Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 4. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 10ean)
Atarikoa
287/1995 Foru Dekretuak, irailaren 4koak, arautzen ditu Nafarroan nekazaritza produkzio ekologikoa eta haren prestatzea eta merkaturatzea; harxek sortzen du Consejo de Producción Agraria Ecológica de Navarra (CPAEN) -Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK)- kontrol-organotzat, zehazten du kasurako agintea nork duen -Nafarroako Gobernuak-, eta produkzio ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren igarbidea jartzearen gaineko hainbat alderdi nabarmentzen Europako Kontseiluaren ekainaren 24ko 2092/91 (EEB) Erregelamendutik, zeina Europako Batasunaren gai horretarako arau nagusia baita.
Orain irailaren 4ko 287/19995 Foru Dekretua aldatu beharra da, helburu hauetarako: a) kontrol organoan sartu beharreko aldaketak jasotzea EN-45011 Arauaren bidez zertifikazioaren kalitatea segurtatzeko sistema bat abian jarri nahi bada, b) kontrol organo horri azken buruko merkaturatzaileen ordezkariak eratxikitzea, kontsumitzailearen konfiantza handitzeko; c) CPAEN - NNPEKaren funtzionamendu esperientziaz baliatuz haren zertifikazio eginkizuna hobetzeko; d) Terminologia bateratzea eta nahasbideak galaraztea; hartarako, lehengo "arauak" gabe, "erregelak" erabiltzea komeni da, lehengo "Arauen Koaderno Orokorra" gabe "Zertifikazio erregelak"; eta e) 2092/91 (EBB) Erregelamenduari irailaren 4ko 287/1995 Foru Dekretua argitaratu denetik egin zaizkion aldaketak kontuan hartzea.
Aldaketa horiek Foru Dekretuaren artikulu askori erasaten diete; hortaz, testua argiagoa eta segurtasun juridiko gehiagokoa izateko, bide da gai hori hemendik aurrera arautuko duen Erregelamendua onestea eta delako 287/19995 Foru Dekretua indargabetzea.
Hori horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra
Onesten da nekazaritza produkzio ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren igarbidea jartzearen gaineko Erregelamendua, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, zeinaren testu artikuluduna Foru Dekretu honen eranskinean heldu baita.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indargabetzen da irailaren 4ko 287/1995 Foru Dekretua, zeinak arautzen baititu Nafarroan nekazaritza produkzio ekologikoa eta haren prestatzea eta merkaturatzea, eta kontrol organoa onesten.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Esku ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari behar adina xedapen emateko Foru Dekretu hau garatu eta aplika dadin.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indar hartuko du.
ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitatearen eremurako nekazaritza produkzio ekologikoaren eta nekazaritzako produktu eta elikagaietan horren igarbidea jartzearen gaineko erregelamendua
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Erregelamendu honek honako puntuak arautu nahi ditu Nafarroako Foru Komunitatean:
a) Produkzio ekologikoaren eta hori nekazaritzako produktu eta elikagaietan adierazi beharraren gaineko Europako Kontseiluaren ekainaren 24ko 2092/91 (EEB) Erregelamenduko 1. artikuluak aipatzen dituen produktuak prestatu eta merkaturatzea.
b) Zein gehigarri zilegi diren aurreko letran aipatu produktuak produzitu eta prestatzeko, kontrol organoak beharrezkotzat jotzen duen kasuetan.
c) Nekazaritza jarduera ekologikoari buruzko gaietan sustatu, bultzatu, kontrolatu eta aholku emateko tresnak.
2. artikulua. Adierazpen babestuak.
1. Produktu batek produkzio metodo ekologikoari buruzko adierazpenak dituela esanen da, etiketan, publizitatean, dokumentu komertzialetan, enpresaren izenean edo adierazpen karteletan honako hitz eta esapideak ageri badira: "ekologikoa", "sintesizko produktu kimikorik gabe egina", "biologikoa", "organikoa" edo biodinamikoa", edo haien izen elkarturen bat, hala nola "eko-" eta "bio-" aurrizkiak, produktuaren izenari, osagaiei edo marka komertzialari erantsiak edo bestela.
Halaber, noiz ere produktu horietako indikazio edo kalifikazioren batek bide ematen baitio kontsumitzaileari ulertzeko produktua edo haren osagaiak 2092/91 (EEB) Erregelamenduan eta hura garatu edo osatzeko xedapen guztietan aipatzen diren baldintzen arabera eginak direla eta gainera kontrol organoaren zertifikazio sistemarekin.
2. Debeku da bestelako nekazaritza produktuetan eta elikagaietan antzeko izen, marka, esapide edo zeinuak erabiltzea, erregelamendu honen gai direnekin nahasteko bide ematen dutenak. Debekua ez da altxatzen "tankera", "modu", "gustu" eta antzeko solasak erabiliagatik ere.
"Bio" hitza, beti ere, Komunitateko eta Estatuko araudiek agintzen dutenaren arabera erabiliko da.
3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatu diren indikazioak 2092/91 (EEB) Erregelamenduko 5. artikuluak agintzen duenaren arabera erabiliko dira.
3. artikulua. Zertifikazioa erdiesteko arauak.
Erregelamendu honetako 2. artikuluko 1. zenbakian aipatu direnetako edozein indikazio erabiltzen duten operadoreek, 2092/91 (EEB) Erregelamenduak, gai beraren gaineko beste xedapen osagarri aplikagarriek eta kontrol organoak bere zertifikazio sistemarako jarri dituzten baldintzen arabera beharko dituzte beren produktuak prestatu, hirugarren herri batetik inportatu edo merkaturatu.
4. artikulua. Organo eskuduna.
Nafarroako Gobernua izanen da, bere eskumenen barrenean eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bidez, 2092/91 (EEB) Erregelamenduko 8. eta 9. artikuluek aipatzen duten organo eskuduna.
5. artikulua. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK).
1. Consejo de Producción Agraria Ecológica de Navarra (CPAEN) - Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK) izanen da kontrol organo bakarra Nafarroako Foru Komunitatean.
2. CPAEN-NNPEK erakunde publikoa izanen da; beregaintasuna izanen du bere helburuak iristeko, nortasun juridiko propioa ere bai, eta helburuok iristeko gaitasun erabatekoa. Zilegi izanen du denetariko kudeatze eta xedatze ekintzak egitea. Zuzenbide pribatuaren eta merkataritzako aztura onen arabera jardungo du eta ez da egonen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko Foru Legearen mende.
6. artikulua. Operadoreen eginbeharrak.
1. Hona hemen Erregelamendu honetako 1. artikuluko a) eta b) letretan aipatu direnetako edozein produktu produzitu, prestatu, erabili edo hirugarren herri batetik inportatzen duten operadore guztien eginbeharrak:
a) Jarduera horren berri ematea organo eskudunari, 2092/91 (EEB) Erregelamenduko IV. eranskinean zehazten diren jakingaiak emanaz.
b) Bere enpresa CPAEN-NNPEKaren kontrolpean eta, hala tokatzen bada, haren zertifikaziopean jartzea.
2. Azken buruko merkaturatzaileek (kontsumitzaileari saltzeko azken buruko puntuak), CPAEN-NNPEKarekin elkarlan kontratuak egin badituzte beren saltokietan "Denda laguna" delako adostasun kartela izateko, eskatu beharko dute hura eta zertifikazio erregeletan aipatzen diren baldintzak bete.
7. artikulua. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kon- tseilua NNPEKaren eginkizunak.
1. Kontseilu honen ardura izanen da, bere eskumenen barrenean, 2092/91 (EEB) Erregelamenduko 8 eta 9. artikuluetan eta III. eranskinean ezarritako kontrol sistema aplikatzea.
2. Horrez gain CPAEN-NNPEKak honako eginkizunak izanen ditu:
a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari Erregelamendu honen aldaketa proposatzea.
b) Bere Barne Erregimenerako Erregelamendua sortzea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari bidaltzea, onetsi dezan.
c) Erregelamendu honetako xedapenak eta barne erregimenerako erregelamendukoak aplikatzea eta bete daitezen begiratzea.
d) Euskarri teknikoa ematea produkzioa berrantolatzeko azterlanak egin eta proiektuak prestatzeko, nekazaritza ekologikoaren sisteman produzitzen edo produktuak sortzen hasi nahi duten enpresentzat, eta bai haientzat produkzio prozesuak hobetzeko planak idaztea ere.
e) Produkzio ekologikoko sistemen ezagupena eta aplikazioa zabaltzea, aholku teknikoa emanaz produkzio ekologikoa egiten duten enpresei edo lan horretan Erregelamendu honek xedatu bezalako moduan hasi nahi dutenei, eta nekazaritza ekologikoa bultzatzeko elkarteen jarduera sustatuz.
f) Nekazaritza produkzio ekologikoaren gaietan proposamenak eta orientazioak egitea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzendutako txostenak eginaz.
g) Logotipoak edo logotipo konbinazioak proposatzea nekazaritza produktu ekologikoen igarbide izateko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onesten baditu.
h) Nekazaritza produktu eta elikagai ekologikoen kontsumoa eta zabalpena bultzatzea.
i) Identifikazio indikazioak egoki erabil daitezen begiratzea, azken buruko saltokietan batez ere.
j) Kontrolpeko esplotazioen titular diren nekazari eta aziendazaleek ingurugiroaren alde zer lan egiten duten gizarteari eta kontsumitzaileari hobekienik azaltzeko moduko salmenta erak bultzatu eta zaintzea.
k) Bultza egitea operadoreei elkarteak sortu eta merkaturatze bide propioak era ditzaten, zuzeneko salmenta bereziki sustatuz.
l) Aurrekontu proposamenak eta urteroko memoria onestea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari proposatzea, berretsi ditzan. Memoria hori hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen aurkeztuko da.
m) Nekazaritza produktu ekologikoen operadoreen kontrol erregimena errespetatzen ala hausten den aztertzeko espedienteak hasi eta ebaztea, 2092/91 (EEB) Erregelamenduko 9.9 eta 10.3 artikuluetan xedatzen denaren arabera, Zertifikazio Batzordeak txosten lotgarria aurretik emanda.
n) Behar diren erabakiak hartzea Kontseilua erakunde publiko edo pribatuen aurrean azaltzeari buruz.
ñ) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak esleitzen dizkion beste eginkizun guztiak.
8. artikulua. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren osakera.
1. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluan honakoek izanen dituzte ordezkariak: Produktuak produzitu, prestatu eta hirugarren herri batetik inportatzeko lizentzia dutenak eta Kontseiluaren lagun diren eta haren kontrolpean diren azken buruko merkaturatzaileak, bai eta kontsumitzaile elkarteak ere.
2. Kontseiluak honako kideak izanen ditu:
a) Kontseiluburua.
b) Hiru kontseilukide, produkzio esplotazioen titularren ordezkari.
c) Bi kontseilukide prestatze enpresen jabeen ordezkari.
d) Kontseilukide bat hirugarren herri batetik inportatzen duten enpresa titularren ordezkari.
e) Kontsumitzaile elkarteen ordezkari bat.
f) Kontseiluaren lagun diren azken buruko merkaturatzaileen ordezkari bat.
g) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ordezkari bat; idazkari ere arituko da.
h) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkari bat
i) Nekazaritza Kudeatzeko Institutu Teknikoaren ordezkari bat eta beste bat Abeltzaintza Kudeatzeko Institutu Teknikotik, biak nekazaritza produkzio ekologikoan adituak.
j) Zuzendari teknikoa.
3. Produkzioaren, prestatze enpresen, hirugarren herri batetik inportatzen dutenen eta azken buruko saltokia duten eta kontseiluaren lagun diren azken buruko merkaturatzaileen ordezkariak demokratikoki hautatuko dira, azpisektore horietako bakoitzean. Kontseiluaren kontrolpean direnak eta CPAEN-NNPEKaren lizentzia dutenak izanen dira hautesle eta hautagai, eta Sozietateak badira, sozietate horietako zuzendaritzako pertsonala. Hala ere, ez da zilegi izanen pertsona natural edo juridiko bat berak bi ordezkaritza izatea Kontseiluan, ez zuzenean eta ez sozietate filialen edo haietako baten sozioen bidez.
Kontseilukide bat Kontseiluaren kontrolpeko sozietate bateko zuzendaritzakide izatearen ondorioz hautatu bada, kargu hori uztearekin batera utziko du Kontseiluko kargua ere, nahiz eta oraindik sektorean ari den, beste enpresa batera aldatuta. Finkatu den moduan izendatuko da haren ordezkoa.
Kontsumitzaileen elkarteen kontseilukidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposatuta hautatuko da. Barne Erregimenerako Erregelamenduak finkatuko du zein prozedura segituko den proposamena egiteko.
4. Kontseilukideak lau urtetik berrituko dira. Barne Erregimenerako Erregelamenduak ezarriko ditu hauteskunde sistema eta prozedura, eta haietan kontseiluburua nola hautatu ere arautuko.
5. Artikulu honetako 2. idatz-zatiko h) letran aipatu kontseilukidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak izendatuko du.
6. Artikulu honetako 2. idatz-zatiko g) eta j) letretan aipatu kontseilukideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak izendatuko ditu.
), h) eta i) letretako kideek kontseiluaren eztabaidetan hitza izanen dute baina botorik ez.
8. Kontseiluburua Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak izendatuko du, Produkzioaren, prestatze enpresen eta hirugarren herri batetik inportatzen dutenen ordezkariek proposaturik.
9. Zertifikazio Batzordea eta Zuzendari Teknikoa izanen dira Kontseiluaren betearazte organoak.
10. Kontseiluak administrazio zerbitzuak, kontrol eta zertifikazio zerbitzuak eta aholku zerbitzuak izanen ditu.
9. artikulua. Kontseiluaren bilkurak.
1. Kontseiluak, kontseiluburuak edo haren delegatuak dei eginik, bere kideek erabakitzen duten epeetan eginen ditu bilkura arruntak, gutxienez hiru hiletik behin.
2. Kontseiluak Kontseiluburuak deituta edo gutxienez kideen hirutik batek hala eskatuta eginen du bilkura berezia.
3. Bilkuren funtzionamendu erregimena eta erabakiak hartzeko erregimena Barne Erregimenerako Erregelamenduak ezarriko ditu.
4. Idazkariak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari bidaliko dizkio bilkuren aktak.
10. artikulua. Kontseiluburua.
1. Hona kontseiluburuaren eginkizunak:
a) Kontseiluaren ordezkari izatea.
b) Kontseiluko eztabaidetan buru eta hots emaile izatea.
c) Kontseiluaren bilkurak deitu eta bertan buru aritzea.
d) Esleitzen zaizkion beste guztiak.
2. Kontseiluburuak zilegi izanen du bere eginkizunak kontseilukide bati delegatzea, Barne Erregimenerako Erregelamenduak agindu bezalako moduan eta kasuetan.
11. artikulua. Zertifikazio Batzordea.
1. Zertifikazio Batzordearen erabakiak aho batez hartu beharko dira. Honako kideak izanen ditu:
-Batzordearen idazkaria, batzordeburu ere arituko dena.
-Teknikari kopuru bikoitia, nekazaritza produkzio ekologikoan adituak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak izendatuak.
-Kontseiluko zuzendari teknikoa, hitza bai baina botorik ez duela.
2. Zertifikazio Batzordeak epez epe jakinaraziko dio Kontseiluari zer nolakoak eta zer kalitatekoak diren Erregelamendu honetako 1. artikuluko a) eta b) letretan aipatzen diren produktu eta gehigarriak, eta bai ere zer kontzesio eman diren, zein desegokitasun aurkitu, eta zein kontzesio eten.
3. Zertifikazio Batzordeak operadore bakoitzarentzat finkatuko du zer moldatze aldi izanen duten Erregelamendu honek xedatu bezala nekazaritza produkzio ekologikoa hasi edo zabaldu egiten duten operadoreek.
4. Zertifikazio Batzordeak zertifikazioaren gainean hartzen dituen erabakiak lotgarriak izanen dira operadoreentzat. Batzordeak, edo haren delegatu batek, operadoreekin lehendik zeuden kontratu harremanak oinarri, jakinaraziko die zer baldintza bete behar dituzten operadore lizentzia eskuratzeko, eta bai, hala tokatzen bada, lizentziaren titulartzat onartzeko, eta ea kontrol erregimenarekin bat datozen ala ez, zehaztuz zertan eskatzen zaien hobekuntza egiteko edo zergatik eten edo kendu zaien kontzesioa.
5. Zertifikazio Batzordearen funtzionamendua Kontseiluaren Barne Erregimenerako Erregelamenduak arautuko du.
12. artikulua. Zuzendari teknikoa.
1. Nekazaritza produkzio ekologikoan behar adina trebatua dela frogatzen duen pertsona bat izendatu beharko da Kontseiluaren zuzendari teknikotzat. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak izendatuko du, Kontseiluak proposaturik.
2. Zuzendari teknikoak honako eginkizunak izanen ditu:
a) Kontseiluak dituen ikuskapen, zertifikazio eta aholku zerbitzuak koordinatzea, Kontseiluak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hartarako ematen dituen jarraibideei men eginez.
b) Kontseiluari atxikitako administrazio langileei hots ematea.
c) Kontseiluaren ekonomia kudeatzea, aurrekontuen aurreproiektuak eta urteroko txostena eginaz.
d) Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea.
e) Oro har, nekazaritza produkzio ekologikoaren gaietan indar duten arauak bete daitezen begiratzea.
f) Etengabeko komunikazioa eratzea tratamendu fitosanitarioak, bereziki airekoak, bere gain dituzten erakunde eta enpresekin, finkak eta haien barrengo eta inguruko lurrak haietatik libre egon daitezen.
h) Kontseiluak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak esleitzen dizkien beste guztiak.
13. artikulua. Ikuskatzaileak.
Kontseiluak behar adina ikuskatzaile izanen ditu Erregelamendu honetan ezartzen diren kontrol sistemak abian jarri ahal izateko. Ikuskatzaile horiek Idazkariak proposatuta kontratatuko dira eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak gaitu beharko ditu.
14. artikulua. Aholku zerbitzuak.
1. Kontseiluak behar adina zerbitzu tekniko izanen ditu produkzio ekologikoan hasi nahi duten enpresetan produkzioa berrantolatzeko proiektuak egin eta aplikatzeko, eta bai, oro har, produkzio ekologikoko sistemen ezagupena eta aplikazioa zabaltzeko ere.
Halaber, Kontseiluak harremanak eratuko ditu behar diren erakundeekin elkarren arteko trukeak, programak edo lankidetzak faboratzeko, nekazari-lan ekologikoa hobetzeko moduko teknikak sortzeko.
2. Aholku zerbitzuek, gainera, operadoreak prestatzeko ardura ere izanen dute, eta hartarako ikastaroak eta ikasketak eratuko, nekazaritza ekologikoa garatzekoak.
3. Aholku zerbitzuek euskarri teknikoa emanen diote Kontseiluari bere eginkizunak kunplitzeko, eta ez dira kontrol eta ikuskatze zerbitzuen mende egonen.
15. artikulua. Finantzazioa.
Kontseilua finantzatzeko honako baliabideak erabiliko dira:
a) Beren enpresa kontrol erregimenpean jarri duten operadoreek emandako dirutzak.
b) Jasotako dirulaguntzak, ordeinuak eta emaitzak.
c) Kontseiluari edo haren ordezkaritzako interesei egindako kalte-galeren ordaintzat jasotzen diren dirutzak.
d) Bere ondarea osatzen duten ondasunak eta ondare horren emaitza edo errentak.
e) Beste edozergatik tokatzen zaizkion guztiak.
16. artikulua. Arau-hausteak, kontzesioak eten edo kentzeko arrazoiak.
1. Arau-hausteak eta zehapenak Europako Kontseiluaren ekainaren 24ko 2092/91 (EEB) Erregelamenduko 9.9 eta 10.3 artikuluetan ezarri direnak izanen dira.
2. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak hartzen dituen ebazpenen kontra zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren aurrean, delako ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin bat (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).