(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

501/2008 Foru Agindua, urriaren 6koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, akuikultura sektorean inbertitzeko eta arrantzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena

 

(2008ko 130. NAOn argitaratutako testua, urriaren 24an)

Atarikoa

Tratatuaren 87. artikuluak, lehenbiziko atalean, merkatu batuarekiko bateraezintzat jotzen ditu estatuek ematen dituzten laguntza batzuk, lehiakortasuna faltsutu eta enpresa edo ekoizpen batzuen alde jotzen dutenak, hain zuzen ere. Bigarren atalean hasierako bateraezintasun horren salbuespenak biltzen dira. Gainera, 88. artikuluaren arabera, diru-laguntzetarako proiektu edo araubideak batzordeari jakinarazi behar zaizkio, harexek erabaki beharko baitu tratatuarekin bat datozen.

Arrantza eta akuikultura sektoreko estatuko laguntzei buruzko jarraibideek (2004/C 229/03) arrantzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko estatuko laguntzak emateko esparrua ezartzen dute.

Estatuko laguntzei buruzko arauen aplikazioa -EE Tratatuaren 87., 88. eta 89. artikuluetan arrantzako produktuak ekoitzi eta merkaturatzeko ezarritakoak- Kontseiluak 2006ko uztailaren 27an emandako 1198/2006 EE Erregelamenduaren 7. artikuluan ezartzen da. Erregelamendu hori Europako Arrantza Funtsari buruzkoa da, eta bertan zehazten da batasunaren babes esparrua, arrantza sektorearen, arrantza eremuen eta barne arrantzaren garapen iraunkorraren alde.

Europako Batzordeak, ekainaren 23ko N 658/2007, C(2008) 3138 Erabakiaren bidez, foru agindu honetan ezartzen den laguntzen araubidea Merkatu Bateratuarekin bateragarria dela adierazi du; izan ere, bete egiten ditu estatuko laguntzek arrantza eta akuikultura sektoreetan duten eragina aztertzeari buruz batasunaren jarraibideetan ezarritako baldintzak.

Neurriaren helburu nagusia akuikulturaren eta arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketaren eta merkaturatzearen lehiakortasuna hobetzea da.

Neurri horrek barnean hartzen ditu Nafarroako Nekazaritzarako Plan Estrategikoko jarraibideak, batez ere helburu estrategiko hauei buruzkoak: 2-1 "Ekoizteko baldintzak hobetzea, Nafarroako produktuak merkatuetan hobeki kokatzeko" eta 2-2 "Nafarroako produktuetarako negozio perspektibak eta baldintzak sortzea".

Orain, programan ezarritako laguntzak prestatu behar dira, zehaztutako helburuak eraginkortasunez lortu ahal izateko, eta akuikultura sektoreko egoera eta arrantzako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen dituzten enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Nafarroako Gobernuak banakako ebaluazio araubidea baimentzen badu. Kasu horretan, banakako ebaluazio araubidearen bidez eman behar dira laguntzak, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen sendotasuna ziurtatzeko. Horrela, diruz laguntzen ahalko dira oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten inbertsio ekimen guztiak.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea akuikultura sektorean inbertitzeko eta arrantzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea da.

2. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzen onuradunak karga finantzarioa bere gain hartzen duten pertsona juridikoak izanen dira, diru-laguntzaren xede diren inbertsio eta gastuen azkeneko arduradunak badira, bideragarritasun ekonomikoa frogatu dezaketen eta ezaugarri hauek betetzen dituzten enpresetan:

a) Mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak (ETE), Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emaniko 2003/361/EE Gomendioan definitzen diren bezala: lanean 250 pertsona baino gutxiago dituzten enpresak, eta negozio bolumena 50 milioi eurotik beherakoa denean, edo balantze orokorra 43 milioi eurotik beherakoa.

b) Aurreko kategorian ezartzen ez diren enpresak, 750 langile baino gutxiago edo negozio bolumena 200 milioi eurotik beherakoa dutenak.

2. Laguntza ez zaie emanen krisian dauden enpresei, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideetan ezarritako definizioari jarraikiz.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen jarduketak.

Diruz laguntzen ahalko dira akuikultura sektorerako edo arrantzako produktuen eraldaketa eta merkaturatze arloko inbertsioak, betiere haien bideragarritasuna frogatzen bada eta inbertsio plan baten barruan sartzen badira.

4. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza jasoko dute inbertsioen ondoriozko gastu hauek:

a) Akuikulturako produkzio inbertsioen neurrietarako: arrain haztegietako lokalak, lurrak eta instalazioak eraiki eta erosteko gastuak, eta produkzio instalazioak handitu, ekipatu eta modernizatzearen ondoriozkoak.

b) Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioetarako: lokalak eta lurrak eraiki eta erosteko gastuak, eta produktuak eraldatu eta merkaturatzeko instalazioak handitu, ekipatu eta modernizatzearen ondoriozkoak.

5. artikulua. Inbertsioen beharkizunak.

Laguntzak inbertsio hauetarako emanen dira:

a) Nafarroan egindakoak.

b) Enpresaren errendimendu globala hobetzen dutenak.

c) Kasuan kasuko inbertsioari dagozkion Europar Batasuneko arauak betetzen dituztenak.

6. artikulua. Onuradunen konpromisoak.

Laguntzak hartzen dituztenek konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza ematen duen ebazpenean adierazten den epean inbertsio plana gauzatzea.

b) Inbertsioak enpresan mantentzea, eta erabiltzea, amaitu eta gutxienez ere bost urtez, edo balio bizitza osoan, hori laburragoa izanez gero, diru-laguntzaren xede izan diren ondasunak hirugarrenei eskualdatu, errentan utzi edo laga gabe.

c) Diru-laguntza emateko arrazoi izan zen helbururako aplikatzea jasotako funtsak.

d) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egin beharreko kontrolei oztoporik ez jartzea, eta departamentu horri ematea eskatzen dizkion agiriak, datuak eta zernahi ekarri, horrela egiaztatu ahal izateko espedientea tramitatu eta aurkeztutako proiektua benetan gauzatu dela eta hartutako konpromisoak benetan bete direla.

e) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

f) Hartutako diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea.

g) Enpresako teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri horren esparruan hartutako laguntzei buruzkoak ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

7. artikulua. Laguntzen muga orokorrak.

1. Inbertsio hauek ezin izanen dira diru-laguntzen xede izan:

a) Ordezkapen hutsa egiteko inbertsioak.

b) Giza kontsumorako ez beste helburu baterako erabili eta eraldatuko diren arrantzako eta akuikulturako produktuak, non eta ez diren arrantza eta akuikulturako produktuen hondakinak tratatu, eraldatu eta merkaturatzea beste helbururik ez duten inbertsioak.

c) Laguntzak eskatu aurretik hasitakoak.

d) Txikizkako sektorean erabilitakoak.

2. Ez dira lagunduko BEZa edo onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak, ez eta zorren korrituenak ere.

3. Finantza errentamenduko eragiketen bidez eskuratutako makineriak eta ekipamenduek jaso dezakete diru-laguntza, baldin eta eragiketa horietan onuraduna makineria edo ekipamendu horren jabe bihurtzeko erosketa konpromisoa baldin badago. Kontratuaren gehienezko zenbatekoak ez du aktibo errentatuaren merkatuko balio garbia gainditu behar. Finantza errentamenduko kontratuari lotutako beste kostu batzuetarako, hala nola zerga, errentatzailearen marjina, korrituen birfinantzaketa kostu, gastu orokor edo aseguru gastuetarako ez daiteke laguntzarik jaso.

4. Salmenta eta errentamendu erretroaktiboko sistema baten esparruan eskuratzen diren ondasunetarako ez daiteke diru-laguntzarik jaso.

5. Laguntza jaso ahal izateko gutxieneko inbertsioa 36.000 eurokoa izanen da.

6. Lurrak erosteko diru-laguntzetarako inbertsioek ez dute obra zibileko inbertsioan finantzatu daitekeen %10 gaindituko.

8. artikulua. Laguntzen mota eta zenbatekoa.

1. Akuikulturan eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzen inbertitzeko laguntzak kapitalaren zuzeneko diru-laguntza moduan emanen dira.

2. Onuradunak pertsona juridikoak direnean, enpresek jasotzen dituzten laguntzak ez dira izanen kapital sozial eskrituratua eta desenboltsatua baino handiagoak.

3. Laguntzek, oro har, diruz lagun daitezkeen inbertsio eta gastuen %20 joko dute.

4. Onuradunak foru agindu honen 2.1 artikuluko b) letran ezarritako enpresak direnean, emanen den laguntza %20koa izanen da gehienez.

5. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak proposaturik Nafarroako Gobernuak interes bereziko proiektu deklaratutakoetan, laguntzek gehieneko muga, hau da, %40, jotzen ahalko dute.

Sektore horretako inbertsio proiektu bat interes bereziko deklaratzeko, zazpi alderdi hauetatik bostek, gutxienez, balorazio positiboa dutela arrazoitu beharko da:

-Ekoizpen ekologikoa.

-Nafarroako Foru Komunitatean espeziea eta/edo produktu landua berria izatea.

-Inbertsioaren bolumena (1,5 milioi eurotik gorakoa).

-Lanpostuak sortzea.

-Garatzeko zailtasunak dituzten eremuetan kokatzea (mendialdea edo eskualde behartsua).

-Enpresaren eta/edo eskualdearen jarduera ekonomikoari eusteak duen garrantzi estrategikoa.

-Eremuko bertako baliabide eta lehengaiak erabiltzea.

9. artikulua. Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Ezarritako laguntzak banakako ebaluazioko prozeduraren bidez emanen dira.

10. artikulua. Eskaeren aurkezpena.

1. Foru agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzeko eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoetako edozeinetan.

2. Eskaerak laguntzen diren jarduerak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.

3. Laguntza eskabideak horretarako ezarririko ereduan aurkeztuko dira. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahalko da.

11. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1. Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasuna egiaztatzen duen agiria: pertsona fisikoek, IFZren fotokopia. Pertsona juridikoek, IFKren kopia, eratze eskriturak, estatutuak eta gobernu organo eskudunak laguntza hauek eskatzeko harturiko erabakia eta eskaera tramitatzeko ordezkariaren izendapena biltzen dituen dokumentua. Sozietatearen kapitalaren banaketa frogatzen duten agiri osagarriak, horrelakorik baldin bada.

b) Enpresari buruzko informazioa: enpresaren deskribapena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen mendekotasun maila eta kategorien eta kontratu moten arabera zehaztutako plantilla.

c) Baimena, honetarako:

-Laguntzak tramitatzeko behar diren datu baseak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan daudenak, kontsultatzeko.

-Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak eta zerga arlokoak eguneraturik daudela egiaztatzeko.

d) Erantzukizuneko aitorpena, xede bererako beste laguntzaren bat eskatu edo jaso duela ala ez duela azaltzen duena.

e) Enpresa plana, haren bideragarritasuna frogatuko duena, haren finantza egoeraren eta etorkizunaren ebaluaziotik abiaturik.

f) Inbertsio proiektuari eta lortu nahi diren helburuei buruzko memoria, gutxienez atal hauek bilduko dituena:

-Ondasun higiezinetan, makinetan eta ekipamenduetan egitekoa den inbertsioa, proiektuaren, aholkularitzaren eta bideragarritasun azterlanen gastuak eta patenteak eta lizentziak eskuratzeko gastuak, aurrekontu zehatzak eta proformako fakturak barne, edo hornitzailearen eskaintza, obrak burutzeko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu edo aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunen hornidura edo zerbitzuak egiteko kasuetan 12.000 eurokoa gainditzen badu, salbu eta diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua egiteko behar adina enpresa ez badago.

-Erantzukizuneko aitorpena eta hornitzaileak ekonomia eta eraginkortasun irizpideak kontuan hartuta aukeratu direla egiaztatzen duen txostena, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

-Produktu bakoitzaren fabrikazio prozesuaren eta fabrikatzeko ahalmenaren azalpena, proiektua burutu aurretik eta ondotik.

-Erabili beharreko lehengaiak, urteko kopurua, nondik heldu diren eta haien fabrikako balioa, inbertsioak gauzatu aurretik eta ondotik.

-Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena, egindako inbertsioen arabera.

-Inbertsioaren bideragarritasunaren azterlana.

-Inbertsioak gauzatzearen ondoriozko plantillaren aldaketa.

-Inbertsioaren finantza plana, berezko baliabideei eta kanpoko finantzaketari dagozkien kopuruak zehaztuta.

-Egoeraren balantzea eta itxi diren azken hiru ekitaldietako ustiapen kontuak. Merkataritza erregistroan erregistratutako urteko kontuen kopia aurkeztu beharko da, edo sozietateen gaineko zergaren kopia, edo bestela kontu-ikuskatzailetzaren txostena.

-Urteko kuota finkatuak, enpresa talderen batekoa baldin bada.

-Proiektua abian jarri ondoko hiru urteetarako behin-behineko urteko kontuak.

-Inbertsioa eginen deneko lurren identifikazioa eta kokapena.

g) Obretarako udal baimena, edo eskatua dagoela frogatzea.

h) Ingurumen baimen integratua edo jarduera sailkatuaren udal lizentzia, edo horiek eskatzea, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpeko jarduerak direnean.

i) Abeltzaintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko jardueretan, albaitari batek luzaturiko ziurtagiri edo txostena, abeltegiak Europar Batasunak abereak abeltegietan babesteko ezarririko arauak betetzen dituela frogatzen duena.

j) Diruz lagundu diren ondasunak beste batzuek erabiltzeko eskualdatu, alokatu edo lagatuko ez dituela dioen konpromisoa, gutxienez bost urtean, edo, gutxiago irauten badute, haien balio bizitza osoan.

k) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

2. Berariazko agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Eginiko eraikinak eta horiek dauden lurrak erostea:

-Tasatzaile independente eta gai batek luzatutako frogagiria, zeinean ziurtatuko den prezioak ez duela merkatuko balioa gainditzen. Tasazioan lokalaren prezioa eta lurrena bereiziko dira.

-Eraikinerako azken hamar urtean eman diren diru-laguntzen aitorpena.

b) Finantza errentamendua: kontratua eta, beharrezkoa denean, 7. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako eskakizunak frogatzeko aukera emanen duen dokumentazioa, behar bestekoa.

3. Laguntzetarako eskaera aurkezteak berarekin dakar foru agindu honetan ezarritako konpromisoak onartzea.

12. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

1. Eskaerak harturik, eskatzen diren agiri guztiak ote dauden egiaztatuko da. Bestela, interesdunari eskatuko zaio haiek osatzeko, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskaera osorik dagoenean, eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da. Horretarako, behar diren kontrolak eginen dira. Laguntzaren zenbatekoa diru-laguntzaren xede den aurrekontuaren arabera zehaztuko da.

3. Proposaturiko kostuen moderazioa egiaztatzeko, aurrekontuak eta proformako fakturak ebaluatzeko sistema erabiliko da, foru agindu honen 11. artikuluko f) letrarekin bat. Onuradunak aurkezturiko aurrekontuaren eta ebaluazioaren ondoriozkoaren artean txikiena izanen da diru-laguntzaren xede.

4. Ebaluazioa bukaturik, kudeaketa unitateak laguntza emateko ebazpen proposamena aurkeztuko du, non eskatzaileak bete beharreko baldintza eta konpromisoak zehaztuko baitira. Interesdunari sei hilabeteko epean jakinaraziko zaio, eskatzaileak aurkezten duenetik hasita.

Epe hori iragan eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunak zilegi izanen du eskaera ukatu dela ulertzea.

5. Diru-laguntzak emateko ebazpenean onuradunari ezartzen zaizkion baldintzak eta bete beharrekoak proiektuak gauzatzeko epeei eta abian jartzeari buruzkoak izanen dira. Epe hori bi urtekoa izanen da, laguntzak ematen diren egunetik hasita, edo 30 hilabetekoa, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Kasu berezietan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak luzapen bat eman dezake, arrazoitutako eskaera aldez aurretik eginez gero betiere.

13. artikulua. Eskaerak aldatzea.

1. Justifikatutako arrazoiengatik inbertsio proiektuari loturiko aldaketa nabarmenak egin behar direnean, behin laguntzak emateko ebazpena onetsita, proiektu osagarri bat edo beste proiektu bat aurkezten ahalko da. Proiektu hori onesteko prozedura hasierakoan erabilitako bera izanen da. Hala bada, laguntza doitu beharko da. Doitze horrek ez du esan nahi hasiera batean onarturiko laguntzak gehituko direnik. Aldaketak onartzeak ez du laguntzen zenbatekoa handitzea eraginen duen aldaketarik ekarriko.

2. Aldaketa nabarmentzat hauxe hartzen da:

a) Ekoizpenaren orientazioa aldatzea, sektorearen, egindako produktuaren edo kudeaketa sistemaren arabera.

b) Enpresaren katalogazioa aldatzea, tamainaren edo tipologiaren arabera, edo inbertsioen lokalizazioa aldatzea.

c) Obra zibileko elementuak, makineria edo ekipamendua gehitu, kendu edo aldatzea, hasieran aurreikusitako balioaren %20tik gora.

d) Inbertsioen lokalizazioaren aldaketa eragitea.

14. artikulua. Laguntzen ordainketa.

1. Instalazioak abian jartzen direnetik, laguntzak lau urtean ordainduko dira gehienez. Hala ere, ekitaldi batean aurrekontuan dirurik baldin bada, urteren bateko ordainketa aurrera daiteke, betiere inbertsioaren erdia gutxienez gauzatua baldin bada, inbertsioek jarraipena izanen dutela egiazta badaiteke eta jasotzeko zenbatekorako banku abala aurkezten bada.

2. Inbertsioak horretarako ezarritako epean amaituta, onuradunak justifikatu egin beharko du, dagokion inprimakia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuz, hilabeteko epean. Inprimakian, eginen diren eta egin diren inbertsioak aipatuko dira, laguntzak emateko ebazpenean ageri diren hurrenkera berean. Jatorrizko fakturak erantsiko dira, bai eta ordainagiriak eta guztiaren fotokopia ere. Ordainagiriek, emandako laguntzen zenbatekoen parekoak izan beharko dute gutxienez, baina eskatzailea ez dago beharturik funts publikoekin finantzatu ez diren gastuen soberakina justifikatzera.

3. Halaber, erantsi eginen dira eskabidearekin batera aurkeztu ez diren obren lizentziari buruzko agiriak, bai eta jarduerari buruzkoak ere, 11. artikuluan ezarritakoak.

Onuradunak tramitazioan badu jarduera sailkatuko lizentzia edo Ingurumen baimen integratua eta/edo obra lizentzia, lizentzia eta baimen horiek aurkeztu beharko dira, emandako laguntzak ordaindu ahal izateko. Jarduera sailkatuko lizentzia edo Ingurumen baimen integratua eta/edo obra lizentzia lortzen ez bada, emandako laguntzak indargabetuko dira.

4. Osorik pagatu ez diren diru-laguntzaren xede diren inbertsioen kasuan, abal askietsia eskatuko da, justifikatu gabeko ordainketei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa, laguntzak ordaindu baino lehen. Abalak baliozkoa izan beharko du enpresak diru-laguntzaren xede den inbertsioa osorik pagatu dela justifikatzen duen arte.

5. Finantza errentamenduko eragiketen kasuan, laguntza ordaindu aurretik eragiketa horietarako emandako laguntzaren kopurua adinako abala eskatuko da. Abalak baliozkoa izan beharko du enpresa onuradunak eragiketa likidatu eta errentamenduan diren ondasunen jabe bihurtu arte.

6. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak behar adina kontrol eginen ditu, indarreko araudia eta onuradunak hartutako konpromisoak betetzen direla eta inbertsioa aurkeztutako proiekturako benetan erabili dela egiaztatzeko. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko diren ordainketak baimendu eta diru-laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

7. Onuradunak inbertsio proiektua Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko du, kasuan kasuko diru-laguntzaren azken ordainketatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean. Enpresak Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroko inskripzioa behar den epean egiten ez badu, jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean.

15. artikulua. Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.

1. Inbertsio proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsiriko inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituz eta inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu eginiko planak baliozkoak izaten jarraitzen dutela teknikoki eta ekonomikoki.

2. Espediente egoki baten bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita gezurrezko adierazpen bat egin duela, onarturiko laguntzak indargabetu, eta haiengatik pagaturiko zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik baztertuko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko zehapenak deusetan galarazi gabe.

16. artikulua. Gero betetzeko konpromisoak.

1. Foru agindu honen 5. artikuluan aipatzen diren konpromisoak bete ezik, laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

2. 5. artikuluan aipatzen den konpromisoa ez-betetzat joko da, laguntzen azkeneko ordainketa egin eta hurrengo bost urtean industria jarduera amaitzen bada negozioa itxi delako, lantegia edo sozietatearen helbidea Nafarroatik kanpora edo laguntza kalkulatzeko oinarri gisa erabili ez ziren eremuetara eramaten bada, inbertsio proiektua hasierako aurreikuspenetatik asko aldentzen bada, edo krisi espedienteko, enpleguaren zein lanaldiaren erregulazioko eta ordainketa etendurako zein porrot egoerarik gertatzen bada.

3. Arestiko atalak aipatzen dituen konpromisoak mailakatzeko eta ordainduko den zenbatekoa zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Jarduera bertan behera uztea: %100.

b) Porrota: %100

c) Instalazioak edo sozietatearen helbidea Nafarroatik kanpora eramatea: %100.

d) Instalazioak Nafarroako beste eremu batera eramatea: %10.

e) Ordainketa etendura, krisi espediente edo enpleguaren erregulazioko egoera gertatzen bada, enpresak enpresa plan bat aurkeztu beharko du, bideragarritasun ekonomikoa jasotzen duena. Enpresa onuradunaren bideragarritasun ekonomikoa ez bada justifikatzen, jasotako laguntzak itzultzeko eskatuko da.

4. Onuradunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, bidezko diren frogen bidez, hala egin dezakeenetik hamar egun balioduneko epean.

17. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eman eta hartutako diru-laguntzak direla eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea.

b) Kasuan kasuko inbertsioa Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko da, diru-laguntzaren azken ordainketatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean.

c) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

d) Hartutako laguntzaren kobraketa kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatzea jasotako funtsak diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, jarritako epe eta moduan.

f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz jakinaraztea 16. artikuluan aipatutako gorabeherak, gertatzen diren unetik beretik.

18. artikulua. Informazioa artxibatzea.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jatorrian altxatuko du eskuratu behar duen informazioa, Europar Batasunak jarraipen, ebaluazio eta kontrol eginkizunetarako jartzen dituen baldintzak betetzeko, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari bidaliko dio Europar Batasuneko instituzioek ezartzen dituzten beharkizunak betetzeko behar den informazioa.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Eskaerak aurkezteko epea.

Laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Aurrekontuko kontu-saila.

Foru agindu honen aplikazioak dakartzan gastuak 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako eta hurrengoetako "Nekazaritza industrializatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko diru-laguntzak (PDR-FEADER)" izeneko 721000-72210-7701-413102 kontu-sailaren kargura ordainduko dira.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Diru-laguntzen deialdiaren kontrako errekurtso administratiboak.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa