(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Foru Agindua, 2001eko abenduaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroan esne gordinaren ekoizpenean higiene eta osasun baldintzak kontrolatu eta ebaluatzeari buruzkoa

 

(2002ko 15. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 4an)

Atarikoa

Esne gordinak bete behar dituen baldintzak 92/46/CEE eta 92/118/CEE Zuzentarauek zehazten dituzte, eta horiek legeria nazionalean ere islatu dira uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuaren bidez (esne gordina, termikoki tratatutako esnea eta esnekiak ekoitzi eta merkaturatzeko osasun baldintzak ezartzen ditu). Aipatu dekretua martxoaren 1eko 402/1996 Errege Dekretuak aldatu zuen.

Azken urteotan elikagaien segurtasun eta kalitateak geroz eta garrantzi handiagoa hartu duenez, zorrotz zaindu behar dira higiene eta osasun baldintzak Nafarroako esne gordinaren ekoizpenean, Europako Batasunean berariazko erregulazio eta babesa duen produktua baita.

Horretarako, Foru Komunitatean araudi zehatz bat garatzea komeni da, arlo horretan ari diren agente publiko eta pribatuek egin beharreko urratsak xehetasunez azaltzeko, betiere xedapen komunitario eta nazionalak behar bezala betetzen direla ziurta dadin.

Foru Agindu hau prestatzerakoan kontuan hartu dira: "esne ekoizpenean higiene eta osasun baldintzak kontrolatu eta ebaluatzeko jarduketen protokoloa", Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak berriki egina, eta Europako Batzordeko Osasun eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiaren txostena, Nafarroako Foru Komunitatean egindako ikustaldiaren ondorenean osatua.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, agindu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nafarroan esne gordinaren higiene eta osasun kalitatea kontrolatzeko erakundea.

Nafarroako abeltegietan ekoizten den esne gordinaren higiene eta osasun baldintzak kontrolatu eta ebaluatzeko eginkizunak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagozkio, honako arau hauek ezarritakoaren arabera: 92/46/CEE eta 92/118/CEE Zuzentarauak, eta uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretua (esne gordina, termikoki tratatutako esnea eta esnekiak ekoitzi eta merkaturatzeko osasun baldintzak ezartzen ditu). Aipatu dekretua martxoaren 1eko 402/1996 Errege Dekretuak aldatu zuen.

2. artikulua. Esne gordinaren ekoizlea.

1. "Esne gordinaren ekoizlea" izanen da edozein pertsona fisiko edo juridiko, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatua, Nafarroan kokaturiko abeltegi baten titular, bere jarduera nagusia edo bigarren mailakoa esne ekoizpena bada eta esne hori lehen erosle batzuei ematen badie, zuzenean saltzen badu edo bere abeltegian bertan esnekiak egiten baditu.

2. Esne gordinaren ekoizle guztiek erraztasunak eman beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen kontroletan. Kontrol horiek Foru Agindu honen aplikazio esparruan eta esne gordinaren ekoizpeneko higiene eta osasun baldintzak arautzen dituzten araudi komunitario eta nazionalen esparruan eginen dira.

3. artikulua. Esne gordinaren lehen eroslea.

1. "Esne gordinaren lehen eroslea" izanen da horretarako behar den baimena duena, esnearen sektoreko lehiakortasuna modernizatu eta hobetzeari buruzko uztailaren 10eko 1486/1998 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2. Ardi, ahuntz eta bufalo emearen esnearen kasuan, "esne gordinaren lehen eroslea" izanen da abeltegi batean esnea erosten duen lehena, bai esnekiak egiteko bai beste erosle bati emateko. Horretarako, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erregistro bat kudeatuko du eta bertan inskribatuko dira ardi, ahuntz eta bufalo emearen esnearen lehen erosleak.

4. artikulua. Industriei saltzen dien ekoizlea.

1. "Industriei saltzen dien ekoizlea" izanen da edozein pertsona fisiko edo juridiko, bere jarduera nagusia edo bigarren mailakoa bada esnea ekoiztea edo esnekiak egitea lehen erosle bati emateko.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erregistro bat kudeatuko du eta bertan inskribatuko dira industriei saltzen dieten ekoizleak.

5. artikulua. Zuzenean saltzen duen ekoizlea.

1. "Zuzenean saltzen duen ekoizlea" izanen da edozein pertsona fisiko edo juridiko, bere jarduera nagusia edo bigarren mailakoa bada esnea ekoiztea edo esnekiak egitea bere abeltegian, partikularrei zuzenean saltzeko.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erregistro bat kudeatuko du eta bertan inskribatuko dira zuzenean saltzen duten ekoizleak.

II. KAPITULUA. Esne gordinaren lehen eroslearen eta zuzenean saltzen duen ekoizlearen betebeharrak

6. artikulua. Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak laginak hartzea.

1. Esne gordinaren lehen erosleak laginak hartu beharko ditu erosten duen esnean, gero laborategi baimenduan analisiak egiteko, aurrez ezarritako urteko plan baten arabera. Plan horretan sartuko dira esne gordinaren ekoizle hornitzaile guztiak. Zuzenean saltzen duen ekoizleak ere laginak hartu beharko ditu ekoizten duen esnean, xede berberetarako.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa bete dadin, bai lehen erosleak bai zuzenean saltzen duen ekoizleak lagin bilketaren urteko plana prestatuko dute, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko, administrazio ebazpen baten bitartez onets dezan.

2. Urteko planean puntu hauek behintzat azalduko dira:

-Nafarroako ekoizle hornitzaileen zerrenda, lehen eroslearen kasuan.

-Lagin hartzearen erritmoa.

-Laginak hautatzea: ausazkoa eta adierazgarria.

-Laginak hartzeko moduaren eta erabilitako materialaren deskribapena.

-Lagin kopurua.

-Laginak hartzen dituzten pertsonen identifikazioa.

3. Urteko plana betetzen den egiaztatzeko, lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak hileko lagin bilketaren planaren berri eman beharko diete, hilero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eta dagokion laborategiari.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bidezkoak diren kontrolak egiten ahalko ditu, onetsitako urteko plana bete eta egoki gauzatzen dela bermatzeko.

5. Lagina esnea hozteko tanketik hartuko da edo, halakorik ez bada, biltontzitik, esnea kamioietan bildu aurretik.

6. Lehen erosleak edo zuzenean saltzen duen ekoizleak ez badu zuzenean egiten esne bilketa eta eraldaketa, ados jar daitezke bilketa eta eraldaketaren arduradunekin edo hirugarren batekin, dagozkien eginkizunak burutzeko, araudi honi jarraikiz.

7. artikulua. Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak laginak hartzeko metodologia.

1. Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak laginak hartzeko metodologia laborategi baimenduak onartu beharko du eta, gainera, ondokoak zehaztuko ditu:

a) Laginaren bolumena.

b) Ontzien ezaugarriak: neurria, materiala, e.a.

c) Ontzietan jartzen diren etiketak.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak begiratuko du laginak hartzeko metodologia-laborategi baimenduak eskatua- indarra duen araudiari lotzen zaion.

8. artikulua. Lehen erosleak edo zuzenean saltzen duen ekoizleak laginak hartzeko gaitzen duen langilea.

Lehen eroslearen edo zuzenean saltzen duen ekoizlearen izenean esne gordinaren laginak hartzen dituen pertsonak baldintza hauek bete beharko ditu aurretik:

a) Abeltzaintzako Institutu Teknikoak eta Kudeaketarenak gai horri buruz emandako ikastaro bat egin eta gainditu izana, edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onartutako beste ikastaro bat.

b) "Esne gordinaren laginak hartzeko langile gaituen erregistroan" inskribaturik egotea. Erregistro hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kudeatuko du.

9. artikulua. Garraioan laginak kontserbatzea.

Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak izanen dute ardura garraioan laginak lau gradu zentigradutik behera edukitzeko beti, eta argitik babestuta. Halaber, lagina hartu eta gehienez ere hogeita lau ordutan laborategi baimenduan utzi beharko dute.

Laginak garraiatzen diren ibilgailuan toki egoki bat izan beharko da laginak jartzeko, abeltegietan bildutako esnetik ongi bereizita.

10. artikulua. Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak datuak gorde eta jakinaraztea.

1. Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak erregistratu egin beharko dituzte, programa informatiko egokiak erabiliz hobe, laborategi baimendutik jasotzen dituzten datu analitikoak. Horretaz gainera, lehen erosleak gorde egin beharko ditu esne gordinaren ekoizleen esne entregei buruzko datuak; zuzenean saltzen duen ekoizleak, berriz, berdintsu jokatu beharko du saltzen duen esnearen datuei buruz.

2. Bai lehen erosleak bai zuzenean saltzen duen ekoizleak jakinarazi egin beharko dituzte hilabete bakoitzean hartutako laginen analisien emaitzak (ekoizleen laginenak, lehen eroslearen kasuan, eta berak hartu laginenak, zuzenean saltzen duen ekoizlearen kasuan). Hilabetea bukatutakoan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari datu horien berri emanen zaio.

Hala ere, biek akordio bat sinatzen ahalko dute analisia egiten duen laborategi baimenduarekin, horrek esne gordinaren ekoizleen analisiaren datuak zuzenean igor ditzan Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura.

3. Eragozleak atzematzen badira, lehen erosleak edo zuzenean saltzen duen ekoizleak horren berri eman beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, gehienez ere berrogeita zortzi orduko epean, behar diren neurriak har ditzan.

III. KAPITULUA. Laborategi baimenduak

11. artikulua. Lehen erosleak edo zuzenean saltzen duen ekoizleak esne gordinean hartutako laginen analisiak eginen dituzten laborategi baimenduak.

1. Lehen erosleak edo zuzenean saltzen duen ekoizleak esne gordinean hartutako laginen analisiak egiteko baimena izanen dute xede horretarako administrazioan kreditaturik dauden laborategiek, betiere nekazaritzako elikagaien laborategiak onartu, kreditatu eta kontrolatzeko arauek ezarritakoari jarraikiz.

2. Laborategi baimenduek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eskatzen dien informazioa eman beharko diote, Nafarroako esne gordinaren higiene eta osasun baldintzei buruzko araudia betetzen dela berma dadin.

IV. KAPITULUA. Esne gordinaren higiene eta osasun kalitatearen kontrol ofiziala

12. artikulua. Esne gordinaren higiene eta osasun kalitatearen parametroen kontrola.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak emandako informazioa jasotakoan (esne laginen analisiei buruzkoa), aurkeztutako emaitzak esne gordinaren higiene eta osasun kalitatearen araudiko parametroekin bat datozen egiaztatuko du (germenak 30 ºC-tan, zelula somatikoak, eragozleak, ura gehitzea, Staphylococcus aureus), bai eta agintaritza eskudunak zehazten ahal dituen beste parametro batzuekin ere.

2. Ekoizle bakoitzaren esnearen higienea zehazteko, laborategiko analisian 30 ºC-tan atzemandako germen kopuruari begiratuko zaio eta, horretarako, azken bi hilabeteetako lagin guztien batez besteko geometrikoa izanen da kontuan (bi lagin gutxienez hilean). Gainera, esne gordinez egiten diren produktuetarako erabiltzen den esne gordinak (elaborazio prozesuan tratamendu termikorik ez dagoenean) indarra duen araudia bete beharko du Staphylococcus aureus-en analisiei dagokienez. Indarra duen legeriak edo agintaritza eskudunak zehazten dituen parametroei buruzko beste analisi batzuk ere eskatzen ahalko dira.

3. Ekoizle bakoitzaren behi eta bufalo emearen esnearen kalitatea zehazteko, laborategiko analisian atzemandako zelula somatikoen kopuruari begiratuko zaio eta, horretarako, azken hiru hilabeteetako lagin guztien batez besteko geometrikoa izanen da kontuan (lagin bat gutxienez hilean).

4. Esnean hondakinak eta eragozleak dauden jakiteko zenbait proba eginen dira: laborategi kreditatuek egiten dituzten "screening" edo bahetze probak, eta hondakinak edo substantziak atzemateko Zaintza Planen barnean egiten diren probak (uztailaren 31ko 1749/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsi planak).

5. Esneari ura gehitzen zaion jakiteko kontroletan izozte puntua zehaztuko da. Behi esnearen kasuan, puntu hori -0,520&deg.C-koa edo hortik beherakoa izanen da. Balore hori beste batez ordezten ahalko da, baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean egindako azterlanek bilketa-eremu jakin baterako batez besteko izozte puntu zehatz bat ezartzen badute.

13. artikulua. Kontrolen plana.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kontrolak egiteko Plan bat ezarriko du, eta horretan zehatz azalduko Foru Agindu honen arabera kontrolatuko diren abeltegiak hautatzeko irizpideak. Plan horretan sartuko dira hala kontrolerako ikustaldietan nola lagin bilketetan oinarri izanen diren jarraibideak.

14. artikulua. Kontrolerako ikustaldiak.

1. Lehen erosleak eta zuzenean saltzen duen ekoizleak emandako informazioa alde batera utzi gabe (12. artikulua), Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, kontrolerako onesten duen urteko planari jarraikiz, esne gordina ekoizten duten abeltegien 100eko 20 gutxienez ikuskatuko ditu.

2. Kontrolerako ikustaldi bakoitzean, Departamentuko teknikariek akta bat eginen dute, eredu normalizatuaren arabera, esne gordinaren higiene eta osasun kalitateari buruzko araudia zein mailatan betetzen den azaltzeko.

15. artikulua. Laginak hartzea.

Aurreko artikuluetan ezarritakoaz gain, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak lagin bilketa ofizialak eginen ditu, esne gordinari aplikatu beharreko zelula somatikoen eta germenen parametroak betetzen diren egiaztatzeko, Nafarroan esne gordina ekoizten duten abeltegien 100eko 2an gutxienez.

16. artikulua. Esnearen kalitatearen kontrol ofiziala.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak jakiten duenean abeltegi bateko esne gordinean zenbait parametro gainditu direla (germenak 30&deg.C-tan, zelula somatikoak eta izozte puntua), germen patogenoak daudela, eragozle edo hondakinak agertu direla edo beste anomaliak batzuk, beharrezkoak diren jarduketak hasiko ditu abeltegian ekoitzitako esne gordinaren kalitatea kontrolatzeko.

2. Abeltzainari jarduketa horien berri emanen zaio. Jarduketa horietan abeltegiko esnearen lagin bilketa ofiziala eginen da eta gero analisi ofiziala, indarra duen araudian ezarritako epean. Halaber, abeltzainari aditzera emanen zaio araudiko epean akatsak zuzentzen ez baditu debekatu eginen dela abeltegiko esnea giza kontsumorako erabiltzea, alde batera utzi gabe bidezkoak diren kautelazko neurriak.

3. Abeltegian laginen bilketa ofiziala egiten denean honako hauei jarraituko zaie: ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua (kontsumitzailearen babesaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren arloko arau-hausteak eta zehapenak arautzen dituena), eta Batzordeak otsailaren 14an hartutako 180/1991 Erabakia (esne gordinaren eta termikoki tratatuaren analisi eta proba metodoak onesten dituena). Laginak galkorrak direnez, eta 1945/1983 Errege Dekretuko 16. artikuluaren 7. ataleko b) letran ezarritakoaren arabera, hasierako analisia eta kontraesanezkoa saio bakarrean eginen dira, eta aldez aurretik interesatuari jakinaraziko zaio, nahi izanez gero berak gordetako laginarekin ager dadin, bere aldeko perituarekin batera.

4. Germen patogenoak edo osasunarentzat arriskutsua izan daitekeen kutsadura maila atzemanez gero, Osasun Publikoaren Departamentuari jarduketen hasieraren berri emanen zaio.

17. artikulua. Esnea giza kontsumorako erabiltzeko debekua.

1. Aurreko artikuluan azaldutako jarduketen hasiera jakinarazi eta hiru hilabete iraganik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hartutako laginen analisi ofizialek egiaztatzen badute abeltegiko esneak eska daitezkeen kalitate eta higiene parametroak bete gabe segitzen duela, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiaren Ebazpen baten bidez debekatu eginen da esne gordina giza kontsumorako erabiltzea, aipatu parametroak berriz ere betetzen ez diren bitartean.

2. Debekatu eginen da esnea giza kontsumorako erabiltzea, baldin eta farmakologikoki aktiboak diren substantzien hondakinek legeria indardunean ageri diren substantzietarako baimendutako mailak gainditzen badituzte.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak debeku hori jakinaraziko die, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauei:

-Abeltegiko titularra.

-Lehen eroslea.

-Tratamendu edo eraldaketa establezimendua.

-Osasun Departamentuari edo, hala denean, establezimendua zein autonomia erkidegotan dagoen, hartan osasun publikoaren ardura duen organoari.

18. artikulua. Debekua kentzea.

1. Kasuko abeltegiko titularrak idatziz eskatzen ahalko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari debekua kentzeko; horretarako, laborategi baimendu baten analisi orrien bitartez egiaztatu beharko du esne gordinak berriz ere betetzen duela kalitate eta higienearen araudia.

Hori hala izan dadin, 30&deg.C-tan izaten diren germenen kopuruari dagokionez, azken bi hilabeteetako batez besteko geometrikoa hartuko da kontuan (gutxienez ere bi lagin hilean); hilabete horietako bat, gutxienez, debekua ezarri zutenetako azkenaren ondorengoa izanen da.

Zelula somatikoen kopuruari dagokionez, azken hiru hilabeteetako batez besteko geometrikoa hartuko da kontuan (gutxienez ere lagin bat hilean); hilabete horietako bat, gutxienez, debekua ezarri zutenetako azkenaren ondorengoa izanen da.

2. Eskaria ikusirik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak lagin ofizialak hartuko ditu eta horien analisien emaitzak abeltzainak aurkeztutakoekin alderatuko. Egoerak banan-banan aztertuko dira eta, araudia beteko dela ziurta daitekeen kasuetan, murriztu egin ahalko da aurreko atalean ezarri epea. Emaitzen arabera, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak bidezkoa den administrazio ebazpena emanen du, eta interesatuei bezala debekuaren berri izan zuten erakunde edo entitateei jakinaraziko die.

Xedapen Iragankor Bakarra

Behin-behinekoz onartuko dira kreditazio fasean dauden lanbidearteko laborategi onartuetan aztertutako laginen analisien emaitzak.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa