(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Egitura organikoa :
    • 74/2012 Foru Dekretua, uztailaren 25ekoa, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutuak onesten dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

74/2012 Foru Dekretua, uztailaren 25ekoa, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutuak onesten dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2012ko 150. NAOn argitaratua, uztailaren 31n. Aldaketak: 127/2012 Foru Dekretua, abenduaren 12koa. Akats zuzenketa, 2013-2-18ko NAOn; 40/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 14koa)

Atarikoa

Autonomia sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonei kasu egiteko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen oinarrizko baldintzak arautzen ditu, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistema bat sortuz, administrazio publiko guztien elkarlanarekin eta partaidetzarekin.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea onesteak, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez erregelamendua geroago garatzearekin batera, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen bultzada eta prozesu berri bat ekarri du, Espainiako Konstituzioak ezartzen duen gizarte estatuaren ereduan aurrera egitea sustatzen duena, Nafarroako herritarren ongizatean aurrerapena ekarriz.

Hori kontuan harturik, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia sortu zuen irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez. Erakunde hori mendekotasun egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko gizarte zerbitzuak kudeatzeko ereduak egituratu eta berrantolatzeko asmoz sortu zen.

Funtzionamenduarekin lortutako esperientziak, harrezkeroztik arauetan egindako aldaketek, eta, bereziki, egungo testuinguru ekonomikora egokitu beharrak, austeritate ekonomikoa eta erantzukizuna oinarri izanda jokatu behar baitute administrazio publikoek, agerian uzten dute estatutu berriak onetsi behar direla, inguruabar horietara egokitzeko, giza baliabideak eta baliabide materialak hobeki kudeatuz eta, ahal dela, erakunde autonomoaren egitura sinplifikatuz.

Helburu hori izanda, foru dekretu honen bidez Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutu berriak onesten dira, haren egitura berria ezarriz, bi zuzendariordetza eta zortzi atalekoa. Agentziaren mendeko bost zentrok osatzen dute egitura.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola erakunde autonomoen estatutuak onestea, foru dekretuaren bidez.

Hori horrela, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Estatutuak onestea.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia erakunde autonomoaren estatutuak onetsi dira. Horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Lege erreferentziak.

Foru dekretu honetan esleitutako eginkizunetan eragina duten egungo araudiko aipamen organiko eta funtzionalak foru dekretu horretan arautzen diren organo eta unitateentzat direla ulertuko da.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Izendapena berrestea.

Berretsi egiten da, gertatu zeneko baldintza beretan, Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordearen izendapena, hemendik aurrera Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza izanen dena, baita Mendekotasunerako Zerbitzuen zuzendariordearena, izenari eusten diona.

Era berean, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako ataletako egungo buruen izendapenak ere berretsi egiten dira, baita hari atxikitako zentroetako egungo zuzendariarenak ere.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Genero berdintasuna.

Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal mugatuko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "consejero", "director", "presidente", "secretario" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio guztietarako.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Administrazio unitateen jarraipena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren estatutuak onetsi zituen abuztuaren 24ko 137/2011 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Lehena. Erregelamenduzko garapena egiteko gaikuntza.

Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO MENDEKOTASUNERAKO AGENTZIA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA, ATXIKIPENA ETA ESKUMENAK

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia erakunde administratibo autonomo bat da, berezko nortasun juridikoa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, bere xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia, bere helburuak lortzeko, Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako Departamentuko Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak plangintza eta politika orokorrari buruz ematen dituen jarraibideen mendean dago eta hari atxikirik. Bestalde, departamentu horren esku gelditzen dira Agentzia kontrolatu eta babesteko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta antolamendu juridiko eta administratiboan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Eskumenak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari dagozkio gizarte zerbitzu orokorren zorroaren prestazioen kudeaketa eta koordinazioa, ondoko arlo hauetan: mendekotasuna dutenentzako laguntza, adinekoentzako laguntza, desgaitasuna dutenentzako laguntza eta gaixotasun mentala dutenentzako laguntza.

Eskumen horiek garatzeko, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko behar diren zerbitzu eta baliabideak kudeatzea.

b) Gizarte zerbitzu orokorren zorroaren prestazioak kudeatzea, bere eskumeneko esparruari dagozkionak.

c) Autonomia pertsonala sustatzeko, mendekotasunari aurrea hartzeko eta mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko behar diren zerbitzu eta baliabideak kudeatzea, hala berekiak, nola ekimen pribatuko entitateenak, pertsonari bere ohiko giroan irauteko erraztasunak ematea helburu.

d) Gizarte eta osasun arloko baliabideak garatu eta kudeatzea, bere eta entitate laguntzaileen programa eta ekintzen bidez.

e) Banakako Arreta Programak prestatzen direla bermatzea.

f) Herritarrei informazioa eskaini, erraztu, hurbildu eta eskuragarri jartzea.

g) Mendekotasun arloan arreta eta sostengurako programetarako baliabideak lortzea.

h) Autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko indarra duen araudia betearaztearen ondoriozko jarduketak egitea, Foru Komunitateko edozein erakunde publikok eskatuta.

i) Departamentuak mendekotasunaren arloan dituen plan eta programak diseinatu, gauzatu, ebaluatu eta jarraipena egiten laguntzea.

j) Autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako baliabideak sustatu eta bideratzea.

k) Departamentuari arau berriak proposatzea eta horiek prestatzen laguntzea.

l) Departamentuari programak gauzatzeko finantzaketa beharrak proposatzea.

m) Antzeko eginkizunak, Agentziaren helburuak lortzeko balio badute.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendaritza organoak:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Kudeaketako Zuzendaritza.

c) Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.

d) Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetza.

II. KAPITULUA. Gobernu kontseilua

5. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

a) Kontseiluburua: Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusia. Eritasuna edo bestelako arrazoiren bat dela medio, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak jardunen du haren ordez.

b) Kideak: zuzendari kudeatzailea eta Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendariordeak, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, eta osasun, aurrekontu eta ondareko arloetan eskudun diren zuzendaritza nagusietako titularrak.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bi kide ere izanen dira Gobernu Kontseiluko kide. Foru Komunitateko Administrazioak organo horretan dituen ordezkariak ez direnek hautatuko dituzte beren artetik.

2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, Gizarte Politiketako kontseilari titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.

6. artikulua. Ahalmenak.

Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:

a) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren ondarea administratzea.

b) Ondasun higiezinen erosketa edo haiek erabiltzearen gaineko edozein egintza proposatzea.

c) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentro eta zerbitzuetan sartzeko baremoa onestea.

d) Sistema publikoko zentro eta zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoen araubidea onestea.

e) Kontseiluburuak presako kasuetan emandako ebazpenen eta probidentzien berri izatea.

7. artikulua. Kontseiluko buruaren ahalmenak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako Gobernu Kontseiluko buruari ahalmen hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren bileretarako dei egitea eta horietarako gai zerrenda ezartzea, bilkuretan buru eta zuzendari lanetan aritzea, eta haren erabakiak eta jardunari buruzko arauak betetzen direla begiratzea.

b) Presako kasuetan behar diren probidentzia eta ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri ematea Gobernu Kontseiluari.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Gizarte Politiketako Departamentuko idazkari tekniko nagusia izanen da Gobernu Kontseiluko idazkaria.

2. Idazkaritzari eginkizun hauek dagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, kontseiluburuaren jarraibideen arabera, eta erabakiak betearazteko izapideak egitea.

b) Osoko bilkuretako akta egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak hala erabakirik eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari men eginen zaio.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du beste pertsona batzuen aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla kausa haien esku-hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA. Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko du kargutik zuzendari kudeatzailea, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik.

2. Gaixo egoteagatik edo beste arrazoi batzuengatik absente dagoenean, Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren zuzendariordeak edo Mendekotasunerako Zerbitzuen zuzendariordeak ordeztuko du zuzendari kudeatzailea, ordena horri segituz.

12. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren jardunaren erantzukizunik gorena bere gain hartzea.

b) Erakundearen ordezkaria izatea.

c) Gobernu Kontseiluko erabakiak bete eta betearaztea.

d) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren jarduera eta organo guztiak zuzendu, kudeatu eta barrutik antolatzea.

e) Erakunde autonomoak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

f) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak egiteko erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien ahalmenak.

g) Itunak ebaluatzeko eta jarraipena egiteko batzordeetan izanen diren ordezkariak izendatzea, ebazpen bidez, eta gainerako kideak izendatzea, enpresa esleipen-hartzaileak, enpresa batzordeak eta zentroan parte hartzeko kontseiluak proposatuta.

h) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari dagozkion ondare erantzukizuneko prozeduren gainean ebaztea.

i) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren transferentzia gastu eta ordainketak eta funtzionamendukoak baimentzea, indarra duten arauei jarraituz.

j) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren urteroko memoria eta jarduteko programak prestatzea.

k) Mendekotasun eta desgaitasun egoera aitortzeko prozedurak ebaztea.

l) Mendekotasun arloko langileentzat Plangintza, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak diseinatzen dituen prestakuntza programak koordinatu, kudeatu, kontrolatu eta ebaluatzea.

m) Lan metodoak hobetzeaz, berrikuntza teknologiko aplikagarriak sartzeaz, zentroak, instalazioak eta ekipamenduak zaindu eta mantentzeaz eta diru-sarrera eta gastuak optimizatzeaz arduratzea.

n) Departamentuak mendekotasunaren arloan dituen plan eta programak diseinatu, gauzatu, ebaluatu eta jarraipena egiten laguntzea.

ñ) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari atxikitako atalburuak, bulegoburuak eta ataletik beherako beste unitate batzuetako buruak bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

o) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari atxikitako zentroetako zuzendariak izendatzea eta kargutik kentzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

p) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egin eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igortzea, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako organoetako langileria arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 1. artikuluko b) eta c) letretan xedatutako ondorioetarako.

q) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne.

r) Langileei lanpostu bat esleitzea eta, lanpostu bete edo hutsei dagokienez, aldaketak egitea, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren barruan.

s) Hutsegite larriak edo oso larriak egiteagatik diziplina espedienteak irekitzea.

t) Langileei behin-behineko eginkizun-gabetzearen egoera administratiboa adieraztea.

u) Hutsegite larri eta arinengatik diziplina espedienteen gainean ebaztea.

v) Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Gizarte Politiketako kontseilariak eta Agentziako Gobernu Kontseiluak, bere kargua dela eta, agintzen dizkioten eginkizun guztiak.

13. artikulua. Eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak dituen eskudantzietako batzuk Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendariordeen esku utz ditzake, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA. Zuzendariordetzak

14. artikulua. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendariordetzak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak zuzendariordetza hauek ditu bere egituran, zuzenean zuzendari kudeatzailearen mendean:

a) Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetza.

b) Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.

15. artikulua. Zuzendariordetzak.

Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta izendatuko ditu zuzendariordeak, foru dekretu baten bidez, Gizarte Politiketako kontseilariaren proposamena kontuan harturik.

Kargua hutsik gelditzen denean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo beste ezintasun bat duenean, zuzendariordeek elkar ordeztuko dute.

16. artikulua. Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetza.

Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea zuzendaritza organoak koordinatzen.

b) Zuzendariordetzari buruzko urteroko memoriaren edukia prestatzea.

c) Mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko gizarte eta osasun zerbitzu eta zentroak koordinatu eta kudeatzea eta haiei sostengu eta aholku ematea.

d) Mendekotasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuei loturiko prestazio ekonomikoen antolaketa eta kudeaketa koordinatzea.

e) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentroetako sarreren kudeaketa.

f) Zerbitzuek dituzten laguntza beharrak baloratzea, soslai, zainketa, jarduera eta esku hartzeko programei dagozkienak, Zuzendariordetzako beste atal batzuekin elkarlanean.

g) Departamentuaren plan eta programak diseinatu, gauzatu, ebaluatu eta jarraipena egiten laguntzea.

h) Ekimen pribatuko entitateekiko kontratuak egiteko irizpide ekonomikoak, baldintzak eta adierazleak diseinatzea.

i) Agentziak zerbitzuei buruz egiten dituen kontratuen baldintza teknikoen betetze-mailaren jarraipena egitea.

j) Kontu-egoerak eta kontu-ikuskapenak egiteko lanak koordinatzea.

k) Bere eskumeneko arloetan, departamentuen eta erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

l) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari eta Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari, baita haien menpeko administrazio unitateei ere, laguntzea bere eskumeneko arloetan.

m) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

17. artikulua. Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetza.

Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea zuzendaritza organoak koordinatzen.

b) Zuzendariordetzari buruzko urteroko memoriaren edukia prestatzea.

c) Zentro berekietan eta esleitzen zaizkionetan programaturiko obretarako, instalazioetarako eta ekipamenduetarako inbertsioak kudeatzea.

d) Gizarte zerbitzuen arloko obra eta ekipamenduetako inbertsioetarako diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta kontrolatzea.

e) Zentro berekietako ondasun eta zerbitzuen hornidura planifikatu, koordinatu eta kontrolatzea.

f) Boluntario-lana sustatzeko programak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta jarraipena egitea.

g) Boluntario-lanetarako programen deialdiak koordinatzea.

h) Autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak bultzatu, koordinatu, kudeatu eta jarraipena egitea.

i) Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileentzako prestakuntza programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea.

j) Minusbaliotasuna eta mendekotasuna baloratzeko lantaldeak koordinatzea.

k) Arreta Goiztiarreko Zentroaren jarduna gainbegiratzea.

l) Garatzeko arazoak dituzten edo horren arriskua duten 0tik 3 urte bitarteko haurren balorazioa eta tratamenduari buruzko orientazioa.

m) Arreta goiztiarreko programa diseinatu, koordinatu, aplikatu eta ebaluatzea.

n) Osasun Departamentuarekin elkarlanean aritzea, autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak koordinatu eta optimizatzeko.

ñ) Autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko sentiberatze jarduketak sustatu eta jarduerak antolatzea.

o) Autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa berritzaileetarako baliabide berriak sustatzea.

p) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentroetako giza baliabideen beharrak koordinatu eta kontrolatzea.

q) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentroetako segurtasun eta higiene programak planifikatzea.

r) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentro berekietako langileei buruz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen araudiak erakunde autonomoei esleitzen dizkien eginkizunak betetzea.

s) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentro berekietarako langileak administrazio araubidean edo lan araubidean aldi baterako kontratatzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea, eta kontratuak baimendu eta formalizatzea.

t) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentro berekietako langileentzako prestakuntza programak koordinatu, sustatu eta kudeatzea.

u) Zentro bereki eta itunduetako tarifak ez ordaintzeagatik sortzen diren zorren erreklamazioak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea, Kudeaketaren eta Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzarekin elkarlanean.

v) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari eta Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiari, baita haien menpeko administrazio unitateei ere, laguntzea bere eskumeneko arloetan.

w) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

V. KAPITULUA. Atalak

18. artikulua. Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzako atalak.

1. Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzak atal hauek izanen ditu bere egituran:

a) Mendekotasunerako Itunen Atala.

b) Adinekoentzako Zerbitzuen Atala.

c) Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Atala

d) Prestazioen Koordinazio Administratiboaren Atala.

2. Mendekotasunerako Itunen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoak gizarte zerbitzuen arloko jarduerak osatzeko izenpetzen dituen kontratuak koordinatu eta begiratzea, erantzukizun publikokoak direnean, kasuan kasuko atalen arduradunekin elkarlanean.

b) Laguntza kontratu gehiago sinatzeko proposamenak egitea (plazak ituntzea, egoitza zentroak, eguneko zentroak, etab.), kasuan kasuko atalen arduradunekin elkarlanean.

c) Nafarroako Mendekotasunaren Agentziako zuzendaritzari eta bere antolamenduan dituen gainerako unitateei bere eskumeneko arloetan laguntzea.

d) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

e) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. Adinekoentzako Zerbitzuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentroetan, adinekoen sarrera antolatu, planifikatu eta kudeatzea.

b) Adinekoei arreta emateko gizarte eta osasun zerbitzu eta zentroak koordinatu eta kudeatzea eta haiei sostengu eta aholku ematea.

c) Baterako lan programetan osasun arloarekin elkarlanean aritzea.

d) Zerbitzuek dituzten beharrak baloratzea, soslai, zainketa, jarduera eta esku hartzeko programei dagozkienak, Zuzendariordetzako beste atal batzuekin elkarlanean.

e) Adinekoentzako zerbitzuei loturiko prestazio ekonomikoen antolaketa, tramitazioa eta kudeaketa koordinatzea.

f) Zahar etxeen erabiltzaileek egonaldien zerbitzuak finantzatzeko egin beharreko diru-ekarpena arautzen duen abenduaren 29ko 17/2000 Foru Legea aplikatzearen ondoriozko administrazio jarduketak burutzea (zorraren informazioa, kudeaketa, segimendua, kontrola,...).

g) Egoitza zentro berekien edo itunduen erabiltzaileek tarifak ez ordaintzeagatik sortzen diren zorren erreklamazioen informazioa, kudeaketa, jarraipena eta kontrola.

h) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

i) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

4. Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gizarte zerbitzuen sistema publikoko zentroetan, desgaitasuna duten pertsonen sarrera antolatu, planifikatu eta kudeatzea.

b) Desgaitasuna edo eritasun mentala duten pertsonei arreta emateko gizarte eta osasun zerbitzu eta zentroak koordinatu eta kudeatzea eta haiei sostengu eta aholku ematea.

c) Baterako lan programetan osasun arloarekin elkarlanean aritzea.

d) Zerbitzuek dituzten laguntza beharrak baloratzea, soslai, zainketa, jarduera eta esku hartzeko programei dagozkienak, Zuzendariordetzako beste atal batzuekin elkarlanean.

e) Desgaitasuna edo eritasun mentala duten pertsonentzako zerbitzuei loturiko prestazio ekonomikoen antolaketa, tramitazioa eta kudeaketa koordinatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

5. Prestazioen Koordinazio Administratiboaren Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Mendekotasuna duten pertsonentzako prestazioak eskatzeko prozedura administratibo guztiak koordinatzea.

b) Espedienteak tramitatzea, eskaeratik hasi eta Banakako Arreta Programa (BAP) prestatu arte, eta prestazioetara edo zerbitzuetara bideratzea.

c) Banakako Arreta Programak kudeatzea.

d) Pertsonen gaitasun ekonomikoa baloratzea, mendekotasuna duten pertsonek prestazioak edo zerbitzuak eskuratzeko.

e) Mendekotasuna duten pertsonak familia inguruan zaintzeko eta laguntzaile pertsonalerako prestazio ekonomikoa kudeatzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

19. artikulua. Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzako atalak.

1. Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak atal hauek izanen ditu bere egituran:

a) Balorazio Atala.

b) Inbertsio, Obra eta Hornidura Atala.

c) Langileria Atala.

2. Balorazio Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Desgaitasun mailaren kalifikazioaren eta horren ondoko berariazko egoeren gaineko balorazioa, orientazioa eta proposamena egitea.

b) Mendekotasun graduaren eta mailaren gaineko balorazioa, orientazioa eta proposamena egitea.

c) Etxebizitza egokitu beharra baloratzea eta horren ziurtapena proposatzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako.

d) Desgaitasunak dituzten pertsonen lan gaitasuna baloratu eta lanerako orientatzea.

e) Bere eskumeneko arloetan, departamentuen eta erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.

f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

g) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

3. Inbertsio, Obra eta Hornidura Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ekipamendu eta instalazioen berrikuntza eta haien mantentze-lanak planifikatu eta sustatzea.

b) Departamentuak zentro berekietan gizarte zerbitzuen arloan egiten dituen obrak kontrolatzea.

c) Departamentuak duen ibilgetuaren inbentarioa sortzea eta horren mantentze-lanez arduratzea.

d) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak, gizarte zerbitzuetako azpiegituren obra eta proiektuak egiteko, ematen dituen diru-laguntzak kontrolatzea.

e) Zuzendariordetzari laguntzea gizarte zerbitzuen arloko obra eta ekipamenduetako inbertsioetarako diru-laguntzen deialdiak prestatu, kudeatu eta kontrolatzeko lanetan.

f) Departamentuak gizarte zerbitzuen aloan dituen zentro berekietarako kontratuak kudeatzea, hots, obrakoak, zerbitzuetakoak, laguntza teknikoa ematekoak eta hornidurakoak.

g) Departamentuak zentro berekietan gizarte zerbitzuen arloan egiten dituen obretarako onetsitako aurrekontua kudeatu eta kontrolatzea.

h) Arlo honetan beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak proposatu eta tramitatzea.

i) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

j) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

4. Langileria Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sindikatuekiko eta langileen ordezkaritza organoekiko harremanak bideratzea.

b) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroak ikuskatu eta koordinatzea laneko eskubide eta eginbeharrak begiratu eta betetzeko.

c) Langileriaren arloan aholku teknikoak ematea, erakundeko unitate administratibo, zentro eta zerbitzu guztietan.

d) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroetan segurtasun eta higiene programen kontrola eta jarraipena egitea.

e) Langileen erregistroa ireki, mantendu eta eguneratzea.

f) Nafarroako Mendekotasun Agentziaren menpeko zentroetako lanpostuak hautatzeko proposamenak egitea, urteko plantilla organikoa prestatzeko.

g) Langileriaren eta nominen kudeaketari jarraipena egitea eta hura koordinatu eta kontrolatzea, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroetan.

h) Hautapen eta balorazio epaimahaien lana koordinatu eta jarraipena egitea.

i) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentroetako langile beharrak eta aurrekontua kontrolatzea, baita deialdiak eta lan publikoaren eskaintza prestatzea ere.

j) Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren menpeko zentro berekietako langileentzako prestakuntza programak koordinatu, sustatu eta kudeatzea.

k) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.

l) Azaldutako eginkizunen antzekoa edo osagarria izanik, beste administrazio unitateren bati espresuki esleitu ez zaiona, eta eskuordetzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

20. artikulua. Atalen mendeko unitate administratiboak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu eta kentzea Gizarte Politiketako kontseilariaren foru agindu baten bidez eginen da, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolaketa administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

VI. KAPITULUA. Zentroak

21. artikulua. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentroak.

1. Hona hemen Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren mendeko zentroak:

a) Iruñeko El Vergel zahar etxea.

b) Lizarrako Santo Domingo zahar etxea.

c) Iruñeko San José zentroa.

d) Lur Gorri egoitza.

e) Arreta Goiztiarreko Zentroa.

2. Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzari dagokio zentro horien koordinazioa, Arreta Goiztiarreko Zentroarena izan ezik, Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari baitagokio, hierarkikoki haien mende egonda, langileriaren arloko eginkizunak ukatu gabe, Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagozkiolako.

22. artikulua. Zentroetako zuzendaritza lanpostuak.

1. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari atxikitako zentro berekietako zuzendaritza lanpostuak, lanpostu horien titularrek irabazi dituzten eskubideak galarazi gabe, izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileen artetik.

2. Arreta Goiztiarreko Zentroko zuzendariaren ordainsariak atalburutza baten parekoak izanen dira, eta Lur Gorri Egoitzako zuzendariarenak, berriz, bulegoburutza baten parekoak. Gainerako zentroetako zuzendarien ordainsariak Nafarroako Gobernuak plantilla organikoan finkatutakoak izanen dira.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA

23. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearekin bat, honako hauek atxikitzen zaizkio Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari:

a) Nafarroako Ondarekoak izanik, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion ondasun eta eskubide guztiak; ondare horren ondasun diren aldetik, dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, hori guztia aipatutako foru legearen 75. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

b) Gizarte Zerbitzuen arloan gertatutako eskualdatze prozesuaren ondorioz, Nafarroako Ondarekoak izatera pasatu diren Gizarte Segurantzako sistemaren ondasun eta eskubideak, erakunde autonomoari atxikitzen zaizkionak.

24. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren baliabideak honako hauek izanen dira:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen interes, errenta eta mozkinak.

b) Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

25. artikulua. Aurrekontua.

1. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen mende izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, diru-sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.

3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

26. artikulua. Kontu-hartzea.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako kudeaketa ekonomikoa -hots, eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

27. artikulua. Kontabilitatea.

1. Nafarroako Mendekotasunerako Agentzia kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. LANGILEAK

28. artikulua. Langileak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziako langileria honako hauek osatzen dute:

a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Nafarroako Menpekotasunerako Agentziari atxikita daudenak eta atxikitzen zaizkionak.

c) Estatuko Administraziotik edo beste administrazio batetik Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari atxiki zaizkion langileak.

d) Erakunde autonomoaren beraren lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKO ADMINISTRATIBOA

29. artikulua. Orotariko araubide juridikoa.

1. Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Errekurtsoak.

Nafarroako Mendekotasunerako Agentziak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

31. artikulua. Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Mendekotasunerako Agentziaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren aholkulari juridikoei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Nafarroako Mendekotasunerako Agentziari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritako moduan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa