Castellano | Euskara | Français | English
(1996ko 117. NAOn argitaratutako testua, irailaren 25ean)
Atarikoa
Urtarrilaren 15eko 15/1996 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak Bonelli arranoa (Hieraaetus fasciatus, Veillot, 1882) Nafarroan ugaltzeko Plana onetsi zuen, basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean xedatutakoa aplikatzeko asmoz.
Ugaltzeko Planaren II. zenbakian haren aplikazio eremua zehazten da, Bonelli arranoa ugaldu, hazi eta elikatzeko guneak hartzen dituena, honakoak hain zuzen:
-Irunberriko Zintzurreko Natur Erreserba (NE-25), jadanik Europako Batasunak deklaraturiko Leireko mendikateko Hegaztien Babesgune Bereziaren (B-125) barruan dagoena.
-Kaparretako Natur Erreserba (NE-26).
-Etxauriko harkaiztegia, urtarrilaren 15eko 16/1996 Foru Dekretuaren bidez Basa Fauna Babesteko Eremua (BFBE-14) deklaratu zena.
Horretaz gain, Babesteko Plan horren II. zenbakian zehazten da, erakunde eskudunei proposamena egin ahalko zaiela hiru eremu horiek Kontserbazio Bereziko Eremuak izenda ditzaten, beti ere Batasunaren jarraibideetan eskaturiko baldintzak betetzen baldin badituzte.
Halaber, Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari erakunde eskudunei proposatzeko horretarako baldintzak betetzen dituzten beste toki batzuk kontserbazio bereziko eremu izenda ditzaten, Natur Erreserbak edo Basa Fauna Babesteko Eremuak, esate baterako.
Basa hegaztien kontserbazioari buruz Kontseiluak 1979. apirilaren 2an emandako EEE/79/409 Jarraibidearen I. Eraskinaren arabera, Bonelli arranoa, duen habitata dela eta, kontserbazio neurri bereziak behar dituzten espezietariko bat da, agertzen den eremuan espeziearen biziraupena eta ugalketa bermatu nahi baldin bada. Neurri horien artean, Jarraibidean adierazten da espezie horiek kontserbatzeko egoki diren lurraldeetan babes bereziko eremuak egin daitezkeela, kopuru eta azaleraren aldetik nahikoak.
Basa hegazti hori, Nafarroan nola Iberiar Penintsulako gainerako lurraldeetan, behera egiten ari da nabarmen. Nafarroako populazioa hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean zazpi bikotek osatzen zuten eta larogeita hamarreko hamarkadaren hasieran bost bikotek. Egun, hiru lurralde baino ez dute okupatzen.
Bonelli arranoa errekuperatu beharraren ondorioz, azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretuaren arabera galzorian dagoen espeziea baita, espeziea babestu eta zaintzeko zenbait neurri juridiko, tekniko eta adiministratibo hartu eta aplikatu behar izan dira. Horietako bat izan da Nafarroako Gobernuak espeziea babesteko proiektu bat Europako Batzordean aurkezteko ekinbidea, Europako Batasunaren LIFE programaren fondo komunitarioez baliatu ahal izateko, horixe baita ingurugiroa babesteko finantza baliabidea. Europako Batzordeak proiektu hori onartu eta onesteko, beharrezkoa da Bonelli arranoa ugaltzeko Planak hartuko duen lurraldea Hegaztien Babesgune Berezia (HBB) deklaratzea, Kontseiluak 1996.eko uztailaren 15ean emandako (EE) 1404/1996 Erregelamenduaren 9. artikulu bisean adierazitakoa aplikatuz. Deklarazio horrek Etxauriko Harkaiztegia eta Kaparretako Naturgunea ere hartuko lituzke, horiek baitira Bonelli arranoa ugaldu, hazi eta elikatzeko eremuak. Lehen esan bezala, Irunberriko Natur Erreserba 1990. urtean deklaratu zen Leireko Mendikateko HBBren barruan dago.
Gainera, Kaparretako Natur Erreserban sai arreen (Gyps fulvus) kolonia aipagarri bat bizi da, hogei bikote baino gehiago, eta hantxe egiten dute habia sai zuriak (Neophron percnopterus) eta hontza handiak (Bubo bubo). Etxauriko haitzetan, bestalde, habia egiten dute sai arreen (Gyps fulvus) hirurogeita hamar bikote baino gehiagok, baita hontza handiak (Bubo bubo), belatz handiak (Falco peregrinus), sai zuriak (Neophron percnopterus) eta belatxinga mokogorriak (Pyrrhocorax pyrrhocorax). Hegazti rupikola horiek guztiak 79/409 Jarraibidearen I. Eraskinean agertzen dira.
Dena den, garrantzitsua da zehaztea, Kaparretako Natur Erreserba eta Etxauriko Harkaiztegia EEE/79/409 Jarraibidearen 4. artikuluaren arabera sailkatuta ere, ez dela aldatuko, Natur Erreserba gisa edo Basa Fauna Babesteko Eremu gisa, egun duten araubide juridikoa. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren iritziz, babes araubide horrek 79/409 Jarraibidearen beharkizunak aski betetzen ditu.
Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak, erabaki du:
Lehena
Ingurugiro Ministerioari proposatzea Kaparretako Natur Erreserba (NE-26) eta Etxauriko Harkaiztegiko Basa Fauna Babesteko Eremua (BFBE-14) Hegaztien Babesgune Bereziak (HBB) deklara ditzan, ondoren erabaki hori Europako Batasuneko erakunde eskudunei igortzeko, hori guztia basa hegaztien kontserbazioari buruz Kontseiluak 1979. urteko apirilaren 2an emandako EEE/79/409 Jarraibidearen arabera.
Bigarrena
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematea Ingurugiro Ministerioan behar diren gestioak egin ditzan, arestiko zenbakian aipatu lurraldeak Hegaztien Babesgune Bereziak deklaratzeko asmoz.
Hirugarrena
Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Laugarrena
Erabaki honen berri ematea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Ingurugiro Ministerioari eta Etxauri, Ziritza eta Girgillanoko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.