Castellano | Euskara | Français | English
(1995eko 102. NAOn argitaratua, abuztuaren 16an)
Atarikoa
Urtarrilaren 13ko 30/1992 Foru Dekretuak, abenduaren 13ko 375/1993 Foru Dekretuak eta maiatzaren 22ko 115/1995 Foru Dekretuak aldatu zuten irailaren 30eko 323/1991 Foru Dekretuaren bidez Lehendakaritza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
Urtarrilaren 7ko 1/1992 Foru Dekretuak eta urtarrilaren 16ko 5/1995 Foru Dekretuak aldatu zuten irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretuaren bidez Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.
Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru legearen 46.3 artikuluak ezartzen du Gobernuak aldatuko dituela departamentuen izena eta eskumenak, bai eta zerbitzuak eskualdatuko ere.
Aipatu Foru legearen 50.1.b) artikuluak ezartzen du Gobernuari dagokiola erakunde autonomoak sortu, aldatu eta kentzea.
Horrenbestez, Lehendakaritza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko abuztuaren hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
1. artikulua
1. Lehendakaritza Departamentuari eskualdatzen zaizkio orain arte Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren Lan eta Enplegu Zuzendaritza Nagusiak, irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, bete izan dituen eskumenak.
2. Lehendakaritza Departamentuari eskualdatuko zaizkio Lan Zerbitzua eta Enplegu eta Ekonomia Sozialaren Zerbitzua eta haien menpeko atalak, bai eta Lan eta Enplegu Zuzendaritza Nagusia, aurrerantzean Lan Zuzendaritza Nagusia izanen dena.
3. Lan Zuzendaritza Nagusiaren eta Lan eta Enplegu eta Ekonomia Sozialaren Zerbitzuen eginkizunak irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretuaren 20.etik 29.era bitarteko artikuluetan adierazitakoak izanen dira.
2. artikulua
1. Funtzio Publikoaren eta Antolamendu eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiak desagertu eginen dira.
2. Funtzio Publikoaren eta Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusia sortzen da, bertan sartuko direlarik Langileri Zerbitzua, Funtzio Publikoaren Antolamenduko Zerbitzua, Lan Harremanen Zerbitzua, Informazioaren Metodologia eta Segurtasunaren Zerbitzua, Informazioaren Antolamendu eta Plangintza Zerbitzua eta Informazioaren Biltegi eta Teknologi Zerbitzua.
3. Funtzio Publikoaren eta Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak irailaren 30eko 323/1991 Foru Dekretuaren 20. eta 34. artikuluetan adierazitakoak izanen dira.
3. artikulua
1. Nafarroako Emakumearen Institutua Erakunde Autonomoa sortzen da, Lehendakaritza Departamentuari atxikia.
2. Nafarroako Emakumearen Institutuaren egitura eta eginkizunak Foru Dekretuaren bidez ezarriko dira.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Foru Dekretu honetan xedatutakoaren kontra doazen lerrun bereko edo beheragoko xedapen guztiak indarrik gabe gelditu dira.
Azken Xedapenetan Lehenbizikoa
Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu honetan xedatutako guztia bete dadin behar diren kredituak gaitzeko aurrekontuan aldaketak egiteko ahalmena ematen zaio.
Azken Xedapenetan Bigarrena
Lehendakaritza kontseilariari Foru Dekretu honetan dauden aurrikuspenak garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio.
Azken Xedapenetan Hirugarrena
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.