(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

253/2002 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, abere produkzio integratua arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2003ko 17. NAOn argitaratua, otsailaren 7an. Aldaketak: 13/2014 Foru Dekretua, urtarrilaren 29koa)

Atarikoa

Europako nekazaritzarako gaur egungo politikak kezka handia du elikagaien ekoizpenarekiko. Elikagai horiek segurtasunaren ikuspegitik osasuntsuak izan ez ezik ingurumena errespetatu eta gizakiek jatekoak diren abereen ongizatea bermatu ere egin behar dute.

Lehenbiziko helburua, elikagaien segurtasuna, abereak ekoizteko edozein ohiko baliabideren bidez lortu behar da. Hala ere, Nafarroako Gobernuak, "produkzio integratua" deritzen beste ekoizpen sistema batzuk aintzakotzat hartuz, Nafarroan, Espainian eta atzerrian landareak ekoizteko garatu eta burutu direnak, komenigarritzat jo du abereengandik lorturiko elikagaiak ekoizteko sistema bat bultzatzea, prozesuko bakoitzean berme gehiago gaineratzeko, aberea hazten denetik abere-produktua saltzen denera.

"Abere produkzio integratua" delakoaren oinarrizko irizpide eta tresnak honen bidez arautzen dira. Haren xedea da betebehar osagarri batzuk ezartzea, abere-produktuak giza elikadurarako seguruagoak izan daitezen eta, horrekin batera, ingurumena gehiago errespetatu dezatela, abereen ongizateari buruzko arautegia hertsiki betez ekoitziko baitira. Administrazio Publikoak kontrolatuko du abere produkzio hau ekoizpen prozesuko fase bakoitzean. Administrazioak berak ziurtatuko du prozesu osoaren egiazko eta segurua, fedea emanez.

Abere produkzio "integratua" arduratzen da elikagaien segurtasun handiagoaz eta natur baliabideen mantentzeaz, ez bakarrik Europako Batasuneko edo hemengo orotariko arauek eskatzen dituzten betebeharrekin, baizik eta, horiez gain, elikagai-kate osoan diharduten eragile publiko eta pribatu guztiek parte harturik, sortu diren berariazko arau tekniko batzuek eskatzen dituztenekin.

Gainera, sobera estentsiboak ez diren abeltegiendako interes berezia izan dezake abere produzkio integratuak, inbertsio nabarmenak egin baitituzte gaurkotzeko, askotan Nafarroako aurrekontu orokorrek eta Europako Batasuneko fondoek lagundurik. Abeltegi horiek, urrats txiki batzuk eginez, abereak ekoizteko metodoak sor ditzakete, elikagai segurtasunerako, ingurumenerako eta abereen ongizaterako ondorio onuragarriak lorturik.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abenduaren hamaseian harturiko Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean abere-produktu fresku eta eraldatuen eta hilkizun diren abere bizidunen ekoizpena, prestakuntza eta merkaturako bereizketa arautzea, elikagai segurtasuna eta ingurumenaren babesa eta abereen ongizatea bermatzen dituzten baliabideen bidez lortuko baitira, nazioartean "produkzio integratua" deritzonarekin bat.

2. artikulua. Definizioa.

1. "Abere produkzio integratua" hauxe da: gizakiek jateko ekoizten diren abereen hazkuntza eta haien ustiapena elkarrekin bat etortzeko abereen produkzioko sistema bat da, non, ekoizpen prozesu osoan, elikagai-segurtasuna, ingurumenaren babesa eta abereen osasuna eta ongizatea aintzakotzat hartzen baitira, bai abeltegian berean, bai gero produktuak eraldatzeko fasean.

2. Abere produkzio integratuak kontu hauek lehenetsiko ditu, osagarritzat jotzen diren beste batzuk deusetan galarazi gabe:

a) Osasunari eta ingurumenari buruz berariazko erregelamendu teknikoetan eskatzen diren betebeharrak, Foru Dekretu honetako 6. artikuluaren arabera onetsiko direnetan.

b) Abeltegietako higienea.

c) Horrela definitzen diren abereen identifikazioa.

d) Abereen joan-etorrien kontrola.

e) Abereak bazkatzeko erabiltzen diren jakien kontrola.

f) Gaixotasunen profilaxia.

g) Abereen osasun egoeraren mantentzea.

h) Abereen bazkan albaitariek kontrolaturiko botikak erabiltzea.

i) Abereen ongizateari buruzko arauak.

j) Abeltegia eta eraldaketarako instalazioak ingurumena errespetatzen duten teknikak erabilirik kudeatzea.

k) Lorturiko produktuaren nondik norakoak.

3. artikulua. Sistemari atxikitzea.

Abere produkzio integratuaren sistemari atxikitzen ahal dira ondoko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dauden abeltzaintzako ustiategietatik abere produktuak eskuratzea.

b) Aurreko letran aipatzen diren produktuak Nafarroan eraldatzea kasuan kasuko erregelamendu teknikoetan ezarritakoari jarraikiz.

4. artikulua. Erregistroa.

1. Aurreko artikuluan xedaturikoa betetzeko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan Abere Produkzio Integratuko Erregistroa sortzen da. Horretan, Nafarroan produkzio integratua egiten duten abeltzainek emanen dute izena, bidezko diren agiriak aurkeztu ondoren eta aldez aurretik ezartzen diren kontrolak gainditurik.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, Foru Agindu baten bidez, Abere Produkzio Integratuko Erregistroan inskribatzeko agiriak eta aldez aurreko kontrolak zehaztuko ditu.

5. artikulua. Ziurtapena.

1. Abere produkzio integratuko sistemari datxezkion abeltzainek, Abere Produkzio Integratuko Erregistroan inskribaturik badaude eta aplikatzekoak diren arauak betetzen badituzte, hori dena ziurtatzen ahalko dute, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak banatzen duen ziurtagiri baten bidez.

Ziurtagiri horrek epe baterako balioko du eta abeltzainek egiten duten ekoizpen motaren oinarrizko ezaugarriak adieraziko ditu.

6. artikulua. Erregelamendu teknikoak.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak behar diren berariazko erregelamendu teknikoak onetsiko ditu. Horietan abere-produkzioa "abere produkzio integratutzat" jotzeko behar diren betebeharrak ezarriko dira. Nahitaezkoak, komenigarriak eta debekatuak diren egitekoak bilduko ere ditu.

Erregelamendu teknikoek kontu hauek finkatuko dituzte, gutxienez ere:

a) Abeltegiek ingurumenari dagokionez bete beharreko baldintzak.

b) Gaixotasunen profilaxia eta abereen osasuneko bestelako kontuak.

c) Elikaduran erabiliriko metodo eta produktuak.

d) Abeltegiaz arduratzen den albaitaririk izan ote den.

e) Abeltegiko tratamenduen liburua, behar bezala osatua, eta egin beharreko beste ohar eta erregistroak.

i) Abereen ongizate egoera.

g) Hondakinak, simaurra, abere hilak eta beste aplikatzekoak diren arauekin bat desagertaraztea.

7. artikulua. Abeltzainen eginbeharrak.

Abere-produkzio integratuko sistema darabilten abeltzainek eginbehar hauek izanen dituzte:

a) Foru Dekretu honetan aipatzen diren abere produkzio integratuko kontzeptuen oinarrizko ezagutza izatea.

b) Dagozkien berariazko erregelamendu teknikoak betetzea.

c) Behar diren liburu eta erregistroez arduratzea.

d) Bidezko diren ikuskapen eta kontrolak onartzea.

8. artikulua. Kontrola.

Nafarroako Foru Komunitatean Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak burutuko du abere-produkzio integratuaren kontrola, "Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra, S.A." delakoaren bidez. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sortu eta Foru Dekretu honen xedea lortzeko izendatu eta baimendu du.

9. artikulua. Bereizketa eta etiketak.

1. Abere-produkzio integratuaren bidez ekoitzi edo prestatzen diren produktuak ohar, marka, ikur edo logotipo batekin etiketatzen ahalko dira. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsiko du eta, gutxi gora-behera, nekazaritza integraturako ezarri dena bezalakoa izanen da.

2. Bereizgarri horiek erabiltzeko baimenak kasu hauetan bakarrik emanen dira:

a) Produktua, fase guztietan, 4. artikuluan aipatzen den erregistroan izena emaniko abeltzainek ekoizten dutenean, betiere Foru Dekretu honetako 7. artikuluan aipatzen diren egitekoak egin badituzte.

b) Produktua Foru Dekretu honetan xedaturikoaren arabera ekoizten denean.

c) Bereizgarria erabiltzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezartzen dituen berariazko baldintzak betetzen direnean.

3. Debeku da Foru Lege honetan ezarririkoak ez beste metodo batzuen bidez ekoitziriko abere-produktuetan "produkzio integratua" esaera edo antzeko ahoskera edo idazkera duten beste batzuk erabiltzea, baita antzekoak izateagatik nahasgarriak izan daitezkeen zeinu, marka, ohar, logotipo edo adierak ere, "mota" edo antzeko hitzak badarabiltzate ere.

10. artikulua. Abere Produkzio Integraturako Batzorde Koordinatzailea.

1. Abere Produkzio Integraturako Batzorde Koordinatzailea sortzen da. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia edo haren ordezkoa izanen da Batzordeko lehendakaria eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren eta abeltzaintza sektorearen ordezkariak izanen ditu kide.

Batzorde horrek teknikariei, aholkulariei edo erakunde espezializatuei eskatzen ahalko die gai zehatzetan parte har dezatela.

2. Batzorde Ebaluatzailearen eginkizunak:

a) Jarduteko arauak proposatu eta lanerako planak prestatzea.

b) Foru Dekretu honetan aipatzen diren jardueren berri izatea.

c) Berariazko erregelamendu teknikoen gainean txostenak egitea.

d) Foru Dekretu honetarako interesgarriak diren gai guztien gainean txostenak egitea, bereziki, abere-produkzio integratua arautu, burutu eta sustatzeko balio duten neurrien gainean.

11. artikulua. Baldintzak ez betetzea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, ohartzen bada abere-produkzio integratuko baldintzak ez direla bete, abeltegi bat Abere Produkzio Integratuko Erregistrotik kendu eta inskripzioak, ziurtapenak eta Foru Dekretu honetan aipatzen diren bereizgarriak indargabetu edo aldi baterako bertan behera uzten ahalko ditu.

Xedapen Gehigarria

1. "Navarra de Servicios, S.A." (NASERSA) Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoaren menpeko laborategia izendatzen da Nafarroa Foru Komunitateko laborategi, abere-produkzio integratua kontrolatzeko.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezarriko ditu kontrolerako laborategiak erabili beharreko protokoloak.

Azken Xedapenak

Lehenbizikoa

Esku ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa