Castellano | Euskara | Français | English
ERABAKIA, 2000ko maiatzaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Europako Batasunarentzat ardurazko izan daitezkeen Nafarroako tokien zerrenda behin-behinekoz onetsi, jendaurrean jarri, eta agintzen du Ingurugiro Ministerioari igortzeko, hala komeni bada Natura 2000 sareari erantsi diezaion, Estatu Espainoleko gainerakoekin batera
(2000ko 68. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 5ean)
Atarikoa
Kontseiluaren maiatzaren 21eko 92/43/EEE zuzentaraua (habitat naturalak eta basa fauna eta flora babestu beharraren gainekoa) Europako Batasunaren tresna nagusia da naturaren babes gaietan, Batasuneko Hamabost kideek Ríoko gailurra sinatzean (1992) hartu zuten konpromisoaren ondoriozkoa. Konpromiso hori, toki sare baten bidez gauzatu nahi da, Natura 2000 sarea alegia, zeinetan mantendu behar diren, behar bezalako kontserbazio egoeran, Batasunak ardurazko deklaratu dituen habitat eta taxoi guztien mostrak. Sare horretan automatiko sartzen dira Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE), 79/409/EEE zuzentaraukoak.
Natura 2000 sarea eratzeko, zuzentarau horrek hainbat irizpide zientifiko eta egutegi bat ezartzen ditu hasi 1992tik 2004ra arte. Zuzentarauko 4. artikuluaren arabera, Estatu erkideek toki zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, nolako habitat naturalak eta taxoi ardurazkoak diren adieraziz. Batzordeak, Estatu erkide bakoitzarekin bat eta estatuek proposatu dituzten tokiak oinarri, proiektu bat idatziko du Batasunarentzat Ardurazko diren Tokiak (BAT) zerrendatzeko. Ondoren Batzordeak onesten ditu hautatu diren tokiak eta Estatu erkideek toki horiek Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituzte.
92/43/EEE zuzentaraua Espainiako zuzenbidera ekartzeko, 1997/1995 eta 1193/1998 Errege Dekretuak eman ziren, zeinetan Erkidego autonomoei eman zitzaien beren lurraldeko tokiak proposatzeko eskumena eta ondoren tokiok kudeatzekoa ere bai, Administrazio Orokorrari prozesu guztiko ordezkaritza eta koordinazio eginkizunak emanaz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Batzordearen Zerbitzuek eta Ingurugiro Ministerioak ezarri dituen irizpide teknikoak kunplitzeko, hainbat toki hautatu ditu, habitat eta taxoien gaineko baldintzak hobekienik betetzen dituztenak. Sare horrek, izan ere, azalera handiko toki sail ez ugariegia osatu nahi du, uste baitu horrek aisatu egiten duela haien kudeaketa orekatua eta ingurugiroaren gaineko politika sektorialen barrenean integratzea. Ildo horretatik, 92/43/EEE zuzentaraua betetzeko, ez da zertan eremu horiek naturgune babestutzat deklaratu.
Proposatzen diren tokien formularioetan (erabaki honi erantsirik datoz) Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako ezinbesteko diren eta toki horietako zenbait ukitzen dituzten ekintzak eta azpiegiturak sartzen dira. Horrek ez ditu ezeztatzen esangura ematen dieten kontserbazio helburuak. Era berean, Erabaki hau hartzean, Nafarroako Gobernuak uste du toki horien gaineko eragina izan lezaketen interes publikoko ekintzak, beti ere aurretik behar bezalako ingurugiroaren gaineko eragina Ebaluaturik eginen direla, 92/43/EEE zuzentarauko 6. artikuluak agintzen duen moduan.
Hori horrela, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik eta abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuko 4. artikuluarekin eta naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, Nafarroako Gobernuak:
Erabaki du:
Lehena
Behin-behinekoz onestea Kontserbazio Bereziko eremutzat deklaratzeko moduko tokien zerrenda, Natura 2000 Europako sare ekologikoan integratzeko, Kontseiluaren maiatzaren 21eko 92/43/EEE zuzentaraua (habitat naturalak eta basa fauna eta flora babestu beharraren gainekoa), eta abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretua (neurriak ezartzen ditu habitat naturalak eta basa fauna eta flora mantenduz biodibertsitatea bermatzeko) betetzeko. BAT direlakoak onetsi eta mugatzeak ez du galaraziko gero batean haien gaineko eragina duten interes publikoko ekintzak eta azpiegiturak garatzea, 92/43/EEE zuzentarauko 6. artikuluaren arabera eta behar bezalako Ingurugiroaren gaineko Eraginaren ebaluazioa eginaz. Delako zerrenda eta haren formulario normalizatuak erabaki honen eranskinean ageri dira.
Bigarrena
Jendaurrean jartzea, luzenez Erabaki hau argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan, Natura 2000 sarean sartzeko proposatzen diren tokien zerrenda.
Hartarako, proposatzen diren tokiak ageri dituzten formularioak ikusgai egonen dira Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alhondiga kaleko 1, 1. sol. Iruñean) eta zilegi izanen da nahi duenak epe horretan idatziz aurkeztea zenbat ere alegazio bidezko iruditzen zaizkion.
Hirugarrena
Esku ematea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari behar diren kudeaketak egin ditzan Erabaki hau betetzeko, eta igortzea proposatzen diren tokien zerrenda Ingurugiro Ministeriora, hala tokatzen bada Estatu Espainoleko gainerakoekin batera Natura 2000 sarean sar dezan.
Laugarrena
Erabaki honen berri ematea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Nafarroako Gobernuko departamentuen Idazkaritza Teknikoei, orok jakin dezaten.
Bosgarrena
Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.