(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

18/2004 FORU AGINDUA (indargabetua)

18/2004 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, abere lehiaketak arautzen dituena

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2004ko 39. NAOn argitaratu zen, martxoaren 31n. Aldaketak: 411/2008 Foru Agindua, uztailaren 29koa)

Atarikoa

Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak bigarren xedapen iragankorrean adierazten duenaren arabera, Nafarroako Gobernuak foru lege horretan aurreikusitako arauzko xedapenak onetsi bitartean oraingoek indarra izaten segituko dute; horien artean dago urriaren 19ko 233/1989 Foru Dekretua, herri, eskualde eta erregio mailako abere lehiaketak arautzen dituena, bai eta 1997ko otsailaren 17ko eta 1998ko martxoaren 23ko Foru Aginduak ere, aipatu foru dekretua garatzen baitute.

Haren ondoren, abenduaren 20ko 280/2002 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zuenak, indarrik gabe utzi zuen 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren 8. artikulua, hain zuzen ere abereen erakusketa, lehiaketa eta enkanteen antolatzaileei eman beharreko laguntzei buruzkoa eta abere lehiaketak antolatzeko laguntzetarako baldintza berriak ezarri zituena; halaber, indarrik gabe utzi zuen 1998ko martxoaren 23ko Foru Agindua.

Europako Batzordeak, 33/01 laguntzari buruz 2002ko apirilaren 8an hartutako C745 (2002) Erabakiaren bidez, 280/2002 Foru Dekretuan azaltzen diren laguntzak onetsi ditu, nekazaritza sektorearentzako estatuko laguntzei buruz Europako Elkarteak ematen dituen jarraibideetan ezarritako baldintzen araberakoak direla adierazita.

Aipatu arauak barreiatuta baitaude eta garatu egin behar baita Abereen Osasunari buruzko Foru Legearen 25. artikulua, abere lehiaketen antolaketari eta prebentzio neurriei buruzkoa, beharrezkoa dirudi foru agindu batean biltzea abere lehiaketei buruzko aipatu arau guztiak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2.b) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren abere lehiaketak arautzea.

2. artikulua. Definizioak.

1. Abere lehiaketa errentako animalien agerpena da eta horren xedea, berriz, hautatze eta produkzio prozesuan erdietsitako emaitzak agerian jartzea eta aurrerapenak erakustea, batzuetan; beste batzuetan, herrialde edo erregio bakoitzeko arraza multzoak ezagutzera ematea, arraza horiek sustatzearren.

2. Abere lehiaketak ondoko era hauetako batekoak izan daitezke:

a) Erakusketa: arraza garbiko abere hautatuen lehiaketa, ofizialki onartutako liburu genealogikoetan, erregistro berezietan edo arrazako katalogoetan inskribatuta badaude betiere; espezie desberdineko abereak erakusten ahal dira.

b) Enkantea: arraza garbiko abere hautatuen lehiaketa, liburu genealogikoetan inskribatuta badaude betiere, abereak enkante publikoan saldu eta ganadutegi adjudikazio-hartzaileetan ugaldu eta ustiatzeko helburua duena.

c) Lehiaketa: arraza bereko abereen lehiaketa, zein bere liburu genealogikoan inskribatuta badago; lehiaketara bertaratutako abereak sailkatu eta sarituko dira, lehiaketa motaren araberako erregelamenduan finkatzen diren ezaugarriak kontuan hartuta. Lehiaketa honelakoa izan daiteke:

-Lehiaketa morfologikoa. Abereen edertasuna kontuan hartzen da batez ere, edo ezaugarri morfologikoen hobekuntza, zeren, edertasun handiagoa lortu gabe ere, abereen bizitzako beste emaitza batzuetan eragina baitute, hala nola, bizitza luzeran, gorputz ahalmenean eta abar.

-Etekinen lehiaketa. Abereen produkzio neurrien emaitzak kontuan hartzen dira, nazioartean onartutako metodoei jarraikiz.

-Gaitasun lehiaketa. Erakustaldiak, bereziki bertaratutakoen aisiari zuzenduak, abildadea, indarra edo zalutasuna moduko gaitasunak erakusteko.

-Lehiaketa-enkantea. Abereek lehiaketan parte hartu eta beren jabeek lehiaketaldiaren ondoko enkante publikoan aurkezten dituzte.

d) Agerpena: egun bat baino gutxiago irauten duen lehiaketa txikia; udalerriko eta inguruko abereek bakarrik hartzen dute parte, jaialdi programa baten barnean beste jarduera batzuekin batera egiten da, urtean behin edo denbora tarte handiagoan, eta berez merkataritza mailako helbururik ez du izaten.

e) Azoka edo feria: lehiaketa, toki finko batean, aldizkakotasun jakin batekin, abereak bertan daudela edo egon gabe eta merkataritza mailako helburu hutsarekin, salerosketak egin daitezen.

3. artikulua. Lurralde esparruaren araberako sailkapena.

Abere lehiaketak lurralde esparruaren arabera sailkatzen dira:

a) Herrikoak: abere kontzentrazioa eremu geografiko jakin bateko udalerri batean edo batean baino gehiagotan egiten bada eta udalerri horietako ustiategietako abereek bakarrik hartzen badute parte.

b) Eskualdekoak: lehiaketan abeltzaintza eskualde bateko udalerrietako ustiategiek bakarrik har badezakete parte.

c) Erregiokoak: abere lehiaketan Foru Komunitateko edozein udalerritan kokatutako ustiategietako abeltzainek har badezakete parte.

d) Nazionalak: lehiaketan beste autonomia erkidego batzuetako abeltzainek har bedezakete parte.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sailkatuko ditu abere lehiaketak, horiek antolatzen dituztenek aurkeztu memoria ikusi ondoren.

4. artikulua. Eskabideen aurkezpena.

1. Abere lehiaketen antolatzaileek eskabideak aurkeztu ahalko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bulego nagusian eta eskualdeko nahiz barrutiko bulegoetan. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan ageri diren tokietako edozeinetan aurkezten ahal dira.

2. Abere lehiaketen antolatzaileek urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute urte horretan eginen diren lehiaketei buruzko eskabidea.

3. Eskatzaileek hurrengo agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, Departamentu honek onetsiko duen eredu ofizialaren araberakoa.

b) Memoria, bertan honako datu hauek agertuz:

-Lehiaketaren identifikazioa.

-Lehiaketaren tokiaren eta instalazioen deskripzioa.

-Egunak eta orduak.

-Zenbat aberek parte hartzea espero den, espezie, arraza eta ustiategien arabera sailkatuak.

-Osasun neurriak.

-Lehiaketa egiteko erregelamendua, arau erregulatzaileak, epaimahaiaren osaera, bai eta antolamenduko beste alderdi batzuk ere.

-Gutxi gorabeherako aurrekontua, aurreikusitako dirusarrera eta gastuak zehaztuta.

-Antolaketaren ardura hartzen duen pertsonaren edo pertsonen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa, harremanetarako eta datuak eskatzeko. Pertsona hori ez bada antolakuntzakoek izendatutako arduraduna (9. artikuluaren arabera), azken horren datuak ere eman beharko dira.

-Batzorde antolatzailearen nortasuna eta izaera kreditatua, toki erakunde baten ordezkaria baldin bada.

c) Lehiaketaren antolatzaileak istripu asegurua egiteko konpromisoa hartzea, lehiaketara bertaratzen diren pertsonen eta ikusle edo parte-hartzaileen arriskuetarako.

d) Lehiaketaren antolatzaileak abereen zainketarako albaitari zerbitzua izateko konpromisoa hartzea, lehiaketan abereei agertzen ahal zaizkien gaixotasunak direla eta.

e) Foru agindu honen 8. artikuluan aipatu laguntzak eskatu nahi izanez gero, asmo horren berri eman eta aurrekontu zehaztua aurkeztuko da, lehiaketa antolatzeak sortzen dituen gastuak azalduta.

5. artikulua. Lehiaketetan parte hartzen duten abereen baldintza zoosanitarioak.

Lehiaketetara eramaten diren abereek foru agindu honen I. eranskinean zehaztutako baldintza zoosanitarioak bete beharko dituzte.

Osasun araudiak eskatzen duenean, enkanteetara edo lehiaketa-enkanteetara eramaten den ardi-aziendak elektronikoki identifikatuta eta PrP generako genotipatuta egon beharko du, eta datu horiek aziendaren agiri genealogikoan jarri beharko dira. Arrak baldin badira, bakarrik onartuko dira ARR/ARR, ARR/AHQ, AHQ/AHQ, ARR/ARQ, ARR/ARH, ARQ/AHQ eta AHQ/ARH genotipoak dituztenak, eta emeak izanez gero, aurrekoez gainera, ARH/ARH eta ARQ/ARH genotipodunak.

6. artikulua. Beste baldintza batzuk.

1. Foru agindu honetan aurreikusitakoaren babesean lehiaketetan parte hartzen duten abeltzainek ofizialki ezarritako osasun programak, beren osotasunean, bete beharko dituzte.

2. Lehiaketetara eramaten diren abereak otzanak eta mantsoak izanen dira.

3. Atal batean lehen saria eskuratzen duten abelburu sarituek ezin izanen dute parte hartu urte berean eta hurrengoetan maila bereko edo apalagoko lehiaketa batean, baina bai beste atal batean edo garaileen ataletan.

7. artikulua. Lehiaketak zein lekutan eginen diren.

Abere lehiaketak egiteko lekua behar bezain zabal eta irekia izanen da, azienda, jendea eta ibilgailuak eroso eta estutasunik gabe biltzeko modukoa.

Jendearendako ibilguneen eta abereen arteko tarteak behar adinako zabalera izanen du, abereak aurrealdetik eta atzealdetik erakutsi eta istripuak saihestu ahal izateko modukoa.

Abereen artean tarte bat egonen da, beren arteko istripuak, borrokak, ausikiak, ostikoak, e.a. galarazteko.

Abereak eta ibilgailuak ilara zuzenetan ezarriko dira, ahal bada.

8. artikulua.

9. artikulua. Helbide teknikoa.

Abere lehiaketa bakoitzean figura hauek izanen dira:

-Antolatzaileek izendatutako arduradun bat: bere lana izanen da bai lehiaketako oinarriak bai indarra duen araudia betearaztea. Halaber, bidezko diren ondorio guztietarako, antolatzaileen eta Abeltzaintza Zerbitzuaren arteko solaskide lana eginen du.

-Abeltzaintza Zerbitzuak izendatutako arduradun teknikoa: horrekin koordinatuko da antolakuntzako arduraduna, alderdi zooteknikoei eta osasun arlokoei buruzko edozein gai argitzeko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe gelditzen dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontra jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki:

-1997ko otsailaren 17ko Foru Agindua, urriaren 19ko 233/1989 Foru Dekretua garatu zuena. Foru Dekretu haren bidez herri, eskualde eta erregio mailako abere lehiaketak arautu ziren.

Lehen Xedapen Iragankorra

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetako mugen araberakoak izanen dira.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Foru agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. Lehiaketetan parte hartzen duten abereen baldintza zoosanitarioak

A) Arau orokorrak.

1. Lehiaketetara eramaten diren abereak banan-banan identifikatuko dira, belarrian krotala jarrita eta/edo tatuaje baten bidez, edo araudiak espezieen arabera baimenduak dituen beste sistema batzuk erabiliz. Horiek osasun agirietan azalduko dira. Zaldi-aziendaren kasuan, aberearen erreseina osoa ere azalduko da. Erleak izanez gero, erlauntz bakoitzaren identifikazioa, nahitaezko erregistro zenbakia erabiliz.

2. Abere guztiek epizootiarik gabeko eremu batean dagoen ustiategi batekoak izan beharko dute; halako eremuari dagokion aitorpena nahitaezkoa da lehiaketara eramaten diren espezieentzat.

3. Abere multzo guztiek Jatorri eta Osasuneko Gida eta Osasun Ziurtagiria izan beharko dituzte, autonomia erkidego bakoitzeko Abere Osasunaren eta/edo Ekoizpenaren Burutzak edo Albaitaritza Unitate eskudunak emanik, B) atalean espezie bakoitzarentzat ezarritako osasun baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

4. Abereak garraiatuko dira aurretik desinfektatuko diren ibilgailuetan, Desinfekzio Ziurtagiria aurkeztuta, estatu espainiarretik heldu diren abere multzoak direnean. Gainera, garraioan abereak babesteko arauei buruzko 95/29/UE zuzentarauan ezarritakoari jarraikiz eginen da garraioa (ekainaren 27ko 1041/1997 Errege Dekretuak harmonizatutako zuzentaraua).

5. Abereei parasitoen kontrako tratamendua eginen zaie barnetik eta kanpotik, azken 30 egunetan, eta hori ziurtatuko du tratamendua egiten duen albaitari ofizialak edo albaitari elkargokideak.

B) Berariazko arauak:

1. Behi-azienda.

Bakarrik eraman ahalko dira ofizialki behien tuberkulosiak, bruzelosiak edo leukosi enzootikoak jo ez dituen eta perineumoniarik ez duten ustiategietako abereak.

Gainera, lehiaketara eraman aurreko 30 egunetan, tuberkulosiari, bruzelosiari, leukosiari eta perineumoniari buruzko saneamendu proba bat iragan beharko dute abereek, eta emaitza negatiboa atera.

2. Ardi/ahuntz azienda.

Abereak honelako ustiategi batekoak izanen dira:

-Ofizialki bruzelosiak edo (B. melitensis) bruzelosiak jo ez dituen ustiategikoak. Osasun kalifikazio ezberdineko abereek parte hartzen badute lehiaketa berean, bereizita egon beharko dute, kutsapenik izan ez dadin.

-Ahariaren epididimitis kutsakorrik (B. ovis) ez izana azken 12 hilabeteetan.

-Gutxienez ere azken 3 urteetan ikara (scrapie) kasurik detektatu ez izana. Abereek, sortuz geroztik edo azken 3 urteetan, etenik gabe egonak behar dute puntu honetan ezarritakoa betetzen duen ustiategi batean edo batzuetan.

Horretaz gainera, lehiaketara eramaten diren abereek bete beharrekoa:

-Emeak baldin badira, bruzelosiaren kontrako Rev-1 txertoa hartu behar dute 3 hilabetetik 6ra bitartean, non ustiategiak ez duen hori alde batera uzteko baimenik.

-6 hilabetetik gorakoei, txertatu ez badituzte, edo 20 hilabetetik gorakoei, txertoa eman bazaie, bruzelosiaren diagnosi probak eginen zaizkie lehiaketaren aurreko 30 egunetan, eta emaitzak negatiboa izan beharko du.

3. Txerri-azienda.

Abereek izan beharko dute, oro har eta araudi komunitario edo nazionalaren arabera, gaixotasunagatik inolako debeku edo murrizketarik ez duen txerri ustiategi batekoak; bereziki, ofizialki txerri-izurri klasikoak eta afrikarrak jo ez duen, besikulako gaitzik ez duen eta ofizialki Aujeszky gaixotasunak jo ez duen edo halakorik ez duen ustiategi batekoak. Aujeszky gaixotasunari dagokionez, lehiaketa berean osasun kalifikazio ezberdineko abereek parte hartzen badute, bereizita egon beharko dute, kutsapenik izan ez dadin.

Gainera, lehiaketaren aurreko 30 egunetan, eraman beharreko abereen %100eko kontrol serologikoa eginen da, eta emaitzak negatiboa izan beharko du, besikulako gaixotasuna, txerri-izurri klasikoa eta afrikarra eta Aujeszky gaixotasuna detektatzeko.

Halaber, lehiaketara eramaten diren abereek jatorriko ustiategian egonak behar dute azken hogeita hamar egunetan edo sortzetik beretik hogeita hamar egun baino gutxiago badituzte, eta denbora horretan ez da beste abererik sartu izanen ustiategi horretan.

4. Zaldi-azienda.

Lehiaketara eramaten den zaldi-aziendak bete beharrekoa:

-Zaldi-izurri afrikarra eta zaldien anemia infekziosoa diagnostikatu ez den eremu batekoa izanen da.

-Azken sei hilabeteetan diurina, murmua, zaldien entzefalomielitisa eta besikulako estomatitisa eta azken 15 egunetan lupu beltza izan ez duten ustiategikoak izanen dira.

Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Gaixotasun sintomarik ez izatea.

-Aurreko 15 egunetan gaixotasun infekto-kutsakorra izan duen zaldi-aziendaren ondoan egon ez izana.

-Gaixotasun kutsakor bat desagertarazteko programa bati jarraikiz suntsitu behar diren abereen sailekoa ez izatea.

5. Lagomorfoak.

Abereek bete beharrekoak:

-Ez dute gaixotasun infekto-kutsakor edo parasitarioaren sintomalogia klinikorik izan behar lehiaketara eramateko osasun agiria ematen den egunean.

-Ustiategiak osasunaren aldetik kontrolatuta egon behar du, txerto bidezko profilaxi higienikoaren programa egokia bete eta mixomatosiaren eta enterokolitisaren sintoma klinikorik ez izan azken 6 hilabeteetan.

-Abereak ez dira izanen azken hilabetean amorrua agertu den edo ustez agertu den ustiategi batekoak edo halako ustiategi bateko abereekin batera egon direnak.

Lehiaketan daudela beste gaixotasun infekto-kutsakorren baten, arnas aparatukoaren edo dermatomikosiaren, sintomatologia agertzen duen aberea berehala aterako da handik eta hil eginen da.

6. Haztegiko hegaztiak (ostrukak barne).

Haztegiko hegaztiek (txitako arrautzak, egun bateko txitoak, hazteko hegaztiak eta ustiatzeko hegaztiak) bete beharrekoa:

-Talde batekoak, bidali baino lehen egindako azterketan gaixotasunaren sintoma klinikorik ez dutela.

-Hegazti ustiategi batekoak; abereen osasunagatik haztegiko hegaztiei aplikatu beharreko neurri murrizgarririk ez du izan behar ustiategiak abereak bidali behar direnean eta, gainera, haztegiko hegaztiak uki ditzakeen gaixotasun baten agerraldiagatik legeria komunitarioaren araberako neurri murrizgarririk ez duen eremu batetik kanpo egon behar du.

7. Ehiza espezieak.

Ustiategitik bidaltzen diren egunean ez dute gaixotasun sintomarik izan behar eta, bereziki, espezie batzuen edo besteen gaixotasun infekto-kutsakorrik.

Espezie bakoitzarentzat aurretik aipatu diren osasun baldintzak aplikatuko dira.

Abereak ehizarako hazteko legezko baimena duten ustiategietakoak izanen dira gainera. Agintari eskudunek ziurtatuko dute baldintza hori.

8. Erleak.

Erlauntzek honelako ustiategietakoak izan behar dute:

-Azken 30 egunetan eta 3 kilometroko erradioan loke amerikarraren kasurik izan ez duen eremu batean egon behar dute.

-Barroasirik ez dute izan behar. Espainiakoak diren erlauntzen kasuan, albaitari baten ziurtagiriarekin frogatuko da osasun egoera hori.

II. ERANSKINA. Abere lehiaketak antolatzeko laguntzetarako arauak

1. artikulua. Xedea

1. Foru agindu honen xedea da abere lehiaketetarako laguntzak arautzea, eskualde eta erregio mailan aurrerantzean ere ospatu daitezen eta agerian utziz abereen aukeraketaren sustapena, abeltzainen gogoa eta animaliak aukeratzeko eta hazteko prozesuan erdietsitako emaitzak, eta herrialde edo erregio bakoitzeko arraza multzoak ezagutzera emanez, arraza horiek sustatzearren.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimendutako abere lehiaketak jasotzen ahalko dute diru-laguntza, betiere Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira.

3. Aurreko urteko azaroaren 15etik deialdia argitaratzen den urteko azaroaren 15era bitarte ospatzen diren abere lehiaketak sartuko dira urteroko laguntzen deialdian.

2. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa Batzordearen 1857/2006 EE Erregelamenduko 15. artikuluko d) puntuan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

2. Muga bat ere egonen da, lehiaketara aurkeztutako abereen araberakoa. Lehiaketa motaren arabera eta abereak behi, zaldi eta/edo ardi-aziendakoak baldin badira, zenbatekoa desberdina izanen da:

a) Arraza garbiko abere hautatuen erakusketa, ofizialki onartutako arrazen liburu genealogikoetan, erregistro berezietan edo arrazako katalogoetan inskribatuta badaude betiere; espezie desberdineko abereak erakusten ahal dira. Zenbatekoa hau izanen da:

1.-60 euro Aurizko zaldia eta Nafarroako zaldikoa izeneko arrazetarako.

2.-60 euro betizu eta Nafarroako kasta izeneko behien arrazetarako eta 50 euro pirenaika arrazarako.

3.-15 euro Nafarroako eta latxa arrazetako ardientzako eta 20 euro sasi ardi arrazarako.

b) Arraza garbiko abere hautatuen enkantea, liburu genealogikoetan inskribatuta badaude betiere, abereak enkante publikoan saldu eta ganadutegi adjudikazio-hartzaileetan ugaldu eta ustiatzeko helburua duena. Zenbatekoa hau izanen da:

1.-60 euro Aurizko zaldia eta zaldikoa izeneko arrazetarako.

2.-60 euro betizu eta Nafarroako kasta izeneko behien arrazetarako eta 50 euro pirenaika arrazarako.

3.-15 euro Nafarroako eta latxa arrazetako ardientzako eta 20 euro sasi ardi arrazarako.

c) Arraza bereko abereen lehiaketa, zein bere liburu genealogikoan inskribatuta badago; lehiaketara bertaratutako abereak sailkatu eta sarituko dira, lehiaketa motaren araberako erregelamenduan finkatzen diren ezaugarriak kontuan hartuta. Zenbatekoa hau izanen da:

1.-60 euro Aurizko zaldia eta zaldikoa izeneko arrazetarako.

2.-60 euro betizu eta Nafarroako kasta izeneko behien arrazetarako eta 50 euro pirenaika arrazarako.

3.-15 euro Nafarroako eta latxa arrazetako ardientzako eta 20 euro sasi ardi arrazarako.

d) Egun bat baino gutxiago irauten duen lehiaketa txikia; udalerriko eta inguruko abereek bakarrik hartzen dute parte, jaialdi programa baten barnean beste jarduera batzuekin batera egiten da, urtean behin edo denbora tarte handiagoan, eta berez merkataritza mailako helbururik ez du izaten.

1.-25 euro zaldi eta behientzako.

2.-7,5 euro ardientzako.

e) Azoka, toki finko batean, aldizkakotasun jakin batekin, abereak bertan daudela edo egon gabe eta merkataritza mailako helburu hutsarekin, salerosketak egin daitezen. 5 euroko zenbatekoa zaldientzako.

f) a), bi eta c) ataletako lehiaketen kasuan, urteko eta arrazako lehiaketa bakarra lagunduko da diruz. Ez dira diruz lagunduko urtebete baino gutxiagoko behi eta zaldi aziendak eta 8 hilabete baino gutxiagoko ardi aziendak. Lehiaketa bat baino gehiagoko lehiaketetan, abere bat kategori bakarrean laguntzen ahalko da diruz.

3. Laguntza 2. atalean ageri diren kostuak %100ean ordaintzeko erabiltzen ahalko da. Zerbitzuetan emanen da eta ezin izanen zaie zuzenean ekoizleei dirutan pagatu.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Herrietako, eskualdeetako edo Nafarroa osoko abere lehiaketak antolatzen dituzten toki entitateek hartzen ahalko dituzte laguntza hauek, Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimentzen baditu.

2. Espainia osoko abere lehiaketak antolatzen dituztenek ere hartzen ahalko dituzte laguntzak, Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak baimendu baditu eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira.

3. Laguntza hartu ahal izateko, abere lehiaketek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Erakusketa, enkante, sariketa, azoka edo feria izatea.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak edo Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak baimenduak izatea.

c) Lehiaketetan parte hartzen duten abereen baldintza zoosanitarioak betetzea.

d) 2. artikuluko a), b) eta c) ataleko lehiaketen kasuan, bertako edo Espainiako arrazak izatea, Espainiako abere arrazen katalogo ofizialaren arabera eta abereak beren arrazako Liburu Genealogikoan inskribatuta egotea.

e) Abereen gutxieneko kopurua: nahitezkoa izanen da abereen kopuru egokia izatea. Atal bakoitzean abeltzain baten baino gehiagoren behar adina buru izanen da, beharrezkoa den ordezkaritza eta lehiakortasuna izateko moduan. Edozein modutan ere, laguntzak lortu ahal izateko:

I) Lehiaketa nazionaletan: gutxieneko parte-hartzea 1998ko martxoaren 17ko aginduan azaldutakoa izanen da. Agindu haren bidez eguneratu eta arautu egin ziren arraza garbiko abereen lehiaketa nazional eta nazioartekoak, eta haietan parte hartzeko pizgarriak ezarri ziren.

II) Gainerako lehiaketetan: gutxienez, azienda larriko 30 unitate.

4. artikulua. Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

1.-Lehiaketaren izena eta baimena.

2.-Antolaketaren ardura hartzen duen pertsonaren edo pertsonen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa, harremanetarako eta datuak eskatzeko. Pertsona hori ez bada antolakuntzakoek izendatutako arduraduna, azken horren datuak ere eman beharko dira.

3.-Batzorde antolatzailearen nortasuna eta izaera kreditatua, toki erakunde baten ordezkaria baldin bada.

4.-Abereen jatorri eta osasuneko gidei buruzko agiriak, lehiaketan parte hartzen duten abere guztiek abereak garraiatzeko indarrean dagoen osasun araudia betetzen dutela justifikatzeko.

5.-Lehiaketan parte hartu duten abereen egiaztagiria, III. eranskineko ereduaren arabera.

5. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Laguntza eskabideak lehiaketa egin eta hilabeteko epean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorriko dira. Departamentu horretako Erregistroan eta bere menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztuko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.

3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak: memoria, egindako gastuen eta ordainketen fakturak, bai eta lehiaketaren garapenari buruzko txosten bat ere, atal bakoitzean parte hartu duten abereen zenbaki ofizial eta genealogikoa adierazita, horren bidez egiaztatuko baita lehiaketaren atal desberdinetan ezarritako gutxieneko buru kopurua izan dela. Lehiaketa denean, atal bakoitzean saritutako abereen zerrenda ere erantsiko da, abereak behar bezala identifikatuta. Lehiaketa mota guztietan, III. eranskina beteta egiaztatuko da abereen parte-hartzea.

6. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazio araubidezko prozeduraren bidez emanen dira.

7. artikulua. Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskabideak.

8. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.

1. Eskaera hartuta, hirugarren eta laugarren artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hogeita hamar eguneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 3 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

9. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

10. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

1. Diru-laguntzaren xedeko lanak bukatu ondoren, eta betiere 5. artikuluko 1. puntuan ezarritako epean, onuradunak 4. artikuluan ageri diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

2. Foru agindu honen 2. artikuluko 1. puntua bete dela justifikatzeko, onuradunak diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen fakturak aurkeztu beharko ditu, gutxienez parte hartzen duen abereen araberako laguntzaren zenbatekoa. Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak lehiaketaren antolaketatik eratorritakoak dira, hauek barne: lehiaketa egiten den leku, lokal edo instalazioen gastuak, alokairuak edo mota guztietako zergak, parte-hartze eskubideak, garraioa eta bidaia gastuak, argitalpenen kostuak, lehiaketak irabazten dituztenei eskudirutan emandako sariak (kategoria bakoitzean gehienez ere 250 euro).

11. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

Ordainaldi bakar batean emanen da laguntza, diru-laguntza onartu eta aurreko artikuluan ezarritako gastuak justifikatu ondoren.

12. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Diru-laguntza honen onuradunek ez dute betebeharrik izanen gutxieneko epe batean.

13. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honen bidez ezarritako laguntzak ez dira bateraezinak izanen beste administrazio edo erakundeek, publiko edo pribatu, Espaniako edo atzerriko, helburu bererako emandako diru-laguntzekin, betiere lehiaketaren egiazko gastua gainditzen ez badute. Eskatutako laguntzen eta, kasua bada, eta bidezko bada, azkenean onartutakoen berri eman beharko da.

14. artikulua. Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Ez dago publizitateari buruzko betebeharrik.

15. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da, eta litekeena da zehapenak ezartzea.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2009 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

16. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

III. ERANSKINA. Parte-hartze egiaztagiria, abereak zehaztuta

PARTE-HARTZE EGIAZTAGIRIA

............................. lehiaketa Tokia Eguna

ABELTZAINAREN IZENA USTIATEGI ZKIA. NAN/IFZ UDALERRIA ABERE KOPURUA SINADURA

ABEREEN ZERRENDA

............................. lehiaketaTokiaEguna

GUZTIRA

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa