Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2008ko 8. NAOn argitaratua, urtarrilaren 18an. Aldaketak: 160/2015 Foru Agindua, ekainaren 3koa)
Atarikoa
Kontratuei Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36. artikuluko 3. idatz-zatian ezarrita dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, erakunde autonomoak alde batera utzita, hornidura kontratuak sinatzeko ahalmena ekonomia arloan eskumena duen departamentuari dagokiola, artikulu bereko aurreko idatz-zatian adierazitako hornidurenak izan ezik, hots, Foru Komunitateko Administrazioko zuzendari nagusiek, idazkari tekniko nagusiek eta zerbitzuko zuzendariek beren administrazio unitatearen jardunbiderako beharrezkoak diren gastu txiki gisa baimentzen dituzten hornidurak. Azken horietatik aparte uzten dira modu zentralizatuan egiten diren hornidurak.
Bestalde, foru lege beraren 38. artikuluko 3. idatz-zatiak xedatzen du ekonomia arloan eskudun den kontseilariak hornidurak kontratatzeko eskumenak berrantolatzen ahalko dituela, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko beste kontratazio organo batzuek hornidurak kontratatzeko dituzten eskumenak zentralizatu ere, erakunde autonomoen eskumenak izan ezik. Horretarako foru agindua eman beharko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioren Departamentuentzako, erakunde autonomoentzako eta haren menpeko edo hari lotutako zuzenbide publikoko beste entitate batzuentzako hornidura eta laguntza kontratuak sinatzeko eskumenak berrantolatzeko asmoz, apirilaren 19ko 173/2004 Foru Dekretua onetsi zen, hornidura eta laguntza kontratuak sinatzeko eskumenak antolatu zituena. (2004ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa). Foru dekretu hori tresna erabilgarria izan da azkeneko urteotan jarduera antolatzeko, baina kontuan harturik Kontratu Publikoei buruz onetsi den ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan izandako aldaketak, Ekonomia eta Ogasun Departamentua Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Erosketa Zentralizatuaren Sistemari atxiki zaiola, esparru-akordioen bitartez kontratatzeko hedatu diren teknika berriak eta, azkenik, izandako esperientzia, beharrezkoa da beste arau bat onestea, kontratazio arloan dauden eskumenak berrantolatzeko eta prozedurak hobetu eta arintzeko.
Lehenbizi, ekonomia arloan eskumena duen departamentuak arauaren menpe dauden departamentu guztientzako hornidurak kontratatzeko eskumen orokorretik abiatuz, Administrazio osoak erabiltzekoak diren hornidurak modu zentralizatuan egitekoak direla deklaratuko da, kontuan harturik Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zenbait esparru-kontratu sinatu dituela ondasunak erosteko eta hitzarmen bat formalizatu duela Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiarekin ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Testu Bateginaren 183.1 eta 199. artikuluetan ezarritako kontratazio zentralizatuaren sistemari atxikitzeko eta horren bidez zenbait ondasun erosteko. Hortaz, gomendagarria da ondasun haien hornidura modu zentralizatuan egitekoa dela deklaratzea, departamentu guztiek aukera izan dezaten prezioen deskontuez baliatzeko eta kudeaketa hobetzeko.
Bigarrenik, Administrazio osoan berdin erabili beharrekotzat jotzen diren hornidura batzuk modu zentralizatuan egitekoak direla deklaratuko da, konparazio batera, informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoak, telekomunikazioetako ekipo edo sistemak, ibilgailu motordunen zainketa eta konponketei lotutakoak, pertsonen, eraikinen eta instalazioen segurtasuna bermatzearekin lotura estua dutenak eta, azkenik, Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboa erakusten duten paperen hornidura.
Hirugarrenik, Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan eta eskumenen banaketan izandako aldaketen ondorioz, beharrezkoa da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari esleitzea informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoen hornidurak, telekomunikazioetako ekipo edo sistemenak, ibilgailu motordunen zainketa eta konponketari lotutakoak eta pertsonen, eraikinen eta instalazioen segurtasuna bermatzearekin lotura estua duten hornidurak modu zentralizatuan egiteko eskumena eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari, berriz, Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboa erakusten duten paperen hornidura modu zentralizatuan egiteko eskumena.
Hornidura zentralizatuari dagokionez, arauak kasuan-kasuan segitu beharreko prozedura ezartzen du.
Laugarrenik, departamentu batzuei hornidurak kontratatzeko eskumena esleitu zaie, bai orokorrean bai jardute-eremuaren alderdi batzuei dagokienez.
Kontratazio publikoaren gaineko araudiaren arabera eta ekonomia eta eraginkortasun printzipioak abiapuntutzat harturik, litekeena da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateek eta erakunde publikoek, administrazio horren entitate berekiek, gainerako administrazio publikoek, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien menpeko entitateek eta erakundeek eta haien entitate berekiek interesa izatea Foru Komunitateko Administrazioak sinatutako esparru-hitzarmenei edo hornidura kontratuei atxikitzeko, behar den hitzarmenaren bidez. Hortaz, bidezkoa da entitate horiek atxikipen hitzarmenak formalizatzeko segitu beharreko eredua ezartzea.
Bestalde, litekeena da Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edo hari lotutako zuzenbide publikoko entitate edo erakunde publiko batzuek beren eskumeneko horniduren kontratazio publikoak egiteko langile eta baliabide aski ez izatea eta, horregatik, beharrezkoa izatea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuarekiko lankidetza finkatzea, menpeko edo lotutako zuzenbide publikoko entitatearen edo erakunde publikoaren ohiko funtzionamendurako behar diren horniduren kontratazio publikoaren espedienteen instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ondare Zerbitzuak egin dezan, kudeaketarako esleipen baten bidez. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, kudeaketa esleipena egiteko eredu bat ezarri da.
Horrenbestez, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 38.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, agindu dut:
Lehena. Foru Aginduaren xedea.
Foru agindu honen xedea hornidura kontratuak sinatzeko eskumenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoen artean berrantolatzea da.
Bigarrena. Hornidurak kontratatzeko eskumenak.
Oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, hornidura kontratuetan kontratazio organoa Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izanen da, baina deusetan galarazi gabe horrek egiten dituen eskuordetzak, Nafarroako Foru Komunitateko zuzendari nagusiek, idazkari tekniko nagusiek eta zerbitzuetako zuzendariek beren administrazio unitateen funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txiki gisa baimentzen dituzten hornidurak (modu zentralizatuan kontratatzen diren hornidurak izan ezik), foru agindu honetan biltzen den eskumenen eskualdaketa, eta azkenik, 60.000 eurotik behera kalkulatzen diren hornidurak kontratatzeko, Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zerbitzutik beherako administrazio unitateetako titular batzuei esleitzen dien ahalmena.
Indarreko araudian xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edo hari lotutako zuzenbide publikoko entitateetan eta erakunde publikoetan kontratuak sinatzeko ahalmena haien estatutuetan zehaztuko da.
Hirugarrena. Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagozkion hornidura zentralizatuak.
Ondotik adierazten diren ondasunen hornidura modu zentralizatuan egitekoa dela deklaratzen da, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztiek berdin erabil ditzaten eta haien erosketa Ekonomia eta Ogasun Departamentuak sinatzen dituen esparru-kontratuen babesean egin dadin:
-Informatikako kontsumigarriak.
-Inprimagailuetako kontsumigarriak.
-Etiketa eta gutun-azalak (etiketak, dymo zintak, bidalketetarako zorro eta gutun-azalak, enbalaje-gaiak).
-Inprimatzeko papera.
-Blok eta kaierak.
-Idazteko tresnak (zuzentzeko materiala, lapitzak eta antzekoak, bolalumak, errotulagailuak, markagailuak, lumetarako tinta, zorrozkailuak).
-Bulegoko tresna orokorrak (itsasgarri eta kolak, guraizeak/kuterrak, grapagailuak, zulagailuak, tanpoiak, atxikitzeko gaiak -klipak, pintzak, txintxetak-, erretiluak eta beste).
-Hitzaldi eta aurkezpenetarako gauzak (hitzaldietarako materiala, enkoadernatzeko gauzak, karpetak eta aurkezpenetarako zorroak).
-Artxibatzeko materiala (artxibadoreak, karpetak eta antzekoak).
Ondasun horien kontratazioa, kalkulatzen den balioa 75.000 eurotik beherakoa denean, Nafarroako Gobernuaren intraneten dagoen aplikazio informatikoaren bidez eginen da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egiten dituen esparru-kontratuen agirietan ezartzen denaren arabera eta aplikazio informatiko horretan berean agertzen diren jarraibideen arabera, aurretik kreditua erreserbatuta. Erosketen balioa 75.000 eurokoa edo hortik gorakoa jotzen bada, kontratuaren esleipena Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eginen du Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 78. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Ekonomia eta Ogasun Departamentua Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren kontratazio zentralizatuaren sistemari atxikitzeko aktan ageri diren ondasunen hornidura ere modu zentralizatuan egitekoa dela deklaratzen da, ondoko hauena hain zuzen:
-(kenduta).
-Klimatizaziorako materiala.-(kenduta).
-Autoak.-Industriarako ibilgailuak.
-Motozikletak.
-Langileen kontrolerako eta segurtasunerako tresnak.
Ondasun horien kontratazioa Nafarroako Gobernuaren intraneten eskura dagoen aplikazio informatikoan ezarritako jarraibideei jarraikiz eginen da.
Laugarrena. Modu zentralizatuan eginen diren beste hornidura batzuk.
Ondoko ondasun hauen hornidura modu zentralizatuan eginen dela deklaratzen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztiek berdin erabil ditzaten:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren telekomunikazioko ekipo edo sistemak eta informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoak.
b) Ibilgailu motordunak konpondu eta kontserbatzea helburu dutenak.
c) Pertsonen, eraikinen eta instalazioen segurtasuna bermatzearekin lotura estua dutenak, betiere haien gaineko espedientea isilpekoa edo erreserbatua bada, edo espediente horretan presako kontratazioa baimentzen bada.
d) Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboa erakusten duten paperen hornidura.
Bosgarrena. Horniduren arloko eginkizunak.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta, hala badagokio, hornigaiak erosteko eskumena eskordetua duten departamentuek eginkizun hauek dituzte:
a) Foru Komunitateko Administrazioaren beharrak aztertu eta programatzea, hornidurei dagokienez.
b) Merkatuari eta hornitzaileei buruzko informazioa lortzea.
c) Hornidura kontratuen esleipena eta betearazpena arautuko duten klausula administratibo eta partikularren agiriak egitea, bai eta baldintza teknikoenak ere, dagokion departamentuak eskatuta.
d) Kontratazio espedienteetako fase guztiak kudeatzea, foru agindu honetan adierazitako salbuespenak izan ezik.
Seigarrena. Horniduren arloko prozedurak.
a) Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren beraren edo hornigaiak erosteko eskumena duten departamentuen eskumenekoak diren hornidura kontratuak honela tramitatuko dira:
1. Idatzizko eskaera, dauden beharrak adierazten dituena, eta departamentu interesdunak gastua baimentzeko idazkia.
2. Departamentu eskudunak hornidurarako kontratua prestatu eta esleitzea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
3. Oro har, hornigaiak hartzea eta ordaintzea ondasunen jasotzaile den departamentuari dagokio, salbu eta horrek baimena ematen badu departamentu esleipen-egileak egiteko, departamentu bera ez denean.
b) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73.4 artikuluaren babesean publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez esleitzen diren kontratuetan, ez da beharrezkoa izanen gastua aldez aurretik baimentzea eta horren ordez kreditua erreserbatu beharko da, aipatutako arauan ezarrita dagoen bezala, eta hornigaiak hartzea eta ordaintzea, oro har, ondasunen jasotzaile den departamentuari dagokio, salbu eta horrek baimena ematen badu departamentu esleipen-egileak egiteko, departamentu bera ez denean.
c) Modu zentralizatuan egin beharreko ondasun-horniduren kontratuetan, horien esleipena Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku baldin badago, eta, orobat, Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren menpe dagoen Erosketa Zentralizatuaren Sistemari atxikitzeko aktan finkatzen diren horniduretan, hornigaiak hartzea eta ordaintzea ondasunen jasotzailea den departamentuari dagokio.
d) Ibilgailu motordunen hornidura kontratuetarako, salbu eta Foruzaingoarentzat diren kasuetan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak erosketaren eskaeraren gaineko txosten bat eskatuko dio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari. Bertan, erosketa justifikatu beharko da; dela ibilgailu berria behar delako, dela daudenek behar berriak asetzerik ez dutelako. Horretarako, erosketa egin nahi duen organoak edo erakundeak ondoko aurreikuspenak adierazi beharko ditu txostenean: ibilgailuak urtean zenbat kilometro eginen dituen, zenbat ordu erabiliko den, bete nahi diren garraio beharrak, ibilgailuaren ezaugarri orokorrak eta gutxi gorabeherako gastua.
Zazpigarrena. Agindu teknikoak.
Informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoenak edo telekomunikazioetako ekipo edo sistemenak ez diren hornidurak kontratatzeko, aurreko artikuluan ezarritako tramitazioa segituko da. Eskatzen duen departamentuak, kasua bada Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren laguntzarekin, finkatu beharko ditu kontratua arautuko duten agindu teknikoak.
Modu zentralizatuan egin beharreko ondasun-horniduren kontratuetan eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren menpe dagoen Erosketa Zentralizatuaren Sistemari atxikitzeko aktan finkatzen diren horniduren kontratuetan, ez da beharrezkoa izanen kontratua arautzeko baldintza teknikorik prestatzea.
Informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoen hornidurak edo telekomunikazioetako ekipo edo sistemen hornidurak kontratatzeko, aurreko artikuluan ezarritako tramitazioa segituko da. Esleipena egiteko eskumena duen departamentuak finkatu beharko ditu kontratua arautuko duten agindu teknikoak.
Zortzigarrena. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren eskumenak.
a) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ondoko ondasunen hornidura zentralizatua egiteko eskumena esleitu zaio:
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren telekomunikazioko ekipo edo sistemak eta informazioaren teknologiako eta sistemetako aktibo informatikoak.
2. Ibilgailu motordunak konpondu eta kontserbatzea helburu dutenak.
3. Pertsonen, eraikinen eta instalazioen segurtasuna bermatzearekin lotura estua dutenak, betiere haien gaineko espedientea isilpekoa edo erreserbatua bada, edo espediente horretan presako kontratazioa baimentzen bada.
b) Era berean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ondoko hornidurak kontratatzeko eskumena esleitu zaio:
1. Autonomia, udal eta kontzejuetako hauteskundeak prestatu eta egiteko behar direnak.
2. Foruzaingoarentzako ibilgailuei eta material teknikoari dagozkienak, betiere isilpekoak edo erreserbatuak badira, edo presako kontrataziorako espedientea bada.
3. Bere zentro eta establezimenduetarako produktu galkorrak, garbiketa eta txukuntasunerako materiala eta botikak eta osasun materiala erostekoak.
Bederatzigarrena. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren eskumenak.
Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari esleitu zaio Nafarroako Gobernuaren irudi korporatiboa erakusten duten paperen hornidura zentralizatua egiteko eskumena.
Hamargarrena. Hezkuntza Departamentuaren eskumenak.
Nafarroako ikastetxe publikoek irakas-lanetarako behar dituzten hornigaiak erosteko kontratuak sinatzeko ahalmena Hezkuntza Departamentuari esleitu zaio, salbu eta modu zentralizatuan erosi beharrekoak eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren menpeko Erosketa Zentralizatuaren Sistemari atxikitzeko aktan finkatzen direnak. Esleitu zaio, orobat, informazioaren tratamendurako sistema eta ekipoen hornidura kontratuak sinatzeko eskumena, Nafarroako ikastetxe publikoetarako baldin badira, eta sistema eta ekipo horiek egoki erabili eta ustiatzeko behar diren gauzen hornidura kontratatzekoa.
Hamaikagarrena. "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren eskumenak.
"Vianako Printzea" Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari esleitu zaio liburutegi publikoetarako hornidura kontratuak egiteko eskumena, salbu eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak modu zentralizatuan egin beharreko hornidurenak eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Erosketa Zentralizatuaren Sistemari atxikitzeko aktaren menpekoak.
Hamabigarrena. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenak.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eman zaio FEAGA-FEDER funtseko laguntzak ordaintzen dituen erakundearen jarduera eta funtzionamenduarekin loturiko hornidura kontratuak egiteko eskumena, Europar Batasunaren araudi indardunari jarraikiz, salbu eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak modu zentralizatuan egin beharreko hornidurenak eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Erosketa Zentralizatuaren Sistemari atxikitzeko aktan finkatzen direnak.
Hamahirugarrena. Atxikipenak.
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateek eta erakunde publikoek, administrazio horren entitate berekiek, gainerako administrazio publikoek, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien menpeko entitateek eta erakundeek eta haien entitate berekiek aukera izanen dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo, foru agindu honen bidez, modu zentralizatuan egin beharreko horniduren kontratuak sinatzeko eskumena jasotzen duten departamentuek sinatzen dituzten hornidura kontratuei eta esparru-hitzarmenei atxikitzeko. Kasu horretan, eginkizunei eta prozedurari dagokienez, foru agindu honen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoari segituko zaio. Atxikipena eginda ere, ez da inolako aldaketarik gertatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateek eta erakunde publikoek eta haren entitate berekiek kontratatzeko dituzten eskumenetan.
b) Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo, foru agindu honen bidez, modu zentralizatuan egin beharreko horniduren kontratuak sinatzeko eskumena jasotzen duten departamentuek sinatzen dituzten hornidura kontratuei eta esparru-hitzarmenei atxikitzeko erabakiaren aktaren eredua onetsi da, erabaki hori hartzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateek eta erakunde publikoek, administrazio horren entitate berekiek, gainerako administrazio publikoek, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien menpeko entitateek eta erakundeek eta haien entitate berekiek erabiltzeko. Eredu hori foru agindu honen I. eranskinean ageri da.
Hamalaugarrena. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleipena egitea.
Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko edo hari lotutako zuzenbide publikoko entitateen edo erakunde publikoen ohiko funtzionamendurako behar diren horniduren kontratazio publikorako prozeduren kudeaketa, instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzeko eredua onetsi da. Eredua foru agindu honen II. eranskinean ageri da.
Hamabosgarrena. Uniformetasunaren aitorpena.
Administrazio osoan berdin erabiltzeko diren hornigaien uniformetasuna aitortzeko espedienteak tramitatzeko eta uniformetasun horretarako behar diren esparu-hitzarmenak tramitatzeko organo eskuduna Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzua izanen da, deusetan galarazi gabe foru agindu honen bidez hornigaiak erosteko eskumena hartu duten departamentuetako organo eskudunekin lankidetzan aritzea.
Hamaseigarrena. Argitalpena.
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzen da.
Hamazazpigarrena. Indar hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako edo haren menpeko zuzenbide publikoko entitateak eta erakunde publikoak, administrazio horren entitate berekiak, gainerako administrazio publikoak, hala nola administrazio horiei lotutako edo horien menpeko entitateak eta erakundeak eta haien entitate berekiak hornidura kontratuei eta esparru-hitzarmenei atxikitzeko eredua
Alde batetik, .......................... jaunak/andreak, Nafarroako Gobernuko .................... kontseilariak.
Eta bestetik, ....................... jaunak/andreak, ............................. erakunde autonomoaren, zuzenbide publikoko entitatearen edo entitatearen legezko ordezkariak.
Adierazten dute:
Nafarroako Gobernuko ......................... Departamentuak ondasunak erosteko zenbait kontratu eta esparru-akordio sinatu ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan gertatzen diren beharrei erantzuteko.
....................... erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea/entitatea interesaturik dago ...............(r)en hornidura esleitzeko .................. Departamentuak .......... egunean sinatu zuen kontratuari/esparru-hitzarmenari atxikitzeko. Horren bidez, ......................... enpresa(k) hautatu z(ir)en hornidura hori egiteko.
Bi alderdiek dagokien ordezkaritza eta elkarri beharkizunak ezartzeko lege-ahalmena onartzen dutela,
Erabaki dute:
Lehena.-....................... erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea/entitatea ...............(r)en hornidura esleitzeko .................. Departamentuak ................ egunean sinatu zuen kontratuari/esparru-hitzarmenari atxikitzen zaio (horren bidez ................................ enpresa(k) hautatu z(ir)en hornidura hori egiteko) eta hitz ematen du hornidura mota horretako kontratazio guztiak kontratuan/esparru-hitzarmenean hautaturiko hornitzaileei eginen dizkiela, bertan ezarritako moduan eta baldintzetan.
Bigarrena.-............................. erakunde autonomoak/zuzenbide publikoko entitateak/entitateak eskatzen zaion informazio guztia utziko du .................... Departamentuaren esku, esparru-hitzarmenaren edo kontratuaren zehaztapenak erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate/entitate horren behar espezifikoetara egokitzeko asmoz. Era berean, zerbitzuaz arduratzeko behar diren langileak izendatuko ditu, ................ Departamentuak adierazten dizkion jarraibideekin bat. Orobat, hitz ematen du ................... Departamentuak hornidurak egoki egiteko adierazten dizkion baldintza administratibo eta teknologikoak onartuko dituela.
Hirugarrena.-................................ erakunde autonomoak/zuzenbide publikoko entitateak/entitateak hitz ematen du esparru-hitzarmenaren edo kontratuaren gainean sortzen diren gorabehera guztien berri emanen diola .......................... Departamentuari.
Laugarrena.-...................... Departamentuak, ............... Zerbitzuaren bitartez, hitz ematen du dagozkion zerbitzuak eraginkortasunez eta arretaz emanen dituela, hitzarmen hau egoki bete dadin. Gainera, erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate/entitate horri jakinaraziko dio esparru-hitzarmenean edo kontratuan erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitate/entitateari buruz dagoen informazio guztia, bere ekimenez edo erakundeak eskatuta.
Bosgarrena.-Hitzarmen honek sinatu eta biharamunean hartuko du indarra eta ................... arte izanen du indarra, bi alderdiek bukatu baino ..................... lehenago amaitzea iragarri ezean.
Hitzarmen honen indarraldia luza daiteke, indarra galdu baino lehen bi alderdiek hala adostuz gero.
Iruñean, ......(e)ko ............aren ...............(e)an.
........................ kontseilaria (Erakunde publikoa/zuzenbide publikoko entitatea/entitatea), Legezko ordezkaria,
II. ERANSKINA. Horniduren kontratazio publikorako prozeduren instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzeko eredua
.........../200 EBAZPENA, ....aren .........koa, ............................ erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen zuzendari kudeatzaileak emana, .................... erakunde autonomo/zuzenbide publikoko entitatearentzako horniduren kontratazio publikorako prozeduren instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuaren esku uzten duena kudeaketaren esleipenaren bidez.
.................. aren bidez (sortzeko arau edo egintza jarri), ..................... erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea sortu zen, .................... Departamentuari atxikia. Haren estatutuak .................ren bidez onetsi ziren (jarri dagokion araua edo egintza).
Estatutu horien ... artikuluak dioen bezala, ............ erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea izaera administratiboko erakunde autonomoa/zuzenbide publikoko entitatea da, bere nortasun juridikoa eta bere xedeak betetzeko jarduteko ahalmen osoa dituena, hala nola, administrazioaren kontratuei buruz indarra duten arauek agindutakoari jarraikiz, kontratatzeko ahalmena.
Kontuan harturik bere eskumeneko kontratazio publikoaren prozedurak burutzeko baliabide gutxi dituela, hala langileriaren aldetik nola baliabide materialen aldetik, beharrezkoa da gai horietarako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari laguntza eskatzea eta horretarako kudeaketa esleitzea.
Kudeaketaren esleipena Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan arautu zen, Administrazioaren unitateen arteko lankidetzarako tresna gisa. Esleipen horrek ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea, ez eta horiek betetzeko oinarrizko elementuak ere.
Espedientean Ondare Zerbitzuaren adostasuna jaso da. Beraz, aipatu aginduan ezarritako baldintzak bete direnez, beharrezkoa da esleipena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, erabateko eragina izan dezan.
.................en bidez esleiturik ditudan eskurantzak erabiliz eta, Administrazioaren organoen arteko kudeaketa esleipenari buruz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. ............................ erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen ohiko funtzionamendurako behar diren horniduren kontratazio publikorako espedienteen instrukzioa, tramitazioa eta ebazpen proposamena Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari esleitzea ................ arte.
2. Espediente bakoitzaren aurretik haren deskripzioa emanen da, haren kudeaketarako behar den xehetasunez egina, eta behar den gastua egiteko baimena, horretarako ezarrita dagoen edozein bideren bitartez.
3. Prozedurak sustatzeaz eta haien segimenduaz ............ (erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen unitate eskuduna) arduratuko da, esleiturik dituen eginkizunen arabera.
4. Ebazpen hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzura eta ....................ra (erakunde autonomoaren/zuzenbide publikoko entitatearen unitate eskuduna jarri) igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, erakunde publikoaren/zuzenbide publikoko entitatearen zuzendari kudeatzailea