aziendarako ezartzen duen osasun informazioa jaso beharko du, bereziki txertoena eta nahitaezko osasun kontrolena.
3. Foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz, zaldi-aziendarako identifikazio agiriak lekualdatzea ez du inolaz ere babestuko lekualdatutako abereak eritasun infekzioso-kutsagarri baten sintoma klinikoak baditu, edo lekualdatzean bere ongizatea urritzen ahal duten lesioak baditu, edo lekualdatzea Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten bada.
4. Inguruabar sanitario edo epidemiologikoak direla-eta hala komeni denean, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak bertan behera uzten ahalko du zaldi-aziendarako identifikazio agiria foru agindu honen baldintzetan erabiltzeko aukera. Kasu horretan, otsailaren 28ko 36/2005 Foru Agindua edo hura ordezten duen araua aplikatuko da.
5. Zaldi-aziendarako identifikazio agiriak ez du balioa izanen bere eduki osoan urriaren 2ko 1515/2009 Errege Dekretuak ezarritako baldintzei lotzen ez bazaie. Horren bidez, zaldi-azienda identifikatu eta erregistratzeko sistema ezarri zen.
6. Foru agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, zaldi-aziendarako identifikazio agiriak babesten duen aberearen erantzuletzat joko da agirian aberearen jabe gisa agertzen den pertsona fisiko edo juridikoa.
7. Lekualdatzeak babesten dituen zaldi-aziendarako identifikazio agiria duten zaldien jabeek honako eginbehar hauek bete beharko dituzte:
a) Indarrean dagoen legezko araudiak zaldi-aziendarako ezartzen duen osasun programa betetzea, eta osasun informazioa jasotzea zaldi-aziendarako identifikazio agirian horretarako dagoen atalean, aipatu araudian ezarritako baldintzei jarraikiz.
b) Murrizketak errespetatzea, abereen ongizate eta osasunaren arloan eskuduna den agintaritzak zaldien lekualdatzeetarako ezartzen dituenak hain zuzen.
c) Zaldia ez lekualdatzea, eritasun infekzioso-kutsagarri baten sintomak edo lekualdatzean bere ongizatea urritzen ahal duten lesioak baditu.
d) Zaldi-aziendarako identifikazio agiria berekin edo eskura eramatea, oinez edo garraiobidez aberea lekualdatzen duen bakoitzean, eta agiria aurkeztea osasun agintaritza eskudunak eskatzen dion guztietan.
4. artikulua. Basati edo sasibasati bizi diren hainbat zaldietarako salbuespena, identifikatzeko betebeharretik.
Batzordeak ekainaren 6an emandako 504/2008 (EE) Erregelamenduaren 7.1 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko ustiategiek betebehar horretatik salbuetsita egoteko eskatzen ahal dute Abeltzaintzako ustiategien erregistroan "haragirako ugalketakoa" edo "ustiategi basati edo sasibasatia" gisa sailkatuta badaude. Bestelako ustiategi ez estentsiboek ezin dute eskatu betebehar horretatik salbuetsita egoteko, hala nola: gizendegiek, ugalketa mistokoek, ibiltzeko zaldien ugalketakoek, zaldiz ibiltzeko establezimenduek eta merkataritza xedea ez duten ustiategiek.
5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Foru agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzeak zehatuko dira Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean xedatutakoari eta horrekin bat datozen xedapenei jarraikiz.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.