Castellano | Euskara | Français | English
(2014ko 123. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 25ean)
Zioen Azalpena
Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruz emandako 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat, Nafarroan Babes Bereziko 5 Eremu (ZBE), besteak beste, izendatu ziren eta haien kudeaketa planak onetsi ziren foru dekretu hauen bidez: ekainaren 17ko 68/2008 FD ("Bertizko Jaurerria" ZBE); otsailaren 7ko 9/2011 FD ("Orreaga-Iratiko Oihana" ZBE); abenduaren 14ko 242/2011 FD ("Arrigorrieta eta Ezkaurre" ZBE); abenduaren 14ko 243/2011 FD ("Larrondo-Lakartxela" ZBE); eta abenduaren 14ko 244/2011 FD ("Larra-Aztaparreta" ZBE).
Aipatu foru dekretu bakoitzaren azken xedapenetako lehenean kudeaketa planen indarraldia ezartzen da.
Onetsitako kudeaketa planetan epe luzeko plangintza ezartzen da, elementu hauekin: funtsezko elementuak (ardatz nagusiak, espazioaren babes aktiboaren oinarri direnak), azken helburuak, araudia eta kudeaketarako jarraibide edo orientabideak. Epe laburreko plangintza ere bada, planen indarraldian egin beharreko jarduketak (neurriak) dituena.
Epe luzeko plangintza aipatu foru dekretutan ezarritako indarralditik harago doa. Horregatik, bidezkoa da indarraldi hori mugarik gabe luzatzea hainbat elementuri dagokienez (funtsezko elementuak, azken helburuak, araudia eta kudeaketarako jarraibide edo orientabideak), aldian behin berrikustea galarazi gabe.
Egundaino eratu diren Jarraipen Batzordeei honen berri eman zaie, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluak aldeko txostena eman du.
Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko ekainaren 11n egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak, dekretatu du:
1. artikulua. Xedea.
Mugarik gabe luzatzen dira (funtsezko elementuei, azken helburuei, araudiari eta kudeaketarako jarraibide edo orientabideei dagokienez) ZBE hauen kudeaketa planen indarraldia: "Bertizko Jaurerria", "Orreaga-Iratiko Oihana", "Arrigorrieta eta Ezkaurre", "Larrondo-Lakartxela" eta "Larra-Aztaparreta".
Azken Xedapenetako Lehena. Garatzeko gaikuntza.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.